Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

240. zk., 2019ko abenduaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5783

AGINDUA, 2019ko abenduaren 10ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez Kultura Ondarea Sariaren deialdia egin eta sari hori arautzen baita 2020rako.

Deialdi honen xedea da saritzea 2019-2020 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan matrikulatuta dauden eta Euskal Kultura Ondarearen ezagutza hobekien zabaltzen laguntzen duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak.

Sari honen bidez sustatuko da, batetik, ikasleen talde-lana, zeina ikastetxeetako irakasleek gidatuko baitute, eta, bestetik, kultura-ondarearen ezagutza zabaltzea sare sozialen bidez, zeinei euskarria eman nahi baitzaie Sariaren blogean (www.kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus). Blog horretan artxibatuta geratuko dira aurkezten diren bideoak.

Horrenbestez, Kultura Ondarea Sariaren 2020ko deialdia egin eta arautzen da, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumen, egitura organiko eta eginkizunen esparruan, agindu hau egokituta Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretura (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dira, eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) eta apirilaren 11ko 82/2017 Dekretura (dekretu horren bidez, Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen da).

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da Kultura Ondarea Sariaren deialdia egin eta sari hori arautzea. Sari horren helburua da saritzea Euskal Kultura Ondarearen ezagutza zabaltzen hobekien laguntzen duten ikasleak; zehazki, 2019-2020ko ikasturtean ikasketa eta maila hauetan ari direnak: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren maila, Batxilergoko lehenengo maila eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo maila.

2.– Kultura Ondarea Sariaren helburua da ekimena, berrikuntza, ekintzailetza-gaitasuna, sormena eta gizarte-garapena bultzatzea hezkuntza-alorreko eremu guztietan, Euskal Kultura Ondare materialaren zein ez-materialaren forma guztiak ezagutuz eta horiei balioa emanez. Zehazki, honako hauek:

a) Kultura berritzailea eta Euskal Kultura Ondarearen gaineko ezagutza ikertu, berreskuratu eta eraikitzeko esfortzuaren aintzatespena bultzatzea.

b) Euskal Kultura Ondarea ezagutzera ematea, euskal hezkuntza-sistematik eta euskal hezkuntza-sistemarako.

c) Hezkuntza alorrean ekimen berritzaileak martxan jartzea bultzatzea.

d) Euskal Kultura Ondareari atxikitako ezagutzaren balorazioan eta eraikuntzan gazteek duten papera aitortzea.

e) Gazteen artean tresna teknologikoen erabilera sustatzea jabari publikoko kultura- eta hezkuntza-edukiak sortzeko.

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

30.000 euro bideratuko dira deialdi honetara.

3. artikulua.– Saria.

Hiru bideorik onenak egin dituzten lantaldeetako kideei emango zaie saria, tutorea eta haien ikastetxea barne direla, eta hauek izango dira sariak:

a) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatutako Napolirako bisita kultural batean parte hartzeko eskubidea (7 egunekoa). Bertako gidari batek lagunduko ditu pertsona sarituak Napoliko toki enblematikoenetako zenbait bisitatzeko eta haien kulturako adierazpen esanguratsuak ezagutzeko ibilbidean. Bidaiak barne hartzen ditu hegaldia, ostatua, otorduak eta gidaria, eta ekainean egingo da, ikasturtea amaitu eta gero.

b) Diploma bat talde irabazlearen ikastetxearentzat.

c) Era berean, honako hau emango da:

Plaka bat, zeinaren bidez edizio honetan bideorik gehien aurkezten duen ikastetxea aintzatetsiko baita.

4. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Saritutako ikasleek Gazte Txartela indarrean izan beharko dute bidaian parte hartu ahal izateko. Txartel honek arriskuak estaltzeko asegurua du. Gainerako parte-hartzaileek asegurua izateko eskubidea izango dute.

Talde irabazleen tutoreak edo tutoreek izango dute taldea osatzen duten adingabeen tutoretza, eta haien ardurapean egingo dute bidaia. Tutoreak edo tutoreek ezin badute bidaia antolatuan parte hartu, ikastetxeak, dagokien baimena bildu eta gero, pertsona bat izendatuko du haren ordez joan eta lan hori egiteko.

Onuradunek baimena emango diote Eusko Jaurlaritzari, aurkeztutako bideoen zabalkundea egiteko, zeinak jendearen esku jarriko baititu www.kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus helbidean.

5. artikulua.– Eskatzailea eta onuradunak.

1.– Ikasleak matrikulatuta dauden ikastetxeko tutorea izango da eskatzailea, eta bideoak aurkezten dituzten taldeetako kide diren ikasleen eta ikastetxearen ordezkaritzan jardungo du.

2.– Hobekien baloratutako hiru bideoak egin dituzten taldeetako kideak (ikasleak eta tutoreak) izango dira sariaren onuradunak, denak ere 2019-2020ko ikasturteko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak.

Sarian onuradun izan diren ikasleen ikastetxeei diploma bana emango zaie.

3.– Era berean, edizio honetan bideorik gehien aurkezten duen ikastetxea onuradun izango da.

6. artikulua.– Betekizunak.

Pertsona eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea. Kultura Ondarearen Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du baldintza hori betetzen dela.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

c) DLOren 13. artikuluko eta EONALTBren 50.4 artikuluko gainerako betekizun guztiak betetzea.

d) Sariketa honetatik bazter geratuko dira, eta, beraz, dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukerarik gabe geldituko, zigor administratibo edo penalak dituzten parte-hartzaileak edo horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuak dituztenak, barnean direla Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko apirilaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak.

7. artikulua.– Parte-hartzea eta tutoretza.

1.– 2019-2020ko ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe ofizialetan matrikulatuta dauden ikasleek parte hartu ahal izango dute Kultura Ondarea Sarian, baldin eta ikasketa eta maila hauetakoak badira: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren maila, Batxilergoko lehenengo maila eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo maila. Horretarako, gutxienez 3 ikaslek eta gehienez 6k osatutako talde batek prestatutako bi bideo aurkeztu beharko dituzte.

2.– Ikasle parte-hartzaileak matrikulatuta dauden ikastetxeko tutore bat izango da haien ordezkari; hark beteko ditu ordezkaritza-egitekoak, eta, gainera, parte-hartzaileen lanaren lanketa motibatu, gidatu eta koordinatuko du, baina ez du inolaz ere lan horretan zuzenean parte hartuko.

8. artikulua.– Lehiaketaren mekanika.

1.– Sarian parte hartzeko, talde parte-hartzaile bakoitzak bere eskabidea aurkeztu beharko du agindu honen 10. artikuluan adierazi bezala. Eskabidean, parte hartzen duen taldeak edo ikastetxeak irekitako Youtube kanal baten URL helbidea adieraziko da, eta bertan egongo dira gerora Kultura Ondarea Sariaren webgunean (www.kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus) sartuko diren bideoak.

Bideoak lurralde historikoka eta alfabetikoki ordenatuko dira.

Euskal kultura-ondarearen elementu bat izango da lehenengo bideoaren gaia, eta, ahal izanez gero, ikasleen ingurukoa.

Bigarren bideoak, lehenengo bideoa egiteko jarraitutako prozesu osoa (making-of prozesua) jasoko du, eta bereziki azpimarratuko da zer helburu lortu nahi izan den eta zer metodologia erabili den.

2.– Eskabideak aurkezteko eta beharrezko agiriak prestatzeko, parte hartzen duten taldeek Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikari baten laguntza teknikoa izango dute.

3.– Bideoaren gaia librea da, betiere zerikusia badu Euskal Kultura Ondarearekin, izan materiala zein ez-materiala.

4.– Bideoek, gainera, honako baldintza eta betekizun hauek bete beharko dituzte:

1) Jatorrizko lan argitaragabea izatea.

2) Gutxienez 3 minutu eta gehienez 10 minutu irautea.

3) Bereizmen handiko kalitatea izatea (gutxienez 720 p).

4) Eskubideetatik libre dauden edukiak (idatzia, soinua edo irudia) erabiltzea, edo, bestela, jabeak edo ustiapen-eskubideen titularrak emandako berariazko baimena izatea. Kasu horietan, dagokion baimen-agiria helarazi beharko da inskripzio-eskabidearekin batera.

5) Eskola-curriculumean jasotako edozein hizkuntza edo hizkuntza bat baino gehiago erabiltzea.

6) Pertsonen oinarrizko eskubide guztiak errespetatzea; ez da onartuko indarkeriarekin, sexismoarekin edo arrazakeriarekin zerikusia duen indarkeriazko edukirik.

5.– Aurkeztutako bideo guztiak, bai eta saritutakoak ere, www.kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus helbidean egongo dira ikusgai, lurralde historikoka eta alfabetikoki ordenatuta.

9. artikulua.– Emateko prozedura.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, aurkeztutako eskabideak erkatuz emango dira sariak, eta, 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, lehentasunen arabera ordenatuko dira. Hobekien baloratutako 2 bideoak aurkeztu zituzten 3 taldeetako partaideei bakarrik emango zaie saria.

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta prozedura, eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2020ko apirilaren 13an bukatuko da.

Eskaerak telmatikoki edo aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira, toki hauetako edozeinetan: Zuzenean zerbitzuan; EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoetan), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

2.– Izapidetze elektronikorako, eskatzaileak identifikatzeko bitarteko elektronikoren bat izan beharko du, onartutakoa eta Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan argitaratua (http://euskadi.eus/sede-electronica).

Inprimakiak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainontzeko ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en egoitza elektronikoan eskura daitezke, honako helbide elektroniko hauetan:

https://www.euskadi.eus/servicios/1051303

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/.

3.– 2020ko apirilaren 24an, Kulturako sailburuordearen ebazpena argitaratuko da, Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan, onartutako eta baztertutako eskabideen behin-behineko zerrenda jasoko duena, eta taldea osatzen duten ikasleak zein diren adieraziko da bertan. Eskabideetan akatsik edo omisiorik atzemanez gero, horien arrazoia eta konpontzeko epea ere jakinaraziko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz. Ikusiz gero falta direla eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.

2020ko maiatzaren 18an, akats edo omisio posibleak konpontzeko epea amaituta, onartutako eta baztertutako eskabideen behin betiko zerrenda argitaratuko da Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan, eta, hala badagokio, eskabideak baztertzeko arrazoiak ere azalduko dira.

4.– Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio, deialdiaren organo kudeatzaile gisa, deialdi honetako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea.

11. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Dirulaguntzaren helburu diren jarduerak baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa errespetatuz), aurkezteko epea amaituta, eta eskaerak onartu diren ala ez erabaki ondoren. Batzorde horrek, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kulturako sailburuordeari. Hauek izango dira balorazio-batzordeko kideak:

– Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da, eta boto-berdinketak gertatuz gero, bere kalitate-botoaz ebatziko ditu.

– Bokalak:

– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.

Ordezkoa: Hezkuntza Berriztatzeko teknikari bat.

– EITBko zuzendari nagusia.

Ordezkoa: EITBko Komunikazio Arloko teknikari arduraduna.

– Gaian itzal handia duten bi aditu, Kultura Ondarearen zuzendariak hautatuak.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-lanak egingo ditu, hau da: kide anitzeko organo horren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta arauak errespetatzen direla bermatzea.

2.– Balorazio-batzordeak, egoki deritzonean, proiektuari dagokion gai zehatz eta espezifikoan aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.

3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da balorazio-batzorderen osaera, hala ezarritako baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan.

4.– Balorazio-batzordearen eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izango da batzordeburua eta idazkaria presente izatea.

5.– Balorazio-batzordeko kideak abstenitu egingo dira, eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

6.– Batzorde horrek, agindu honen 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamena emango dio Kulturako sailburuordeari.

12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Aurkeztutako eskabideak irizpide hauei jarraikiz ebaluatuko ditu balorazio-batzordeak:

Ebaluatzeko eta barematzeko irizpideak:

– Edukiek berrikuntza dakarte kultura-ondarearen tratamenduan: ikuspegi eta «begirada» berriak: Sormena, bideoa egiteko prozesuari edo azken emaitzari originaltasuna eta freskotasuna emango dioten alderdiak. Gai berriak –herritarrentzat hain ezagunak ez direnak– lantzea baloratuko da.

– Informazio-iturri ezberdinak erabiltzea: Dokumentazio-prozesua, aurkeztutako materiala lantzeko hautatutako gaiari buruzko informazioa biltzeko informazio-iturri ezberdinen bilaketa eta jarraipena.

– Proposamenaren interesa eta dibulgazio-izaera: Aurkeztutako materialaren argitasuna, interesa eta ahalegin komunikatiboa.

– Ingurune sozialarekiko interakzioa bai informazioaren bilketan bai aurkeztutako grabaketaren materialean. Ikerketa-prozesuan, informazioaren bilketan eta grabaketan, inguruneko eta hautatutako gaiarekin zerikusia duten pertsona eta eragile garrantzitsuekin elkarreragitea.

– Sormena: Bideoa egiteko prozesuari edo azken emaitzari originaltasuna eta freskotasuna emango dioten alderdiak baloratuko dira.

– Irudiaren, soinuaren eta edizioaren kalitatea: Irudiaren, soinuaren eta edizioaren kalitate teknikoa baloratuko da, kontuan izanik, betiere, bideo ez-profesionalak direla.

– Bideoaren inpresio orokorra: Balorazio orokorra: bideoak ikus-entzuleengan uzten duen inpresio orokorra.

– Lehiaketan zehar izaniko parte-hartze jarrera, ideia berriak ekartzea: Parte-hartze prozesua, talde bat sortzea eta lan-dinamika anitza, zeinetan kide guztiek berdin eta aktiboki parte hartzen baitute lan-prozesuaren fase guztietan. Proiektua nola aurreratzen den jakinaraztea (irudiak bidaltzea, making-of prozesuari buruzko bideo txikiak...), ideia berriak eta iradokizunak aurkeztea; horretarako, Kultura Ondarea Sariaren sare sozialak zein erakundearekin kontaktu zuzena erabili ahal izango dira (kulturaondarea@gmail.com).

– Bideoaren irisgarritasuna erraztea: azpitituluak.

2.– Ebaluatzeko eta barematzeko irizpideak:

1) Edukia (40 puntu): % 40.

– Kultura-ondarearen tratamenduan berrikuntza dakarte edukiek: ikuspegi eta «begirada» berriak. % 10.

– Informazio-iturri ezberdinen erabilera. % 10.

– Proposamenaren interesa eta dibulgazio-izaera. % 10.

– Ingurune sozialarekiko interakzioa bai informazioaren bilketan bai aurkeztutako grabaketaren materialean. % 10.

2) Forma (30 puntu): % 30.

– Sormena. Gai berriak lantzea, herritarrentzat hain ezagunak ez direnak. % 10.

– Irudiaren, soinuaren eta edizioaren kalitatea. % 10.

– Azpitituluak. % 10.

3) Proposamenaren balio erantsia (30 puntu): % 30.

– Bideoaren inpresio orokorra. % 15.

– Lehiaketan zehar izaniko parte-hartze jarrera, ideia berriak ekartzea. % 15.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Kulturako sailburuordeak emango du sariak emateko ebazpena, balorazio-batzordeak helarazitako proposamena aintzat harturik, eta, gehienez, sei hilabeteko epean argitaratuko da agindu honek eragina sortzen duenetik aurrera.

2.– Ebazpen hori EHAAn eta Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.

3.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraz, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindu hau argiratu eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

14. artikulua.– Sariak ematea.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak deituko duen jendaurreko aintzatespen-ekitaldian emango dira sariak. Ekitaldi horretan, bidaiari buruzko agiriak eta ikastetxearentzako, tutorearentzako eta saritutako ikasleentzako diplomak emango dira, bai eta bideorik gehien aurkezten duen ikastetxea aintzatesteko plaka bat.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

Xedea: Kultura Ondarea Sariaren dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: Interes publikoko edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoei loturiko egitekoren bat gauzatzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).

Hartzaileak: Arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: Zuk eskubidea duzu zure datuak eskuratu, zuzendu eta ezerezteko, bai eta tratamendua mugatu zein aurkaratzeko ere. Ikus informazio gehigarria.

Informazio osagarria: Datuen babesari buruzko informazio gehiago duzu webgune honetan: http://www.euskadi.eus/dbao/1051303

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan araututako laguntzek ez dituzte betetzen EBko Funtzionamendurako Tratatuaren 107.1 artikuluan ezarritako eskakizun guztiak, beraz, ez dira estatuaren laguntzak, ondorioz, ez da beharrezkoa Europako Batzordeari jakinarazpena helaraztea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 10a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala