Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2020ko urtarrilaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
402

4/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean sinatutako lankidetzarako hitzarmena, Bizkaiko Foru Aldundiko langileen prestakuntza-plana egiteari buruzkoa.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hitzarmen hori sinatu duenez gero, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean sinatutako lankidetzarako hitzarmena, Bizkaiko Foru Aldundiko langileen prestakuntza-plana egiteari buruzkoa. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 9a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 9KO 4/2020 EBAZPENARENA
HERRI-ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ARTEKO LANKIDETZARAKO HITZARMENA. GAIA: BIZKAIKO FORU-ALDUNDIKO LANGILEEN PRESTAKUNTZA-PLANA EGITEA

Bilbao, 2020ko urtarrilaren 8a.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Ibone Bengoetxea Otaolea andrea, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta haren ordezkari gisa.

Eta bestetik, Maite Iruretagoiena Ibarguren, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria, erakundearen izenean eta haren ordezkari gisa.

Alderdiek hitzarmena sinatzeko behar den gaitasun juridikoa onartzen diote elkarri, eta hori dela bide hau

ADIERAZTEN DUTE:

I.– Bizkaiko Foru Aldundiak bere langileen prestakuntza-beharrak bete behar ditu, langile horien ahalmenak eta gaitasunak ahalik eta egokienak eta eguneratuenak izan daitezen beti, eta, horrela, langileek Foru Erakundeak agintzen dituen xedeak eta eginkizunak behar bezala bete ditzaten.

Hori kontuan hartuta, Foru Aldundiak bere prestakuntza-planak prestatu izan ditu, betiere enplegatu publikoek prestakuntza jasotzeko eskubidea dutela eta, ondorioz, administrazio publikoek eskubide hori betearazi beharra dutela ezartzen duten arauak betez (Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua, eta Foru Aldundiaren Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren egitura organikoari buruzko araudia).

II.– Bizkaiko Foru Aldundia erakunde nabarmena dela eta hainbat xede eta eginkizun betetzen dituela kontuan hartuta, langileen kopurua oso handia da (kuantitatiboki eta kualitatiboki). Langile horientzako prestakuntza-planak askotarikoak dira: lanposturako prestakuntza, sustapenerakoa, karrerako prestakuntza, Foru Aldundiaren Giza Baliabideen Planean jasotzen den prestakuntza, Aldundian lanean hasteko deialdietako hautaketa-prozesuen ondoriozko praktiketako prestakuntza, lan-poltsetako pertsonentzako prestakuntza, eta Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuaren prestakuntza.

III.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) xedeak erakundea sortu zeneko Legean ezarri ziren. Hori horrela izanik, HAEE/IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, honako hauek dira IVAPek enplegatu publikoen prestakuntzari lotuta dituen xedeak:

1.– Euskal administrazio autonomikoko funtzionarioak eta kontratupeko langileak edota beste edozein herri-administraziok edo lege-antolamenduak eskatzen dizkionak prestatzea eta hobetzea.

2.– Lurralde historikoekin, udalekin eta EAEko toki-administrazioaren gainerako erakundeekin horien langileak prestatzeko eta hobetzeko lankidetza sustatzea.

3.– Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legean agintzen dena betetzeko, euskara herri-administrazioan sartzea, hedatzea, erabiltzea eta normalizatzea, baita administrazio-hizkera finkatzea ere.

IV.– Bizkaiko Foru Aldundiak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak uste dute garrantzitsua dela langileak prestatzea eta haien ezagutza eta gaitasunak etengabe eguneratzea, herritarrei zerbitzu egokia eman diezaieten. Erakunde bien ustez, gainera, biek elkarlanean lan egin dezakete Bizkaiko Foru Aldundiko langileak prestatzeko, eta hori posible izateaz gainera erabat komenigarria ere bada, prestakuntza hori ahalik eta eraginkorrena izan dadin.

V.– Jakina, Bizkaiko Foru Aldundiko enplegatu publikoak prestatzeko asmoz bi erakundeek egingo duten baterako lanak ezinbestean bete behar ditu erakunde baten eta bestearen arauak, enplegatu publikoak prestatzeari lotutakoak. Baina Bizkaiko Foru Aldundia erakunde handia dela eta zeregin ugari dituela kontuan hartuta, eta bi erakundeek eman ditzaketen ezagutza, esperientzia eta baliabideak aintzat hartuta, bataren eta bestearen jarduerak zehaztu behar dira jardun publikoari eta prestakuntza jasoko duten enplegatuei begira bien arteko elkarlana ahalik eta positiboena izan dadin.

VI.– Hitzarmen honek administrazioko izaera du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.2 artikuluan ezarri denarekin bat.

Hitzarmen honen edukia Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen eremutik kanpo geratzen da, bere 6.1 artikuluan ezarri denarekin bat

Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) hitzarmen hau egitea erabaki dute, beheko klausuletan ezartzen diren printzipioak eta jardun-ildoak betez.

KLAUSULAK
HITZARMENAREN XEDEA ETA IRISMENA

Lehenengoa.– Hitzarmen honen xedea da Bizkaiko Foru Aldundiak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) Bizkaiko Foru Aldundiko enplegatu publikoen prestakuntzari lotuta izango duten baterako jarduera-esparrua ezarri eta arautzea, bakoitzak bere eskumenak eta eginkizunak betez.

ERAKUNDE BAKOITZAREN JARDUERA, HITZARMEN HONEN ESPARRUAN

Bigarrena.– Bizkaiko Foru Aldundiak bere langileek zer prestakuntza behar duten aztertuko du, eta, horretarako, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari laguntza eskatu ahal izango dio, behar badu.

Hirugarrena.– Aurkitu diren prestakuntza-beharrizanak oinarritzat hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak urteko prestakuntza-plana egingo du.

Laugarrena.– Prestakuntza-plana egin ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak –organo eskudunek hartu dituzten erabakiak betez– proposatzen dizkion prestakuntza-ekintzen zerrenda aurkeztuko dio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari (IVAP), hitzarmena betez kudea ditzaten. Zerrendarekin batera, ikastaroaren helburuei eta edukiei buruzko zehaztapenak ere emango dizkio.

Bosgarrena.– IVAPek bere sisteman erregistratuko ditu hitzarmen honen harira adostutako prestakuntza-ekintzak.

Seigarrena.– Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmenaren esparruan egingo diren prestakuntza-ekintzen berri emango die interesa izan dezaketen langileei.

Zazpigarrena.– Aplikatu beharreko barne-prozeduraren arabera, Foru Aldundiak erabakiko du zein langilek parte hartuko duten hitzarmenean zehaztutako prestakuntza-ekintza bakoitzean, eta, horren ostean, informazio hori IVAPen prestakuntza-ikastaroen plataforman sartuko du.

Horretarako, behar diren informatika-sistemak jarriko dira, edota IVAPekin solaskide arituko diren Bizkaiko Foru Aldundiko pertsona edo pertsonak izendatuko dira.

Zortzigarrena.– Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu eta kudeatuko ditu hitzarmen honetan zehaztutako prestakuntza-ekintzak.

Bederatzigarrena.– Ikastaroa amaitzen denean, Bizkaiko Foru Aldundiak ikastaroan parte hartu dutenen zerrenda bidaliko dio IVAPi. Zerrenda horretan honako hauek ere zehaztuko dira: ikasle bakoitzaren parte-hartzea (ehunekotan) eta aprobetxamendu-proben emaitzei lotutako datuak, halakorik egin denean.

Hamargarrena.– IVAPek, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzeei eta kasuan kasuko aprobetxamendu-probei buruzko datuak kontuan hartuta, prestakuntza-ekintza bakoitzean izan diren parte-hartzaileen ziurtagiriak egingo ditu hilabeteko epean.

IVAPek ziurtagiri digitalak emango ditu. IVAPen prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten ikasleak IVAPen webgunetik sar daitezke, zuzenean, beren ziurtagiri digitalera: «IVAPekiko izapideak» izeneko atalean sartu, webean dauden ziurtagiri digitaletako bat erabiliz identifikatu, ziurtagiriak hautatu eta, hor barruan, prestakuntza-ekintzen ziurtagirietara sartu.

Hamaikagarrena.– Urte anitzeko hitzarmenean aurreikusten diren ekintzak egiteko aurrekontu osoa, lau urterako aurreratua Bizkaiko Foru Aldundiaren kargura, ehun eta berrogeita hamabost mila (155.000) eurokoa da.

Zenbateko hau Administrazio Publiko eta Justiziako sailburuaren 2014ko abenduaren 11ko Aginduak (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ematen dituen jarduera eta zerbitzuen prezio publikoen zenbaketa ezartzen duenak, 2014ko abenduaren 30eko EHAA, 248. zk.) ezarritakoaren arabera kalkulatu da.

Hitzarmen hau sinatzearen ziozko betebeharrak ordaintzeko baliabide ekonomikoak Bizkaiko Lurralde Historikoko aurrekontu orokorretatik etorriko dira. Aipatu kopuruak ordaintzeko, aurrekontu-esleipena dago (0702 G920.108/23904/0000), honako urteroko hauetan banakatuta:

– 2020. urterako, 38.750 euro-ko zenbatekoa, 0702 G920108/23904/0000 2019/0057 partidaren kargura.

– 2021. urterako, 38.750 euro-ko zenbatekoa, 0702 G920108/23904/0000 2019/0057 partidaren kargura.

– 2022. urterako, 38.750 euro-ko zenbatekoa, 0702 G920108/23904/0000 2019/0057 partidaren kargura.

– 2023. urterako, 38.750 euro-ko zenbatekoa, 0702 G920108/23904/0000 2019/0057 partidaren kargura.

Hala ere, abenduaren 3ko 5/2013 Foru Dekretu Arau-emaileak (Aurrekontuei buruzko abenduaren 29ko 5/2006 Foru Arauaren testu bategina onartzen duenak) 56. artikuluan ezarritakoaren arabera, hitzarmen hau eraginkorra izan dadin kreditu egokia eta nahikoa egon behar da lurralde historikoko aurrekontu orokorretan, aipatu gastu-espedientea izapidetzen hasten den ekitaldian.

Ikastaroen matrikulak kobratzeko eta ordaintzeko izapideak arinago eta errazago egiteko asmoz, IVAPek hiru hilean behin bidaliko dizkio Bizkaiko Foru Aldundiari aurreko denboraldian amaitu diren ikastaroen fakturak. Zein ikastaro egin diren eta horietako bakoitzean zenbat matrikula egin diren zehaztuko du faktura horietan.

BALIABIDE MATERIALAK

Hamabigarrena.– Bizkaiko Foru Aldundiak jarriko ditu prestakuntza-ekintzak egiteko behar diren gelak, baita baliabide materialak ere (ordenagailuak, kanoiak...).

Hamahirugarrena.– IVAPek prestakuntza-ikastaroen plataforma eskainiko du, hitzarmen honen esparruan egingo diren prestakuntza-ekintzak kudeatzeko.

JARRAIPEN-BATZORDEA

Hamalaugarrena.– Hitzarmen honetan ezartzen diren alderdien jarraipenari dagokionez bi erakundeek izango duten lankidetza ezartzeko, hitzarmenaren jarraipen-batzorde bat eratuko da. Batzordeak lau kide izango ditu: erakunde bakoitzeko bi ordezkari. Batzordearen erabakiak aho batez hartuko dira.

Batzordeak ebatziko ditu hitzarmena garatzean sortzen diren gorabeherak, baina, ebazpena beste organo batzuek eman behar dutenean, batzordeak ebazpen-proposamena emango du, eta eskumena duten organoei helaraziko die.

Gorabeherak konpontzeaz eta proiektua betetzen den eta zenbateraino gauzatu den eta zertan hobetu daitekeen ebaluatzeaz gain, SPAJLaren 52.3 artikulutik datozen eginkizun guztiak bete beharko ditu.

Hamabosgarrena.– Jarraipen-batzordea urtean bi aldiz batuko da gutxienez, eta dagokion akta idatziko da. Batzordeburuaren kargua txandakatu egingo dute hitzarmena sinatzen duten erakundeek; lehenengo batzordeburua Bizkaiko Foru Aldundikoa izango da.

Deialdiak bilera egin baino 15 egun lehenago egingo dira, eta, bilera baino 7 egun lehenago gutxienez, gastua justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da, SPAJLaren 49.f) artikuluan eskatzen dena.

Bizkaiko Foru Aldundiak ordaindutako zenbatekoak justifikatzeko, dagokion kontabilitate-agiria aurkeztuko da, egindako prestakuntza-ekintza guztiak biltzen dituen memoriarekin batera; memoria horretan, ikastaro bakoitzean ordaindutako matrikulak eta ordainketa izapidetze-bidean dutenak jasoko dira.

AZKEN XEDAPENetako LEHENENGOA

Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, erakundeek sinatu eta biharamunetik hasita, eta luzatu egin ahal izango da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluan ezarri diren terminoetan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Hitzarmen hau azkendu egingo da helburuan sartzen diren jarduerak betetzean edo hitzarmena suntsitzeko arrazoi hauetako bat gertatzen bada:

a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea hura luzatzeko erabakirik hartu gabe.

b) Alde sinatzaile guztiak ados jartzea.

c) Aldeetako batek ez betetzea bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak.

d) Halakoetan, alderdietako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi ahalko dio adostutakoa hautsi duen alderdiari, epe jakin baten barruan bete ditzan betegabetzat jotako betebehar edo konpromisoak. Errekerimendua hitzarmenaren betearazpenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta sinatu duten gainerako alderdiei jakinaraziko zaie.

Errekerimenduan azaldutako epea igaro eta ez betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen alderdiak beste alderdi sinatzaileari jakinaraziko dio badagoela hitzarmena suntsitzeko arrazoia, eta hitzarmena suntsitua dagoela ulertuko da. Arrazoi horren ondorioz hitzarmena suntsitzen bada, sortutako kalteen ondoriozko kalte-ordaina ezarri ahalko da, hala aurreikusi bada.

e) Epaileak hitzarmena deuseztatzeko erabakia hartzea.

f) Hitzarmenean edo gainerako legeetan aurreikusi den eta goian jaso ez den beste edozein arrazoi.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Hitzarmeneko alderdietatik edozeinek sala dezake hitzarmena, baina, kasu horretan, hasita dauden jarduerak amaituko direla bermatu behar da. Erabaki hori idatziz jakinarazi eta hiru hilabetera amaituko da hitzarmenaren indarraldia.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Hitzarmena sinatu duten alderdietako bakoitzak beste alderdiari jakinaraziko dizkio hitzarmen berrian sartzeko modukotzat jotzen dituen kontuak edo gaiak, alderdiak ados jarri ostean hitzarmena aldatu baino lehen.

AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA

Bizkaiko Foru Aldundia arduratuko da hitzarmen honetan zehazten den tratamenduaz, hau da, bere langileen prestakuntza-planen kudeaketaz eta garapenaz.

Beste alde batetik, HAEE-IVAP arduratuko da hitzarmen honetan zehazten den tratamenduaz, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazten dizkion prestakuntza-ekintzak erregistratzeaz eta osorik ziurtatzeaz.

Alderdi sinatzaile bakoitzak konpromisoa hartzen du hitzarmen honi datuen babesaren arloan aplikatu beharreko araudia betetzeko: 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO SEIGARRENA.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen hau administrazioaren arlokoa da, 40/2015 Legearen Atariko Tituluko VI. kapituluan xedatutakoaren arabera, eta bat dator Bizkaiko Foru Aldundiaren 169/2014 Foru Dekretuaren 46.2 artikuluan ezarritako baldintzekin (dekretu horren bidez, onetsi egiten da Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontuei buruzko Araudi Orokorra, Aurrekontuei buruzko abenduaren 29ko 5/2006 Foru Arauaren testu bategina garatzekoa).

Jarraipen-batzordean ezin ebatz daitezkeen auzigaiak administrazioarekiko auzi-jurisdikzioaren pean jarriko dira, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera.

Aurreikusi ez den guztirako, araudi hau aplikatuko da: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legea; abenduaren 3ko 5/2013 Foru Dekretu Arauemailea, Aurrekontuei buruzko abenduaren 29ko 5/2006 Foru Arauaren testu bategina eta haren arautegia onartzen dituena, eta aplikatzekoa den beste edozein xedapen.

Eta ados daudela adierazteko, alderdiek hitzarmen hau sinatzen dute Bilbon, 2020ko urtarrilaren 8an.

Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

IVAP-en izenean,

MAITE IRURETAGOIENA IBARGUREN.


Azterketa dokumentala