Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2019ko abenduaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5632

AGINDUA, 2019ko azaroaren 22koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako 2020ko deialdia.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak gazteria-politikaren arloan eskumen osoa du. Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenaren eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenaren bidez, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari egokitzen zaio, besteak beste, gazteriari buruzko egitekoak eta jardun-arloak.

Euskadiko gazteen artean elkartasuna indartzeko xedearekin, eta kontuan hartuta Euskadiko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek azken urteotan hegoaldeko herriak garatzen laguntzeko bultzatu dituzten lankidetza-jarduerak, egokitzat jo da 1993. urtean eratutako Euskadiko Gazteak Lankidetzan programari jarraipena ematea, Gazteria Zuzendaritzaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez.

Euskadiko gazteak garapenerako elkarlanean sentsibilizatzea da aipatutako programaren xedea. Aurtengo ekitaldi honetan ere, Euskadiko gazteak lankidetzaren kontzeptura hurbiltzeko helburuari eutsiko dio gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko araubideari lotutako deialdi honek, era berean, ekintza horiek nola burutzen diren bertatik bertara ezagutzeko aukera emanez. Horretaz gainera, esperientzia hori informazio eta orientazio jardunaldi batzuen bidez zabaldu eta osatuko da.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako 2020ko ekitaldiko deia egitea eta bertan parte hartzeko modua arautzea. Programa horren bidez, 1990. eta 1998. urteen artean –bi urteok barne– jaiotako 100 pertsona gehienez hautatutako herrialde eta lankidetza-proiektu jakinetara joateko erraztasunak eman nahi dira. Pertsonok Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako 2019ko proiektuak aurkezteko garapen-lankidetzarako erakundeei dei egiteko Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2019ko azaroaren 20ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz hautatu ziren.

2.– Programaren kudeatzaile den Gazteria Zuzendaritzak izapidetuko ditu onuradunarentzako laguntzari dagozkion bidaia-txartelen kontratazioa eta gainerako prestazioak.

2. artikulua.– Zuzkidura.

Deialdi honetara, 175.000 euro bideratuko dira. 12. artikuluan zehaztutako gastuak osorik hartuko ditu programak bere gain.

3. artikulua.– Bete beharreko baldintzak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri bateko erroldan inskribatuta egotea oinarri hauek EHAAn argitaratu aurretik edo, bestela, euskal izaera politikoa izatea, Autonomia Estatutuaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– 1990. eta 1998. artean jaio izana –bi urteok barne–.

3.– Jarduera egingo den herrialdean hitz egiten duten nazioarteko hizkuntza jakitea.

4.– Adingabeekin harremana izatea ekarriko duten jarduerak aurreikusten dituen proiektua bada, ez dela sexu-arrazoiengatik kondenatua izan. Hori egiaztatzeko, halakorik ezeztatzen duen sexu-delitugileen erregistro zentralaren berariazko egiaztagiria beharko da, edo, atzerritarren kasuan, haren jatorrizko herrialdeak emandako pareko agiria. Halakorik existitzen ez bada, aurrekari penalen egiaztagiria, zeinetan sexu-delituei buruzkorik ez baita jasotzen.

5.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona fisiko zein juridikoek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenik ere, sexu-bereizkeriaren ziozko zigor administratibo edo penalak barne hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez (I. eranskina).

6.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak emateko eta, hala dagokionean, horiek ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du.

7.– Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako baldintzak bete behar ditu.

4. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea berrogei egunekoa izango da, agindu hau indarrean sartzen den egunetik hasita.

5. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira eta www.gazteaukera.euskadi.eus atari gaztean aurki daitekeen formulario elektronikoa bete beharko da.

2.– Aurre-hautatutako pertsonek, hautaketa-faseko topaketa baino lehen, agirien bidez egiaztatu beharko dituzte izen-emateko eskabidean zehaztutako merezimenduak.

6. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta, halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu, haren eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; dagokion ebazpena emango da aurrez, betiere.

7. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Parte-hartzaileen aurre-hautaketa proposatzeko eta, ondoren, azken hautaketa-proposamena egiteko, Hautaketa Batzordea eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteriako arduraduna, Batzordeburua izango da, eta, kalitateko botoa izanik, gerta litezkeen berdinketak ebatziko ditu.

– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako teknikari bat, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak izendatua.

– Euskadiko GGKEen Koordinakundeak proposatutako pertsona bat, Gazteria zuzendariak izendatua.

– Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak proposatutako pertsona bat, Gazteria zuzendariak izendatua.

– Garapenerako lankidetza-programetan diharduten Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek proposatutako hamar pertsona, gehienez, Gazteria zuzendariak izendatuak.

– Gazteriako teknikari bat, idazkari gisa jardungo duena hitzarekin baina botorik gabe, Gazteria zuzendariak izendatua.

2.– Batzordekideak abstenitu egingo dira edo errefusatu egin daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

3.– Hautaketa Batzordearen osaera Gazteria zuzendariaren berariazko ebazpen baten bitartez jakinaraziko da, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.

4.– Hautaketa Batzordeko kideek, 1. paragrafoaren arabera izendatuak, Euskadiko GGKEko Koordinakundeak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta garapenerako lankidetza-programetan diharduten Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek proposatuta, konpentsazio ekonomikoa jasoko dute Hautaketa Batzordearen bileretara joateko. Eguneko 100,00 euroko konpentsazioa izango da.

8. artikulua.– Hautaketa prozedura.

1.– Hautaketa prozedurak hiru fase ditu: aurre-hautaketa, hautaketa eta informazio-eta orientazio-aldia.

Batzordeak, aurre-hautaketa fasean, gehienez 220 parte-hartzaile proposatuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Euskadiko Gazteak Lankidetzan 2020ko programarako proiektuak aurkezteko garapen-lankidetzarako erakundeei dei egiten dien Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2019ko azaroaren 20ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz hautatu diren proiektuei gehien egokitzen zaizkien profilak dituztenak, hain zuzen. Aurre-hautatutako pertsona horiek bigarren fasean parte hartuko dute.

Batzordeak 50 ordezkari ere proposatuko ditu, bigarren fasean parte hartzeko aurre-hautatu diren pertsonek zeregin horri uko egin diotenerako. Norbaitek zereginari uko egiten badio, uko egin duen pertsonaren profila daukan eta puntu gehien duen ordezkoak parte hartuko du bigarren fasean.

Batzordeak honako ezaugarri hauek balioetsiko ditu:

a) Eskatzaileen titulazio akademikoetatik, lanbide kualifikazioetatik eta bestelako ikasketetatik, aurre-hautatutako lankidetza-proiektuei gehien egokitzen zaizkienak, % 30 gehienez.

Nahiz eta lanbide-eremu bat edo bestea baztertzailea ez den, hauek dira lankideek parte hartuko duten garapen proiektuetarako egokienak:

– Informatika.

– Ekonomia.

– Kontabilitatea.

– Medikuntza.

– Farmazia.

– Erizaintza.

– Erizaintzako zaintza osagarriak.

– Pedagogia.

– Monitoreak/Gizarte-heziketa.

– Sistema-ingeniaritza.

– Industria-ingeniaritza.

– Agronomia.

– Psikologia.

– Elebitasunean espezializatutako heziketa.

– Albaitaritza.

– Tornu/mekanika.

– Elektrizitatea.

– Zurgintza.

– Iturgintza.

– Gizarte lana.

– Industria-diseinua.

– Nutrizioa.

b) Garapen-lankidetzarekin lotutako prestakuntza: % 20, gehienez.

c) Garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bateko borondatezko kide izatea, % 20, gehienez.

d) Gazte-elkarte batekoa zein helburu soziala duen beste erakunde bateko borondatezko kide izatea, % 30, gehienez.

Batzordeak, egoki iritziz gero, elkarrizketa pertsonala egin diezaieke hautagaiei aipatutako gai horiei buruz eta bakoitzak aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

2.– Bigarren fasea edo hautaketa-fasea aurre-hautatutako pertsonekin egin beharreko topaketa da. Topaketa hiru egunekoa izango da, eta barnetegi batean egingo da, Gazteria Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintzetan; derrigorrezkoa da aurre-hautatutako pertsonentzat. Topaketa horretan, Batzordeak gehienez 100 lagun hautatuko ditu, haien puntuazioaren arabera, hirugarren fasera pasa daitezen.

Beste 50 ordezko ere hautatuko dira, norbaitek uko egingo balu ere. Norbaitek bere plazari uko egingo balio, uko egin duenaren profil bera duen eta puntu gehien duen ordezko batek hartuko du titulartasuna. Hautaketaren hirugarren fasea amaitu ondoren egingo balio uko plazari, fase horretan parte hartzetik salbuetsita egongo litzateke ordezkoa.

Fase honetan, honako ezaugarri hauek baloratuko dira:

a) Aurre-hautatutako pertsonaren egokitasuna, burututako dinamiken emaitza aintzat harturik, eta topaketa horretan egindako elkarrizketa, % 50 gehienez. Gaitasun hauek baloratuko dira:

– Autogestiorako gaitasunak, % 20 gehienez: ekimena eta autonomia; malgutasuna; arazoak aztertu eta ebaztea; ikasteko eta negoziatzeko gaitasuna. Pertsona mugitzen den inguruan lan eraginkorra, antolatua eta baikorra garatzea ahalbidetzen diote gaitasun-mota horiek pertsonari.

– Komunikazio- eta harreman-gaitasunak, % 20 gehienez: pertsona arteko komunikazioa; talde-lana; trebetasuna eta zuhurtzia. Gogobeteko harreman pertsonalak eta profesionalak izatea ahalbidetzen diote boluntarioari bere egitekoetan diharduela, eta, halaber, egoera konplexuak edo zailak kudeatzea ahalbidetzen diote besteekiko interrelazioan.

– Antolaketa-gaitasunak, % 10 gehienez: fidagarritasun teknikoa eta pertsonala; ekimenetan buru izateko gaitasuna; antolaketa eta plangintza. Norbere lanaren eraginkortasunarekin eta inguru konplexuago, zabalago bateko eta besteei eragiten dien kudeaketa-lanarekin zerikusia duten gaitasunak dira.

b) Aurre-hautatutako pertsonaren profila zenbateraino egokitzen zaien Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2019ko azaroaren 20ko Aginduaren babespean hautatutako lankidetza-proiektuen ezaugarriei, barne hartuta ekintzotan integratzeko duten astia, % 50 gehienez.

3.– Hirugarren fasea edo informazio-eta orientazio-fasea hautatutako pertsonekin egin beharreko topaketa da. Topaketa bi egunekoa izango da, eta barnetegi batean egingo da, Gazteria Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintzetan; derrigorrezkoa da hautatutako pertsonentzat. Bertan, programan esku-hartzen duten GGKEen parte-hartzea izango da, eta lankide boluntario moduan burutuko dituzten lankidetza-proiektuen gaineko informazioa eta orientazioa emango zaie hautatutako pertsonei.

4.– Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu topaketa horietan sor litezkeen ostatu- eta mantenu-gastuak; aitzitik, ez ditu ordainduko topaketetara joateko eskaintzen dituen garraiobide eta ibilbideak erabiltzen ez dituzten pertsonen garraio-gastuak.

9. artikulua.– Aurrehautaketa fasearen ebazpena.

1.– Batzordeak egindako aurre-hautaketarako proposamena ikusita, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria zuzendariak ebazpena emango du zazpi egun balioduneko epean, Batzordeak dagokion aurre-hautaketarako proposamenaren berri ematen dionetik hasita. Ebazpen horretan, hautaketa-fasea egiteko aurre-hautatu ez diren eta aurre-hautatu diren parte-hartzaileen zerrenda jasoko da, baita fase hori burutzeko eguna eta lekua ere.

2.– Aurre-hautatutako pertsonen zerrendak www.gazteaukera.euskadi.eus atari gaztean jarriko dira ikusgai. Ulertuko da zerrenda horietan agertzen ez diren pertsonak ez daudela aurre-hautatuta.

10. artikulua.– Hautaketa prozeduraren ebazpena.

1.– Hautaketa-prozeduraren bigarren fasean aurreikusitako topaketa bukatuta (aurre-hautatutako pertsona guztiei zuzendua), Batzordeak bere iritziz egokienak diren gazteak proposatuko dizkio Gazteria zuzendariari. Gehienez, 100 gazte hautatuko dira, baita 50 ordezko ere, 8.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Batzordearen proposamena jasota, Gazteria zuzendariak ebazpena emango du; bertan, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako lankidetza-ekintzetan parte hartzeko hautatutako gazteen zerrenda adieraziko du. Ebazpen horretan, hautatu ez diren gazteen zerrenda ere agertuko da.

2.– Lankidetza jarduera, ahal dela, uztailetik aurrera egingo da, eta hiru bat hilabeteko iraupena izango du, salbu eta aparteko kasuetan, jardueraren tutore den GGKE bakoitzarekin adostutako baldintzen arabera.

3.– Gazteriako zuzendariak emandako ebazpena, non jasotzen baita Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako lankidetza-ekintzetan parte hartzeko hautatu diren eta hautatu ez diren pertsonen zerrenda, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera sei hilabeteko gehienezko epean. Epe hori pasata ez bada ebazpenik jakinarazi, eskaerak ezetsi zaizkiela ulertu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gorako errekurtsoa jar dakioke Enplegu eta Gazteriako sailburuordeari, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

5.– Hautatutako pertsonen zerrenda www.gazteaukera.euskadi.eus atari gaztean jarriko dira ikusgai.

11. artikulua.– Lankidearen konpromisoak.

Garapen lankidetzako jardueran parte hartzeko aukeratutako gazte bakoitzak, aldez aurretik, Gazteria Zuzendaritzan aurkeztuko duen agirian, honako hauek beteko dituela hitz emango du:

a) Destinoko herrietan esperientzia hasi aurretik, GGKE tutoreak antolatutako prestakuntza-fasean parte hartuko du.

b) Bete beharreko jarduerak eskatzen duen bizimodura moldatuko da.

c) Jarduera egin behar den herrialdean egongo da, esperientzia-aldia bukatu arte.

d) Osasunari buruz emandako aholku guztiak beteko ditu.

e) Esperientzia-aldia bukatu ondoren, balorazio txostena aurkeztuko du; bertan, bizi izandako jarduera nolakoa izan den eta nola burutu den azalduko du, eta, aurrerantzean antolatzen diren beste proiektu batzuetarako, akatsak eta hutsuneak nola konpon daitezkeen zehaztuko du.

f) Aurtengo egitasmoa amaitu ondoren, esperientzia bakoitzaren eta programaren garapenaren ebaluazio-jardunaldietan parte hartuko du.

g) Urtebetez, GGKEek nahiz Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Gazteria Zuzendaritzak antolatutako sentsibilizazio-jardueretan parte hartzeko prest egongo da.

h) Gutxienez 30 ordu eskainiko dizkio GGKE tutoreari, lankidea bueltan iritsi eta biharamunetik hasita 30 eguneko epean.

i) Aplikatzekoak zaizkion Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotzen diren betebeharrak beteko ditu.

12. artikulua.– Ordainduko diren gastuak.

Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu destinoko herrialdeko garapenerako gobernuz kanpoko erakundearekin elkartu arteko joan-etorriko bidaia-gastu guztiak, herrialde horretara joateko behar den bisa barne. Halaber, Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu hautatutako parte-hartzaile bakoitzarentzako aseguruak: erantzukizun zibilari eta istripuei aurre egiteko asegurua eta bidaiako laguntzako asegurua.

13. artikulua.– Arauak onartzea.

Esperientzia honetan parte hartzeak berari dagozkion arau guztiak onartzea dakar. Boluntarioaren partaidetza, batez ere, berari egokitutako proiektuan garatzen diren zereginetan gauzatuko da, baita itzulitakoan ere, zeren eta 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, GGKEek nahiz Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Gazteria Zuzendaritzak antolatzen dituzten ekintzetan parte hartuko baitute.

14. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzeko prozedura.

Dirua itzultzeko arrazoi izango da onuradunek ez betetzea agindu honetan aurreikusitako eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako baldintzak.

Holakoren bat ikusten bada, jasotako kopuruak eta sortutako berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari, hala agintzen baitute azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena–.

15. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasun eza.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak beste edozein erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako bestelako dirulaguntza edo diru-sarrerekin. Hona gainfinantzaketatzat zer ulertzen den: helburu bererako jasotako diru-sarrera. Gainfinantzaketa gertatuz gero, eman beharreko dirulaguntzatik murriztu egingo da dagokion kopurua, gehienezko mugara iritsi arte.

16. artikulua.– Kudeaketa.

Gazteria Zuzendaritzari dagozkio agindu honen bidez deitutako programa kudeatzeko lanak.

17. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Eskaeran jasota dauden izaera pertsonaleko datuak tratatu eta jarraian izendatzen den tratamendu jarduerara gehituko dira: Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programak.

– Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza.

– Helburua: Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programetako partaideen datuen kudeaketa. Baimenak eta laguntzak izapidetzea.

– Legitimazioa: Interes publikoa. Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 3/1979 Lege Organikoa eta 27/83 Legea EAE eta Lurralde Historikoetako foruzko jardute-erakundeen arteko harremanei buruzkoa.

– Hartzaileak: elkarteak eta irabazi asmorik gabeko erakundeak, Europar Batasuneko organoak, estatuko administrazioko beste organo batzuk, toki-administrazioko organoak eta EAEko beste organo batzuk.

– Eskubideak: erabiltzaileak eskubidea du datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko eta ezabatzeko, baita informazio osagarrian jasotzen diren eskubideak ere.

– Informazio osagarria: datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza kontsulta daiteke gure web orrian. https://www.euskadi.eus/dbao/0127904

Indarrean dagoen araudia:

– Datuak babesteko erregelamendu orokorra https://www.boe.es/doue/2016/119/L00001-00088.pdf

– Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa https://www.boe.es/boe/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673.pdf

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egoki egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 22a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala