Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2019ko abenduaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5621

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 18koa, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariarena, Euskadiko kirol federazioen 2019ko kirol programetarako aurkeztutako dirulaguntza eskaerak ebazten dituena.

AURREKARIAK

1.– Honako lege-xedapen hauetan ezarritakoaren babesean aurkeztutako eskaerak ikusi dira: Euskadiko kirol federazioetarako kirol programen gaineko dirulaguntzak emateko modua arautzen duen abenduaren 26ko 287/2000 Dekretua eta Euskadiko Kirol Federazioen 2019ko kirol-programetarako dirulaguntzak emateko modua arautzen duen 2019ko apirilaren 17ko Agindua.

2.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2019ko apirilaren 17ko Agindua eta goian aipatutako dekretuaren 7.1 artikulua kontuan izanda, Kalifikazio-Batzordeak Gasteizen 2019ko irailaren 19an bildu eta aurkeztutako eskaeren gaineko ebazpen-proposamena egin zuen, ondoren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariari aurkeztu ziona.

Horiek horrela, eta Kalifikazio Batzordeak egindako ebazpen-proposamena ikusirik, aipatu dekretuak 7.2 artikuluan ematen didan ahalmena erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eranskinean jasota dauden Euskadiko Federazioei bertan zehazten diren kopuruko dirulaguntzak ematea. Kopuru horiek urteko gehienezko dirulaguntzarenak dira, hau da, lehen aipaturiko dekretuaren 5. artikuluak ordaintzeko moduari buruz ezarritakoari jarraituz 2019. urteko dirulaguntzaren kontura federazioek aldez aurretik jaso dituzten diru-kopuruak horren barruan direla ulertuko da. Aipatutako dirulaguntzak finantzatzeko, guztira 2.445.000,00 euro bideratu dira.

Bigarrena.– Aipatutako aginduaren 6.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskadiko kirol federazioen kirol-programak finantzatzeko dirulaguntzak zati batean ordainduko dira. Horretarako, emandako dirulaguntza osoari aldez aurretik emandako kopuruak kendu ondoren geratzen den kopurua ordainduko da, betiere aldez aurretik emandako diru kopuruak justifikatu ondoren.

Hirugarrena.– Dirulaguntzaren bat jaso duten federazioek diru hori 2019ko apirilaren 17ko Aginduan eta dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako helburuetarako erabili dela egiaztatu eta justifikatu behar dute 2020ko otsailaren 15a baino lehenago. Horretarako, ondoren jasotzen diren agiriak aurkeztuko dituzte:

a) 2019ko aurrekontuaren likidazioa, Batzar Nagusiak onartua.

b) Burututako kirol-proiektuari buruzko memoria zehatza. Horrekin batera, eskabidean zehaztutako jarduerak burutu direla erakusteko dokumentazioa aurkeztu behar da.

c) Helburu bererako beste dirulaguntzaren bat jaso bada eta deialdi honetarako eskaera aurkeztu.

d) Egindako gastuak fakturak eta ordainketa-ziurtagiriak aurkeztuz justifikatzea.

e) Eskabidearekin batera, bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko konpromisoa aurkeztu duten federazioei dagokienez, konpromiso hori betetzen dela erakusten duten agirien aleak.

Dokumentazio guztia bide telematikoen bitartez aurkeztuko da.

Laugarrena.– Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du. Hala badagokio, ebazpen horretan bertan jasoko da, dagoeneko ordainduta egon arren, itzuli beharreko kopurua. Kopurua itzuli beharra izanez gero, bi hileko epea egongo da hori egiteko, likidazio-ebazpena jasotzen den egunetik zenbatzen hasita.

Bosgarrena.– Hauek dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza 287/2000 Dekretuan aurreikusitako jarduerak egiteko barik, beste batzuk egiteko erabiltzea.

b) Emandako dirulaguntza ez justifikatzea.

c) Aurkeztutako eskaeran edo dokumentazioan jasotako edozein datu egiazkoa ez izatea.

d) Kirol Federazioak ez jakinaraztea Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari kirol programak egiteko beste laguntza batzuk jaso dituela.

e) Bestelakoren bat, baldin eta ezargarri den bestelako xedapenen batean ezarritakoaren aurka badoa.

Dirulaguntza ematea ebatzi zenean hori egiteko kontuan izan ziren baldintzaren bat ez dela bete egiaztatzen bada, jasotako diru-kopuru eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari, bai azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, bai abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezartzen dutenaren arabera eta modu-moduan.

Seigarrena.– Honako ebazpen hau interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio.

Zazpigarrena.– Dirulaguntza guztiak eta onuradunak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen eta, horrenbestez, badago gorako errekurtsoa aurkezterik Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, erabakia jasotzen den hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean, hala adierazten baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 18a.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria,

JON REDONDO LERTXUNDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana