Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2020ko urtarrilaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
106

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 17koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Institutuaren (HABE) arteko kudeaketarako gomendio-hitzarmenaren gehigarria, Lanbidek programatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten langabeei eta landunei zuzendutako euskarazko hizkuntza-prestakuntzako ikastaroak egiteko.

Lanbide-Euskal Enplegu zerbitzuak sinatu du aipatutako gehigarria; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Institutuaren (HABE) artean sinatutako kudeaketarako gomendio-hitzarmenaren gehigarriaren testua, Lanbidek programatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten langabeei eta landunei zuzendutako euskarazko hizkuntza-prestakuntzako ikastaroak egiteko. Honen eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 17a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
ADENDA, KUDEAKETARAKO GOMENDIO-HITZARMENARENA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREN ETA HELDUEN ALFABETATZE ETA BERREUSKALDUNTZERAKO INSTITUTUAREN (HABE) ARTEKOA, LANBIDEK PROGRAMATUTAKO EDO BAIMENDUTAKO PRESTAKUNTZA-EKINTZETAN PARTE HARTZEN DUTEN LANGABEEI ETA LANDUNEI ZUZENDUTAKO EUSKARAZKO HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZAKO IKASTAROAK EGITEKO.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 12a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Beatriz Artolazabal Albeniz andrea, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluko presidente gisa jardunez,

Eta, bestetik, Bingen Zupiria Gorostidi jauna, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Institutuko (HABE) presidente gisa jardunez,

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa.– 2019ko uztailaren 5ean, bi alderdiek kudeaketarako gomendio-hitzarmen bat sinatu zuten, Lanbidek programatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintza kualifikatzaileetan parte hartzen duten edo parte hartu duten langabeei eta landunei zuzendutako hizkuntza-prestakuntzako ekintzak euskaraz egiteko Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE).

Bigarrena.– Hitzarmen horren hirugarren klausulan ezartzen da Lanbidek eman beharreko diru-zuzkidura, adostutako prestakuntza-programazioa finantzatzeko. Zuzkidura hori 200.000 eurokoa da, eta horietatik 100.000 euro 2019ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 100.000 euro 2020ko konpromiso-kredituari.

Hirugarrena.– Bere garaian aurreikusitakoa baino handiagoa izan da hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-ekintzak egin ahal izateko eskaerak egin zituzten eta eskatutako baldintzak betetzen dituzten parte-hartzaileen kopurua. Hortaz, prestakuntza-programazioa finantzatzeko behar den kreditua, dagokion euskaltegian matrikula egiten duten parte-hartzaileen kopuruaren datu zehatza jakin ezean, gorago aipatutako kudeaketarako gomendio-hitzarmenean esleitutako diru-kopurua baino handiagoa da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren nahia da hizkuntza-trebakuntzari ematen dion laguntza areagotzea eta horretan jarraitzea, euskara ikasteko programak txertatuz, helburu honekin: komunikaziorako, ahozko eta idatzizko gaitasunean aurrera egitea, kasuan kasuko lanbide-eremu zehatzean, lanbide-zereginak hobeto garatzeko edo lanbide-igurikimenak hobetzeko.

Horregatik, aurkeztutako eskaerak kontuan hartu behar dira.

Hori dela eta, bi alderdiek

HITZARTZEN DUTE:

400.000 euro handitzea alderdiek 2019ko uztailaren 5ean sinatu zuten kudeaketarako gomendio-hitzarmenaren hirugarren klausulan aurreikusitako baliabide ekonomikoak. Horietatik 200.000 euro 2019ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 200.000 euro 2020ko konpromiso-kredituari. Horrela, 600.000 eurokoa da guztizko diru-zuzkidura, 300-000 euro 2019ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta beste 300.000 euro, 2020ko konpromiso-kredituari.

Eta ados daudela adierazteko, eta behar diren ondorioak izan ditzan, eranskin hau sinatu da, goian adierazitako tokian eta egunean.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala