Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

216. zk., 2019ko azaroaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5236

EBAZPENA, 2019ko urriaren 23koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Añorga auzoko «AÑ.01 Atotxa Erreka» lurzatiaren xehetasun-azterketari buruzko ingumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Donostiako Udalak, 2019ko maiatzaren 17an, Añorga auzoko «AÑ.01 Atotxa Erreka» lurzatian Donostiako Udalak berak sustatutako xehetasun-azterketari (aurrerantzean, plana) buruzko ingumen-txosten estrategikoaren prozedura izapidetzen hasteko eskaera egin zion ingurumen-organoari. Eskaerarekin batera, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa aurkeztu ziren, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2019ko abuztuaren 13an, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapideari ekin zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eta egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarritzat hartuta. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari eta URA, Uraren Euskal Agentziari (hiruak Eusko Jaurlaritzarenak), eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, eta Ekologistak Martxan elkarteari.

Era berean, aipatu datan, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion izapide-prozesuaren hasiera.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren txostenak jaso dira; espedientean dago horren emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.

Añorga auzoko «AÑ.01 Atotxa Erreka» lurzatiaren xehetasun-azterketa (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Añorga auzoko «AÑ.01 Atotxa Erreka» lurzatian Donostiako Udalak sustatzen duen xehetasun-azterketaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Xehetasun-azterketa izena erabili arren prozedura hasteko eskaeran, eskaerari atxiki dokumentazio teknikoak hiru xehetasun-azterketa aipatzen ditu, «AÑ.01 Atotxa Erreka» (Añorga) plan partzialak 2004 urtean onartutako hirigintza-eremuari dagozkion hiru hiri-lurzatiren multzokatzeen gaineko antolamendu xehatua jasotzen dutenak. Honako hauek dira:

– «a.410.7» eta «a.410.8» lurzatien xehetasun-azterketa; «a.40.7» esparruan multzokatu dira, eta horren azalera 4.548,37 m2 da.

– «a.500.66», «a.500.67» eta «a.500.68», lurzatien xehetasun-azterketa; «a.40.66» esparruan multzokatu dira, eta horren azalera 5.002,3 m2 da.

– «a.500.73», «a.500.74» eta «a.500.75», lurzatien xehetasun-azterketa; «a.40.73» esparruan multzokatu dira, eta horren azalera 4.779,45 m2 da.

Proposatutako antolamenduarekin ez da aldatuko lurzoruaren xedea, ezta hirigintza-eraikigarritasuna areagotuko ere. Halaber, ez da zuzkidura publikorik kenduko plan partzialean jasotako antolamendu xehatuan zehaztuetatik. Xehetasun-azterketen xedea da aipatu lurzatiak multzokatzea, eta multzokatze bakoitzetik eratorritako lurzatiak seinalatzea, zuzentzea eta lerrokadurak nahiz sestrak osatzea.

Bestalde, aipatu behar da «Atotxa Erreka» azpieremua urbanizatzeko obrak erabat gauzatu direla Atotxa Erreka Plan Partzialaren arabera (2004an onartu zen), eta dagokien urbanizazio-proiektuarekin. Horrenbestez, hiri-lurzoru finkatuaren izaera dute. Lurzatiek hirigintzako zerbitzu guztiak dituzte; horiek bide publikoarekin mugatuko dituen itxitura egitea bakarrik falta da.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak proiektuetarako ezartzen duen esparrua: Planak zehazki antolatzen du eremua eta partzelako eraikigarritasun-baldintzak sendotzen ditu. Hori onartu ondoren, Birpartzelazio Proiektuaren egokitzapena eta Eraikuntzako eta Urbanizazioko Obra Osagarrien Proiektua garatu beharko dira. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren ezaugarriak aintzat hartuta, plan honek ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Hirigintza-lurzatien antolamendu xehatua garatzen da planean, indarreko plan partzialaren hirigintza- eta ingurumen-bideragarritasuna hobetzeko irizpideen arabera. Kasu honetan, garapen txikiko bizitegien ordez (lurzati bakoitzean etxebizitza batzuk) etxebizitza-bloke bana eraikiko da aipatu hiru eremuetan. Hala, gurpildun ibilgailuen eta oinezkoen irisgarritasuna handitu nahi da. Era berean, eraikigarritasuna etxebizitza-bloke bakarrera bideratuta, eraikina are trinkoagoa da, eta energia-galerak, aldiz, txikiagoak. Gainera, guztizko espazio librea handituko da lurzatietan, eta erabilera komunitarioa eman dakioke.

Planak jasangarritasun-memoria bat hartzen du barnean. Besteak beste, hauek ezartzen ditu: etxebizitzak eraikitzeko irizpideak, eraikinek kalifikazio energetiko gorena lortzeko estrategiak eta irizpideak; biztanleen osasun- eta ongizate-baldintzak hobetzeko irizpideak; energia- eta ur-kontsumoa optimizatzeko irizpideak, materialak eta hondakinak kudeatzeko irizpideak; lurzoru-erabileraren kalteak gutxitzeko irizpideak; argi-kutsadura murrizteko irizpideak; eta aerotermia-sistema bat ezartzea, iturri berriztagarrietako energia berreskuratu eta etxebizitzen berokuntza-zirkuitura bideratzeko.

Alde horretatik, egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko, bereziki, hauei dagokienez: eraikingintza eta eraikuntza efizienteena baliabideen erabileran; hondakinen kudeaketa, eta paisaia-integrazioa. Horri dagokionez, Planak kontuan izan beharko ditu bultzatzen dituen eraikuntza-egitasmoetan eraikuntza jasangarriko gidetako gomendioak, helburu hauekin: proposatutako eraikinetan energia aurreztea, energia berriztagarrien erabilera sustatzea eta energiaren efizientzia areagotzea.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak. Esan bezala, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-eragin adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2.– Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

Ez dago naturagune babesturik Planaren eremuan, ezta eralda daitekeen ingurumen-balio handiko eremurik ere; hortaz, ez dago Plana garatzearen ondorioz larriagotu daitekeen ingurumen-arriskurik. Hizpide dugun esparrua lurzoru naturala da, plan partziala dela-eta egindako urbanizazio-obrekin eraldatuta dagoena; obra horiek nabarmen eraldatu zituzten lurzoruaren eta bertako landarediaren ezaugarriak.

Testuinguru honetan, Planaren garapenetik etorriko diren ondorioak eremuko eraikinen eta urbanizazioaren eraikitze-obrei lotuta egongo dira; izan ere, baliabide naturalak kontsumituko dira, lurzoru naturalen azalerak artifizialduko dira, lur-mugimenduak izango dira eta eraikuntzako hondakinak sortu dira, urak kutsa daitezke lurrak herrestan joateagatik eta giza habitataren kalitatea murriztuko da ibilgailuen eta makinerien joan-etorriek, eta urbanizatzeko eta eraikinak eraikitzeko behar diren lur-mugimenduek sortuko dituzten eragozpenengatik: zarata, hautsa, bibrazioak, etab.

Behin, hirigintza-garapena osatuta, inguruan mugimendu gehiago egotea espero da, eta, ondorioz, zarata-mailak eta, sortutako hondakin eta etxeko efluente kopuruek gora egingo dute. Eremua erabat urbanizatuta dago eta zerbitzu-sare funtzionalak ditu. Inpaktu akustikoari buruzko ikerlanaren arabera, ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, eremu akustikoaren mota kontuan hartuta (batik bat bizileku-lurzorua duten lurraldeko esparru/sektoreen etorkizuneko hiri-garapena).

Ingurumen-ondorioak baloratuko dira indarrean dagoen plan partzialean xedatutako egoerarekin alderatuta. Kontuan izanda hori eta eremuaren gaur egungo egoera, eta Planetik eratortzen diren jarduketen ezaugarriak, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, baita aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Dokumentua Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:

Natura-ondarea eta lurrazaleko urak babestera bideratutako neurriak:

Arau hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Gipuzkoako Lurralde Historikoko zenbait flora-espezieren babesa finkatzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua, bertako baso-espezie zenbaiten araubide espezifikoari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Araua, eta neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

– Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira planetik eratorritako jarduketak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan.

– Leku horietan, lanek eragindako eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak (Quercus robur espezieko alea) behar bezala babestuta egongo dira, nahi gabeko eraginik jaso ez dezaten.

– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makina uzteko, materialak bolada batean biltzeko, edo zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira eremu horiek.

– Proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landaketa ahalik eta lasterren egingo da, higadura-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen.

– Landare-estaldura leheneratzeko jardueretan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Eraikuntzen eta urbanizazio obren proiektuak lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko ditu; adibidez, dekantazio-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatu beharreko arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

– Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

– Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2. artikulua betetzeko.

Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Planean aurreikusi den hirigintza-garapenari dagokionez, eta kalitate akustikoaren helburuei dagokienez, kontuan izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluan xedatutakoa.

Jardunbide egokien eskuliburua. Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta lanetako langileek erabiliko dute helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

– Natura-intereseko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.

– Hondakinen eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.

– Planaren eraginpeko urbanizazio mugakideko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria.

IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren EAEko gidan jasotako gomendioak, eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Donostiako Añorga auzoko «AÑ.01 Atotxa Erreka» lurzatiaren xehetasun-azterketak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta Donostiako Añorga auzoko «AÑ.01 Atotxa Erreka» lurzatiaren xehetasun-azterketa gehienez ere lau urteko epean onartzen ez bada, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 23a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala