Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2019ko abenduaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5712

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 18koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Bilboko Iturrigorri eta Peñascal auzoetako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko ekainaren 10ean, Bilboko Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Bilboko Iturrigorri eta Peñascal auzoetako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketari dagokion ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2019ko irailaren 5ean, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapideari ekin zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eta egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarritzat hartuta. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Uraren Euskal Agentziari, Ihoberi, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari, Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzki, Eguzkizaleak elkarteari. Era berean, Bilboko Udalari izapidea hasiko zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean jasotako erantzunen emaitzak espedientean sartu dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da Bilboko Iturrigorri eta Peñascal auzoetako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa (aurrerantzean, plana). Lege horretan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenaren gaineko eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bilboko Iturrigorri eta Peñascal auzoetako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Bilboko Udalak sustatuta, jarraian zehaztutako baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eremua egungo 734. Banaketa Eremua da, eta tratamendu desberdineko bi hiri-lurzoruko eremu zehazten dira: Iturrigorri eta Peñascal.

Iturrigorri auzoan berritze-eragiketak egin dira; kontserbazio-egoera txarrean zeuden eraikinak eraitsi dira, eta hiri-irisgarritasun beharrezkoa eskuratu du. Hiri-berroneratzea amaitzeko, 743.01 exekuzio-unitatearen kudeatuko da.

Kontrara, Peñascal auzoan ez dira konpondu hiri-irisgarritasuneko arazoak. Hala, eremua berrantolatzea beharrezkoa da, etxebizitzak guztiak irisgarriak izateko. Horretarako, bide berriak eraiki eta eraikin zaharkituak eraitsiko dira. Helburu horrekin zehaztu da Peñascal Antolamendu Geroratuko Eremua.

Bi eremuen erabilera bereizgarria etxebizitza-erabilera da, eraikin irekiko etxebizitza kolektibo motakoa. Irabazi-asmoko erabilera tertziarioak ere baimentzen dira, non eta ez diren merkataritza-guneak. Gainera, zuzkidura-erabilera publiko guztiak baimenduko dira.

Plan Orokorraren aldaketaren helburua da etxebizitza-erabilerako hiri-eraikigarritasuna aldatzea Peñascalen eta Iturrigorrin. Iturrigorrin, 1.577 m2-koa da hazkundea, eta Peñascalen 10.939 m2-koa. Hiri-lurzoruaren mugak, aldiz, ez dira aldatuko, indarrean dagoen plan orokorrekoei eutsita. Eraikigarritasun-hazkundea dela eta, berdeguneetarako eta espazio libreetarako zuzkidura publikoei eta zuzkidura-bizitokiei lurzoru-azalera handiagoa eskaini behar zaie Hala, Peñascal eremuan, 2.550 m2 bideratuko dira espazio libreen sistema orokorrera, eta 2.188 m2 espazio libreen tokiko sistemara.

Iturrigorrin, 747 m2-ko eremu bat espazio libreetarako tokiko sistema gisa kalifikatuko da, pilota-lekuaren alboko tokiko sistema ordezteko. Azken hori, sistema orokorreko eremu gisa kalifikatuko da.

Planak irizpide eta helburu hauek ditu eremuan-eremuan:

Peñascal eremua

Antolamendu geroratuko hiri-lurzoruko eremua, Hiri Antolamenduko Plan Berezi bidez garatzekoa, 77.130 m2-ko azalerakoa. Plan bereziaren barnean, ekintza hauek gauzatuko dira:

– Errepide berriak eraikitzea, ibilgailuz iritsi ahal izateko egun irisgarriak ez diren eraikinetara.

– Irisgarritasun ezak erasandako eraikinak ordeztea. Plana aurreikusten duenaren arabera, 238 etxebizitza eraitsiko dira.

– Eraikin berriak sortzea (195 etxebizitza berri), auzoan behar diren birkokatzeetarako.

– Hiri-berritzeko eragiketentzako eragozpen ez diren eraikin irisgarriei eustea.

Iturrigorri eremua.

Hiri-lurzoru finkatu motakoa da, 734.01 exekuzio-unitateko lurzorua izan ezik; eraldaketa-prozesuan dago egun, eta kudeaketa amaitu bitartean, egin nahi den antolamendua erabat gauzatu bitartean, hiri-lurzoru finkatugabe motakoa izango da. Iturrigorri eremuaren azalera, guztira, 64.204 m2-koa da. Eremu horretan, planak egiturazko antolamendua eta antolamendu xehatua ezartzen ditu, eraikinen eta urbanizazioaren lerrokadurak eta sestra-mailak zehaztuta.

Antolamenduaren helburuak hauek dira:

– Egungo hirigintza-garapena finkatzea.

– Eraikin zaharkituei eta irisgarritasun gabekoei loturiko hiri-berroneratzea, 734.01 EU kudeatuta (Iturrigorri eta Gardeazabal auzoetarako Plan Bereziaren Aldaketaren arabera –2010eko urtarrilaren 28an onartua–, 734. banaketa-eremua).

Egungo eraikinen multzoari loturiko eremuko eraikigarritasuna finkatuko da, hauekin osatuta:

– Emandako udal-lizentzien eta garatzen edo gauzatzen ari diren udal-lizentzien xedeko eraikuntza-proiektuen multzoan aurreikusten den eraikigarritasuna, eta bizitoki-garapen berriena edo 734.01 EUren plan orokorrean jada xedatu hedapenena.

– Ekipamendu-lurzatietan, egungo eraikigarritasuna baino handiagoa baimentzen da, eta horietako bakoitzean sustatu beharko den xehetasun-azterketan zehaztuko da.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proposatutako planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: plan honek ez du aipatzeko moduko ingurumen-ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana zenbateraino den egokia ingurumen-arloko alderdiak txertatzeko, betiere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: planaren helburua da Iturrigorri auzoko hiri-berroneratzearen prozesua burutu eta Peñascal auzora hedatzea. Plana garatuta, kalitatea hobetuko da egun oso narriatuta dagoen hiri-eremu horretan. Halaber, lurzoru naturalak artifizialtzearen aldean, lurzoru jada antropizatuak erabiltzea hobetsiko da. Planak honako hauek bultzatzen ditu: eraikingintza eta eraikuntza efizienteena baliabideen erabilera eta kudeaketan eta oinezkoen irisgarritasun-baldintzen sustapena eta hobekuntza.

Hori dela eta, planaren xedea egokia dela irizten da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak. Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2.– Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

Plana gauzatu nahi den eremua hiri-lurzorua da erabat. Intereseko leku bakarra dago inguruan, Pagasarriren Babes-plan Berezian jasoa. Inguru horrek, alabaina, ez du planaren zehaztapenen eraginik nozituko.

Irauten duten elementu natural bakanak eremuko mendi-hegalen gainaldeko harizti solte batzuk dira. Bestela, ez da hauteman ingurumen-balio adierazgarririk. Ez da ezagutzen interes geologikoko punturik, ez ur-punturik, ezta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoan babestutako eremuen erregistroan jasotako elementurik ere. Lurzoruko akuiferoek oso kutsadura-arrisku txikia dutela iritzi da. Flora eta fauna espezierik, naturagune babesturik, EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik eta kultura-ondareko elementurik ere ez dago.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuan ez dago uholde-arriskurik. Planaren eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko bi kokalekurekin.

Eremuko zarata-iturri nagusiak udal-eskumeneko errepideak dira: Peñascal bidea, Iturrigorri bidea, Armotxa bidea, Gordoniz kalea eta Kareaga estrata.

Planak barne hartzen duen inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, inpaktu akustikoa hauteman da kanpoaldean. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak aipatu kalitate akustikoko helburuak ez dira beteko.

Bilboko Udalak hiri-lurzoru osorako egin eta 2018ko ekainean onartutako Babes Akustiko Bereziko Eremuen (BABE) adierazpenean jasota dago. Azterlan akustikoak BABEan indarrean dagoen zona-plana osatzea proposatzen du, eta Peñascal eremuaren antolamendu xehatua zehazten denean egin beharko den azterlan akustikoaren jarraibideak ere proposatzen ditu. Azkenean hautatu den aukeran lortu diren zarata-mailak zein diren, eraikin sentiberatan aplikatu behar diren isolamendu akustikoko mailak zehaztuko dira, 213/2012 Dekretuaren, urriaren 16koaren, 40. artikuluaren zehaztapenak betetzeko. Horietan jasotzen da eraikinen barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzearen derrigortasuna.

Eremu ia osoa Bizkaiko foru-errepideen (errepide-azpiegitura nagusiak; kasu honetan, AP-8a) zortasun-eremu akustikoetatik kanpo dago. Bi eremu oso txiki bakarrik geratzen dira aipatu zortasun-eremuen barnean.

Inpaktu nagusiak, a priori, eraikinak eraistearenak lirateke; planaren hasierako aurreikuspenetan, 238 etxebizitza eraitsiko dira, hondakin kopuru handia sortuz. Eraispenak eta eraikin eraikuntza direla kausa, hazi egingo dira emisio atmosferikoak (zarata eta emisio lausoak). Obrak gauzatzeko fasea amaituta, eten egingo dira.

Ingurumen-ondorioak baloratuko dira indarrean dagoen HAPOan xedatutako egoerarekin alderatuta. Kontuan izanda hori eta eremuaren gaur egungo egoera, eta Planetik eratortzen diren jarduketen ezaugarriak, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, baita aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Dokumentua Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:

Landaredia babesteko neurriak.

Ahal dela, egungo berdeguneei eutsiko zaie, interesgarriak badira; esaterako, Peñascal auzoko mendi-hegalen gainaldeko harizti solteak.

Natura-interesekotzat jotako zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.

Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Planaren eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko bi kokalekurekin. Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

Horrela, aipatu ebazpenean ezarritako erabilera-mugak bete beharko dira, eta ebazpen hori eman beharko da lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat dagoen edo egon den lursailaren edo lursailen antolamendu xehea jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen, edo bitarteko horiek aldatu baino lehen, eta, ahal dela, prozedura horien hasierako faseetan. Hala ere, leku horretan guztian edo zati batean lurzoruaren kalitatea ikertzea eragozten duten egoerak gertatzen badira, kasuan kasuko antolamendu-bitartekoa behin betiko onartu ahal izango da, lurzoruaren kalitatearen deklaraziorik gabe. Kasu horretan, Hirigintzako Ekintzen Programari hasierako onespena eman aurretik egin beharko da adierazpen hori; edo, horrelako programarik ezean, lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

Kutsadura akustikoari loturiko neurriak.

Inpaktu akustikoa hauteman da kanpoaldean. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak aipatu kalitate akustikoko helburuak ez dira beteko.

Bilboko Udalak hiri-lurzoru osorako egin eta 2018ko ekainean onartutako Babes Akustiko Bereziko Eremuen (BABE) adierazpenean jasota dago. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo da garapen urbanistikorik gauzatu kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren eremuetan, alde batera utzi gabe arau horren 43. eta 46. artikuluetan ezarritakoa.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, eraispenetatik eta hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen da), eta itxita egon behar dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida argitalpenean adierazitako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Mugikortasun jasangarria.

Mugikortasun jasangarria bultzatu beharko da, eta, garraio pribatua erabili ordez, garraiobide jasangarrien erabilera sustatu.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, zehaztea ez dela aurreikusten Bilboko Iturrigorri eta Peñascal auzoetako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketak eragin garrantzitsurik izaterik ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Bilboko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, onartzen ez bada Bilboko Iturrigorri eta Peñascal auzoetako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 18a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala