Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2019ko urriaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4956

1305/2019 EBAZPENA, urriaren 14koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez 2019-2020 ikasturteko bigarren lauhileko euskara ikastaroetarako deia egiten zaie Osakidetzako langileei eta Osakidetzari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileei.

Horretarako kontuan hartu da azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen Erabilpena Arauzkotzezkoa, eta garatzen duten dekretuak: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetan euskararen erabilera normaltzeko plangintza arautzeko den apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua eta euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretua. Halaber, kontuan hartu dira Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 2. Plana (2013ko abenduaren 3an onartua) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, hizkuntza-prestakuntzako eta normalizazioaren arloan sinatutako lankidetza hitzarmena.

Hori dela eta, hau

EBATZI DUGU:

Atal bakarra- Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileentzako 2019-2020 ikasturteko bigarren lauhilekorako euskara ikastaroetarako deialdia onartzea, I. eta II. eranskinetan ezarritako oinarriekin bat etorrita. Deialdi honek 2019-2020 ikasturteko bigarren lauhilekoa arautzen du, eta hirugarren hizkuntza-eskakizuna arteko ikastaroak eskaintzen ditu.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak azaroan argitaratuko du 2019-2020 ikasturteko bigarren lauhilekorako euskara-ikastaroen deialdia egiteko ebazpena, IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten erakunde publikoetako langileentzat.

Ebazpen honetan jasotako aurreikuspenen eta IVAPen ebazpen horren artean desadostasunik badago, azken horretan xedatutakoa nagusituko da.

Era berean, IVAPen ebazpena aplikatuko da deialdi honetan berariaz aurreikusi ez diren gai guztietan.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 14a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN LUIS DIEGO CASALS.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Deialdi honen helburua da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen euskarazko hizkuntza-gaikuntzan eragitea eta bultzatzea.

Bigarrena.– Nori zuzendua.

1.– Deialdi honetan parte har dezakete Osakidetzako langileek, lan-harremana edozein izanda ere, baldin eta deialdi honen ebazpenaren egunetik ikastaro mota bakoitzerako eskaerak egiteko epea bukatu arte zerbitzu aktiboan, senideak zaintzeko eszedentzian edo zerbitzu berezietan badaude.

Gainera, aldi baterako langileen eta ordezkoen kasuan, ebazpen hau EHAAn argitaratu aurreko hamabi hilabeteetan guztira bost hilabetetik gora lan egin behar izan dute Osakidetzan eta ikastaroak iraun bitartean lanean egongo direla aurreikusi behar da.

2.– Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, IVAPek indarrean dagoen araudian aurreikusitako lehentasun irizpideak jarraituko ditu, hau da, 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako irizpideak jarraituko ditu.

3.– Halaber, ordu-kreditua agortuta izateagatik IVAPek finantzatuko ez duen langileen hizkuntza-prestakuntza Osakidetzak finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, Osakidetzaren Giza Baliabideen Zuzendaritzaren 2018ko martxoaren 12ko 2/2018 Jarraibideetan ezarritako lehentasun irizpideak ezarriko dira. 2/2018 Jarraibideak emandako ordu-kreditua agortuta izanda euskara ikasten jarraitu ahal izateko ohiz kanpoko laguntzari buruzkoak dira.

4.– Lanorduetan euskarazko prestakuntza jasotzeko baimenak ematerakoan, zerbitzu-erakundeek Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 2. Planaren 3.3.4. puntuan ezarritako irizpideak aplikatuko dituzte, baita Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak Instrukzio bidez ezarriko dituen irizpideak ere.

Hirugarrena.– Arau orokorrak eta ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.

3.1.– Arau orokorrak.

2019-2020 ikasturteko bigarren lauhilekoaren egutegia kontuan hartuta, ondoren zerrendatutako gaiak arautzeko 2019-2020 ikasturteko deialdi nagusietako oinarriak aplikatuko dira (249/2019 Ebazpena, martxoaren 22koa; Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean 2019ko apirilaren 5ean argitaratua):

– Mailaketa-probak (6.1. oinarria): Beharrezko bada, IVAPek mailaketa proba egitera deituko du langilea. IVAPek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraziko dio mailaketa proba nork egin behar duen, baita non eta noiz egin behar duen ere.

– Administrazio-taldeak antolatzea (6.2. oinarria): Ikastaroaren egutegi zehatza ikastaroa hasi baino lehenago banatuko da, eta bertan adieraziko dira jai eta zubi egunak.

– Matrikula orriaren bitartez eskolatzea (6.3., 6.4., 7.3., oinarriak).

– Liberatutako pertsonala. Betebeharrak eta ordainsariak (6.5 oinarria).

– Eskolan berandu hastea ( 8.2. oinarria).

– Eskolara joatea eta asistentzia kontrolatzea (8.4. eta 8.5. oinarriak).

– Ikastaroari uko-egitea (9. oinarria).

– Eskola behin betiko uztea (10. oinarria).

– Ordu-kredituari buruzko araubidea (11. eta 12. oinarriak).

3.2.– Ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.

Oraingo deialdi honetan otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesatuek, betiere baldintza hauen pean:

a) Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean, ez lanorduetan ez lanorduz kanpo. Urrian hasi ez direnek, beraz, otsailean lanorduetako bost orduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa eskatu ahal izango dute soilik.

b) Urrian hasi diren ikasleek, aldiz, lanorduetako ikastaro trinkoa edo barnetegia nahiz modulu aldaketa eskatu ahal izango dute otsailean, hau da, ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzea, edo alderantziz.

Modulu aldaketei dagokienez, oraingo deialdi honetan ezingo da autoikaskuntza ikastarorik hasi.

Lanorduz kanpoko ikastaroetan ezingo da barnetegiko ikastarorik egin.

Ikastaroek, betiere, HABEk araututako ikastaro-moduluak izan behar dute, eta otsailetik ekainera arteko iraupena izan behar dute.

Laugarrena.– Eskabideak egiteko eta tramitatzeko epeak.

Interesatuek deialdi honetako eskabide elektronikoa bete beharko dute eta deialdian eskainitako modulu eta ordutegi bakarrerako izango dira.

Zerbitzu-erakunde bakoitzeko Zuzendaritzaren ardura da, euskarazko ikastaroak eskatzen dituztenen artean aukeraketa egitea.

Zerbitzu-erakundeetako pertsonaleko Zuzendaritzek jasotako eskaerak aztertu eta Osakidetza Giza Baliabideen Zuzendaritzaren instrukzioan ezarritako aukeraketa irizpideen arabera onartuko edo ukatuko dituzte.

Eskabideak zerbitzu-erakundeen pertsonaleko Zuzendaritzek kudeatuko dituzte Giza Baliabideen Zuzendaritzak horretarako ezarritako aplikazio informatikoaren bidez.

4.1.– Eskabideak non eta nola aurkeztu.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten langileek eskaera telematikoa egin beharko dute, Osakidetzaren webgunearen bidez. Hona hemen helbideak eta bideak:

– www.osakidetza.eus (Profesionalak > Euskara > Euskarazko prestakuntza > Euskalduntze ikastaroak > 1-2-3 HE prestatzeko ikastaroak > 2019-2020 ikasturtea: otsail-ekaina > Eskainitako ikastaroak / Eskaerak).

– www.osakidetza.euskadi.eus (Profesionalak > Euskera > 1-2-3 hizkuntza eskakizunak prestatzeko ikastaroak >.

Salbuespenez, paperezko inprimakia erabili ahal izango dute. Inprimakia zerbitzu-erakundearen pertsonaleko Zuzendaritzan eta goragoko paragrafoan adierazitako helbide elektronikoan izango dute eskura.

Deialdian onartua izateko beharrezkoa da eskabidea epearen barruan eta behar bezala aurkeztea, aurreikusitako bi modalitateetako edozeinetan.

4.2.– Lanorduetako ikastaroetarako eskabideak.

Eskabidea egiteko epea: 2019ko urriaren 29tik azaroaren 12ra bitartean, biak barne.

Onartutako eta ez onartutako eskaeren zerrendek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzan egon beharko dute 2019ko azaroaren 22rako.

Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskaeretan egokitzapenak egin ahal izango ditu eta behin betiko zerrenda bidaliko du IVAPera 2019ko azaroaren 29rako.

Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik ezta aldaketarik ere onartuko.

Zerbitzu-erakundeen Zuzendaritzek interesatuei jakinaraziko diete idatzizko jakinarazpenaren bidez haien eskabidea baimendu duten ala ez. Onartu ez dutenean, arrazoia espresuki azaldu beharko diete interesatuei. Jakinarazpena 2019ko azaroaren 26rako egin beharko da beranduen ere. Halaber, zerbitzu-erakundeek zabalkunde handiena duen hedabideen bidez emango dute jakinaraztera onartuen eta ukatuen zerrenda (posta elektronikoa, intranet, iragarki-taula...).

Aukeratutako langileen behin betiko zerrendaren arabera osatuko dira ikastaroak eta taldeak.

4.3.– Lanorduz kanpoko ikastaroetarako eskabideak.

Eskabidea egiteko epea: 2019ko azaroaren 22tik abenduaren 9ra bitartekoa izango da, biak barne.

Onartutako eta ukatutako eskaerek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzan egon beharko dute 2019ko abenduaren 19rako.

Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak onetsitako eskaeren berri eman beharko dio IVAPi 2020ko urtarrilaren 10erako. Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik, ez aldaketarik onartuko.

4.3.1. Baimendu eta baztertuko eskaeren zerrendak jakinaraztea.

Zerbitzu-erakundeen Zuzendaritzek interesatuei jakinaraziko diete idatzizko jakinarazpenaren bidez haien eskabidea baimendu duten ala ez. Onartu ez dutenean, arrazoia espresuki azaldu beharko die interesatuei. Jakinarazpena 2020ko urtarrilaren 7rako egin beharko da beranduen ere. Halaber, zerbitzu-erakundeek zabalkunde handiena duen hedabideen bidez emango dute jakinaraztera onartuen eta ukatuen zerrenda (posta elektronikoa, intranet, iragarki-taula...).

Idatzizko jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita, interesatuek 10 eguneko epea izango dute erreklamazioak bere zerbitzu-erakundeko pertsonaleko Zuzendaritzari aurkezteko.

Erreklamazioak Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako erregistroan aurkeztu ahal izango dira eta, halaber, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotako edozein eratan.

Bosgarrena.– Lanorduetako ikastaroetan onartzeko araubidea.

Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak aldiro-aldiro arautuko ditu aukeratzeko irizpideak eta prozedurak, eta euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren araberako aldaketa eta egokitzapenak egingo ditu.

Lanorduetako ikastaroetarako aukeraketa-irizpideak Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren instrukzioaren bitartez ezarriko dira. Zerbitzu-erakunde bakoitzeko Zuzendaritzaren ardura da, lanorduetako euskarazko ikastaroak eskatzen dituztenen artean aukeraketa egitea.

Seigarrena.– Lanorduetako ikastaroak.

6.1.– Ikastaroen eskaintza lanorduetan.

Ebazpen honen II. eranskinean daude adierazita deialdi honetan, lanorduetan, egin daitezkeen ikastaroak.

Deialdi hau 2019-2020 ikasturteko bigarrena da, eta bertan egiten den ikastaro-eskaintza mugatua da, gorago aipatu den martxoaren 22ko 249/2019 Ebazpenean iragarri bezala.

Ikastaroen hasiera eta amaiera egunak eta ordutegiak II. eranskinean zehaztutakoak dira. Halere, IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.

Zazpigarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroak.

7.1.– Ikastaroen eskaintza eta baldintzak.

Ikastaroek, betiere, HABEk araututako ikastaro-moduluak izan behar dute, eta otsailetik ekainera arteko iraupena izan behar dute.

Eskaintza honetatik kanpo geratzen dira barnetegiko ikastaroak.

Otsailean ez da onartuko lanorduz kanpo autoikaskuntza egiteko eskaerarik.

7.2.– Lanorduz kanpoko ikastaroetan matrikulatzea.

Langileak egindako eskaera IVAPek aztertu eta, hala badagokio, onartu ondoren, matrikula-orri bana bidaliko du Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara, honek langile bakoitzari berea helarazi diezaion.

Matrikula-orriaren bitartez langilea edozein euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan matrikulatu ahal izango da.

Matrikulatzeko ezinbesteko izango da langileak matrikula-orria euskaltegian entregatzea.

Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta arinen itzuli behar du matrikula orria IVAPera. Matrikula-orria itzultzeko prozedura martxoaren 22ko 249/2019 Ebazpenaren bederatzigarren oinarrian dago jasota.

Langileak egin duen matrikulak honako baldintza hauek betetzen baditu, IVAPek matrikularen kostu osoa ordainduko du:

1) Matrikula-orria garaiz entregatzea euskaltegian: ikastaroa hasi baino lehen aurkeztu beharko da.

2) Aurreko 7.1. oinarriak ezartzen dituen ikastaroen ezaugarriak betetzea.

Langileak egin duen matrikulak aurreko baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainduko. Kasu horretan, ukapenaren berri emango dio Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari.

Zortzigarrena.– Ikastaroen hasierari buruzko arau orokorrak.

Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. IVAPek bertan behera utziko ditu eskolan hasi ez diren langileen eskaerak.

Moduluz aldatzen diren ikasleen kasuan, hasiera-dataren erreferentzia ikastaro trinkoa izango da:

– Ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzen diren ikasleek lehenik eta behin ikastaro trinkoa bukatu behar dute, eta ondoren aldatuko dira 2 orduko ikastarora.

– 2 orduko ikastarotik trinkora aldatzen diren ikasleek 2 orduko ikastaroan jarraituko dute harik eta ikastaro trinkoa hasi arte.

Bederatzigarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

Euskara ikastaroak kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da ikasleei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta datu pertsonal horiek dagokion enteei lagatzea. Hori dela eta, IVAPek, lanorduetan nahiz lanorduz kanpo euskara ikasten ari diren langileen eskabideei, asistentziari eta ebaluazioari buruzko datuak jaso, kudeatu eta bilduko ditu eta Osakidetzari bere langileei dagozkienak jakinaraziko dizkio.

Deialdi honetara biltzen diren pertsonek onartu egiten dute ebazpen honen helburua betetzeko datu pertsonalak tratatzea. Beraz, onartu egiten dute IVAPek datuak jasotzea, tratatzea eta Osakidetzari euren asistentziari eta ebaluazioari buruzko informazioa jakinaraztea. Hori guztia martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuaren, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzekoaren, 1.3 artikuluan aurreikusitako ebaluazio-txostena egiteko eta Osakidetzaren Euskara Plana egoki kudeatzeko. Onartu egiten dute, era berean, datu-lagapenak egitea Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalkuntza planaren betetze maila ebaluatzeko txostenak egin ditzan, (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua). Onartu egiten dute, halaber, datu-lagapenak egitea Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari –HABE– (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera).

Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauek xedatutakoaren arabera egingo da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), datu pertsonalen tratamenduari eta datu horiek zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

Interesdunek, datu pertsonal horietan sartzeko, datuok zuzendu, ezeztatzeko eta tratamendua mugatzeko edo horren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dute. Horretarako, datuen tratamenduaren arduradunarengana jo dezakete (Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua – Giza Baliabideen Zuzendaritza, Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz, 945006000 telefonoa).

Halaber, interesdunek Datuak Babesteko Euskal Bulegora jo dezakete erreklamazioa aurkezteko, eta horren aurretik, nahi izanez gero, Eusko Jaurlaritzako Datuen Babeserako ordezkariarengana jo dezakete (DPD-DBO@euskadi.eus – Donostia-San Sebastian kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

II. ERANSKINA
LANORDUETAKO IKASTAROEN ESKAINTZA.

1.– Barnetegiko ikastaroak.

Barnetegiko ikastaroak Zornotzako Aurten Bai barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira.

Barnetegiko ikastaroak euskaltegien egutegiari eta ordutegiari egokituko zaie.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula eta egonaldiaren gastuak.

2.– Bost orduko ikastaroak.

Ikastaroek beti ere lauhileko iraupena dute. Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu beharra dagoelako.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula gastuak.

Bigarren lauhilekoaren iraupena ondorengoa izango da: 2020ko otsailaren 10etik ekainaren 26ra.

2020ko apirilaren 9tik 19ra artekoak, biak barne, Aste Santuko oporraldia izango da, eta beraz, ez dira eskola egunak izango.

3.– Modulu aldaketak.

3.1.– Bost orduko ikastarotik bi orduko ikastarora:

Bost orduko ikastarotik IVAPeko bi orduko talde batera aldatzen diren ikasleek ondorengo egutegia izango dute: 2020ko otsailak 10 – 2020ko maiatzak 29.

Administrazioko taldeetako ikastaroen ordutegia 08:00etatik 10:00etara izango da Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

2020ko apirilaren 6tik 19ra artekoak, biak barne, Aste Santuko oporraldia izango da, eta beraz, ez dira eskola egunak izango.

Ikastaroaren egutegi zehatza ikastaroa hasi baino lehenago banatuko da eta izan daitekeen edozein aldaketa garaiz jakinaraziko da.

Matrikula-orriaren eskolatzen diren ikasleek euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko dute.

3.2.– Bi orduko ikastarotik bost orduko ikastarora:

Bi orduko ikastarotik IVAPeko bost orduko talde batera aldatzen diren ikasleek eranskin honen 2. puntuan adierazitako egutegia izango dute.

Aldiz, matrikula-orriarekin eskolatzen dien ikasleek euskaltegiaren egutegia eta ordutegia izango dute.


Azterketa dokumentala