Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2019ko urriaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
4800

AGINDUA, 2019ko urriaren 4koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean kusku biko moluskuak ekoizten diren eremuen sailkapena ezartzeko dena.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 854/2004 (EE) Erregelamenduaren bidez, animalia-jatorriko produktuen kontrol ofizialak antolatzeko arau espezifikoak finkatu ziren. Bada, erregelamendu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, agintari eskudunak bere aplikazio-eremuan dauden espezieen ekoizpen- eta berrezarpen-eremuak izendatu eta sailkatu beharko ditu, betiere erregelamendu horretan aurreikusitako hiru kategorien arabera. Erregelamenduak eremuen sailkapen hau egiten du: A mailakoak, zeinetan bildu baitaitezke kusku biko moluskuak giza kontsumo zuzenerako; B mailakoak, zeinetan bildutako kusku biko moluskuak arazketa-zentroan tratatu edo berrezarri beharko baitira giza kontsumorako merkaturatu ahal izateko; eta C mailakoak, zeinetan bildutako kusku biko moluskuak aldi luzean berrezarri beharko baitira giza kontsumorako merkaturatu ahal izateko.

Agindu honen helburua da, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean moluskuak ekoizten diren eremuak izendatzea eta sailkatzea. Horretarako, kusku bikoak ekoizten diren eremuetan aldiro egindako analisiak eta laginketak hartu dira aintzat.

B eta C multzoetan sailkatutako eremuei dagokienez, ohartarazi beharra dago halakoetan debekatuta dagoela moluskuak ateratzea, arazketa-zentrorik eta berrezarpen-eremurik ez dagoelako.

Itsasoko Kirol-arrantzaren Arautegia onartzeko den urriaren 3ko 198/2000 Dekretuaren azken xedapenak arrantza gaietan eskudun den sailburua ahalmentzen du dekretuan ezarritakoa garatu eta betearazteko, eta dekretuaren II. eranskinaren bigarren puntuan zehazten diren espezieak harrapatzeko aldia eta baldintzak urtero-urtero aldatu ahal izateko, itsas baliabideen egoerari buruz egiten diren azterlan eta analisi zientifikoetatik ateratzen diren ondorioen arabera. Ikerketek erakusten duten Escherichia coli-ren kontzentrazio-datuak ikusita, beharrezkotzat jotzen da ez baimentzea 198/2000 Dekretuaren II. eranskinak aurreikusten zuen bilketa esperimentala, kusku bikoena.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldeko itsas eremuen sailkapena egitea, uraren kalitatea eta horrek akuikulturaren eta itsaski-bilketan duen eragina aintzat hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoan moluskuak ekoizten diren eremuak izendatzea.

Bigarrena.– Hondarribia (Bidasoa ibaiaren estuarioa). Ikusi I. eta II. eranskinak:

Sailkapenaren C eremua: ibai-ahotik aireportuaren muturrera bitarteko eremu osoa; bertan, debekatuta dago kusku biko moluskuak ateratzea (PAV 1/01).

Eremu itxiak: honako eremu hauetan ezin da moluskurik ekoitzi, eta halakoak ateratzea debekatuta dago:

– Aireportuaren muturretik barrualdera doan eremua.

– Hondarribiko arrantza-portua.

– Hondarribiko kirol portua.

– Beteranoen dartsena.

Hirugarrena.– Mundaka (Oka ibaiaren estuarioa). Ikusi I. eta II. eranskinak:

Sailkapeneko B eremua: Arketako azpieremua PAV 1/02-1 (ibai-ahotik Sandinderi uhartera bitarteko eremuaren eskuinaldea). Debeku da kusku biko moluskuak biltzea.

Sailkapeneko C eremua: ibai-ahotik Sandinderi uhartera bitarteko eremuaren ezkerraldea (Portuondo PAV 1/02-3) eta Kanalako azpieremua PAV 1/02-3 (Sandinderi uhartetik Muruetako Ontziolara bitarteko eremua); bertan, debekatuta dago kusku biko moluskuak ateratzea.

Eremu itxiak: honako eremu hauetan ezin da moluskurik ekoitzi, eta halakoak ateratzea debekatuta dago:

– Itsasadarrean gora, Muruetako ontziolatik Gernikara bitarteko eremua.

– Txatxarramendi uharteko zubipeko aldea.

– Mundakako portua.

Laugarrena.– Plentzia (Butroe ibaiaren estuarioa). Ikusi I. eta II. eranskinak:

Sailkapeneko C eremua: ibai-ahotik Arrainolara bitarteko eremua PAV 1/03, Plentziako portua salbu; bertan, debekatuta dago kusku biko moluskuak ateratzea.

Eremu itxiak: honako eremu hauetan ezin da moluskurik ekoitzi, eta halakoak ateratzea debekatuta dago:

– Plentziako portua.

– Estuarioaren barnealdea, hau da, Arrainolatik gorako urak.

Bosgarrena.– Mendexa-Ondarroa.

Sailkapeneko A eremua: Koordenada hauen barrukoa:

(Ikus .PDF)

Seigarrena.– Agindu honetan ezarritako ekoizpen-eremuen sailkapena aintzat hartu beharko da, honako espezie hauek atera nahi izanez gero:

– Ostra (Ostrea edulis, Crassostrea angulata eta Crassostrea gigas).

– Datila (Pharus legumen, Solen marginatus, Ensis ensis eta Ensis siliqua).

– Berberetxoa (Cerastoderma edule edo Cardium edulis).

– Muxila (Venerupis pollastra, Ruditapes edo Tapes pullastra, Venerupis decussata, Ruditapes edo Tapes decussata, Venerupis semidecussata, Tapes semidecussata edo Ruditapes philippinarum, Venerupis aurea eta Venerupis rhomboides).

– Txirla (Venus striatula eta Chamelea gallina).

– Muskuilua (Mytilus edulis eta Mytilus galloprovincialis).

Zazpigarrena.– Debekatu da, bai eremu itxietan, bai B eta C motako eremuetan, baita sailkatu gabeko eremuetan, agindu honetako ebazpen-zatiko seigarren paragrafoan zehaztutako espezieak ateratzea.

Zortzigarrena.– Ebatzi da ez baimentzea 198/2000 Dekretuaren II. eranskinak aurreikusten zuen kusku bikoen bilketa esperimentala, zeinak, saiakera moduan, hurrengo espezieotako 50 ale eguneko harrapatzeko baimentzen baitzuen: txirla lingirdatsua (Venerupis pullastra), txirla handia (Tapes decussatus) eta txirla (Chamelea gallina), urriaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari agindu honetan xedatutakoa gauzatzeko behar diren neurriak har ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 4a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala