Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

3. zk., 2020ko urtarrilaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
29

207/2019 DEKRETUA, abenduaren 17koa, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari Gasteiz Irratia-Radio Vitoria, SA sozietate anonimo publikoaren kapital zabalkuntzan partaidetza izateko baimena ematen diona, eta, ondorioz, sozietatearen estatutuak aldatzen dituena.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak hau ezartzen du 110. artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana; eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina.

Baltzuaren estatutuen arabera, sozietatearen helburua honako hau da: igorpen irratielektrikoez baliatuta, soinuak uhinen bidez –edo horretarako diren kableen bidez– sortzea eta zabaltzea –bitartekoz edo bitartekorik gabe– herritar guztiengana, edo herritar batzuengana; betiere helburua izanik informazioa, kultura, artea, aisialdia, merkataritza, publizitatea, hezkuntza-sistemarekin batera lan egitea, euskal kultura sustatu eta zabaltzea eta, batik bat, Euskara sustatu eta garatzea, eta, horietaz gain, aipatutako eginkizunekin bat etorri edo horien osagarri diren jarduera oro.

Gasteiz Irratia-Radio Vitoria, SA sozietate anonimo publikoak, 2019ko azaroaren 4ko Batzar Orokor Unibertsal Ezohikoan, honako erabaki hau hartu zuen: kapital soziala berrogeita hamalau mila, hirurehun eta hamazazpi euro eta hogeita bost zentimo (54.317,25) gehitzea; eta, horretarako, laurogeita zazpi koma hirurogeita hamabost (87,75) euroko balio nominala duten seiehun eta hemeretzi (619) akzio berri jaulkitzea, hurrenez hurren 14.006tik 14.624ra zenbakituak, biak barne.

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa da aipatu erakundearen akziodun bakarra; horrenbestez, sozietate horretan bazkide izateari dagozkion eskubideez baliatuko da, akzio berriak eskuratzeari buruzko erabakia hartzearren. Halaber, lehenengo paragrafoan azaldutakoarekin bat, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar da akzio berriak eskuratzeko.

Azkenik, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago.

Horren ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2019ko abenduaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari baimena ematea Gasteiz Irratia-Radio Vitoria, SA sozietate anonimo publikoaren kapitalaren gehikuntzan parte hartzeko, hain zuzen ere, berrogeita hamalau mila, hirurehun eta hamazazpi euro eta hogeita bost zentimotan (54.317,25); eta, horretarako, laurogeita zazpi koma hirurogeita hamabost (87,75) euroko balio nominala duten seiehun eta hemeretzi (619) akzio berri jaulkitzeko.

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak zabalkuntzaren % 100ean parte hartuko du. Hortaz, aipatutako kapital-zabalkuntzaren ondoren, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak honako partaidetza izango du: 1.283.256 eurokoa, 14.624 akzio berdinetan banatuta, bakoitzak 87,75 euroko balioa duela. Hau da, sozietatearen etorkizuneko kapitalaren % 100ari dagokion partaidetza.

2. artikulua.– Gasteiz Irratia-Radio Vitoria, SA sozietatearen Estatutuen 3. artikuluaren lehenengo atala aldatzeko baimena ematea, honela idatzita geratzeko: «Sozietatearen kapital soziala milioi bat, berrehun eta laurogeita hiru mila, berrehun eta berrogeita hamasei (1.283.256) euro izango da, 14.624 akzio izendunetan banatuta. Akzio bakoitzak 87,75 euroko balio nominala du, 1etik 14624ra arteko zenbakiak (biak barne) dituzte hurrenez hurren eta Euskal Irrati Telebista erakundeak guztiz harpidetu eta ordainduko du.»

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko abenduaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala