Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

2. zk., 2020ko urtarrilaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
15

205/2019 DEKRETUA, abenduaren 17koa, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari Euskal Telebista, SA sozietate anonimo publikoaren kapital zabalkuntzan partaidetza izateko baimena ematen diona, eta, ondorioz, sozietatearen estatutuak aldatzen dituena.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak hau ezartzen du 110. artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana; eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina.

Baltzuaren estatutuen arabera, sozietatearen helburua honako hau da: irudiak eta soinuak sortzea eta transmititzea da eta, zuzen-zuzenean edo aldez aurretik grabaturik, emisio erradioelektrikoen, uhinen edo kableen bidez transmititzea, herritar guztiei helarazteko, helburua informazioa, kultura, artea, aisialdia, mezu komertzialak eta publizitatea zabaltzea izanik, bai eta hezkuntza sistemei laguntzeko bitartekoa izatea ere, euskal kultura eta, batik bat, Euskara sustatzeko eta garatzeko.

Euskal Telebista, SA sozietate anonimo publikoak, 2019ko azaroaren 4ko Batzar Orokor Unibertsal Ezohikoan, honako erabaki hau hartu zuen: kapital soziala lau milioi, ehun eta hirurogeita bost mila, berrehun eta laurogeita lau euro eta berrogeita hemeretzi zentimo (4.165.284,59) gehitzea; eta, horretarako, sei koma zero bat euroko (6,01) balio nominala duten seiehun eta laurogeita hamahiru mila eta berrogeita hemeretzi (693.059) akzio berri jaulkitzea, hurrenez hurren 9073220tik 9766278ra zenbakituak, biak barne.

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa da aipatu erakundearen akziodun bakarra; horrenbestez, sozietate horretan bazkide izateari dagozkion eskubideez baliatuko da, akzio berriak eskuratzeari buruzko erabakia hartzearren. Halaber, lehenengo paragrafoan azaldutakoarekin bat, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar da akzio berriak eskuratzeko.

Azkenik, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago.

Horren ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2019ko abenduaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari baimena ematea Euskal Telebista, SA sozietate anonimo publikoaren kapitalaren gehikuntzan parte hartzeko, hain zuzen ere, lau milioi, ehun eta hirurogeita bost mila, berrehun eta laurogeita lau euro eta berrogeita hemeretzi zentimotan (4.165.284,59); eta, horretarako, sei koma zero bat euroko (6,01) balio nominala duten seiehun eta laurogeita hamahiru mila eta berrogeita hemeretzi (693.059) akzio berri jaulkitzeko.

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak zabalkuntzaren % 100ean parte hartuko du. Hortaz, aipatutako kapital-zabalkuntzaren ondoren, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak honako partaidetza izango du: 58.695.330,78 eurokoa, 9.766.278 akzio berdinetan banatuta, bakoitzak 6,01 euroko balioa duela. Hau da, sozietatearen etorkizuneko kapitalaren % 100ari dagokion partaidetza.

2. artikulua.– Euskal Telebista-Televisión Vasca, SA sozietate publikoaren Estatutuen 5. artikulua aldatzeko baimena ematea, honela idatzita geratzeko: «Sozietatearen kapital soziala berrogeita hemezortzi milioi, seiehun eta laurogeita hamabost mila, hirurehun eta hogeita hamar koma hirurogeita hemezortzi euro (58.695.330,78) izango da, 9.766.278 akzio izendunetan banatuta. Akzio bakoitzak 6,01 euroko balio nominala du, 1etik 9766278ra arteko zenbakiak (biak barne) dituzte hurrenez hurren eta Euska Irrati Telebista erakundeak guztiz harpidetu eta ordainduko du.»

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko abenduaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala