Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2019ko abenduaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5886

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 11koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez gazteak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko xedez gazteak itzultzeko laguntzen 2020rako deialdia argitaratzen baita.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2019ko abenduaren 11ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, gazteak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko xedez gazteak itzultzeko laguntzen 2020rako deialdia egitea onetsi du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea gazteak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko xedez gazteak itzultzeko laguntzen 2020rako deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2019ko abenduaren 11ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 11.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
GAZTEAK ITZULTZEKO LAGUNTZEN 2020RAKO DEIALDIA: GAZTEAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANTOKIETAN KONTRATATZERA ZUZENDUTAKO LAGUNTZAK

Azken urteetan aldatu egin da 16tik 29 urtera bitarteko euskal gazteen langabezia-tasa, eta pixkanaka jaitsiz joan da. Gaur egun % 19,41ekoa da (EPAren 2019ko lehen hiruhilekoa). Hala eta guztiz ere, gazteen langabezia-tasa hain handia izan denez, batez ere 2007tik 2013ra bitartean, beharbada, zenbait gaztek beste eskualde edo herrialde batzuetara alde egin dute, lan eta prestakuntza aukeren bila.

Gazteen lan-merkatuaren egoera hori aztertzeko orduan, kontuan hartu behar dira EAEn bizi diren gazteen –18tik 34 urtera bitartekoen– bilakaeraren datu demografikoak. Horrela, bada, gazteen kopurua etengabe jaitsi da: 2005ean biztanle guztien % 27,2 ziren; 2010ean, % 15,2, eta 2019, % 13,4. Gazteen jaitsiera hori oparoaldi zein atzeraldi ekonomikoko garaietan gertatu da, eta, beraz, EAEn bizi den biztanleria zahartu egin dela esan nahi du.

2017an, Eustatek migrazio-mugimenduen estatistikaren azken azterlana egin zuenean, 18 eta 34 urte arteko 11.506 gaztek emigratu zuten EAEtik; hau da, urte horretan Euskaditik izandako emigrazio guztien % 37. Adinari dagokionez, 2017an emigratu zuten hamar gaztetik zazpi 25 eta 35 urte artekoak dira. Emigraziorako gehienek Espainia hautatu zuten 2017an, hamar gaztetik seik (6.793); eta gainerakoak atzerrira joan ziren (4.713).

Lan-merkatuaren Zentsuaren inkestaren arabera (CMT, 2017), Euskaditik lan-kontuengatik joan den eta familiaren sustraiei eusten dietenak 14.758 dira, eta horietatik % 80,2 18-34 urte artekoak dira.

Egoera horri gehitu behar zaio enpresek jakintza maila handiagoa eta ezaugarri profesional espezializatuak dauzkaten profesionalak eskatzen dituztela, eta, ondorioz, kezka handia sortu da euskal lan-merkatuaren etorkizunari dagokionez.

Datu laboral eta demografiko horiek eta mugikortasunari buruzkoak aztertuta, eta produkzio-merkatuak gero eta globalagoak eta lehiakorragoak direla kontuan hartuta, Europako agintaritza publikoek –Europako Batzordeak, esate baterako– eta Europako zenbait herrialde eta eskualdek lan-mugikortasuna errazteko politikak ezarri dituzte (adibidez, EURES sarearen bidez), bai eta talentuaren kudeaketarako politikak eta, orokorrean, langileen fluxua kudeatzeko politikak ere. Eta horren guztiaren helburua izan da eskualdeko eta tokiko merkatuaren beharrizanei erantzutea eta nazioarteko lan-esperientzia eskuratu dutenei, hizkuntzak ikasi dituztenei eta beste kultura batzuetan ikasi dituzten lan-metodologiak eskuratu dituztenei, nahi badute, jatorrizko herrialde eta eskualdeetara itzultzeko aukera ematea.

Enpleguaren Europako Estrategiarekin konprometitutako erakundea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; eta, erreferentzia hori oinarri hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Estrategia 2020k (www.euskadi.eus), besteak beste, aukera-berdintasunaren erronka ezartzen du, gazteen enplegua osotasunean garatuz.

Era berean, 2017-2020 Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren aldeko esparru-programak bere ekintza-esparruen artean gazte-enpleguaren sustapena ezarri zuen, eta 2017an gazteak itzultzeko programa bat jarri zuen martxan. Programaren xedea zen enpresei bultzada bat ematea, atzerrian prestatu edo eskarmentua bereganatu arren Euskadira itzuli eta beren ibilbide profesionala bertan garatu nahi duten gazteak hemen kontratu ditzaten.

Esparru programatiko horrekin bat etorriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Gazteria Zuzendaritzarekin elkarlanean, 2018an eta 2019an ere bultzatu du deialdi hau, eta oraingo horretan 2020rako deialdia bultzatu du, zeinaz enpresei laguntzak emango baitzaizkie EAEra itzuli nahi duten edo azken 6 hilabeteetan itzuli diren gazteak kontratatzeko, euskal lan-merkatuan haien laneratzea sustatzeko neurri gisa.

Bestetik, deialdiak kontuan hartuko ditu lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean daude desberdintasunak: emakumeen artean jarduera- eta enplegu-tasa % 71,55 eta % 64,08 da, eta gizonena aldiz, % 78,2 eta % 71,70. Horrek agerian jartzen du eten bat dagoela gizonen eta emakumeen artean enplegua lortzeko eta enpleguari eusteko orduan.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak, 2019ko abenduaren 11n egindako batzarrean, EAEtik kanpo bizi diren gazteak EAEn kokatutako lantokietan kontratatzeko laguntzen deialdia onartu zuen. Hona hemen ezaugarriak:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da euskal enpresek Euskal Autonomia Erkidegora itzultzen diren 35 urtetik beherako gazteak kontratatzeko laguntzen oinarriak eta araudia ezartzea, euskal lan-merkatuan haien laneratzea sustatzeko neurri gisa.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.770.000 eurokoak dira, horietatik 1.185.500 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren 2020ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak dira, eta 584.500 euro 2021eko konpromiso-kreditukoak.

2.– Honela banatuko da diru-zuzkidura:

a) 1.670.000 euro, kontratu mugagabeak eta 12 hilabetetik beherakoak ez diren aldi baterako kontratuak finantzatzeko. Aurrekontu horretatik 1.085.500 euro 2020ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 584.500 euro 2021eko konpromiso-kredituari.

b) 100.000 euro, deialdi honen esparruan kontratatutako gazteak Euskal Autonomia Erkidegora itzultzeak dakartzan lekualdatze gastuak finantzatzeko. Aurrekontu hori 2020ko ordainketa-kredituari dagokio.

3.– Gazte langabetuen kontratu mugagabeak edo 12 hilabetetik beherakoak ez diren aldi baterako kontratuak, baita kontratatutako gazteak Euskal Autonomia Erkidegora itzultzeak dakartzan lekualdatze gastuak ere, 2020ko ekitaldian finantzatzeko laguntzak ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2020. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusien kargura egiteko diren gastu-espedienteen aurreratutako tramitazioa araupetu zen.

4.– Deialdi honi esker diruz lagundutako lan-kontratuak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira, Gazte Enplegurako 2014-2020ko Programa Operatiboaren esparruan edo EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren esparruan.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honen babespean diruz lagundu ahal izango dira Euskadira itzultzen diren eta 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten 35 urtetik beherako gazteekin egindako kontratu mugagabeak, bai eta 12 hilabetetik beherakoak ez diren aldi baterako kontratuak ere, baldin eta haien xedea bada Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantoki produktiboetan lanpostuak betetzea.

Kontratu horiek EHAAn deialdi hau argitaratzen den egunetik 2020ko azaroaren 27ra bitartean (egun hori barne dela) hasi beharko dira.

Kontratuaren iraupena guztira zenbatekoa den alde batera utzita, diruz lagundutako aldia 12 hilabetekoa izango da gehienez, eta 2021eko azaroaren 26an amaituko da beranduenez.

2.– Deialdi honen esparruan diruz lagundu daitezkeen kontratuak lan-arloko legeriarekin bat datorren edozein kontratu-modalitate erabilita formalizatu ahal izango dira, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak izan ezik, eta gutxienez 12 hilabeteko iraupena izan beharko dute edo kontratu mugagabeak izan beharko dira, eta, edonola ere, honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Kontratuko lanpostuak kontratatutako pertsonaren ikasketa-mailaren edo trebakuntzaren araberakoak izan beharko dute.

b) Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira eredu ofiziala erabilita, eta berariaz jaso beharko dituzte honako hauek: langilearen titulua edo kualifikazio profesionala, kontratua noiz hasi eta, halakorik balitz, noiz amaituko den, zenbat iraungo duen, eta zein den bete beharreko lanpostua.

c) Kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izango dira; azken kasu horretan, inoiz ez dira izango ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoak.

d) Kontratuan agertu egin beharko da urteko ordainsari gordina, eurotan. Dirulaguntza jaso ahal izateko, urteko ordainsari gordina ez da, ezein kasutan, taula honetan azaltzen diren zenbatekoak baino txikiagoa izango:

(Ikus .PDF)

e) Kontratuan, Lanbidek emandako lan-eskaintzaren identifikazio-zenbakia agertu beharko da.

3.– Diruz lagundu daitezkeen kontratutzat jotzeko, kontratuek enplegu-sorrera garbia ekarri behar dute berekin, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurreko 6 hilabeteko aldian enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan duen/dituen lantokiko/lantokietako langile kopuruarekin alderatuta. Kontratazioaren egunean, kontratu berri horrekin enpresako langileen batez bestekoa igoko da.

Baldintza hori betetzeari dagokionez, ez dira kontuan hartuko kontratuak arrazoi hauengatik amaitutako kontratuak: bidezko diziplinazko kaleratzea, dimisioa, desgaitasuna, adinagatik erretiroa hartzea, lan-denbora borondatez murriztea, langileen ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.

4.– Ez dira diruz lagunduko:

a) Honako hauen ezkontidearekin, oinordekoekin eta gainerako senideekin –bigarren mailara arteko (hori barne) odolkidetasuna edo ahaidetasuna dutenekin– egindako kontratuak: enpresaburua edo enpresaren kontrola duena, enpresetako zuzendaritzako kideak edo administrazio-organoetako kideak (enpresen izaera juridikoa edozein dela ere); halaber, ez dira diruz lagunduko azken horiekin egindako kontratuak.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundu daitezkeen jarduerei lotuta gauza daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan diruz lagunduak izan direnak.

5.– Era berean, diruz lagundu ahal izango dira deialdi honen esparruan kontratatutako gazteak Euskal Autonomia Erkidegora itzultzeak dakartzan lekualdatze gastuak.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Gazteak itzultzeko programan parte hartzen dutenak kontratatzeko deialdian ezarritako laguntzak jaso ahal izango dituzte bertan ezarritako baldintzetan lan-kontratuak egiten dituzten enpresak (haien forma juridikoa edozein dela ere), honako hauek izan ezik: administrazio publikoak eta erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeak. Baldintza hauek bete beharko dituzte enpresek:

a) Egoitza soziala eta fiskala EAEn izatea edo produkzio-zentroa EAEn egotea.

b) Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babesean kontratatzeko asmoaren berri ematea, kontratu mota, kontratazio-aldia eta bete beharreko postua adierazita. Enpresak eskaeran berariaz adierazi beharko du LLO baduen ala ez.

c) Europar Batasunak dirulaguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, ez egotea berreskuratze-agindu baten zain.

2.– Era berean, gazteak Euskal Autonomia Erkidegora itzultzeak dakartzan lekualdatze gastuetarako deialdi honetan ezarritako laguntzak jaso ahal izango dituzte 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten gazte kontratatuek.

3.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoaz gain, dirulaguntzen onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, dirulaguntzen eskaera egiten duten enpresek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin aurretik, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, honako hauekin bat etorriz: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18., 19. eta 22. artikuluak, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikulua ere.

Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izan beharko ditu.

c) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzeko zehapen administratibo edo penalik jaso ez izana, eta haiek eskuratzeko legezko debekurik jaso ez izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 artikuluan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko gazteek bete beharreko baldintzak eta betebeharrak.

1.– 35 urtetik beherako gazteak kontratatzeko da deialdi hau, honako baldintza eta betebehar hauek betetzen dituztenak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotura izatea.

EAErekiko loturatzat hartzen da honako baldintzetariko bat betetzea:

EAEn jaioa izatea.

Kanpora atera aurreko unean, EAEn gutxienez bi urtez administrazio-auzotasuna eduki izana egiaztatzea.

EAEn modu presentzialean ikasketak egin izana edo bertan titulazio ofizialen bat lortu izana.

b) Atzerrian edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizitzea lan-kontratua hasi aurreko gutxienez 12 hilabeteetan.

Deialdi honen babespean kontratatutako gazteak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ahal izango dira kontratatzean, baldin eta, EAEn kontratatu aurretik, itzuli nahi duten pertsonen fitxategian partaide gisa azaltzen badira, artikulu honen 2. apartatuarekin bat etorriz. Gainera, kontratatu ahal izateko, itzuli direnetik, ez da sei hilabete baino gehiago igarota egongo eta aldi hori lan egin gabe egon behar izango dira.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan lan egin ez izana lan-kontratua hasi aurreko gutxienez 12 hilabeteetan.

d) Kontratua egiten duen enpresa onuradunarekin edo enpresa-talde bereko besteren batekin aldez aurretik lan-loturarik eduki ez izana.

e) Eskainitako postua betetzeko profil profesional egokia edukitzea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiteko eta bizitzeko konpromisoa hartzea, eta dagokion erroldan alta ematea kontratu hasi eta lehenengo 30 egunen barruan. Konpromiso horri, gutxienez, kontratuak irauten duen bitartean eutsi beharko zaio, 10.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

g) Euskal Autonomia Erkidegora itzultzeko borondatea adierazi izana eta Enplegu Zerbitzu Publikoan enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egotea.

h) Langabezian egotea kontratua formalizatzen den unean.

i) Honako taldeetako batekoa izatea, titulazioaren edo egindako ikasketen arabera:

Unibertsitateko titulua:

Lizentzia, ingeniaritza, arkitektura edo masterra (Bolonia plana).

Unibertsitateko diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo unibertsitateko gradua (Bolonia plana).

Unibertsitatekoa ez den titulua:

Goi-mailako heziketa-zikloak (LH II).

Erdi-mailako heziketa-zikloak (LH I) edo oinarrizko lanbide-heziketa.

Batxilergoa.

Profesionaltasun-ziurtagiria.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

Ikasketarik ez.

Atzerrian lortutako titulua dutenek, titulu horrek, lan-harremana hasten den egunean, aitortua izan beharko du bere balio akademikoa edo laborala Espainian.

j) Kontratatu aurretik, gazteak itzultzeko programaren partaide izatea, hurrengo puntuan ezarritako moduan:

2.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten gazteek, aldez aurretik, itzultzeko programa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztu beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, eta aurreko zenbakiko a), b) eta i) letretan adierazitako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute agiri bidez.

Lanbidek behar diren baliabide elektronikoak jarriko ditu eskabidea telematikoki egiteko aukera izan dadin.

Eskatzaileak goian adierazitako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartu egingo du eta jakinarazi egingo dio eskatzaileari gazteak itzultzeko programaren partaide dela eta itzuli nahi dutenen fitxategian inskribatuta dagoela.

6. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

A) Kontratatzeagatik.

1) Kontratu bakoitzeko diruz lagundutako zenbatekoa titulazio akademikoaren edo egindako ikasketen arabera zehaztuko da, era honetara:

(Ikus .PDF)

2) Dirulaguntzetarako ezarritako zenbatekoei beste % 10 gehituko zaie kontratatutakoa emakumea denean.

3) Aipatutako dirulaguntzen zenbatekoak lanaldi osoko kontratuei dagozkie. Denbora partzialeko kontratuetan, zenbatekoak lanaldiaren arabera doituko dira.

B) Kontratatutakoak Euskal Autonomia Erkidegora etortzeko lekualdatze gastuetarako.

1) Xedea da deialdi honen esparruan kontratatutako gazteak Euskal Autonomia Erkidegora itzultzeak sortutako lekualdatze gastuak diruz laguntzea.

2) Dirulaguntza hauek jaso ahal izango dituzte kontratatuek –kontratatzean EAEn bizi direnek izan ezik–, baldin eta aldez aurretik horretarako eskabidea egiten badute.

3) Laguntza hau kontrataziorako dirulaguntzarekin lotuta egongo da; hau da, ezin izango da honetaz gozatu kontrataziorako dirulaguntza eman ez bada.

4) Lekualdatze gastuetarako zenbatekoak desberdinak izango dira gazteak nondik itzultzen diren kontuan izanda:

Estatuko edozein autonomia-erkidegotatik: 150 euro, baldin eta jatorrizko tokitik helmugaraino 300 km baino gehiago badago.

Europar Batasuneko kide den herrialde batetik, Europako Esparru Ekonomikotik edo Suitzatik: 800 euro.

Munduko beste herrialde batzuetatik: 1.000 euro.

7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea, tokia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Gazteak itzultzeko programan parte hartzen duten gazteen kontrataziorako dirulaguntza-eskabideak egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko dira. Honako esteka honetatik sar daiteke bertara: https://euskadi.eus. Gainera, sarbide-esteka bat egongo da Lanbideren webgunean bertan.

Eskaeraren ondorengo izapideak egiteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://euskadi.eus

Izapideak modu elektronikoan egiteko argibideak helbide honetan aurki daitezke: https://euskadi.eus

2.– Gazteak itzultzeko programan parte hartzen duten gazteak kontratatzeko dirulaguntzetarako eskabidearen inprimakiarekin batera, enpresek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidearen sinatzaileak pertsona juridiko eskatzailearen izenean duen legezko ordezkaritzaren egiaztagiria.

b) Eskatzailea pertsona juridiko bat bada, enpresaren identifikazio fiskalaren txartelaren kopia.

c) Pertsona juridikoen kasuan, enpresaren eratze-eskrituren fotokopia, eta, kasua bada, dagokion erregistroko inskripzioarena.

3.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo aurreko paragrafoetan adierazitako nahitaezko agiriak aurkezten ez badira, interesdunari hamar egun balioduneko epean okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta, horretarako, aurretiaz, ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta lege horren 68. artikuluan ezarritako ondorioekin.

4.– Eskaerak aurkezteko epea hau izango da:

– Gazteak kontratatzeko dirulaguntzarako: deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2020ko urriaren 16an amaituko da.

– EAEra etortzeko gastuetarako dirulaguntzarako: lan-kontratua formalizatu eta hurrengo egunean hasiko da eta 2020ko abenduaren 18an amaitu.

8. artikulua.– Ebazpena emateko organo eskuduna, emate-prozedurak eta ebazpena.

1.– Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.

2.– Eskaerak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua zabaltzen ez bada, aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3.– EAEra etortzeko gastuak emango dira gaztea kontratatu ondoren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak automatikoki egiaztatu ondoren eskatzailearen nortasun eta errolda datuak. Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimen hori, eta, orduan, NANaren fotokopia eta EAEn erroldatuta dagoela ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko ditu.

4.– Eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren esanbidezko ebazpen bidez onartu edo ukatuko dira.

Gazteak kontratatzeko dirulaguntzak emateko ebazpenetan, honako hauek jasoko dira: enpresa bakoitzari ematen zaion kontratazio-plana, baita kontzeptu horregatik ematen den dirulaguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntzaren justifikazioa ere.

Ebazpenean berariaz aipatu beharko da Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu dela, Gazte Enplegurako 2014-2020ko Programa Operatiboaren esparruan edo EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren esparruan, eta emandako laguntza «minimis» erakoa dela.

5.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita; eta epe hori amaitutakoan dirulaguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.

6.– Onuradunei dirulaguntzak onartzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaituta egotea.

7.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

8.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta dirulaguntza emateko ebazpena espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, arau honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren enpresen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.

9. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak hautatzeko prozedura.

Itzultzeko programa honetan kontratatzeko hautagai diren gazteak hautatzeko prozeduran, honako arau hauek izan beharko dira kontuan:

1.– Enpresak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan aurkeztu behar du eskaintza kudeatzeko eskabidea dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera 15eguneko epean.

2.– Eskaintza kudeatzeko eskaera bat aurkeztu beharko da bete beharreko lanpostuaren profil bakoitzeko. Eskabidea xede horretarako ezarritako inprimaki normalizatuan aurkeztuko da. Eskaera horretan, gutxienez, datu hauek adierazi beharko dira: izen-abizenak edo enpresaren egoitza soziala, IFK/IFZ, enplegatzailearen kotizazioaren kontu-kodea (halakorik bada), lantokiaren herria, lanpostuaren eta lanbidearen izena, lanpostuen kopurua, lanpostuaren deskribapena eta enpresariaren, legezko ordezkariaren edo baimena duen pertsonaren sinadura.

Lanbideen Sailkapena erreferentziatzat hartuta adieraziko da lanbidea. Sailkapen hori Lanbideren webgunean jarriko da (http://www.lanbide.euskadi.eus), deialdi hau argitaratzen den egun berean.

Lanbideren eskaintza erregistratu ondoren, enpresari jakinaraziko zaio haren erreferentzia.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduren arabera kudeatuko dira eskaintzak. Enpresara bidaliko dira gazteak itzultzeko programan parte-hartzaile gisa inskribatuta dauden hautagaiak, eskatutako profil profesionala eta baldintzak betetzen dituztenak, egingo zaien kontratua deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izateko.

4.– Enpresak postu horiek betetzeko hautagaiak balitu, Lanbideri emango die haien berri, eta, era berean, hautagai horiek 5.1 artikuluko a), b) eta i) letretan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak erantsiko ditu. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatu beharko du ea proposatutako pertsonek betetzen dituzten bai deialdiko betekizunak bai eskatutako profil profesionala; eta enpresari horren berri eman beharko dio.

5.– Diruz lagundu ahal izango dira soilik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskaintza bat kudeatu ondoren hautagai gisa bidalitako pertsonei egindako kontratuak, edo, deialdiko betekizunak egiaztatu ondoren, enpresak proposatutako hautagaiei egindako kontratuak, eta kontratu horiek gehienez ere 2020ko azaroaren 27an formalizatu beharko dira (egun hori barne dela).

6.– Kontratu bakoitzaren komunikazio-prozesuan, enpresak nahitaez adierazi beharko du kontratu horri dagokion eskaintzaren erreferentzia.

10. artikulua.– Lan-kontratua amaitzea.

1.– Funts publikoak efizientziaz erabiliko direla bermatzeko, kontratuen gutxieneko iraupena 12 hilabeteko kontratuetan eskatutakoa edo diruz lagundutakoa izan beharko du, eta kontratu mugagabeen kasuan, berriz, 20 hilabetekoa izango da gutxienez.

2.– Kontratazioa egin ondoren, kausa jakin batzuk direla-eta kontratua amaitzen bada (probaldia ez gainditzeagatik lan-kontratua amaitzea, kontratatutakoak lana borondatez uztea, bidezko kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren baliaezintasuna edo heriotza) idatziz jakinarazi beharko dio enpresak Lanbideri, kontratua amaitu eta gehienez ere hamabost eguneko epean, Lanbidek kontrataziorako emandako azken dirulaguntza egokitu dezan kontratatutakoak benetan lan egindako aldiaren arabera.

3.– Kontratu-harremana aurreko paragrafoan aurreikusi ez den beste kausaren batengatik amaitu bada, kontrataziorako emandako dirulaguntza oso-osorik itzuli beharko da, deialdi honen 17. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

4.– Enpresak beste pertsona bat edo batzuk kontratatu nahi izanez gero, nahitaez eskatu beharko du berriro dirulaguntza, deialdi honetan ezarritako baldintzen arabera, adierazitako epeen barruan baldin badago.

11. artikulua.– Kontrataziorako dirulaguntzaren eta kontratatutakoaren mugikortasunarekin lotutako dirulaguntzaren ordainketa.

1.– Kontrataziorako dirulaguntzak honela ordainduko zaizkie enpresei:

a) Lehenengo, emandako dirulaguntzaren % 65 ordainduko da, aurreikusitako kontratuak formalizatu ostean, formalizazio horretatik 15 egun balioduneko epean dokumentu hauek aurkeztutakoan:

Egindako kontratuaren edo kontratuen kopia.

Senidetasunik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (deialdi honetako 3.4.a) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz).

Enpresaren erantzukizunpeko adierazpena, zeinetan adieraziko baita ez duela aldez aurretik lan-harremanik izan langilearekin, ez zuzenean ez taldeko enpresaren baten bidez.

Bi txosten «Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena» izenekoak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindakoak (RED sistemaren bidez eskuratuak), enpresak EAEn dituen lantokiei buruzkoak: bat, kontratatutako pertsonari enpresan alta eman aurreko sei hilabeteko aldiari dagokiona, eta bestea, kontratazioaren alta egunari dagokiona.

Bi txosten horiek alderatuta, ikusten bada plantilla ez dela handitu, 3.3 artikuluaren bigarren paragrafroan xedatutakoa aplikatzeko, aurreko sei hilabeteetan kontraturen bat amaitu dela egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, kontratuak amaitzeko arrazoiak hauek izan daitekezkeelarik: bidezko diziplinazko kaleratzea, dimisioa, desgaitasuna, adinagatik erretiroa hartzea, lan-denbora borondatez murriztea, langileen ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.

Kontratatutako pertsonek sinatutako konpromisoa, honako hau adieraziz: diruz lagundu daitekeen aldian lanean izango direla eta EAEn biziko direla, 10.1 artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, bai eta kontratua hasi eta hurrengo 30 egunen barruan dagokion erroldan alta emango dutela.

Ordainketa egin aurretik, langileak enplegu-zerbitzu publikoetan inskribatuta dauden egiaztatuko du Lanbidek, eta ea kontratatzen diren unean langabezian dauden; halaber, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda daudela eta plantilla handitu egin dela egiaztatuko du.

b) Bigarrenik, gainerakoa ordainduko da (% 35, edo justifikazioaren ondorioz dagokion kopurua), betiere, diruz laguntzekoak diren jarduketak justifikatuta, 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Ordainketa bakar batean egingo da EAEra lekualdatzeak dakartzan gastuetarako dirulaguntzaren ordainketa, 2020ko ordainketa-kredituaren kargura, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak laguntza emateko ebazpena eman ondoren, eta Lanbidek EAEko udalerriren bateko erroldan alta emanda dagoela egiaztatu ondoren.

3.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf

12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.

1.– Kontratuak justifikatzeko, enpresa onuradunak azken memoria bat aurkeztu beharko du, kontratatu dituen pertsonen zerrenda eta kontratuen iraupena jasoko dituena.

Memoria hori aurkezteko epea:

a) Aldi baterako kontratuen kasuan, kontratua amaitu eta hilabeteko epea.

b) Lan-kontratu mugagabeen kasuan, hasi eta urtebete igaro ondoren.

Kasu batean zein bestean, memoria aurkezteko azken eguna 2021eko abenduaren 6a izango da, egun hori barne dela.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du aldi baterako kontratuen benetako iraunaldia, bai eta kontratu mugagabeak gutxienez 12 hilabete iraun dutela ere, horren ostean bigarren ordainketa egiteko. Halaber, 10.1 artikuluan adierazitakoa betetzen dela egiaztatuko du.

2.– Enpresari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik kontratu bakoitzari diruz lagundutako epea azkenean urtebete baino gutxiagokoa izango balitz, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionalki murriztuko litzateke, diruz lagundutako kontratuaren epera egokituz.

13. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan aurkeztea 15 eguneko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazitako egunetik aurrera.

b) Diruz lagundutako kontratuak gehienez ere 2020ko azaroaren 27an formalizatzea (egun hori barne dela).

c) Dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.

d) Kontratutakoen konpromiso sinatua lortzea, zeinaren bidez konpromisoa hartzen baitute EAEn bizitzeko eta lan egiteko diruz lagundu daitekeen kontratuak irauten duen bitartean, 10.1 artikuluan adierazitakoaren arabera.

e) Deialdi honen esparruan kontratatutako pertsonei EAEra lekualdatzeko laguntzei buruzko informazioa ematea.

f) Hasieran hitzartutako iraupena baino lehen amaitzen diren kontratuen berri ematea, eta arrazoia jakinaraztea.

g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan justifikatzea laguntzak emateko edo laguntzez gozatzeko betebeharrak eta baldintzak bete direla.

h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunean gastuaren kontabilitate-erregistro bat eraman behar da, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin eta kontabilitate-kode egoki batekin.

i) Helburu berberarekin administrazio honen bidez edo beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

j) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan izan den edozein baldintzaren aldaketa, baita diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari nabarmenki eragiten dion edozein gertakizun ere.

k) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari laguntzea jarduera horiek egiaztatzeko, haien jarraipena egiteko eta kontrolatzeko.

l) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

m) Beren-beregi jasotzea edo adieraztea Lanbidek eta Europako Gizarte Funtsak elkarrekin finantzatu dituztela –Gazte Enplegurako 2014-2020ko Programa Operatiboaren esparruan edo EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren esparruan– deialdi honen babesean diruz lagundutako jardueren komunikaziorako, hedapenerako edo argitalpenerako material eta ekintza guztiak.

Erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. ataleko 115. artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan.

n) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:

– Probetan edo elkarrizketetan eta lanpostuetarako hautaketak egitean tratu- eta aukera-berdintasunaren eta emakumeen eta gizonen arteko diskriminazio ezaren printzipioa aplikatzen dela bermatzea.

– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

ñ) Kontratatutako pertsonen adostasuna lortzea, haien datuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskura jartzeko, eskatutako dirulaguntza kudeatzeko soil-soilik, eta deialdi honen 18. artikuluan xedatutako edukiaren berri ematea kontratatuei.

14. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsen kontrol-instantziek beharrezkoak diren ikuskaritza- eta kontrol-jarduerak egin ahal izango dituzte, deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko.

Horretarako, diruz lagundutako kontratazioei buruzko dokumentazio guztia gorde eta zaindu beharko du enpresak, gutxienez 2026ra arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.

15. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

16. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira kontzeptu eta helburu berberetarako administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrerekin, ez ordea legez ezarritako Gizarte Segurantzari egindako kotizazioetako hobariekin edo murrizketekin.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, dagokion ebazpena emanda, adieraziko du deialdi honetako onuradunek jasotako zenbatekoak eta legezko interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituztela, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluan dirulaguntzak itzultzeko ezarritako kasuetako batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Aipatu zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Diruz lagundutako kontratuak urtebete baino lehen (aldi baterako kontratuen kasuan) edo 20 hilabete baino lehen (kontratu mugagabeen kasuan) amaitzen badira, eta 10.2 artikuluan aurreikusi ez den beste arrazoiren batengatik amaitu badira, itzuli egin beharko da emandako dirulaguntza, eta dagokion prozedura izapidetuko da.

3.– Kontratua hasi eta hiru hilabete igaro baino lehen kontratatutakoak bere borondatez enpresa uzten badu, edo diruz lagundu daitekeen aldian ez badio bizilekuari EAEn eusten kontratuak irauten duen bitartean –10.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz–, osorik itzuli beharko du lekualdatzeak dakartzan gastuengatik emandako dirulaguntza.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren erakunde edo pertsona onuradunari, ez-betetzea eragin duten gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

5.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo ez badira onartu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilekoa izango da.

6.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko gehieneko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

7.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

18. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren erantzulea Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horren eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, datuen aurka egiteko eta datuen tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari idatzizko jakinarazpen bat bidalita (Jose Atxotegi kalea 1, 01009, Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago eta xeheagoa kontsulta daiteke web-orri honetan: http://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/informazioa/erabiltzeko-baldintzak-eta-segurtasun-politika/

19. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honetan gazteak kontratatzeagatik jarritako laguntzek bat etorri beharko dute Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan (DOUE L352, 2013ko abenduaren 24koa) ezarritako «minimis» arauarekin. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari «minimis» laguntzetan emandako guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskalen barruan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» Erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: minimis laguntza berriarekin ez dela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako muga maximoa.

20. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen programa honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Hori guztia honako hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.

Dirulaguntzek, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa dutenez, bete egin beharko dituzte Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1303/2013 Erregelamendua (EB), eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1304/2013 Erregelamendua (EB), Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren 1083/2006 Erregelamendua (EE) indargabetzekoa.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala