Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

6. zk., 2020ko urtarrilaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
68

199/2019 DEKRETUA, abenduaren 17koa, zeinaren bidez aitortzen baita Irungo (Gipuzkoa) Asociación de vecinos del centro de Irun Ensanche-Irungo Erdialdeko Auzo Elkartea onura publikokoa dela.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Asociación de vecinos del centro de Irun Ensanche-Irungo Erdialdeko Auzo Elkartea AS/G/ 18757/2014 erregistro-zenbakiarekin inskribatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, 2014ko urriaren 22ko Ebazpena dela bide.

Germán Borro Navas jaunak, elkarte horren lehendakari gisa eta haren ordezkaritzan, eta 2018ko martxoaren 16an egindako zuzendaritza-batzordearen erabakiz, 2018ko maiatzaren 16an eskatu zion Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusiari onura publikokoa zela aitortzeko, uste baitu Euskadiko interes orokorra sustatzen duela haien jardueren bidez.

Elkarteak herrian garatuko du bere jarduera.

Eratu zenetik, Asociación de vecinos del centro de Irun Ensanche-Irungo Erdialdeko Auzo Elkarteak behar diren jarduera guztiak egiten ditu bere helburu nagusia lortzearren.

7/2007 Legearen 45.2 artikuluan agindutakoarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da onura publikoaren aitorpena. Dekretu-proposamena kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute; azken sail horrek izapidetuko du prozedura eta bertan sor daitezkeen auzi guztiak ebatziko. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta, ondoren, sailei eta erakundeei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, erakunde eta entitate interesdunek emandako txostenak ikusi ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko abenduaren 17an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Asociación de vecinos del centro de Irun Ensanche-Irungo Erdialdeko Auzo Elkartea onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita; AS/G/ 18757/2014 zenbakiarekin inskribatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, 2014ko urriaren 22ko Ebazpena dela bide.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko abenduaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala