Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2019ko abenduaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5846

AGINDUA, 2019ko abenduaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, ikertzaile doktoreentzako mugikortasun-programarako deialdia egiteko dena.

Hezkuntza Sailaren ustez, ikertzaileentzako mugikortasun-programak tresna egokia dira komunitate zientifiko eta teknologikoa prestigio handiko ikertzaileekin harremanetan jartzeko, bai eta unibertsitateko irakasleen ezagutza zientifikoak eta teknikoak eguneratu eta perfekzionatzeko ere.

Kontuan hartu da Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua (2017ko apirilaren 21eko EHAA), zeinek aldatu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen dekretua.

Halaber, kontuan izan behar dira, batetik, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena; eta bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua.

Aintzat hartu da, orobat, dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia, bai eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ere.

Oinarri hartu da, gainera, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuordearen 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa (agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua arautzen da).

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da dedikazio esklusiboarekin ikerketa-zentroetan egonaldiak egiteko laguntzetarako deialdia egitea, norgehiagoka-erregimenean, bi helburu hauek betetzeko: batetik, I+G+B zentro eta erakundeetako ikertzaileen eta unibertsitateko irakasleen mugikortasun geografikoa bultzatzea, eta, bestetik, ikerketa-taldeen lehiakortasuna eta gaitasuna hobetzea.

Egonaldian zehar, ikertzaileek ikerketa-proiektu bat garatu beharko dute, zeina talde hartzailearen lan-ildoan integraturik egongo baita, edo, bestela, goi-mailako lotura eta trukeak ezartzera bideratutako jarduerak burutu beharko dituzte.

Ikertzaile doktoreentzako mugikortasun-programak bi modalitate ditu:

A) A. modalitatea: ikertzaile seniorren mugikortasuna, langile iraunkorrei zuzendua.

B) B. modalitatea: ikertzaile juniorren mugikortasuna, langile ez-iraunkorrei zuzendua.

2. artikulua.– Egin beharreko proiektuak.

1.– Mugikortasun-egonaldietan egin beharreko proiektuak deialdi honetan adierazitako helburuari egokitu behar zaizkio.

2.– Honako printzipio hauek errespetatu behar dituzte proiektuek:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea); Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena; Giza genomari eta giza eskubideei buruzko Unescoren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari buruz Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

b) Gizakiekin ikerketak egitea edo giza jatorriko laginak erabiltzea dakarten proiektuek Ikerkuntza Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legean xedatutakoa bete behar dute. Era berean, lege horri lotuta egongo dira jatorria giza-enbrionarioetan duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan, medikamentu bidezko saiakuntza klinikoak arautzekoan, ezarritakoa bete behar dute.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta, bereziki, otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan ezarritakoa (53/2013 Errege Dekretua, Esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako nahiz irakaskuntzarako erabiltzen diren animaliak babesteko oinarrizko arauak ezartzen dituena).

e) Genetikoki eraldatutako organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko da, batetik, Genetikoki eraldatutako organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzko apirilaren 25eko 9/2003 Legea, eta bestetik, lege hori garatzen duen arau orokorra onesten duen urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak Laneko arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hori garatzen duten errege-dekretuetan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio, agente biologikoekin kontaktuan izatearen ondoriozko arriskuei dagokienez.

g) Material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena; Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Mintegiko Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.

3. artikulua.– Destinoko zentroak.

1.– Honako hauek izan daitezke destinoko zentro: laguntza-eskabideak aurkeztutako proiektu zientifikoaren arloan, prestigio akademikoa eta ikerketakoa aitortua izanik ikerketa-funtzioak esleiturik dituztenak, halako moldez ezen, berme baitira perfekzionamendu profesionala eta proiektuko helburu zientifikoak lortzeko.

2.– Destinoko zentroek, betiere, eskatzen dute hautagaiak bizileku finkoa aldatzea mugikortasun-aldi osoan zehar.

3.– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egon beharko dute destinoko zentroek.

4. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.

1.– Agindu honetan arautu laguntzak finantzatzeko, 250.000 euro bideratuko dira, era honetan banatuta, 1. artikuluan aipatu bi modalitateen arabera:

A. modalitatea: 175.000 euro.

B. modalitatea: 75.000 euro.

Modalitateetako batean ez bada agortzen aurrekontu erabilgarria, soberakina beste modalitateko proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango da, baldin eta eskaerok ebaluazioa gainditu badute eta, lehentasun-ordenari jarraikiz, ez badute dirulaguntzarik jaso, modalitate hori finantzatzeko hasiera batean bideratutako diru-hornidura nahikorik ez zegoelako.

5. artikulua.– Onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean egiaztatutako eragileak dira laguntza hauen erakunde onuradunak, eragile-kategoria hauetakoak:

– Unibertsitateen ikerketa-egiturak.

– Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak.

– Ikerketa Kooperatiboko Zentroak.

– Teknologia Zentroak.

– Ikerketa Sanitarioko Institutuak.

Edozelan ere, honako hau hartuko da erakunde onuraduntzat: ikertzaileak integratzen dituena, entitate horrek nortasun juridiko propioa badauka, betiere.

Eskabidean eta deialdiaren ebazpenean izendaturik agertzen diren ikertzaileentzako eta jardueretarako soilik erabiliko dituzte laguntzak erakunde onuradunek.

2.– Ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan inguruabar hauetako batean dauden pertsonak edo erakundeak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan badira, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak (salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu), epailearen esku-hartzearen menpe daudenak edo desgaituta daudenak, konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoelarik.

c) Errudun deklaratu izanik, hori eragin duen kausa dela-eta, Administrazioarekin egindako kontratu oro suntsitzea eragin dutenak.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena, edo, Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak badira, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ez betetzea, erregelamenduz zehazten den moduan.

f) Araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen baten izatea egoitza fiskala.

g) Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.

h) Epai irmo bidez zehatuta egotea, eta, horren ondorioz, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraituz dirulaguntzak lortzeko aukera galdu izana.

i) Dirulaguntzak jasotzeko galarazpenek honako enpresei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste inguruabar batzuk direla-eta, pentsa badaiteke –eraldaketa, bategitea edo ondorengotzaren ondorioz– beste enpresa batzuen jarraipena edo deribazioa direla, eta horietan ere pertsona edo inguruabar haiek izan badira.

e) eta g) letretan aipatzen diren inguruabarrak bete egin behar dira deialdiko dirulaguntzen onuradun bihurtzeko, harik eta emandako dirulaguntza likidatu arte; beraz, egiaztatuko da bete egiten direla dirulaguntza emateko orduan eta ordainketak egiteko orduan.

3.– Ezingo dira inolaz ere agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debeku-egoeraren baten eraginpean dauden elkarteak.

Era berean, ezingo dira onuradun izan elkartearen eraketan administrazio-prozedura eten bazaie ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalik aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, ebazpen judiziala ematen ez den bitartean; izan ere, dagokion erregistroan egin daiteke inskripzioa haren bidez.

6. artikulua.– Egonaldien eta hautagaien ezaugarriak eta laguntzen zenbatekoak.

1.– Egonaldien ezaugarriak eta baldintzak.

a) Egonaldiak 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasiko dira.

b) Egonaldiak gutxienez bi hilabetekoak izango dira, eta gehienez ere seikoak.

c) Emate-ebazpenean zehaztutako egunetan hasi beharko da egonaldia. Salbuespenez, eta egonaldia hasi baino lehen, hasteko eguna atzeratzeko eskatu ahal izango da, behar bezala arrazoitutako idazki baten bidez. Ikerketa Zuzendaritzak erabakiko du egonaldi hori atzeratu daitekeen, eta, behar bezala justifikaturik dagoenean, baimena eman ahal izango du. Ikertzaileak ezinbestean 2020ko abenduaren 31 baino lehen hasi beharko du destinoko zentroan.

d) Ikertzaileko, egonaldi-proiektu bakarrerako izango da laguntza.

e) Proiektua destinoko zentro bakarrean egingo da.

2.– Egonaldietako absentziak, aldaketak eta etenak.

a) Zentro hartzaileko egonaldiak etenik gabe gauzatu beharko dira. Proiektutik datozen zioen ondoriozko absentziak talde hartzaileko arduradunaren adostasunarekin egin beharko dira, eta erakunde onuradunak Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazi beharko dizkio, kanpoan zein egunetan egon den eta hartarako arrazoia zein izan den zehaztuaz.

b) Justifikatutako zioak direla eta, aldi baterako etena baimendu ahal izango da, gehienez ere bi hilabeterako, eta, betiere, egonaldiaren guztizko denbora ez bada gutxienez ezarritakoaren azpitikoa.

Etenaldia egiteko eskabidea erakunde onuradunak aurkeztu beharko du, eta talde hartzaileko ikertzaile arduradunaren adostasuna izan beharko du. Edonola ere, etendako epealdia berreskuraezina izango da.

c) Egonaldiez baliatzeko epeetan nahiz dirulaguntzak emateko hasierako baldintzetan jazotzen den aldaketa orok izan beharko du Ikerketa Zuzendaritzaren baimena.

Etenaldia egiteko eskabidea erakunde onuradunak aurkeztu beharko du, eta zentro hartzailearen adostasuna izan beharko du. Edonola ere, egoki arrazoituak izan beharko dute eskabideek, eta, beharrezkoa bada, dokumentatuak. Proposamen egokia egitearren, egoki iritzitako txostenak eskatu ahal izango ditu Ikerketa Zuzendaritzak. Aldaketek ez dituzte funtsean aldatuko laguntza emateko izan ziren baldintzak, hasteko epeei, egonaldiaren izariari, proiektuari edo zentro hartzaileari dagokienez, salbu eta hartarako kausak behar bezala egiaztatuak direnean.

3.– Ikertzaileak.

Ikertzaile hautagaiek honako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Lotura funtzionariala edo kontratuzkoa. Eskatzaileek lotura funtzionariala edo kontratuzkoa izan behar dute, lanaldi osoan aritu behar dira, eta zerbitzu aktiboan egon. Hautagaiak erakunde eskatzailearekiko duen lan-loturak egonaldiaren hasieran egiaztatu beharko da eta berau amaitu arte iraun beharko du.

1) A. modalitatea: Erakunde eskatzailearekin lotura iraunkorra edo kontratu mugagabea duen ikerltzailea.

2) B modalitatea: Erakunde eskatzailearekin lotura ez-iraunkorra duen ikertzailea. Indarrean den loturaren iraunaldia gutxienez mugikortasuna amaitu artekoa izan behar da.

Ezingo dute deialdi honetan parte hartu Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 22. artikulua dela-eta lotuta dauden ikertzaileak.

Obra- edo zerbitzu-kontratu bidez kontratatuta dauden ikertzaileek ere ez.

b) Doktore izatea. Doktore izatea 2015 urtea baino lehenagotik.

c) Erakunde eskatzailean gutxienez bi urteko antzinatasuna egiaztatzea.

d) Laguntzarik ez jaso izana ez programa honen aurreko deialdietatik ez antzeko ezaugarriak dituen beste edozeinetatik, 2018 edo 2019an ikerketa-egonaldi bat egitea ekarri dutenak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero, laguntza-eskabidean jakinarazi gabeko ikerketa-egonaldi bat egiten badu ikertzaileak edo halako bat esleitzen bazaio, horren berri eman beharko dio Ikerketa Zuzendaritzari.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateetako ikertzaileek laguntza horiek jaso ahal izango dituzte, betiere ikerketa-talderen batean badaude eta talde horrek jaso eta indarrean badu «A» edo «B» taldea delako errekonozimendua, EAEko unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak babesteko laguntzeko deialdiaren gaineko ebazpen bidez.

f) Eskabidea egiteko unean, baldintza guztiak beteta izan beharko dira, zerbitzu aktiboan egotearena salbu, eta hala eutsi beharko zaie egonaldia hasten den egunetik egonaldia amaitu arte.

4.– Laguntzen zenbatekoa.

a) Hileko 1.800 eurotik 2.700 eurora bitartekoa izango da ostaturako eta mantenurako laguntza. Destinoko herrialdeko baldintza ekonomiko eta sozialen arabera finkatuko da zuzkidura, eskabideak aurkezteko epea amaitzean, Nazioarteko Diru Funtsaren datu hau kontuan izanik: herrialdeen Barne Produktu Gordina (BPGd per capita, $ ppp).

NDF-Nazioarteko Diru Funtsak emandako xede herrialdeen per capita errentako ($ ppc) zifretatik abiatuz zehaztuko dira laguntzaren hileko zenbatekoak. Espainiako per capita errenta gisa 100 hartuz kalkulatzen da herrialde bakoitzaren errenta-indizea. 100 indizea edo txikiagoa duten herrialdeek hileko 1.800 euroko ordainsaria izango dute; gainerakoei, kalkulatutako indizearekiko proportzioan igoko zaie dagokien esleipena, 2.700 euro arte gehienez.

b) Laguntza gehigarria emango da destinoko zentrorako joan-etorriko bidaia bakarra guztiz edo partez ordaintzeko. Honako taula hau hartuko da kontuan zenbatekoa zehazteko:

(Ikus .PDF)

Kilometroak kalkulatzeko, erreferentziatzat hartuko da http://es.distance.to estekaren bidez egindako kontsultaren emaitza Agindu honen ondorioetarako, eskatzaileak lantokia duen probintziako hiriburua hartuko da jatorriko hiritzat.

Oro har, garraiobide kolektibo publikoetan egingo dira joan-etorriak; hala ere, organo eskudunak baimena eman dezake norbere ibilgailua erabiltzeko, kasu bakoitzeko inguruabarrak aintzat hartuta.

Norbere ibilgailua erabiltzeko baimena emango da soilik frogatzen denean helmugara ezin dela garraiobide publikoen bidez heldu.

Bidaian norberaren ibilgailua erabiliz gero, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira justifikatutako kilometroak.

Joan-etorriak egiteko bisa izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.

c) Deialdi honen bidez finantzatutako jardueretan parte hartzen duten erakunde onuradunek bidaian laguntzeko aseguru bat izanen dute, baldin eta egonaldiak atzerrian egiten badira; eta, interesdunak hala eskatuz gero, ezkontideak eta 25 urtetik beherako seme-alabek ere baliatu dezakete, egonaldian berarekin badira. Aseguru hori izatezko bikoteentzat ere baliagarri izango da, hala direla frogatuz gero ordenamendu juridikoan onartutako edozein probaren bidez. Laguntzaileen egonaldiaren datek bat egin beharko dute ikertzailearen egonaldiaren datekin.

7. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epea.

1.– Eskaerak egiteko, inprimaki bat bete beharko da (II. eranskina), bide telematikoz eskuratu ahal izango dena Hezkuntza Sailaren egoitza elektronikoan, honako webgune honetan: https:// www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2020/ikermugikortasuna/web01-tramite/es/. Eskabidea elektronikoki sinatzeko, erakunde eskatzaileak erakunde-txartela izan beharko du, eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua).

Bi modu daude aplikaziora sartzeko: ziurtagiri elektronikoaren bidez (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria), edo erabiltzaile eta pasahitzaren bidez. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa baita) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.

2.– Behin eskabidea osorik beteta, eta 8. artikuluan zehaztutako dokumentu erantsiak aplikaziora sartutakoan, erakundeak edo legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskabidea, betiere 1. zenbakian adierazitakoarekin bat etorriaz; eta orduantxe geratuko da erregistraturik eskabidea.

3.– Nolanahi ere, eskarian erantzukizunpeko adierazpen bat ere sartu behar da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluaren 6. paragrafoan agertzen dena (legegintza-dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen da, zeina Euskadiren 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu baitzen).

4.– Eskaera aurkezteko epea xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 2020ko urtarrilaren 24ra artekoa izango da.

8. artikulua.– Eskatutako dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek jaso beharko dira, bai eta aplikazio telematikoan sartu ere:

a) Egonaldian zehar egingo den ikerketa-proiektuari buruzko memoria. Egonaldiak hautagaiari eta erakunde onuradunari ekar diezazkiokeen onurak jasoko ditu. Gehienez hiru orri.

b) Hautagaiaren curriculum vitaea, inprimaki normalizatuan edo baliokidean, zeinean jasoko baitira ikerketa-jardunean izandako azken sei urteetako merezimenduak.

Hautagairen baten kasuan ikerketa-lana eten den egoera hauetakoren baten ondorioz: iraupen luzeko aldi baterako lanerako ezintasuna; amatasuna; aitatasuna; edoskitze-aldiko arriskua; adopzioa edo harrera, edo liberazioa, honako kargu hauetakoren bat betetzeko bada: unibertsitateko pertsona bakarreko kudeaketa-karguak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko zuzendaritza-karguak eta administrazio publikoetako karguak, ziurtatutako etenaldiarekiko proportzionalki luzatuko da ebaluatzeko ikerketa-jardueraren aldia, salbu eta 10 astetik gorako amatasun edo aitatasunagatiko etenaldietan, horietan seme edo alaba bakoitzeko urtebete luzatuko baita ebaluatzeko aldia; edonola ere, gehienez 6 urte gehiagoz luzatuko da ikerketa-jarduera kasu guztietan.

c) Zerbitzu-orria, zeinean jasoko baitira antzinatasuna, eta hautagaiaren eta erakunde eskatzailearen arteko kontratu-harremana.

Zerbitzu-orria aurkeztu ezin bada, erakunde eskatzailearen ziurtagiri bat aurkeztu beharko da.

d) Erakunde eskatzailean zerbitzu aktiboan egotearen ziurtagiria. Eskaera egin den unean zerbitzu aktiboan egotearen ziurtagiria ez bada aurkezten, aipatu agiria aurkezteko 15 eguneko epea emango da egonaldia hasi aurretik.

e) Ikerketa-jardueraren aldi baterako etena justifikatzen duten egiaztagiriak, 11.2.B artikuluan jasotako kasuen arabera.

f) Talde hartzailearen historia zientifikoa eta akademikoa, zeinean jasoko baita ikertzaile-talde hartzaileko arduradunaren curriculum vitaea, azken sei urteetakoa.

g) Laguntza jasoz gero, ikerketa-taldeko arduradunaren konpromisoa, hautagaia bere taldean onartzekoa eskatutako epealdian zehar. Egonaldiaren helburuari eta garatuko diren jarduerei buruzko deskripzioa jaso beharko du agiriak.

h) Hautagaiari lizentzia ematea edo emateko konpromisoa; erakunde eskatzaileko organo eskudunak eman beharko du lizentzia hori. Egingo den egonaldiaren datak eta helburua jaso beharko ditu agiriak.

i) Hautagaiaren ikerketa-jardueraren kalitatearen adierazleei buruzko laburpen eguneratua (argitalpen zientifikoak, ikerketa-proiektuak, biltzarrak, tesiak, patenteak). Aplikazioan, eskuragarri dago agiri horren txantiloi bat.

j) Ikerketa-talde hartzaileko arduradunari dagokionez, ikerketa-jardueraren kalitatearen adierazleei buruzko laburpen eguneratua (argitalpen zientifikoak, ikerketa-proiektuak, biltzarrak, tesiak, patenteak). Aplikazioan, eskuragarri dago agiri horren txantiloi bat.

k) Erakunde onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituztenak betetzeari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22. artikuluaren arabera. Organo kudeatzaileak behar bestetan automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren aurrekoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzailearen baimenik beharko, hala xedatzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzekoak. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimen horri, eta, halakorik egiten badu, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du.

Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Ikerketa Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.

10. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Baldin eta agindu honen 8. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo dokumenturen bat aurkezten bada, 10 eguneko epea emango die Ikerketa Zuzendaritzak eskabide-sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da Administrazio Publikoen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan.

Zuzenketa eskatzeko jakinarazpena, 13. artikuluko 2. zenbakian ezarritako prozeduraren arabera egin beharko da.

11. artikulua.– Ebaluazioa.

1.– Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak. Honako hauek izango dira batzordeko kideak: Amaia Esquisabel Alegría, Ikerketako zuzendaria (lehendakaria izango da); Miren Artaraz Miñón, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, eta Arantza Elgarresta, Ikerketa Zuzendaritzako teknikaria. Azken horrek jardungo du batzordeko idazkari-lanetan.

Batzordeak eskabide bakoitzari buruzko txostenak eska diezazkieke hautagaiak diharduten arloetan itzal handia eta ebaluazioan esperientzia duten ikertzaileei.

Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari igorriko dio laguntzak emateko edo ukatzeko proposamena.

2.– Laguntzen esleipendunak hautatzeko, eskabideak balioesteari dagokionez, batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

A) Egingo den proiektuaren edo jardueraren bideragarritasuna eta interes zientifikoa, destinoko zentroa eta proposatutako egutegia kontuan izanik, betiere (12,5 puntu).

Puntu honetan, azpi-irizpide hauek baloratuko dira, honela:

1) Helburuen zehaztapen-maila (1,5 puntu).

2) Proiektuaren berritasuna eta garrantzia (2 puntu).

3) Eskatzailearen eta talde hartzailearen gaitasuna proposatutako helburuak burutzeko (2 puntu).

4) Metodologia, lan-plana eta aurreikusitako kronograma egokitzea (3 puntu).

5) Lortzea espero diren emaitzak eta pertsona nahiz erakunde eskatzaileei ekar lekiekeen onura (4 puntu).

B) Azken sei urteetan hautagaiak ikerketa-jardunean lortu dituen merezimendu zientifikoak, akademikoak eta kudeaketakoak (20 puntu).

Puntu honetan, azpi-irizpide hauek baloratuko dira, honela:

1) Ibilbide zientifikoa eta argitalpenen kalitatea Atal horretan, balio berezia emango zaie beren esparruko erreferentzia-indizeetan sartutako aldizkarietan argitaratu direnei, Ikerketa Jardueraren Ebaluazio Batzorde Nazionalaren 2019ko azaroaren 12ko Ebazpenean jasotako irizpide espezifikoen arabera. Ebazpen horretan eman ziren argitara ebaluazio-esparru bakoitzean onetsitako irizpide espezifikoak (4 puntu).

2) Ikerketa-proiektuetan edo -jardueretan parte hartu izana (4 puntu).

3) Ekarpen bereziak ikerketa-arloan. Besteak beste, hauek balioetsiko dira: Europako ikerketa-partzuergoetan parte hartzea, Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntzak lortzea, ikerketa-programak koordinatzea eta zientzia-azpiegiturak sortzea (4 puntu).

4) Doktoretza-tesiak zuzentzea (3 puntu).

5) Patenteak eta ezagutza-transferentziako beste ekintza batzuk (3 puntu).

6) Nazioarte-mailako garrantzia duten biltzarretan parte hartzea (2 puntu).

Puntu honetan, kontuan hartuko da hautagairen baten kasuan ikerketa-lana eten den egoera hauetakoren baten ondorioz: iraupen luzeko aldi baterako lanerako ezintasuna; amatasuna; aitatasuna; edoskitze-aldiko arriskua; adopzioa edo harrera, edo liberazioa, honako kargu hauetakoren bat betetzeko bada: unibertsitateko pertsona bakarreko kudeaketa-karguak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko zuzendaritza-karguak eta administrazio publikoetako karguak. Horretarako, ziurtatutako etenaldiarekiko proportzionalki luzatuko da ebaluatzeko ikerketa-jardueraren aldia, salbu eta 10 astetik gorako amatasun edo aitatasunagatiko etenaldietan, horietan seme edo alaba bakoitzeko urtebete luzatuko baita ebaluatzeko aldia; edonola ere, gehienez 6 urte gehiagoz luzatuko da ikerketa-jarduera kasu guztietan.

C) Azken sei urteetan, talde hartzaileko ikertzaile arduradunak lortu dituen merezimendu zientifikoak eta akademikoak (12,5 puntu).

Puntu honetan, azpi-irizpide hauek baloratuko dira, honela:

1) Ibilbide zientifikoa eta argitalpenen kalitatea Atal horretan, balio berezia emango zaie beren esparruko erreferentzia-indizeetan sartutako aldizkarietan argitaratu direnei, Ikerketa Jardueraren Ebaluazio Batzorde Nazionalaren 2018ko azaroaren 14ko Ebazpenean jasotako irizpide espezifikoen arabera. Ebazpen horretan eman ziren argitara ebaluazio-esparru bakoitzean onetsitako irizpide espezifikoak (2,5 puntu).

2) Ikerketa-proiektuetan edo -jardueretan parte hartu izana (2,5 puntu).

3) Ekarpen bereziak ikerketa-arloan. Besteak beste, hauek balioetsiko dira: Europako ikerketa-partzuergoetan parte hartzea, Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntzak lortzea, ikerketa-programak koordinatzea eta zientzia-azpiegiturak sortzea (2,5 puntu).

4) Doktoretza-tesiak zuzentzea (2 puntu).

5) Patenteak eta ezagutza-transferentziako beste ekintza batzuk (1,75 puntu).

6) Nazioarte-mailako garrantzia duten biltzarretan parte hartzea (1,25 puntu).

D) Hautagaia hartuko duen zentroaren kalitatea, proiektua aurkeztu den zientzia-arloan (5 puntu).

Unibertsitate-zentroen kasuan, zentro hautatuaren prestigioa baloratzeko, kasuan kasuko zentroak 2019ko Academic Ranking of World Universities sailkapenean (Shanghai rankinga) zein postutan dagoen hartuko da kontuan: 1–100 arteko postuetan daudenei, 5 puntu; 101–200 arteko postuetan daudenei, 4 puntu; 201–300 arteko postuetan daudenei, 3 puntu; 301–400. arteko postuetan daudenei, 2 puntu; 401–500. arteko postuetan daudenei, 1 puntu; eta 501. postuan eta hurrengoetan daudenei, 0,5 puntu.

B) eta C) letretan, 8. artikuluko i) eta j) letretan adierazitako dokumentuetan barne hartutako datuetatik abiatuz egingo da alderdi horien balorazioa, eta eskuratutako CVetan egiaztatu beharko da. Aurkeztutako ebidentziak bakarrik balioetsiko dira.

12. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Norgehiagokaren prozedura erabiliko da laguntzak emateko, zeina azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 22. artikuluan aurreikusita baitago, eta, betiere, printzipio hauen arabera: publizitatea, gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminazio-eza, eraginkortasuna xedeak betetzean, eta efizientzia lege horren 8.3 artikuluan adierazitako baliabide publikoen izendapenean eta erabileran.

Hartarako, deialdi bakoitzean aurkeztu eta onartu diren eskariak alderatuko dira, haien artean hurrenkera bat ezartzeko, 11. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideei jarraikiz; eta guztizko puntuazioaren % 50 gainditu eta balorazio handiena lortu dutenak bakarrik esleituko dira, hain justu ere agindu honetan 4. artikuluan kontsignatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.

Emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko, sexu ezberdineko ikertzaileen artean lortutako puntuazioan berdinketa egonez gero, ikertzaile emakumearen aldeko ebazpena emango da.

Sexu bereko ikertzaileen arteko berdinketak eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakiaren arabera ebatziko dira. Aplikazio telematikoan sortzen den eskabidean agertuko da zenbaki hori.

13. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Emandako laguntzak esleitzeko eta dagozkien zenbatekoak zehazteko, proposamena egingo du balorazio-batzordeak, eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpen bat emango, betiere sei hileko epean, deialdia EHAAn argitaratzen denetik hasita.

Proposamenak hauek jasoko ditu: erakunde onuradunen zerrenda eta dagozkien zuzkidura ekonomikoak, dagoen kredituaren mugara arte xehatuak, eta, erabilgarri dagoen aurrekontuaren ondorioz laguntzarik jaso ez duten erreserben zerrenda. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere emango da, ukatzeko arrazoiak adierazita, baita baztertutako eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.

Ebazpenak hauek jasoko ditu: espedientearen erreferentzia-zenbakia, erakunde onuraduna, laguntzaz baliatuko den ikertzailearen NANa, ebaluazioan erdietsitako guztizko puntuazioa, egonaldiaren hasiera- eta amaiera-datak, egonaldia egingo den zentroa eta herrialdea, eta zuzkidura ekonomiko xehatua (ordainsariak, bidaiak eta bisa).

2.– Jakinarazpena egiteko, aipatu ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren taula elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus).

3.– Alde batera utzi gabe aurreko 2. zenbakian ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Uko-egiteen kasuan, erreserben zerrendan ageri diren eskatzaileei emango zaizkie laguntzak, dagokion ebazpenaren bidez, baldin eta uko-egite horiek emate-ebazpen hau argitaratu eta hurrengo 10 egunetan egiten badira. Laguntza horiek emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie.

Ondorio horietarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartutakoan, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak emate-ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko die.

5.– Baldin eta artikulu honen 1. zenbakian ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskariak ezetsiak izan direla.

6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak.

8.– Eskaeraren unean 6.3.a) artikuluan adierazitakoa betetzen ez duten hautagaiek eskakizun hori betetzen dela ziurtatzeko dokumentua aurkeztu beharko dute laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik 15 eguneko epean. Hori egin ezean, laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta 12. artikuluan deskribatutako prozedurarekin bat emango dira askatutako kantitateak.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak konplitu beharko dituzte, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Izan ere, dirulaguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena egiten denetik hamar egun igarota, onuradunak berariaz uko egin ez badio laguntzari, onartu egin duela ulertuko da.

b) Dirulaguntza zein helburutarako eman zen, hartarako erabiltzea.

c) Egonaldia osorik betetzea.

d) Tokialdatutako ikertzaileari emandako zenbatekoak ordaintzea. Erakunde onuradunak, ikertzailearengandik destinoko zentroan hasiko delako jakinarazpena jasotakoan eta organo emailetik laguntzaren % 80ko ordainketa aurreratua jasotakoan, tokialdatutako ikertzaileari ordainduko dio zenbateko hori. Behin jarduera amaitu eta laguntza likidatzean, likidazio horren ondoriozko zenbatekoa helaraziko dio erakunde onuradunak ikertzaileari.

e) Horiek gauzatzen direnetik harako 15 eguneko gehieneko epean, honako hauek jakinaraztea: destinoko zentroan altak, jarduerak etetea, aldi bateko kanpoan izateak, uko egiteak eta gainerako gorabeherak; guztia ere, honako helburu hauekin, batetik, Ikerketa Zuzendaritza horretaz guztiaz jakitun izan dadin, eta, bestetik, beharrezko bada, berariazko baimena eman dezan.

f) Deialdi honen karietara jasotako dirulaguntzei buruz Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunen barruan, eskatzen duten informazio guztia ematea.

g) Programa honen babespean egindako jarduerek dakartzaten emaitzak argitaratu edo zabaldu behar izanez gero, honako erreferentzia berariazko hau egitea: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Ikertzaile Doktoreentzako Mugikortasun Programaren finantzaketa duela.

15. artikulua.– Laguntzari uko egitea.

1.– Ikerketako zuzendariari jakinaraziko zaizkio uko-egiteak, erakunde onuradunak eta laguntzaren ikertzaile onuradunak sinatutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Uko-egite hori aplikazio telematikoaren bidez jakinarazi beharko da, ondorioak izan baino 10 egun lehenago. Horren berri, halaber, posta elektronikoz ere eman beharko da huisibas@euskadi.eus helbidera bidalita, uko-egitearen ondorioak hasten diren eguna baino lehenago.

2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.

Uko-egite hori gauzatzen den egun berean hasiko dira haren ondorio ekonomikoak. Hala ere, bidegabeko ordainketak gauzatu badira, diru-zenbateko horiek itzuli beharko dira, deialdiaren baldintzen gutxienekoak betez gero, betiere.

16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Erakunde onuradunari laguntzari dagokion ordainketa egingo zaio.

2.– Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi ordain-aginduren bidez.

Haietarik lehenengoa, emandako laguntzaren % 80koa, zentro hartzailean hasi izanari buruzko egiaztagiria erakunde onuradunak Ikerketa Zuzendaritzan aurkeztu ostean eginen da.

Bigarren zatia, berriz, 2021. urtean ordainduko da, jarduera bukatzean. Zehazki, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa ordainduko da, hurrengo artikuluan eskatutako agiriak aurkeztu ostean, betiere.

3.– Irailaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina. Bada, lege horren 50.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriaz, dirulaguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta egotea, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

17. artikulua.– Dirulaguntzak justifikatzea eta haien segimendua.

1.– Jarduera burutu dutela justifikatu beharko dute agindu honetako laguntzen erakunde onuradunek, finantzaketaren helburua horixe baita; hartarako, Ikerketa Zuzendaritzan honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, hilabeteko epean, jarduera bukatzen denetik hasita:

a) Egindako egonaldiaren gainean, ikerketa-talde hartzaileko arduradunak emandako egiaztagiria, zeinean berariaz zehaztuko baitira hasiera- eta bukaera-egunak.

b) Amaierako memoria, balantze zientifikoarekin. Bertan deskribatuko da egindako lana, argitalpenen, patenteen edo ikerketaren bestelako emaitzen erreferentzia barne hartuz. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren oniritzia jaso beharko du agiriak.

c) Emandako laguntzaz egindako gastuaren ziurtagiria. Ostatu-gastuei, bidaia-gastuei eta bisa-izapidetzeari –halakorik balego– dagozkien fakturak edo agiri baliokideak sartuko dira. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du dokumentu hori.

d) Erakunde onuradunak ikertzaileari egindako ordainketen egiaztagiria.

2.– Justifikatutako gastuak emandako dirulaguntza baino txikiagoak badira eta ez-betetzerik ez badago, dirulaguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, eta jasotako dirulaguntzak proportzioan itzuliko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak amaituko du ebazpen batez, non hasierako ebazpena aldatuko baita. Murrizketa honek ez dio eragingo ostatu-gastuak justifikatu beharrari.

3.– Egoki iritziz gero, Ikerketa Zuzendaritzak informazio osagarria eskatu ahal izango du, eta, horrez gain, emandako laguntzaren segimendua egiteko ardura emango dio zuzendaritza horri atxikitako pertsona bati edo batzuei, laguntza zertan erabili den ikusteko.

4.– Erakunde onuradunak eskatu zaizkion dokumentu guztiak aurkeztuko ditu, aplikazio informatikoaren bidez.

18. artikulua.– Laguntzen bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen den beste edozein laguntzarekin.

19. artikulua.– Ez-betetzeak eta laguntza itzultzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen den azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriaz (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), erakunde onuradunak ezin izango du laguntzaren ordainketa eskatu, eta aurretik zerbait ordaindu bazaie, batetik, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, eta, bestetik, laguntza ordaindu zenetik aurrera sortzen diren legezko korrituak eskatuko dira, baldin eta honakorik gertatzen bada:

a) Onuradunek, osorik edo zati batean, bete gabe utzi badituzte deialdi honetako oinarriak, dirulaguntzei buruzko araudi orokorrekoak edo dirulaguntza emateko ebazpenean erabakitako baldintzak.

b) Dirulaguntza emateko eskatzen diren datuak ezkutatu edo aldatzen badituzte edo eskatutako informazioa iruzurrez manipulatzen badute.

c) Proposatutako helburuekin edo ezarritako epeekin bat ez datorren jarduera burutzen badute, Ikerketa Zuzendaritzaren baimenik gabe.

d) Ikerketa Zuzendaritzak, diruz lagundutako egintzen segimendua egiterakoan, egiaztatzen badu gastua ez datorrela bat proposatutakoarekin eta esleitutakoarekin.

2.– Halaber, laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan jazotako aldaketa orok berekin ekar dezake hura emateko ebazpena aldatzea, baldin eta onuradun izateko deialdi honen 1. artikuluan eta 6. artikuluaren 1., 2., eta 3. zenbakietan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira, betiere.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak adieraziko du, ebazpen baten bidez, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, diru-zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli behar direla (698/1991 Dekretua, Dirulaguntzak itzultzeko prozedura orokorra arautu zuena; 1992ko otsailaren 7ko EHAA). Dena den, hori egin baino lehen, prozedurari dagozkion izapideak egin beharko dira, eta behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.

4.– Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, ondorio guztietarako.

Aplikatzekoak dira, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan (EHAA, 1998ko urtarrilaren 19koa) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.

20. artikulua.– Datuen babesa.

Deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko, betiere Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Sorrerari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz. Halaber, datuak «Ikerketa» izeneko fitxategi batean sartuko dira, zeina 2010eko urriaren 4ko Aginduan araututa baitago (2010eko azaroaren 5eko EHAA). Fitxategion helburua dirulaguntzen deialdia kudeatzea eta deialdian lehiatzen direnei prozesuaren bilakaeraren berri ematea da. Ikerketa Zuzendaritza da fitxategi horren organo arduraduna. Ikerketa Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzara jo behar da (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako laguntzak ebazteko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urterako aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 10a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala