Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2019ko urriaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4886

AGINDUA, 2019ko urriaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita Oxfordeko Unibertsitateko St Antony's College-n ikertzaile bisitari izateko laguntzaren deialdia.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Oxfordeko Unibertsitateko St Antony's College-k hitzarmen bat izenpetu zuten, 2007ko otsailaren 26an, ikertzaile batek egonaldia egin dezan Oxfordeko Unibertsitatean.

Oxfordeko Unibertsitateko St Antony's College Gizarte Zientzien arloan ospe aitortua duen zentro bat da, bereziki eskualdeko eta nazioarteko diziplinarteko ikerketetan. Euskadirekin lotutako gaietan espezialista den ikertzaile bisitari bat Oxfordeko Unibertsitateko St Antony's College-ko Europar Ikasketen Institutuan izateak nabarmen lagunduko du Euskadiri buruzko ezagutza garatzen.

Kontuan hartu da Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua (2016ko azaroaren 28ko EHAA), zeinaren bidez aldatu baitzen Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen dekretua. Izan ere, dekretu horrek zenbait eskumen esleitzen dizkio sail honi, zientzia-politikan eta ikerketa teorikoaren eta aplikatuaren sustapenean eta koordinazioan.

Horrenbestez, oinarri hartu da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua arautzeko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuordearen 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da dirulaguntzak emateko oinarriak ezartzea eta prozedura arautzea, 2019-2020 ikasturtean Oxfordeko Unibertsitateko St Antony's College-n ikertzaile bisitari gisa aritzeko egonaldiak finantzatzeko.

2.– Ikertzaile bisitariak diziplina hauetan lan egin dezake: historia modernoaren politika, nazioarteko harremanak, ekonomia, gizarte-zientziak, antropologia eta nazioarteko zuzenbidea.

2. artikulua.– Iraupena.

1.– Laguntza ikasturte baterako izango da (hiru hiruhileko, 2020ko urtarriletik irailera). Nolanahi ere, egonaldia hasi baino lehen, data horiek alda daitezke, justifikatuta badago eta proiektua behar bezala garatze aldera, betiere egonaldiaren iraupen osoa aldatu gabe, eta Oxfordeko Unibertsitateko Europar Ikasketen Institutuko zuzendariak berariaz adostasuna agertzen badu.

2.– Hautagaiek egonaldi partzialak aukeratu ditzakete, hiruhileko batekoak edo bikoak, eta, hala eginez gero, beste hautagai batek edo batzuek aukera izango dute dirulaguntzak eskuratzeko.

3. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hau lor dezakete baldintza hauek betetzen dituztenek:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea, gutxienez urtebeteko antzinatasuna dutela 2018ko urtarrilaren 1ean. Hala ere, antzinatasun bera izanik, atzerrian bizi direnen eskabideak ere onartuko dira, baldin eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan auzotasuna badute eta atzerrian bizi aurreko azken auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izan bada.

b) Doktore gradua izatea.

c) Ingeles hizkuntzaren ezagutza-maila nahikoa izatea, unibertsitate-komunitatean lehen egunetik bizi eta lan egiteko gai izan daitezen.

d) Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan honako xedapen hauetan jasotako egoeraren batean daudenak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan.

4. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eskabidea modu telematikoan beteko da, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan eskuragarri jarritako inprimakiaren bidez. Hona hemen helbide elektronikoa:

http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/ikeroxford/web01-tramite/eu

Eskabideari atxikitako dokumentuak harekin batera bidali beharko dira, aplikazio elektronikoaren bitartez. Horretarako, hautagaiak alta egin beharko du erabiltzaile gisa, eta aipatutako aplikazioan emandako argibideei jarraitu.

Bi modu daude aplikaziora sartzeko: ziurtagiri elektronikoarekin (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria), edo erabiltzaile eta pasahitzarekin. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.

2.– Behin eskabide telematikoa erabat bete denean eta, aplikazioaren bitartez, artikulu honen 8. atalean adierazitako dokumentuak erantsi direnean, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesua gauza dezake, Egoitza Elektronikoak onartzen dituen sinadura elektronikoaren sistemetako edozeinen bidez.

Inprimaki ofizialak eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du. Inprimaki ofiziala eskuz edo elektronikoki aldatuz gero, eskabidea automatikoki baztertuko da.

3.– Paperez izapidetuz gero, eskatzaileak aplikazioak sortutako eskabide-inprimakia inprimatu eta sinatu behar du. Paperezko eskabideak artikulu honen 6. eta 7. ataletan adierazitako epean eta lekuan aurkeztuko dira.

4.– Eskabidearekin batera, Erantzukizunpeko Adierazpena aurkeztu behar da, hala xedatzen baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko 6. apartatuan (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, EAEko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeak sartutakoa). Adierazpenak egiaztatuko du hautagaiek betebehar hauek betetzen dituztela:

– Eskatzaileak helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu edo lortu dituen, edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribatu baten eskutik.

– Eskatzaileak itzulketa- edo zigor-prozeduraren bat martxan duen edo izan duen, eta, hala badagokio, obligazioak ordaintzeke dituen, dirulaguntzak itzultzeari dagokionez.

– Eskatzaileak dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zigor penala edo administratiboa duen, edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren bat duen.

– Pertsona eskatzaileak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2004 Lege Orokorraren 13. artikuluak ezarritako beste debekuren bat duen.

– Konpromisoa hartzen duela Hezkuntza Sailaren Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazteko dirulaguntza emateko eskatu eta kontuan hartzen den baldintzaren bati eragiten dioten egoeretan izandako edozein aldaketa, bai eta edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak jaso izanaren berri emateko ere.

– Eskabide honetako datuak egiazkoak direla, eta bertako zehaztugabetasunek sor ditzaketen erantzukizunak bere gain hartzen dituela.

5.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak organo kudeatzaileari baimena ematen dio haren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela ziurtatzeko egiaztagiria zuzenean lortzeko.

Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari, eta, kasu horretan, dagozkion egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskabidearekin batera.

6.– Eskabideak aurkezteko epeak.

Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

7.– Eskabidea paperean izapidetuz gero, helbide honetara bidaliko da:

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza Saila

Ikerketa Zuzendaritza

Erreferentzia: «Oxfordeko Unibertsitateko St Antony's College laguntza»

Donostia kalea 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Eskabideak toki hauetan ere aurkeztu ahal izango dira, eta toki horietan informazioa eskatzeko aukera ere egongo da: Herritarrei arreta emateko Zuzenean zerbitzuaren bulegoak: Bizkaia (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao), Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia), eta Araba (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Telefono bidezko arreta eskuratzeko, 012 zenbakira deitu daiteke.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezartzen dena aplikatuko da. Eskabideak, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan aipatzen diren lekuetan aurkeztu ahal izango dira, deialdian eskabideak aurkezteko adierazten den epean.

Eskabideak posta-bulegoetan aurkezten badira, gutun-azal irekian eramango dira. Horrela, eskabidearen goiko aldean adierazi ahal izango da zer egunetan eta ordutan onartu diren postetxean.

8.– Eskatutako dokumentuak.

Eskabide-orria aplikazioaren bidez aurkeztu beharko da, dokumentu hauekin batera:

a) Doktore graduaren egiaztagiria.

b) Errolda-egiaztagiria. Atzerrian bizi direnen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon izanaren ziurtagiria (historikoa) eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldan (AEE) erregistratuta egotearen ziurtagiria.

c) Curriculum akademikoa eta zientifikoa, ingelesez idatzita.

d) Oxfordeko Unibertsitateko St Antony's College-n garatu beharreko ikerketa-proiektua, agindu honetako 1. artikuluan aipatutako diziplinetako edozeini buruzkoa, ingelesez idatzia.

e) Eskatzailea unibertsitateko irakaslea bada, Zentroko legezko arduradunak sinatutako dokumentua aurkeztuko da, eskatzaileari baimena ematen diona laguntzak iraun bitartean kanpoan egoteko.

f) Hautagaiek beren irakaskuntza- eta ikerketa-lana ezagutzen duten ospe aitortuko hiru ikertzaileren aipamen-gutunak lortu beharko dituzte. Gutunak ingelesez idatzita egongo dira, eta Ikerketa Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio.

5. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzaren eskabidea guztiz betetzen ez bada edo arauzko agiriak aurkezten ez badira, Ikerketa Zuzendaritzak eskabideen sinatzaileei eskatuko die 10 eguneko epean hutsak osa ditzatela edo arauzko dokumentuak aurkez ditzatela. Halaber, ohartaraziko die, hala egin ezean, haien eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Zuzenketak egiteko errekerimenduak 8. artikuluko hirugarren apartatuan ezarritako prozedurari jarraikiz jakinaraziko dira.

6. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Ikerketa Zuzendaritzari dagokio laguntza hau kudeatzea.

7. artikulua.– Hautaketa-batzordea. Ikertzailea hautatzeko irizpideak.

1.– Behin aurkezteko epea, eta, hala badagokio, eskabideak zuzentzeko epea amaituta, hautaketa-batzordeak eskabideak ebaluatuko ditu, eta laguntzaren esleipendunak aukeratuko. Batzordea honela osatuko da:

a) Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea, edo hark izendatutako ordezkoa. Batzordeburua izango da.

b) Oxford Unibertsitateko Europar Ikasketen Institutuko zuzendaria, edo hark izendatutako ordezkoa. Kalitate-botoa izango du.

c) Bi aditu akademiko gehienez, bata Oxfordeko Unibertsitatekoa eta bestea Euskal Autonomia Erkidegokoa. Aditu horiek esperientzia handia izango dute akordio honetako diziplina garrantzitsuetan, eta St Antony´s College-ko Europar Ikasketen Institutuko zuzendariak eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak aukeratuko dituzte, hurrenez hurren.

2.– Hautaketa-batzordeak bi fasetan egingo du hautagaiek aurkeztu dituzten eskabideen ebaluazioa, irizpide hauei jarraikiz:

1. Lehiaketa fasea.

Curriculum akademikoa eta zientifikoa: 10 puntu.

– Argitalpenak, hitzaldiak, ezagutzaren transferentzia: 4 puntu.

– Zuzendutako ikerketa-proiektuak eta tesiak: 3 puntu.

– Irakaskuntza-lana graduetan eta graduondoetan: 3 puntu.

Ikerketa-proiektua: 10 puntu.

– Kalitatea eta interes zientifikoa: 7 puntu.

– Ikerlanaren emaitzek nolako inpaktua duten euskal gizartean: 3 puntu.

Ikertzailearen prestutasuna: 5 puntu.

– Hiru hiruhilekoko egonaldia: 5 puntu.

– Bi hiruhilekoko egonaldia: 3 puntu.

– Hiruhileko bateko egonaldia: 0 puntu.

2. Lehiaketa fasea.

Hautaketa-batzordearekin elkarrizketa izango dute, eta proiektua aurkeztuko diote; ingelesez izango da: 10 puntu.

3.– Hautaketa-batzordeak aurkeztutakoari buruzko galderak egin ditzake, edo laguntzaren xedearekin lotutako beste alderdi batzuei buruzkoak. Era berean, hautagaiek ingelesa jakiteko baldintza betetzen dutela egiaztatuko du, 3.c) artikuluan adierazi bezala. Hautaketa-batzordeak lehenbiziko bost hautagaiei egingo die elkarrizketa gehienez. Aitzitik, lehenbiziko bost hautagaietako bat elkarrizketara bertaratzen ez bada, elkarrizketatutako hautagaien kopurua handitu liteke, ordenari zorrozki jarraituz.

4.– Hautagaien ebaluazioa amaitu ondoren, batzordeak onuradunak aukeratuko ditu, eta ordezkoen lehentasun-ordena ezarri, esleipendunek uko egingo baliote edo laguntzarako eskubidea galduko balute. Lehiaketaren bi faseetan puntu gehien lortzen dituena izango da esleipendun. Berdinketarik balego, elkarrizketaren fasean puntuaziorik onena izan duena hautatuko da.

5.– Esleipendunak ezingo balu ikasturte akademiko osoa bertan egon, puntuazio handiena jaso duen bigarren hautagaiari eskainiko zaio ikasturtea amaitu arte geratzen den epealdia betetzeko aukera. Lehenengo bi hautagaiek hiruhileko bana bakarrik betez gero, hirugarren hautagaiari eskainiko zaio ikasturtea osatzeko aukera.

6.– St Antony´s College-ren Gobernu Kontseiluak hautagaiei buruzko iritzia emango du, eta, bere irizpideen arabera eta arrazoiak emanez, proposatutako hautagairen bat onartu edo guztiak baztertu ahal izango ditu.

7.– Hautaketa-batzordeak laguntza eman gabe utziko du, eskabiderik ez badago, edo hautagaiek ez badute balorazio osoaren % 50 gainditzen. Halaber, egonaldiaren epealdi partzialetako bat hutsik gera liteke.

8. artikulua.– Ebazpena eta esleipena.

1.– Aurreko artikuluan xedatzen den hautaketa-prozesua amaitu ondoren, Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da laguntza, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo sei hileetan.

2.– Ebazpenean, adieraziko dira pertsona onuradunen nortasuna, egonaldia hasi eta amaitzeko datak eta laguntzaren zenbatekoa, 9. artikuluan jasotako kontzeptuen arabera banakatuta, eta, hala badagokio, ordezkoen identitatea eta horien lehentasun-ordena.

3.– Jakinarazpena egiteko, aipatutako ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da.

4.– Alde batera utzi gabe aurreko 3. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute, inolaz ere, egindako jakinarazpen balioa izango.

5.– Aipatutako ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntzako sailburuari.

6.– Ezarritako epean laguntza esleitzeko ebazpenik eman edo jakinarazten ez bada, eskabideak gaitzetsi direla ulertuko da. Kasu horretan, eta nahiz eta Administrazioak espresuki ebazteko betebeharra duen, gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hiru hilekoa izango da, oinarri hauen 1. apartatuan ezarritako epea amaitu eta biharamunetik aurrera.

7.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emango dira onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak.

9. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoa 50.284 eurokoa izango da 2019-2020 ikasturterako, hau da, 9 hileko egonaldi osoa egiteko. Kopuru hori honela banakatzen da:

a) 21.034 euro St Antony´s College-ri emango zaizkio, berak emandako laguntza material eta teknikoa ordaintzeko (laguntza administratiboa, lan-espazio bat erabiltzea, 12 «High Tables» delakoetan parte hartzeko aukera, «Combine Common Room»a erabiltzea, Hall-a erabiltzea).

b) 4.500 euro, gehienez, ikertzaile bisitariak mintegi bat antola eta gara dezan. Egonaldi osoa edo sei hilekoa eginez gero baino ez da ordainduko kontzeptu hori.

c) 24.750 euro (2.750 euro/hileko), ikertzaile bisitariaren mantenuari dagozkion hileroko ordainketak egiteko.

Horrez gain, onuradunak istripuen eta erantzukizun zibilaren gaineko asegurua izango du, bai eta bidaian laguntzeko asegurua ere, egonaldiak atzerrian egiten badira. Azken horren kasuan, interesdunak eskatuz gero, ezkontideak eta 25 urtetik beherako seme-alabek ere balia dezakete, egonaldian berarekin badira. Antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da aseguru hori.

Artikulu honetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.

10. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak St Antony´s College-ri transferituko dizkio funtsak, laguntza honen ordainketa kudeatzeko erakunde laguntzailea den heinean. Arau hauen arabera egingo da ordainketa:

a) Behin deialdia ebatzita eta onuradunak emandako laguntza onartu duenean, xedapen honen 9. artikuluan esleitutako zuzkidura osoaren % 75 emango dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak St Antony´s College-ri.

b) Bigarren ordainketa, gainerako % 25a, emandako laguntza osoaren gastua frogatu ondoren egingo da. Egindako gastu hori frogatzeko, fakturak edo dokumentuak aurkeztu beharko dira. Dokumentu horiek ikasturte akademikoa amaitu ostean aurkeztu beharko dira, egindako ekintzei buruzko azalpen-memoriarekin eta kostuen balantze ekonomiko xehatuarekin batera.

Arau hauen arabera ordainduko dio laguntza St Antony´s College-k onuradunari:

a) St Antony´s College-k 9. artikuluaren c) letran adierazitako zenbatekoa ordainduko dio ikertzaileari, bederatzi hilean. Lehenengo hileko ordainketa Oxfordera iristean egingo da.

b) St Antony’s College-k mintegiaren antolaketak eragindako gastuak ordainduko dizkio ikertzaileari. Aldez aurretik, mintegiei buruzko azalpen zehatzak eman beharko ditu ikertzaileak, eta egiaztagiriak aurkeztu.

Behin egonaldia amaituta, administrazioak kostuen balantze ekonomiko xehatuaren kopia emango dio ikertzaileari, St Antony´s-ek emandakoa.

Onuradunei ez zaie laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo dirulaguntzengatik abiarazitako itzulketa- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.

11. artikulua.– Laguntza justifikatzea.

Dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzaren onuradunak:

a) Egindako ikerketaren txostena eta jarduerak.– Egonaldia amaitu eta sei hileko epean, ikerketaren egoerari eta Oxforden nahiz EAEn parte hartu duen bestelako jarduerei buruzko txosten bat helarazi beharko die Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eta Oxford Unibertsitateko Europar Ikasketen Institutuari.

b) Mintegiko gastuen egiaztagiria.– Oxford Unibertsitateko St Antony’s College-ri eragindako gastuen azalpen xehatua eta egiaztagiri originalak bidaltzea, agindu honen 13. artikuluko d) apartatuan xedatutako kasuan.

c) Ostatu-gastuak.– Egonaldia amaitu eta hilabeteko epean, egindako ostatu-gastuen fakturak edo dokumentu baliokideak helarazi beharko dizkio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.

12. artikulua.– Bateraezintasuna.

Laguntza hau bateraezina da helburu bererako ematen diren antzeko dirulaguntzekin.

13. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman izanaren ebazpena jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamar eguneko epean onuradunak laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, laguntza onartutzat joko da. Agindu honetako arauak onartzea dakar dirulaguntza onartzeak.

b) Eman den xede zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.

c) Eskatutako argibide guztiak ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, laguntzen helburua fiskalizatzeko lanetan dihardutela.

d) Garatzen duen ikerlanarekin lotutako mintegia antolatzea, eta emaitzak liburuetan, artikulu zientifikoetan eta gainerako bitartekoetan hedatzea. Baldin eta bederatzi edo sei hileko egonaldia egiten badute ikertzaileek, nahitaez antolatu beharko dute mintegia.

e) Oxfordeko Unibertsitateko Visiting Fellow gisa dagozkion ohiko ekitaldietan parte hartzea, bai eta Euskadiren gaineko ezagutza hedatzeko jardueretan ere, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak hala eskatuta.

f) Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei buruzko antolamendu juridikoan ezartzen diren bestelako betebehar guztiak, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak dirulaguntza publikoen onuradunen betebeharrei buruz ezarritakoa eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak xedatutakoa.

14. artikulua.– Uko egitea.

1.– Onuradunak laguntzari uko eginez gero, sortu gabeko eskubide ekonomiko guztiak galduko ditu.

2.– Onuradunen batek laguntzari uko eginez gero, Ikerketa Zuzendaritzak lehen ordezkoa izendatu dezake ikertzaile, laguntzaz baliatzeko geratzen den aldirako, betiere aldi hori gutxienez hiru hilekoa bada, eta hautagaiak St Antony´s College-ren Gobernu Kontseiluaren oniritzia badauka.

15. artikulua.– Ez-betetzea.

1.– Baldin eta onuradunak ez badu betetzen beka emateko ebazpenean, agindu honetan edo aplikagarri diren beste arauetan ezarritako baldintzaren bat, ebazteko eskumena duen organoak ebazpen bidez adieraziko du onuradunak jasotzeke duen zenbatekoa jasotzeko eskubidea galdu duela, eta jasotakoa eta dagozkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketetarako araubide orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizun, araubide eta betebeharrak zehazten dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako baldintzetan dirua itzuli beharra ekarriko du laguntza justifikatzeko betebeharra ez betetzeak edo agindu honetan ezarritako baldintzetan laguntza hori nahikoa ez justifikatzeak.

2.– Onuraduna edo, hala badagokio, erakunde laguntzailea konpromisoak erabat betetzetik benetan gertu dagoenean eta egiaztatzen denean haien jarduera konpromiso horiek betetzera argi eta garbi bideratuta dagoela, ordaindu beharreko zenbatekoa zehaztuko da, lehenik, egindako egonaldiaren iraupena behar bezala egiaztatzearen arabera, eta, bigarrenik, hala badagokio, mintegiaren antolaketak eragindako gastuen arabera, horiek behar bezala egiaztatuta, betiere.

16. artikulua.– Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 3/2018 Lege Organikoaren eta Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Sorrerari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Halaber, datuak «Bekadunen laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira. 2010eko urriaren 4ko Aginduan araututa dago fitxategi hori (2010eko azaroaren 5eko EHAA), eta haren helburua da dirulaguntzen deialdia kudeatzea eta deialdian lehiatzen direnei prozesuaren bilakaeraren berri ematea. Ikerketa Zuzendaritza da fitxategi horren organo arduraduna. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Ikerketa Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzara jo behar da (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan aurreikusten ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko dira.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako dirulaguntzak eta aginduan bertan xedatutakoa arautzeko, kontuan hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluak ezarritakoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, ezinbestekoa izango da kreditu egokia eta nahikoa izatea Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorretan, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurreratutako izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 15a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala