Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2019ko urriaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4860

161/2019 DEKRETUA, urriaren 15ekoa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Astigarraga eta Donostian, Astigarragan GI-2132 errepidea 27. poligonoarekin lotzeko proiektua (2-NC-108/2017) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, «Astigarragan GI-2132 errepidea 27. poligonoarekin lotzeko proiektua (2-NC-108/2017)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

2018ko azaroaren 30ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hilabete bateko epean, prentsan eta 2018ko abenduaren 26ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (247. zk.). Geroago, 2019ko maiatzaren 14an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta hamabi alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Martuteneko 27. poligonoa izenez ezagutzen dena Donostiako eta Astigarragako udal mugarteetan dagoen industria-eremu zabal bat da. Gaur egun, ibilgailu-sarbide bakarra du, GI-40 errepideko 1,400 KPan dagoen biribilgunetik.

Sarbide hori nahikoa izango litzateke hasierako diseinua kontuan izango bagenu; gaur egun, ordea, sarbidearen ahalmena oso mugatua da, eta egunero sortzen dira auto-ilarak, bai sarreran, bai irteeran.

Biribilgunearen konfigurazioa aldatzeko saiakerak ez dira arrakastatsuak izan, biribilgunearen beraren antolaeragatik, ibaiaren eta eraikinen artean sartuta egoteak ez baitu tarterik uzten. Beti jakin izan da arazoari behin betiko irtenbidea emateko poligonorako bigarren sarbide bat egin beharko zela, kontrako aldean, Astigarraga aldera. Asmo honekin idatzi da proiektu hau.

Sarrerako auto-ilarek eragina dute inguruko errepideetan, zehazki GI-40 «Intxaurrondo-Martutene-Ospitaleak Ingurabidea» errepidean. Honek ibilgailuen zirkulazioa banatzen du Donostia inguruan, GI-20 saihesbidearekin batera. Batzuetan, auto-ilara hauek Martuteneko biribilguneraino iristen dira, GI-41 errepidean. Azken biribilgune hau Donostia hirirako sarbideetako bat da.

Egoera hau larriagotzen ari da, igar daitekeen industria eta merkataritza-jardueren hazkundea dela eta. Hazkunde honek, gainera, trafiko-kopurua handiagotzen du.

Proiektuak jasotzen dituen lanak azkar eginda, arazoa saihestu daiteke.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.

Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak 2019ko urriaren 15eko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Astigarragan GI-2132 errepidea 27. poligonoarekin lotzeko proiektua (2-NC-108/2017)» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko urriaren 15ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala