Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

8. zk., 2020ko urtarrilaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
123

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 16koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinen bidez urriaren 27ko 202/2015 Dekretuan 2019ko ekitaldirako aurreikusitako dirulaguntzen deialdia ebazten den. Dekretuak ingurumena babesteko inbertsioak egiteko dirulaguntzak enpresei emateko baldintzak arautzen ditu.

EGITATEAK

1.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2019ko ekainaren 11ko Aginduaren bitartez urriaren 27ko 202/2015 Dekretuan aurreikusitako dirulaguntzen deialdia egin zela 2019ko ekitaldirako. Dekretuak ingurumena babesteko inbertsioak egiteko dirulaguntzak enpresei emateko baldintzak arautzen ditu.

2.– 2019ko uztailaren 19an amaitu egin zela eskaerak aurkezteko epea, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan 89 eskaera jaso ditugula guztira (44 prozedura arrunterako eta 45 eskaera prozesu errazturako), urriaren 27ko 202/2015 Dekretuaren 4. artikuluan eta 2019ko ekainaren 11ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Urriaren 27ko 202/2015 Dekretuaren 16. artikuluaren arabera berariaz osatutako Balorazio Epaimahaiak dagokion ebazpen-proposamena egin du, aurrekontuaren mugekin bat etorriz. Proposamenean zehaztuta daude dirulaguntza eskuratu dezaketen egitasmoak, aipaturiko dekretua betez, bai eta dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, halaber, ezetsitako eskaerak eta ezesteko arrazoiak.

2.– Ingurumeneko sailburuordeak du eskumena eman beharreko dirulaguntzen onuradunak eta zenbatekoak behin betiko zehazteko, aipatutako urriaren 27ko 202/2015 Dekretuaren 16. artikuluaren arabera.

Ikusirik urriaren 27ko 202/2015 Dekretua, enpresei ingurumena babestera bideratutako inbertsioak egiteko dirulaguntzak emateko baldintzak arautzen dituena; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2019ko ekainaren 11ko Agindua, zeinaren bidez 2019ko ekitaldirako urriaren 27ko 202/2015 Dekretuan aurreikusitako dirulaguntzen deialdia egiten den; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena, eta oro har aplikatzekoa den gainerako araudia, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ebazpen honetako I. eta III. eranskinetan jasotako enpresei dirulaguntzak ematea, bertan jasotzen diren proiektuetarako eta bertan adierazitako zenbatekoetan.

Aipatutako dirulaguntzak eskatutako inbertsioan diruz lagundu daitezkeen gastu garbien ehuneko zehatz bat dira.

Bigarrena.– Ebazpen honetako II. eta IV. eranskinetan adierazitako enpresei eskatu dituzten dirulaguntzak ezestea, bertan zehazten diren arrazoiengatik.

Hirugarrena.– Ebazpen honen V. eranskinean, ezetsitako dirulaguntza eskaeren zerrenda argitaratzea.

Laugarrena.– Dirulaguntza jaso ahal izateko, onuradunak diruz lagundutako inbertsioa gauzatu duela eta inbertsioaren kostua egiaztatu beharko ditu, agirien bidez.

Bosgarrena.– Onuradunek urriaren 27ko 202/2015 Dekretuaren 20. artikuluan onuradunentzat ezartzen diren gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

Seigarrena.– Europako Eskualde Garapenerako Funtsak ko-finantzatzen ditu dirulaguntzok, Feder-ak lagundutako kopuruaren % 50 ematen du dirulaguntzaren onuraduna enpresa txikia edo ertaina izanez gero. Hortaz, Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 zk. Araudiak xedatutakoaren eraginpean daude dirulaguntzok, eta baita Feder-aren ko-finantzazioaren eraginpean (Ekainaren 11ko Arauaren I. eranskina). Onuradunak Estatuko eta Europako Erkidegoko legedia bete beharko du kontrol, erantzukizun, erregimen zigortzaile eta ez-betetze kontuetan, eta halaber, urriaren 27ko 202/2015 Dekretuaren 20. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere, non ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei emandako dirulaguntzak arautzen baitiren.

Burutuko diren diruz lagundutako jardun guztien informazio eta komunikazio neurri guztietan aipatu egin beharko da Feder-aren bidezko Europar Batasunaren ko-finantzazioa, ekainaren 11ko Arauaren II. eranskinari jarraiki.

Zazpigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, dirulaguntzak emateko prozedura orotan egon behar duen publikotasun-printzipioa betetzeko.

Zortzigarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita, horrela baitago xedatuta eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015) 121. eta 122. artikuluetan.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 16a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.

I. ERANSKINA
PROZEDURA ARRUNTAREN BARRUAN DIRUZ LAGUNDUTAKO PROIEKTUAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
PROZEDURA ARRUNTAREN BARRUAN UKATUTAKO PROIEKTUAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
PROZEDURA ERRAZTUAREN BARRUAN DIRUZ LAGUNDUTAKO PROIEKTUAK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
PROZEDURA ERRAZTUAREN BARRUAN UKATUTAKO PROIEKTUAK
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
ATZERA EGINDAKO PROIEKTUAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana