Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2019ko azaroaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5462

AGINDUA, 2019ko azaroaren 19koa, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuarena, 2019an eta 2020an hizkuntza eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko lau bekatarako deialdia arautzen eta onartzen duena.

Genero-ikuspuntua txertatzea nazioartean eta Europan gomendatzen diren lan-estrategietako bat ez ezik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko euskal herri-aginteen jarduera zuzendu eta orientatu behar duten printzipio orokorretako bat ere bada, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.4 artikuluari jarraiki. Artikuluak honakoa dio: Euskal herri-aginteek genero-ikuspegia txertatu behar dute beren politika eta ekintza guztietan, halako moduz non horietan guztietan ezberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburu orokorra ezarriko duten.

Lege honen ondorioetarako, honako hau da genero-ikuspegia txertatzea: emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan kontuan hartzea, eta, horretarako, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko helburu eta jarduketa zehatzak txertatzea politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza-, egikaritze eta ebaluazio-fase guztietan.

Era berean, kontuan hartu behar da Legearen II. kapituluan estatistikei eta azterlanei buruz jasotakoa, eta, zehazki, 16. artikuluan estatistiken eta azterlanen egokitzapenari buruz ezarritakoa: genero-ikuspegia eguneroko jardueran benetan integratzen dela bermatzeko, euskal herri-aginteek beren azterlanak eta estatistikak egiterakoan hainbat neurri hartu behar dituzte. Eta horien artean azpimarratzen ditugu honako artikuluak: 16.b «Estatistikako eragiketetan adierazle berriak ezarri eta sartu, hain zuzen ere emakumeen eta gizonen balio, rol, egoera, baldintza, jomuga eta beharretan dauden aldeak, horien guztien adierazpena eta aztertuko den errealitatearekin duten elkarreragina hobeto ezagutzea posible egiteko»; 16.e «esku-hartzearen eremu ezberdinetan emakumeek eta gizonek bizi dituzten egoera, baldintza, jomuga eta premia ezberdinen berri edukitzea».

Era berean emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 15.1 artikuluan jasotakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak plan orokor bat onartu behar du legegintzaldi bakoitzean. Plan orokor hori EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana da, Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an onartua. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana euskal herri-aginteen jarduera zuzentzeko dokumentua da, legegintzaldi honetan emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan aurrera egiteko. Bide horretan, eta 4/2005 legearen 15. Artikuluaren arabera, plan orokorraren jarraibideak eta gidalerroak garatzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren sail bakoitzak bere planak edo jarduketa-programak egingo ditu. Beraz Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailari dagokio esku hartzeko estrategiak definitzea, berdintasun-politikak gauzatzeko bere eskumen-esparruan.

Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2018an onartu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana, eta bertan biltzen dira sailak legealdi honetan berdintasunaren alorrean sustatuko dituen politiken gida-lerroak. Gida-lerro horiek EAEko VII. Berdintasun Planean eta 4/2005 Berdintasunerako Legean oinarrituta daude. Saileko Planak, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari dagokionez, hainbat helburu eta konpromiso ezartzen ditu, horien artean honako hauek azpimarratu nahi ditugu:

– 7. Helburua: azterketa soziolinguistikoan genero ikuspegia txertatu eta generoaren eta hizkuntzaren inguruko ikerketak sustatu

– 8. helburua: Berdintasun politiken (Feminismoaren) eta hizkuntza politiken (euskalgintzaren) ezagutza eta praktiken uztarketarako lagungarri izango den marko teorikoa, diskurtsoa, eztabaida guneak eta ezagupena eraiki.

Legegintzaldi honetan bi helburu horiek lortzeko, hainbat jarduera burutu izan dira. Horien artean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egun dituen tresna estatistikoak aztertu dira eta proposamenak eta genero ikuspegia txertatzeko egokitzapenak egin dira. Baina ditugun tresnak egokitzea nahiko ez dela antzematen dugu. Genero eta hizkuntzaren ezagutza markoa osatzea eta indartzea beharrezkoa dela pentsatzen dugu. Marko horrek balio behar du emakumeen eta gizonen balio, rol, egoera, baldintza, jomuga eta beharretan dauden aldeak antzemateko eta horien guztien adierazpenak hizkuntzarekin duen elkarreragina hobeto ezagutzeko.

Ezagutza-marko berri hori eraikitzeko, honako ildoetan ikertzea ezinbestekoa jotzen dugu: hizkuntza gutxituaren biziberritze-prozesuak generoari nola eragiten dion ulertzeko ikerketak; generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren hizkuntza gutxituaren biziberritze-prozesuei buruzko ikerketak; hainbat eremutan (hezkuntza, lan mundua, familia, aisialdia eta kirola...) generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpusen, komunikazioen edo-eta diskurtsoen azterketak; eta azkenik, hizkuntza gutxituaren biziberritzean emakumeek izan duten paperari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea baliatuz edo-eta ikerketa bibliografikoak eginez).

Ezagupen horiek uztartzen dituzten azterlanak garatzea eta zabaltzea funtsezkoa da eztabaida publikorako eta erabaki politikoak hartzeko, are gehiago genero-ikuspegia, gainerako eremuetan bezala, hizkuntza-politikan txertatu nahi badugu. Politikak planifikatzeko, abiarazteko eta ebaluatzeko erantzukizun politikoa eta teknikoa dutenen artean lan horiek hedatzea onuragarria da, lan-tresna garrantzitsuak izango direlako hizkuntzari eta generoari buruzko alderdiei ekiteko, alderdi horiek aztertzeko eta normalizaziorantz aurrerapausoak emateko neurriak proposatzeko. Gainera, beka-modalitatearen bidezko sustapen-jarduerak onuradunen ibilbide profesionala eta prestakuntza garatzea ahalbidetzen du.

82/2017 Dekretuak, apirilaren 11koak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du. Bertan adierazitakoaren arabera, 24/2016 Dekretuaren 2. artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen egitura zehaztu du, eta sail horietariko bat Kultura eta Hizkuntza Politika da. Bestetik, 13. artikuluak sail horri, besteak beste, honako egiteko eta jardun-arlo hauek esleitzen dizkio: hizkuntza-politika eta euskara sustatzea.

13. artikuluan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren egitekoak zehazten ditu, eta horien artean honakoak daude:

a) Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politika artikulatzea eta jarraipena egitea euskararen erabilera normalizatzeari dagokionez, eta Eusko Jaurlaritzak emanda Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek arlo honetan bete behar dituzten jardun-irizpideak ezarri eta garatzea.

e) Eusko Jaurlaritzako sailek edo mendeko erakundeek egindako ikerketa soziolinguistikoak edo alderdi soziolinguistikoak jasotzen dituzten bestelako lanak koordinatzea, horien eremua edozein dela ere, Jaurlaritzaren hizkuntza-plangintzak koherentzia eta efizientzia handiagoa izan dezan.

Bestalde, Dirulaguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan honako hau jasotzen da: «Herri Administrazioetako organoek edo dirulaguntzak ezartzea proposatzen duten beste guztiek, aldez aurretik, Dirulaguntzen Plan Estrategiko batean zehaztu beharko dituzte horien aplikazioarekin lortu nahi dituzten helburuak eta eraginak, horiek guztiak lortzeko behar den epea, ustez egongo diren kostuak eta finantzazio iturriak. Nolanahi ere, Plana burutzeko ezinbestekoa izango da aurrekontuen egonkortasunerako helburuak betetzea.»

Aipatutako Legea betetzeko, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2018ko urtarrilaren 31ko Agindu bidez, Sailaren 2018-2020 epealdiko Dirulaguntzen Plan-estrategikoa onartu zuen. Horretarako kontuan hartu dira; batetik, 01/15 zenbakidun Zirkularra, 2015eko irailaren 18koa, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak emandakoa (Dirulaguntzen Plan Estrategikoak egiteari buruzkoa); bestetik, 24/2016 Dekretua, azaroaren 26koa, Lehendakariarena (EAEren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardunarloak finkatzen dituena); eta, azkenik, 82/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, (Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena).

Plan Estrategiko hori Sailaren politika antolatzeko tresna da, dirulaguntzen bidez, gizartearen intereserako edo gizarteak erabiltzeko den jarduera bat sustatzea edo helburu publikoren bat lortzea jomuga duten jardun-arloetan.

PES horren 4. atalean (denbora barrutia eta aurrekontu-konpromisoak) honakoa jaso zen: datozen bi urteotako bakoitzean, 2019an eta 2020an, Urteko Aurrekontu-Legea behin onartutakoan (edo, hala badagokio, aurrekontu-luzapena), Sailak PAS 2019 eta PAS 2020 gehituko dizkio PES 2018-2020 Plan honi.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2019ko maiatzaren 6ko Agindu bidez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2019. urteko Dirulaguntzen Plana onartu zuen. Onartutako dirulaguntzen artean, Euskara eta Genero Berdintasuna 2019-2020 (Berdintzen) beka-deialdia dago.

Ondorioz, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua. Xedea.

Deialdi honen xedea lau beka ematea da, 2019. urtean eta 2020. urtean hizkuntza eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko.

2. artikulua. Beka bakoitzaren edukia eta ezaugarriak.

1.– Esleituko den beka bakoitzaren ikerketa-gaiak honakoak izango dira:

a) 1. beka: hizkuntza gutxituaren biziberritze prozesuak generoari lotuta ulertzeko ikerketa teoriko edo-eta metodologiko demolinguistikoak.

b) 2. beka: generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren hizkuntza gutxituaren biziberritze prozesuei buruzko ikerketa aplikatuak.

c) 3. beka: generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpus, komunikazio edo-eta diskurtso azterketak eremu ezberdinetan (hezkuntza, lan mundua, familia, aisialdia eta kirola...).

d) 4. beca: hizkuntza gutxituaren biziberritzean emakumeek izan duten paperari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea baliatuz edo-eta ikerketa bibliografikoak eginez).

2.– Ikerlan guztiak euskaraz egingo dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta ordainketa.

1.– Deialdi honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 2019ko eta 2020ko aurrekontu-ekitaldien kontura izango dira, eta kopurua guztira 60.000 eurokoa izango da. Horretarako, 2019ko aurrekontuetan 30.000 euroko kreditu-konpromisoa dago, eta 2020ko aurrekontuetan beste 30.000 eurokoa.

2.– Beka bakoitza 15.000 eurokoa izango da, eta bi zatitan ordainduko da: lehenengoa, beka ebatzi bezain laster, eta diru-kopuru horren erdia ordainduko da (7.500 euro); bigarrena, beste erdia (7.500 euro), 2020an, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bekaren helburu den azterlana jaso, aztertu eta ontzat emandakoan.

3.– Beka hartu duen banakoak edo taldeak bekari uko egiten badio, galdu egingo ditu oinarri hauetan adierazitako eskubide guztiak.

Ordainketak indarrean dauden zerga-arauek ezartzen dituzten atxikipenen mende egongo dira.

Gizarte Segurantzari dagokionez, honako beka-deialdi hau ez dago prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko baldintzak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuaren mende, Gizarte Segurantzako sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatzekoa.

4. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetako dirulaguntzak.

5. artikulua.– Ikerketa-beken onuradun izateko baldintzak.

1.– Eskatzaileak pertsona fisikoak banaka edo pertsona fisioen taldeak izan daitezke.

2.– Eskatzaileek zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean izan beharko dute, bai bekaren eskabidea egiteko unean, baita egindako lanaren justifikazioa egin eta hari dagokion diru-kopurua jasotzeko unean ere.

3.– Onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaiturik egon behar da. Era berean, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, aurrez onartu behar da jasotako dirulaguntza itzuli beharko dela, baldin eta, itzulketa-prozedura bat amaitzean, horri buruzko ebazpenean, jasotako dirua itzuli behar dela erabakitzen bada.

4.– Hainbat eskatzailek ikerlan bakarra aurkezten badute, horien titular-kide direnek euren arteko bat izendatu beharko dute Administrazioaren aurrean koordinatzaile eta ordezkari izan dadin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan ezarritako betebeharrei jarraikiz.

5.– Bekak jaso ditzaketen pertsona fisikoak banaka edo pertsona fisikoen taldeak aurrez beste erakunde publiko edo pribaturen baten beka berdinik jaso gabeak izango dira, dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoa betekizunak bete beharko dituzte.

6.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzaz gain, eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Unibertsitateko goi mailako titulazioa edukitzea, batez ere pedagogia, hizkuntzalaritza edo filologia eta soziologia arloetakoa. Nolanahi ere, atzerrian edo Espainiako zentro ez-estataletan eskuratu diren tituluek baliozkotuta edo aintzatetsita egon behar dute eskabidea aurkezten denean.

b) Gutxienez, Euskararen C1 ALTE ezagutza-maila ziurtatzen duen honako egiaztagiriren baten jabe izatea: C1 maila HABE; EGA; 3. HE-IVAP; C1 maila HEO.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik eduki berdina edo antzeko edukia duen bekarik jaso gabea izatea.

d) Administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik ez edukitzea, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea edo beste xedapenen arabera, ez zaiola debekurik ezarri zehapenak irauten duen aldian ebazpen honetan araututako bekak eskatzeko.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.

1.– Agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Pertsona fisikoek banaka bide presentziala zein elektronikoa erabil dezakete deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko. Pertsona fisikoen taldeek, aldiz, ezinbestean bide elektronikoa erabili beharko dute deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat –presentziala edo elektronikoa–, erabiltzeak ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe jasotzen baitu Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak.

– Bide presentziala: eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Bide elektronikoa: eskabideak euskadi.eus helbidean edota artikulu honen 4. atalean aipatzen diren helbideetan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoen aurrean.

4.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak Administrazio-bulegoan eta euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai: http://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2019/berdintzen-bekak-2019/web01-tramite/eu

Eskabidearen ondoko izapideak bide elektronikoa erabiliz hemen egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Pertsona fisikoek banaka zein pertsona fisikoen taldeek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

6.– Eskaerarekin batera aurkeztuko diren dokumentuak, erabilitako bidea –presentziala edo elektronikoa– edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira, eta ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa ahal bada PDF formatuan aurkeztuko da.

c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

7.– Dena den, diharduen administrazioak dagoeneko bere esku duen agiririk ez aurkezteko eskubidea izango du eskatzaileak. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen dokumentu horiek eta, datu pertsonalak tartean badaude, kontsulta egin ahal izateko berariazko onespena.

8.– Eskabideak aurkezteak, deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

7. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta agiriak.

1.– Pertsona fisikoek banaka zein pertsona fisikoen taldeek, eskabidearekin batera, honako erantzukizunpeko adierazpen hauek aurkeztu behar dituzte:

– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko batetik, izenpetzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik; eta bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen itzalpean ez zaiola debekurik ezarri zehapenak irauten duen aldian ebazpen honetan araututako bekak eskatzeko.

– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapenik edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez duela eskatu edo ez duela jaso ebazpen honetan araututako bekaren helburu bera duen dirulaguntza, laguntza, beka, diru-sarrera edo baliabiderik, beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik.

– Erantzukizunpeko adierazpena, beste erakunde publiko edo pribaturen baten beka berdin edo antzekorik ez duela jaso adierazteko.

– Dirulaguntzak itzultzeari lotutako betebeharrak egunean dituztela azaltzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

– Erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adierazteko, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak eta betebeharrak betetzen dituela adierazteko.

2.– Eskabidearekin batera, pertsona bakoitzeko, curriculum-eredua behar bezala sinatuta aurkeztu beharko da.

3.– Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.

4.– Interesdunak ez dauka obligaziorik Eusko Jaurlaritzaren esku dauden datuak eta agiriak aurkezteko. Eskubide hori baliatzen duenean, baimena ematen dio Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari datu edo dokumentu horiek dauden organoetatik eskuratzeko. Eskubide horretaz baliatu ahal izango da bitarteko elektronikoen bidez ere. Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Arautegia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin bat (2006ko uztailaren 25eko BOE, 176. zk.), artikulu horretan ezartzen denez, dirulaguntzarako eskabidea aurkezten denean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari Errege Dekretu horren 18. eta 19. artikuluetan ezartzen diren baldintzen egiaztapena ziurtagiri telematikoen bitartez zuzenean eskuratzeko, eta horrelako kasuetan eskatzaileak ez du dagokion egiaztapena aurkeztu beharko. Pertsona eskatzaileek berariaz egin diezaiokete uko onarpenari; horretarako, ziurtagiria aurkeztu behar da, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Eskaera izapidetzeko onartua izan dadin eskatutako dokumenturik ez dagoela edo horietan formazko akatsak daudela ikusten bada, eta baloratua izan dadin alegatutako dokumentazioan akatsak daudela ikusten bada, interesdunari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela; betiere, horretako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.

Eskabidea ezinbestean elektronikoki egin behar dutenek elektronikoki egin beharko dute akatsen zuzenketa.

9. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Hautaketa Batzordea osatuko dutenak honako hauek izango dira:

– Josune Zabala Alberdi andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria (presidentea).

– Susana Carramiñana García andrea, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko berdintasun-teknikaria (bokala).

– Jone Miren Hernández García andrea, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea (bokala).

2.– Idazkaria Jose Antonio Cayero Bilbao jauna, Kabinete Juridikoaren arduraduna izango da. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Hautaketa Batzordearen eginkizunak honakoak izango dira:

– Deialdian ezarritako baldintzak eskatzaileek betetzen dituzten ala ez aztertzea, eta onartuen eta ez onartuen zerrenda osatzea.

– Onartutako eskatzaileen eskabideak baloratzea, deialdian ezarritako irizpideen arabera.

– Balorazio-prozedura bukatutakoan, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari balorazio-txostena bidaltzea.

10. artikulua.– Balorazio-irizpideak eta hautagaitzak hautatzea.

1.– Proiektuak baloratzeko, Hautaketa Batzordeak balorazio-irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

A) Ikerlanaren proiektuaren kalitatea, oro har (80 puntu, gehienez):

a) Ikerlanaren esparru teorikoaren planteamendua (20 puntu, gehienez).

b) Ikerlanaren planteamendu metodologikoa (30 puntu, gehienez).

c) Ikerlanaren bideragarritasuna eta egutegia (20 puntu gehienez).

d) Berrikuntzak (10 puntu, gehienez).

B) Pertsonaren edo taldearen ibilbidea (20 puntu, gehienez): lana egiten duten banakoek edo taldeetako kideek hizkuntza eta genero berdintasuna uztartzen dituzten ikerlanetan, proiektuetan edo ekimenetan duten ibilbidea, esperientzia eta prestakuntza; bereziki, eskatutako bekaren ikerketa gaiari buruz dutena.

2.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.

3.– Hautaketa Batzordeak eginiko proiektuen balorazioak bi fase izango ditu, eta balorazioaren puntuazioa bi faseak bukatu ondoren emango du:

a) Eskaera-orrietan aurkeztutako proiektuak aztertuko ditu.

b) Ondoren, hautagaiei elkarrizketa egingo die. Elkarrizketan, pertsona eskatzaileak edo taldearen koordinazioa bere gain hartzen duenak, aurkeztutako memoria edo proposamena azaldu eta defendatuko du. Hautaketa Batzordeak galderak egin ditzake azaldutakoari buruz, bekaren xedeari buruz eta beketan baloratutako alderdiei buruz. Elkarrizketa grabatu egingo da.

4.– Proiektuen balorazioa egin ondoren, Hautaketa Batzordeak balorazio-txostena idatzi eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari bidaliko dio.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hautaketa Batzordearen balorazio-txostena jaso ondoren, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ebazpen adierazia emango du. Ebazpenak honakoak jasoko ditu:

a) Deialdian ezarritako baldintzen arabera onartutako eta ez onartutako eskabideen zerrenda.

b) Balorazioa egin ondoren baztertutako eskabideen zerrenda.

c) Beka jaso duten proiektuen zerrenda eta ordezkoen zerrenda.

2.– Bekaren batean gutxieneko puntuaziorik lortzen duen proiekturik ez balego, beka hutsik geratuko da.

3.– Dirulaguntzak lehia-konkurrentziako prozedura bidez esleituko dira. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren ondorioetarako, norgehiagokatzat hartuko da dirulaguntzak emateko erabilitako prozedura, aurkeztutako eskabideak konparatuz, lehentasun-ordena ezartzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian aurrez finkatutako balorazio-irizpideen arabera, eta deialdian kreditu erabilgarriaren barruan ezarritako mugarekin.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie banako zein talde onuradunei, bide elektronikoz edo postaz. Aldi berean, emandako beken zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

5.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea hiru hilekoa izango da gehienez ere, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan banakoari edo taldeari ebazpenik jakinarazi ezean, bekaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren arabera (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

3.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren aurrean, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

12. artikulua.– Bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen diren beste beka, dirulaguntza edo diru-sarrera batzuekin.

13. artikulua.– Jabetza intelektualaren eta ustiapen eskubideak.

1.– Jabetza intelektualaren eskubideari buruzko arauen esparruan eta indarreko legedian jasotakoaren arabera erabiliko dira beka jaso duten lanak.

2.– Generoa eta hizkuntza uztartzen dituen ikerketa-lerroa sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak lan horiek zabaldu ahal izango ditu.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honetan arautzen diren beken onuradunek –pertsona nahiz talde– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betekizunak konplitu beharko dituzte, dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoa (BOE, 276. zk., 2003ko azaroaren 18koa), eta bereziki, honako hauek:

a) Emandako beka onartu behar dute. Horrela, beka eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek –pertsona nahiz talde– bekari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, beka onartu egin dutela esan nahiko du. Onuradunen batek beka onartu aurretik uko eginez gero, hurrengo eskatzaileari emango zaio, puntuazio-ordenaren arabera.

b) Beka zertarako eman den, helburu horretarako erabili behar dute, eta gutxienez hiru hilean behin, horretarako jarritako egutegiaren arabera, egindako lanaren eta lortutako emaitzen berri eman beharko diote Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari.

c) Egindako lanen argitalpen eta publizitate orotan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntza jaso dela azaldu behar da. Horretarako, erakundearen marka erreproduzitu beharko da publizitate-euskarrian, parte-hartze mailaren arabera dagokion tamainan, kokalekuan eta ikuskeran, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuarekin bat etorriz. Marka Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzan eska daiteke. Erakundearen logotipoa jarri beharko da bekaz lagundu den lanean, 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan ezarritakoa betez.

e) Lagundutako ikerlanen bi kopia azaleztatuak bidali beharko dira Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzara, eta beste kopia bat euskarri informatikoan. Lana behar bezala hedatuko da erakundeak –herritarrak sentsibilizatzen laguntzeko eta bekadunen etorkizuneko garapen profesionala sustatzeko eta laguntzeko– egokitzat jotzen dituen bide eta euskarrietan. Lanaren egileak beti aipatu behar dira eta erabat bete beharko da jabetza intelektualerako eskubidea arautzen duen araudia.

f) Onuradunek zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean izan beharko dute, bai bekaren eskabidea egiteko unean, bai lehenengo ordainketa jasotzeko unean, baita egindako lanaren justifikazioa egin eta hari dagokion diru-kopurua jasotzeko unean ere.

g) Onuradunek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan beharko dituzte. Halaber, onuradunek egunean izan beharko dituzte itzulketa-betebeharrak ordainketa egiteko unean.

h) «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia. Ez da bete beharko, eskatzailea Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago, non eta inprimakian aipatzen diren datuak aldatu ez diren.

i) Bekak emateak ez du inolako kontratu-, lan- edo estatutu-harremanik ezartzen administrazio emailearekin, eta ez da administrazioaren bulegoetan egingo.

15. artikulua.– Bekaren iraupena.

Bekak hamahiru hilabete iraungo du, deialdiaren ebazpena jakinarazten den unetik aurrera, eta ezingo da epe hori luzatu.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Beka emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbateko guztia eta zenbateko horri dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horretaz gain, dagozkion gainerako ekintzak gauzatuko dira. Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoi izango dira azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 36. eta 37. artikuluetan hartutako ekintza eta egoerak.

17. artikulua.– Itzulketa-prozedura.

Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio emandako beka itzultzeko. Dekretu horrek hau ezartzen du:

a) Hizkuntza Politikarako sailburuordeak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio pertsona edo talde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio, egokitzat jotako alegazioak egiteko.

b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du. Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da beka jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua bi hileko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik dirulaguntzak itzultzeari buruzko prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen babeserako informazioa.

Arduraduna: Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza.

Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 – Vitoria-Gasteiz.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko datuak babesteko ordezkaria.

Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 – Vitoria-Gasteiz.

DPD-DBO@euskadi.eus

Helburua: hizkuntza eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko lau beka ematea 2019. urtean eta 2020. urtean.

Datuak epe honetan gordeko dira: EAEONALTBren 44. artikuluan ezarritako preskripzioa, edo, hala badagokio, prozedura judiziala amaitu arte.

Legitimazioa: dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Jasotzaileak: datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta, hala badagokio, organo judizialei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua.

1. beka:

https://www.euskadi.eus/dbao/1091601

2. beka:

https://www.euskadi.eus/dbao/1091602

3. beka:

https://www.euskadi.eus/dbao/1091603

4. beka:

https://www.euskadi.eus/dbao/1091604

AZKEN XEDAPENETAkO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz jaso gabe geratu diren prozedura-alderdi guztietarako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko legearen testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, berau garatzen duen Arautegia onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du interesdunak Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Deialdi honen xede diren dirulaguntzei Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erreglamendua aplikatuko zaie (EBAO L187, 2014ko ekainaren 26koa), zeinaren bidez, laguntza-kategoria zehatz batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla adierazten den, Tratatuaren 107. eta 108. Artikuluetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 19a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala