Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2019ko abenduaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5910

AGINDUA, 2019ko abenduaren 26koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita euskal kirol-federazioen 2020ko kirol-programak finantzatzeko dirulaguntzetarako deialdia.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, agindu honen bidez, dirulaguntzen lerro bat ezartzen du euskal kirol-federazioen 2020ko kirol-programak finantzatzeko.

Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen arabera, kirola interes publikoko jarduera da, eta herritarrek kirola egiteko eskubidea dute. Hori dela eta, Legeak printzipio gidarien artean ezartzen du botere publikoek, beren eskumenen esparruan, eskubide hori behar bezala gauzatzen dela bermatuko dutela. Hori guztia kirol-politika baten bidez egingo da, honako printzipio hauetan oinarrituta, besteak beste: kirol-elkartegintza antolatzea eta sustatzea, kirolaren egitura pribatuak aitortzea eta babestea, eta goi-mailako kirola sustatzea.

Lege horren 4.2 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei dagokie kirol-federazioak onartzea, bai eta federazio horiek laguntzea, finantzatzea, esku hartzea eta kontrolatzea ere, beren funtzio publikoak betetzen dituztela bermatzeko.

Sustapen-betebehar hori euskal kirol-federazioen kirol-programak finantzatuz gauzatzen da, agindu honen bidez eta abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren bidez araututa. Dekretu horren helburua kirol-federazioen finantzaketa-araubidea arautzea da, urteko kirol-programetarako itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak emanez.

Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2018-2020 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago. Plan hori Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu baten bidez onartu zen, eta sail horren webgunean argitaratu.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen II. tituluko IV. kapitulua kontuan hartuta, modu aktiboan hartuko da kontuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren helburua dirulaguntzen programa hau egin eta aplikatzean.

Beraz, beharrezkoa da erakunde onuraduntzat hartzeko euskal kirol-federazioek bete behar dituzten ezaugarriak definitzeko betekizunak eta irizpideak ezartzea, bai eta dirulaguntza horiek eskatzeko, izapidetzeko eta emateko arauak ere.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honek, abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuarekin batera, euskal kirol-federazioen kirol-programak finantzatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen du.

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

2020ko ekitaldirako, agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko aurrekontu-zuzkidura bi milioi laurehun eta hirurogeita hamabost mila (2.475.000) eurokoa da.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Euskal kirol-federazioen eraketa eta funtzionamendua arautzen dituen urriaren 9ko 265/1990 Dekretura beren estatutuak egokitu dituzten euskal kirol-federazioek jaso ahal izango dute dirulaguntza hau. Era berean, beren gobernu-organoak izan beharko dituzte, beren estatutuen eta indarreko legediaren arabera.

2.– Ezin izango dute dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako egoeraren batean dauden erakundeek.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ezin izango dituzte eskuratu dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik duten erakundeek, ezta horretarako ezgaitzen dituen legezko debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz, dagokion zehapenak ezartzen duen aldian.

3.– Onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa-edo zehapen-prozedura. Prozedurak laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta desgaikuntza hori ez bada egiten ordaintzeko borondatezko epean, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.

4. artikulua.– Emateko prozedura.

Eskabideetarako laguntzen zenbatekoa lehiaketa-sistemaren bidez zehaztuko da, eta, horren arabera, agindu honen 2. artikuluan esleitutako zuzkidura ekonomikoa honela banatuko da: eskabideek, testu beraren 10. artikuluan jasotako irizpideak aplikatuz, balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera, ezarritako laguntzaren gehieneko zenbatekoa errespetatuz, edo, txikiagoa bada, eskatutakoa.

Onuradun bakoitzeko dirulaguntza ez da inola ere 180.000 eurotik gorakoa izango, eta eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa izango da dirulaguntzaren gehieneko muga.

5. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

1.– Erakundeek dirulaguntza bide elektronikotik izapidetu behar dute nahitaez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Eskabideak zuzentzen zaizkion administrazio edo organismoaren erregistro elektronikoan aurkeztu ahal izango dira, bai eta aipatutako 39/2015 Legearen 2.1 artikuluan aipatzen diren subjektuetako edozeinen gainerako erregistro elektronikoetan ere.

2.– Erakunde interesdunek www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez gauzatu ahal izango dituzte eskabideari lotutako izapide guztiak, helbide hauetan:

www.euskadi.eus/servicios/0130104

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0130104

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira:

http://www.euskadi.eus/micarpeta

http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Erakundeek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

4.– Eskabideak aurkezteak berez dakar berariaz eta formalki onartzea deialdi honetako oinarrietan zehaztutako baldintzak.

5.– Agindu honetan araututako dirulaguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Dirulaguntzetarako eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira: hizkuntza inklusiboa eta ez-sexista, eta datu guztiak sexuaren arabera bereizita:

Kirol-proiektuaren azalpen-memoria. Bertan, honako gai hauek aipatu beharko dira:

– Federazioak antolatutako kirol lehiaketa ofizialak. Espezialitate edo diziplina eta kategoriaren araberako lehiaketen kopuruari buruzko zenbatespena, parte hartzen duten kirolarien eta kluben kopurua eta parte hartzen duten kluben ehunekoa adierazita, federazioan afiliatutako klub guztien kopuruari dagokionez.

– Federazioak antolatzen laguntzen dituen lehiaketak. Espezialitate edo diziplina eta kategoriaren araberako lehiaketen kopuruari buruzko zenbatespena, parte hartzen duten kirolarien eta kluben kopurua eta parte hartzen duten kluben ehunekoa adierazita, federazioan afiliatutako klub guztien kopuruarekin alderatuta.

– Kirol-prestakuntzako jarduerak. Garatu beharreko jardueren zerrenda, ordu kopuruari eta parte-hartzaile kopuruari buruzko estimazioa.

– Kirol-selekzioen jarduerak.

– Kudeaketa Aurreratuaren Diploma, Euskaliten 3K programarena –Euskaliten kanpoko kontraste-zerbitzua jaso ez ezik, Kudeaketa Aurreratua osatzen duten elementuak garatzeko konpromisoa ere erakusten duten erakundeak aintzatesten ditu–, edo baliokidea.

Erakundearen urteko aurrekontua, Batzar Nagusiak 2020ko ekitaldirako onartua, V. eranskinean ezarritako ereduaren arabera. Zuzendaritza Batzordeak edo Batzar Nagusiak izendatu duen organoak aurrekontua aurkez dezake. Aurrekontua Batzar Nagusiak berretsiko du.

Agindua argitaratzen den egunean federazioan afiliatuta dauden goi-mailako kirolarien zerrenda (Kirol Kontseilu Gorenak eta/edo Eusko Jaurlaritzak onartuak).

Federazioak euskara zenbateraino erabiltzen duen adierazten duen memoria (III. eranskina). Honako hauek aipatuko dira:

– Zenbat prestakuntza-ikastaro ematen diren euskaraz.

– Euskararen erabilera federazioaren dokumentu eta argitalpenetan.

– Euskarazko web orririk duen.

– Jendeari arreta euskaraz ematen zaion.

– Federazioaren kanpo-harremanetan euskara erabiltzen den.

– Federazioko kideekin euskara erabiltzen den.

– Federazioko hizkuntza-paisaian euskara erabiltzen den.

Federazioko idazkariak egindako ziurtagiria eta lehendakariak sinatua: Federazioak zer ekintza bultzatzen dituen emakumeen parte-hartzea sustatzeko, emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak baztertzeko eta haien arteko berdintasuna sustatzeko. Zuzendaritza Batzordearen osaera.

Deialdia argitaratzen den egunean lizentzia federatua duten kirolarien kopurua.

7. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskaera izapidetzeko onartzeko dokumenturik ez dagoela edo akats formalak daudela ikusiz gero, eta baloratzeko alegatutako dokumentazioan akatsak daudela ikusiz gero, hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio erakunde interesdunari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela. Izapiderako eskubidea eskatzetik edo bertan behera uztetik, aldez aurretik.

Erakunde eskatzaileren batek aurrez aurre aurkezten badu eskabidea, aurkezpen elektronikoaren bidez zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

8. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzea.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak.

9. artikulua.– Kalifikazio Batzordea.

Kalifikazio-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak eta agiriak aztertzeko. Honako hauek osatuko dute Batzordea: Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria (Batzordeko presidentea izango da) eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak izendatutako arlo horretako bi teknikari (horietako bat idazkaria izango da).

Kalifikazio Batzordea eratzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.

Kalifikazio Batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik, interesa duen edozeinek aukera izan dezan beren errefusatze-eskubideaz baliatzeko, legez ezarritako egoera eta baldintzetan.

Batzorde horrek arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari helaraziko dio.

10. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

Kalifikazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu, eta zehaztutako alderdi guztiak ebaluatuko ditu, irizpide eta baremo hauen arabera:

a) Kirol programa (puntuen % 55).

Aurkeztutako kirol-proiektuaren interesa baloratuko da, honako gai hauek kontuan hartuta:

Federazioak antolatutako kirol lehiaketa ofizialak.

Federazioak antolatzen laguntzen dituen lehiaketak.

Federazioak egindako kirol-prestakuntzako jarduerak.

Kirol-selekzioen jarduerak.

Kudeaketa Aurreratuaren Diploma, Euskaliten 3K programarena –Euskaliten kanpoko kontraste-zerbitzua jaso ez ezik, Kudeaketa Aurreratua osatzen duten elementuak garatzeko konpromisoa ere erakusten duten erakundeak aintzatesten ditu–, edo baliokidea.

b) Euskararen erabilera (puntuen % 10). Puntu bana emango zaie euskaraz osoki egindako honako ekintza hauei, eta puntu erdia euskaraz partez egindako ekintza bakoitzari: guztizko zazpi puntuak lortzen dituenari beste hiru emango zaizkio, eta horrela gehieneko hamarrak lortuko ditu.

Euskaraz emandako prestakuntza-ikastaroak.

Euskararen erabilera federazioaren dokumentu eta argitalpenetan.

Euskarazko web orria izatea.

Jendeari euskaraz kasu egitea.

Federazioaren kanpo-harremanetan euskara erabiltzea.

Federazioko kideekin euskara erabiltzea.

Federazioko hizkuntza-paisaian euskara erabiltzea.

c) Autofinantzaketa-maila (puntuen % 5), honako banaketa honen arabera:

% 0,00 – % 49,99: 0 puntu.

% 50,00 – % 74,99: 2 puntu.

% 75,00etik gora: 5 puntu.

d) Agindua argitaratzen den egunean federazioan afiliatuta dauden goi-mailako kirolarien zerrenda –Kirol Kontseilu Gorenak eta/edo Eusko Jaurlaritzak onartuak– (puntuen % 5), honako banaketa honen arabera:

1 eta 3 kirolari bitartean: 2 puntu.

4 eta 6 kirolari bitartean: 4 puntu.

6 kirolari baino gehiago: 5 puntu.

e) Federazioko idazkariak egindako ziurtagiria eta lehendakariak sinatua, Federazioak zer ekintzak bultzatzen dituen emakumeen parte-hartze sustatzeko, emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak baztertzeko eta haien arteko berdintasuna sustatzeko. Zuzendaritza Batzordearen osaera. (Puntuen % 20).

f) Deialdia argitaratzen den egunean lizentzia federatua duten kirolarien kopurua. (Puntuen % 5).

g) Kirol-programak finantzatzeko aurreko urtean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

Laguntzen zenbatekoa zehazteko, lehiaketa bidezko prozedura erabiliko da, eta, horren arabera, agindu honen 2. artikuluan esleitutako zuzkidura ekonomikoa eskabideak balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, 10. artikulu honetan jasotako irizpideak aplikatuz, betiere agindu honen 4. artikuluan ezarritako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoak errespetatuz.

11. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako mugak alde batera utzi gabe, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo beste erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako eman ditzakeen dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabideekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada.

12. artikulu..– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman eta jakinaraziko du, Kalifikazio Batzordeak egindako proposamena ikusita, gehienez ere sei hilabeteko epean, deialdi-agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Ebazteko epea amaitu eta interesdunari jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea ezetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

3.– Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, agindu honen 7. artikuluan aurreikusitakoa aplikatu behar denean, ebazteko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen denboran, jakinarazpena jaso eta erantzuteko epearen arabera.

4.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan eta 39/2015 Legearen 43. artikuluan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena egintzat joko da haren edukia eskuratzen den unean.

Jakinarazpenaren xede den egintza aipatutako dekretuan aipatzen den helbide elektronikoan erakunde interesdunaren edo, hala badagokio, legezko ordezkariaren edo pertsona baimenduaren eskura jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igarotakoan erakunde interesdunak ez badu haren edukia onartzen, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Kasu horretan, izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo pertsona edo erakunde hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

Interesdunak gailu elektroniko bat edota helbide elektroniko bat identifikatu ahal izango du, jakinarazpenen abisuak bidaltzeko balioko dutenak.

5.– Jakinarazten den ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea berariazko ebazpenik eman gabe igarota, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, hargatik eragotzi gabe 29/1998 Legean, uztailaren 13koa, aurreikusitakoaren arabera administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aukera.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza honela ordainduko da:

1.– Laguntza eskatzen den urtearen aurreko urtean laguntza lortu duten federazioei laguntzaren % 50 ordainduko zaie aldez aurretik. Aurreko urtean laguntzarik jaso ez duten federazioek aurreko urtean dirulaguntza txikiena jaso zuen federazioari emandako laguntzaren % 50 jasoko dute aldez aurretik.

2.– Aurreko urtean emandako dirulaguntzaren justifikazioa aurkeztu eta onartu ondoren, bigarren libramendu bat egingo da, urte horretako dirulaguntzaren % 25ari dagokiona.

3.– Dirulaguntzaren gainerakoa, dirulaguntza eskatzen den urterako onartutako laguntza osora iritsi arte, aurreratutako ordainketetan emandako zenbatekoak justifikatu ondoren likidatuko da.

Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti bete beharko dute Dirulaguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan araututako betebeharren erregimena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 50.2 artikuluan ezarritako betebehar-erregimena; zehazki, honako hauek bete beharko dituzte edozein kasutan ere:

a) Diruz lagunduko den jarduera egitea.

b) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakitera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean, onuradunek ez badiote idatziz eta espresuki uko egiten dirulaguntzari, onartu egin dutela ulertuko da.

c) Aurkeztu den aurrekontuan agertzen diren gastuak ordaintzeko erabiltzea dirulaguntza, Kultura, eta Hizkuntza Politikako sailburuaren emate-ebazpenarekin bat etorriaz.

d) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, haiek hala eskatuz gero beren funtzioen jardunean.

e) Jarduera beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin finantzatu dela jakinaraztea dirulaguntza ematen duten organoari. Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

g) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jardueretan eskatu ahal izango baitira.

h) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekitaldi guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

i) Jasotako funtsak itzultzea deialdi honen araudian aurreikusitako kasuetan.

Bereziki 38/2003 Legearen 18.4 artikulua bete behar da, hau da, dirulaguntza jaso dezaketen programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia eman behar da, erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

Justifikazioak bide elektronikoz aurkeztuko dira 2020ko otsailaren 28 baino lehen, agindu honen 5. artikuluan ezarritako jarraibideei jarraituz eta dirulaguntzen justifikazioak aurkezteko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan kontuan hartuta.

Bide elektronikoz aurkezteko egiaztagiriak:

a) Jardueraren gauzatzeari buruzko memoria laburtuta, zeinetan, gutxienez, jasotzen baitira agindu honetan, baloratuko diren gaiak, datu guztiak sexuaren arabera bereizita dituela.

b) Batzar Nagusiak onartutako 2020ko aurrekontuaren likidazioa. (VI. eranskina).

c) Fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako jatorrizko agirien bidez egiaztatuko dira gastuak. Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte, betiere.

Faktura eta dokumentu guztiak espedientera igo behar dira.

Aurkezten diren fakturak dirulaguntzan emandako kopurua justifikatu behar dute.

d) Helburu bererako emandako beste edozein laguntzaren zerrenda, eskabideak aurkezteko unean haren eraginkortasunaren berri izan ez bada.

e) Eskabidea bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko konpromisoarekin batera aurkeztu duten federazioen kasuan, erabilera hori egiaztatzen duten sortutako agirien aleak.

f) Federazioko idazkariak egindako ziurtagiria eta lehendakariak sinatua, federazioaren dokumentazio ekonomiko hau jasotzen duena:

1) Balantzea 2020ko abenduaren 31n.

2) Diruzaintza garbia 2020ko abenduaren 31n.

3) Finantza-erakundeekiko zorrak 2020ko abenduaren 31n.

4) Azken bi ekitaldietako mozkin eta galeren kontua.

g) Federazio-lizentzien guztizko kopurua 2020ko abenduaren 31n.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, Jarduera Fisikoko eta Kiroleko zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du eta, hala badagokio, dagoeneko ordaindu den baina itzuli egin behar den zenbatekoa adieraziko du, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin bat etorrita.

16. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoak, baldin eta 2020an egiten badira.

17. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –dirulaguntzaren xedea bete bada, betiere– edo, hala badagokio, beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik bestelako dirulaguntza eta laguntza bateragarriren bat jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da dirulaguntzaren araudi erregulatzailean ezarritako baldintzetan eta dirulaguntzen arauak ezarritako onuradun izateko gutxieneko eskakizunak zaintzen badira. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-ebazpena emango du, zeinetan doituko baitira esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoak.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetze kasuak azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak dira.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere bi arau hauen arabera: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena. Zehatzago, itzultzekoak izango dira bi xedapen hauetan jasotako egintzak eta egoerak: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikulua.

XEDAPEN GEHIAGARRIA – Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza.

– Helburua: Euskadiko kirol-federazioen kirol-programetarako dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: Interes publikoan edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoak erabili bitartean egiteko bat betetzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina).

– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: zuk zure datuak atzitzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta tratatuak izateko mugak jartzeko eta aurka egiteko ere, informazio gehigarrian esaten den moduan.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo web-orri honetara: www.euskadi.eus/rgpd/0130104

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, agindu honetako laguntzak ebazteko, kreditu egokia eta nahikoa egon behar da 2019rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 26a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala