Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2019ko urriaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4907

AGINDUA, 2019ko urriaren 15ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arauak ezartzen eta deialdia egiten baita 2019. urtean Euskadin Kultura arloko ikuslegoa sortzeko, fidelizatzeko eta ugaritzeko proiektu eta jarduerak gauzatzeko dirulaguntzak emateko.

Sorkuntza sustatzeko eta hari laguntzeko politikek ahalegin irmoa behar dute, gure herrian sortzen ari den horren kemena, indarra eta kalitatea ikusgarri, erakargarri eta irisgarri egiteko. Sorleku duen bilbe soziala aberasten duenean hartzen du kulturak bere zentzu osoa. Azken batean, sorkuntza eta produktu kulturalen zentzua bizitza sozialari eta herritar bakoitzaren bizi-esperientziari egiten dioten ekarpenean datza.

Kultura eta sorkuntza sustatzen eta laguntza ematen dioten erakunde publikoek, beraz, kultura-sorkuntzaren eta ikusleen artean diren oztopoak gainditzeko lanari ekin behar diote. Bereziki zeregin konplexua da, jardun kulturalak aldakuntza betean, produktu global handiek gure arreta-ahalmen guztia xurgatu nahian, kultura deskubritzeko bizipena gauza berdinen kontsumo errazak, entretenimendu errazak ordezten duenean eta horren guztiaren testuingurua, gainera, gizartearen geruza askotan behintzat, estutasun ekonomiko larria izanik. Konplexua izanagatik ere, beharrezkoa da zeregin hori.

Horri heltzeko, baliabideak ez ezik, ideiak eta proposamen berriak ere behar dira, transformazio betean den testuinguru honetan jardunbide berriak probatzeko aukera ematen dutenak. Praktika kulturalak sendotzen eta bultzatzen dituzten proiektuak, kultura ikusle berriei erakusten dietenak eta dagoeneko ikusle diren horiek sendotu eta fidelizatu egiten dituztenak behar dira. Kulturaren kontsumoari zuzenean laguntzeko neurri ekonomikoetatik harago, deialdi honen xedea da gure kulturaren ikusgarritasunaren alde jokatzeko modu berriak aurkitzea eta probatzea, hartara hura erakargarria egiteko eta sortzaileen eta ikusleen arteko zubiak eraikitzeko. Jakinda, gainera, ikusleek, sorkuntza-lanen hartzaileek hain zuzen, obrak aldatu ere egiten dituztela beren egiten dituztenean, eta, hala, sortzaileak berak aberastu ere bai.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-jardueren eta haien zabalkundearen gaineko eskumenak.

Bestalde, Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoaren bidez, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitu zitzaion musika, antzerkia, dantza, liburugintza, ikus-entzunezkoa eta ikusizko arteen beharrak aztertzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan haien jarduna sustatzeko, sendotzeko eta hedatzeko hartu beharreko neurri administratiboak hartzeko eginkizuna.

Halaber, arau hauek dira indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza eta dirulaguntzetarako: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan - EONALTB- (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege horren Araudia onartu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

Europar Batasunaren kultura arloko estatu-laguntzei buruzko arauetan aldaketak egin berri dira, 2014ko uztailaren 1etik aurrera jarri baitzen indarrean 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluaren 3. apartatuan agertzen diren jakinarazpen beharrik ez daukaten estatu-dirulaguntzen kategoriak zabaltzea. Ondare eta kulturako dirulaguntzak eta, zehatzago, gune edo espazio artistiko eta kulturaletarakoak dira kategoria berrien artean.

Horregatik egokituko zaizkio agindu honen bidez araututako dirulaguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduari. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2018ko urtarrilaren 31n onartu duen eta sailaren beraren webgunean (http://www.euskadi.eus/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2018-2020/web01-s2hhk/eu/ helbidean) argitaratua den Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren 2018-2020 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago.

Bada nahiko aurrekontu-kreditua agindu honetan arautzen diren dirulaguntzetarako, abenduaren 22ko 5/2017 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018 ekitaldirako eta 2019ra luzatutako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, dioenez.

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2019. urtean Euskadin kultura arloko ikuslegoa areagotzeko, fidelizatzeko eta ugaritzeko proiektuak eta jarduerak gauzatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezartzea eta haien deialdia egitea.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak, baldintzak eta diru kopurua.

1.– Jarduerek, dirulaguntza jaso ahal izateko, artikulu honen 2. puntuan zehaztutako baldintzak bete behar dituzte eta 1. artikuluan zehaztutako helburua izan.

2.– Jarduerek baldintza hauek bete beharko dituzte, diruz lagunduak izateko:

a) Proiektuak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean garatu beharko dira, 2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean. Proiektuak 2019an hasi beharko dira.

b) Diruz lagundu beharreko jarduerek herritar guztiei irekita egon beharko dute.

c) Onartutako guztizko aurrekontuaren % 20ko autofinantziazio-maila izatea gutxienez. Deialdi honetan iturri publikoetatik ez bestetatik jasotakoa hartuko da autofinantzaketatzat, eta, onartutako guztizko aurrekontua, berriz, hala behar den kasuetan, 10. artikuluan zehaztutakoaren arabera araztutakoa.

d) Euskara jardueren komunikazio-hizkuntza izatea % 50ean behintzat.

3.– Deialdi honen xedetik kanpo geratuko dira:

a) Artikulu honetako 2. puntuak jasotakoa betetzen ez duten proposamenak.

b) Kultura-programazioa eta ikuskizunak kontratatzea.

c) Publikoak garatzen laguntzen duten sari eta lehiaketa sektorialak.

d) Irakaskuntza arautu zein ez-arautuaren esparruan gauzatzen diren jarduerak.

e) Jaialdi, erakustaldi nahiz zikloen barruan antolatutako jarduerak, baldin eta jarduera antolatzailea jaialdia, erakustaldia edo zikloa antolatzen duena bera bada.

f) Ikastegi eta aisialdi-zentroetako programazioaren barruan antolatutako jarduerak.

g) Txostenak, planak eta azterlanak egitea.

h) Kultura eta artearen sektoreetako profesionalentzako prestakuntza-jarduerak.

i) Ikastetxeekin eta arte-, musika, dantza eta bestelako arte-diziplinetarako ikastegiekin lotura duten jarduerak.

4.– Agindu honen babespean ematen diren dirulaguntzak finantzatzeko kredituaren guztizko zenbatekoa hirurehun eta hogei mila eurokoa da (320.000), horietatik 160.000 euro izanik 2019ko ekitaldiko eta beste 160.000 euroko konpromiso-kreditua 2020rako.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Agindu honen arabera, honako hauek jaso ahal izango dute dirulaguntza, baldin eta beren jarduera kultura-eskaintzari lotuta badago:

a) Pertsona fisikoek.

b) Erakunde pribatuek. Baldin eta erakunde batek partaidetza publikorik badu, deialdian parte hartzeko partaidetza % 50 baino gutxiagokoa izan behar da.

c) Erakunde publikoek, betiere kapitalean erakunde publikoen partaidetzarik ez duten erakunde pribatuekin batera antolatutako jarduerak baldin badira. Halakoetan, berariaz adierazi beharko dute, eskaria aurkeztearekin batera, partaide bakoitzak proiektua gauzatzeko zer diru kopuru jarri duen eta zer konpromiso hartzen dituen bere gain. Halaber, taldearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar izango dute, taldeak esleipendun gisa bete beharrekoak betetzeko adinako ahalmenarekin eta taldeak ezin izango da desegin EONABLTBren 44. artikuluan jasotako preskripzio epea igaro arte.

2.– Deialditik kanpo geratuko dira Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak helburu bererako emandako dirulaguntza izendunaren onuradunak.

3.– Orobat, geratuko dira bazterturik:

a) Krisian diren enpresak, krisian diren enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko laguntza estatalei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).

b) Dirulaguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi duen Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondorioz berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak.

4. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

a) Hala dagokienean, egokitzen zaien Erregistroan izena emana izatea (elkarte zibilen eta pertsona fisikoen kasuan izan ezik).

b) Ez izatea laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik ere. Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik lortu, zehapenak ezarritako epean zehar, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalen bat dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoaren arabera.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako betebeharrak.

d) Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, hortaz, laguntza emateko unean eta ordainketak egiterakoan egiaztatuko da betetzen ote den.

e) Nolanahi ere, onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta hauen erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du.

5. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea eta eskatzen den dokumentazioa.

Dirulaguntzarekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

1.1.– Pertsona fisiko eta juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna eta honek daukan legezko ordezkaritzako ahalmena egiaztatzea.

1.2.– Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzako baldintzak betetzea.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko ditu, automatikoki, dirulaguntza eskatu dutenek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du eskatzaileen oniritzirik behar izango, hala xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak. Hala eta guztiz ere, pertsona fisikoek baimen hori berariaz ukatu dezake, baina, hala egiten badute, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

1.3.– Pertsona juridikoak izanez gero: Administrazio honetako erregistroetan inskribatutako entitateak eskaeran zein erregistrotan den inskribaturik adierazi behar izango dute eta ez da beharrezkoa izango horren inguruko dokumentaziorik.

Beste administrazioetako erregistroetan inskribatutako entitateek egiaztatu beharko dute sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkien erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria eta ordezkaria den pertsonaren identitatea, eta honek daukan legezko ordezkaritza ahalmena.

1.4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunek eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku diren edo beste edozein Administraziok egindakoak diren eskatutako dokumentuak. Horrela, Administrazioak kontsultatu edo eskuratu ahal izango ditu dokumentu horiek, interesdunak aurka egin ezean.

1.5.– Eskatzaileek justifikatu beharko dute beren jarduerak kultura-eskaintzarekin lotura zuzena duela.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak xedatutakoarekin bat, eskabideko erantzukizunpeko adierazpen baten bidez honako hauek egiaztatu beharko dira:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publikoei zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri emango da.

– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

3.– Jarduerari buruzko dokumentazioa:

a) Proposamena aginduaren 11. artikuluaren 1. apartatuan xedatutako irizpideen arabera egoki balioztatzeko behar diren alderdiak zehaztu eta garatzen dituen proiektu- edo jarduera-oroitza argitzailea, bai eta aurreikusitako hasiera- eta amaiera-egunak. Halaber, adieraziko da oroitzan berariaz:

– Proiektuaren helburuak.

– Non gauzatuko den proiektua.

– Proiektu edo jardueraren xede-populazioak parte hartzeko sistema.

– Zein den xede-populazioa, haren deskribapena eta aurreikuspen kuantitatiboa eta lurraldearen araberakoa.

– Sustatze-, hedatze- eta marketin-kanpainaren estrategia, non azalduko baita zer bitarteko eta bide erabiliko dituen eta zer eragin aurreikusten duen proiektu eta jardueren xede-populazioarengan lurraldearekiko.

– Proiektu edo jarduerak berrikuntzarik baldin badakar, deskribatu.

– Erabiliko diren metodologia eta materialak, halakorik bada.

– Emaitzak ebaluatzeko erabiliko diren sistema zein tresnak.

b) Jardueran zer komunikazio-hizkuntza erabiliko den adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

c) Proiektu edo jarduera gauzatuko duten profesional eta langileek dirulaguntza gai den proiektuaren antzeko jardueretan duten ibilbide profesionala.

d) Jardueraren gastu eta diru-sarrera aurrekontu orekatua, banakatua eta xehea. Baldin eta aurkeztutako eskaerako aurrekontuan 10. artikuluaren arabera ez-lagungarritzat jotako gasturik aurreikusten bada, gastu-aurrekontua araztu egingo da halakoak kenduaz, eta arazketaren ondoren onartzen den guztizko aurrekontu baizik ez da hartuko aintzat eta dirulaguntza kalkulatzeko oinarri berau izango da.

e) Erakunde publikoek eta pribatuek batera antolatutako jardueren kasuan, dokumentu batean zehaztu beharko dituzte lankidetzaren nondik norakoak, partaideak eta horien ordezkariak identifikatu, zein partaidek aurkeztuko duen eskaera guztien izenean, partaide bakoitzak zer jarduera hartuko dituen bere gain eta bakoitzaren gastu eta sarrera aurrekontua. Dokumentua partaide guztiek sinatu behar izango dute.

4.– Eskatzailea ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edo han dituen banku-datuak aldatu nahi baditu, berari ordaindu ahal izateko hirugarrenaren alta izeneko agiria aurkeztua izan beharko du, dela eskabidearekin batera, dela prozeduraren beste une batean.

5.– Aurkezten diren agiri elektronikoek ezaugarri hauek bete behar izango dituzte:

a) Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, hala eskatzen den kasu guztietan eta ereduak duen formatu berean.

b) Gainerako dokumentazioa, ahal delarik, PDF formatuan aurkeztuko da.

c) Dokumentazio elektroniko guztien tamaina 30 Mb-ekoa izango da gehienez ere.

d) Bideoak dagokion dokumentuan web helbidea jarrita aurkeztu ahal izango dira.

6. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzea.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Pertsona fisikoek aurrez aurre nahiz telematikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:

– Aurrez aurreko kanala: eskabideak Zuzenean zerbitzuko bulegoetan aurkeztuko dira, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Kanal elektronikoa: euskadi.eus egoitza elektronikora sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 6. atalean adierazten diren helbideetan nahiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistro elektronikoetan.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat –presentziala nahiz elektronikoa– hautatzeak ez dakar berekin prozeduraren hurrengo izapideetan ere hartaz baliatu behar izatea; alegia, noiznahi aldatu daiteke bidez.

3.– Pertsona juridikoek bide elektronikoa erabiliz baino ezin izango dituzte aurkeztu eskabideak.

4.– Eskatzaileek eskabide bana besterik ezin izango dute aurkeztu. Baldin eta eskatzaile batek proiektu bat baino gehiago aurkezten badu, balorazioa egin aurretik bat hauta dezan eskatuko zaio. Hala egin ezean, eskatzailearen eskabide guztiak indargabetu egingo dira.

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola izapidetu behar diren azaltzen duten jarraibideak, euskadi.eus egoitza elektronikoaren helbide elektroniko honetan izango dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/ikuslegoa/y22-izapide/eu/, eta baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 2.1 artikuluan aurreikusitako edozein subjekturen aurrean ere.

Eskaeraren ondorengo izapide elektronikoak, berriz, hemen egingo dira: http://www.euskadi.eus/nireizapideak

6.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean zein bestean aurkeztu ahal izango dituzte beren eskaera eta hari atxikitako dokumentazioa. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen erabilera normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

7.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartu direla adierazten du, inpugnaziorako bidea itxi gabe.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabideak izapidera onartzeko agiriak falta edota agirietan akats formalak dituela hautemanez gero, orobat hura baloratzeko aipatutako agiriei akatsik antzemanez gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, beharrezko agiriak aurkez ditzan edo hautemandako akatsak zuzen ditzan; horrekin batera, ohartarazi egingo zaio hala egin ezean eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela, eta horren berri ebazpen bidez jakinaraziko zaio.

Pertsona juridikoek, beren eskabidea elektronikoki aurkeztu behar dutenek, aurrez aurre aurkezten baldin badute, akatsa zuzen dezaten eskatuko zaie eskabidea elektronikoki aurkeztuta. Horretarako, zuzenketa egiten den eguna hartuko da eskabidearen aurkezte-eguntzat.

9. artikulua.– Dirulaguntzen muga eta bateragarritasuna.

1.– Agindu honetara biltzen diren jarduerek jasoko duten dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa ez da izango guztizko aurrekontu onartuaren % 50etik gorakoa.

2.– Diruz laguntzen diren proiektuek gehienez 80.000 euro jasoko dituzte.

3.– Proiektu bati esleitutako dirulaguntza ez da eskatutako kopurua baino handiagoa izango.

4.– Agindu honetan ezarritako mugei kalterik egin gabe, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu bererako; betiere, horrek gainfinantzatzea ez badakar. Horrelakorik gertatuz gero, gehienez murritz dakiokeen kopurura arte murriztuko zaio emandako dirulaguntzaren zenbatekoari.

10. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Europar Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (CE) Araudiaren 53. artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluak xedatzen duen bezala, gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

a) Proiektu edo jarduera gauzatzen duten profesional eta langileen diru-ordainak. Eskatzaileek gehienez ere onartutako guztizko gastuaren % 15 erabil lezakete pertsonal gastuetarako. Halakoetan, xehe adierazi beharko da aurrekontuan zer lan egingo duen pertsonal horrek proiektuan.

b) Proiektu edo jardueran parte hartuko duten ikusleentzako material didaktiko zein komunikatiboa ekoiztea.

c) Proiektu zein jarduerak gauzatzen diren espazioak alokatzea, nork ez baditu ez bereak, ez eta proiektuko bazkideren batenak.

d) Nork bererik ez badu, ekipamendua, makinak eta altzariak alokatzea.

e) Sustapena eta publizitatea.

f) Proiektu zein jardueretako parte-hartzeari buruzko informazioa biltzeko zerbitzuak.

g) Proiektu zein jardueran zuzenean parte hartzen duten profesionalen joan-etorriak eta ostatu-gastuak ezin izango dira guztizko aurrekontu onartuaren % 5 baino handiagoak izan.

2.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatu ahal izango du jarduera, azpikontratu guztien prezioak batuta diruz lagundutako jardueraren % 90ra arte. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen da onuradunak diruz lagundu den jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko, ezin izango dira azpikontratatu zerbitzu profesional independienteak jasotako dirulaguntza kopuruaren % 50ean baino gehiagoan.

Edonola ere azpikontratu bakoitzak garatutako lana edo eskainitako zerbitzua jasoko du eta horiek aurrekontuko ataletan jasotako kontzeptuekin bat etorri behar dute.

3.– Diruz lagundu litekeen gastu batek Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2007 Legeak kontratu txikiei ezartzen dizkien mugak gainditzen baditu, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa lotu baino lehen betiere, salbu eta haien ezaugarriak bereziak izanik, merkatuan hornitzaile nahiko ez bada edo gastua dirulaguntza jaso aurretik eginda badago.

4.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZ kengarriaren zenbatekoa, eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan, justifikazio-agirien zerga-oinarriari dagokion kopurua bakarrik egotzi ahal izango da gastu gisa.

11. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Irizpide hauen arabera baloratuko dira dirulaguntza-eskabideak:

a) Herritarrengan eragina izateko gaitasuna. Gehienez, 8 puntu. Honako hauek hartuko dira aintzat:

a.1.– Elkarlana beste eragile kultural batzuekin, sare-lana, zehazki. Gehienez, 2 puntu.

a.2.– Jarduera edo proiektuak haur eta gazteengan zer eragin duen eremu ez-arautuetan. Gehienez, 2 puntu.

a.3.– Proiektuak duen lurralde-eragina edo aplikagarritasuna. Proiektuak zer eragin edo aplikagarritasun duen bestelako lurralde edo sektoreetan garatzeko. Gehienez, 2 puntu.

a.4.– Irauteko bokazioa. Proiektuak epe ertain nahiz luzean garatzeko duen bokazioa. Gehienez, 2 puntu.

b) Proposamenak duen interes kulturala, kalitatea eta berrikuntza-maila. Gehienez, 7 puntu. Ondorengo hauek hartuko dira aintzat:

b.1.– Diruz laguntzen den jardueraren sektoreko sortzaileek parte hartzea eta beroriek duten esperientzia. Gehienez ere 2 puntu.

b.2.– Proiektuak duen berrikuntza-maila eta garapen-eremuan zer kalitate eta koherentzia duen. Proiektuak lantzen dituen sektoreen testuinguruari zer ekarpen egiten dion. Gehienez, 3 puntu.

b.3.– Herritarrek duten protagonismoa eta parte-hartze aktiboa aurkezten diren proiektu eta jardueretan. Kultura aniztasuna eta berdintasun testuinguruak aintzat hartzen dituzten proiektuak baloratuko dira bereziki. Gehienez, 2 puntu.

c) Proiektuak duen bideragarritasuna. Gehienez, 5 puntu. Ondorengoak hartuko dira aintzat:

c.1.– Aurrekontua proiektuari egokitua izatea. Gehienez, 3 puntu.

c.2.– Dirulaguntza honetaz aparteko finantzaketa-maila. % 20tik gorako autofinantzaketa maila baloratuko da, gehienez 2 puntu.

2.– Dirulaguntza jasoko badu, eskatzaileak 10 puntu atera behar izango ditu gutxienez aurreko irizpide guztiak aintzat hartutako balorazioaren ondorioz.

12. artikulua.– Proiektuak hautatzea eta dirulaguntzen zenbatekoa zehaztea.

1.– Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak norgehiagoko lehia bidez ebatziko dira, horretarako balorazio-batzordea eratuta, zeinak aurkezten diren eskabideak aztertuko baititu, eta 11. artikuluan xedatutako balorazio-irizpideetan oinarrituta, haien lehentasun-hurrenkera antolatuko baitu. Artikulu horretan xedatzen den puntuazioa edo hortik gorako puntuazioa lortzen duten eskaerei baizik ezin izango zaie dirulaguntza eman.

2.– Ematen den laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ehuneko bat aplikatuko zaio aurkeztutako jardueraren guztizko aurrekontu onartuari, puntuaziorik handiena ateratzen duen proiektutik hasita eta lehentasun-hurrenkerari jarraituta gero, ehunekoa izanik zuzenki proportzionala eskatzaileak lortutako puntuazioarekiko, halako arrazoiaz non guztira deialdiaren zuzkidura ahitu egiten baita hura gainditu gabe. Dirulaguntza bakoitzaren behin betiko zenbatekoa ez da inola ere 9. artikuluaren 1., 2. eta 3. apartatuetan xedatutako mugak baino handiagoa izango. Baldin eta muga horiek gainditzen badira, horiek guztiak betetzen duen kopurura arte gutxituko da zenbatekoa. Errepikatu egingo da prozedura hori, harik eta hautatutako proiektu guztiak aztertu arte edo 2.4 artikuluan deialdiari esleitutako zuzkidura ekonomikoa ahitu arte.

13. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Kide hauek izango ditu:

Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria, eta berau falta denean batzordekide zaharrenak ordezkatuko du.

Aditu-profesionalak gutxienez hiru eta gehienez bost izango dira, eta Kulturako sailburuordeak izendatuko ditu. Kultura alorreko profesionalen artetik aukeratuko dira, dela independenteak, dela Euskal Autonomia Erkidegoko sektore erakundeetako kide esanguratsuak.

Batzordeko idazkari gisa, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat ibiliko da, bertoko zuzendariak izendaturik.

2.– Balorazio-batzordeetako kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

3.– Balorazio-batzordearen behin betiko osaera EHAAn argitaratuko da, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez, eratu aurretik. Horrela, interesdunek errefusatze-eskubidea erabili ahal izango dute, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

4.– Balorazio-batzorde horretarako izendatutako aditu-profesionalek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako ezein arrazoitan ez direla; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egingo dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

5.– Balorazio-batzordeari egokituko zaio aurkezten diren eskabideek 2.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela baieztatzea; 9. artikuluak ezarritako mugak aintzat hartuz aurrekontua aztertzea eta hala badagokio guztizko aurrekontu onartua zehaztea eta 11. artikuluan xedatutako balorazio-irizpideen araberako azterketa egitea eta ebaluatzea.

6.– Batzordeak, adostasunez erabakiko du eta Kulturako sailburuordeari aurkeztuko dizkio onartzeko/ez onartzeko proposamenak, eta ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, dirulaguntzak emateko/ez emateko proposamenak.

7.– Balorazio Batzordeak, beharrezkotzat jotzen badu, nahi beste argibide azaltzeko eskatu ahal izango die eskatzaileei, bai eta proiektuen arduradunekin elkarrizketak adostu ere.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitzeko prozedura Kulturako sailburuordeak ebatziko du, Balorazio-batzordeak egindako proposamena ikusi ondoren.

2.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie banan-banan interesdunei. Horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

3.– Ebazteko epea igarota interesdunari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du Administrazioa salbuesten, ordea, ebazpen adierazia emateko duen obligaziotik.

Nolanahi ere, onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta hauen erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du. Orobat, eta dagokionean, ezinbestekoa izango da dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea borondatez ordaintzeko epea igarota.

15. artikulua.– Jakinarazpenak izapidetze presentzialean eta telematikoan.

1.– Izapideak bertaratuta eginez gero, jakinarazpena egindakotzat joko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 42. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedaturikoari jarraikiz, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan-kasuan, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatzearen biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen. Interesdunari abisatu ahal zaio edozein euskarri elektroniko erabilita jakinarazpena duela helbide elektronikoan. Abisu hori aukerakoa da, eta balio informatiboa baino ez du, eta abisurik ez badago horrek ez du eraginik jakinarazpen zuzentasunean.

Jakinarazitako egintza aipatutako dekretuan aipatzen den helbide elektronikoan interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da, eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Komunikaziorako euskarri guztien edizioak euskaraz, behintzat, izango dira (Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 26. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz).

2.– Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso dutela berariaz eta nabarmen agertu behar dute, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitara ematen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, webgune, argazki eta gainerako, material, grafiko eta entzunezkoetan, jasotako dirulaguntzen berri eta finantzaketaren izaera publikoaren berri emanez. Betebehar hori laguntza eman izanaren ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera hasiko da indarrean. Material hori euskaraz zabaldu beharko dute, hargatik eragotzi gabe beste hizkuntza batzuetan ere zabaltzea.

3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona/erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

4.– Onuraduna erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bankuko datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko inprimakia aurkeztea.

5.– Dirulaguntzari eman zaion xede horretarako erabiltzea.

6.– Ogasuna eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

7.– Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Aldaketak idatziz jakinaraziko zaizkio Kulturako sailburuordeari, eta honek jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost egun balioduneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da. Inola ere ezingo da aldaketa horien bidez dirulaguntzaren kopurua igo.

8.– Laguntza ematen duen organoari Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen diren jakinaraztea.

9.– Argitaratutako promozio-material guztien ale bana Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan aurkeztea.

17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Agindu honen pentzutan ematen diren dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Emandako dirulaguntzaren % 50 lehen ordainketan, behin emate-ebazpena jaso ondoren eta hamabost egun balioduneko epean uko egin ez bada.

b) Emandako dirulaguntzaren % 30 bigarren ordainketan, Eusko Jaurlaritzaren 2020ko aurrekontuaren kontura: 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, betiere lehenengo ordainketatzat jasotako (% 50) dirulaguntzari dagozkion gastuak zuritu badira era honetan:

– Oroitza xehatua: diruz lagundutako jarduera dela eta 2019ko gauzatze-memoria, betetze maila eta jardueraren ebaluazioa jasotzen duena.

– Erantzukizun-aitorpena: diruz lagundutako jarduerarako 2019an gauzatutako aurrekontua (irteerak eta sarrera), ahalik eta xehetuena.

– Diruz lagundutako jarduera garatzean izandako gastuen justifikazio agirien zerrenda argia.

– Onartutako guztizko aurrekontuaren % 50 zuritzeko agiri eta fakturak. Ez da tiketik onartuko zuriketa egiteko.

Zuriketarako erabiliko den dokumentazioak 5. artikuluaren 5. puntuaren ezaugarriak bete behar izango ditu.

c) Emandako dirulaguntzaren % 20 azken ordainketa, jarduerak amaitu ondorengo bi hilabeteko epean, edonola ere, 2020ko martxoaren 31 baino lehen, beherago adierazi bezala zuritu behar izango da dirulaguntza:

– Oroitza xehatua: 2020an diruz lagundutako jarduerari buruzko gauzatze-memoria, betetze maila eta jardueraren ebaluazioa jasotzen duena.

– Diruz lagundutako jarduerarako 2020an gauzatutako behin betiko aurrekontua (gastuak eta sarrerak), ahalik eta xehetuena.

– Diruz lagundutako jarduera garatzean 2020an izandako gastuen justifikazio agirien zerrenda argia.

– Guztizko aurrekontu onartuaren gainerako % 50 zuritzeko agiri eta fakturak. Ez da tiketik onartuko zuriketa egiteko.

– Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunak eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein laguntzen zerrenda. Onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz beste inolako dirulaguntzarik jaso ez badu, erantzukizun-aitorpena erantsi behar izango du.

– Azpikontrataziorik egin bada, hornitzaileek egindako eskaintzak eta esleipena ez bazaio eskaintza ekonomikorik onenari egin aukeraketa hori zuritzeko oroitza.

– Jardueraren karietara argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako, material, grafiko eta entzunezkoen hizkuntza-bertsio bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena berariaz adierazita agertu behar da.

Zergei buruzko araudia aplikatzerakoan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta ordainketak kenduko zaizkio laguntza edo dirulaguntzaren zenbatekoari.

2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre nahiz bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte:

– Aurrez aurre, Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan daude zerrendatuta) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dituzte justifikazioak.

– Justifikazioak bide elektronikoz aurkeztu ahal izango dituzte, https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak webgunean, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistro elektronikoetan ere.

3.– Pertsona juridikoek bide elektronikoa erabiliz baizik ez dituzte aurkeztuko justifikazioak, lehenago adierazitako helbide elektronikoan.

4.– Justifikazioak bide presentziala nahiz elektronikoa erabiliz nola tramitatu behar diren azaltzen duten argibideak euskadi.eus egoitza elektronikoan egongo dira eskura, agindu honen 7.5 artikuluan adierazitako helbidean.

5.– Ez da ordainketarik egingo baldin eta onuraduna ez badago egunean zergei eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketetan, ez eta jaso duen dirua itzultzea bidezkoa dela dioen ebazpen baten ondorioz zorduna baldin bada.

18. artikulua.– Kitapen-ebazpena.

Laguntza emateko orduan kontuan izan ziren baldintzetako bat aldatu delako –baina helburua beteta–, aldi berean beste edozein entitate publiko eta pribatuk emandako dirulaguntza jasotzea izan badu, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Dirulaguntza esleitzeko orduan kontuan hartu den aurrekontuaren justifikazioa % 75 baino txikiagoa baldin bada, dirulaguntzaren kopurua gutxituko da proportzionalki. Horretarako, Kulturako sailburuordeak kitapen-ebazpena emango du, eta esleitu diren laguntzen zenbatekoak berregokituko dira bertan.

19. artikulua.– Ez-betetzeei buruzko araubidea.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak agindu honetan aurreikusitako jardueretarako osorik zein zatika erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epearen barruan.

d) Aurkeztutako proiektuan, Kulturako sailburuordeak baimendu gabeko aldaketaren bat egitea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluaren b, c, d, e, f eta g apartatuetan aurreikusitakoak.

2.– Horrelako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena, aurreikusi bezala eta bertan ezarritakoa bete ondoren, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko zaizkio jasotako diru kopuruak eta legez dagozkien interesak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (CE) Araudiaren mende egongo dira; araudi horrek zenbait laguntza-kategoria jakin Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluen arabera barne-merkatuarekin bateragarriak direla xedatzen du.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio Klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: 2019. urtean Euskadin ikuslegoa sortzeko, fidelizatzeko eta ugaritzeko proiektuak eta jarduerak gauzatzeko dirulaguntzak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).

Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: webgune honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazioa gehiago: https://www.euskadi.eus/rgpd/0082506

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak lege-arau hauen mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. Titulua eta VII. Tituluaren III. Kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartuak). Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Araudia onartu zuen 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko arauen mende daude dirulaguntzak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik Aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian eskumen hori duen salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 15a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala