Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2019ko abenduaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5622

ERABAKIA, 2019ko azaroaren 5ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarena: berrestea UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen negoziazio batzordeen 2019ko urriaren 28ko Akordioa, adingabeak zaintzeagatiko kontziliazio baimenak baliokidetzeari buruzkoa.

6/2019 Legegintzako Errege Dekretuak, martxoaren 1ekoak, lanean dauden emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzkoak, aldatu egin ditu erditze, aitatasun, adopzio, harrera, adopziorako zaintza eta edoskitze kasuetarako baimenak.

UPV/EHUren III. Berdintasun Planak, 4.3.5 atalean, honako hau dio: plan hau indarrean dagoen bitartean, apurka-apurka aitatasun baimena ezartzea; hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hemen zehaztutakoa hobetzen duen neurririk onartuz gero, UPV/EHUk bat egingo du hobekuntza horrekin.

2019ko irailaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren Akordioaren bidez, onartu zen baliokidetzea ama biologikoarentzako jaiotzagatiko baimenak, adopzio, eta adopzio edo harrerarako zaintza kasuetan; bai eta ama biologikoa ez den gurasoarentzako baimena ere, jaiotza, adopzio eta adopzio edo harrerarako zaintza kasuetan.

Negoziazio kolektiborako eskubidea gauzatuz, adingabeak zaintzeagatiko kontziliazio baimenak baliokidetzeari buruzko akordioa sinatu zuten AZP eta IRIen negoziazio batzordeek 2019ko urriaren 28ko bilera bateratuan.

Akordioan jasota dago Gobernu Kontseiluak berretsi behar duela akordioa.

Adierazitakoagatik guztiagatik, eta gerenteak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Berrestea irakasle-ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen negoziazio batzordeen 2019ko urriaren 28ko Akordioa, adingabeak zaintzeagatiko kontziliazio baimenak baliokidetzeari buruzkoa, eranskinean jasota dagoen moduan.

Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean hasiko da ondorioak sortzen eta interesatuek haren aurka aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango dute zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Leioa, 2019ko azaroaren 5a.

Errektorea,

NEKANE BALLUERKA LASA.

Idazkari nagusia,

PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.

ERABAKIA, 2019ko URRIAREN 28koa, AZPko LANGILEEN ETA IRAKASLE-IKERTZAILEEN NEGOZIAZIO BATZORDEENA, ADINGABEAK ZAINTZEAGATIKO KONTZILIAZIO BAIMENAK BALIOKIDETZEARI BURUZKOA

I.– Hitzaurrea.

6/2019 Legegintzako Errege Dekretua, martxoaren 1ekoa, lanean dauden emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzkoa, indarrean sartzearekin batera aldatu egin dira erditze, aitatasun, adopzio, harrera, adopziorako zaintza eta edoskitze kasuetarako baimenak. Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bateratuak (EPOELTB), urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutakoak, bere idazkera berrian, ama biologikoa ez den beste gurasoaren baimenaren baliokidetzea ezartzen du seme edo alaba baten jaiotza, adopziorako zaintza, harrera edo adopzio kasuetarako; baimenak hamasei asteko iraupena izango du, eta horien artetik, hura eragin duen gertaeraren ondorengo sei asteak nahitaezko atsedena hartzeko izango dira (49.c artikulua). Bestalde, 2019ko irailaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren Akordioaren bidez ama biologikoarentzako jaiotzagatiko baimenak baliokidetzea onartu zen, adopzio, eta adopzio edo harrerarako zaintza kasuetan, eta ama biologikoa ez den gurasoarentzako baimenak, berriz, jaiotza, adopzio eta adopzio edo harrerarako zaintza kasuetan, 18 asteko iraupenez. UPV/EHUk bere egiten du Eusko Jaurlaritzak egindako hobekuntza, Unibertsitatearen III. Berdintasun Planaren 4.3.5 atalean aurreikusi bezala.

Bi gurasoen erantzunkidetasuna ardatz hartuta, UPV/EHUk bere baliokidetze proposamena egin du, eta horren bidez, batera ematen diren eskubide guztiak modurik justu eta bidezkoenean uztartzen saiatu da. Alde batetik, eta lehentasuna emanez, adingabeen eskubidea beren gurasoek ahalik eta eperik luzeenean zaindu dezaten, harik eta hamabi hilabete egin arte. Bigarrenik, ama biologikoaren, adoptatzailearen edo harreragilearen eskubidea, batik bat jaiotza biologikoen kasuetan, haren osasun egoera ahulak eskatzen dituen zaintza guztiak jasotzera, erditzearen ondorengo hasierako une delikatuetan. Hirugarrenik, ama biologikoa, adoptatzailea edo harreragilea ez den gurasoaren eskubidea adingabearen zaintzan harekin batera parte hartzera, benetako berdintasunean. Hori guztia, unibertsitateko zerbitzuen funtzionamendu egokia mantentzeko ahalegina eginez, bereziki, irakaskuntzari dagokionez; hala, irakaskuntza kalitatezkoa eta egonkorra jasotzeko ikasleen eskubidea bermatuko da, eta UPV/EHUri aukera emango zaio irakasleak ordezkatzeko erregimena arautzeko ahalik eta modurik jasangarrienean.

Horretarako, unibertsitateak beharrezkotzat jotzen du bi gurasoen baimenak baliokidetzea, bakoitzak 18 asteko iraupenarekin; lehenengo sei asteak baimena eragin duen gertaeraren ondokoak izango dira, eta etenik gabe hartuko dituzte bi gurasoek aldi berean. Ondorengo hamabi asteak elkarren segidan hartu beharko dira, etenekin edo etenik gabe; horrela, bi gurasoek adingabeak ahalik eta denbora gehienean zaintzen dituztela bermatuko da, hamabi hilabete egin arte, eta bi gurasoen erantzunkidetasuna bultzatuko da, baldintza berdintasunean.

Jaiotza, adopzio, ama biologikoa ez den gurasoen, eta edoskitze kasuetan emandako baimenei dagokienez, administrazio publikoetan lanean diharduten lan kontratupeko langileak Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan aurreikusitakoaren arabera arautuko dira, eta ez zaizkie aplikatuko, orain arte bezala, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateratuaren aurreikuspenak, gertakari berberengatik legozkiekeen aldietan lan kontratuak eteteari dagokienez. Horiek horrela, erabaki honen edukiak UPV/EHUko lan kontratudun langileei eta funtzionarioei egiten die erreferentzia.

II.– Xedea.

Erabaki honen helburua da UPV/EHUn adingabeak zaintzeagatiko kontziliazio baimenen baliokidetzea arautzea.

a) Jaiotzagatiko baimena ama biologikoarentzat (lehen erditzeagatiko baimena zena).

b) Adopzio baimena eta aldi baterako nahiz behin betiko adopzio edo harrerarako zaintza baimena.

c) Ama biologikoa ez den gurasoarentzako baimena, seme edo alaba baten jaiotza, adopzio, eta adopzio edo harrera kasuetan.

Era berean, 12 hilabete baino gutxiagoko seme edo alabaren edoskitzeagatiko baimenaren alderdi zehatzak arautzen dira, EPOELTBren 48.f) artikuluan emandako idazketaren arabera.

III.– Ama biologikoarentzako jaiotzagatiko baimenen iraupenaren baliokidetzea, adopzio eta aldi baterako nahiz behin betiko adopzio edo harrera kasuetan, eta ama biologikoa ez den gurasoaren baimenena, seme edo alaba baten jaiotza, adopziorako zaintza, adopzio edo harrera kasuetan.

Horri lotutako oinarrizko araudiak gaiari buruz ezarritakoa eragotzi gabe, adingabearen gurasoek, adoptatzaileek edo zaintzaileek, haien sexua edozein dela ere, jaiotza, adopzio eta adopzio edo harrerarako zaintza kasuetan 18 asteko baimena hartzeko eskubidea izango dute 2019ko irailaren 1etik aurrera. 18 aste horiek hobetu ahal izango dira honako suposamendu hauetan:

– Bi aste gehiago, jaiotako, adoptatutako edo harreran hartutako adingabeak ezgaitasunen bat edukiz gero.

– Bi aste gehiago, seme edo alaba bakoitzeko, erditze, adopzio edo adopzio edo harrerarako zaintza anizkoitzen kasuetan. Luzapen horren iraupena berdin banatuko da gurasoen artean, eta elkarren segidan hartuko dute.

Aurreko bi suposamenduak aldi berean ematen badira, bi luzapenak batuko dira, elkarrekiko baztertzaileak izan gabe.

Erditze goiztiarra izan denean eta, edozer dela eta, erditzearen ondoren neonatoak ospitalean geratu behar duenean, etenaldia ospitaleko altaren datatik aurrera zenbatu ahal izango da, ama biologikoak edo beste gurasoak hala eskatzen badu. Zenbaketa horretatik kanpo geratuko dira erditzearen ondorengo sei asteak, ama biologikoaren kontratua nahitaez eteteari dagozkionak.

Pisu faltagatiko erditze goiztiarra izan denean eta, egoera kliniko baten eraginez, neonatoak erditzearen ondoren 7 egunez baino gehiagoz ospitalean geratu behar duenean, etenaldia jaioberria ospitalean igarotako adina egunez luzatuko da, gehienez ere hamahiru astera arte, eta araudien bidez ezarritako baldintzetan.

Semea edo alaba hiltzen bada, etenaldia ez da murriztuko, non eta, nahitaezko atsedenaldiaren sei asteak igaro ondoren, berriro lanean hastea eskatzen ez den.

Estatuko oinarrizko araudiak eta Eusko Jaurlaritzarenak 2021. urterako ama biologikoarentzako jaiotzagatiko baimenarekin baliokidetzea aurreikusten duenez, hurrengo laukian nahitaezko asteen, borondatezko asteen eta UPV/EHUrentzako hobekuntzen iraupenak jasotzen dira.

(Ikus .PDF)

IV.– Baliokidetutako baimenak hartzea.

Lehen aipatutako baimenak transferiezinak dira, eta honela gauzatuko dira:

Nahitaezko zatia

(Ikus .PDF)

Etenik gabe hartuko da, jaiotza dataren edo adopzioa edo adopzio edo harrerako zaintza eratzen duen erabaki judizial edo administratiboaren hurrengo egunetik aurrera.

Borondatezko zatia,

(Ikus .PDF)

Aste hauek modu hauetakoren batean hartu ahal izango dira:

a) Etenik gabe, baimenaren aste guztiak agortu arte. Suposamendu hau nahitaezkoa izango da kasu hauetan:

– Bi gurasoetako batek edo adoptatzaile, zaintzaile edo hartzaile batek etxetik kanpo lan egiten ez duenean.

– Adopzioan edo harreran hartutako adingabeak 12 hilabete baino gehiago dituen adopzio, zaintza edo harrera kasuetan.

Modalitate honetan, gurasoen edo adoptatzaile, zaintzaile edo hartzaileen baimenak elkarren segidan hartuko dira, eta bi baimenak ezingo dira aldi berean hartu.

b) Etenekin. Etenekin egiten den kasuetan, baimena asteka hartuko da, semeak edo alabak hamabi hilabete betetzen dituen arte, eta baimenaren hasiera une hauetakoren batean izango da:

– Ama biologikoaren kasuan: nahi duenean, behin sei asteko nahitaezko atsedenaldia amaituta.

– Beste gurasoaren kasuan:

● bai ama biologikoaren nahitaezko atsedenaldia amaitzen denean, baina baimen hau eta ama biologikoarena aldi berean hartzeko aukera izan gabe.

● Bai ama biologikoaren edo beste adoptatzaile edo zaintzailearen baimena amaitu ondoren (hobekuntza asteak barne hartuta).

● baldin eta, jaiotzagatiko baimenaren ondoren, ama biologikoak, adoptatzaileak edo hartzaileak seme edo alabaren edoskitzeagatiko denbora lanaldi osotan metatzeko eskatu badu, gainerako asteak aldi hori amaitzen denean hasiko dira zenbatzen.

Baimena etenerako kasuetan, aldi bakoitzerako 15 eguneko aurre-abisu ezeztaezin bat eskatu beharko da, eta baimena asteka hartu beharko da.

UPV/EHUk hobetutako zatia

(Ikus .PDF)

Hobekuntzaren zatia etenik gabe hartu beharko da, eta borondatezko zatia amaitu eta berehala, azken horren iraupena zenbatekoa den albo batera utzita.

Hobekuntza hau etenik gabe hartzeari dagokionez, salbuetsita geratuko dira kontratuen edo izendapenen iraupengatik baimena etenik gabe hartzea ezinezko egiten duten egoerak; horrelakoetan, hurrengo kontratu edo izendapenetan hobekuntza zatiari jarraipena eman beharko zaio, harik eta agortzen den arte, betiere semea edo alaba hamabi hilabete bete aurretik.

Alderdi orokorrak

– Aurrez abisatutako baimena hartzen hasi aurretik lan istripuren bat gertatuz gero, baimena atzeratu ahal izango da, semeak edo alabak hamabi hilabete bete aurretik gertatu bada.

– Hartu beharreko asteak zehazteko, edonola ere, gertaeraren data erreferentziatzat hartuko da; hala, dagokion baimenaren epea amaitu aurretik berriro lanean hasiz gero, jatorrizko esparruaren lan baldintzak mantenduko dira, Erabaki honetan ezarritakoaren arabera legozkiokeen gehieneko asteen mugarekin.

– Ama biologikoaren heriotzaren kasuan, beste gurasoak oinarrizko araudiak onartutako baimen osoa edo, hala behar bada, geratzen den baimenaren zatia hartzeko eskubidea izango du.

Era berean, etenekin hartutako borondatezko zatiaren asteen ordainketa ez da gauzatuko harik eta baimen osoa agortu arte, Erakunde Kudeatzaileak jaiotza eta adingabea zaintzeagatiko ordainketak kudeatzeko, izapidetzeko eta ordaintzeko beharrezkoak diren aplikatiboak egiten ez dituen bitartean.

V.– Baliokidetutako baimenak denbora partzialean hartzea.

III. atalean aipatutako baimenak denbora partzialean hartu ahal izango dira, baldin eta zerbitzuaren beharrek horretarako aukera ematen badute; hori dela eta, aukera hau indibidualki adostu beharko da. Denbora partzialean hartzeko aukera ukatuz gero, dagokion organoak txosten bat igorri beharko du, dagokion akordio erregulatzaile edo hitzarmenetan ezarritakoaren arabera. Edonola ere, baimena denbora partzialean hartzeko aukerak indarrean diren lan baldintzen akordio erregulatzaileetan eta hitzarmenetan aurreikusitako horietara mugatu beharko dira.

VI.– 12 hilabete baino gutxiagoko seme edo alaba baten edoskitzeagatiko baimena.

Baimen hau langile publikoen banakako eskubide bat da, eta horren erabilera ezingo zaio transferitu beste gurasoari, adoptatzaileari, zaintzaileari edo hartzaileari; edonola ere, semeak edo alabak urtebete egin aurretik hartu beharko da. Baldin eta, bi gurasoak edo bi adoptatzaileak, zaintzaileak edo hartzaileak langile publikoak badira, baimena horietako batek bakarrik hartu ahal izango du. Etenik gabe hartutako baimena edo nahitaezko aldia osorik amaitzen denean, baimen etena hartzea aukeratu bada –gero ezingo dela aldatu kontuan hartuta–, honako modalitate hauetarakoren bat hautatu ahal izango da:

– Ordubete lanetik kanpo, bi frakzioetan banatzeko aukerarekin.

– Lanaldi arruntaren murrizketa bat, akordio edo hitzarmen aplikagarri bakoitzean ezarritakoaren arabera.

– Edoskitze denboraren ordez ordaindutako baimen bat hartzea, dagokion denbora lanaldi osotan metatuko duena. Modalitate hori nahitaezko baimena amaitu aurretik eskatu beharko da, eta soilik hartu ahal izango da jaiotza, adopzio, zaintza edo harrera baimena edo ama biologikoa ez den gurasoaren baimena amaitzen denean, edo bestela, haurra jaiotzen denetik, aipatutako baimenetan bildutako denbora baliokidea igaro denean (18 aste, oro har).

Baimen hori proportzionalki handituko da erditze, adopzio eta adopzio edo harrerarako zaintza anizkoitzen kasuetan.

VII.– Mufacen sartutako langileak.

Mufaceen sartutako langileei erabaki honen aurreikuspenak aplikatuko zaizkie, honako alderdi hauetan: alde batetik, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean sartutako langileentzako nahitaezko eta borondatezko zatiak hartzeko baldintzak, eta, bestetik, UPV/EHUren hobekuntzaren zatian ezarritako baldintzak.

VIII.– Jarraipen batzordea.

Sinatzaileek jarraipena, interpretazioa eta aplikazio zuzena egiteko eskumena izango dute.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Epe bat irekiko da, aurreko akordioen araberako baimena hartzen ari diren pertsonek beren egoera erregularizatu dezaten.

AZKEN XEDAPENA

Akordio hau, eraginkorra izan dadin, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du, eta Euskal Herriko Agintarien Aldizkarian argitaratu beharko da, eta hitzarmen kolektibo bakoitzaren (lan kontratudun IRIak eta AZPkoak) edo lan baldintzak arautzeko hitzarmenaren (langile funtzionarioak) esparrura eramango da.


Azterketa dokumentala