Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2019ko azaroaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5211

AGINDUA, 2019ko azaroaren 4koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2019ko ekainaren 5eko Aginduaren babesean aurkeztutako eskabideak ebazten dituena. Aipatu aginduak goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezartzen ditu.

AURREKARIAK

1.– 2019ko uztailaren 1ean, EHAAn argitara eman zen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2019ko ekainaren 5eko Agindua, Goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezartzeko dena.

2.– 2019ko ekainaren 5eko Aginduaren 10.6 artikuluarekin bat etorriz, Balorazio Batzordeak dirulaguntza-eskabideen gaineko agindu-proposamena egin zuen, 2019ko urriaren 17ko bilkuran, baita Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari jakinarazi ere, hura ikusita, aurkeztutako dirulaguntza-eskabideen gaineko erabakia har zezan.

Horrela bada, Balorazio Batzordeak egindako agindu-proposamena ikusita, eta aginduaren 13.1 artikuluan emandako ahalmenez baliatuz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Dirulaguntzak ematea I. eranskinean jakinarazten diren entitateei, han zehazten diren zenbatekoen arabera.

Bigarrena.– II. eranskineko eskabideak ez onartzea, han agertzen den arrazoia dela eta.

Hirugarrena.– 2019ko ekainaren 5eko Aginduan arautako dirulaguntzen onuradunek testu horren 15. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.

Laugarrena.– Dirulaguntza bi ordainketetan pagatuko da; lehenean, diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamarri dagokiona, eta esleipen-ebazpena jakinarazitakoan eta hura onartzeko epea igarotakoan gauzatuko da; eta bigarrena, beste berrogeita hamarrari dagokiona, 2020ko urtarrilaren 1etik hara gauzatuko da, betiere diruz lagundutako kirol-lehiaketa justifikatutakoan, zeina 2020ko martxoaren 31 baino lehenago burutu beharko baita.

Ordainketa egin baino lehen, emandako dirulaguntza onartu beharko da. Dirulaguntza ematen zaiela jakinarazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunek ez badiote dirulaguntzari espreski eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.

Bosgarrena.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, erakunde onuradunek 2020ko martxoaren 31 baino lehen ondoren zehazten diren agiriak aurkeztuko dituzte helbide honen bidez: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

a) Jarduerari buruzko txostena. Bertan, gutxienez 2019ko ekainaren 5eko Aginduan baloratzen diren alderdiak azaldu beharko dira.

b) Lehiaketa dirulaguntza-eskaera aurkeztu eta gero egin bada, epailearen aktak eta lehiaketaren behin betiko programa.

c) Fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako jatorrizko agirien bidez egiaztatuko dira gastuak, arauz ezarritakoari jarraikiz. Faktura eta dokumentu guztiak espediente elektronikora igo behar dira. Aurkezten diren fakturek dirulaguntzaren zenbateko osoa justifikatu behar dute.

d) Jarduera-gastuen zenbatekoaren adinako diru-kopurua egiaztatuko da gastu-zerrendan (V. eranskina).

e) Ekitaldiaren aurrekontu gauzatua, diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita. Bereziki jaso beharko da helburu berarekin eskuratutako gainerako laguntzen zerrenda, baldin eta eskabideak aurkezteko unean haiek jasoko ote ziren jakiterik ez bazegoen (IV. eranskina).

f) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza berariaz aipatzen duten dokumentu guztien aleak.

g) Jarduera gauzatzean Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili direla egiaztatzen duen dokumentazioa.

Seigarrena.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko agindua aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-agindua emango du esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzeko.

Zazpigarrena.– Ondorengo hauek izango dira ez betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntzak (zenbateko osoa edo zati bat) 2019ko ekainaren 5eko Aginduan onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) 2019ko ekainaren 5eko Aginduan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-aginduan adierazitako kopurua ez itzultzea horretarako ezarritako epean.

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez-betetzea.

Ez-betetzeren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

Zortzigarrena.– Interesdun guztiei agindu honen berri emango zaie banan-banan, eta EHAAn ere argitaratuko da.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala adierazten baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 4a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala