Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

223. zk., 2019ko azaroaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5415

179/2019 DEKRETUA, azaroaren 19koa, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzkoa.

Hizkuntza-ofizialtasun bikoitzaren araubide juridikoan, abiapuntutzat hartzen da 1978ko Konstituzioaren 3. artikuluan ezarritakoa. Artikulu horretako 1. apartatuan gaztelaniaren ofizialtasuna dago ezarrita. Horrez gain, artikulu bereko bigarren apartatuan xedatzen da beste hizkuntzak ere ofizialak izango direla, bakoitzari dagokion autonomia-erkidegoan. Ildo horretan, hizkuntza horien ofizialtasun-estatusa autonomia-estatutuetan ezarrita dagoela gaineratzen du.

Euskadiren Autonomia Estatutuan aldarrikatzen da euskara Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza propioa eta ofiziala dela, eta pertsona guztiei aitortzen zaie euskara eta gaztelania ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea (6.1 artikuluan). Horrez gain, 6.2 artikuluan hauxe gaineratzen du: Autonomia Erkidego osorako erakundeek, Euskadiren aniztasun soziolinguistikoa kontuan hartuta, hizkuntza bien erabilera bermatu, eta bien ofizialtasuna arautuko dutela; eta, horrekin batera, bi hizkuntzen ezagutza ziurtatzeko behar diren neurri eta baliabideak ere bideratu eta arautuko dituztela. Azkenik, 6.4 artikuluan ezarrita dago, euskarari dagozkionetan, Euskaltzaindia dela erakunde aholku-emailea.

Autonomia Estatutua da hizkuntza-normalizazioa ordenatzen duen arau juridikoa, eta haren abiapuntua da, hain zuzen, hizkuntza bien berdintasun-estatusa ez dela guztiz berdina, biak ofizialak izan arren, eta horrek eragina daukala herritarrek hizkuntzak modu normalizatuan erabiltzeko daukaten eskubidean. Hortaz, normalizazioaren helburua da hizkuntza bien arteko erabateko berdintasuna lortzeko baldintzak sortzea, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren eskubideak bermatzeko. Izan ere, berdintasun hori gaur egun ez da erabatekoa. Estatutuan ezarrita dagoen normalizazio orokorrerako agindu edo manu hori irizpide juridiko loteslea da, bai legegilearentzat bai botere publiko guztientzat.

Hizkuntza-normalizazioaren hirugarren zutabea Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna da (Espainiak 2001eko irailaren 15eko Estatuko Aldizkari Ofizialean egindako adierazpenaren bidez berretsi zuen). Horren harira, Konstituzio Auzitegiak espresuki deklaratu du: «"barneko ordenamendu juridikoan" sartu behar dela (Espainiako Konstituzioaren 96.1 artikulua), Espainiako Konstituzioaren 10.2 artikuluak ematen dion interpretazio-balioari kalterik egin gabe» (Konstituzio Auzitegiaren 166/2005 autoa, 5. oinarri juridikoa). Gutunak, bada, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzez dihardu, eta euskarak, hain zuzen, izaera hori dauka Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan. Hizkuntzon erabilera sozialari buruz, 7.1 artikuluan, botere publikoei agintzen die politikan, legegintzan eta praktikan honako helburu eta printzipio hauek oinarri hartzeko, betiere hizkuntza bakoitzaren egoera kontuan hartuta: «c) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak sustatzeko ekintza seguru baten beharra, hizkuntzok babestearren»; eta «d) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak bizitza publikoan eta pribatuan ahoz eta idatziz erabiltzea erraztu eta sustatzea». Halaber, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 7.2 artikuluan hauxe ezartzen da: «Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen aldeko neurri bereziak hartzea ez da hartuko eremu zabalagoa duten hizkuntzetako hiztunen aurkako diskriminazio-ekintzatzat, neurrion helburua eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzok erabiltzen dituztenen eta gainerako herritarren arteko berdintasuna bultzatzea edo hiztun horien egoera partikularrak aintzat hartzea bada».

Arriskuan dauden munduko hizkuntzei buruz Unescok egin duen atlasaren arabera, euskara bere lurraldean ere bada eremu urriko hizkuntza eta hizkuntza kaltebera, eta egoera asimetrikoan dago gaztelaniaren aldean –hots, beste hizkuntza ofizialarekin erkatuta–. Horren ondorioz, euskara berreskuratzeko hizkuntza-politika egituratu behar da ezinbestean. Politika horrek euskararen erabileraren erabateko normaltasuna bultzatu behar du; herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu eta bermatu behar ditu, eta ziurtatu behar du euskara, beste hizkuntza ofizialarekin erkatuta, berdintasun- eta parekotasun-egoeran egotea.

Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 23., 25., 26. eta 27. artikuluetan bide ematen zaie botere publikoei euskara susta dezaten. Hizkuntza-normalizazioaren prozesua ebaluatuta, agerikoa da euskararen ezagutza areagotu egin dela; baina Euskadiko administrazio publikoetan, ordea, oraindik ere txikia da euskararen erabilera normalizatua, lan-hizkuntza moduan.

Testuinguru horretan txertatzen da, bada, oraindik oraingo Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea. Izan ere, lege horrek euskara toki-erakundeetan sustatzeko neurriak hartzea ezartzen du. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak, zioen azalpenean, argi adierazten du legeak euskararen aldeko «apustu sendoa egiten duela euskararen iraunarazpen, finkapen eta garapenaren alde». Eta hauxe ere azaltzen du: «toki-administrazioak etsenplu eta gidari izan behar du euskara erabat berreskuratzearen arloan»; «... euskal udalak bide-erakusle izan behar dira eginkizun horretan. Ondorioz, lege honen asmoa da aitzindari izatea prozesu batean non botere publiko guztiek apustu irmoa egin behar baitute euskararen alde, haren normalizazio desiratua eta erabateko garapena galarazten edo oztopatzen duten trabak erauziz.»; «... toki-agintarien jardunak eskatuko du neurri bereziak hartzea euskararen alde, egoera kaxkarragoan dagoen hizkuntza ofiziala baita»; «... euskara faboratzeak bilatzen du, hain zuzen, herritarren artean benetako berdintasuna sustatzea, Hizkuntza Erregionalen edo Gutxituen Europako Kartaren 7.2 artikuluan jasotakoaren zentzuan».

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen artikulu batean baino gehiagotan aipatzen da euskararen erabileraren normalizazioa; zehazki, nabarmentzekoak dira 6. eta 7. artikuluak, toki-erakundeei hizkuntza-autonomia zabala aitortzen dietelako. Horrez gain, hauetan ere aipatzen da: 17. artikuluan (hizkuntza-normalizazioari lotutako eskumen propioak); 25.9 artikuluan (hautetsien hizkuntza-gaitasunen sustapena eta toki-erakundeek euskaraz funtzionatzeko ezartzen dituzten neurriak, batez ere «euskararen arnasgune diren lurraldeetan»); 30.6 artikulua (toki-erakundeen bilkura publikoetan, herritarrek hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute, eta ezingo zaie exijitu hitz egiteko aukeratu ez duten hizkuntzan itzulpenik egiterik); 43.1.h) artikulua (herritarrek hizkuntza ofizialak erabiltzeko duten eskubidea); 50.9 artikulua (euskararen erabilera sustatzea publizitate aktiboan); 107. artikulua (Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoako toki-erakundeekin lankidetza-hitzarmenak egitea, hizkuntza-loturak ezartzeko eta sendotzeko); eta 7. xedapen gehigarria (udal-euskaltegiei buruzkoa). Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak berrikuntza garrantzitsuak ezartzen ditu, toki-entitateetan hizkuntza ofizialak erabiltzeari buruz. Besteak beste, azpimarratzekoak dira hauek: euskararen erabilera normalizaturako oinarri berriak ezartzen ditu, betiere bermatuz pertsona guztiek hizkuntza aukeratzeko duten eskubidea; definitu eta zehaztu behar diren kategoria berriak zehazten ditu (adibidez, «euskararen arnasguneak»), eta ezinbestean garatu behar diren baliabide berriak abiarazi beharra jasotzen du, hala nola hizkuntzak planetan eta proiektuetan duen eragina ebaluatzeko sistema, hautetsiek euskara ikastea sustatuko duten neurriak eta kontratuetan hizkuntzari lotutako klausulak.

Dekretu hau, beraz, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea garatzeko ematen da, eta honako xede hauek ditu: euskararen eta gaztelaniaren erabilera instituzional eta administratiboak arautzea Euskadiko toki-entitateetan, eta herritarrei hizkuntza-eskubideak bermatzea toki-administrazioekiko harremanetan. Dekretuak zazpi kapitulu ditu, bost xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat eta bi azken xedapen.

Lehenengo kapituluan xedapen orokorrak bildu dira, besteak beste: dekretua aplikatzeko lurralde-eremua eta eremu subjektiboa, zenbait kapitulutan erabiltzen diren termino batzuen definizioak; toki-erakundeek hizkuntza normalizatzeko prozesuan aplikatu behar dituzten zenbait printzipio gidari (printzipio gidariak funtsezkoak dira, arau hau hizkuntza toki-erakundeetan erabiltzearen gaineko printzipioei eta irizpideei buruzkoa baita), eta toki-erakundeen hizkuntza-erabilerari buruzko irizpideak. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak era zabalean osatzen du tokiko hizkuntza-autonomia, eta dekretu honen artikuluetan ikuspegi horri eutsi zaio. Izan ere, toki-erakundeak dira hizkuntza normalizatzeko prozesuaren benetako protagonistak, eta dekretua da lan hori egituratzeko esparrua. Ikuspegi zabal horrek aukera ematen du alderdi batzuk modu zehatzean garatzeko, udal bakoitzaren egoera soziolinguistikora egokituta. Arauak, besteak beste, printzipio hauek ezartzen ditu: euskararen erabilera normala eta orokorra; hizkuntza-eskubideen bermea; tokiko hizkuntza-autonomia; autoantolaketaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak; ekintza positiboaren printzipioa; hizkuntza propioaren alde argi jardutekoa, eta efikaziaren, efizientziaren, proportzionaltasunaren eta plangintzaren printzipioak. Printzipio horiek tokiko hizkuntza-autonomia garatzeko esparrua eratzen dute, autonomia hori hainbat modutan gara daitekeela ulertuta.

Bigarren kapituluan azaltzen dira Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean udalei ematen zaizkien hizkuntza-eskumenak, bai eta eskumen horiek garatzeko tresnak ere. Eskumen hori bereganatzeak, ikuspegi orokorretik, konpromiso berezia eskatzen du, erabilera dinamizatzeko eta hizkuntza ikastea sustatzeko. Kapitulu horretan bi eskumen mota bereizten dira: ad intra ondorioak dituena –barneko funtzionamendua eta udal-zerbitzuak normalizatzeko– eta ad extra ondorioak dituena –euskararen gizarte-erabilera udal-esparruan normalizatzeko–. Era berean, hizkuntza-eskumena garatzeko tresnak zehazten dira. Horretarako, plangintza-tresnen gutxieneko edukia finkatzen da. Izan ere, eduki horretatik abiatuta, udal bakoitzak bere sistema erabaki ahal izango du.

Hirugarren kapituluan azaltzen da nola erabili behar dituzten toki-erakundeek hizkuntza ofizialak erakunde- eta administrazio-eremuetan. Horren harira, bide ematen da euskarak, gaztelaniak bezala, erabilera normal eta orokorra izan dezan, beti bermatuta egonik herritarrek daukaten eskubidea hizkuntza aukeratzeko, inolako diskriminaziorik gabe. Hirugarren kapituluko bigarren atalean lan-hizkuntzen araubidea garatzen da, eta honako eremu hauetan euskararen erabilera normalizatua ahalbidetzen da: barne-jarduketetan, kide anitzeko organoen dokumentazioan eta funtzionamenduan eta abarretan. Bestalde, alderdi berria da hizkuntza-eskakizunen egiaztapenaren eta lanpostuetako jardueretan euskara erabiltzeko irizpideen arteko lotura. Era berean, interpretazioaren erabilera arrazionalizatzeko irizpideak ezartzen dira, baita bulegotikako materialak eta tokiko administrazioek erabiltzen dituzten eta zerbitzuak emateko baliatzen diren Internet eta intraneteko sareak erabiltzeko irizpide aplikagarriak ere.

Hirugarren kapituluko hirugarren atalean zerbitzu-hizkuntzaren gaia arautzen da. Nabarmentzekoa da arauak herritarrei aitortzen dien funtsezko rola: hizkuntza aukeratzeko eskubidea daukan subjektu gisa, sistemaren ardatz nagusitzat hartzen da. Era berean, administrazio-prozeduretako hizkuntza, jakinarazpenen erregimena, komunikazio orokorrak eta herritarrei arreta emateko hizkuntza-irizpideak arautzen dira, eredu normalizatuetan hizkuntzak erabiltzeko erregimena barne. Dekretu hau administrazio elektronikoko sistemari egokitzen zaio, eta zenbait gidalerro ezartzen ditu hizkuntza ofizialak kopia elektroniko autentikoetan erabiltzeari buruz eta erabilera horrek toki-entitatearen, haren erakunde autonomoen eta loturiko zuzenbide publikoko gainerako entitateen erregistro elektroniko orokorrean eta sistema automatizatuetan izan ditzakeen ondorioei buruz. Azkenik, hizkuntzak erabiltzeari buruzko gidalerroak gardentasunaren eta udal-gobernu onaren esparruan ere ematen dira; zehazki, publizitate aktiboan eta udal-informazio publikoa eskuratzeko esparruan (azken hori udal-dokumentazioaren bertsio autentikoei lotuta dago).

Hirugarren kapituluko laugarren eta bosgarren atalak kontratazio-klausuletako hizkuntza-erabilerari eta udal-sustapeneko jardueretako hizkuntza-erabilerari buruzkoak dira, hurrenez hurren. Kasu batean eta bestean herritarrak dira sistemaren gako. Helburua da Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek izenpetutako administrazio-kontratuetan behar diren klausula zehatzak sartzea, herritarrei bermatzeko toki-entitateei exijitzen zaizkien hizkuntza-baldintza berberetan jaso ahal izatea kontratu bidezko jarduerak edo zerbitzuak. Halaber, sustapen-lanari dagokionez, zera bermatuko da: diruz lagundutako jardueraren xedea gauzatzeko bereziki garrantzitsua denean hizkuntzen erabilera, hizkuntza-irizpideak aplikatzea publizitatean eta jarduera aurrera eramaterakoan.

Laugarren kapituluan arautzen da hizkuntzen erregimena erakundeen arteko harremanetan, hau da, gainerako administrazio publikoekin izaten dituzten harremanetan. Horren harira, dokumentazioa euskaraz sortu baldin bada, hizkuntza horretan bidali ahal izango da, betiere administrazio hartzailea dagoen lekuan euskara hizkuntza ofiziala bada. Aitzitik, dokumentu horiek euskararen hizkuntza-eremutik kanpo bidaltzekoak baldin badira, gaztelaniazko itzulpenarekin batera bidali beharko dira. Era berean, esku-hartze publikoetan euskararen erabilera sustatu beharko da, euskarak presentzia normalizatua izan dezan komunikazio instituzionalaren arloan.

Bosgarren kapitulua udal-toponimiari eta bideetako eta zerbitzuetako seinaleei buruzkoa da. Euskal Autonomia Erkidegoaren ordenamenduan toponimia arautzen duen lege-mailako xedapen bakarra Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 10. artikulua da. Eremu horretan, eskumenak eta erantzukizunak dituzte zenbait botere publikok. Hortaz, zuhurtziaz jokatu da araubide juridiko aplikagarrien diseinua egitean, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren tokiko araubidearen eta hizkuntza-normalizazioaren arloko eskumenak errespetatuz jokatu da. Dekretuak lurralde historikoen eskumena errespetatzen du, bai toponimo nagusiak bai haien esparru-eskumenetatik datozen toponimoak arautzeari eta onartzeari dagokionez. Hori dela eta, toki-entitateei izena aldatzeko, dagokion foru-araudian ezarritakoa bete beharko da. Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak, tokiko administrazioaren arloko eskumena duen sailak proposatuta, udalei proposatu ahal izango die izena zuzentzeko, baldin eta irizpide akademikoen arabera hizkuntza-akatsak badaude edo toponimoaren idatzizko eta ahozko tradizioekin bat ez badator. Era berean, udalen lurralde-eremuan eta eskumenean dauden gainerako toponimoak zehazteko eta aldatzeko prozeduraren oinarrizko arauak ezartzen dira; horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko toponimoak onartzeko eta ofizialtzeko prozedura osoa ere zehazten da. Bestalde, dekretuan ezartzen dira hizkuntza-ikuspegitik administrazioek beren eskumenak baliatzean kontuan hartu beharko dituzten funtsezko printzipio gidariak. Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofiziala sortu da. Erregistro publikoa da, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-normalizazioaren arloko eskumena duen sailari atxikita, eta han inskribatuko dira Euskadiko toponimo ofizialak.

Seigarren kapituluan, planen eta proiektuen hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa lantzen da, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 7. artikuluko 7. apartatua garatzeko. Tresna horren bidez, dekretu honetako 50. artikuluan aipatzen diren udal-eskumeneko planek eta proiektuek euskararen eta gaztelaniaren erabileran izan dezaketen inpaktua aztertu eta ebaluatu nahi da. Horrek aukera ematen du balizko hizkuntza-inpaktuari aurrea hartzeko eta hura zuzentzeko neurriak proposatzeko, gerta litezkeen inpaktu kaltegarriak saihesteko edo minimizatzeko, bai eta kasu bakoitzean egoera bideratzeko irtenbiderik egokiena bilatzeko ere. Helburua aukerarik onena baliatzea da, plan edo proiektu bakoitzak hizkuntzen erabileraren normalizazioan izan ditzakeen ondorioak aztertuta. Horretarako, planen eta proiektuen onarpenean hizkuntza-ikuspegia txertatzeko beharra ezarri da. Ikuspegi hori, bada, garapenaren eta diseinuaren hasierako faseetatik hartu beharko da kontuan.

Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioak izaera irekia dauka. Izaera hori arrazoizkoa da, bai administrazio-jardueraren sinplifikazio-printzipioaren ikuspegitik bai hizkuntza-politikako tresna gisa izan behar duen efikaziagatik. Gai honetan ere udal bakoitzari tarte zabala ematen zaio, hizkuntza-normalizazioaren arloko erantzukizuna hoberen irizten dion moduan gauzatu dezan, baina beti gutxieneko irizpide batzuk betez. Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioak udalei aukera aski handia ematen die egoera malgutasunez aztertu eta baloratzeko, halako eran non sistema malgu bat eskaintzen batzaie udalei, planifikatzeko eta programatzeko garaian hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioaren abantailez balia daitezen.

Kapitulu hau proportzionaltasunaren printzipioan datza, hau da, planen eta proiektuen balizko hizkuntza-inpaktua nolakoa den, halakoa izango da ebaluazioaren indarra. Hortaz, zer plan eta proiektu ebaluatu beharko diren zerrendatu da, hizkuntza-erabileraren normalizazioan inpaktua izan dezaketela ulertuta, eta, gainera, salbuespen-sistema zabal bat aurreikusi da. Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioari buruzko txostena nahitaezkoa da. Txosten horretan, planek edo proiektuek euskararen erabileraren normalizazioan izan dezaketen eragina zehaztuko da, eta inpaktu negatiborik antzemanez gero, neurri zuzentzaileak edota konpentsaziozkoak proposatuko dira.

Zazpigarren kapituluan jorratzen da erakundeek eman dezaketen bultzada euskararen erabilera normalizatuaren alde. Kapituluaren helburua da Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek irudi publikoaren eta euskararen erabileraren sustapenean erabiliko dituzten printzipio eratzaileak ematea. Aurreikusi da euskararen ezagutza, erabilera eta hedapena bultzatzeko laguntza-zentroak sortzea, bereziki egoera soziolinguistikoa dela-eta beharrezkoa den lekuetan.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna dela eta, hizkuntzaren erabilera ez-sexista zeharkako ardatz gisa hartu behar da administrazio publikoen –eta kasu honetan Euskadiko toki-entitateen eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen– politika publikoetan, eta zehazki dekretu honek arautzen duen alorrean; hark gidatu eta agindu behar du toki-erakundeek alor honetan daramaten erregulazio guztia, bai eta barne-erabilerari begira ere eta haien jarduketen destinatzaileak auzotarrak direnean ere.

Dekretu hau emateko oinarriak Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria eta Euskadiren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 6.2 eta 10.4 artikuluetan ezarritako eskumenak dira.

Horiek guztiak horrela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren onespenarekin eta Gobernu Kontseiluak 2019ko azaroaren 19ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Arau honen xedea da euskararen eta gaztelaniaren erabilera instituzionalak eta administratiboak arautzea Euskadiko toki-entitateetan eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetan, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea garatzeko eta, orobat, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko toki-administrazioekin dituzten harremanetan.

2.– Hauek dira dekretuaren helburu nagusiak:

a) Herritarrei bermatzea dekretu honetako 2. artikuluan zerrendatutako entitateekin eta pertsonekin harremanetan jartzen direnean ofizialki erabili ahal izango dituztela euskara zein gaztelania, inolako diskriminaziorik gabe.

b) Euskararen erabilera normalizatzea eta sustatzea tokiko administrazioan, euskara zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa normaltasunez eta orokorrean erabil dadin.

c) Herritarrek euskara erabil dezaten zaintzea eta sustatzea.

d) Udalaren eremu sozialean herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeari dagokionez, benetako berdintasuna lortzea, horretarako behar diren ekintzak bultzatuz eta xede hori eragozten duten oztopoak ezabatuz.

e) Euskararen erabilera sustatzea Euskadiko toki-entitateetan eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetan, jardun-eremu guztietan.

2. artikulua.– Aplikazio-eremu subjektiboa.

1.– Dekretuan ezarritakoa toki-entitate hauetan aplikatuko da:

a) Udaletan.

b) Kontzejuetan eta udalarena baino eremu txikiagoko edozein lurralde-entitatetan, lurralde bakoitzean dagoen foru-araudian eta toki-araubideko oinarrizko legerian ezarritakoaren arabera.

c) Udalen mankomunitateetan.

d) Arabako lurralde historikoko kuadrilletan.

e) Partzuergoetan.

f) Dena delako izen espezifikoaren pean zenbait toki-entitate biltzen dituen edozein entitatetan.

2.– Halaber, dekretu honetan ezarritakoa tokiko sektore publikoa osatzen duten entitateei ere aplikatuko zaie; zehazki, honako hauei:

a) Tokiko erakunde autonomoei.

b) Tokiko enpresa-erakunde publikoei.

c) Tokiko merkataritza-sozietateei.

d) Tokiko fundazioei, baldin eta tokiko administrazioak, haren mendeko organismo publikoek edo tokiko sektore publikoko gainerako entitateek, zuzenean nahiz zeharka, haiek eratzeko behar den ondarea osatzeko ekarpenen gehiengoa edo haien fundazio-ondarearen % 50etik gora emandako edo lagatako ondasunez edo eskubidez modu iraunkorrean eratuta badago.

e) Elkarteei, baldin eta, elkarteok osatzeko, toki-entitateek, haien mendeko organismo publikoek edo tokiko sektore publikoko gainerako entitateek ekarpenen gehiengoa eman badute.

f) Toki-entitate batera adskribatuta dauden partzuergoei.

g) Toki-entitateek osatutako beste ente publiko instrumental batzuei –esaterako, herriarteko sozietateei–, baldin eta horiek osatzeko, tokiko administrazioak, haren mendeko organismo publikoek edo tokiko sektore publikoko gainerako entitateek, zuzenean edo zeharka, ekarpenen gehiengoa eman badute. Udaleko eta tokiko lankidetza-sareei edo elkarte-oinarria duten entitate ertainei ere aplikatuko zaie.

h) Ente publiko instrumentalei, baldin eta haiek osatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako sektore publikoak, zuzenean edo zeharka, ekarpenen gehiengoa eman badu, eta toki-entitateek ekarpenen gehiengoa eman badute.

3.– Dekretu honetan arautzen diren hizkuntza-irizpideak udal-zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresa eta entitateei aplikatuko zaizkie, arau honetan –eta bereziki 36. artikuluan– ezarritakoarekin bat.

4.– Hizkuntzak erabiltzeko irizpideak udal-laguntzen onuradunen eta diruz lagundutako jardueren hartzaile direnen arteko harremanetan ere aplikatuko dira. Horretarako, hizkuntzaren erabilerak alderdi esanguratsua izan behar du diruz lagundutako jardueraren xedean, bat etorriz Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean ezarritako hizkuntza-normalizaziorako helburuekin, eta jarduerok euskararen erabilera sustatu behar dute, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 23., 25., 26. eta 27. artikuluen esparruan.

5.– Era berean, irizpide horiek jabari publikoaren erabilera pribatiboaren eta erabilera komun bereziaren onuradunei ere aplikatuko zaizkie, onuradun gisa herritarrekin dauzkaten harremanetan, eta emakida-egintzan edo baimen-tituluan ezarritako baldintzetan; hain zuzen ere, araudi sektorialean eta dekretu honetako 35. artikuluan kontsumitzaile eta erabiltzaileei aitortzen zaizkien hizkuntza-eskubideak bermatzeko.

6.– Dekretu honetako VI. kapituluan xedatutakoa aplikatuko zaie, bartan xedatutako eran, ebaluatu beharreko kasuan kasuko plan eta proiektuak sustatzen dituztenei. Sustatzaile izan daitezke, hain zuzen, artikulu honetako lehenengo eta bigarren apartatuetan zerrendatutako entitateez gain, pertsona fisikoak edo pertsona juridiko pribatuak.

3. artikulua.– Aplikazioko lurralde-eremua.

Arau hau Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuko toki-entitateei eta haren tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateei aplikatuko zaie.

Kulturaren eta hizkuntzaren arloan balio eta jarduera partekatuak finkatze eta indartze aldera, dekretu hau aplikatuko zaie halaber dekretu honetako 2. artikuluan jasotzen diren entitateen eta euskara erabilera hizkuntza duten lurraldeetako toki-entitateen arteko harremanei eta dekretuaren 2. artikuluko entitate horiek beste administrazio publikoekin dituzten harremanei. Horretarako, toki-entitateen arteko lankidetza-hitzarmenak sina daitezen sustatuko da.

4. artikulua.– Definizioak.

Dekretu honen ondorioetarako, hona hemen zenbait terminoren esanahia:

– «Normalizazio-planak»: toki-entitatearen hizkuntza-politikaren formulazioa dira. Politika horren bidez, lege-xedapen hauetan ezarritako hizkuntza-normalizazioko helburuak lortu nahi dira: Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan.

– «Arnasguneak»: eremu geografiko eta soziofuntzionalak zeinetan euskara dakiten pertsonen ehunekoa % 80tik gorakoa baita, eta euskaraz aritzea ohikoa eta orokorra baita gizarte-harremanetan.

– «Hizkuntza-inpaktua»: plan edo proiektu batek egoera soziolinguistiko batean eragiten duen aldaketa da; euskara normalizatzeko prozesuaren ikuspegitik, aldaketa onuragarria, kaltegarria edo neutroa izan daiteke.

– «Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa»: planak onartzeko prozeduran, proiektuak baimentzeko prozeduran edo, hala dagokionean, erantzukizunpeko adierazpena edo jakinarazpena behar duten proiektuak kontrolatzeko administrazio-jardunean egiten diren jarduketen multzoa da. Ebaluazioaren bitartez, planek eta proiektuek euskararen erabilera normalizatzeko prozesuan izan ditzaketen ondorioak aztertzen dira, bai eta udalen egoera soziolinguistikoan izan dezaketen eragina ere.

– «Plana»: estrategia, gidalerro eta proposamenen multzo bat da, gizartearen behar batzuei erantzuteko diseinatua. Ezin dira zuzenean egikaritu; proiektu baten edo batzuen bidez garatzen dira, eta proiektuok eragina izan dezakete udalerriaren egoera soziolinguistikoan.

– «Proiektua»: obra, eraikuntza edo instalazio bat egiteko edo ustiatzeko egiten den edozein jarduketa, baldin eta jarduketa horrek udalen egoera soziolinguistikoari eragin ahal badio.

– «Plan edo proiektu baten funtsezko aldaketa»: jada baimendu edo abiarazi diren planetan edo proiektuetan oinarrizko aldaketak egitea estrategietan, gidalerroetan, proposamenetan edo kronologian, eta aldaketok eragin sakona izatea udalerriaren egoera soziolinguistikoan edo euskararen erabilera normalizatzeko prozesuan. Honako hauek bereziki aztertuko dira: aldaketek biztanleen kopurua handitzea ekarriko duten ala ez, udalaren hizkuntza-politikaren funtsezko alderdi bat aldatuko duten edo hizkuntza-komunitatearen harreman-sareetan aldaketarik ekarriko duten.

– «Hizkuntza-azterlana»: udal-zerbitzu teknikoek egiten duten azterlana –bera ere planean edo proiektuan parte-hartzaile dela–, planak edo proiektuak euskararen erabileraren normalizazioan eta udalerriaren egoera soziolinguistikoan izan ditzakeen ondorioak zehaztu, azaldu eta ebaluatzen dituena. Horrez gain, aukera erabilgarriak edo konpentsazio-neurri proportzionatuak aztertzen ditu, planaren edo proiektuaren aplikazio-eremua eta helburuak kontuan hartuta, plan edo proiektuak euskararen erabilera normalizatzeko prozesuan izan ditzakeen ondorio kaltegarririk egon ez dadin, edo ahalik eta txikienak izan daitezen.

– «Sustatzailea»: arau honen aplikazio-eremuan sartzen diren proiektu edo planetako bat egin nahi duen edozein pertsona fisiko edo juridiko, publiko edo pribatu.

– «Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioari buruzko txostena»: udal-zerbitzu teknikoek hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioaren amaieran egiten duten aginduzko txostena da. Hizkuntza-alderdiak planaren edo proiektuaren amaierako proposamenean nola txertatu diren aztertzen du.

– «Toponimoa»: entitate geografiko bat izendatzeko erabiltzen den izen berezia. Leku-izena edo izen geografikoa ere esaten zaio. Izen berezia den osagai espezifiko bat dauka –bakuna edo konposatua–, eta izen generiko bat ere gehi dakioke.

– «Alonimoa»: elementu geografiko bera izendatzen duen izen desberdin bakoitza.

– «Osagai generikoa»: toponimoari erants dakiokeen termino arrunta, entitate geografikoaren izaera orokorra, naturala edo artifiziala, azaltzen duena. Osagai generikoa eta entitate geografikoa bat etorri ohi dira. Termino arrunta denez, beste hizkuntza batera itzul daiteke, normalean.

– «Osagai espezifikoa»: toponimoaren funtsezko osagaia da; bakuna edo konposatua izan daiteke. Lekua zehatz-mehatz identifikatzen duen izen berezia da. Ezin da itzuli.

– «Entitate geografikoa»: paisaiaren edozein elementu, naturala zein artifiziala, izenduna edo izena eduki dezakeena. Toponimoaren osagai generikoarekin bat etorri ohi da.

– «Izendegi geografiko ofiziala»: toponimoen eta entitate geografikoen katalogo ordenatua, haien gaineko informazioa biltzen duena.

– «Dokumentuen hizkuntza-bertsio autentikoa»: dokumentua jatorrian idatzi den hizkuntza.

5. artikulua.– Printzipio gidariak.

1.– Euskararen erabilera normala eta orokorra: Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta, gaztelania bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateen hizkuntza ofiziala, eta, alde horretatik, entitateon jardueretan erabilera normal eta orokorreko zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izango da. Edonola ere, adierazpen horrek edo dekretu honetan euskararen erabilera normalari edo orokorrari buruz egindako erreferentziek ezingo dute biderik eman beste hizkuntza ofiziala mugatzeko.

2.– Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea: Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek politikak abiarazi behar dituzte 6. artikuluan adierazitako hizkuntza-eskubide eta -betebeharren erabateko berdintasuna lortzeko baldintzak sor daitezen.

3.– Tokiko hizkuntza-autonomia: udalei autonomia aitortzen zaie euskararen erabilera sustatzeko eta dinamizatzeko, bai eta beren hizkuntza-normalizazio instituzionala eta soziala lortzeko prozesua diseinatzeko ere, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea, dekretu hau eta aplikatzekoa den gainerako araudia ere betez. Horretan, kontuan hartu beharko dituzte autonomia-erkidegoko erakunde komunek ezarri dituzten irizpideak euskararen erabilera planifikatu eta arautzeko. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean udalei hizkuntzen kudeaketaren arloan aitortzen zaien autonomia oinarri hartuta, udalok hizkuntza-politika, ekintzak eta jarduna bideratuko dituzte, batetik, euskararen erabilera guztiz normalizatzera eta, bestetik, erakundeen eta administrazioaren funtzionamendua progresiboki euskalduntzera.

4.– Autoantolaketaren printzipioa: tokiko komunitate bakoitzak eskubidea dauka hizkuntza-arloaren gobernuan eta administrazioan parte hartzeko, bere gobernu-organoen bitartez. Bere eskumenen barruan, Euskadiko toki-entitate bakoitza edo Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duen entitate bakoitza arduratuko da hizkuntza-arloa kudeatzeaz.

5.– Diskriminaziorik ezaren printzipioa: ez da inor baztertuko erabiltzen duen edo erabili nahi duen hizkuntza dela-eta.

6.– Ekintza positiboaren printzipioa: Euskadiko toki-entitateek edo Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duen entitateek neurriak hartuko dituzte euskararen erabilera mugatzen duten oztopoak ezabatzeko, bai eta euskararen erabilera kaltetzen duen edozein bereizketa, bazterketa, muga edo justifikaziorik gabeko lehenespen ere ezabatzeko. Euskararen alde hartzen diren neurri bereziak –euskaldunen eta beste hizkuntza ofizialaren hiztunen artean berdintasuna sustatzeko eta euskaldunen egoera bereziak kontuan hartzeko– ez dira joko gaztelaniaz aritzen direnak baztertzeko egintzatzat.

7.– Hizkuntza propioaren aldeko ekintza argiak abiaraztea, hizkuntza-aniztasuna sustatzea eta atzerapausorik ez ematea, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuta:

a) Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek gero eta gehiago erabiliko dute euskara, bai barneko jardueretan, bai kanpora begira egiten diren jardueretan ere.

b) Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek euskara babesteko, laguntzeko, bultzatzeko eta sustatzeko jarduketak egingo dituzte, beren eskumen-eremu guztietan. Horretarako, beharrezko neurriak hartu eta nahikoa baliabide bideratuko dituzte.

c) Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek euskararen ahozko eta idatzizko erabilera erraztu eta sustatuko dute, bai bizitza publikoan, bai bizitza pribatuan, beren eskumenen eremuan.

8.– Efikaziaren eta efizientziaren printzipioak: Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek hizkuntza-plangintza moldatuko dute, efikaziaren eta efizientziaren printzipioen eskakizunen arabera, eta eskura dauzkaten baliabide publikoak zentzuz erabiliko dituzte.

9.– Proportzionaltasunaren printzipioa: Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek hizkuntza normalizatzeko prozesua diseinatzen dutenean, honako hauek bermatuko dituzte: proposatutako neurriak egokiak direla neurriokin lortu nahi diren xede legitimoetarako; ez dagoela neurri onuragarriagorik xede bera lortzeko efikazia berarekin eta neurriok behar bezala haztatuta, eta orekatuta daudela –alegia, haien aplikazioaren ondorioz guztion intereserako onura edo abantaila gehiago eragiten direla, auzian dauden beste ondasun edo balioetarako eragiten diren kalteak baino–.

10.– Plangintza: Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek modu planifikatuan jardungo dute euskararen erabilera instituzionala eta soziala normalizatzeko.

6. artikulua.– Herritarren hizkuntza-eskubideak.

Herritarrek hizkuntza-eskubide hauek dituzte dekretu honetako 2. artikuluan zerrendatzen diren eta beraren aplikazio-eremu subjektiboa osatzen duten entitateetan:

a) Hizkuntza ofizial batean zein bestean ahoz zein idatziz aritzeko Euskadiko toki-entitateekin eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateekin izaten dituzten harremanetan, bai eta dekretu honetako 2. artikuluko 1., 2., 3. eta 5. apartatuetan zerrendatutako beste entitateekin ere.

b) Arreta jasotzeko hizkuntza ofizial batean zein bestean, erregelamendu honetan ezarritako eran.

c) Administratu gisa, hizkuntza ofizial batean edo bestean aske aritzeko harreman edo ekintza publiko eta pribatuetan, udal-bizitzaren eremu guztietan.

7. artikulua.– Araudi akademikoa eta hizkuntzaren erabilera ez-baztertzailea.

1.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek hizkuntza ofizial bakoitzari dagokion araudi akademikoa errespetatutako dute.

2.– Euskarari dagokionez, hizkuntzaren batasuna zainduko dute, Euskaltzaindiak ezarri dituen eta indarrean dauden hizkuntza-arauei jarraikiz. Horretarako, Euskaltzaindiak onartu eta indarrean dauden arauak bete beharko dira txostenetan, idazkietan, mapetan, seinaleetan eta, oro har, idatzizko ekoizpen guztietan, bai eta ahozko komunikazioetan ere. Orobat, idazkera- eta hizkera-molde eredugarriak baliatuko dira, komunikazioen hartzaileen arabera moldatutako hizkuntza-erregistroetan.

3.– Tokiko eremuan, beharrezkoa bada, hizkuntzaren erabilera formala komunitate horretako hiztunen euskalkien eta ezaugarri sozialen arabera moldatuko da, komunikazio-egoera bakoitzaren hartzaileak kontuan hartuta eta testuak ere egoeraren arabera egokituta.

4.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek ez dute hizkuntza sexistarik erabiliko.

II. KAPITULUA
UDALEN HIZKUNTZA-ARLOKO ESKUMENAK ETA HAIEK GARATZEKO TRESNAK

8. artikulua.– Aitorpena.

1.– Udalek hizkuntza-arloan duten eskumen propioa baliatuko dute, bai barne-jardueretan bai kanpora begira egiten dituzten jardueretan, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean eta dekretu honetan xedatutakoari jarraituz.

2.– Hizkuntza-arloko udal-eskumen propioa legez bereganatzeak berekin dakar hizkuntzaren erabilera dinamizatzeko eta hizkuntza horren ikaskuntza sustatzeko neurriak hartzeko konpromisoa.

3.– Hizkuntza-arloko udal-eskumen propioa: arauak emateko edo ordenatzeko, antolatzeko, programatzeko, sustatzeko, kudeatzeko edo betearazteko funtzioen edo ahalen bitartez egikarituko da.

9. artikulua.– Ad intra eskumena.

1.– Udalek euskararen erabilera arautu eta sustatuko dute, eta euskararen normalizazioa planifikatuko dute beren eskumen-eremuko administrazio-organo, zerbitzu eta jardueretan.

2.– Hizkuntza-plangintzaren helburua izango da udal-jarduketak euskaraz egin ahal izatea. Horretarako, neurriak hartuko dira udalek euskaraz funtziona dezaten; bereziki, euskararen arnasguneetan.

3.– Udalek sustatuko dute hautetsiek ahozko eta idatzizko gaitasuna edukitzea hizkuntza bietan, horretarako toki-entitate bakoitzak ezartzen dituen baliabideak erabiliz.

4.– Udal bakoitzak neurriak hartuko ditu bere zerbitzura lan egiten duten pertsonek euskara ikasi, hobetu eta optimiza dezaten.

10. artikulua.– Ad extra eskumena.

1.– Udalek euskararen ezagutza sustatu eta haren erabilera dinamizatuko dute beren lurralde-eremuan egiten diren jardueretan. Euskararen erabilera sustatu eta dinamizatuko dute, herritarrei zuzendutako prestazioetan ez ezik, sustapen-ekintzetan ere. Horretarako, gizarte-jarduerak finantzatzen lagunduko dute, eta jarduera horietan euskara erabiltzea bultzatuko dute, jardueren xedeak eta ezaugarriak kontuan hartuta.

2.– Udalek neurriak planifikatuko dituzte euskararen ezagutza sustatzeko eta euskararen erabilera soziala hedatzeko udal-eremuan, arlo hauetan bereziki: bide publikoko publizitatean, lan-jardueretan, lanbide-jardueretan, merkataritzan, kulturan, elkarte-jardueretan, kirolean, ikus-entzunezkoetan, zinema eta ikuskizunetan, jolas-jardueretan, entretenimendu-jardueretan, udal-eremuko prentsan eta prestakuntzan.

11. artikulua.– Zehaztapenak eta tresnak.

1.– Hizkuntza-arloko udal-eskumen propioa oinarri hartuta, udalek, dekretu honen esparruan eta bakoitzaren egoera soziolinguistikoaren arabera, honako alderdi hauek aztertuko dituzte, besteak beste:

a) Udal-gobernuaren organoen barne-funtzionamenduan, hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak.

b) Udal-zerbitzuen barne-funtzionamenduan, hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak.

c) Herritarrekiko eta beste erakunde batzuekiko ahozko eta idatzizko harremanetan euskarak zer leku behar duen.

d) Dokumentu estandarizatuen hizkuntza-formatua.

e) Ekitaldi publikoetan euskarak zer leku behar duen.

f) Hizkuntzak nola erabiliko diren beste administrazio batzuekiko harremanetan.

g) Argitalpenetan euskarak zer leku behar duen.

h) Euskara, hizkuntza-paisaian eta errotuluetan.

i) Itzulpenak eta interpretazioak egiteko irizpideak.

j) Sustapen-lanean erabili beharreko hizkuntza-irizpideak, dirulaguntzen xede diren jardueren helburuak eta ezaugarriak kontuan hartuta.

k) Administrazio-kontratazioan erabili behar diren hizkuntza-irizpideak.

l) Iragarkietan, publizitatean eta publizitate-kanpainetan bete behar diren hizkuntza-irizpideak.

2.– Honako tresna hauetan islatuko da udalaren hizkuntza-politika:

a) Hizkuntza normalizatzeko planak, arlo horretan une bakoitzean indarrean dauden arauei jarraituz.

b) Hizkuntza normalizatzeko ordenantzak: xedapen orokorrak dira, eta iraunkorrak izateko bokazioa dute. Herritarrek hizkuntzaren arloan zer eskubide eta betebehar dauzkaten ezartzen dute.

c) Hizkuntza normalizatzeko erregelamenduak: xedapen orokorrak dira, eta toki-entitatearen hizkuntza-antolaketa eta -funtzionamendua arautzen dute, bai eta zerbitzu publikoetan erabiltzen den hizkuntza ere.

d) Kudeaketa-planak: xedapen orokorrak dira, eta hizkuntza normalizatzeko planaren alderdi jakin bat garatzen dute, hark ezartzen duena baino epe laburragoan betetzeko.

3.– Euskararen arloko eskumenak gauzatzeko, udalek tresna hauek ere erabili ahal izango dituzte:

a) Lankidetza funtzionalerako tresnak (adibidez, lankidetza-hitzarmenak).

b) Lankidetza organikorako tresnak: esaterako, mankomunitate, partzuergo, elkarte eta udalez gaindiko bestelako entitateetan parte hartzea edo entitate pribatu edo publikoekin batera jarduteko beste modu batzuk.

c) Sustapen-lanaren berezko tresnak: esaterako, laguntzak eta dirulaguntzak, jarduera mota horren oinarrizko araudiarekin bat.

d) Jabari publikoa erabili ahal izateko baimen-tituluak.

e) Administrazio-kontratuak egiteko tresnak.

III. KAPITULUA
HIZKUNTZAREN ERABILERA ERAKUNDEETAN ETA ADMINISTRAZIOAN
1. ATALA
GAI OROKORRAK

12. artikulua.– Hizkuntza ofizialen erabileraren arauketa eta plangintza.

Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek, beren egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, tokiko jardueretan euskara zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa orokorrean eta normaltasunez erabiltzeko modua antolatu eta arautuko dute, jarraian ageri diren artikuluetan jasotako irizpideekin bat etorrita.

13. artikulua.– Erabilera normala eta orokorra.

Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta, gaztelaniarekin batera, ofiziala Euskal Autonomia Erkidegoan. Hortaz, modu normalean eta orokorrean erabiliko da Euskadiko toki-entitateetan eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetan, baina beste hizkuntza ofiziala inolaz ere mugatu gabe. Hori bermatzeko, bada, entitate horiek gero eta gehiago erabiliko dute euskara, bai barne-jardueretan, bai kanpora begira egiten dituztenetan.

14. artikulua.– Hizkuntza ofizial batean egindako jarduketen balio juridikoa.

Edozein delarik ere egintza juridikoak eta administrazio-jarduketak egiteko erabili den hizkuntza ofiziala, jarduketok balio juridiko osoa edukiko dute hizkuntzaren aldetik. Edonola ere, partikularrei bermatuko zaie hizkuntza aukeratzeko daukaten eskubidea.

15. artikulua.– Harremanetarako hizkuntza aukeratzeko eta diskriminatuta ez izateko eskubidea.

1.– Herritarrek eskubidea daukate Euskadiko toki-entitateekin eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateekin dituzten harremanetan zer hizkuntza ofizialetan aritu nahi duten aukeratzeko, eta entitate horiek, hortaz, aukeratutako hizkuntzan artatu beharko dituzte, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuta.

2.– Herritarrek zer hizkuntza ofizial erabili nahi duten, horren arabera zainduko dute Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek hizkuntzaren erabilerak inolako diskriminaziorik ez eragitea.

16. artikulua.– Irudi instituzionala.

1.– Euskadiko toki-entitateen eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen irudi korporatiboaren elementuak –bereziki, organoen eta organismoen izenak– euskaraz, gutxienez, idatziko dira, euskarria edozein dela ere.

2.– Euskadiko toki-entitateetako eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetako bulegoetako eta beste instalazioetako barneko eta kanpoko errotulu adierazleak hizkuntza ofizial bietan idatziko dira, euskarria edozein dela ere. Honako kasu hauetan euskara hutsez jarri ahal izango da errotulua:

a) Testuaren grafia euskaraz eta gaztelaniaz oso antzekoa denean.

b) Euskarazko errotuluak nahasmenik sortzen ez duenean.

c) Mezuarekin batera, piktograma bat ere dagoenean, esanahia argitzeko.

3.– Euskadiko toki-entitateetako eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetako irudi instituzionalean hizkuntza ofizial biak erabiltzen direnean, euskarak lehentasunezko tokia izango du.

2. ATALA
LAN-HIZKUNTZA

17. artikulua.– Barne-jarduketak.

1.– Bai euskara, bai gaztelania, biak dira Euskadiko toki-entitateetako eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetako lan-hizkuntza ofizialak; hortaz, barne-jarduketetan bata zein bestea erabili, biak dira erabat baliodunak zuzenbidearen ikuspegitik. Entitate horiek euskararen erabilera arautu eta planifikatuko dute barne-jarduketetan, lan-hizkuntza gisa normaltasunez eta orokorrean erabil dadin.

2.– Hizkuntza normalizatzeko planetan zehaztuko da zein zerbitzu izendatuko diren «euskarazko administrazio-atal», euskararen erabilera normalizatzeko prozesua erregulatzen duen araudiari jarraituz, non euskara lan-hizkuntza izango baita. Zerbitzu horietan, euskara izango da ahozko zein idatzizko harremanetarako hizkuntza.

3.– Administrazio-izaerako barne-jarduketak –jakinarazpenik edo argitalpenik behar ez dutenean– euskaraz egin eta idatzi ahal izango dira, Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek egindako hizkuntza-plangintzaren arabera, baina herritarren hizkuntza-eskubideak une oro bermatuta.

4.– Euskadiko toki-entitateen eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen barne-komunikazioak orokorrean eta normaltasunez euskaraz izan ahalko dira.

18. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Toki-entitateetako organoen deialdiak, gai-zerrendak, mozioak, boto partikularrak, erabaki-proposamenak, informazio-batzordeen irizpenak, akordioak, aktak eta gainerako udal-dokumentuak euskaraz idatzi ahal izango dira, toki-entitate bakoitzak onartu duen araudian ezarritakoarekin bat etorrita. Dokumentuak euskaraz edo gaztelaniaz idazteak toki-entitateko kideren baten eskubideak kaltetzen baditu eta kide horrek legez eta era baliodunean alegatu badezake ez duela ulertzen dokumentuen hizkuntza, beste hizkuntza ofizialean itzulita emango zaizkio.

2.– Udalaren barne-dokumentazioa hizkuntza ofizial batean edo bestean –euskaraz edo gaztelaniaz– sortuko da. Halere, geroago, interesdunei jakinarazpenak eta komunikazioak egitean kontuan hartu beharreko hizkuntza-irizpideak aplikatuko dira.

19. artikulua.– Organoen funtzionamendua.

1.– Toki-entitateetako kide anitzeko organoen bilerak euskaraz egin ahal izango dira, parte hartzen duten pertsona guztiek hizkuntza badakite.

2.– Kide anitzeko organoko kide guztiak euskaraz hitz egiteko gai ez izan arren, mezuak ulertzeko gai badira, bilera, nagusiki, euskaraz egin ahal izango da. Edonola ere, euskaraz egiteko erraztasunik ez dutenek gaztelaniaz hitz egin ahal izango dute.

3.– Toki-entitateen jarduna euskaraz egiteari begira, toki-erakundeek sustatuko dute hautetsiek hizkuntza ofizialetan behar besteko gaitasuna izatea (mintzatuaren eta idatziaren ulermena), autoantolaketaren printzipioarekin bat. Horretarako, agintaldian zehar, euskara ikasteko eta hobetzeko ikastaroak egiteko aukera emango zaie hautetsiei.

4.– Toki-entitateen bilkura publikoetan, herritarrek autonomia-erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute, eta ezingo zaie eskatu haiek aukeratu ez duten beste hizkuntza batean itzulpenik egiterik edo azalpenik ematerik. Beste hizkuntza batean itzulpenik egin behar bada, toki-entitateak egin beharko du itzulpena.

5.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek neurriak hartuko dituzte euskaraz funtzionatzeko.

20. artikulua.– Hizkuntza-eskakizuna eta erabilera-irizpideak.

1.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek behar bezalako neurriak hartuko dituzte hango langileek herritarrei hizkuntza-eskubideak bermatzeko moduko hizkuntza-gaitasuna eskura dezaten, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan edo hura ordezten duen beste xedapenen batean ezarritakoarekin bat. Horri begira, neurriak garatuko dituzte langile publikoek euskara etengabe hobetu eta optimizatu dezaten, eta, horretarako, langileen parte-hartzea arautu eta bultzatuko dute, euskalduntze-ikastaroetan eta euskaraz ematen diren ikastaroetan.

2.– Toki-entitateen zerbitzura jarduten duten langileek beren lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatu badute, nahikoa gaitasun aitortuko zaie lanpostuaren berezko funtzioak bi hizkuntza ofizialetan egiteko, hizkuntza-eskakizun bakoitzean ezarritako mailaren arabera. Hortaz, euskara lan-hizkuntza eta zerbitzu-hizkuntza gisa erabiliko dute, entitateak ezarri dituen erabilera-irizpideei jarraikiz eta zerbitzuaren beharrak zein diren kontuan hartuta.

3.– Toki-entitateen eta haien erakunde autonomoen zerbitzura jarduten duten langileek lanpostuari dagokion nahitaezko hirugarren edo laugarren hizkuntza-eskakizuna egiaztatu baldin badute, euskaraz lan egingo dute, ahoz zein idatziz, entitate bakoitzak onartu duen planean horri buruz ezarrita dagoenarekin bat etorrita.

4.– Hirugarren edo laugarren hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duten langileek euskaraz egingo dituzte entitatearen prestakuntza-planeko ikastaroak, hizkuntza-plangintzarekin bat. Era berean, prestakuntza euskaraz jasotzeko eskubidea aitortzen zaie Euskadiko toki-entitateen eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen zerbitzura jarduten duten langile guztiei. Langileak prestatzeko erantzukizuna duen atalak hartuko ditu horretarako neurriak.

21. artikulua.– Itzulpenen arrazionalizazioa.

1.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek, barne-jarduketetan, era arrazionalizatuan erabiliko dituzte itzulpengintza- eta interpretazio-zerbitzuak. Ahaleginak egingo dira euskaraz idatzitako dokumentuak gaztelaniara ez itzultzeko, baldin eta jotzen bada toki-entitatearen zerbitzura jarduten duten langileek edo udalbatzako kideek dokumentu horiek ulertzeko euskara-gaitasun nahikoa daukatela. Maila hori toki-entitate bakoitzak zehaztuko du, eta, gutxienez, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren B2 maila izango da.

2.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek dagozkion irizpideak ezarriko dituzte itzulpenak modu arrazionalizatuan erabiltzeko. Edonola ere, kargu publikoei eta pertsonalari dokumentuak edo mezuak ulertzen lagunduko diete, behar duten guztietan.

22. artikulua.– Bulegotikako materiala.

1.– Euskadiko toki-entitateen eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen bulegotikako materiala –hardwarea eta softwarea– egokitu beharko da, euskaraz ere funtziona dezan.

2.– Euskadiko toki-entitateetan eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetan beren-beregi erabiltzeko sortzen den softwareak euskaraz erabiltzeko modukoa izan beharko du, hargatik eragotzi gabe gaztelaniaz ere erabili ahal izatea. Horretarako, informatika-programa prestatzeko fasean, kontuan hartu beharko dira euskarazko eta gaztelaniazko funtzionamenduaren beharrak. Bereziki saihestuko da lehenik aplikazio osoa gaztelaniaz egitea eta, ondoren, programak euskarara egokitzea.

3.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek informatika-aplikazioak egokitu beharko dituzte, herritarrek hizkuntza aukeratzeko eskubideak baliatzeko aukera izan dezaten.

4.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek euskarara egokitutako informatika-aplikazioak edukiko dituzte, tokiko administrazioaren zerbitzura jarduten duten langileek erabili ahal ditzaten, eskatuz gero, eta betiere lanpostuari esleitutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duten langileek erabil ditzaten.

23. artikulua.– Interneteko eta intraneteko sareak.

1.– Euskadiko toki-entitateen eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen erantzukizunpeko dokumentuak intranetetik edo internetetik herritarrek kontsultatzeko moduan jartzen direnean, euskaraz eta gaztelaniaz eskaini beharko dira dokumentuok. Gainerako kasuetan, jatorriz idatzi diren hizkuntzan eskainiko dira dokumentuak.

2.– Euskadiko toki-entitateen eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen web-edukietara sartzeko hasierako orriak euskaraz egon beharko du, lehenespenez. Orri horretan edukiak gaztelaniaz ikusteko esteka ere agertuko da, eta, hala badagokio, ofizialak ez diren beste hizkuntza batzuetan ikusteko estekak ere bai.

3.– Euskadiko toki-entitateen eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen web-orrialdeen URL helbideek euskarazko hitzak eduki behar dituzte.

4.– Izapideak internet edo intranet bidez egiteko aukera eskaintzen denean, euskara eta gaztelania baliatzeko aukera eman behar da.

3. ATALA
ZERBITZU-HIZKUNTZA

24. artikulua.– Administrazio-prozeduren eta -espedienteen hizkuntza.

1.– Administrazio-prozedurak izapidetzeko hizkuntza euskara izango da baldin eta interesdun bakarra badago eta pertsona horrek eskabidea euskaraz egin badu, edo pertsona batzuk badaude eta eskabidea euskaraz egitea adostu badute.

2.– Interesdun batek eskatuta hasten diren gainerako prozeduretan, toki-entitateak edo Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duen beste edozein entitatek, bere araudiari jarraikiz, zer hizkuntzatan izapidetu erabakiko du, indarreko legeen arabera. Halaber, parte hartzen duten alderdiak ados jar daitezen bilatuko du.

3.– Toki-entitate bakoitzak edo Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duen beste edozein entitatek, bere lurralde-eremuaren ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartuta, hizkuntzen erabilera zehaztuko du ofizioz hasten diren administrazio-prozeduretarako. Euskara erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izan ahalko da ofizioz hasten diren administrazio-prozeduren izapideetan.

4.– Aurreko bi apartatuetan aipatu diren kasuetan, prozedura berean interesdun bat baino gehiago baldin badago, eta zer hizkuntza erabiliko duten adosten ez badute, prozedura euskaraz ala gaztelaniaz izapidetuko da, toki-entitateak berak edo Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duen beste edozein entitatek onartu duen araudian ezarritakoaren arabera. Dena den, interesdunei zuzendutako dokumentuak eta lekukotzak haiek hautatutako hizkuntzan bidaliko zaizkie.

25. artikulua.– Komunikazioak eta jakinarazpenak.

1.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek herritarrekin dituzten harremanetan, denen hizkuntza-aukera segurtatzeko, norberak hautatzen duen hizkuntza ofiziala bermatuko da.

2.– Pertsona fisiko edo juridikoentzako komunikazioak eta jakinarazpenak haiek aukeratutako hizkuntzan emango zaizkie.

3.– Dekretu honen aplikazio-eremuko entitateek eta pertsonek arretaz erreparatuko diete pertsona fisiko eta juridikoek haiekiko harremanetan erabili nahi duten hizkuntza agerian uzten duten inguruabarrei, komunikazioak eta jakinarazpenak hizkuntza horretan bideratzeko; horretarako, bi hizkuntzetan idatzitako formularioak baliatuko dituzte. Horretaz gainera, herritarrek dekretu honetako 2. artikuluan zerrendaturiko subjektuekiko harremanetarako hautatutako hizkuntzara egokituko dira.

4.– Pertsona fisiko edo juridikoek toki-erakundeekiko harremanetan erabili izan duten hizkuntza ofiziala aldatu nahi badute, aldatzeko eskaera egin beharko diote toki-entitateari edo Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duen beste edozein entitateri.

26. artikulua.– Komunikazio orokorrak.

Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek hizkera argia eta ulergarria erabiliko dute herritarrekiko harremanetan. Gainera, baldin komunikazioen hartzailea hizkuntza-tratamendu bereziren bat behar duen kolektibo bat bada, entitateak saiatuko dira hizkera, estiloa eta formatua egokitzen kolektibo horren beharretara, komunikazioaren eraginkortasuna bermatzeko.

27. artikulua.– Herritarrentzako arreta.

1.– Herritarrekin zuzeneko harremana daukaten lanpostu edo unitateetan, toki-entitateek honela jokatuko dute ahozko harremanetan:

a) Euskadiko toki-entitateetako eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetako langileek euskaraz esango diete lehenengo hitza herritarrei; gero, herritarrak aukeratutako hizkuntzan jarraituko dute.

b) Herritar batek enplegatu publiko bati euskaraz hitz egiteko asmoa erakutsi edo euskaraz hitz egiten baldin badio, baina enplegatuak euskara ez badaki, enplegatuak lankide elebidun bati eskatu beharko dio laguntza.

c) Herritarrak aukeratu duen hizkuntzan jasoko du zerbitzua. Euskadiko toki-entitateetako eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetako langileek ez diete eskatuko herritarrei hizkuntza batean edo bestean mintzatzeko. Entitateek bermatu beharko dute zuzeneko arreta emateko zerbitzuetan jarduten duten langileek euskaraz eta gaztelaniaz aritzeko behar bezalako gaitasuna dutela.

d) Aurreko letretan araututako arretan sartzen dira aurrez aurreko arreta zein telefono bidezkoa.

e) Hartzaile zehatzik gabeko mezuak zabaltzen direnean gailu automatikoen bidez, edo telefonozko informazio-zerbitzuen, bozgorailuen edo antzeko bitartekoen bidez, lehenik euskaraz emango dira.

2.– Idatzizko harremanetan, Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek honela jokatuko dute:

a) Idatzizko testuak erantzun behar dituztenean, herritarrak erabilitako hizkuntzan erantzungo dute (euskara edo gaztelania), baita bide telematikoz edo elektronikoz erantzuten dutenean ere.

b) Zerbitzuen datu-base eta erregistroetan pertsona fisikoen edo juridikoen datuak jasotzen direnean, eremu bat egon beharko da, pertsona horietako bakoitzarekin harremanetan jartzeko hizkuntza zein den zehazteko. Datua jasota, komunikazioak hizkuntza horretan egingo direla bermatuko da.

c) Hartzaile zehatzik ez duten administrazio-dokumentuak hizkuntza ofizial bietan idatzi beharko dira.

28. artikulua.– Eredu normalizatuak.

1.– Eredu normalizatuak bi bertsiotan eskainiko zaizkie herritarrei: euskaraz edo ele bitan (euskaraz eta gaztelaniaz). Formatu elebidunetan lehentasuna emango zaio euskararen kokapenari.

2.– Dokumentu-eredua luzea edo konplexua delako Euskadiko toki-entitate batek edo Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duen entitate batek hala erabakitzen badu, dokumentu-ereduak hizkuntza bakoitzean bereizita jarriko dira herritarren esku. Kasu horietan, eredu bietan ohartaraziko zaio herritarrari eredu inprimatua beste hizkuntza ofizialean ere baduela eskuragarri.

29. artikulua.– Kopia autentikoak.

Euskadiko toki-entitate batek edo Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duen entitate batek egindako kopia autentikoak baliodunak izango dira gainerako administrazio publikoetan ere, zer hizkuntzatan egin diren gorabehera. Hala eta guztiz ere, Euskadiko toki-entitateetan eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetan egindako dokumentuak beste autonomia-erkidego batera bidali behar badira, eta autonomia-erkidego horretan euskara ez bada hizkuntza ofiziala, gaztelaniazko itzulpenarekin batera bidaliko dira, eta jatorrizko euskarazko dokumentutik itzuli dela ohartaraziko da.

30. artikulua.– Erregistro elektroniko orokorra.

1.– Euskadiko toki-entitateen, haien erakunde autonomoen eta haiekin lotuta edo haien mende dauden zuzenbide publikoko beste entitateen erregistro elektronikoetan, euskara zein gaztelania erabili ahalko dira datuak biltzeko eta prozesatzeko eta oharpenak eta idazpenak egiteko, entitate bakoitzak horri buruz ezarri duenari jarraikiz. Arlo horretan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko behar diren neurri guztiak hartuko dira; zehazki, beste administrazio publiko batzuekiko bateragarritasun informatikoari edo elkarren arteko konexioari eta erregistroetako idazpenak edo dokumentuak bidaltzeari dagokienez.

2.– Ziurtagiriak euskaraz edo ele bitan (euskaraz eta gaztelaniaz) egingo dira, interesdunak eskatzen duen moduan, idazpenak zer hizkuntza ofizialetan dauden gorabehera.

31. artikulua.– Sistema automatizatuak.

1.– Euskadiko toki-entitate batek edo Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duen entitate batek administrazio-prozedura bateko administrazio-jarduketa automatizatuak osorik egiten baditu baliabide elektronikoen bitartez eta enplegatu publikoek ez badute zuzenean esku hartzen, hura diseinatzeko orduan kontuan hartuko da interesdunei bermatu behar zaiela hizkuntza aukeratzeko daukaten eskubidea.

2.– Administrazio-jarduera automatizatuko sistemak diseinatzen direnean, euskara izango da lehen hizkuntza erantzuteko eta kontsultak egiteko; gaztelania, bigarrena, eta, gero, gainerako hizkuntzak, halakorik badago.

32. artikulua.– Publizitate aktiboa eta udal-informazioa eskuratzeko eskubidea.

1.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek bermatuko dute bi hizkuntza ofizialetan eskuratu daitekeela beraiek ematen duten informazio orokorra. Hala ere, informazioa euskararen sustapenarekin lotuta dagoenean, euskara hutsez zabaldu ahal izango da.

Administrazio-prozedura jakin batean interesdun diren pertsonek prozedura horren izapideetan sortu den dokumentaziorako irispidea izango dute, gardentasunaren alorreko legediak xedatzen duen eran. Dokumentazio hori sorburu-hizkuntza izan duen hizkuntzan kontsultatu ahalko da; edonola ere, Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek interesdunen zerbitzura jarriko dituzte eskuragarritasuna eta gardentasuna bermatzeko behar diren itzulpen-tresna elektronikoak.

Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek euskararen normalizazioa bultzatuko dute publizitate aktiboan.

2.– Aitortzen da informazio publikoa Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek sortutako dokumentuen hizkuntza-bertsio autentikoetan jasotzeko eskubidea.

33. artikulua.– Dibulgazio- eta informazio-argitalpenak.

1.– Informazio- eta dibulgazio-liburuxkak, kartelak eta oharrak –dauden euskarrietan daudela– eta, oro har, Euskadiko toki-entitateen eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen argitalpenak euskaraz, gutxienez, idatzi edo sortuko dira, baldin eta euskararen erabilera sustatzeari eta normalizatzeari lotuta badaude, eta betiere entitate bakoitzak ezarri dituen hizkuntza-normalizaziorako helburuak kontuan hartuta.

2.– Euskara erabilera normal eta orokorreko hizkuntza gisa erabili ahalko da Euskadiko toki-entitateen eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen aldizkako argitalpenetan.

3.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek publizitate-kanpainak kontratatzen dituztenean bereziki zainduko dute euskarazko esloganak hizkuntza horretan sortu izana eta ez direla gaztelaniaren itzulpen hutsa, eta horrela jasoko da baldintza-pleguetan.

4.– Euskadiko toki-entitateen eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen kanpoko promozioari lotutako publizitatea dagokion helburua betetzeko egokia den hizkuntzan egingo da, eta hizkuntza ez-ofizialak ere erabili ahal izango dira.

5.– Dibulgazio- edo informazio-komunikazioetan zer hizkuntza erabili erabakitzeko, kontuan hartuko da hartzaileek hizkuntza biak zenbateraino menderatzen dituzten.

6.– Dibulgazio- edo informazio-komunikazioetan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista bermatuko da.

34. artikulua.– Eskritura publikoak.

Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek bultzatuko dute eskritura publikoen idazkera –eta haien inskripzioa dagokion erregistroetan– euskaraz, gutxienez, izan dadin.

35. artikulua.– Jabari publikoaren erabilera komun berezia eta pribatiboa.

1.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek jabari publikoko hizkuntza-paisaian euskararen erabilera normalizatu dadin sustatuko dute. Horretarako, jabari publikoaren erabilera berezia eta pribatiboa baimentzeko tituluetan klausula egokiak txertatuko dira kontsumitzaileei eta erabiltzaileei idatziz ematen zaizkien informazioa eta segurtasun-abisuak euskaraz ere idatz edo komunika daitezen.

2.– Udal bakoitzak euskararen erabilera normalizatzeari buruz ezarri dituen irizpideekin bat etorrita, udal-azpiegituretako jardun publikoan zein pribatuan, orokorrean eta normaltasunez, erabiltzen den hizkuntza nagusia euskara izan ahalko da. Edonola ere, beti bermatuko da euskararen eta gaztelaniaren ofizialtasunari buruzko araudia betetzen dela.

4. ATALA
ADMINISTRAZIO-KONTRATAZIOA ETA LANKIDETZA-HITZARMENAK

36. artikulua.– Kontratu publikoak.

1.– Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 7.8 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek egiten dituzten kontratuetan kasu bakoitzean beharrezkoak diren klausulak sartuko dira, batetik, herritarrei bermatzeko toki-erakundeei exijitzen zaizkien hizkuntza-baldintza berberetan jaso ahal izatea kontratu bidezko jarduerak edo zerbitzuak eta, bestetik, euskararen eta gaztelaniaren hizkuntza-ofizialtasunaren erregulazioa betetzeko.

2.– Administrazio-baldintza partikularrei eta baldintza teknikoei buruzko agiriak bi hizkuntza ofizialetan argitaratuko dira, salbu eta grafikoak edo guztiz teknikoak diren dokumentuak. Horiek hizkuntza ofizialetako batean bakarrik argitaratu ahal izango dira.

3.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek hizkuntza bien ofizialtasunaren araubidea betearaziko dute kontratu publikoetan. Beraz, kasuan-kasuan kontratuaren helburua zein den, halako hizkuntza-betekizunak ezarriko dituzte administrazio-baldintza partikularren agirietan.

4.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek bermatuko dute kontratuaren xedeak betetzen duela bere izaerarengatik eta zerbitzuaren titularra den toki-erakundearen ezaugarriengatik aplikagarria zaion hizkuntza-legeria.

5.– Hizkuntza bien ofizialtasunari lotutako eskakizunak kontratu bakoitzaren betearazpen-baldintzei lotuta egongo dira. Gainera, hauxe bermatu beharko dute:

a) Herritarrak artatuak izan daitezela berek hautatzen duten hizkuntza ofizialean.

b) Zerbitzua eman dadila, hizkuntza-baldintzei dagokienez, zerbitzuaren administrazio titularrari exijitu ahal zaizkion baldintza beretan.

6.– Honako printzipio hauek oinarritzat hartuko dira kontratua betearazteko hizkuntza-baldintzak zehaztean:

a) Proportzionaltasun-printzipioa bermatuko da, kasu bakoitzaren ezaugarrien, xedearen eta hartzaileen arabera.

b) Kontratuaren bidez bete behar diren eginkizunei lotuta egongo dira.

c) Enpresak bere baliabideen edo besteren baliabideen bitartez egiaztatu ahalko ditu.

7.– Kontratua betearazteko baldintzetan, entitate kontratatzailearen eta esleipendunaren arteko harremanei buruzko erregulazioa sartu ahal izango da.

8.– Zehazki, herritarrekin harreman zuzena eskatzen duten kontratuetan, hauxe bermatuko da:

a) Enpresa esleipendunak Euskadiko toki-entitatearen edo Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duen entitatearen hizkuntza-araudia bete beharko du zerbitzua ematerakoan, hizkuntza-jardunari dagokionez. Zehazki, hizkuntza ofizial bietan jarduteko gaitasuna duten langileak jarri beharko ditu lanpostuetan. Alderdi hori kontratuko administrazio-baldintza partikularren agirietan egongo da jasota.

Enpresak langile horiek dauzkala egiaztatu beharko du. Horretarako, eskaintza onuragarriena aurkeztu duen lizitatzaileari eskatuko zaio identifikatu ditzala kontratua aurrera eramateko beharrezkoak diren lanpostuetan jardungo duten langileak. Langileok zer hizkuntza-maila daukaten aipatu beharko du, eta, hala badagokio, maila hori egiaztatzen duten agiriak aurkeztu.

b) Zerbitzua ematen duenean, esleipenduna saiatuko da herritarrekiko ahozko harremanak euskaraz izaten. Horretarako, enpresa esleipenduneko langileak euskaraz ekingo dio elkarrizketari, eta, ondoren, erabiltzaileak aukeratutako hizkuntzan jarraituko du. Zerbitzuaren erabiltzaileak zer hizkuntza aukeratu duen, hizkuntza horretan idatziko ditu enpresa esleipendunak zerbitzua emateko behar diren ziurtagiriak, txartelak, oharrak eta beste idazki batzuk.

9.– Hizkuntza-baldintzen betetze-mailaren jarraipena egitea kontratazio-organoari dagokio. Hizkuntza-baldintzak urratzen badira, kontratuak ez betetzeagatik araudiak dioena aplikatuko da.

10.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek erabaki ahalko dute hirugarrenei eskatzen dizkieten azterlanak, proiektuak eta antzeko lanak euskaraz, behintzat, idatzita egotea, salbu eta, xedea dela eta, nahitaez gaztelaniaz idatzi behar direnean. Eskakizun hori jasota egon beharko da onartzen diren administrazio-kontratuen baldintza-agirietan.

37. artikulua.– Hitzarmenak.

1.– Udalek beste entitate publiko edo pribatu batzuekin hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte, euskararen ikaskuntza eta erabilera bultzatzeko.

2.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek pertsona fisiko eta juridikoekin sinatzen dituzten hitzarmenak euskaraz, gutxienez, idatziko dira.

3.– Hitzarmenaren edukia nolakoa den, euskara sustatzeko eta herritarren eskubideak babesteko hizkuntza-klausulak sartu ahal izango dira.

5. ATALA
SUSTAPEN-JARDUERA

38. artikulua.– Laguntza eta dirulaguntza publikoak.

1.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek beren lurralde-eremuan euskararen ezagutza sustatzeaz gain, erabilera ere dinamizatuko dute, zuzenean horretarako zerbitzuak eta jarduerak antolatuz edota beste pertsona edo entitate batzuek euskara sustatu eta dinamizatzeko egiten dituzten jardueren finantzaketan lagunduz.

2.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek hizkuntza ofizialen erabilera arautuko dute beren sustapen-lanean. Zehazki, euskara sustatzeko irizpideak aplikatuko dituzte hizkuntzen erabilera alderdi esanguratsua denean diruz lagundutako jardueraren xederako, Euskadiko Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legean ezarrita dauden hizkuntza-normalizaziorako helburuei jarraikiz, eta, oro har, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 23., 25., 26. eta 27. artikuluetan ezarritako oinarrizko araudia kontuan hartuta.

3.– Lagundutako jarduera gauzatzean aplikatuko ditu onuradunak hizkuntza-irizpideak, honako printzipio hauek oinarri hartuta:

a) Proportzionaltasun-printzipioa bermatuko da, diruz lagundu den jardueraren ezaugarrien, xedearen eta hartzaileen arabera.

b) Hizkuntza-irizpideak diruz lagundutako jarduerei lotuta egongo dira.

c) Onuradunak bere baliabideen edo besteren baliabideen bitartez ziurtatu ahalko ditu.

4.– Diruz lagundutako jarduerak berekin dakarrenean herritar-multzo zehaztugabe batekin edukitzea zuzeneko harremana, euskararen erabilera normala bermatuko da, hargatik eragotzi gabe gaztelania erabiltzea.

5.– Diruz lagundutako jardueran komunikazioak edo argitalpenak egin behar direnean, lehentasuna emango zaio euskarari, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 26. artikuluan hizkuntza sustatzeko ezarritako neurriak betez.

IV. KAPITULUA
HARREMAN INSTITUZIONALAK

39. artikulua.– Jatorrizko dokumentuak euskaraz idaztea.

1.– Euskaraz sortutako dokumentuak eta dokumentuon kopiak euskaraz bideratuko dira, Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako beste administrazio publiko batzuei bidali behar dizkietenean edo euskara hizkuntza ofiziala den lurraldeetan daudenei eta euskarak ondore juridikoak dituen gainerako eremuetan kokatuta daudenei bidali behar dizkietenean.

2.– Era berean, ebazpenak, aktak eta erabakiak euskaraz idazten direnean, haien kopiak edo laburpenak euskaraz bidaliko zaizkio EAEko administrazioari, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dagoen Estatuko Administrazioari ere, toki-araubideari buruzko oinarrizko legeria betez.

3.– Udal-dokumentuak eta dokumentuon kopiak euskaraz egiten direnean, gaztelaniaz bidaliko zaizkie artikulu honetako lehen apartatuan jasota ez dauden gainerako administrazio publikoei, euskarazko jatorrizko testuarekin batera. Halaber, jakinaraziko zaie jatorrizko testua euskarazkoa dela, eta testu horretatik itzuli dela.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua erregulatzen duen araudiari jarraituz euskarazko administrazio-atal izendaturiko zerbitzuek euskara erabiliko dute administrazio horiekin idatzizko harremanak dituztenean.

40. artikulua.– Euskararen erabilera sustatzea harreman instituzionaletan.

1.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek sustatuko dute euskara gero eta gehiago erabil dadin elkarren arteko harremanetan, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden gainerako administrazio publikoekiko harremanetan eta euskara hizkuntza ofiziala den lurraldeetan dauden edo euskarak ondore juridikoak dituen gainerako eremuetan kokatuta dauden administrazio publikoekiko harremanetan.

2.– Administrazio publikoek adierazi badute Euskadiko toki-entitateekin eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateekin harremanak euskaraz eduki nahi dituztela, entitate horiek euskaraz bidaliko dizkiete dokumentuak eta kopiak.

3.– Euskaraz idatzitako testu edo errekerimendu bati erantzun behar zaionean, euskaraz erantzungo zaio.

41. artikulua.– Komunikazio instituzionala.

1.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek euskararen erabilera sustatu eta bultzatuko dute esku-hartze publikoetan, euskarak presentzia normalizatua izan dezan komunikazio instituzionalean.

2.– Euskadiko toki-entitateen eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen komunikazio instituzionalaren barruan ekitaldi publikoak eta komunikabideen aurreko agerraldiak egin behar direnean, euskaraz, gutxienez, egingo dira. Gainera, lehentasuna emango zaio euskarari, toki-entitate bakoitzak hartzaileen ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartuta ezarri dituen irizpideekin bat etorrita.

V. KAPITULUA
UDAL-TOPONIMIA ETA BIDEETAKO ETA ZERBITZUETAKO SEINALEAK

42. artikulua.– Eskumena.

1.– Udalei dagokie beren lurralde- eta eskumen-eremuko izen ofizialak finkatzea eta, oro har, toponimoen eta leku geografikoen prozedura arautzea eta haiek onartzea, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

2.– Toki-entitateen izena aldatzeko prozedura dagokion foru-araudiaren araberakoa izango da.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuko toki-entitateek eta tokiko sektore publikoa osatzen duten entitateek, bai eta dekretu honen aplikazio eremu subjektiboko pertsona fisiko eta juridikoek ere, toponimo ofizialak behar bezala erabiltzen direla zainduko dute.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuko toki-entitateek eta tokiko sektore publikoa osatzen duten entitateek, bai eta dekretu honen aplikazio eremu subjektiboko pertsona fisiko eta juridikoek ere, beren lurralde-eremuko toponimia aztertzeko, ikertzeko eta hedatzeko laguntza- eta sustapen-egitasmoak landuko dituzte.

43. artikulua.– Udal-toponimiako printzipio gidariak eta bide publikoetako seinaleak.

Hizkuntzari dagokionez, hauexek izango dira toki-entitateen izen ofiziala, izenon aldaketa eta udalerrien lurralde- eta eskumen-eremuko gainerako toponimoen eta izen geografikoen zehaztapena gidatzeko printzipioak:

a) Toponimoak eta leku geografikoak izendatzeko, euskarazko edo gaztelaniazko jatorrizko izenak errespetatuko dira, hizkuntza bakoitzari dagokion grafia akademikoa erabilita. Toponimoen idatzizko eta ahozko tradizioak aintzat hartuko dira, belaunaldiz belaunaldi gorde diren forma linguistikoen jarraitutasuna bermatzeko. Izen ofizialei buruzko gatazkarik sortzen bada toki-entitateen eta Eusko Jaurlaritzaren artean, Eusko Jaurlaritzak ebatziko du, Euskaltzaindiak irizpena eman eta gero.

b) Unibokotasun-printzipioa edo izen geografiko bakoitzaren «idatzizko forma bakarra» bermatuko da. Dena den, baliteke toponimo batzuek izendapen bikoitza edukitzea: izen bat hizkuntza batean eta beste izen bat beste hizkuntza batean.

c) Argitasun- eta zehaztasun-printzipioa bermatuko da, entitate geografikoen izendapenek bat ere zalantzarik sor ez dezaten.

d) Toponimoak ofizialtzeko prozesuan antolaketa gidariaren printzipioa bermatuko da, lurralde-eremu handiagoko administrazioen interesei eragiten zaienean; bai eta administrazio-koordinazioaren printzipioa ere.

44. artikulua.– Toponimoak ezartzerakoan nahi eta nahi ez bete beharreko arauak.

1.– Izen geografiko ofizial baten ortografia-zuzenketa soila, berekin ekartzen ez badu izenaren forma aldatu beharra, ez da hartuko toponimo ofizialaren aldaketatzat; hortaz, prozedura laburtuaren mende egongo da. Ortografia-zuzenketa soiltzat hartuko da toponimoari dagokion hizkuntzaren grafia akademikora egokitzea, aipatutako egokitzapenak toponimoaren ahoskerari eragiten dioten kasuak barne hartuta.

2.– Izen geografiko ofizial baten osagai generikoaren itzulpena ere ez da hartuko toponimoaren aldaketatzat, baina, edonola ere, Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak errespetatu beharko ditu.

3.– Toponimoen forma linguistikoaren eta zeinu grafikoen ezarpena (marratxoa, barra zeiharra eta bestelakoak) Euskaltzaindiak emandako arau eta irizpideetara egokituko da.

4.– Leku geografiko batek bi izen –bata, euskaraz, eta bestea, gaztelaniaz– baldin baditu, hauxe bete beharko da:

a) Izendapena testu baten barruan ez badago, biak idatziko dira, barra batez bereizita. Barraren alde bietan zuriune bat utziko da; eta euskarazko izena aipatutako barraren ezkerraldean idatziko da.

b) Komunikazioa euskarazko testu baten bidez egiten denean, hizkuntza horri dagokion izena baino ez da erabili beharko.

c) Komunikazioa gaztelaniazko testu baten bidez egiten denean, izen biak erabiliko dira, apartatu honetako a) letran adierazi bezala.

5.– Leku geografiko bat Euskal Autonomia Erkidegoari eta beste autonomia-erkidego bati eragiten dien eremuan dagoenean, Euskal Autonomia Erkidegoak izen ofizialtzat hartutako izenari eutsiko dio. Eragindako autonomia-erkidego horrekiko lankidetza bultzatuko du Eusko Jaurlaritzak, izendapen bikoitzak erabiltzeko akordioak bilatzea helburu.

Leku geografiko bat Euskal Autonomia Erkidegoko bi udalerri edo bi lurralde historiko edo gehiagoren eremuan badago, izen bera eta bakarra erabiliko da.

6.– Lehentasuna emango zaio genero-ikuspegiari.

7.– Toponimoen osagai espezifikoak ez dira beste hizkuntza ofizialera itzuliko, salbu eta jatorrizko izena berreskuratzeko bada eta dokumentazio historikoan forma hori jasota badago. Toponimoari, azalpen moduan, generiko estandarra eransten bazaio haren izaera geografikoa zehazteko, lehentasuna emango zaio generiko horren euskarazko bertsioari, hargatik eragotzi gabe beste hizkuntza ofizialera ere itzuli ahal izatea.

8.– Leku geografiko zehatzen izen berriak ofizialdu behar direnean, honako arau hauek beteko dira:

a) Lehentasuna emango zaie euskarazko izenei, gaztelaniazko izenen aldean.

b) Aztertuko da dagokion lekuan bertan edo inguruan izena zehazteko erabil daitekeen toponimorik badagoen, eta hala bada, beste irizpide erabilgarri batzuei baino lehentasun handiagoa emango zaie toponimo horiei.

c) Toponimo berri horiek pertsona-izenik badute, lehentasuna emango zaie emakumezkoen izenei.

d) Administrazio eskudunak Euskaltzaindiaren irizpena jaso ondoren egingo du bere proposamena.

e) Artifizio handiko izenak, izen exotikoak edo merkataritzari lotutakoak baztertuko dira, eta atzerriko hizkuntzetan daudenak ere bai.

45. artikulua.– Prozeduraren oinarrizko arauak.

1.– Foru-araudian jasotakoaren arabera arautuko da toki-entitateen izena aldatzeko prozedura. Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak, tokiko administrazioaren arloko eskumena duen sailak proposatuta, udalei proposatu ahal izango die izena zuzentzeko, baldin eta, irizpide akademikoen arabera, hizkuntza-akatsak badaude edo toponimoaren idatzizko eta ahozko tradizioekin bat ez badator.

2.– Oinarrizko arau hauek bete beharko dituzte beren lurralde- eta eskumen-eremuko izen ofizialak onartzeko udalek ezartzen dituzten prozedurek:

a) Prozedurari hasiera emateko, dagokion organoaren aldeko erabakia beharko da.

b) Espedientea jendaurrean jartzeko epea ez da 30 egunekoa baino txikiagoa izango, eta dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean jarriko dira iragarkiak.

c) Euskaltzaindiaren irizpena beharko da.

d) Dagokion udal-organoaren behin betiko onarpena beharko da.

3.– Behin udalak toponimoa edo leku geografikoa onartuz gero, udal idazkaritzak espediente osoaren kopia autentikatua bidaliko dio hizkuntza-normalizazioaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari.

4.– Espedienteari sarrera eman eta handik hiru hileko epean, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-normalizazioaren eskumena duen sailak aurka egin ahal izango du, honako alderdi hauei dagokienez:

a) Funtsari dagokionez, udal-erabakia ez badator bat tokiko toponimiarekin, edo dekretu honetako 43. eta 44. artikuluetan jasotako printzipio eta arauak betetzen ez baditu.

b) Prozedurari dagokionez, dekretu honetako 45.2 artikuluan adierazitako alderdi organiko eta izapideei buruzkoak betetzen ez badira.

Hiru hileko epe horretan ez ba zaio onarturiko izenari aurka egiten, izena Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialean inskribatu dadin aginduko du Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-normalizazioaren eskumena duen sailak.

5.– Izen ofizialen arteko desadostasunik egonez gero, Gobernu Kontseiluak ebazpen bidez hartuko du azken erabakia, artikulu honetako 2. apartatuko c) letran adierazten den Euskaltzaindiaren irizpena kontuan hartu ondoren.

6.– Toponimo edo leku geografikoaren izena Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialean inskribatzen denetik aurrera ofiziala izango da.

7.– Behin izen ofiziala Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialean inskribatu eta gero, hizkuntza-normalizazioaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak horren jakitun ipiniko du Estatuko Administrazioa, Estatuko izendegi geografikoan ere inskriba dezan, bai eta nazioarteko erregistroetan eta instantzietan ere.

8.– Dekretu honetako 44. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan jasotako kasuetan, prozedura sinplifikatuari jarraituko zaio. Prozedura horretan, bada, izapide hauek egin beharko dira: hasierako onarpena, informazioa jendaurrean jartzea, behin betiko onarpena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialean inskribatzea.

46. artikulua.– Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko toponimoak onartzea eta ofizialtzea.

Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko toponimoak onartzeko eta ofizialtzeko, honako izapide hauek egin beharko dira:

a) Proposamen idatzia eta arrazoitua egin ondoren, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-normalizazioaren arloko eskumena duen sailak bere eskumeneko toponimoak ezabatzeko, zuzentzeko, onartzeko edo ofizialtzeko prozedurari ekingo dio, ofizioz edo alderdi batek eskatuta.

b) Eragindako udalei entzunaldia emango zaie, proposamenari buruzko adierazpenak egin ditzaten (proposamenarekin batera, espedientean dauden aurrekari eta dokumentu guztiak ere aurkeztuko dira). Entzunaldia eta jendaurreko informazio-epea 30 egunekoa izango da. Iragarkiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ukitutako lurralde historikoetako aldizkari ofizialetan argitaratuko dira.

c) Informazioa jendaurrean jarri osteko emaitza jasotakoan, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-normalizazioaren arloko eskumena duen sailak Euskararen Aholku Batzordearen Toponimiako Batzorde Atal Bereziari eskatu ahalko dio irizpena, baina irizpena ez da loteslea izango. Batzordeak bi hilabeteko epea edukiko du irizpena emateko, eskaera egiten denetik zenbatzen hasita. Epe hori iraungita, aurrera jarraituko du prozedurak.

d) Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-normalizazioaren arloko eskumena duen sailak espedientearen kopia autentikatua bidaliko dio Euskaltzaindiari, akademiak ofizialdu nahi diren toponimoen hizkuntza-zuzentasunaz irizpena eman dezan. Irizpen hori nahitaezkoa da, baina ez loteslea, eta Euskaltzaindiak bi hilabetekoa epea izango du egiteko, eskatzen zaionetik zenbatzen hasita. Epe hori iraungita, aurrera jarraituko du prozedurak.

e) Behin espedientea amaituta, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-normalizazioaren arloko eskumena duen saileko buruak ebazpena emango du, eta toponimoa ofizialtzat joko da. Hala, ebazpenean aginduko du toponimoa Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialean inskribatzeko eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta dagokien lurralde historikoetako aldizkarietan informazioa argitaratzeko. Halaber, Estatuko Administrazioari era formalean jakinaraziko dio, toponimoa Estatuko Izendegi Geografikoan eta nazioarteko erregistroetan eta instantzietan sar dadin.

47.– Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofiziala.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofiziala eratzen da. Erregistro publikoa da, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-normalizazioaren arloko eskumena duen sailera adskribatua, eta han inskribatuko dira Euskadiko toponimo ofizialak.

2.– Arau honetan ezarritako prozedurei jarraikiz ofizialtzen diren toponimoak eta dagokion foru-araudia aplikatuta ofizialtzen direnak sartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialean.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialean txertatzen diren idatzohar eta idazpenek datu hauek, gutxienez, jaso beharko dituzte:

a) Idazpenaren zenbakia, kodea eta identifikazioa.

b) Toponimo ofizialaren izena. Bi forma izango ditu: forma labur bat, zeina osagai generikorik gabeko izen berezi bat izango baita –salbu eta generiko hori izen bereziaren parte den kasuetan–, eta, horrez gain, forma hedatu bat, izen berezia eta hari dagokion generikoa bilduko dituena, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan.

c) Toponimoaren alonimoak.

d) Euskal Autonomia Erkidegoaren 1:5.000 eskalako kartografia edo ortoargazki ofizialean eta erreferentziako sistema geodesiko ofizialean udalerria eta kokapen geografikoa zehaztuko dira, dagokion entitate geografikoa hobekien erakusten duen geoerreferentziazio poligonalaren, linealaren edo puntualaren bitartez.

e) Toponimoa noiz ofizialdu zen eta dagokion aldizkari ofizialean noiz argitaratu zen jakiteko eguna eta erreferentzia zehatzak.

f) Toponimoak izendatzen duen lekua udal-mugarte, lurralde historiko edo autonomia-erkidego batean baino gehiagotan badago, hori beren-beregi adieraziko da, eta zein diren zehaztuko da. Gainera, gorabehera hori dela-eta toponimoak dituen izendapen guztiak jaso beharko dira.

g) Ofizialtze-espedientearen signatura, eta haren artxiboaren kokapen zehatza.

48. artikulua.– Seinaleak eta errotuluak.

1.– Euskadiko toki-entitateen eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen mende eta haiek emakida bitartez kudeatzen dituzten zerbitzuen mende dauden errepideen, bideen, auzoen, zubien, tunelen, autobus-geltokien, bulegoen eta interes publikoko zerbitzuen seinaleak euskaraz, gutxienez, idatziko dira. Horrez gain, hala dagokionean, errotuluak gaztelaniaz ere jarriko dira, bide-trafikoari eta -segurtasunari buruzko araudiarekin bat etorrita.

2.– Euskarazko mezua erraz ulertzen denean, Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek euskara hutsez jarri ahalko dituzte seinaleak eta errotuluak.

3.– Euskaraz eta gaztelaniaz jartzen baldin badira, lehenengo bertsioak euskarazkoa izan beharko du.

VI. KAPITULUA
PLANEN ETA PROIEKTUEN HIZKUNTZA-INPAKTUA EBALUATZEA

49. artikulua.– Ebaluazioaren helburuak eta printzipioak.

1.– Udalen egoera soziolinguistikoan era negatiboan eragin dezaketen udal-eskumeneko planak onartzeko prozeduran eta proiektuei baimenak edo gaikuntzak emateko prozeduran, euskararen erabileraren normalizazioan izan dezaketen inpaktua ebaluatuko da, dekretu honen 50. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gero, ebaluazio horren ondoriozko neurriak proposatuko dira, kapitulu honetan jasotako baldintzen arabera, egoki irizten bazaie.

2.– Honako hauek dira hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioaren helburuak:

a) Udalen egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen planak eta proiektuak egiteko eta onartzeko prozeduretan, eta haiei baimena edo gaikuntza emateko prozeduretan, hizkuntza-alderdiak eta euskararen erabileraren normalizazioa gehitzea.

b) Euskararen erabilera normalizatzeko onuragarrienak diren aukerak aztertzea eta kontuan hartzea.

c) Neurriak diseinatzea, euskararen erabileraren normalizazioaren gaineko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala dagokionean, konpentsatzeko.

3.– Honako printzipio hauek izango dira hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioaren oinarria:

a) Prebentzioa: udalek, hizkuntza-ikuspegitik ere, aukera onenak baliatuko dituzte planak onartu edo proiektuei baimena edo gaikuntza ematen dietenean, inpaktu kaltegarriak ahalik eta txikienak izan daitezen, eta, behar izanez gero, inpaktu horiek konpentsatzeko.

b) Planak onartzeko edo proiektuei baimena emateko prozedura substantiboan txertatzea. Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazio-prozedura hasieratik sartuko da plana onartzeko edo proiektuari baimena edo gaikuntza emateko funtsezko prozeduran; eta ebaluazioa amaituko da plana behin betiko onartu edo proiektua behin betiko baimendu aurretik. Horrela, hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioaren emaitzak planetan edota proiektuetan txertatu ahal izango dira. Erantzukizunpeko adierazpena edo komunikazioa –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarrita– behar duten proiektuak direnean, sustatzaileari jakinaraziko zaio udalak egindako hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa, hark ebaluazioan proposatzen diren neurriak abian jar ditzan.

c) Ebaluazioaren kalitate teknikoa.

d) Interesdunen eta, oro har, publikoaren parte-hartzea.

e) Prebentzio-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak hizkuntza-inpaktura egokitzea eta hizkuntza-inpaktuaren eta inpaktua minimizatzeko baliabideen arteko proportzionaltasuna zaintzea.

f) Konfidentzialtasuna, bereziki sustatzaileek ematen dituzten datuei dagokienez.

g) Sustatzaile pribatuen laguntzeko betebeharra: haiek sustatutako hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa egin ahal izateko udalek behar dituzten datuak helarazi beharko dizkiete.

h) Euskararen erabileraren normalizazioa sustatzea, politika publikoetan hizkuntza-ikuspegia sartuz.

i) Udalen garapen soziala bultzatzea, hizkuntza-eredu jasangarria bermatuz.

50. artikulua.– Ebaluatu behar diren planak eta proiektuak.

1.– Udalek behean zerrendatzen diren plan eta proiektuen hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa egin beharko dute, bai eta horien funtsezko aldaketenak ere, baldin eta euskararen erabileran eragina izango badute:

a) Planak:

– Hiri-antolamenduko plan orokorrak.

– Plangintza orokorra bateragarri egiteko plana.

– Sektorizatze-plana.

– Plangintzako arau subsidiarioak.

– Plan partzialak.

– Hiri-antolamenduko plan bereziak.

– Turismo-planak.

b) Proiektuak:

– Merkataritzagune handiak eraikitzeko proiektuak.

– Industriaguneak eta teknologia-parkeak eraikitzeko proiektuak.

2.– Aurreko zerrendan aipatutakoez gain, arnasguneetako euskararen erabileran eragina izan dezaketen plan eta proiektu guztiak ebaluatu beharko dira.

51. artikulua.– Ebaluaziotik salbuetsitako kasuak

1.– Kasu hauetan ez da egin behar hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa:

a) Funtsezkoak ez diren aldaketak egiten direnean plan edo proiektuetan.

b) Hizkuntza-inpakturik eragiten ez duten planak onartzean eta proiektuei baimena edo gaikuntza ematean.

c) Aurrez hizkuntza-ebaluazioa izan duen plan batetik eratorritako proiektuetan.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako kasuetako plan eta proiektuei onarpena, baimena edo gaikuntza emateko funtsezko espedientean, egoera horren berri jasotzen duen txosten bat erantsi beharko da.

52. artikulua.– Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa, onarpena edo baimena behar duten plan eta proiektuetan eta erantzukizunpeko adierazpena edo komunikazioa behar duten proiektuetan

1.– Udalaren onarpena edo baimena behar duen plan edo proiektu baten hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa plan edo proiektuaren funtsezko izapideekin batera egingo dute udalek.

2.– Erantzukizunpeko adierazpena edo komunikazioa behar duten eta dekretu honetako 49. eta 50. artikuluen arabera hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioaren mende dauden proiektuen kasuan, udalak hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa egiteko izapideei ekingo die behin interesdunak erantzukizunpeko adierazpena edo komunikazioa aurkeztu eta gero. Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa burututakoan, exekuzio- eta ezarpen-fasean –eta funtzionamendu-fasean, halakorik badago– aplikatu behar dituen neurriak jakinaraziko zaizkio interesdunari, euskararen normalizazioan eragin litezkeen ondorio negatiboak murrizteko.

3.– Plan edo proiektuaren funtsezko izapideak egitean erabili den dokumentazioa baliatuko dute udal-zerbitzu teknikoek hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa egiteko. Pertsona sustatzaile pribatu batek bultzaturiko proiektuen kasuan, pertsona horrek beharrezkoak diren datuak eskuratu beharko dizkie udal-zerbitzu teknikoei, hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa egokiro egin dezaten.

53. artikulua.– Hizkuntza-azterlanaren irismena zehaztea.

1.– Plan edo proiektu batek udalean edo aztertzen den eremuan euskararen erabileran eraginik eduki dezakeen aztertzerakoan, adierazle hauek kontuan hartuko dira:

a) Aldaketak, udalerriko biztanle-kopuruan.

b) Aldaketak, udalerria bisitatzen dutenen kopuruan.

c) Bestelako eraginak, udalerriaren egoera soziolinguistikoan.

2.– Adierazleok aztertu ondoren, udal-zerbitzu teknikoek hizkuntza-azterlanaren irismenari buruzko txostena bidaliko diote plan edo proiektuari funtsezko onarpena emateko eskumena duen udal-organo eskudunari.

a) Baldin plan edo proiektuaren irismenari buruzko proposamenak ondorioztatzen badu ez dagoela hizkuntza-inpaktu esanguratsurik, hizkuntza-inpaktuaren azterlanik ez egiteko gomendatuko du.

b) Aitzitik, hizkuntza-inpaktu esanguratsua dagoela ondorioztatzen badu, beharrezkotzat joko du hizkuntza-inpaktuaren azterlana egitea, datozen artikuluetan adierazitakoaren arabera.

54. artikulua.– Hizkuntza-inpaktuaren azterlana egitea.

Udal-zerbitzu teknikoek egingo dute hizkuntza-inpaktuaren azterlana, zeinak alderdi hauek, gutxienez, aztertuko baititu:

a) Planaren edo proiektuaren azalpen orokorra eta garatzeko beharko den denboraren gaineko aurreikuspenak.

b) Hizkuntza-inpaktuaren intentsitatearen kalkulua. Inpaktuaren intentsitatea kalkulatzeko, aldagai hauek hartuko dira kontuan:

– Bizitza sozialaren eta kulturalaren gaineko inpaktua.

– Biztanleen edo bisitarien hizkuntza-gaitasuna.

– Biztanleen edo bisitarien hizkuntza-erabilera.

– Jardueraren edo zerbitzuaren eremuko komunikazioa.

– Eraginpeko eremuko hizkuntza-paisaia.

– Jardueraren edo zerbitzuaren eremuko hizkuntza-eskaintza.

c) Funtsezko alderdiei buruzko azterketa. Honako eremu hauek kontuan hartu behar dira:

– Plan edo proiektu motaren ezaugarriei buruzkoak.

– Planaren edo proiektuaren denbora- eta espazio-dimentsioak.

– Kokapenari buruzkoak.

– Planteatu diren hizkuntza-erabilerari buruzko irizpideen gainekoak.

d) Konpentsazio-neurriak.

e) Neurri zuzentzaileak.

55. artikulua.– Informazioa jendaurrean jartzea, interesdunei kontsulta egitea eta entzunaldia.

1.– Plana edo proiektua onartzeko funtsezko prozedura jendaurrean jartzen den aldi berean, hizkuntza-inpaktuaren azterlana jendaurrean jartzeko izapidea ere egingo da.

2.– Gainera, jendaurreko informazioaren izapidea egiten den bitartean, plan edo proiektuari funtsezko onarpena emateko eskumena duen udalak kontsultak egingo dizkie Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-normalizazioaren arloko eskumena duen sailari eta interesdunei. Kontsultak jakinarazpen baten bidez egingo dira, honako informazio hau gutxienez adierazita:

a) Hizkuntza-inpaktuari buruzko azterlana, edo non kontsultatu daitekeen.

b) Txostenak eta ebaluazioak zer organori bidali behar zaizkion.

c) Planaren edo proiektuaren gaineko informazio garrantzitsua eskuratzeko modua.

3.– Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-normalizazioaren arloko eskumena duen sailak hogeita hamar egun balioduneko epea edukiko du, udalak egindako hizkuntza-azterlanaren gainean txosten bat egiteko. Era berean, interesdunek epe bera izango dute alegazioak formulatzeko. Epea zenbatzen hasiko da jakinarazpena hartzen denetik aurrera.

4.– Hamar egun balioduneko epean entzunaldia emango zaio sustatzaileari, baldin pertsona pribatua bada, eta interesdunei ere bai, horrelakorik badago. Epea zenbatzen hasiko da informazioa jendaurrean jartzeko eta Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-normalizazioaren arloko eskumena duen sailari eta interesdunei kontsultak egiteko izapidea amaitzen denetik aurrera. Jasotako txostenak eta alegazioak bidaliko dizkio funtsezko organoak sustatzaileari, jakinaren gainean egon dadin.

56. artikulua.– Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioari buruzko txostena.

1.– Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioari buruzko txostenean datu hauek, gutxienez, bilduko dira:

a) Planaren edo proiektuaren sustatzailea edo funtsezko organoa zehaztea, eta planaren edo proiektuaren deskribapena.

b) Informazioa jendaurrean jartzeko eta Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-normalizazioaren arloko eskumena duen sailari eta interesdunei kontsultak egiteko izapideen emaitzen laburpena, bai eta horiek kontuan hartzeko moduaren azalpena ere.

c) Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioaz arduratzen den udal-organoak egin duen azterketa teknikoaren laburpena.

d) Euskararen erabileraren normalizazioaren gaineko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala dagokionean, konpentsatzeko ezarri beharko liratekeen baldintzak eta neurriak, beharrezkoa denean.

e) Jarraipena egiteko sistema eta, beharrezkoa bada, jarraipen-batzordea.

2.– Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioari buruzko txostena egiteko epea hilabetekoa da, kontsultarako epeak amaitutakoan zenbatzen hasita. Eta, plana edo proiektua onartzeko funtsezko prozedura amaitu aurretik, hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioari buruzko txostena erantsi beharko da.

57. artikulua.– Hizkuntza-inpaktua ebaluatzeko txostenaren eraginkortasuna.

1.– Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioari buruzko txostena kasuan kasuko plana edo proiektua onartzeko funtsezko prozeduran txertatutako da, salbu plan eta proiektu hori, baimen-araudiaren mende egon beharrean, erantzukizunpeko adierazpenaren araudiaren mende badago. Izan ere, kasu horretan, dekretu honen 52. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio. Udalak planari edo proiektuari onarpena edo baimena emateko baliatzen duen administrazio-egintzak, zehazki, 56.1 artikuluko d) eta e) letretan adierazten diren alderdiak jasoko ditu.

2.– Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioari buruzko txostenaren aurka ezin izango da errekurtsorik aurkeztu, hargatik eragotzi gabe plana edo proiektua onartzen edo baimentzen duen egintzaren aurka administrazio-bidean eta auzibidean jar daitezkeen errekurtsoak.

VII. KAPITULUA
ERAKUNDEEN BULTZADA

58. artikulua.– Sustapen-neurriak.

Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek, beren eskumen-eremuan, euskararen irudi publikoa eta erabilera sustatu behar dituzte. Ildo horretan, dirulaguntzen oinarrizko araudiaren araberako zuzeneko dirulaguntzak, hobariak eta salbuespen fiskalak ezarri ahalko dituzte, hizkuntzen erabilera normalizatzeari eta sustatzeari lotutako ekitaldiak antolatzeko. Bestelako sustapen-formulak ere erabili ahal dituzte, hala nola laguntza-zentroak. Zentro horien bidez euskararen ezagutza, erabilera eta hedapena bultzatuko dute, bereziki egoera soziolinguistikoa dela-eta beharrezkoa den lekuetan.

59. artikulua.– Plangintza-neurriak.

1.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek hizkuntza-plangintza orokorra egiteko tresnak eduki behar dituzte: periodikotasuna ezarrita duten programak, hain zuzen. Horiek egoeraren araberako helburu eta neurri egokienak ezartzen eta emaitzak ebaluatzen lagunduko diete. Plangintza-tresnak eragile eta kolektibo inplikatuekin hitzartuta egin behar dira. Halaber, parte-hartzearen, sinplifikazioaren eta efikaziaren printzipioak kontuan hartuko dira horiek egiterakoan.

2.– Tokiko gobernuek hizkuntza-plangintzan adierazitako helburuen betetze-mailaren berri eman beharko diete berek ezarritako jarraipen- eta kontrol-organoei, aurrez finkatutako periodikotasunaren arabera.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Eragina aurrekontuan.

Dekretu honen aplikazioak eta garapenak ez du eraginik izango gaia dela-eta eskudunak diren Eusko Jaurlaritzako sailei esleitutako gastu-kapituluen zuzkiduran.

Euskadiko toki-entitateen eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen aurrekontuan izan dezakeen eraginari entitateek berek erantzungo diote, beren giza baliabideen eta baliabide materialen bitartez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aurretik erregistratuta dauden toponimoak.

Dekretu hau indarrean sartu orduko Eusko Jaurlaritzaren izendegi geografikoan erregistratuta dauden toponimoak Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialean ere erregistratuta daudela joko da. Hori, dena den, ez da eragozpen izango dekretu hau edo aplikagarria den araudia bete beharko duten geroko zuzenketak, aldaketak edo ordezkapenak egiteko.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hizkuntza-inpaktuari buruzko ebaluazioa egiteko metodologia eta prestakuntza.

1.– Dekretu honen VI. kapituluan xedatutakoa betetzeko, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-normalizazioaren arloko eskumena duen organoak ebaluazio-metodologia bat eta hari lotutako tresna informatikoak garatu eta beste entitateen eskura jarriko ditu, erabil ditzaten.

Metodologia garatu eta tresna informatikoak eskura jartzeaz gain, haiei buruzko prestakuntza ere eskainiko du.

2.– Udalek publiko egin beharko dute zer metodologia erabiliko duten planen eta programen hizkuntza-inpaktua ebaluatzeko. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-normalizazioaren arloko eskumena duen organoak eskaintzen duen metodologiarekin bat egitea erabaki dezakete edo metodologia propioa garatu. Azken kasu horretan, metodologia onartu egin beharko da eta toki-korporazio bakoitzaren web-atarian argitaratu.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Udal-eskumenekoak ez direla-eta beste administrazio publiko batzuek onartzekoak diren planen eta proiektuen hizkuntza-inpaktuari buruzko ebaluazioa.

Udalerrien egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen udalerriaz gaindiko eremuko proiektuak eta planak onartzeko prozeduran, planak eta proiektuak ebaluatzeko eskumena daukan udal-organoak haien hizkuntza-inpaktua aztertuko du. Halaber, izan litezkeen inpaktu negatiboak saihesteko eta prebenitzeko inguruabarrak eta neurriak proposatuko ditu, eta, behar izanez gero, konpentsazio-neurriak ere bai.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Tokiko sektore publikoa.

Tokiko sektore publikoa osatzen duten entitateak, dekretu honetako 2.2 artikuluko b) letran adieraziak, aldatu egiten direla ulertuko da baldin tokiko sektore publikoko entitateak erregulatzen dituen araudian aldaketarik gertatzen bada.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Mailakako aplikazioa.

Mailaka aplikatuko dira informatika-programetako, erregistro elektronikoko, publizitate aktiboko edo kontratazio publikoko hizkuntza normalizatzeko baldintza teknikoak, Euskadiko toki-entitateen eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen ahalmena kontuan hartuta. Entitate horiek planifikatuko dute noiz jarriko diren indarrean neurri horiek. Beranduenez, dekretu hau indarrean jarri eta hiru urtera egon beharko dute indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialaren egitura eta antolamendua.

Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-normalizazioaren arloko eskumena duen saileko buruak zehaztuko ditu, agindu bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialaren egitura eta antolamendua, zeina dekretu honetako 47. artikuluan arautzen baita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean Dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko azaroaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala