Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2020ko urtarrilaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
405

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 12koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen baita honako proiektu honi buruz: ST Basauri-ST Gatika zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa aldatzea, 16. eta 33-34. euskarrien artean, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk sustatuta, Bilbao, Sondika eta Erandioko udalerrietan.

EGITATEZKO AURREKARIAK

2018ko ekainaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak jendaurrean jarri zuen ST Basauri-ST Gatika zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa 16. eta 33-34. euskarrien artean aldatzeko proiektua, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk sustatua Bilbao, Sondika eta Erandioko udalerrietan, bai eta ingurumen-inpaktuaren azterketa ere, egoki ikusten diren alegazioak aurkeztu daitezen. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz. Izapide horri buruzko iragarkia 2018ko uztailaren 19ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta 2018ko uztailaren 17ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Organo substantiboak adierazi duenez, jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, zenbait alegazio jaso dira; haien edukia espedientean jasota dago.

Horrez gain, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatzen dena betetzeko, 2018ko uztailaren 6an Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak proiektu horri buruzko kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Ildo horretan, organo substantiboak adierazi du eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten emaitzek ez dutela aldaketa esanguratsurik eragin egindako ingurumen-inpaktuaren azterlanean, eta sustatzaileak aintzat hartu dituela.

2019ko urriaren 24an, organo substantiboak, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraituz, eskaera bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, honako proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntari hasiera emateko: ST Basauri-ST Gatika zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa aldatzea, 16. eta 33-34. euskarrien artean, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk sustatuta, Bilbao, Sondika eta Erandioko udalerrietan.

Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu zen:

– Dokumentu teknikoa, ST Basauri-ST Gatika zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa 16. eta 33-34. euskarrien artean aldatzeko proiektuari buruzkoa.

– Ingurumen-inpaktuaren azterlana, proiektu horri dagokiona, 2018ko apirilekoa.

– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitza deskribatzen duten zenbait dokumentu.

– Eraginpeko administrazioei eta norbanako interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitza deskribatzen duten zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa sartzea plangintzaren hasierako faseetan, eta, aukera egokienak hautatze aldera, ingurumenari buruzko ondorioei buruzko analisia, kontuan izanik zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren planek eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Hain zuzen ere, arau horren I.B) eranskineko 3.4 epigrafean jasota dago ST Basauri-ST Gatika zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa 16. eta 33-34. euskarrien artean aldatzeko proiektua.

Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, organo substantiboa den aldetik, linea elektrikoa aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuko azterlan bat gehitu du espedientean eta kontsulta publikoak egin ditu; gainera, eragindako administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterlana zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ere.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzea, honako proiektu honi buruz: ST Basauri-ST Gatika zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa aldatzea, 16. eta 33-34. euskarrien artean, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk sustatuta.

Egin beharreko jarduketak Bizkaiko Bilbao, Sondika eta Erandioko udalerrietan gauzatuko dira.

Proiektu honetako linea elektrikoa 33.643 m luze da, zirkuitu bakun eta bikoitzean, eta horietatik, 32.382 m airekoak dira, eta 1.261 m lurpekoak.

Aldaketa honek linea horren tarte bati eragiten dio, 16. euskarrian hasita, handik abiatzen baita tarte hori airean, linea horretako 1. zirkuituko 33. euskarriraino, zeina 2. zirkuituko 34. euskarriari baitagokio. Tarte horretan, zirkuituak bitan banatzen dira, eta traza bereizietatik jarraitzen dute, zirkuitu bakunean ia ibilbide osoan. Traza horiek 5.052 m luze dira, 1. zirkuituan, eta 5.059 m, 2. zirkuituan. Proiektuan jasota dago Mazarredora deribatzeko linearen zati bat eraberrituko dela, 531 m-ko tarte batean.

Eraberritze horrek barnean hartzen du euskarriak aldatu eta sendotzea, eroalea, lurreko kablea, isolamendua eta harekin lotutako elementuak aldatzea eta lurreko kablea eta zuntz optikoa jartzea halakorik ez dagoen tarteetan.

Lehenago aipatutako jarduketek berekin dakarte lur-mugimenduak egitea, landaredia moztu eta eskokatzea, lurzorua okupatu eta haren erabilera aldatzea eta paisaian eragitea.

Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko baldintza batzuk ezartzea, lotesleak izango direnak, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz. Hauek dira baldintzak:

A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziori buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, non obrak egiteko gainerako izapideetan aurreko paragrafoan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa duten, aldaketa horiek ere ingurumenaren ikuspuntutik justifikatu beharko dira. Neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-pleguetan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Bestalde, proiektu honen ingurumen-ebaluzioan, honako alderdi hauek nabarmendu daitezke:

C.1.– Landarediari dagokionez, bertako hostozabalen basoak okupatutako guneak zeharkatzen ditu lineak: urkidiak, haltzadi kantauriarrak, harizti azidofiloak, harizti misto atlantiarrak eta artadiak. Baso horiek oso zatituta daude proiektuaren eraginpeko aldean, basogintza-erabilera nabarmenaren ondorioz, alde batetik, eta, bestetik, komunikazio-bideen eta erabilera industrial eta urbanoen ondorioz.

Haltzadi kantauriarra Batasunaren lehentasunezko intereseko habitata da (91E0*: Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieetako baso alubialak). Batasunaren lehentasunezko intereseko beste habitat hauek ere proiektuaren eraginpeko eremuan daude:

– 4030 BIH. Europako txilardi lehorrak.

– 6210 BIH. Belardi erdinatural lehorrak eta kare-substratuetako sastrakadi-faziesak (*orkidea bikainak dituzten lekuak).

– 6510 BIH. Behe-altitudeko sega-belardi elkorrak.

– BIH: Quercus ilex eta Quercus rotundifolia espezietako artadiak.

Flora-espezie babestu hauek daude proiektuaren eraginpeko eremuan: Ilex aquifolium, Orchis papilionacea eta Narcissus bulbocodium subsp. citrinus.

C.2.– Faunari dagokionez, Asua ibaia, zeina linea elektrikoak zeharkatzen duen, interes bereziko area da arrain hiruarantzarentzat; espezie hori, izan ere, «kaltebera» gisa jasota dago Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan, eta kudeaketa-plan bat du Bizkaiko Lurralde Historikoan. Lineak, halaber, zenbait ur-ibilgu zeharkatzen ditu, Europako bisoiaren Bizkaiko kudeaketa-planaren eremuan sartuta daudenak.

C.3.– Kultura-ondareari dagokionez, linea aldatzeko proiektuak Monte Avril bideari eragiten dio, obrara sartzeko erabiliko baita. 1. zirkuituaren 24. eta 25. euskarrien ingurunean, ustezko zona arkeologiko bat dago (San Roke ermita), bai eta Burdin Hesiaren Artxandako Linearen zenbait aztarna ere.

D) Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurrien izaria eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumenaren gaineko inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak ezarri beharko dira.

Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Hargatik eragotzi gabe Bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatzen dena eta, hala badagokio, mendien kudeaketaren gainean eskumena duen Bizkaiko Foru Aldundiko organoak ezartzen duena, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

D.1.1.– Oro har, zenbait zuhaitz-espezie baino ez dira botako, zehazki beren landare-garapen gorenean linearen segurtasunari kalte egin diezaioketenak. Gainerako zuhaitzei eta egungo zuhaixka-geruzari eutsi beharko zaie. Landaredia eskokatzea saihestuko da euskarriak, segurtasun-linea, sarbideak edo muntatze-plataformak eraikitzeagatik zuzeneko eragina aurreikusten ez den eremuetan.

D.1.2.– Eremu ahulenetan eta natura-balio handikoetan (bertako baso-masak, babestutako flora-espezieak dauden eremuak, faunarako interes berezia duten eremuak eta abar), bideragarria bada, inausi edo lepatu egingo dira zuhaitzak, eta bota, soilik, ezinbestekoa denean linearen segurtasunerako. Neurri hori zorrotz-zorrotz bete beharko da erreten-inguruetan, non lehentasuna baitu altuerako mozketak, inausketaren aldean; halako inguruetan, bereziki, eskuz jarriko dira kableak, ibilgailurik igaro gabe eta materialik garraiatu gabe.

D.1.3.– Zuhaitzak moztea edo soiltzea beste biderik ez bada, esku-erremintak erabiliko dira eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko.

D.1.4.– Bota beharreko zuhaitz-eremuetako zuhaixka-geruzari eraginez gero, eremu horietan baso atlantiko mistoko zuhaixka-espezieak landatu beharko dira.

D.1.5.– Obrak hasi aurretik eta haien zuinketa egiten den bitartean, proiektuak eragindako gainazalean ibilbide zehatzak egingo dira, aurreikusitako lanak oztopatzen ez dituzten eta kontserba daitezkeen zuhaitzak atzeman eta markatzeko; obratik gertuen dauden eta makinen kolpeak jasateko arriskua duten aleak babestu egingo dira.

D.1.6.– Era berean, lehengoratu egin beharko dira proiektua gauzatzeko kaltetutako eremuak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru okupazioak eta abar). Landareztatze-prozesuan, kontuan hartu behar da bertako espezieak landatu behar direla, natural bihurtutako habitatak sorrarazteko, eta inguruan dagoen landaredia naturalarekin konektatzen saiatu behar da.

Hala ere, proiektuaren sustatzaileak, bertako zuhaiztien galera konpentsatzeko, espezie berberak landatu beharko ditu, zuhaitzak bota diren eremua halako bi den azalera batean, gutxienez: 1:2 (ezabatutako azalera: lehengoratutako azalera). Ahal dela, proiektuaren eremuaren inguruko zona degradatuak leheneratuko dira.

Horretarako, lanak egiten diren bitartean botatako bertako zuhaiztien azalera kuantifikatu behar da, eta botatakoa berriz landatzeko proiektu bat egingo da non zehaztuko den zer konpentsazio-neurri gauzatuko diren, proiektu honetan aurreikusitako ekintzekin batera, edo ekintza horiek burutu eta gero. Konpentsazio-neurriak burutu ondoren, ingurumen-organo honetara bidali beharko da dokumentu bat non informazioa egongo den neurri horiek gauzatzeko erabili den moduari buruz.

D.1.7.– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, ahal den neurrian, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutakoarekin bat etorriaz. Trazadura berriko sarbideak eta ditugun sarbideak egokitzeko lanak behar denean gauzatuko dira, betiere lur-mugimendua eta aurreko apartatuetan aipatutako eremu ahulen gaineko eragina murriztuz; halaber, ibilguak ez dira kanalizatuko, ez eta zuzenduko ere.

D.1.8.– Eremuak kalteberak izanez gero, hala nola lehentasunezko eta interes komunitarioko habitatak, baso-masa autoktonoak eta mehatxupeko landaretzagatik interes berezikoak diren eremuak, zuinketa-fasean direnean eta lanak egiten direnean, botanikan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

D.1.9.– Neurri babes zorrotzak hartuko dira mehatxatutako flora- eta fauna-espezieen populazioak dauden eremuetan; lanek eragindako eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak behar bezala babestuta egongo dira, ustekabeko eraginak gerta ez daitezen.

D.1.10.– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ahalik eta gehien mugatuko da espazioak obrako materialez okupatzea, eta makineria eta ibilgailuak horretarako prestatutako esparrutik kanpo ibiltzea.

D.1.11.– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makina uzteko, materialak bolada batean biltzeko, edo proiektuarekin zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira eremu horiek. Eremu horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (bertako zuhaiztiak, ibaiertzeko landaretza, lehentasunezko intereseko habitatak), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lur-sailetan ere.

D.1.12.– Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko kalterik egingo balitz, neurri zuzentzaileak eta guneak oneratzeko neurri egokiak ezarriko dira; aldez aurretik, ebazpen honetako D.10 apartatuan adierazten den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak.

D.1.13.– Ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideen arabera proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, obra-materialak aldi batean biltegiratzeko eta aldi baterako metatzeko eremuak eta muntaketa- eta maniobra-eremuak. Eremu horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (bertako zuhaiztiak, ibaiertzeko landaretza, lehentasunezko intereseko habitatak), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.

Obrak hasi aurretik, obrarako sarbideek, euskarriak muntatzeko plataformek, obrako materialek, baita hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko tokiek ere, okupatzen dituzten eremuak behar bezala zehaztuko dira xehetasunezko kartografian. Obra-zuzendaritzak baimendu beharko du mugaketa hori, eta, aldez aurretik, ebazpen honetako D.10 apartatuan aipatzen den ingurumen-aholkularitzak mugaketari buruzko txostena egingo du.

D.1.14.– Balio handiko landaredia dagoen eremuetan, aztertu egingo da euskarriak beso bidez edo antzeko teknika bat erabiliz muntatzeko edo altxatzeko aukera, landarediaren gaineko kalteak arintzeko.

D.1.15.– Ibai eta erreka inguruetan, kontu handiz mugituko da makineria, landaredia premiarik gabe ez eskokatzeko.

Lanak egin bitartean kalte egiten bazaio ibaiertzetako edo ur-bazterretako landarediari, ibaiertzak lehengoratzeko eta ur-bazterrak babesteko lanak egingo dira, ibilguak lehengo egoerara itzularazteko.

D.1.16.– Egungo linearen euskarriak desmuntatzeko beharrezko diren laneko plataformak linearen segurtasun-kalean bakarrik sortuko dira, eta horrela ekidin egingo da linea horrek gainetik hegaldatzen duen landareari kalte egitea.

D.1.17.– Hegaztiak salbatzeko gailuak jarriko dira, bai trazadura berrian bai eroalea aldatuko den egungo tarteetan, betiere alde batera utzi gabe abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua, Goi-tentsioko linea elektrikoetako hegaztien elektrokuzioaren eta talken ondoriozko heriotzak murrizteko neurriak ezartzen dituena.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Ezarri daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ere hartu beharko dira obra-fasean:

D.2.1.– Ez da inolako isurketarik egingo ez jabari hidrauliko publikoan, ez eta haren babes-zortasunean ere, eta lur-mugimenduek edo botatako eta inausitako zuhaitzen hondarrek ez dute eraginik izango haietan.

D.2.2.– Halaber, erabat debekatuta dago makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Obrak egiten ari diren inguruan ez badago azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko gune bat egokitu beharko da lan horiek egiteko. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat izango du, zorua eta urak ez kutsatzeko.

D.2.3.– Sarbide berriak ireki edo antzeko ekintzak egin behar izanez gero, eta, horretarako, lur-mugimenduak egin behar badira, eragina izan lezaketenak lurzorua kutsatu dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten lursailetan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa.

D.2.4.– Makineriak eta ibilgailuek ez dituzte inoiz zeharkatuko linearen eta haren sarbideen trazaduran dauden ibilguak.

D.3.– Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-isuriak murrizteko neurriak.

D.3.1.– Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai jarduketen eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.

D.3.2.– Garraio-ibilgailuek eta obretako makinek ez dute lokatzez zikinduko jarduera-eremuetatik bide publikoetara bitarteko tartea.

D.4.– Zarata eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak.

D.4.1.– Obra-faseak dirauen artean, ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutako neurri babesleak ezarri beharko dira, honako gai hauei dagokienez: obretako makinen mantentze orokorrari, zarata eta bibrazioak jatorrian murrizteari, zarata egiten den ordu-kopurua murrizteari, obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzeari, etab.

D.4.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.5.1.– Sortutako hondakinak Hondakin, Lur Kutsatu eta Berariazko Araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.5.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honetako bigarren ataleko D.11 puntuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

D.5.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera ere kudeatuko dira.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

D.5.4.– Obren indusketa-soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak), obra horietarako eraikitze-material gisa zuzentzen badira, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritako araubidea bete beharko da, baldin eta egoera naturalean eraikuntzarako erabiltzen badira, atera ziren lekua ez den beste leku edo obra batzuetan.

Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari lurren mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio, alegia, erauzi ez ziren leku edo obretan eraikuntzarako zuzendutako kopuruak eta ezaugarriak ondo adierazi beharko dira.

D.5.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

D.5.6.– Sortutako olio erabilia Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da.

Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.5.7.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak atonduko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

D.5.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta han sartuko dira indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak.

D.6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

D.6.1.– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako prebentzio-neurriak garatuko dira, eta, hala badagokio, organo eskudunak ezartzen dituenak.

D.6.2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako betebeharrak gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.7.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak leheneratzeko neurriak.

D.7.1.– Obra-leku bakoitzean, lurrak mugitzeko lanak bukaturik, jarduerek eragindako lursailaren oneratze edafikoa eta geomorfologikoa egingo da, proiektu-sustatzaileak ingurumen-inpaktua ebaluatu bitartean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

D.7.2.– Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek jaso beharko dituzte dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

D.7.3.– Oneratze edafikoko lan horiek iraun bitartean, landare inbaditzaileak -hala nola, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana eta beste- zabaltzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon litekeen lurra.

D.7.4.– Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-eremutik.

D.7.5. Goragoko apartatuetan aipatutakoaren ildotik, bertako zuhaiztien galera konpentsatzeko, espezie berberak landatuko dira, zuhaitzak bota diren eremua halako bi den azalera batean, gutxienez. Ahal dela, proiektuaren eremuaren inguruko zona degradatuak leheneratuko dira.

D.8.– Eremu elektromagnetikoekiko esposizioaren inguruko kautelazko neurriak.

Linearen funtzionamendu-fasean, eremu elektriko eta magnetikoen balioek ezingo dituzte gainditu Europar Batasunaren Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan adierazitako erreferentziako mailak eta oinarrizko mugak –gomendio hori pertsonen eremu elektromagnetikoekiko esposizioari buruzkoa da (0 Hz-tik 300 GHz-ra).

D.9.– Obraren garbiketa eta akabera.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Egin daitezkeen eraispenetatik, kofratuak kentzetik, inausketetatik edo, oro har, edozein garbiketa-jardueratatik eratorritako hondakinak eremutik kenduko dira, eta ebazpen honetako bigarren apartatuko D.5 puntuan xedatutakoari jarraikiz kudeatuko dira.

D.10.– Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaintzan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren zehaztapenen arabera. Baldintza-pleguak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aipatu aholkularitzak egindako txostena izan beharko dute aldez aurretik.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinak direla-eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.

Beraz, langileek jardunbide egokien sistema bat erabili beharko dute, besteak beste helburu hauek ahalik eta gehien ziurtatzeko: obraren okupatze-mugak kontrolatzea; natura-interes handiko landaretza-guneen gaineko eragina kontrolatzea; ibilguen eta haien ertzetako landarediaren gaineko eragina kontrolatzea; hondakinen isurketak ekiditea; olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea, eta proiektuaren eragin-esparruko herriguneetako biztanleei zarata eta hautsa direla-eta eragindako eragozpenak ekiditea.

D.11.– Lan-programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, proposamen zehatzak egin beharko ditu, jarraian datozen azpiapartatuetan azaltzen diren gaiei buruz. Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta Obren Zuzendariak berariaz onartu beharko ditu; aurrez, txosten bat egin beharko du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Makineriaren parkearen eta obrako materialak, lurrak eta hondakinak aldi batean biltegiratzeko eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

– Eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko plana, honako hauek errespetatuta: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikulua eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikulua, betiere ebazpen honetako D.5.2 apartatuan aurreikusitakoari jarraituz.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa gauzatzeko, bete beharrekoa izango da sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa; horretaz gain, jarraian zehazten diren kontrolak egin beharko dira.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ikuskatzeko moduan egongo da erregistroa, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaliko zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egiten bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu beharko dira aipatutako aldaketak.

Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

E.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

E.3.– Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.

Bermealdian, aldian-aldian aztertuko da zenbaterainoko arrakasta izan duen proiektuaren eraginpeko gainazalak lehengoratzeko lanak.

E.4.–. Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, eta han bilduko dira ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Programa honek kontrolatu beharreko parametroak zehaztuko ditu, honako hauek adierazita: parametro bakoitzari dagozkion erreferentziako balioak, laginketak eta analisiak egiteko metodologia, kontrol-puntuek xehetasun-kartografian duten kokapena, kontrolen maiztasuna, eta programa gauzatzeko aurrekontu zehatza.

E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta leheneratze-lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, leheneratzea egin eta bi urtera. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta aldez aurretik zehaztu ez denean, laginak hartzearen xehetasunak.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

F) Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa alda ditzake, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

G) Alde batera utzi gabe ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan. Agiri horiek Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu organo substantiboak, oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.

G.1.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

G.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, lur-mugimenduei buruzko balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honen D.5 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

G.3.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak bukatzen direnean zenbatzen hasita, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen bigarren apartatuko E.1 puntuan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluan xedatutakoaren arabera, bi urteko epea ezartzea proiektua gauzatzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita. Baldin eta, epea amaituta, proiektua gauzatzen hasi ez bada sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta, baliogabetu egingo da ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat.

Laugarrena.– Aurreko zenbakian xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari zein egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 12a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala