Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2019ko urriaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4935

166/2019 DEKRETUA, urriaren 22koa, Hezkuntza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen Dekretua eta HABEren arau organikoak onartzen dituen Dekretua aldatzen dituena.

Apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuak Hezkuntza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen du (apirilaren 21eko EHAA). Dekretu horren 13.1.i) artikuluak Hezkuntza Sailburuordetzari esleitzen dio, besteak beste, euskararen ezagutzari buruzko egiaztagiriak emateko prozedurak definitzeko eta koordinatzeko zeregina, EGA tituluari dagokionez (Euskararen Gaitasun Agiria).

Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) Hezkuntza Sailak sortu zuen 1982ko apirilaren 22ko Agindu baten bitartez (maiatzaren 4ko EHAA), iritzita beharrezkoa zela ziurtagiri bat izatea euskararen ezagutza eta erabilera zehaztasunez egiaztatzeko, jarduera profesional eta sozialei begira. Agindu horren 1. artikuluko 2. apartatuak dioenez, «Gaitasun agiri honen bidez zera adieraziko da: kasuan kasuko agiridunak euskara behar adinbateko trebetasunez erabiltzen dakiela, ahoz eta idatziz.»

Geroago, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortu eta euskaltegiak araupetzen dituen 29/1983 Legearen bitartez, zuzenbide publikoko erakunde publiko hori (HABE) sortu zen; legearen zioen adierazpenetik eta artikuluetatik eratortzen denez, nagusiki helduei euskara irakasteko hezkuntza sistematik kanpo, kultura ondarea denez gero. Ildo horretatik, legeak euskaltegiak arautzen ditu, eta 20. artikuluan adierazten du orduko Hezkuntza eta Kultura Sailari dagokiola alfabetatze eta euskalduntzeko irakaskuntzetan ezarritako maila bakoitzaren bukaeran eman beharreko diplomak eta egiaztagiriak arautzea.

Lege horren 2. artikuluan, HABEren zereginen artean aipatzen dira helduei euskara irakastea eta Euskal Autonomia Erkidegoan euskalduntzea eta alfabetatzea bultzatzea eta sustatzea; betiere, hizkuntza-politikaren alorreko Jaurlaritzako organo eskudunak emandako irizpideekin bat. Artikulu berberean, HABEren zereginen artean sartzen da euskaltegietako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak gainditzen dituztenei egiaztagiriak edo diplomak emateko proposamena egitea orduko Hezkuntza eta Kultura Sailari.

Ordutik hona, batera ibili dira, batetik, Euskararen Gaitasun Agiria (EGA), hezkuntza alorrean eskudun izan den sailak emana, sail horren deialdietako proba idatzi eta ahozkoak gainditu ondoren, eta, bestetik, kultura alorrean eskudun izan den sailak prestakuntza-ikastaro homologatuak eta HABEk antolatutako egiaztatze-probak gainditu ondoren emandako egiaztagiriak.

XI. Legegintzaldiko Gobernu Programak, Euskararen 2017-2020 Agenda Estrategikoaren ildotik, helduen euskalduntzea kudeatzeko sistema bakarra bultzatzea jasotzen du 116. konpromisoko 2. ekimenean. Kudeaketa-sistema horrek euskararen ikaskuntza sustatzearekin zerikusia duten alderdi guztiak bildu beharko lituzke. Konpromiso horretako 4. ekimenak, berriz, tituluak edo egiaztagiriak lortzeko sistemaren hobekuntza jasotzen du.

Horren guztiaren ondorioz, Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) sistema bateratu horretan integratu behar da eta, beraz, Hezkuntza Sailak ez du eskumenik izango euskararen ezagutza egiaztatzeko tituluak eta egiaztagiriak emateko, salbuespen direlarik hezkuntza-sistemaren parte diren eta sistema horretako irakasleei eta langileei eragiten dieten eskumenak. Hori gauzatzeko, nahitaezkoa da Hezkuntza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretua aldatzea, sail horrek Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) esparruan duen eskumena kentzeko, eta HABEren arau organikoak onartzen dituen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretua ere aldatzea, eskumen hori bereganatzeko.

Hezkuntza Sailak 2019ko uztailaren 1erako egin du egiaztagiri hori lortzeko bere azken deialdia. Hortik aurrera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak izango du eskumena egiaztagiri hori arautzeko eta emateko, eta Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) arduratuko da egiaztagiria lortzeko probak egiteaz.

Ondorioz, Hezkuntzako sailburuak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak batera proposatuta, lehendakariak onartu ondoren eta Gobernu Kontseiluak 2019ko urriaren 22an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Hezkuntza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuaren aldaketa.

Hezkuntza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuko 13. artikuluko 1. apartatuko i) letra aldatzen da. Horrela gelditzen da idatzita:

«i) Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin koordinatuta, unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sistemaren eta Eskola Publikoari buruzko Legeko III. tituluaren esparruan, Euskararen erabilera arautzeko Legea garatzeko jarduerak definitu eta koordinatzea; eta euskararen jakite-maila egiaztatzeko honako agiri hauek emateko prozedurak definitu eta koordinatzea: irakaskuntzako 1. eta 2. hizkuntz eskakizunak eta Hezkuntzako Langileen Euskara Agiria hizkuntz eskakizuna (HLEA).»

Bigarren artikulua.– HABEren arau organikoak onartzen dituen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuaren aldaketa.

HABEren arau organikoak onartzen dituen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuan aldaketa hauek egiten dira:

Bat.– Kendu egiten da 4.4 artikuluko f) apartatua, eta apartatu horretako g) letra f) letra izatera pasatzen da.

Bi.– Aldatu egiten da 6.1 artikuluko g) letra. Honela gelditzen da idatzita:

g) Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko organo titularrari proposamena egitea HABEk kudeatutako egiaztatze-prozesuetan eman beharreko euskarazko komunikazio-gaitasunaren inguruko egiaztagiriak eman ditzan.

Hiru.– 6. artikuluko 1. apartatuari h) letra eransten zaio. Testu hau izango du:

h) Zuzendaritza Batzordeak edo batzordeburuak agindu diezaiokeen beste zernahi.

Lau.– Aldatu egiten da 8. artikuluko h) apartatua. Honela gelditzen da idatzita:

g) Helduen euskarazko komunikazio-gaitasuna egiaztatzeko eta ebaluatzeko prozesu didaktikoen jarraipena antolatzea, kudeatzea eta gauzatzea, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako irizpideen arabera, eta HABEren Zuzendaritza Nagusiari dagokion proposamena egitea, hortik kanpo gelditzen direlarik hezkuntza-sistemako langileentzat edo administrazio publikoetako langileentzat bakarrik diren deialdiak; halaber izango dira bere zereginak helduen esparruan ematen diren edo dekretu hau indarrean sartu aurretik eman diren tituluak eta egiaztagiriak kudeatzea eta titulu eta egiaztagiri horien inguruko beste edozein jarduera bideratzea.

Bost.– 8. artikuluari i) letra eransten zaio. Testu hau izango du:

i) HABEren batzordeburuak edo zuzendariak eman diezaion beste edozein.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Euskararen Gaitasun-Agiria (EGA).

Dekretu hau indarrean jarri eta hurrengo hiru hilabeteetan EGA Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko egin daitezkeen deialdiek agiri honen egungo izenari eta araubideari eutsiko diote. Epe hori iragan eta gero, EGA agiria zedarritzen duen komunikagaitasun-maila, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma (HEOC) ezartzen duen 2015eko uztailaren 22ko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren Aginduan (EHAA- 2015eko uztailak 31, 144 zk) zedarritutako C1 mailan txertatuko da, eta maila hori egiaztatzearen ondorioz lortutako agiria Curriculum horretan ezarritako mailarena izango da.

Halaber, aurreko paragrafoan aipatutako hiru hilabeteko epea iragan eta gero, indarrean dagoen Dekretu honen maila arauemaile berbereko edota beheragoko araudian EGAri eta Hezkuntza sailak EGAri buruz duen eskumenari egindako aipamenak Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren C1 mailari eta Kultura eta Hizkuntza Politikaren esparruko eskumena duen sailari eginda daudela ulertuko da, hurrenez hurren.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Euskararen Gaitasun Agiriaren dokumentu-funtsa.

Tituluen eta egiaztagirien esparruan bigarren artikuluko 4. apartatuan aurreikusten den kudeaketa egiteko, Hezkuntza Sailak HABEren esku utziko du Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) programari buruzko dokumentu-funtsa, dekretu hau indarrean sartu eta hiru hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– EGAren baliokidetasunak.

Dekretu honen Xedapen Iragankorrean aurreikusitako hiru hilabeteko epea iragan eta gero, urriaren 6ko 263/1998 Dekretuan eta azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren bidez aldatutakoan, ezarritako EGAren baliokidetasunak Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumeko C1 mailari lotuko zaizkio ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean sartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko urriaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala