Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

239. zk., 2019ko abenduaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5757

AGINDUA, 2019ko abenduaren 10ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita etxebizitzaren alokairurako Gaztelagun programaren laguntzak arautu eta deialdia egiten duen agindua.

2018ko abenduaren 18an, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren agindu bat onartu zen, non arautzen baitziren etxebizitzaren alokairurako Gaztelagun programaren laguntzak, eta deialdia egiten baitzen, 23 eta 35 urte bitarteko gazteei emantzipatzen laguntzeko xedez, eta, hori lortzeko, xedatzen baitzuen zuzeneko laguntzak ematea, ohiko bizileku iraunkorraren alokairuaren zati bat ordaintzeko.

2019ko urtarriletik ekainera bitartean, 1.000 eskabide baino gehiago egin dira, laguntzok balizko hartzaileengan izan duten harrera onaren seinale. Alabaina, baztertu direnen kopurua uste baino handiagoa izan da, eta, ondorioz, nekezago lortu ahalko dira programaren helburuak. Gainera, ebazpen baiesleen izapideak ere moteldu dira horren ondorioz.

Zehatz-mehatz aztertu da zein izan diren ezespenetarako arrazoiak eta, interesa agertu arren, laguntzarik eskatu ez duten pertsonengandik zuzenean jasotako informazioa, eta, ondorioztatu da programa are eraginkorragoa zatekeela betekizunen bat nabarmen aldatuz gero.

Aldaketa garrantzitsuena da: 5. artikuluaren g) apartatuan xedatutako diru-sarreren mugak handitzea, horrek banako eta familia eskatzaileen kopurua nabarmen handitzea dakar eta.

Garrantzian bigarrena, etxebizitzen gehieneko hileko errentari lotuta dago. Praktikan egiaztatu denaren arabera, programaren onuradunek ordaintzen dituzten errentak oso gertu daude aipatutako aginduaren 2. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako mugatik. Ondorioz, errenta-igoerarik badago, errentamendu-kontratuan hitzartu bada ere, kasu askotan, laguntzak 2020an edo 2021ean azkenduko dira, gertatzez betekizunak ez betetzeagatik.

Nahi gabeko ondore hori zuzentzeko, gehieneko errentak aldatu behar dira. Hori bai, aldaketa horrek ezinbestean behar du izan zuhurra baino zuhurragoa. Kontrara, programa publiko bat alokairu-merkatu libreko egungo prezio bidegabeen euskarri bihurtzeko arriskuan geundeke. Horrenbestez, egungo zenbatekoei eutsi zaie, baina horiek eguneratzea baimenduko da, baldin eta kontratuan aurreikusita badago eta Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 29ko 29/1994 Legearen 18. artikulura doitzen bada. Hala, hazkundea ez da inoiz izango kontsumo-prezioen indizearena baino handiagoa.

Hirugarren aldaketa aipagarria da: egun ezarritako gutxieneko adinaren muga (23 urte) 18 urtera jaistea, EAEn egun indarrean diren alokairurako udal-laguntzen programekin bat etortzeko. Horrela, orain ez bezala, laguntzaren hartzaile izan ahalko dira adin-tarte horretako kideren bat duten familia-unitateak eta jada emantzipatu direnak edo emantzipatzear daudenak ere.

Horiez gain, bada aldaketa gehiago; eskabideen izapideak hobetzeko eta onuradunek betekizunak betetzen jarraitzen dutela aldian behin egiaztatzeko (foru-ogasunek elkarreragingarritasunaren bidez emandako datuak erabilita). 5. artikuluaren g) letrari eta 15. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoei eragiten diete.

Aldaketa horietatik batek ere ez du eragingo doikuntzarik aurrekontu-zuzkidura aurreikusiari, egoki eta nahikoa denez.

Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa) ematen didaten eskumena baliatuta, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aldatzea etxebizitzaren alokairurako Gaztelagun programaren laguntzak arautzen dituen eta deialdia egiten duen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuaren 2018ko abenduaren 18ko Aginduaren 2. artikuluaren bigarren zenbakia.

«2.– Etxebizitzaren hasierako hileko errentak ezingo ditu honako prezio hauek gainditu: 750 euro, Bilbon, Donostian eta Gasteizen; 650 euro, Bilbao eta Donostia metropolialdeetan eta 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan; eta 600 euro, gainerako udalerrietan.

Alabaina, Gaztelagun programaren onuradun izaten jarraituko dute hasierakoaren ondorengo urteko kuotetan aipatutako zenbatekoetatik gorako errentak ordaintzen dituzten pertsonak, errentok Hiri Errentamenduen gaineko azaroaren 29ko 29/1994 Legearen 18. artikuluan xedatuaren arabera eguneratu badira».

Bigarrena.– Aldatzea etxebizitzaren alokairurako Gaztelagun programaren laguntzak arautzen dituen eta deialdia egiten duen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuaren 2018ko abenduaren 18ko Aginduaren 5. artikuluaren a) eta g) letrak. Honela idatzita geratuko dira:

«a) 18-35 urte izatea».

«g) Honako diru-sarrera hauek egiaztatzea:

1) Banako eskatzaileek urtean 18.000 euroko edo gutxiagoko eta 3.000 euro baino gehiagoko diru-sarrera gordinak dituztela egiaztatu beharko dute.

2) Familia-unitate osoak urtean 24.000 euroko edo gutxiagoko eta 3.000 euro baino gehiagoko diru-sarrera gordinak dituztela egiaztatu beharko dute.

3) Familia ugarien kasuan, urtean 28.000 euroko edo gutxiagoko eta 3.000 euro baino gehiagoko diru-sarrera gordinak dituztela egiaztatu beharko dute.

Diru-sarrerak kalkulatzeko, kontuan hartu beharreko epealdia honakoa izango da: zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren, eskaera-dataren aurreko azken zergaldia. Diru-sarrera zenbakarriak izango dira zerga-oinarriak, oinarri orokorra eta aurrezki-oinarria».

Hirugarrena.– Aldatzea etxebizitzaren alokairurako Gaztelagun programaren laguntzak arautzen dituen eta deialdia egiten duen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuaren 2018ko abenduaren 18ko Aginduaren 15. artikuluaren 2. eta 3. zenbakiak. Honela geratuko dira idatzita:

«2.– Sei hilean behin, aurreko artikuluaren bigarren zenbakian adierazitako sortzapen-datatik hasita, Alokabide SAn aurkeztea errenta ordaindu izanaren bankuko egiaztagiriak, alderdi hauek zehaztuta: agindu-emailea, hartzailea, zenbatekoa eta diru-transferentziaren berme fede-emailea emango duen finantza-erakundearen balidazioa.

3.– Urtean behin, laguntzaren emakida-egunetik hasita, Alokabide SA sozietatearen bulegoetan aurkeztea 11.1 d) artikuluan aipatutako diru-sarreren egiaztagiriak, eskabidea aurkeztu ondorengo zergaldiei dagozkienak.

Dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko epea amaitzen denetik hasita.

Pertsona interesdunek dokumentuak ez aurkezteko eskubidea dute, baldin eta ez badute eragozpenik jartzen etxebizitzaren arloko sail eskudunak edo Alokabide SA sozietateak gainerako administrazio publikoetan eskuragarri dauden dokumentuak elektronikoki kontsultatzeko edo eskuratzeko, sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzako plataformak edo horretarako prestatutako beste sistema elektroniko batzuk kontsultatuz».

XEDAPEN IRAGANKORRA

Agindu hau aplikatuko zaie berau indarrean jartzen den egunean ebazteke dauden etxebizitzaren alokairurako Gaztelagun programaren laguntza-eskabideei.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraz, honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hileko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 10a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala