Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2019ko azaroaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5304

EBAZPENA, 2019ko urriaren 24koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen 2019-2020 aldiko ikuskapen-planaren irizpide orokorrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legeak 49. artikuluaren 5. apartatuan arautzen du bere eskumenekoak diren fundazioen ikuskapena.

Horretarako, 52. artikuluan, prebentzio-izaera duten urteko ikuskapen horiek egiteko arau orokor batzuk jasotzen dira, erakunde horiei dagozkien betebeharrak betetzen diren egiaztatzeko.

Adierazten da, halaber, ikuskatze-lana erregelamendu bidez ezartzen diren izapideei, prozedurei eta protokoloei jarraituz egingo dela.

Uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duenak, egiten du garapen hori (2019ko abuztuaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria).

Erregelamendu horrek ahalmen hori zehazten du hirugarren azpiatalean, «jarduera eta fundazioaren helburuak» izenburupean, eta besteak beste, urteko ikuskapen-planaren irismena eta edukia, ikuskatzaileen ahalmenak edo ezaugarriak, eta jarduketa horiek gauzatzeko prozedura erkidea jasotzen ditu.

Ikuskapen-jardueren plangintza horrek nabarmen laguntzen du administrazio publikoaren jarduna, eraginkortasun- eta efizientzia-printzipioei jarraikiz gauzatzeko, bai eta fundazioen gobernu ona sustatzeko ere, fundazio-erakundeen eta oro har interes orokorreko helburuaren hartzaile den gizartearen onurarako.

Gainera, ikuskatze-jarduketen plangintza hori publikoak izango diren irizpide objektiboen arabera egiten den heinean (betiere, aipatutako uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 13.2 artikuluan xedatutakoaren arabera), Babesletzak dituen giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak behar bezala kudeatzera bideratuta dago ikuskapen-plana; baita segurtasun juridikoa bermatzeko ere, izan ere, ikuskapen-jarduketak zer eremutara luzatuko diren zehazten du.

Bestalde, aipatutako arauaren 13.3 artikuluan aurreikusten da ikuskapen horiek ofizioz egiteko aukera, nahiz eta urteko ikuskapen-planean jasota ez egon. Ikuskapen horiek eskumena duen organoaren erabakiz gauzatuko dira, dela bere ekimenez, dela goragoko agindu baten ondorioz, dela beste organo batzuen eskari arrazoituaren bidez edo salaketa baten bidez.

Edonola ere, ezinbestekoa da beste erakunde publiko batzuekin informazioa trukatzeko prozesuak finkatu eta horiek sendotzera bideratutako jarduerak indartzea, bereziki zergez arduratzen direnekin, ageriko arrazoiengatik, eta fundazio-munduarekin erlazionatutako izaera pribatuko beste erakunde batzuekin, har daitezkeen neurrien eraginkortasuna bermatzera lagun badezakete.

13. artikuluaren arabera, aurreikusitako ikuskapen-lanen helburu nagusia da fundazioei buruzko araudia betetzen dela egiaztatzea eta fundatzaileek ezarritako interes orokorreko helburua babestea eta baita fundazioen bideragarritasun ekonomikoa bermatzea, horretarako, araudia, helburuak eta estatutuetan aurreikusitako interes orokorreko jarduerak betetzen dituztela egiaztatuko da, bai eta kontuak emateko betebeharra eta gardentasun-betebeharrak ere.

Hori horrela izanik ere, eta sektorearen gehiengoak beraien betebeharrak betetzen dituztela oinarritzat hartuz, aplikatu beharreko ordenamendu juridikoan jasota dauden betebeharrak behar bezala betetzen lagunduko dituzten jokabide-ereduak indartzeko asmoz euren esperientziaren berri emango dituzten fundazioekin jarduerak egingo dira ikuskapen-planaren barruan.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 13.5 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, argitara ematen dira 2019-2020 urterako ikuskapen-planaren berri ematen duten irizpide orokorrak, ebazpen honen eranskinean jasota daudenak.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, pertsona orok horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 24a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.

ERANSKINA

Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren fundazioak ikuskatzeko 2019-2020 aldirako planaren irizpide orokorrak.

Helburu orokorrak:

1.– Fundazioei buruzko araudia betetzen dela egiaztatzea, eta ondorioz, neurriak hartzea, fundazioetan detektatutako ez-betetzeen, arazoen edo arriskuen potentzialtasun negatiboa garatu ez dadin edo murriztea ahalbidetzen duten neurriak hartzea, ondorio negatiboak mugatuko dituzten neurriak edo prozedurak bultzatuz.

2.– Fundazioei edo haien interes-taldeei eragin diezaieketen arriskuak detektatzea eta kontrolatzea.

Helburu espezifikoak:

1.– Aurreikusi gabeko arriskuak identifikatzea.

2.– Fundazioek egiten dituzten jarduera ez-egokien identifikazioa.

3.– Ez-betetzeei, arazoei edo aurkitutako arriskuei buruzko gomendioen eta konponbideen proposamena, neurri zuzentzaileak aplikatuz.

4.– Fundazioen gobernu on- eta gardentasun-irizpideak ikustea.

Helburu erkide eta orokor horien esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren jarduera-ildoak hiru multzo edo kategoria handitan garatuko dira:

1.– Laguntza eta betetze-ereduak hedatzeko jarduerak, fundazioen konpromisoa eta jarduna indartze aldera, betebehar juridiko-administratiboak behar bezala betetzeko jokabide-eredu izan daitezen.

2.– Informazioa lortzeko jarduerak, Babesletzak hurrengo jarduerak egiteko funtsezko urrats gisa, eta bideratzen diren prozeduren garapena hobetzeko aukera ematen dutenak. Neurri horiek funtsezkoak dira administrazio-funtzionamenduaren eraginkortasuna eta efizientzia ziurtatzeko; horregatik, bereziki azpimarratuko da indartzea, errekerimenduak eta informazio-eskaerak eginez, ikuskapen-kasuak mugatzeko edo abian jarritako prozeduraren egokitasuna ziurtatzeko.

Informazioa lortzeko iturri horiek guztiak funtsezko tresna dira arriskuak hautemateko eta egiaztatu beharreko fundazioak hautatzeko, bai eta ondorengo jarduerak mugatzeko edo horien bidezkotasuna zehazteko ere.

3.– Ikuskapen-jarduketak, ez-betetze egoerak ondorioztatzea eta egiaztatzea edo horretarako arriskua gutxienez badagoela egiaztatzea helburu dutenak, eta hala badagokio, konponbideak proposatzea eta kautelazko neurriak edo neurri betearazleak edo zehatzaileak hartzea.

Jarduera horiek koordinazioan egingo dira, bai fundazioekin bai Babesletzarekin lankidetzan jardun dezaketen beste erakundeekin.

Horrela, beste administrazio batzuekin datuak trukatzeko prozedura automatikoen bidez eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin (foru-aldundiak, udalak...) sinatutako lankidetza-hitzarmenen bidez lortutako informazioa bultzatuko da.

Hori guztia gertatzen diren gorabeheren arabera, eraginkortasuna eta hartutako neurriak hobetzeko.

Halaber, ikertutako jardueretan legez kontrako jokabideak daudela pentsarazteko zantzurik badago, Babesletzaren ahalmenak eta mugak kontuan hartuta, horiek epaitara eraman ahal izango dira.

Urteko plan hau bere jarduketetan mugatuta dago, lehentasunezko esku-hartze irizpide hauen arabera:

a) Jarduketa-eremuaren arabera: estatutuetan, lehentasunez, honako helburu hauek dituzten fundazioak aukeratuko dira: gizarte-jarduerak egiteko, haurrei eta nerabeei zerbitzuak emateko, desgaitasunak dituzten pertsonak, buruko gaixotasunak dituztenak, mendekotasuna eta adinekoak dituzten pertsonak.

b) Zenbait inguruabar zehatzen ondorioz, erregistroko betebeharrak nahiz indarrean dagoen araudiaren arabera, Babesletzari dagokionez bete beharrekoak bete ez dituzten beste fundazioak ere ikuskatu ahal izango dira. Arrazoi horiek 115/2019 Dekretuaren 13. artikuluaren 4. apartatuan daude mugatuta.

Jarduketa horien guztien jarraipena egingo da ikuskapena egin ondorengo urteetan, Babesletzak ezarritako neurrien eraginkortasuna zehaztu eta egiaztatzeko.


Azterketa dokumentala