Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2020ko urtarrilaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
358

AGINDUA, 2020ko urtarrilaren 20koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez bermatzen baita 2020ko urtarrilaren 30erako deitutako greba orokorrak dirauen bitartean gizarteari eman behar zaizkion ezinbesteko zerbitzuak beteko direla.

ELA, LAB, ESK eta STEILAS erakunde sindikalek greba orokorrerako deia egin dute 2020ko urtarrilaren 30erako. Grebak «lan eta funtzionarioen jardun guztietan eragina izango eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko eremu geografikoaren barruan kokatutako enpresa eta erakundeetako langile zein enplegatu publiko guztiei zuzendua dago, edozein dela ere administrazio edo enpresaren hedapen eremua».

Deitutako lanuztea datorren urtarrilaren 30ean burutuko da, 00:00etatik 24:00etara. Lan-txanda bat baino gehiago dituzten enpresetan, grebaren hasiera-ordua lehenengo lan-txandarena izango da, nahiz eta urtarrilaren 30a baino lehen izan, eta bukaera-ordua behin azkeneko lan-txanda amaitu eta gero izango da, nahiz eta urtarrilaren 30eko 24:00etatik aurrera luzatu. Idatzizko egunkariak argitaratzen dituzten prentsa-enpresatan (erredakzio eta errotatibetan), urtarrilaren 29ko 06:00etatik eta hurrengo goizeko 06:00ak arte. Eta kale garbiketa eta zabor bilketa-zerbitzuko enpresetan, urtarrilaren 29ko 22:00etatik eta hurrengo eguneko 22:00ak arte.

Deitzaileen arabera, honako hauek dira grebaren helburuak:

«1.– Pentsio-sistema publikoaren defentsa, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren eskaria (Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kopuru horretaraino osa ditzatela pentsioak) eta sisteman ezarritako murrizketei atzera eragitea (65 urteko erretiro adinaren berreskurapena, pentsioa murrizten duten neurriak indargabetzea eta pentsioen eros-ahalmena legez bermatzea).

2.– Lan prekarioa amaiarazteko eta lan baldintza duinak ezartzeko neurriak (lanaldia 35 ordura jaistea, 20 orduko gutxieneko lanaldia, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, soldata arrakala gainditzea edota azpikontratetako enplegua eta lan baldintzak bermatzea).

3.– Gaur urratuta dauden eskubide sozialen aitortza, esaterako alokairu sozialeko etxebizitza izateko eskubidea, baita menpekotasun egoera guztien estaldura bermatuko duen gizarte-zerbitzu sistema publiko, unibertsal eta doakoa ere, edo pobrezia eta bazterkeria sozialaren aurkako HELeko neurriak. Zaintza lana ikusarazi, duina izango dela ziurtatu eta bermatu.

4.– Lan-harremanen eta gizarte-babesaren bertoko sistema aitortzea, lan- eta gizarte-eskubideak gure lurralde-eremuan erabaki daitezen».

Grebaren esparrua kontuan izanik, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, bertako gobernu-agintaritzari dagokio Euskal Administrazio Publikoak eta gainerako erakunde, entitate edo enpresek ematen dituzten ezinbesteko zerbitzuak ematen direla ziurtatzeko bermeak ezartzea zerbitzu publikoetan edo behar-beharrezkoak eta atzeraezinak direnetan, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Legegintzako Errege Dekretuaren 10. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraiki.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluak langileen greba-eskubidea onartzen du, langileek beren interesak defenda ditzaten, horixe baita egungo zuzenbide-estatu sozial eta demokratikoak oinarri dituen oinarrizko eskubideetako bat. Konstituzioak, beraz, berdin babesten ditu greba-eskubidea eta beste zenbait eskubide garrantzitsu, hala nola: bizia, osotasun fisikoa, osasuna, hezkuntza, joan-etorri askea, informazio-askatasuna eta benetako babes judiziala, besteak beste. Hain zuzen, Konstituzioak bete-betean babesten ditu, bai eskubide horiek guztiak, baita greba egiteko eskubidea ere.

Beraz, greba egiteko eskubidea herritarren gainerako oinarrizko eskubideen kontrakoa izan daitekeenez, eta Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera, gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzen direla ziurtatzeko neurri egokiak hartu behar dira, auzitan dauden eskubideetako bat bera ere gauzatu gabe gera ez dadin.

Hala ere, aurreko premisa gorabehera, begien bistakoa da ezen, oinarrizko eskubideak mugatzen dituen edozein neurri konstituzionala izan dadin, proportzionaltasunaren printzipioa zorroztasunez aplikatuz hartu behar dela, eta, horretarako, hiru baldintza bete behar ditu neurri horrek: neurria aplikatuz proposatutako helburua lortu ahal izatea, hots, «egokitasun-judizioa» deritzona; egitatea aztertuta, ondorioztatu izana ez dagoela neurri apalagoren bat helburu hori eraginkortasun berarekin lortzeko, hau da, «beharrizanezko judizioa» deritzona; eta, azkenik, neurria edo konponbidea orekatua edo neurtua izatea, haren aplikazioaren ondorioz guztion intereserako onura edo abantaila gehiago eragiten direlako auzian dauden beste ondasun edo balioetarako eragiten diren kalteak baino, hau da, «proportzionaltasun-judizioa, zentzu hertsian». Gai horri buruz hainbat aldiz erabaki du Konstituzio Auzitegiak, honako epai hauen bitartez, besteak beste: 122/1990, 123/1990, 8/1992 eta 126/2003.

Erabaki horietatik ondorioztatu behar dugu gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak emango direla ziurtatzeak mugatu egiten duela grebarako eskubidea baliatzeko aukera, eta, ondorioz, nahitaezkoa dela interes desberdinak kontuan hartuta egoki orekatuz jokatzea. Hori dela-eta, ziurtatzeak berme gisa balio behar du, eskubide kontrajarrien ezinbesteko koordinaziotik abiatuta; betiere ulertuta grebalarien eskubidea mugatu beharko dela –amore eman, Konstituzio Auzitegiaren hitzetan–, haien eskubideak grebaren bidez babesteak ezinbesteko zerbitzua jasotzeko eskubidearen komunitate/pertsona titularrari eragiten dion edo eragin liezaiokeen kaltea larriagoa bada grebalarien errebindikazio edo eskakizunek arrakastarik ez izateak eragingo lukeena baino. Horregatik, greba-deialdi honen aurrean, haren garapenak dituen ezaugarri zehatzak hartu beharko dira kontuan; eta, zehazki, grebaren denbora-eremua, egun bat, eta grebaren jarduera-esparrua, Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako enpresa eta erakunde guztietako lan- eta funtzionario-jarduera guztiak.

Adierazitakoa dela-eta, Konstituzioaren 15. eta 43.1., 19., 20., 27., 35. eta 24. artikuluetan, bizia, osotasun fisikoa eta morala, osasuna, hezkuntza, lurraldeko joan-etorri askea, lana, informazioa eta benetako babes judizialerako eskubidea babesten dira. Hain zuzen ere, botere publikoei dagokie eskubide horiek bermatzea, prebentzio-neurriak ezarriz eta beharrezko zerbitzuak emango direla ziurtatuz. Greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eskubide horiek guztiak ezin daitezke babesik gabe geratu. Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak gutxieneko zerbitzuak ezarri behar ditu, erkidegoan ezinbesteko zerbitzuak bermatzeko, ondoren adierazten diren eta agindu honetan zehaztuta geratzen diren sektoreetan.

Osasun-sektorea.

Osasuna babestea oinarrizko eskubideetako bat da zuzenbide-estatu guztietan. Egun, herritarrek gutxieneko prestazio sanitarioak eskatzeko duten eskubide gisa ulertzen da eskubide hori, aintzat hartuz giza duintasuna eta estatu bakoitzaren gizartearen eta ekonomiaren garapen-maila. Hala, Giza Eskubideen Adierazpenak (NBE, 1948) 25.1 artikuluan dioenez, «pertsona orok du osasuna eta ongizatea edukitzeko eskubidea, eta batez ere, mediku sorospena eta gizarte-zerbitzuak»; ildo berekoak dira Europako Kontseiluaren Europako Gutun Sozialaren 11. artikulua (Turin, 1961) eta Ekonomia-, Gizarte- eta Kultura-eskubideen Nazioarteko Itunaren 12. artikulua (NBE, 1966).

Hortaz, greba-eskubidearen eta Konstituzioaren 15. eta 43.1 artikuluetan jasotako beste zenbait eskubideren arteko gatazkan (bizitzeko eskubidea, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea eta osasuna babestekoa), ezinbesteko baldintza da azken horiek bermatu beharra. Osasun-zerbitzu publiko nahiz pribatuek pertsonen osasuna eta bizia zaindu behar dute. Horren ondorioz, eta greba-deialdiari dagokionez, ez da argudiorik behar edo argudio gutxi behar da larrialdiko zerbitzuak bete-betean mantentzea behar-beharrezkoa dela adierazteko; izan ere, zerbitzu horietan berehala esku hartu ezean, gerta daiteke norbaiten bizia arrisku larrian egotea. Orobat, «ospitaleratutako pazientea behar bezala artatu ahal izateko», ospitaleratutako paziente bakoitzari behar bezala eman behar zaizkio botikak, higiene-egoera egokia bermatu behar zaio, eta jaten eman behar zaio, otorduak errespetatuz; esan nahi baita, beharrezko asistentzia eman behar zaio, bere osotasun fisiko eta morala honda ez dadin.

Osasun-arloko lehen mailako arretari dagokionez, arazorik gabe hartzen da oinarrizko zerbitzutzat, ospitalez kanpoko larrialdiei estaldura ematen dien heinean batez ere. Jarduera-sektore honetan gutxieneko zerbitzuak ezartzeari dagokionez, esan behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salak emandako epai batzuen ondotik: 2012ko urriaren 3koa, deuseztzat jo zituena 2012ko martxoaren 29an 24 orduko greba orokorra egiteko 2012ko martxoaren 23ko Aginduaren bidez ezarri ziren lehen mailako arretarako gutxieneko zerbitzuak; eta 2013ko martxoaren 5ekoa, deuseztzat jo zituena 2012ko azaroaren 14an eta 2013ko maiatzaren 30ean 24 orduko greba orokorrak egiteko 2012ko irailaren 19ko Aginduaren bidez ezarri ziren lehen mailako arretarako gutxieneko zerbitzuak; eta 2016ko ekainaren 14ko greba-deialdia, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileentzat egina, txanda guztietarako bi orduko ordu-tarteetan –ez dago jasota haien aurka egin zenik, ez administrazio-bidetik, ez auzibidetik–, gobernu-agintariek erabaki zuten larunbatetako lanaldiari dagokiona –eta larunbatetako ohiko ordutegia– ezarriko zutela lehen mailako arretarako gutxieneko zerbitzu gisa, greba-egunerako aurreikusita zegoen langile-kopuruarekin; horrenbestez, eutsi egin zaie zerbitzu horiei. 2018ko martxoaren 8ko grebaren aurrean, zerbitzu berberak ezarri ziren. Azkeneko horretan, ordea, errekurrituak izan ziren oinarrizko eskubideen babes jurisdikzionalaren prozedura bereziaren bitartez; hala ere, Salak Zuzenbidearekin bat zetozela ebatzi zuen, interpretazio-lana egin ondoren. Horrexegatik, azkeneko greba orokorrari begira –2019ko martxoak 8– zerbitzuak mantendu baziren ere, idazketa zuzenagoa erabili zen. Orduko zerbitzuak arazorik gabe gauzatu zirenez, eutsi egin zaie deialdi honetan.

Larrialdi-zerbitzuei eta etengabeko arretaguneei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salaren 2012ko urriaren 3ko Epaiak ezetsi zuen errekurtsogileak larrialdi-zerbitzuetarako eta etengabeko arretaguneetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuen inguruan zuen asmoa, hau da, zerbitzu horiek gehiegizkotzat jotzea (% 100eko zerbitzuak ezarri ziren), arrazoi hau aipatuta: «larrialdi-zerbitzuen izaerak berak eta etengabeko arretaguneen helburuak justifikatu egiten dute, aztergai dugun eremuan (osasunaren eremuan) eta osotasun fisikoa eta bizitzeko eskubidea ahaztu gabe, errekurtsoa jaso duen aginduan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezartzea»; horrenbestez, eutsi egin zaie zerbitzu horiei.

Osasun-sektore horretan bertan, kontuan hartu behar da 2011ko uztailean funtsezko erreforma bat egin zela erabiltzaileen arretan: Call Center izeneko sistema. Sistema horrek, osasun-arreta bere horretan ematen ez badu ere, zerbitzu hori benetan ematea ahalbidetzen du, erabiltzaileak arreta horrekin duen lehen harremana baita; zerbitzu hori bereziki nabarmena da osasun-aholkuari dagokionez. Izan ere, telefono-zerbitzua da, eta lehen mailako arretako erizaintzako langileek ematen dute. Bertan, erabiltzaileen premiak balioesten dituzte eta, haien egoeraren arabera, dagokion zerbitzura bideratu. Zehazki, larrialdi-zerbitzura (bizilekura anbulantzia bat bidalita) edo etengabeko arretagunera (bizilekurako abisua zuzenean kudeatuta) bidera daitezke. Garbi dago, beraz, Call Center izenekoa osasun-larrialdietara bidera daitezkeen deien iragazkia dela, osasun-aholkuan gerta litekeen kolapsoa saihesten duela, eta osasun-lehentasuna duten deiak eta dei arruntak bereizten dituela. Horrez gain, beste zerbitzu batzuk egiten ditu, hala nola aurrez ordua eskatzeko deiak hartzea, IVR telefono-sistema bidez operadore birtual gisa jardutea, zenbaki generikoetatik aurrez ordua eskatzeko iristen diren deiak hartzea, zerbitzuei buruzko informazio orokorra ematea, etab. Azkenik, Autonomia Erkidegoko zentro guztietako O-Sarean barruko zerbitzu eta aplikazioen funtzionamenduari lotutako barne-gorabehera teknikoak kudeatzen ditu. Sistemaren funtzionamendu teknikoaren berme horrek eta osasun-aholkuak bultzatu dute gobernu-agintaritza hau zerbitzu hori bermatu beharreko ezinbesteko zerbitzutzat hartzera, bizitzeko eta osasunerako eskubideari lotuta dagoen heinean.

2014. urtean, Call Center Korporatibo zentralizatua bi sistemarekin ordeztu da:

a) Osasun-erakunde batzuetan, telefono-jauziko dei-sistema bat ezarri da anbulatorioen artean, eta ez da beharrezkoa izango gutxieneko zerbitzu espezifikorik finkatzea sistema horretan.

b) Eta Arabako ESIan, Donostialdea ESIan, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIan, Bilbao-Basurtu ESIan, Uribe ESIan, Debabarrena ESIan, eta Bidasoa ESIan, lehengo Call Center Korporatiboaren funtzio berak betetzen dituen baina erakunde horietako bakoitzera mugatuta dagoen Call Center sistema bat ezarri da.

Bigarren Call Center mota honetan gutxieneko zerbitzuak ezartzeko beharra honako hauek arrazoitzen dute: batetik, lehengo Call Center korporatiboaren funtzio berak betetzen ditu, erakunde sanitario bakoitzera mugatuta bada ere; eta, bestetik, telefono bidezko arreta oso garrantzitsua da; izan ere, arreta hori funtsezkoa da osasun-antolamenduan, herritarrek osasun-sistemarekin harremanetan jartzeko gehien erabiltzen dituzten bideetako bat baita. Sistema horren bidez, gainera, telefonoz ordua aurrez eskatzeko eskariaren banaketa orekatuagoa lortzen da eguneko orduetan. Horri esker, zerbitzuek ez dute gainezka egiten lehen orduetan, eta telefonoz bideratzen ez diren pertsonek ez dute nahitaez osasun-zentrora joan behar.

Ezarri beharreko gutxieneko zerbitzu zehatzei dagokienez, kontuan hartu behar da aurreko Call Center Korporatiboan urteko egun guztietan egiten zela lan, nahiz eta astelehenetik ostiralera bitarte jarduteko plantilla bat eta larunbaterako beste bat egon. Egungo Call Center zerbitzua antolatuta dagoen moduan, berriz, ez da zerbitzurik ematen larunbatetan. Beraz, gutxieneko zerbitzuak larunbatetako zerbitzuetara mugatzea zerbitzurik ez ezartzea izango litzateke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salak 2013ko maiatzaren 29ko Autoan erabaki eta 2013ko irailaren 25eko Epaiak berretsi zuenez. Hori guztia dela-eta, Osakidetzaren Zuzendaritzak emandako informazioaren arabera, egungo plantillaren % 50 behar da zerbitzu hori betetzeko, eta, hortaz, lan horiek egin ohi dituzten langileen ehuneko hori ezartzen da gutxieneko zerbitzu gisa.

Zirkunstantzia horietan guztietan oinarrituta, deialdi honen aurre-aurreko greba-deialdietan –aipatutako zerbitzuari eragiten ziotenetan–, 2014ko azaroaren 4ko Agindua, 2015eko apirilaren 21eko Agindua, 2016ko ekainaren 10eko Agindua eta 2018ko otsailaren 27koa eta 2019ko otsailaren 28koa –oraingoa bezalako deialdian– eman ziren eta, haien bidez, ehuneko hori ezarri zen gutxieneko zerbitzu gisa.

Bestalde, garraio sanitarioko enpresek egiten dituzten zerbitzuei dagokienez, zerbitzu horiek erabat gelditzen badira, osasun-arreta behar duten herritar asko ezin izango lirateke lekualdatu, eta horrek lehendik aipatu dugun osasunerako edo bizitzeko eskubideari erasotzen dio; izan ere, gaixorik dauden pertsonen lekualdaketan behar bezain azkar ez bada jarduten, pertsona horien heriotza ere gerta daiteke, beharrezko osasun-arreta ez jasotzeagatik. Arrazoi horiek guztiak kontuan hartuta, gizartearentzako ezinbestekotzat jo behar da sektore horrek ematen duen zerbitzua, eta, hortaz, behar-beharrezkotzat eta atzeratu ezintzat, argi eta garbi.

Halaber, osasun sektore honetan farmazia bulegoak ere kokatzen dira, eta horien funtzio nagusia botikak banatzea da. Argi dago komunitatearentzako funtsezko zerbitzutzat hartu behar dela, osasunean zein bizian eragin zuzena baitauka, are gehiago greba orokorreko egoera batean, non larrialdi zerbitzuak gainezka egon daitezkeen. Funtsezko zerbitzu hori bermatzearren, gutxieneko zerbitzua ezartzen da, deialdiaren egunean guardia egin behar duten farmazia bulegoak, hain zuzen ere.

Larrialdien eta segurtasunaren sektorea.

Gizarteak larrialdiei aurre egiteko eta bide-segurtasuneko zerbitzuetarako duen eskubidea (SOS Deiak, larrialdiei aurre egiteko eta meteorologia zerbitzuak, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak eta komunikazioak, errepideen mantentzea –neguko bide-plana barne–, urtegi, ibai eta mendietako larrialdi-zerbitzua, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa eta abar) eta Segurtasun Sailaren (+) komunikazio- eta informatika-arloa jendearentzako ezinbestekotzat hartzen dira, larrialdia ezbehar bihur ez dadin egiten baitira zerbitzu horiek. Konstituzioaren 15. eta 43.1 artikuluetan, bizia, osotasun fisikoa eta morala eta osasuna babesten dira. Hain zuzen ere, botere publikoei dagokie eskubide horiek bermatzea, prebentzio-neurriak ezarriz eta beharrezko zerbitzuak emango direla ziurtatuz. Greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eskubide horiek guztiak ezin daitezke babesik gabe geratu. Beraz, gizartearentzako ezinbestekotzat jo behar da sektore hori, eta, hortaz, zerbitzu hori behar-beharrezko langileekin ematea ezinbestekotzat eta atzeratu ezintzat jo behar da. Horretarako, urtaro honetako jaiegun batean bezainbeste langile arituko dira lanean, Segurtasun Sailaren komunikazio- eta Informatika-arloan izan ezik, non nahikotzat jo baita teknikari bakarra aritzea.

SOS Deiak zerbitzuak aipamen berezia merezi du. Kasu honetan, ezinbesteko zerbitzu hori emateko gutxieneko zerbitzu egokiak ezartzeko, kontuan hartu behar da zerbitzu horietako telefono-arretaren ohiko tamaina pentsatuta dagoela normaltasun-egoeran eguneko dei-kopuruari erantzuteko. Beraz, zerbitzua emateko gutxieneko edo oinarrizko pertsona-kopurua hartzen da kontuan, larrialdi-egoerak ezin direlako ez aurreikusi ez planifikatu. SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroek urtean 1.400.000 dei erantzuten dituzte, eta 171.000 gorabehera baino gehiago koordinatzeko lanetan parte hartzen dute.

Hori guztia dela-eta, zerbitzua mantentzeko eskatu beharreko gutxieneko zerbitzuak ohiko egun baterako planifikatutako kopurura iritsi behar dira. Izan ere, kopuru txikiagoa ezartzen bada, gerta daiteke herritar baten deia ez jasotzea lineak edo operadoreak gainezka daudelako, eta, ondorioz, gerta daiteke giza biziak (pertsona batena, zenbaitena edo askorena) salbatzeko baliabideak atzeratzea edo ez mugiaraztea. Ezinezkoa da zain dauden deiak zerrendatzea, eta alertarik ez galtzea lortu behar da; izan ere, alertaren bat galtzen bada, larrialdi-zerbitzuek ez dute izango esku hartzeko behar duten informaziorik. Horrez gain, baliteke beharrezkoa izatea, zerbitzuaren ohiko kopurua egoteaz gain, unean-uneko laguntza ere eskatzea, larrialdi-plan bat aktibatu delako edota greba-egunean larrialdi-kasu larriak gertatu direlako. Beraz, beharrezkoa eta ezinbestekoa da greba-egunean ohiko egun baterako aurreikusitako langileen % 100 estaltzea, bai operadoreen lanpostuetan, bai gainbegiraleenetan; izan ere, gainbegiraleek, koordinazio-lana egiteaz gain, telefono bidezko arreta ere ematen dute, eta lan-txandatik hurrengo errelebora transferentzia egiteko arduradunak dira, lehenago ere azaldu den bezala. Baliteke zerbitzuaren tamaina horri laguntzaren bat gehitu behar izatea, gerora sortutako larrialdi-egoera larrietan. Euskal Autonomia Erkidegoko contact center sektorean eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan egin diren azken greba-deialdietan, 2017ko martxoaren 3ko Agindua eta 2017ko martxoaren 15eko Agindua eman ziren, hurrenez hurren, eta ohiko egun baterako aurreikusitako langileen % 100 ezarri zen gutxieneko zerbitzu gisa. Berdin jokatu zen iazko greba orokorrerako deialdian.

Gizarte-zerbitzuen sektorea.

Gizarte-zerbitzuak, bestalde, babes-neurrien multzo gisa daude eratuta, mendekotasuna duten edo kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei bizitzeko gutxienezko baldintza duinak eta kalitatezkoak bermatzeko. Konstituzioaren 15. eta 43.1 artikuluetan, bizia, osotasun fisikoa eta morala eta osasuna babesten dira. Hain zuzen ere, botere publikoei dagokie eskubide horiek bermatzea, prebentzio-neurriak ezarriz eta beharrezko zerbitzuak emango direla ziurtatuz. Greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eskubide horiek guztiak ezin daitezke babesik gabe geratu. 10.1 artikuluak xedatzen duenez, gizabanakoaren duintasuna ordena politikoaren eta gizarte-bakearen oinarri da. Halaber, Konstituzioaren 49. artikuluak xedatzen duenez, botere publikoek «aurreneurri-, tratamendu-, bizkortze- eta gizarteratze-politika egingo dute urritu fisiko eta psikikoentzat eta zentzumen-urrituentzat; horiei, eurek behar duten arreta berezia emango zaie, eta bereziki babestuko dira, titulu honek herritar guztiei ematen dizkien eskubideak egikaritu ahal izateko».

Ezin da ukatu honako hauetan lan egiten dutenen jarduera oso garrantzitsua dela gizartearentzat: egoitza-zerbitzuak (tutoretzapeko apartamentuak, etxebizitza komunitarioak eta egoitzak), eguneko zentroak –desgaitasun fisikoak eta psikikoak dituztenei arreta emanez–, etxeko laguntza-zerbitzuak eta telelaguntza-zerbitzuak, adingabeen etxebizitza komunitarioak eta egoitzak, eta esku-hartze sozialeko zentroak. Zerbitzu horien beharra duten pertsonek ezin dute beren kabuz jardun, haien egoera subjektibo eta pertsonala dela-eta. Beraz, sektore honetan gutxieneko zerbitzuak finkatu ezean 2020ko urtarrilaren 30ean baliteke kalte nabarmen larriagoak eragitea, eta, hartara, grebaren helburuak lausotuta geratzea; izan ere, egoera horietan, pertsona batzuen osasuna eta segurtasuna arriskuan jar daitezke.

Hala eta guztiz ere, kontuan hartu behar da zerbitzu horien prestazioan garatzen diren egiteko guztiak ez direla ezinbestekoak. Ezinbesteko egitekotzat ulertu beharko dira «zuzeneko arretako zerbitzuak»; zerbitzu horien xedea da arreta jasotzen dutenen norberaren zainketa oinarrizkoak mantenduko direla bermatzea. Zuzeneko arretako zerbitzuen barruan, arreta sanitarioaz eta geriatrikoaz gain, beste hauek ere baditugu: otorduen prestaketa eta otordu-zerbitzua, hidratazioak, botika-hornidurak, siesta terapeutikoak eta, mendekotasun-egoeraren arabera, higiene pertsonala eta altxatzeko, garbitzeko, janzteko edo jateko laguntza. Era berean, eremu biopsikosozialaren mantentze eta kontserbaziotzat hartzen dena ere bermatu beharko da.

Zentro horien ohiko funtzionamenduak intentsitate-maila desberdinak ditu egunean zehar, pertsonen jarduera funtzionalaren eta ziklo biologikoaren arabera, eta jarduera handiagoa dago goizeko lehenengo orduan (jaiki, higiene pertsonala, jantzi, medikazioa, gosaria eta abar), eguerdiko otorduan eta eguneko azken orduetan (afaria, oheratu, pixoihala aldatu, medikazioa eta abar); beraz, ordu horietan arreta pertsonalizatu handiagoa behar da zaintzaileen aldetik. Horren ondorioz, ordu horietan, beharrezkoa da langile horietako gehiago egotea, egoitzetako bezeroen beharrizanei erantzuteko jarduera txikiagoa den gainerako orduetarako ezarritako oinarrizko langileei laguntzeko.

Aurrekari hauetatik abiatuz, 2020ko urtarrilaren 30eko greba deialdiaren aurrean zahar-egoitzetarako, hala nola mendekotasuna edota desgaitasuna duten pertsonen egoitzetarako honako zerbitzu hauek ezartzen dira: zuzeneko arreta ematen duten gerokultoreen edo parekatuen % 50, bazkariaren ohiko ordutegian eta 08:00etatik 10:30era eta 20:00etatik 22:00etara izan ezik, orduan ehuneko hori % 10 gehituko baita. Halaber, soil-soilik erabiltzaileen % 70ek baino gehiagok II. eta III. graduko mendekotasun aitortua duten zentroetan, gerokultoreen eta parekatuen ehunekoa % 70ean ezarri da. Portzentajeok Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi zituen 2018ko uztailaren 18ko epaiaren bidez, 2018ko martxoaren 8ko greba orokorra zela-eta.

Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako zahar-egoitza pribatuetako egoera (baita hitzarmenaren eraginpeko langileak dauzkaten egoitza publikoetakoa ere) kontuan hartu beharra dago. Izan ere, azkeneko urteotan hainbat greba-deialdi izan dira, praktikan greba mugagabe bihurtuz. Horregatik, greba orokorreko data tartean egonda, 2020ko urtarrilaren 10eko Aginduan ezarritako gutxieneko zerbitzuei eutsi egiten zaie, horren eremuan sartutako langileentzat.

Gaueko txandan, zuzeneko arretako langileen % 100ek lan egin beharko du, baina «zuzeneko arreta» moduan zehaztutako lanak baino ez dituzte egingo.

Zuzeneko arretaren ezinbestekotasunaren irizpide bera aplikatu behar zaie, baita ere, mendekotasuna duten adinekoentzako eguneko zentroei, zeinetan, oro har, langile gutxiago izaten baitira egoitzetan baino; urriaren 17ko 202/2000 Dekretuaren bidez arautzen dira zentro horiek, eta baimentzeko irizpideak 7. artikuluan araututa daude, I. eranskinari dagokionez (8. apartatua, hain zuzen, langileei buruzkoa da). Zuzeneko arretako zerbitzuak mantenduko dira zuzeneko arreta hori ematen duten gerokultoreen edo parekatuen % 50arekin, baina gosaltzeko eta bazkaltzeko ohiko orduan ehuneko hori % 10 handituko da.

Zentro horiei dagokienez, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren ekainaren 28ko 558/2011 Epaiak xedatzen duenez, «greban zehar haiek ixtea bateraezina da dekretuak zerbitzu zehatz horiei ematen dien oinarrizko izaerarekin. Gu ere bat gatoz oinarrizko izaera horrekin; izan ere, eguneko zentroei eta desgaitasuna duten pertsonen arretarako zentroei dagokienez, egunean zehar adinekoekin eta desgaitasuna duten pertsonekin duen harremanean oinarritzen da izaera. Pertsona horiek lanegunean egiten den greban zehar haien ardura duten helduen zaintzapean geratu beharko lukete, eta horrek heldu horien askatasuna eta autonomia murriztuko luke beharrezkoak diren beste jarduera batzuk gauzatzeko, funtsean lan-jarduera, lanegun bat baldin bada».

Zentro horietan ezinbesteko zerbitzutzat hartu behar da, gainera, mendekotasun-egoeran dauden erabiltzaileen garraioa, horien desplazamenduak (aurreko paragrafoan aipatutako ezinbesteko zerbitzuak jaso ahal izateko) ezin badira egin haien mugikortasun-gaitasunera egokitutako bestelako garraiobideen bitartez. Bestela, pertsona horiek ezin izango lituzkete jaso prebentziorako, mantentzerako eta «eguneroko bizitzarako oinarrizko jarduerak» izenekoak hobetzeko beharrezkoak diren arreta eta zerbitzu asistentzialak, terapeutikoak eta sanitarioak (Autonomia Pertsonala Sustatzeari eta Mendetasun Egoeran dauden Pertsonak Zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 24. artikuluan bermatzen diren moduan).

Gai horri buruz, gobernu-agintaritza honek ehuneko jakin bat zehaztu gabe ezarri izan ditu gutxieneko zerbitzuak, nahikotzat jo baitu zerbitzuaren «helburuak» zehaztea, adierazi den moduan. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2013ko irailaren 25eko Epaiak, zeina 2013ko maiatzaren 30eko greba orokorrerako ezarritako gutxieneko zerbitzuei buruzko aginduarekin lotuta eman baitzen, zerbitzua ezinbestekoa zela onartu bazuen ere, ulertu zuen xedapen hori arrazoitu beharra zegoela «zerbitzuak eman behar dituzten enplegatuen greba-eskubidea mugatzearen proportzionaltasunaren ikuspuntutik», eta, beraz, garraio-zerbitzu horiek eman behar zituzten langileen ehunekoa adierazi behar zela.

Izan ere, erabiltzaileen desgaitasunengatik zerbitzua gidari batek eta begirale edo laguntzaile batek ematea behar-beharrezkoa den neurrian, ezin da % 100etik beherako ehunekorik eman. Bestalde, kasu horietan ezin da, ezta ere, egin beharreko garraioaren murrizketa portzentualik ezarri, zerbitzua eman arren zerbitzu hori txikiagoa izateko moduan, langileek egin beharreko lanaldia ohi baino gehiago luzatzea ekarriko bailuke horrek. Beraz, egoera honetan, garraio bereziaren bidez ematen den ezinbesteko zerbitzua bermatzeko, litekeena da langile horietako batzuei, zerbitzua eman dezaketen bakarrak direnez, dagokien greba-eskubidea guztiz murriztea, erabiltzaileen mugikortasunerako gaitasunei behar bezala egokituta dauden beste garraiobide batzuk ez baldin badaude behintzat.

Etxeko Laguntza Zerbitzua gizarte-zerbitzu bat da, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 22.1.2 artikuluan jasotzen dena, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren katalogoan sartuta dauden zerbitzuen eta prestazio ekonomikoen artean. Barne hartzen ditu laguntza pertsonaleko, orientazioko eta egunerokotasuneko oinarrizko jarduerak zuzenean egiteko arreta-zerbitzuak, hala nola ohetik jaikitzea eta oheratzea, janztea, etxea garbitzea, arropa garbitu eta lisatzea, ontziteria garbitzea, eguneroko higiene pertsonala, elikadura, medikazioa kontrolatzea, mugitzea eta joan-etorriak egitea, familiaren antolaketan laguntzea, elikagaiak erostea, janaria prestatzea. Horiez gain, beste jarduera osagarri eta beharrezko batzuk ere egiten dira, zerbitzuaren xedeak lortzeko beharrezkoak direnak, bai eta etxetik eguneko zentroetara edo osasun-zentroetara joaten lagundu ere. Zerbitzu horien onuradun dira, maila ezberdinetan, bakarrik dauden edadetuak edo mendekotasun-egoeran daudenak, eta, beraz, babes berezia jaso behar dute, Konstituzioaren 15. eta 43.1 artikuluetan jasotako bizirako, osotasun fisiko eta moralerako eta osasunerako eskubideak bermatze aldera. Hain zuzen ere, botere publikoei dagokie eskubide horiek bermatzea, prebentzio-neurriak ezarriz eta beharrezko zerbitzuak emango direla ziurtatuz. Greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eskubide horiek guztiak ezin daitezke babesik gabe geratu.

Halaber, greba-deialdia dela eta, telelaguntzako zerbitzu publikoari dagokionez, Gobernuak neurri egokiak hartu behar ditu, telelaguntza ematerakoan ezinbesteko zerbitzuari eusten zaiola ziurtatzeko, hala ezarrita baitago, batetik, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 15. artikuluan –telelaguntza-zerbitzua jasota dago lege horretan– eta, bestetik, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean; izan ere, azken lege horren 22. artikuluan, prestazio- eta gizarte-zerbitzuen katalogoa ezartzen da, eta, zerbitzu horien artean, lehen mailako gizarte-zerbitzuetan, telelaguntza-zerbitzua jasota dago; lege horren 40.3 artikuluan, Eusko Jaurlaritzari esleitzen zaio dagozkion prestazio eta zerbitzuak ematea. Greba honetarako gutxieneko zerbitzu gisa, agindu honetako ebazpen-zatian finkatutako langile eta egitekoak ezartzen dira, aurreko deialdietan ezarri ez zen egiteko berria sartuz. Izan ere, deien erregistroa ere funtsezko zerbitzutzat hartu da, zerbitzuaren beraren eta erabiltzaileen tipologiarako ezinbestekoa delakoan.

Adingabeen egoitzei, etxebizitza komunitarioei eta esku-hartze sozialeko zentroei dagokienez, egoiliarren bizia, osasuna, hezkuntza, segurtasuna eta osotasuna bermatu beharko dira, eta, horrenbestez, eskubide konstituzional horiek bermatzen duten gutxieneko zerbitzuak mantenduko dira greban. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2013ko maiatzaren 29ko autoak ordeztu egin zituen bakarrik dauden adingabeen zentroetarako eta esku-hartze sozialeko zentroetarako lanegun bateko gutxieneko zerbitzuak –2013ko maiatzaren 27ko Aginduaren bidez jarriak–, eta, horien ordez, jaiegun batekoak ezarri zituen. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2013ko irailaren 25eko 480/2013 epaiaren bidez, deuseztzat jo ziren 2013ko maiatzaren 27ko Aginduan lagunduta dauden adingabeentzako egoitzetarako ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak –lanegun bateko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren–, eta bidezkotzat jo zen gutxieneko zerbitzuak asteburu batekoak izan behar zirela.

Hezkuntza-sektorea.

Hezkuntzaren arloari dagokionez, premisa gisa hartu behar da hezkuntzarako eskubidea Konstituzioaren 27. artikuluan onartutako oinarrizko eskubidea dela, zentzu zabalean hartuta, unibertsitate-hezkuntza barne, Auzitegi Konstituzionalak 26/1987, FJ 4., a) epaian adierazi zuen bezala: «hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen tratamendua, unibertsitate-arloan, ez da geratzen ezinbesteko zerbitzuen zehaztapenetik kanpo ikastetxe horietan lan egiten duten langileak greba-eskubideaz baliatzen diren kasuan. Horren ondorioz, ezin da baieztatu ezinbesteko zerbitzu horiek zehazteak Espainiako Konstituzioaren 28. artikulua (Grebarako eskubideari buruzkoa) urratzen duenik».

Aipamen berezia egin behar da hezkuntza bereziko zentroei buruz. Izan ere, hezkuntza-zentroak diren arren, bereziki babesgabea eta kaltebera den kolektibo bati zuzenduta daude, eta, horregatik, hezkuntza-zentro horiek asko hurbiltzen dira gizarte-zerbitzu izatera; ondorioz, esparru guztietan tratamendu berezia eman behar zaie.

Bermatu beharreko ezinbesteko zerbitzuak zeintzuk diren zehazteko, eta, beraz, hezkuntza-eremuan gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, kontuan hartu behar da greba-deialdiak hezkuntza-zentro guztietan eta hezkuntza-arloko funtzioak eta eskumenak garatzen dituzten langile guztiengan –funtzionarioak nahiz lan-kontratudunak– duela eragina.

Eginiko greba-deialdiaren eremua kontuan izanik, hezkuntza-zerbitzuaren esparruaren barruan, sektore publikoko enplegatu publiko eta lan-kontratudun langile ez publiko guztiak barne hartzen ditu horrek, hezkuntza-egitekoak eta -eskumenak garatzen baldin badituzte, baita besteren konturako langileak eta autonomoak ere, hezkuntzari lotutako egitekoak eta lanak egiten baldin badituzte. Zehazkiago, eragin-esparrua hau izango litzateke: Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza arautua, ikastetxe publikoak zein itunpekoak eta pribatuak; Haurreskolak Partzuergoa eta udal-titulartasuneko haurtzaindegiak; unibertsitateak, Musikene Goi Mailako Musika Ikastegia eta udal-titulartasuneko musika-eskolak eta Hizkuntza Eskola Ofizialak.

Deialdian adierazitako ordu-tarteetan egunean zehar egingo diren lanuzte partzialak edo egun osokoak direla kontuan izanda ere, nahitaezkoa eta beharrezkoa da zentroak irekitzea greba egiten ez duten langileek lanerako eskubidea –Konstituzioaren 35. artikuluan onartua– gauzatu ahal izan dezaten. Horregatik, gobernu-agintaritzak gutxieneko zerbitzutzat jotzen du ikastetxeetarako eta lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzea, gutxienez grebarako eskubidea ez baliatzea erabakitzen duten langileen sarrera bermatze aldera, baita ikasleen sarrera ere, hain zuzen ere zentroak irekiko ez balira, lanerako eta hezkuntzarako eskubide korrelatiboa guztiz eta bidegabeki eragotziko litzatekeelako.

Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeak irekitzeko beharrizan bakarra ez da «ikastetxea irekitzea» jarduera material gisa; aitzitik, irakaskuntza-egitekoaren edo -jardueraren ezinbesteko «funtzionamendu-errutinak» gauzatu behar dira (gutxieneko zerbitzuen izaera murriztaileagatik eskatzen direnak), ikastetxe horietan instalazioak edo materialak zaintzeko eta ikasleak zaintzeko egiten direnen artean; izan ere, ikastetxe haietara ikasle adingabeak joaten direnez –adingabeei ezin zaie helduei eskatzen zaien heldutasun-maila bera eskatu haien jardunean, eta horren ondorioz, ikastetxearen erantzukizuna ezin da guztiz baztertu (Auzitegi Gorenaren 2002ko apirilaren 14ko Epaia)–, berebiziko arreta eskatzen da ekiditeko modukoak diren arriskuak ezabatzeko edo murrizteko, instalazioak behar bezala edukiz eta mantenduz, baita zaintzeko eta kontrolatzeko lanak eginez ere–irakaskuntza- edo prestakuntza-jarduerak garatzen diren egoitza batean adingabeak edo ezinduak zaintzeko ardurak hartzen badira (...) arreta berezia jarri behar da haiek nozitu lezaketen edozein lesio edo kalte saihesteko. Valentziako Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren urriaren 23ko Epaia, 1526/2009 zenbakikoa (Administrazioarekiko Auziak, 1. atala). Horren ondorioz, ikastetxe horietan, gutxieneko zerbitzu gehigarri gisa, aginte- eta/edo Zuzendaritza-ahalmena duten pertsonak egotea ezarri beharko da, prebentzio eta segurtasunerako arreta ikastetxe horietara joaten diren adingabeentzat ikuspuntu objektibo batetik arriskutsuak izan litezkeen guneetara zuzentzeko ardura beren gain har dezaten.

Azkenik, eta bereziki unibertsitate-irakaskuntzari dagokionez, bide jurisdikzionalean nabarmendu denez, azpimarratu behar da deialdian jasotako greba-eguna ikasleen ebaluazioak, probak eta azterketak egiteko garaian izan daitekeela, zeinak ikasketa-egutegietan jakinarazi baitzaizkie. Kasu hauetan, gutxieneko zerbitzuak finkatzeko premia ez da zehaztuko jarduera akademikoen, irakaskuntzakoen eta ikerketakoen edukien arabera, ezta garatu beharko diren moduaren arabera ere, baizik eta hezkuntzarako eskubidea kaltetuta gera ez dadin eten edo gelditu ezin den jarduera horien zatiaren arabera; zati horren barruan biltzen dira, esate baterako, ikasturtearen azken ebaluazioko probak, jurisprudentziak adierazi duenaren arabera, besteak beste Auzitegi Gorenaren 2001eko urriaren 16ko epaian.

Haurreskolak Partzuergoa osatzen duten zentroak eta udal-haurtzaindegiak zabaldu beharrari dagokionez, grebarekin bat egiten ez duten langileen lanerako eskubidea babesteaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2009ko urriaren 28ko Epaian adierazitakoari jarraikiz, ezinbesteko zerbitzua da, bai Konstituzioaren 27. artikuluak aitortzen duen hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen ikuspegitik, bai lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko zailtasunaren ikuspegitik; gainera, lan egiteko eskubidearekin lotuta dago, gizarte-harremanen bilakaera-izaera dela-eta.

Garraio-sektorea.

Askatasunez zirkulatzeko eskubidea (Konstituzioaren 19. artikulua) oinarria da oinarrizko beste zenbait eskubide baliatzeko, hala nola: bizia, osotasun fisikoa eta osasuna babesteko beharrezkoa den laguntza jasotzeko eskubidea edo hezkuntza-jarduerak edo lana bera garatzeko zentroetara joatekoa. Izan ere, halako eskubideak ezin dira babesik gabe utzi, greba eskubidea baliatzea zilegi bada ere. Arrazoi horrengatik, aintzat hartu behar da bidaiarien garraioa gizartearentzat ezinbesteko zerbitzua dela, zerbitzu horiek guztiz gelditzeak leku batetik bestera mugitzeko erabateko ezintasuna eragingo lukeelako herritar askorentzat, eta horrek adierazitako zirkulazio-askatasunerako eskubidea urratuko luke.

Horrez gain, kontuan hartu behar da bidaiarien garraio-linea batzuk bakarrak direla eta bestelako garraio-aukerarik ez dutela, hala nola Lurreko Garraioaren Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 72. artikuluan xedaturikoaren arabera ezarritakoak. Halaber, kontuan hartu behar da linea horien erabiltzailearen profila honako hau dela: ibilgailu partikularrik ez duen pertsona, adineko pertsona edo desgaitasuna duena, edo zonalde isolatuetan bizi dena eta bestelako garraiobideetara iristeko baliabide gutxi dituena.

Bestalde, herri-administrazioek bidaiak egiteko garraio publikoaren erabilera sustatu dute herritarren artean, horretarako sektorea baliabide berriekin hornituz (metroa, tranbia, eta abar) eta jada ezarritako baliabideen (trena eta autobusa, nagusiki) lineak eta zerbitzuak sustatuz, horrela garapen egokiagoa eta jasangarriagoa lortzeko, eta hiriarteko trafikoaren kolapsoa saihesteko, batez ere eguneko trafikoaren kasuan, aukera bakarra garraiobide pribatuaren erabilera izan ez zedin. Jarduera horri esker, zerbitzu publiko horiek erabiltzeko eskaria nabarmen handitu da.

Zirkunstantzia horrek, beste faktore batzuekin batera, ezarri beharreko gutxieneko zerbitzuak % 30ean finkatzea dakar. Hona hemen faktore horietako batzuk: hiru Lurralde Historikoetako hiriburuen eta udalerri mugakideen (horiek guztiak biztanle askorekin) arteko komunikazioa bermatzea, udalerri mugakideen arteko lotura modu esklusiboan eta lanerako, hezkuntzarako, osasunerako eta abarrerako elkarrekiko mendekotasun sozioekonomiko handiarekin, eta bidaiarien garraio-zerbitzu edo garraio-linea batzuk herritarren bidaietarako ezinbestekoak edo bakarrak izatea –bestelako aukerarik ez izateagatik, edo kudeatzen dituen beste garraiobide batzuekiko aukera izateagatik–. Era berean, ezinbestekotzat jo behar dira garraiobideen koordinazioko eta kontroleko zerbitzuak, horien segurtasun-arloko zereginak, instalazioenak nahiz bertan dauden pertsonenak eta larrialdi-egoeretan jarduteak greba-egoera batean bermatu behar diren oinarrizko eskubideekin lotura dutelako. Zerbitzu horiek gutxieneko langile kopuru batekin eman beharko dira.

Horretaz aparte, greba hasi orduko zenbait zerbitzu hasita egongo dira, eta horrek –gutxieneko zerbitzurik jarri ezean– zerbitzu horiek finkatutako orduan berehala geldiaraztea ekarriko luke, eta bukatu gabe utziko lieke beren ibilbidea une horretan zerbitzuok erabiltzen ari direnei. Halaber, lanuztea bukatzen denean, hau da, zerbitzua berrabiarazterakoan, aipatutako geldiarazte horrek zailago bihurtuko luke garraiobideen erritmoak eta maiztasunak berreskuratzea eta horrek, era berean, grebaren eraginak deituta dagoen denbora-mugatik harago luzatzea ekar lezake.

Era berean, bide-zirkulazioa bermatu behar da ordainpeko autobide eta tuneletan, eta horretarako, ordainlekuetako igarobidea bermatu behar da, bide automatikoen nahiz eskuzko bideen elementu erregulatzaile gisa, langileen gutxieneko presentziarekin, joan-etorrien ondorioz sor daitezkeen arrisku-egoeren intentsitatearen arabera modulatzeko, eta zuzenean segurtasunari lotuta daudenez egon daitezkeen gorabeherak kontrolatu eta mantentzeko, laguntzeko eta seinaleztatzeko; hori dela medio, horiek guztiak ezinbestekotzat hartu behar dira.

Bestalde, ibilgailuentzako erregaia hornitzea gaur egun ezinbestekoa da pertsonen eta salgaien zirkulazio askea ahalbidetzeko, baita gizartean beharrezkoak diren zerbitzuak eskaintzeko ere, hala nola: anbulantziak, suhiltzaileak, babes zibila eta Larrialdikotzat jotzen diren zerbitzu guztiekin lotutakoak, izan ere, pertsonen bizia, osasuna eta osotasun fisikoa nahiz morala bermatzen eta zaintzen baitute.

Energiaren eta telekomunikazioen sektorea.

Halaber, energia elektrikoa eta gasa produzitu eta banatzen eta ura arazten eta banatzen duten enpresak eta erakundeak ezinbestekotzat jo behar dira, oinarrizko eta/edo premia larriko ondasunak eta zerbitzuak sortzen dituzten azpiegiturei eta produkzio-prozesuei ekarpen erabakigarria egiten dietelako. Bada, enpresa horietako langileek greba eginez gero, baliteke pertsonen osasunari ezin konponduzko kalteak eragitea; hortaz, hain beharrezkoak ditugun ondasun horien hornikuntzak bermatuta egon beharko du grebaldian.

Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten telekomunikazio-enpresei dagokienez, ematen duten zerbitzuaren zati baten ezinbestekotasuna Telekomunikazioei buruzko azaroaren 3ko 32/2003 Lege Orokorrean ezarrita dago, zerbitzu horrek komunikazio pertsonal, profesional eta komertzialetan duen eraginean oinarrituta. Era berean, Interneterako sarbide funtzionala bermatu behar da, Europar Batasunaren Zerbitzu Unibertsalari buruzko Zuzentarauan ezarritakoari jarraikiz (2002ko otsailaren 22an onartutako zuzentarau hori Telekomunikazioei buruzko Lege Orokorreko 22. artikuluaren bitartez txertatu zen gure ordenamendu juridikoan).

Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB).

Ente publiko honek eskaintzen duen zerbitzuak, ente publiko hori sortzeari buruzko maiatzaren 20ko 5/1982 legearen arabera, ezinbesteko zerbitzu publikoaren izaera du. Aztergai dugun kasuan, eta EITBk edozein hedabideren bitartez egiazko informazioa komunikatu eta emititzeko funtsezko eskubideen erabilera azpimarratzen duenez, Konstituzioaren 20.1.d) artikuluan ezarrita dagoenaren arabera, eduki instituzionala, politikoa edo soziala duten albistegiak ez badira emititzen, herritarren eskubide eta askatasunen erabilera mugatuko litzateke.

Administrazio publikoak.

Herritarren eta administrazioaren arteko harremanei dagokienez, kontuan izan behar da horietako asko araututa daudela. Arau horietan ezarritako epeak oso garrantzizkoak dira herritarrek euren interesak defenda ditzaten, baita benetako babes judizialerako eskubidea ere. Hain zuzen ere, idazki, dokumentu nahiz espediente jakin bat administrazioan dagokion epearen barruan sartu dela egiaztatzen dute administrazioaren erregistroek, zeren, bestela, gerta baitaiteke herritarren eskubide batzuk urratzea. Horrela, bada, autonomia-erkidegoan egun batean zehar ordu-tarte zehatz batzuetarako edo egun oso baterako greba orokorraren deialdia egiteak ez du esan nahi egun hori edo ordu horiek baliogabeak direnik. Hortaz, administrazio publikoak gutxienez dokumentuak erregistratzeko zerbitzua irekita eduki beharko du, herritarren oinarrizko eskubideak bete ahal izateko.

Ildo beretik, kontuan izan behar da Ejie Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak bere informatika-zerbitzuak ematen dizkiela Eusko Jaurlaritzari eta erakunde guztiei, eta zerbitzu horietako batzuk ezinbestekoak direla. Horrela, bada, Ustiapen Zerbitzua ezinbestekotzat jotzen da haren jarduerak Jaurlaritzaren informazio-sistemak erabilgarri daudela bermatzen duelako, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan, eta erabiltzaileei aukera ematen dielako edozein lekutatik edozein sistema informatikotara sartzeko. Horrez gain, azpiegituren eta aplikatiboen etengabeko monitorizazio-lanak egiten ditu. Gutxieneko zerbitzuak ezarri ezean, zerbitzu orokorra galdu liteke, eta horren ondorioz ezinezkoa izan liteke bai informatika-tresnak bai datu-biltegiratzea erabiltzea, baita Platea plataforma ere, zeinaren bidez bideratzen baitira gobernuak Interneten duen presentzia, izapidetze elektronikoa, dokumentuen kudeaketa eta gobernuaren eta kanpo-erakundeen arteko integrazio-prozesuak. Halaber, gorabeheraren bat izanez gero, informatika-sistema batek bermatzen du gobernuaren eraikinetarako sarbidea, bai funtzionarioena bai herritarrena; eta gai horri buruz azpimarratu behar da sistemak huts eginez gero, erregistrorako ezarritako gutxieneko zerbitzuak eraginik gabe gera litezkeela, aurreko paragrafoan azaldu den bezala. Azkenik, ezinbestekoa da, jakina, babeskopia egitea, egunean zehar landutako informazioa geroago inolako galerarik gabe berreskuratu ahal izateko.

Jurisdikzio-organoen jarduerak, konstituzioaren lehen mailakoak izaki, bermatu beharrekoak diren oinarrizko eskubide garrantzitsu jakin batzuei eragiten die. Horren ondorioz, jarduera hori ezinbestekotzat jo behar da greba-kasuetan, eta ez bakarrik oinarrizko zenbait eskubideri –askatasun-eskubideari adibidez– eragiten dielako bereziki, baita ere jurisdikziora biltzea eta benetako babes judiziala lortzea ere kolokan jar dezakeelako, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2006ko urriaren 25eko 771. zenbakiko epaiak ezarri duen bezala.

2006ko urriaren 25eko epai horrek greba izanez gero ezarri beharreko gutxieneko zerbitzuak –langile-hornidurarekin zerikusia dutenak barnean direla– zehazteko irizpideak finkatzen ditu. Besteak beste, honako hauek dira: epaitegietan eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan guardia-eginkizunetan diharduten langileen % 100 hornitzea; dokumentuak jaso eta erregistratzea; premiazkotzat jotako jardunak edo Legeak aldez aurretik ezarritako epemuga egun horretan dutenak, baldin eta ez-betetze horrek eskubideak galdu edo kaltetzea ekar badezake berekin; kautelazko, behin-behineko eta betearazpeneko neurriei eragiten dietenak, baldin eta, ondorengo egunetarako utziz gero, eraginkortasuna gal badezakete edo norbait espetxetik ateratzeko eguna atzera badezakete; eta greba-egunerako ezarritako epaiketa, agerraldi eta antzekoak, baldin eta, etenez gero, kalte larriak eragin baditzakete, ondorenean egiteko zailtasunak direla-eta, edota etenaldi horrek eragin litzakeen neurrigabeko kalteak direla-eta.

Gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan, kontuan hartu behar dira, halaber, barneratze-neurriak betearazten diharduten gazte justiziako zentroak; halakoetan, jaiegun bateko langileek jardun behar dute.

Arlo horretan, bereziki aipagarria da Zumarragako Ibaiondo zentroa. Hezkuntza-zentro hori, izan ere, jurisdikzio-bidean hartutako erabaki baten bidez eskubideak murriztuta dituzten adingabeei zuzenduta dago, eta, horregatik, tratamenduak banakakoa izan behar du. Dituen ezaugarri bereziengatik, gobernu-agintaritzak neurri egokiak hartu behar ditu, eskaintzen duen ezinbesteko hezkuntza- eta egoitza-zerbitzu publikoa mantentzen dela ziurtatzeko, bai eta instalazioen, langileen eta adingabeen euren segurtasuna ere. Era berean, egoiliarren bizitzeko eskubidea eta osasuna, hezkuntza, segurtasuna eta osotasuna izateko eskubidea ziurtatu behar dira.

Hori guztia ikusita, agindu honetan zehazten diren gutxieneko zerbitzuak ezartzen ditu gobernu-agintaritzak, auzitan dauden eskubideen funtsezko edukia bateragarri egiten saiatzeko.

Zerbitzu jakin batzuk ezinbestekoak dira, oinarrizko eskubide batzuk betetzen dituztelako, eta zerbitzu horiek bermatu ahal izateko, greba-eskubideari muga batzuk jarri behar zaizkio. Eta arlo horretan eskumen esklusiboa gobernu-agintaritzak edukitzeak zera bermatzen du, muga horiek zuzenbidearen arabera ezarriko direla, eta, ezarri ere, gobernatzeko erantzukizuna eta ahalmena duenak baino ez dituela ezarriko.

Hori dela-eta, Lan-harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluak aipatzen duen prozedura bideratu da.

Deitutakoaren antzeko iraupena duten greba orokorren kasuetan, sailburuaren aginduak eman dira, hala nola 2009ko maiatzaren 18koa, 2010eko ekainaren 24koa, 2010eko irailaren 24koa, 2011ko urtarrilaren 21ekoa, 2012ko martxoaren 23koa, 2012ko irailaren 19koa, 2012ko azaroaren 8koa, 2013ko maiatzaren 30ekoa, 2017ko martxoaren 7koa; 2018ko otsailaren 27koa –martxoaren 7ko aginduak aldatua–, 2019ko otsailaren 28koa eta 2019ko irailaren 24koa. Agindu horiek ez dira aurrekari lotesleak, baina, aplikatzerakoan izandako gorabeherak eta hutsuneak kontuan hartuta, aurrekari garrantzitsuak dira.

Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 3. artikuluak –maiatzaren 28ko 81/2019 Dekretuak aldatua– Lan eta Justiziako sailburuari ematen dizkio azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan jasotako eskumenak (24/2016 Dekretua, azaroaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena). Dekretu horren 16. artikuluan, Lan eta Justizia Saila sortzen da, eta, beste egiteko eta jardun-arlo batzuen artean, lan-arloko legeriak lan-harremanei buruz ezartzen duena egikaritzeko egitekoa esleitzen zaio, eta, ekainaren 11ko 139/1996 Dekretuaren bidez eskuordetzen zaio zerbitzu publikoak edo premia biziko eta atzeraezineko zerbitzuak eskaintzeko ardura duten enpresa, entitate eta erakundeetan greba-eskubidea baliatzen dutenean autonomia-erkidegoko ezinbesteko zerbitzuei jardunean eutsiko zaiela ziurtatzeko beharrezko diren neurriak ezartzeko eskumena.

Horregatik guztiagatik, Lan eta Justiziako sailburuak, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza jasota, honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrak 2020ko urtarrilaren 30ean greba egitera deitu dituzte ELA, LAB, ESK eta STEILAS erakunde sindikalek, egun osoko iraupenaz, 00:00etatik 24:00etara. Lan-txanda bat baino gehiago dituzten enpresetan, grebaren hasiera-ordua lehenengo lan-txandarena izango da, nahiz eta urtarrilaren 30a baino lehen izan, eta bukaera-ordua behin azkeneko lan-txanda amaitu eta gero izango da, nahiz eta urtarrilaren 30eko 24:00etatik aurrera luzatu. Idatzizko egunkariak argitaratzen dituzten prentsa-enpresetan (erredakzio eta errotatibetan), urtarrilaren 29ko 06:00etatik eta hurrengo goizeko 06:00ak arte. Eta kale garbiketa eta zabor bilketa-zerbitzuko enpresetan, urtarrilaren 29ko 22:00etatik eta hurrengo eguneko 22:00ak arte. Bada, greba-eskubidea baliatzerakoan, kontuan hartuko beharko da ezinbesteko prestazioak eta haien ondoriozko gutxieneko zerbitzuak bete beharko direla, hurrengo ataletan ezarritakoari jarraituz.

Bigarrena.– Osasun-sektorea.

a) Osasun-zerbitzu publikoak nahiz pribatuak ematen dituzten enpresek eta erakundeek honako zerbitzu hauek bermatu beharko dituzte:

I.– Ospitaleetan, jaiegunetako ohiko langileekin (alta medikoak eman ahal izango dira), larrialdiak, sukaldea, janari-banaketa, zerbitzu horien funtzionamendurako behar-beharrezkoa den garbiketa, eta ospitaleratutako gaixoak behar bezala zaintzea. Halaber, aurrez zehaztu diren eta geroraezinak diren tratamendu onkologikoak eta dialisi-prozesuak mantenduko dira.

II.– Lehen mailako arretaren eremuan, greba-egunean lan egin behar duen pertsonala arituko da, baina larunbatetako ohiko ordutegia eta zerbitzuak mantenduz; langile kopurua ere larunbatetakoa izango da.

III.– Larrialdi-zerbitzuen eta etengabeko arretako guneen % 100.

IV.– Araba ESIan, Donostialdea ESIan, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzeta ESIan, Bilbao-Basurtu ESIan, Uribe ESIan, Debabarrena ESIan eta Bidasoa ESIan, zerbitzu horiek eman ohi dituzten langileen % 50.

b) Garraio sanitarioaren sektoreko enpresek honako hauek beteko dituzte:

I.– Larrialdi-zerbitzuak. Larritzat edo urgentetzat hartuko da koordinazio-zentro batek eskatzen duen edo mediku-ziurtagiri batek halakotzat jotzen duen garraio sanitarioa.

II.– Hemodialisi- eta onkologia-tratamenduetarako eta eguneko ospitalerako programatutako garraioa, bai eta ospitale arteko larrialdiko garraioa eta Basurtuko ospitalean gertatzen diren larrialdi-garraioak ere, baldin eta: a) mediku-ziurtagiriaren bitartez egiaztatzen bada, b) ospitalean zerbitzu hori egiteko berezko langilerik ez badago, eta c) ohatila erabili behar bada. Era berean, ohatila erabiltzea eskatzen duten ospitaleko altek eragindako eta mediku-ziurtagiriarekin egiaztatzen den garraioa.

III.– Odolaren eta hemoderibatuen garraioa.

IV.– Telefonia-zerbitzua, zerbitzu hori normalki egiten duten langileen % 25ek egin beharko du.

c) Farmaziak: guardiako zerbitzua mantenduko da.

Hirugarrena.– Administrazio publikoetako bide-segurtasuneko zerbitzuek eta larrialdiei aurre egiteko zerbitzuek honako hauek mantenduko dituzte:

a) SOS Deiak 1-1-2 zerbitzuen % 100, txanda bakoitzean zerbitzu horretan egon ohi diren langileek emanda.

b) Gainerako zerbitzuak (larrialdiei aurre egiteko eta meteorologiako zerbitzuak, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak eta komunikazioak, errepideen mantentzea –neguko bide-plana barne– eta urtegi, ibai eta mendietako larrialdi-zerbitzua, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa eta abar) urte-sasoi honetako jaiegun batean izan ohi dituzten langileekin egingo dira. Segurtasun Sailaren komunikazio- eta informatika-arloan, operazio- eta monitorizazio-teknikari bat arituko da txandako.

Laugarrena.– Gizarte-zerbitzuak.

a) Adinekoentzako egoitzetan, edota mendekotasun- edo desgaitasun-mailaren bat duten pertsonentzakoetan, arreta zuzena gauzatzen duten gerokultoreen edo parekatuen % 50 izango da lanean, bazkariaren ohiko ordutegian eta 08:00etatik 10:30era eta 20:00etatik 22:00etara izan ezik, orduan % 10 gehituko baita. Soil-soilik erabiltzaileen % 70ek baino gehiagok II. eta III. graduko mendekotasun aitortua duten zentroetan, gerokultoreen eta parekatuen ehunekoa % 70koa izango da.

Gaueko txandan, zuzeneko arretako langileen % 100ek lan egin beharko du, baina «zuzeneko arreta» moduan zehaztutako lanak baino ez dituzte egingo.

Osasun-langileak: OLT/EUDen % 50ek lan egingo du.

Sukaldeko langileak: langileen % 50ek lan egingo du. Greban, sukaldeko langileek elikagaiak prestatu beharko dituzte, baina ez dute egin beharko bestelako lanik.

Garbitzaileak: langileen % 20k lan egingo du. Pertsonen osasunerako edo segurtasunerako berehalako arrisku larria izan dezaketen arloetan baino ez dira egingo garbiketa-lanak.

Ateko-harrerako langileak. Egoitzetako sarbide nagusiko atea zaintzeko eta kontrolatzeko bakarrik emango da zerbitzu hori. Pertsona bakarra egongo da txanda bakoitzean, zerbitzu hori emateko ohiko ordutegian.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko zahar-egoitza pribatuetan, 2020ko urtarrilaren 10eko Aginduan ezarritako gutxieneko zerbitzuak mantenduko dira.

b) Eguneko zentroetan, adinekoentzako etxebizitza komunitarioetan eta hezkuntza bereziko zentroetan, bai eta mendekotasun- edo desgaitasun-mailaren bat duten pertsonak barnean hartzen dituzten bestelakoetan ere, zuzeneko arretako zerbitzuak mantenduko dira zuzeneko arreta hori ematen duten langileen % 50arekin, gosaria, bazkaria eta afaria emateko ohiko ordutegian izan ezik; azken kasu horietan, ehuneko hori % 10 handituko da. Era berean, gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen da langile sanitarioen eta sukaldeko langileen % 50. % 50 hori pertsona bat baino gutxiago bada, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu. Gaueko txandan, zuzeneko arretako langileen % 100ek lan egin beharko du, baina «zuzeneko arreta» moduan zehaztutako lanak baino ez dituzte egingo. Era berean, eguneko zentroetara joaten diren mendekotasuna duten pertsonen garraio berezia bermatuko da, zentro horietara joateko desplazamenduak (aurreko paragrafoan aipatutako ezinbesteko zerbitzuak jaso ahal izateko) ezin badira bestelako garraiobideen bitartez egin, eta/edo horiek ez badaude haien mugikortasun-gaitasunera egokituta.

c) Telelaguntza-sektorean, zerbitzu hau mantenduko da:

I.– TLO Teleoperadoreak: 6 langile goizeko txandan, eta beste 6 arratsaldekoan, honako egiteko hauek burutuko dituztenak:

● Sartzen diren deiak jasotzea eta erregistratzea, eta larrialdiekin edo premia sozialekin lotuta dauden dei guztiak igortzea.

● Ordutegi horien barruan ezinbestekotzat jotzen diren agendak igortzea (gogorarazte-oharrak).

● Telemonitorizazio-erabiltzaileen deiak kudeatzea, arrisku-pazientetzat hartzen direlako, eta osasun-aholkura bideratzea.

● Unitate mugikorrak mobilizatzea, deia eroriko baten ondoriozko larrialdia bada.

II.– Gelako gainbegiralea: langile 1 goizeko txandan, eta beste 1 arratsaldekoan, honako egiteko hauek burutuko dituztenak:

● Larrialdiei aurre egiteko eta alarmak jasotzeko zerbitzua mantentzea.

III.– Larrialdi medikoetako teknikariak-unitate mugikorreko teknikariak: 3 langile goizeko txandan, eta beste 3 arratsaldekoan:

● Lesiorik gabeko erorikoei arreta ematea Bizkaian.

IV.– Gainbegirale teknikoa: langile 1 goizeko txandan, honako eginkizunak bakarrik izango dituena:

● Larrialdiei aurre egiteko eta alarmak jasotzeko zerbitzuak mantentzea.

d) Etxeko laguntzaren sektorean, II. eta III. mendekotasun-gradua duten pertsonentzat bakarrik honako zerbitzu hauek egingo dira:

I.– Janari-zerbitzua emango da. Ahal dela, aurretik egindako edo aurretik egiten diren elikagaietara joko da.

II.– Zerbitzu hauek egingo dira: eguneroko higiene pertsonalean lagunduko da, bai eta komuna erabiltzen ere, eta, hala badagokio, maskuri- eta heste-hustuketa egingo da; jaikitzen, oheratzen eta janzten lagunduko da, eta sendagaiak eta elikagaiak hartzen direla gainbegiratuko da.

III.– Hitzordua aurretik ezarri bada eta atzeratu ezin badaiteke, osasun-zentroetara joaten lagunduko zaie erabiltzaileei.

IV.– Halaber, eguneko zentroetara joaten lagunduko zaie.

V.– Ohean dauden pertsonei dagokienez, behar diren jarrera-aldaketak egingo zaizkie.

e) Adingabeen etxebizitza komunitarioetan, hezkuntza-zentroetan eta egoitzetan, bai eta esku-hartze sozialeko zentroetan ere, jaiegun bati dagozkion zerbitzuak mantenduko dira.

Bosgarrena.– Hezkuntza-sektorea.

a) Irakaskuntza-zentroetan, ondoren adieraziko diren zerbitzuak emango dira, honako langile hauekin:

I.– Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza arautua, publikoa, itunpekoa eta pribatua: zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, zentro publiko eta lotutako eraikin bakoitzeko: zuzendaritza-taldeko pertsona 1 eta mendekoen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

II.– Haurreskolak Partzuergoa eta udal titulartasuneko haurtzaindegiak: zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, zentro eta lotutako eraikin bakoitzeko: koordinatzaile 1, edo hura ordezkatuko duen pertsona 1.

III.– Euskal Herriko Unibertsitatea:

● Zentroetarako eta horiei lotutako eraikin bakoitzerako sarrera-kontrola bermatzeko: zentro bakoitzeko eta/edo lotutako eraikin bakoitzeko, atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

● Egutegi akademikoan planifikatutako azterketak –azken ebaluazioaren maila dutenak– egiteko: azterketa egiteaz arduratuko den irakasle 1.

IV.– Musikene Goi Mailako Musika Ikastegia eta udal-titulartasuneko musika-eskolak: zentroetarako eta haiei lotutako eraikin bakoitzerako sarrera-kontrola bermatzeko, atezainen plantillako pertsona 1, lotutako hiru eraikinetako bakoitzerako eta goizeko eta arratsaldeko txanda bakoitzerako.

V.– Hizkuntza Eskola Ofizialak:

● Zentroetarako eta horiei lotutako eraikin bakoitzerako sarrera-kontrola bermatzeko: zentro bakoitzeko eta/edo lotutako eraikin bakoitzeko, atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

● Egutegi akademikoan planifikatutako azterketak –azken ebaluazioaren maila dutenak– egiteko: azterketa egiteaz arduratuko den irakasle 1.

Seigarrena.– Garraioa.

a) Autobusek, trenek, tranbiek, funikularrek eta ibaiko garraioek greba-deialdian zehaztutako ordu-tarteetan programatuta dituzten ohiko zerbitzuen % 30 mantenduko dute. Ehuneko hori banatzerakoan, lehentasuna emango zaie ordezko garraio-zerbitzurik ez duten edo osasun-zentroetara daramaten lineei. Halaber, estaldura berezia emango zaie lantokietako sarrera- eta irteera-ordutegiei. Greba hasi aurreko orduetan hasten diren zerbitzuek, horrelakorik egonez gero, ohiko ibilbidea amaitu arte jarraitu beharko dute. Era berean, aginteko, koordinazioko, kontroleko eta segurtasuneko zerbitzuak mantendu behar dira garraiobideetan, zerbitzu horietako lanpostu bakoitzeko eta txanda bakoitzeko pertsona batekin.

b). Ordainpeko autobide eta tuneletan, azpiegitura segurtasun-baldintza egokietan eta jaiegunetako langileekin funtzionamenduan egongo dela bermatuko da. Ordainleku-zerbitzua langileen % 30ekin emango da puntako orduetan (06:30etik 09:30era eta 17:30etik 20:30era) eta langileen % 15ekin gainerako ordu-tarteetan. Ehuneko horiek kasuren batean pertsona bat baino gutxiago badira, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu.

c) Errepideen mantentze-zerbitzuak jaiegun bati dagozkion langile eta zerbitzuekin lan egingo du.

d) EAEko gasolina-zerbitzuguneen % 20aren funtzionamendua bermatuko da. Lurralde bakoitzeko sektoreko patronalak erabakiko du zein izango diren, sektorean ordezkatuta dauden erakunde sindikalei entzun ondoren.

Zazpigarrena.– Energia, gasa, ura eta telekomunikazioak produzitu eta hornitzea.

a) Energia elektrikoa produzitu eta hornitzeaz, gasa produzitu eta hornitzeaz eta ura araztu eta hornitzeaz arduratzen diren enpresek eta organismoek zerbitzua bermatuko dute, jaiegun bati dagokion langile-kopuruarekin.

b) Telekomunikazio-enpresetan, mantentze-lanak egiteko, jaiegunetan langile-talde horretan lan egingo luketen langileek lan egingo dute.

Zortzigarrena.– Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB).

Enpresan, bermatu beharreko zerbitzuak soilik eguneroko albistegiak dira, haien ohiko ordutegian.

Bederatzigarrena.– Sektore publikoa.

a) Administrazio publikoak. Hiru lurralde historikoetako hiriburuetan dokumentuak erregistratzeko zerbitzuek ere zerbitzua eman beharko dute, Zuzenean zerbitzuaren bidez, egoitza hauetan: Araba: Ramiro de Maeztu kalea 10, Vitoria-Gasteiz; eta Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak dituen lurralde-ordezkaritzetan: kale Nagusia 85, Bilbao, eta Andia kalea 13, Donostia. Gutxienez langile batek lan egingo du egoitzako eta txandako.

b) Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, Ejie. Jaiegunetako pertsonala egongo da, hau da, operadore bat txandako.

Hamargarrena.– Justizia Administrazioa.

Honako zerbitzu hauek mantenduko dira, agindu honetako eranskinean zehazten diren langileekin:

a) Guardia Zerbitzuaren berezko jardunak.

b) Dokumentuak jaso eta erregistratzea.

c) Urgentziazko gaiak organo judizialen artean banatzea.

d) Legeak aldez aurretik ezarritako epea amaitzen zaien jardun guztiak, baldin eta ez-betetzeak berekin ekar badezake eskubideak galtzea edo kaltetzea.

e) Ondorengo egunetarako utziz gero, eraginkortasuna gal dezaketen edo norbait espetxetik ateratzeko eguna atzeratzea ekar dezaketen kautelazko, behin-behineko eta betearazpeneko neurriak.

f) Instrukzioko edo prozesua bultzatzeko jarduera, baldin eta aurreko apartatuan aipatutako inguruabarretakoren bat gertatzen bada.

g) 2020ko urtarrilaren 30erako deitutako egintzak (epaiketak, agerraldiak eta abar), baldin eta etenez gero kalte larriak ekar baditzakete berekin, ondorenean egiteko zailtasunak direla-eta edo etenaldiak eragin litzakeen neurrigabeko kalteak direla-eta; besteak beste, honako hauek:

I.– Zigor arloan, epaiketak edo apelazio-ikustaldiak, baldin eta tartean askatasunik gabeko pertsonak badaude edo urtebetetik gorako espetxealdia eskatzen bada.

II.– Arlo zibilean, hartzekodunen batzarrak konkurtso-prozeduretan, eta oso behin-behineko neurriak.

III.– Lan-arloan, kaleratzeengatiko epaiketak.

IV.– Arlo guztietan, oinarrizko eskubideen tutoretza-prozesuetan deitutako egintzak, baldin eta etenaldiak azken ebazpena geroratzen badu.

h) Epea amaitzen zaien lurperatze-lizentziak eta erregistro-inskripzioak.

i) Itsasontzi-matxurekin, itsas protestekin eta errekisitoria-pertsonen egoera legeztatzearekin zerikusia duten jarduerak.

j) Pertsonak barneratzea.

k) Gazte-justiziako hezkuntza-zentroak:

I.– Zumarragako Ibaiondo hezkuntza-zentroan ostiraletako jaiegunei dagozkien langileak mantenduko dira.

II.– Barneratze-neurriak betearazteko gazte-justiziako gainerako hezkuntza-zentroetan, jaiegun bati dagozkion langileak mantenduko dira.

Hamaikagarrena.– Arestian aipatutako zerbitzuak greba-eskubidea erabiltzen ez duten pertsonek emango dituzte, langile horiekin ezarritako gutxieneko zerbitzuak bete ezin direnean izan ezik.

Langileen ordezkariei entzun eta gero, enpresetako nahiz administrazio publikoetako Zuzendaritzak izendatuko ditu langileek bete beharreko eginkizunak. Nolanahi ere, agindu honetan eta indarrean dauden legeetan ezarritako mugak errespetatu beharko ditu.

Justizia Administrazioan, aurreko artikuluko 16. apartatuan adierazitako zerbitzuak greba-eskubidea erabiltzen ez duten langileek emango dituzte –langile horiekin ezarritako gutxieneko zerbitzuak bete ezin direnean izan ezik–, agindu honen eranskinean zehazten den bezala.

Justizia Administrazioaren esparru horretan, letraduei, fiskalburuei edo dagokion erakundeko buruari dagokio ezinbesteko zerbitzuak bete behar dituztenak izendatzea, baita gutxieneko zerbitzuak bete behar dituen funtzionarioak zer kidegotakoa izan behar duen zehaztea ere, halakorik zehaztu ez den kasuetan, dagokion organoaren berezko zereginaren barnean bildutako ezinbesteko zerbitzuak betez.

Hamabigarrena.– Agindu honen aurreko apartatuetan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin izango dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketen edo lanuzteen ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kontrakotzat joko dira eta horiek egiten dituztenak erantzule izango dira, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.

Hamahirugarrena.– Aurreko artikuluetan xedatutakoa gorabehera, greba egiten duten langileen eskubideak, grebari buruzko araudiak aitortzen dituenak, ez dira inola ere murriztuko, ezta grebarako deia egin dutenen eskakizunen izapidetzea eta ondorioak mugatuko ere.

Hamalaugarrena.– Jakinaraz bekie agindu hau grebaren deialdia egin duten erakunde sindikalei, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde sindikal adierazgarrienei, Confebask erakundeari eta administrazio publikoei, bete dezaten eta argitara dadila Lana eta Justizia Sailaren webean denon ezagupenerako.

Hamabosgarrena.– Agindu honen berri eman behar zaie interesdunei, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan xedatutako moduan; halaber, ebazpenak administrazio-bidea agortzen duela jakinarazi behar zaie, eta horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dela Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren dagokion Salan, Ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita 2 hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedaturikoaren arabera.

Era berean, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, honako hau ere jakinarazi behar zaie: agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daitekeela lan-agintaritzan, agindua jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 20a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala