Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

239. zk., 2019ko abenduaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5758

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 26koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Eibarko HAPOko «A.A.112.01 Sostoa-tarren 14» eremuaren xehetasun-azterketaren gainean.

AURREKARIAK

2019ko ekainaren 3an, Eibarko Udalak eskatu zuen Eibarko HAPOko «A.A.112.01 Sostoa-tarren 14» eremuaren xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hastea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskabide horri atxiki zitzaizkion Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, dokumentu horretan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iruditzen zitzaizkien oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko ikusiko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko. Legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erantzun jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Eibarko HAPOko «A.A.112.01 Sostoa-tarren 14» eremuaren xehetasun-azterketa (aurrerantzean Plana), abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzearen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eibarko HAPOko «A.A.112.01 Sostoa-tarren 14» eremuaren xehetasun-azterketaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da lurzatiko lerrokadurak eta sestrak osatzea, eta bolumenak antolatzea, garapenerako beharrezkoak diren hirigintza-baldintza objektiboen arabera. Baldintzok hirigintza-planeamenduan dauden jasota, zehazki, jarduketa-esparruaren hirigintza-fitxan. Fitxa horretan, beheko solairuan eta goikoetan bizitegi-erabilera kolektiboa baimentzen da baldintzarik gabe, eta garaje aparkalekuaren erabilera planean proposatzen diren erdi-sotoetan.

Hiri-lurzoru finkatugabean eraikuntza- eta urbanizazio-proiektu bat gauzatzeko esparrua xedatzen da planean; zehazki, bizitegi-eraikin bat proposatzen da, 18 etxebizitzakoa, 3ES+BS+4S profilekoa. Fatxada jarraitua izango luke Sostoa-Tarren kalean, gehienez zortzi solairu eraikita sestra gainean, eta bost, aldiz, Indalezio Ojanguren kalean. Eremuaren fitxan ezarritako erabilera-baldintzei eutsi zaie, erabilera publikorako aukera proposatuta jabari pribatuan, beheko solairuaren gune huts batzuetan (portxeak, plazak, etab.).

Planak jasotako antolamendu-eremuaren azalera 1.142 m2-koa da. Horietatik, 575 m2 zuzkidura publikoetarako dira. Eibar udalerriko hegoaldean dago, Ipurua futbol-zelaiaren alboan. Forma trapezoidala du, eta muga hauek ditu: iparraldean, Sostoa-Tarren kaleko errepidea; hegoaldean, Indalezio Ojanguren kaleko errepidea; ekialdean, Sostoa-Tarren kaleko 12. zenbakiaren lurzatia; eta mendebaldean, jarduera-eremua kokatuta dagoen kaleen arteko desnibela (bederatzi bat metro) gainditzeko eskaileretara daraman oinezkoentzako pasabide publikoa.

Eremu dagoeneko antropizatua da, eta landaredia erruderal nitrofiloa eta landare inbaditzaileak daude. Ez dago, ordea, natura- edo geologia-intereseko elementurik batere, ezta espazio babesturik eta kultura-ondareko kultura-ondasunik ere. Horrenbestez, ziurra dirudi inpaktu aipagarri nagusiak Plana garatzeko egingo diren eraikuntza- eta urbanizazio-obren ondorio izango direla; airearen kalitatean eragingo dute, eta kutsadura akustikoak gora egingo du jarduketa-esparrutik hurbil.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Planak ez du eraginik izango bestelako planetan edo programetan.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Aurkeztu den dokumentazioaren arabera, eraikinen eraikuntzan energia-aurrezkia eta energiaren efizientzia lortzeko neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak baliatu eta energia berriztagarriak erabiliko dira. Hori dela eta, Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-arloko alderdiak integratzeko.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: Ingurumen-inpaktu nagusiak eraikin berrien eraikuntzari eta, ondoren, eremua urbanizatzeari lotutako proiektuen obra-fasean gertatzen diren jarduketei lotutakoak izango dira. Horiek guztiek giza habitataren kalitatea murriztea ekarriko dute, kutsadura atmosferikoa areagotuko dutelako, bai partikulen igorpenagatik, bai zaratengatik.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.

2) Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Eremuak ez dauka ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoen espaziorik (Natura 2000 Sarea, esaterako) edo natura-balioa duen elementu garrantzitsurik, ezta kultura-ondasun izendatutako kultura-ondareko elementurik ere.

Seguruenik, afekzio nagusiak urbanizazio- eta eraikitze-lanei eta horiek airearen kalitatean eta lasaitasun publikoan izango duten eraginari loturikoak izango dira: kutsatzaileen immisioak –batez ere, lurrak mugitzeak eta kamioiak ibiltzeak harrotuko dituen partikulena eta hautsarena– eta zaratak biztanleen osasunean izan dezaketen eragina, eta zirkulazio-egoeraren aldaketak eta hondakinen sorrerak eragindakoa.

Beraz, esan daiteke ez dela hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta indarrean dagoen araudia betetzen bada ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari eta kutsadura akustikoari dagokienez, besteak beste.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean jasotakoaren arabera.

Planari loturiko proiektua betetzeko hartu behar diren neurri nagusiak honako hauek dira:

– Proiektua gauzatzeko orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakindegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen da), eta itxita egon behar dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen (2017rako lehentasuna) eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan (Eusko Jaurlaritza-2015) jasotako gomendioak. eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.

Ezarri beharreko neurriek jardun-eremu hauetan izan behar dituzte ondorioak, aplikagarritasunaren arabera, kasu zehatz bakoitzerako:

– Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.

– Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

– Hondakin solido gutxiago sortzea.

– Lurzoruaren okupazioa murriztea.

– Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur gris gutxiago sortzea.

– Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta mugikortasuna hobetzea.

– Barneko airearen kalitatea hobetzea.

– Konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Eibarko HAPOko «A.A.112.01 Sostoa-tarren 14» eremuaren xehetasun-azterketak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Eibarko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Eibarko HAPOko «A.A.112.01 Sostoa-tarren 14» eremuaren xehetasun-azterketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 26a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala