Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2020ko urtarrilaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
475

ERABAKIA, 2019ko abenduaren 12koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, berezko ikasketen arautegia aldatzeko dena.

Unibertsitateei buruzko lege organikoaren babesean, unibertsitateek, beren autonomiaren barruan, aukera daukate berezko titulu eta diplomak lortzera bideratutako ikasketak ezartzeko, bai eta etengabeko prestakuntzako programak ere.

Gaur egun, berezko tituluak eta ikastaro osagarriak eta etengabeko prestakuntzakoak Berezko Ikasketen Arautegi Bateratuak arautzen ditu, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 7ko bileran onartutakoak (2018ko uztailaren 18ko EHAA, 138. zk).

UPV/EHUren indarreko estatutuek (otsailaren 15eko 17/2011 dekretuak onetsitakoek) diote 82. artikuluan ezen «UPV/EHUk berezko tituluak lortzeko esku bidea dakarten unibertsitateko ikasketak eman ahal izango ditu. Titulu hauek onartu edo homologatu egin ahal izango dira, autonomia erkidegoko legediaren babesean.

3.– Horrez gain, UPV/EHUk unibertsitateko beste ikasketa batzuk ere eman ahal izango ditu, ikasketa osagarriak edo etengabeko prestakuntzakoak, baina ez da UPV/EHUko berezko titulurik lortuko.»

Era berean, agintzen dute 86. artikuluan ezen «Gobernu Kontseiluak arautuko ditu unibertsitateko berezko ikasketak eta unibertsitateko beste ikasketa batzuk, bai eta espezializazio programak eta bizitza osoko prestakuntza ere. Era berean, organo horrek arautuko ditu ikasketa hauen araubide akademikoa, beren eragina irakats betebeharretan, administrazio eta zerbitzuetako langileek izango duten parte hartzea eta, egoki izanez gero, ikasketen kudeaketa ekonomikoa eta ebaluazioa.»

Hortik abiatuta, estatutuek berek eskumena ematen diete Graduko Batzordeari eta Graduondoko Batzordeari, hurrenez hurren 88.b) eta 90.b) artikuluetan, Gobernu Kontseiluari zein bere arloko irakaskuntzak antolatu eta gestionatzeko arautegiak onartzeko proposamenak egiteko.

Hori dela eta, Graduko Batzordeak 2019ko urriaren 24ko bileran egindako proposamena eta Graduondoko Batzordeak 2019ko ekainaren 28ko bileran egindakoa aintzat hartuta, Gobernu Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea berezko ikasketak proposa ditzaketen organoen artean UPV/EHUren EHUtaldeak eta, ondorioz, aldatu UPV/EHUren berezko ikasketei buruzko arautegiaren ondoko artikuluak, organo proposatzaileen ingurukoak.

Berezko tituluak:

16. artikulua.– Proposamenak egin ditzaketen organoak.

Errektoreak, ikastegiek (UPV/EHUrenak berarenak eta atxikiak), sailek eta unibertsitateko institutuek (UPV/EHUrenak berarenak, mistoak eta atxikiak) aurkez diezaiokete proposamena Gobernu Kontseiluari, bai eta EHU taldean dauden erakundeek ere, horretarako zehaztutako epean, berezko tituluen ikasketak onar ditzan.

17. artikulua.– Berezko ikasketen antolaketa.

1.– UPV/EHUko ikastegi batek, sail batek edo gehiagok edo institutu batek antolatu eta zuzendu ahal izango du berezko titulu bat. Proposamen batek jakintza arlo batzuk edo sail batzuetako irakasleak biltzen baditu, horietako edozeinek hartu ahal izango du bere gain Zuzendaritza Akademikoa. Proposamena errektoreak edo fundazio batek eginez gero, ezinbestekoa izango da ikastegi baten, sail baten edo institutu baten onespena izatea.

2.– Proposamenean jasota badago ikasketak beste unibertsitate edo hezkuntza erakunde batzuekin batera antolatzeko aukera, arautegi honetan zehaztutakoa aplikatu beharko da UPV/EHUren eta beste erakundearen arteko hitzarmenik egon ezean. Hitzarmenik badago, berriz, hitzarmenean zehaztutakoari jarraitu beharko zaio, eta bertan jasota egon beharko dira UPV/EHUko batzorde eskudunak eskatzen dituen gutxieneko betebeharrak. Hitzarmena berezko tituluaren proposamenarekin batera tramitatu eta onartuko da, aldeek sina dezaten.

3.– Proposamena UPV/EHUri atxikitako ikastegi eta institutuek egiten dutenean, ikastegia edo institutua sortzeko edo UPV/EHUri atxikitzeko hitzarmena aplikatuko da, bai eta UPV/EHUk eta erakunde atxikiak berezko titulazioa eman eta kudeatzeko sinatu beharko duten hitzarmena ere. Hitzarmen hori berezko tituluaren proposamenarekin batera tramitatu eta onartuko da, eta tituluarekin zerikusia duten unibertsitateko arloen eta UPV/EHUko Gerentziaren onespena izan beharko du.

4.– Hitzarmen horretan informazio hau jasoko da gutxienez: zelan antolatuko den irakaskuntza; zein organo arduratuko den antolaketa akademikoaz; nor arduratuko den kudeaketa ekonomikoaz; nor izango den zuzendari akademikoa; finantzazioari buruzko xehetasun nagusiak; UPV/EHUri dagozkion eskubide ekonomikoak.

5.– Hitzarmen horietan jasota ez dagoenerako arautegi honetan adierazitakoa aplikatuko da.

6.– EHU taldeko erakundeek proposatutako berezko tituluen kasuan, kontuan hartuko da unibertsitatearen eta kasuan kasuko erakundearen arteko hitzarmenean adierazitakoa, bai eta ikasketa hauek eman eta kudeatzeko erakunde biek sinatu beharko duten hitzarmenean adierazitakoa ere.

Hitzarmen hori berezko tituluaren proposamenarekin batera tramitatu eta onartuko da, eta tituluarekin zerikusia duten unibertsitateko arloen eta UPV/EHUko Gerentziaren onespena izan beharko du.

Hitzarmen horretan informazio hau jasoko da gutxienez: zelan antolatuko den irakaskuntza; zein organo arduratuko den antolaketa akademikoaz; nor arduratuko den kudeaketa ekonomikoaz; nor izango den zuzendari akademikoa; finantzazioari buruzko xehetasun nagusiak; UPV/EHUri dagozkion eskubide ekonomikoak.

Hitzarmen horietan jasota ez dagoenerako arautegi honetan adierazitakoa aplikatuko da.

Ikastaro osagarriak:

52. artikulua.– Proposamenak egin ditzaketen organoak.

Errektoreak, errektoreordetza eskudunek, ikastegiek (UPV/EHUrenak berarenak eta atxikiak), sailek eta unibertsitateko institutuek (UPV/EHUrenak berarenak, mistoak eta atxikiak) aurkez ditzakete etengabeko prestakuntzako ikasketak eta ikastaro osagarriak emateko proposamenak, bai eta EHU taldean dauden erakundeek ere. Proposamenak batzorde eskudunari aurkeztuko zaizkio.

Proposamena UPV/EHUri atxikitako ikastegi eta institutuek egiten dutenean, ikastegia edo institutua sortzeko edo UPV/EHUri atxikitzeko hitzarmena aplikatuko da, bai eta UPV/EHUk eta erakunde atxikiak ikasketa hauek eman eta kudeatzeko sinatu beharko duten hitzarmena ere. Hitzarmen hori batzorde eskudunak onetsiko du, eta hitzarmenak eragiten dien unibertsitate arloek eta, edonola ere, UPV/EHUko Gerentziak, alde ala kontra dauden adierazi beharko dute.

Proposamena EHU taldeko erakundeek egiten dutenean, kasuan kasuko erakundeak UPV/EHUrekin eginda duen hitzarmena aplikatuko da, bai eta ikasketa hauek eman eta kudeatzeko erakunde biek sinatu beharko duten hitzarmena ere. Hitzarmen hori batzorde eskudunak onetsiko du, eta hitzarmenak eragiten dien unibertsitate arloek eta, edonola ere, UPV/EHUko Gerentziak, alde ala kontra dauden adierazi beharko dute.

Aipatutako hitzarmen hauetan informazio hau jasoko da gutxienez: zelan antolatuko den irakaskuntza; zein organo arduratuko den antolaketa akademikoaz; nor arduratuko den kudeaketa ekonomikoaz; nor izango den ikasketen arduraduna; finantzazioari buruzko xehetasun nagusiak; UPV/EHUri dagozkion eskubide ekonomikoak.

Hitzarmen horietan jasota ez dagoenerako arautegi honetan adierazitakoa aplikatuko da.

Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Leioa, 2019ko abenduaren 12a.

Errektorea,

NEKANE BALLUERKA LASA.

Idazkari nagusia,

PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.


Azterketa dokumentala