Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

210. zk., 2019ko azaroaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI - ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
5083

EBAZPENA, 2019ko urriaren 23koa, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira «Renove Industria 4.0» 2019ko laguntza-programa arautzen duten oinarriak, eta beketarako deialdia egiten baita.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sustapenari, lehiakortasunari, enpresen arteko elkarlanari, enpresen berrikuntza eta ikerketari, eta abarri.

Gaiari eutsita, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia ekintza batzuk garatzen ari da enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Ildo horretatik, besteak beste, ekipoak eta makineria modernizatzen ditu eta, modu horretan, legedi sektorial aplikagarria betetzen da.

Ondorioz, «Renove Industria 4.0» programak Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duen enpresa-sareko enpresetan gaitzeko makineria edo ekipamendu aurreratuan (hardwarea eta softwarea) inbertsioak sustatzea du helburu, ingurune horiek modernizatzeko eta, hala, fabrikazio aurreratuaren eremuan Industria 4.0ren proiektuei aurre egin edo horiek garatzeko.

Hori dela eta, hau

ERABAKITZEN DUT:

Lehenengoa.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen eta, beraz, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren organo nagusien funtzioak arautzen dituen azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuan ezarritakoaren arabera, «Renove Industria 4.0» 2019ko laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeinen edukia atxikita baitago ebazpen honen eranskinean.

Bigarrena.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraikiz, «Renove Industria 4.0» 2019ko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, hautazko izaeraz, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiari, hilabete bateko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, administrazioarekiko epaitegietan, bi hileko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bilbao, 2019ko urriaren 23a.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

ERANSKINA
«RENOVE INDUSTRIA 4.0» 2019KO PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

XI. legealdiaren esparru estrategikoak Euskadi 2020 Enpleguaren eta Ekonomia Suspertzearen aldeko Esparru Programa dauka, eta horren barruan osagai garrantzitsuenetariko bat da: Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailaren «Basque Industry 4.0» 2017-2020rako Industrializazio Plana.

2017-2020rako Industria Planak helburu nagusi hauek ditu:

– Industria gehiago: industria Euskadiko ekonomiari dagokion BPGd-aren % 25era iristea.

– Industria hobea: Industria 4.0 paradigman estadio berria lortzea, nazioarteko merkatu orokorrean euskal enpresak sartu eta lehiatzean jauzi kualitatiboa erraztea, enpresa-, sektore- eta lurralde-tipologiari dagokionez, orokorrean lehiakortasuna hobetzea, enpresa-behar eta lanbide-profilen eskuragarritasunaren artean konexioa eratzeko oinarriak jartzea.

– Industria-politika eraginkorra: Jaurlaritzaren industria-politika modernizatzen eta hobetzen jarraitzea eta, horretarako, programa aurreratuez baliatzea eta baliabide publikoak gero eta eraginkortasun handiagoaz erabiltzea.

Planaren zeharkako ardatza Industria 4.0 kontzeptua da eta zeregin garrantzitsuenak honakoak dira:

– Industria 4.0ri eta EIKTen ahalmenari buruz enpresa txiki eta ertainak sentsibilizatzea.

– Industria 4.0ren Euskadiko ekosistema erakartze-ahalmen eta lankidetzaren bitartez eragile berriekin indartzea.

– Basque Digital Innovation Hub azpiegitura teknologikoen sarea abian jartzea.

– Teknologia eta negozio-ereduei begira, euskal industriaren digitalizazioa sendotzea.

– Industria 4.0ren inguruan klusterren arteko lankidetza sustatzea.

– Ekintzailetza aurreratuaren Bind 4.0 programa.

«Renove Industria 4.0» programa 2017-2020rako Industrializazio Planaren amaiera da, «Renove Maquinaria» programa arrakastatsua egituratu ondoren eta xedea Euskadiko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna Industria 4.0rekin zerikusia duen inbertsioen bitartez hobetzea da.

1. artikulua.– Helburua.

Oinarri hauek Industria 4.0ren proiektuak inplementatzeko makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosten laguntzea dute helburu. Ildo horri jarraikiz, Euskadiko Autonomia Erkidegoko manufaktura-enpresa industrialetan, fabrikazio aurreratuaren eremuaren barruan, teknologiak aplikatu beharko dira.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Programa hau gauzatu eta ebaztean bete egin beharko dira publizitate, lehia eta objektibotasun printzipioak.

2.– Programa honek eta bertan arautzen diren laguntzek daukate norgehiagoka-prozedura bete behar dute.

3.– Programa honen bidez ematen diren dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko fondo galdurako dirulaguntzak izango dira.

3. artikulua.– Araudi aplikagarria.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– Azaroaren 11ko Legegintzako 1/1997 Dekretua, EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duena.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Araudia (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO L-352/1).

5.– Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Araudia (EB), zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarriak direla aitortzen duena, Ituneko 107 eta 108. artikuluak aplikatuz eta I. eranskinean ezarritakoari dagokionez.

4. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honetarako, definizio hauek finkatzen dira:

1.– «SPRI», SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia Empresarialaren izen komertziala (Eusko Jaurlaritzaren Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko ente publikoa).

2.– Erantzukizunezko aitorpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, hauek egiaztatzen dituena:

a) Erakundeko legezko ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

b) Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) edo Kodea (IFK) eta baltzuaren helbidea.

c) Erakunde eskatzaileak gutxienez jarduera ekonomikoari dagokion zentro baten egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Nolanahi ere, bertan ipiniko da laguntzaren eskaeran deskribatutako makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea).

d) Laguntza ematen denetik zenbatzen hasita, gutxienez hiru urtez Euskal Autonomia Erkidegoan diruz lagundutako jarduera egikaritzeko burututako inbertsioak eta gastuak irautearen konpromisoa.

e) Euskadiko jarduera ekonomikoen zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

f) Egunean dagoela Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita ere Eusko Jaurlaritzarekiko betebeharretan, eta ez daukala iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein enpresarekin.

g) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen, zein organismok eman zuen, zein programaren barruan, eta emandako laguntzaren zenbatekoa.

h) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edota haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren barruan eta laguntzaren zenbatekoa.

i) Ez dagoela arau honen 6.2.e) artikuluan aurreikusitako egoeraren batean.

j) Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen ez aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.

k) Konpromisoa hartzen duela jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzeko, baldin eta itzultzea agintzen duen ebazpen bat ematen bada.

l) Baimena SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari ziurtagiriak eska diezazkien Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Araba, Bizkaia nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiei, ziurtagiri horien bidez bermatzeko ordezkatutako enpresak zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela eta alta emanda dagoela jarduera ekonomikoaren gaineko zergaren dagokion epigrafean edo epigrafeetan. Horrela, aurkeztutako laguntza eskaerak aztertu edota ordaindu ahal izango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50.3 artikuluari jarraikiz, zeinak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen baitu.

3.– Enpresa. Diruz lagundutako jarduera ekonomikoa egiten duen pertsona juridikoa.

4.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, gastu edo/eta inbertsio hautagarrien gehienezko aurrekontuen ehunekoaren arabera.

5.– Enpresa txiki eta ertainak (ETEak). Zehazteko, Batzordeak 2014ko ekainaren 17an 651/2014 Araudiaren eranskinean araututakoari erreparatuko zaio.

6.– Oinarri hauek xedatzen dutenerako, industria-enpresak hurrengoak dira: erauzketa, produkzio, eraldatze eta zerbitzu teknikoen (produktu prozesuari lotutakoak) industria-enpresak, baita kultura- eta sormen-enpresak ere, jarduera nagusia ikus-entzunezkoen, bideo-jokoen, modaren eta produktu, prozesu nahiz zerbitzuen diseinuan garatzen badute. Horien barruan honakoak sartuak daude:

a) Ikus-entzunezkoak: multimedia edukiak diseinatzea eta produzitzea.

b) Bideojokoak: bideo-jokoetarako edukiak diseinatzea eta produzitzea.

c) Moda: sektoreko balio-katean lan egitea, gutxienez diseinu fasean.

d) Produktu, prozesu eta zerbitzuen diseinua: konponbide erabilgarri eta berritzaileak garatzea erabiltzailearen premietan oinarritutako eskaera funtzional eta estetikoak txertatuz. Ez dira multzo honetan sartzen diseinu grafikoa eta barnealdeen diseinua.

7.– Ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea): digitalizazio-maila altua duen gailua edo gailuen multzoa, prozesatze- eta konektibitate-gaitasunak, bai M2M (Machine-to-Machine), bai M2H edo H2M (Machine-to-Human o Human-to-Machine), eskaintzeko gai dena eta erabat modu autonomo, automatizatu edo mendekoan (gizakiaren esku-hartzea) jardun dezakeena. Halako gailu edo gailuen multzoak industria-inguruneetan sartu/ezartzeari esker, modu esangarrian eraldaketa digitalean lagunduko da eta, bide batez, produkzio-prozesuen ikuspegitik ingurune konektatuak, seguruak, automatizatuak eta optimizatuak lortuko dira, baliabideak eta energia kontsumitzeari dagokionez, erabat eraginkorrak eta ingurumenarekiko oso iraunkorrak izateaz gain. Modu horretan, halako gailuak edo gailuen multzoak, aldi berean, gaitze-gailuak izango dira industria-enpresen barruan, Industria 4.0ren proiektuei aurre egiteko. Nolanahi ere, beren jarduerak oso teknologia berriztatzaileetan oinarrituko dituzte, hala nola, analitika aurreratua, IIoT edo fabrikazio gehigarria. Halaber, ekipamendu aurreratutzat joko da gailu edo gailu-multzo horien funtzionamenduari lotutako softwarea. Laburbilduz, halako gailu edo gailuen multzoa honako talderen batean sartuta egotea espero da: sentsoreak, robotika, errealitate areagotuaren betaurrekoak, sare edo komunikazioko HW/SW ekipamendua eta bestelakoak.

5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programa honen xederako, hots, dirulaguntzak emateko erabiliko diren baliabide ekonomikoak 4.000.000 eurorainokoak dira, eta, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak bere aurrekontuetan horretarako sortutako zuzkiduretakoak izango dira, zeinak sartuta baitaude 2019rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

6. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Programa honetan aurrez ikusitako laguntzak lortu ahal izango dituzte industria-enpresek eta industria-produktuak diseinatu eta muntatzeko zereginetan diharduten enpresek, Industria 4.0ren proiektuak inplementatzeari begira, makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteko proiektuak aurkezten badituzte.

2.– Onuradunek gainera baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Enpresa txiki eta ertaina (ETEa) izatea.

b) Jarduera ekonomikoari dagokion zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Nolanahi ere, bertan ipini/ezarriko da erositako makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea).

c) Enpresa egunean egotea Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekiko eta bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita ere Eusko Jaurlaritzarekiko betebeharretan, eta ez izatea iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia Taldeko ezein enpresarekin.

d) Alta emanda egotea Euskadiko jarduera ekonomikoen zergaren kasuan kasuko epigrafe industrialean.

e) Ondoko egoeraren batean ez egotea:

Lehenengoa.– Dirulaguntza publikoak lortzeko edota Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioarekin edo bere sektore publikoarekin kontratatzeko legezko debekua edo gaitasun gabetzea izatea, horren barruan sartzen direlarik sexu bazterkeriagatik egoera horretan daudenak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera.

Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.– Legegintzako 1/1997 Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 13/2003 Legearen 13. artikulukoetan egotea, zeinaren ondorioz ezin baita izan laguntzen onuradun, eta batez ere:

a) Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura baten barruan badago, horren emaitza ikusita emango –edo, hala badagokio, ordainduko– da laguntza.

b) Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

c) Dirulaguntzen deialdi hau egin aurreko 5 urteetan enpresa edota haren legezko ordezkariak epai irmo baten bidez kondenatuak izatea, laneko osasunaren aurkako delituren bat egiteagatik, eta, halaber, zehapen irmoa jasotzea, arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik.

Laugarrena.– Enpresen kasuan, 200.000 eurotik gorako minimis laguntza bat jaso izana, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Beste laguntza batzuekiko metatze-arauak Programaren 12. artikuluan daude zehaztuta.

Bosgarrena.– Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

Seigarrena.– Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.

Zazpigarrena.– Bere jarduera garatzea sektore hauetakoren batean: (i) arrantza eta nekazaritza, (ii) nekazaritzako produktuen lehen mailako produkzioa, eta (iii) nekazaritza produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 1407/2013 Araudiaren 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetan.

3.– Onuradunak izatetik kanpo geldituko dira honakoak:

a) Herri administrazioak eta horiek sortutako sozietate eta erakundeen multzoa, kapital edo erabakitzeko ahalmen gehiena badute.

b) Enpresak, beren inbertsio-proiektuak honakoen aginpide-eremuetakoak badira: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Enplegu eta Gizarte Politika Saila; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila.

4.– Laguntza eskaerak aurkezten diren unetik likidaziora arte, laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Diruz lagunduko da manufaktura-enpresa industrialetan Industria 4.0ren proiektuak inplementatzeko makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erostea.

Makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) hurrengo teknologiaren bat erabili edo sartzen duten proiektuei aurre egiteko erosiko da:

1.– Fabrikazio aurreratuaren proiektuak, makineria edota ekipamendu aurreratuarekin (hardwarea eta softwarea); aurrekoaren harira, Big Data eta analitika aurreratuaren teknikak sartuko dira, industria-inguruneen barruan iturri desberdinetatik datozen «datu-bolumen handiak» prozesatu eta aztertzeko. Helburua portaera-ereduak identifikatu (Business Intelligence, Data Mining,...) eta iragartzea da, enpresetan arlo eta prozesuei eragiten badizkiete. Hala, erabakiak errazago hartuko dira eta lehiakortasuna hobetzen lagunduko da.

2.– Fabrikazio gehigarriaren proiektuak, material-mota desberdinen bitartez (plastikoetatik metaletara) ale eta forma geometriko pertsonalizatu berrien produkzio/fabrikazio malgua sustatzen dutenak, sektore edo industria-enpresa bereziaren beharrak asetzeko.

3.– Robotika aurreratu eta elkarlaneko proiektuak, egiazko denboran langileekin lankidetzan jarduteko robot konektatuak, bestelako robotak, baita makinak ere eransten dituztenak; xedea prozesuak hobetzea eta plantan produktibitatea gehitzea da.

4.– IIoT (Industrial Internet of Things) proiektuak, fabrikaren barruan gailuei eta makineriari sentsoreak ipini eta internetekiko konexioa bermatzeko, egiazko denboran informazioa jaso eta trukatzeari begira. Modu horretan, neurri handian, konektatutako gailu eta makineriaren erabilera- eta jarraipen-aukerak kontrolatu, automatizatu eta biderkatuko dira.

5.– Industria-ingurunerako adimen artifizialeko proiektuak; horien bitartez, plantan makinek edota ekipamenduak ikasi eta modu autonomoan erabakiak hartzeko gai izango dira. Halaber, halako proiektuei Machine Learning edo Deep Learningaren teknikak sartuz gero, besteak beste, plantan produkzioaren ikuspegitik portaera edo egoera aipagarriak iragar daitezke (adibidez, makinen iragarpen mantentze-lanak), objektuak antzeman, irudiak identifikatu edo argibideak onartzearekin batera. Ildo horri eutsiz, plantan aktibo eta prozesu guztiei buruzko ezagutza automatiza eta zabal daiteke eta, ondorioz, enpresa zehatzean erabakiak errazago hartuko dira.

6.– Sistema ziber-fisikoen proiektuak, konputazio- eta konektibitate-gaitasun aurreratuekin plantan osagaiak, objektu fisikoak edo makineria sartzen dituztenak. Modu horretan, enpresa zehatzaren balio-katean objektu adimentsu bihurtuko dira.

7.– Errealitate birtualaren proiektuak, mundu simulatuetan edo giro birtualetan egiazko egoerak berregiten dituztenak.

8.– Errealitate areagotuaren proiektuak; hauen barruan erabilitako teknologiei esker, erabiltzaileak gailu teknologikoaren bitartez egiazko munduaren zati bat ikusiko du eta gailuak informazio grafikoa erantsiko du. Modu horretan, egiazko informazioa edo informazio fisikoa informazio birtual osagarriarekin areagotuko da.

9.– Biki digitalen (Digital Twins) proiektuak, objektu edo sistemaren erreplika birtuala sortzen dutenak, beren egiazko kidearen portaera simulatzeko. Helburua monitorizatzea da, egoera zehatzetan portaera aztertu eta eraginkortasuna hobetzeko. Beste abantaila batzuen artean, produktuak garatu eta testatzea produktu fisikoarekin egitea baino merkeagoa eta eraginkorragoa da. Horrez gain, eredu birtualaren kopia asko egin daitezke eta agertoki ugari kontuan hartuta testatu ere bai.

Diruz lagundutako jarduera gisa ez dira onartuko artikulu honetan deskribatutako produktuak edo zerbitzuak, erakunde onuradunaren produktu/zerbitzuei buruzko katalogoan badaude.

Programa honen esparruan emandako dirulaguntzarik ez da inportatutako produktuen ordez etxeko produktuak erabiltzearen mendekoa izango.

8. artikulua.– Gastu eta inbertsio hautagarriak.

1.– Gastu edo inbertsio hautagarritzat joko dira zorrozki aurreko artikuluan deskribatutako teknologien barruan 4.0 Industriaren proiektuak inplementatzeko makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erostea adierazten dutenak eta, gainera, hurrengo baldintzak betetzen dituztenak:

a) Beharrezkoa den makineria berriak edota ekipamendu aurreratuak (hardwarea eta softwarea) gutxienez 50.000 euroko erosketa-balioa (BEZa kanpo) izango du eta erakunde eskatzailearen ekonomia-ustiapenaren produkzio-prozesuari lotuko zaio. Era berean, enpresa onuradunari hornituko zaio eta bertan instalatuko da.

b) Erositako makineria berria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera entregatu eta abian jarriko da eta, nolanahi ere, erosketa formalizatu eta hurrengo 12 hilabeteren buruan egingo da.

2.– Fakturan aplikatutako balio erantsiaren gaineko zerga ez da izango gastu hautagarria.

9. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, honako irizpideak izango dira kontuan:

a) Gastu hautagarriek programaren xede den jarduerarekin zuzeneko harremana izango dute eta artikuluetan xedatutako baldintzak beteko dituzte.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarria euroa ez den monetan balioetsiz gero, eurora pasako da fakturaren datan dagoen kanbio-tasaren arabera.

d) Ez dira inola ere gastu hautagarriak izango eskatzaileak berak edo taldeko enpresak ala akzioen edo partizipazioen bidez, zuzenean edo zeharka, laguntzaren eskatzailearekin lotura duenak fabrikatutako makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea).

e) Makineria berria edota ekipamendu aurreratua ((hardwarea eta softwarea) erostean, finantza-errentamenduaren bitartez finantza daiteke eta diruz lagundu ahal izango da, betiere enpresak eragiketa egiten duen finantza-erakundearen aurrean berariaz erosketa-aukera erabiltzeko konpromisoa hartzen badu. Ildo horri jarraikiz, konpromisoa idatziz jasoa duen dokumentua entregatuko du, bi erakundeen sinadura eta zigiluarekin.

10. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa egituratuko dira onartutako gastu eta inbertsio hautagarriei buruzko neurrietan adierazitako portzentaje eta kopuruetan.

Laguntza-eskaera bakoitzaren kasuan, «onartutako gehieneko gastu/inbertsioen aurrekontuen» gainean dirulaguntzaren ehunekoa % 15 izango da.

Makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteko laguntza-eskaera bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 70.000 eurokoa izango da eta enpresako gehienez 100.000 euroko dirulaguntza emango da.

11. artikulua.– Laguntzak metatzea, mugak eta azpi-kontratazioa.

Programa honetan jasotako laguntzekin batera beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dira edo Europako beste finantzabide batzuk, betiere gastu hautagarri berberetarako gehienezko laguntzaren muga errespetatzen bada.

1.– Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere, isolatuta edo beste edozein administraziok ala sektore publikok helburu bererako emandakoa kontuan hartuta, erakunde onuradunak makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteko erabilitako zenbatekotik gorakoa izango. Beste laguntza publiko batzuk eta programa honen babesean emandakoa batu ondoren, kostua gaindituz gero, programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteari begira gehiegi ez finantzatzeko neurrian gutxituko da.

2.– Programa hau aplikatuz enpresentzat emango diren laguntzak de minimis laguntzak izango dira.

3.– Enpresa onuradun batek jaso dezakeen gehienezko minimis laguntza ezingo da izan 200.000 eurotik gorakoa, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta.

4.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

5.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

6.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

7.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpi-kontratatzea edo kontratatzea.

a) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ulertuko da onuradun batek azpi-kontratazio bat egin duela, baldin eta hirugarrenekin adosten badu partzialki edo osorik gauzatzea dirulaguntzaren xede den jarduera. Ez dira kontzeptu horretan sartuko onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuak. Zentzu horretan, posible da hirugarrenak azpi-kontratatu edo kontratatzea diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100eraino, eta hirugarrenen azpi-kontratazio edo kontrataziorako aplikagarri izango dira 29. artikuluan jasotako gainerako aurreikuspenak.

b) Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, baldintza bereziak tarteko, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada. Hori guztia onuradunak, bere izaeragatik, kontratatzeko men egin beharreko beste prozedura batzuen kalterik gabe.

Aurkeztu diren eskaintzak, efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatuko dira. Hautatutakoak proposamen ekonomikorik onenak ez badira, berariaz zuritu beharko dira memoria batean.

12. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako gestioak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen web orriaz baliaturik.

2.– Eskaera hori sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Laguntza-eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, laguntza-eskaeraren ondorioz sortutako jardueratan eta prozedura guztian zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, 10/1982 Legeak, azaroaren 24koak, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak, xedatutakoaren arabera.

13. artikulua.– Laguntza eskaera.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza eskaera egiteko formularioa bete beharko dute SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren webgunean.

2.– Eskaera sinadura elektroniko aurreratuaren bitartez (onartutako ziurtagiri elektronikoa) erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsonak sinatuko du. Aurkezpen-data SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen sistemetan eskaeraren sinadura elektronikoaren eguna izango da.

3.– Laguntza eskaeran jaso beharko dira erakunde eskatzailearen eta, bere legezko ordezkariaren identifikazio datuak.

4.– Laguntza eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunezko aitorpena.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion Foru Aldundiaren edo Udaleko Ogasun Sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Eskaintza tekniko eta ekonomikoa, erosi beharreko makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) eta aurre egin nahi duen Industria 4.0ren proiektua adierazten duena. Eskaintza teknikoak eta ekonomikoak halabeharrez puntu hauei buruzko informazio zehatza izango du:

– Enpresaren egungo jarduera eta egoera (teknologian oinarrituta).

– Ebatzi beharreko arazoa / Antzemandako beharra. Lortu nahi diren helburuak.

– Erakunde onuradunak erosi nahi duen makineria edota ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) eskaintza edota eskea, ezaugarri ekonomikoei jarraikiz.

– Aurre egin nahi zaion Industria 4.0ren proiektuari buruzko deskribapena eta oinarri honen 7. artikuluan adierazten diren teknologiekin doikuntza edo lerrokadurare justifikazioa.

– Industria 4.0ren proiektua inplementatzeko erosi nahi den makinerian edota ekipamendu aurreratuan (hardwarea eta softwarea) inbertsioak deskribatzea. Ikuspuntu teknikotik erosi nahi den makineria edota ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) analisi zehatza.

– Enpresa onuradunaren maila teknologikoa eta berrikuntza bultzatzeko makineria edota ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) gaitasuna justifikatzea.

.– Egindako inbertsioaren ondorioz enpresa onuradunaren lehiakortasunean hobekuntza (prozesuak, produkzioa gehitzea, etab.) justifikatzea.

– Enpresa onuradunaren emaitzetan egindako inbertsioaren eragina, fakturazioa gehitzeari, enplegua sortzeari eta esportazio-ehunekoari dagokionez.

– Hornitzaileak kontuan hartuta, erakunde onuradunak proiektuaren edo inbertsioen efektu eragilea justifikatzea.

– Erosi beharreko makineria edota ekipamendu aurreratuan (hardwarea eta softwarea) eta aurre egin nahi duen Industria 4.0ren proiektuan ingurumena eta energia kontuan hartu direla justifikatzea.

– Makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarri eta abian jartzeko egutegia.

e) Baimena SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari honek eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak izatea eta, era berean, kontsulta dezan enpresa JEZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.

5.– Enpresa onuradunak eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak baliozkotzat joko dituzte dirulaguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora posta elektronikoz bidaltzen diren jakinarazpen guztiak. Laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.

14. artikulua.– Laguntza eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren hurrengo lanegunaren biharamunean hasiko da eta 2019ko abenduaren 5ean, eguerdiko 15:00etan (penintsulako ordua), amaituko da.

15. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.

1.– Dirulaguntzak onartzeko eskaera guztiak konparatuko dira, araudi honetan ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz horien arteko lehentasuna erabakitzeko, eta irizpide horien arabera balorazio handiena lortu dutenei esleituko zaie laguntza.

2.– Laguntza-eskaerak ebaluatzea. Hautespen-batzordeak aztertuko ditu epearen barruan aurkeztutako eskaerak eta programa honetan xedatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du. Hautespen-batzordea, Presidente gisa aritukop dena, Ignacio Tellechea Fernández jaunak, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Sustamen Ekonomikoaren zuzendaria, Mikel Amundarain Leibar jaunak, Eusko Jaurlaritzako Industria Garapeneko Zuzeendaria, Agustin García Pérez eta Imanol Cuétara Camiruaga osatuko dute, azken honek idazkari gisa.

3.– Programan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen banako ebazpenaren bidez ezetsiko dira eta enpresa eskatzaileei jakinaraziko zaie.

4.– Proiektuak ebaluatzeko, irizpide eta puntu hauek aplikatuko dira:

– Enpresaren maila teknologikoa eta berrikuntza bultzatzeko makineria edota ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) gaitasuna (30 puntu).

– Inbertsioa egin ondoren, enpresan espero den lehiakortasunaren hobetze-maila (25 puntu).

– Enpresaren emaitzetan eragina, fakturazioa gehitzeari, enplegua sortzeari eta esportazio-ehunekoari dagokionez (20 puntu).

– Proiektua aurkezteko dokumentazioaren kalitatea. Helburuen, zereginen eta kostuen definizio-maila. Industria 4.0ren proiektuak eta laguntzen aginduan deskribatutako teknologiek duten egokitze- edo lerrokadura-maila (10 puntu).

– Hornitzaileen gainean proiektuaren ondore eragilea (10 puntu).

– Ingurumen- eta energia-alderdiak kontuan hartzea (5 puntu).

Irizpide bakoitzak lor daitezkeen gehieneko puntuak ditu. Puntuak definitutako irizpideen betetze-mailaren arabera lortuko dira.

5.– Ebazpena SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiak emango du, norgehiagoka erregimenean.

6.– Ebazteko epea. Gehienez sei hilabete izango dira ebazteko, arau hauek publikatu diren egunetik hartuta. Epe horretan ebazpenik ez badago, ebazpena ezetsitzat joko da.

7.– Ebazpena erakunde eskatzaileei SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak jakinaraziko die. Ildo horri eutsiz, dirulaguntzaren zenbatekoa, baldintzak eta diruz lagundutako jarduera (erositako makineria edota ekipamendu aurreratua instalatu/ezartzea) gauzatzeko epeak azalduko dira, garatzeko beharrezkoa den bestelako baldintzarekin batera.

8.– Ebazpena SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren web-gunean argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

16. artikulua.– Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera (erositako makineria edota ekipamendu aurreratua instalatu/ezartzea) amaitu eta 90 egun naturaleko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua gauzatu izana justifikatu beharko dute, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren web-guneko likidazio-eskabidearen inprimakiak betez.

2.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari egindako bidalketa telematikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.

3.– Likidazio-eskabidean jaso beharko dira erakunde eskatzailearen eta, bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak.

4.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturei dagokien kopia, makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteko kostu bereiziekin.

b) Finantza-erakundeak ordaindu izanaren egiaztagirien kopia.

c) Erakunde hornitzaileak egindako lanak (erositako makineria edota ekipamendu aurreratua ezarri eta abian jartzea). Hurrengo informazioa aurkitu ahal izango da:

– Makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erostearen ondorioz lortutako hobekuntzak/onurak.

– Industria 4.0ren proiektuari dagozkion hurrengo urratsak deskribatu/jarraitzea, erositako makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarri ondoren.

– Hasierako planarekiko desbideratzeak.

– Makineria edota ekipamendu aurreratuan (hardwarea eta softwarea) inbertsioen deskribapena eta ebidentziak (pantaila-argazkiak, irudiak,...).

d) Finantza erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN).

e) Baimena SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betearaz daitezen eskatzeko.

17. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskabideak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota Likidazio-eskabideak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa aurkezten, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igaro eta erakunde onuradunak ez badu zuzenketarik egin, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak bertan behera utzi ahal izango du espedientea eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio.

18. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak gauzatuko ditu, bi ordainketa eginez. Lehenengo ordainketa dirulaguntza ematearen erabakia jakinarazi ondoren egingo da, eta dirulaguntzaren % 50ekoa izango da, ezar lekiokeen berme-erregimenarekin. Bigarren ordainketan gainerako % 50a ordainduko da, likidazio-eskabidea eta aurreko artikuluan eskatzen den froga-dokumentazioa aurkeztu ondoren.

2.– Baldin eta gastu hautagarria onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.

3.– Eskaeran eskatutako egiaztagiriak aurkeztu eta gehienez 60 egun naturaleko epean egingo dizkie ordainketak SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak erakunde onuradunei, betiere Batzorde Exekutiboak egiaztagiri horiek ebaluatu eta oniritzia eman ondoren.

19. artikulua.– Erakunde Onuradunen Betebeharrak.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50. artikuluan eta Dirulaguntza Legearen 14. artikulua xedatutakoaz gain, erakunde onuradunek honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik 15 eguneko epean eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Dirulaguntza ekintza plana garatzeko erabiltzea.

c) Onartzea SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak agiri osagarriak eska ditzakeela eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak izendatutako pertsonalak beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak egiten direnetik aurrera.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organo eskudun batzuei.

f) SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

g) Dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari horren berri ematea.

h) SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziarekin kolaboratzea proiektuaren xedearekin lotutako hedapen-ekintzetan, jardunbide egokien hedapenean parte hartuz.

i) Dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitatea argi eta garbi egitea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluaren arabera.

20. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak (erositako makineria edota ekipamendu aurreratua instalatu/ezartzea) gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 3 hilabetez atzeratu ahal izango da programak gauzatzeko epea (12 hilabetekoa da epe hori). Salbuespen bezala, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak epe-luzapen osagarriak onar ditzake, betiere, behar bezala justifikatuta badaude.

3.– Gauzatutako ekintzak Laguntza Eskaeran jasotakoak izango dira ezinbestean, nahiz eta aukera egon aldaketak baimentzeko, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan. Era berean, aholkularitza enpresak hutsegiteren bat egin badu, programa honi atxikitako beste proiektu batzuetan parte hartzea debeka dakioke. Era berean, aholkularitza enpresak hutsegiteren bat egin badu, programa honi atxikitako beste proiektu batzuetan parte hartzea debeka dakioke.

2.– Laguntza itzultzeko arrazoiak dira Dirulaguntzen Lege Orokorreko 37. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako araudietan aurreikusitakoak.

3.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondoreetarako, hauek jotzen dira ez betetzetzat:

a) SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren baimenik gabe aldatzea laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak. SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari ez jakinaraztea proiektuaren gauzatze-faseko aldaketak, baldin eta aldaketa horiek mudatu egiten badituzte laguntza esleipena ematean aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak aldaketa horiek eskatu badizkio SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari eta justifikatu baditu, ahal dela proiektuan aplikatu baino lehen, eta ez badute aldatzen programa honetako ekintzen eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezartzeko proiektutik beste edozein desbideratze edo laguntza emateko ebazpenean xedatzen den bestelako eskakizunik ez betetzea.

4.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zeregina izango da ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hastea, izapidetzea eta ebaztea.

5.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren, eta, dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, 1/1997 Dekretu Legegilean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluan (zeinaren bidez arautzen baitira EAEko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta zeinaren bidez ezartzen baitira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarraikiz, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiraztea eta dagozkion zigorrak jartzea. SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

6.– Halaber, gainfinantziazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 11. artikuluan araututakoari jarraikiz. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Datu pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainerako araudietan ezarritakoarekin bat eginez, jakinarazten da emandako datuak tratatu egingo direla eskatutako dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren xedea betetzeko interes legitimoa da, haren eraketa-legean eta garapen-araudian ezarritakoari jarraikiz.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia taldeko enpresei (ikus www.spri.eus/nortzuk-gara/spri-taldeko-sozietateak/) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, www.spri.eus/pribatutasun-politika/ web-orrialdeko Pribatutasun-politika kontsulta daiteke.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Espainiako Agentzia izango dela horren arduraduna.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.


Azterketa dokumentala