Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2019ko urriaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
4780

EBAZPENA, 2019ko urriaren 3koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, 2019ko urria eta 2020ko iraila bitartean emandako euskara-ikastaroengatik, Euskal Etxeei dirulaguntzak emateko deialdia, Zuzendaritza Kontseiluak onartutakoa, argitaratzeko dena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean, EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.a) letrak ondoko helburu hau xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera mundu osoan sustatzea, hura partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumenekoa dela euskara sustatzea eta hedatzea Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo. Halaber dekretu horrek bere 19. artikuluaren 3. b) letran aipatzen du, EEIaren eginkizunetako bat dela munduan zehar euskara darabilten kolektibitateetan euskararen ezagutza sustatzea, gehienbat euskal etxeen bidez.

Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da munduko euskal etxeetan euskarazko eskolak sustatzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea.

2019ko martxoaren 22an, Zuzendaritza Kontseiluak dirulaguntza deialdi hau onartu zuen, haren irizpideekin batera.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen helburua da 2019ko urria eta 2020ko iraila bitartean Euskal Etxeek emandako euskara-ikastaroengatik esleituko zaizkien dirulaguntzen baldintzak arautzen dituen Zuzendaritza Kontseiluaren akordioa argitaratzea. Ebazpen honen baitan, lagungarriak izango dira 2019ko urria eta 2020ko iraila bitartean emandako euskara-ikastaroak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

EEIren aurrekontuetan ezarritako aurrekontu kredituetatik deialdi honetarako gorde diren diru-baliabideak 241.000 euro dira guztira, honela banatuta:

1.– 61.000 euro, 2019ko urri-abenduko epealdian garatuko den irakas-jarduera babesteko.

2.– 180.000 euro, 2020ko urtarril-iraileko epealdian garatuko den irakas-jarduera babesteko.

3. artikulua.– Onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko Euskal Gizatalde eta Euskal Etxeekiko harremanetarako den maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 2. eta 6. artikuluek aipatzen dituzten Euskal Etxeek eta Euskal Etxeon Federazio eta Konfederazioek eskatu ahal izango dituzte ebazpen honen bidez arautzen diren dirulaguntzak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

1.– Eskakizun orokorrak:

a) Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistroan inskribatuta egotea eta datu guztiak egunean edukitzea.

b) Eusko Jaurlaritzak edo hari loturiko erakunderen batek emandako dirulaguntzak oro zurituak izatea.

c) Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzarik lortu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigorrik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik lortu sexu-bereizkeria dela-eta zigorrik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

d) Betiere, onuradunei dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea dirulaguntzen itzulketa edo zehapen-prozedura oro, eta ondoriozko obligazioak ordainduta izatea.

e) Halaber, aplikagarria izango da dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

f) Baldintza guzti horiek, onuradun izateko ezezik, jasotako dirulaguntzaren kitapena eman arte ere bete beharko dira.

2.– Betekizun akademikoak:

a) Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma izango dute jardueraren erreferente.

b) Ikastaroek gutxienez astean hiru eskola-ordu izango dituzte. Halaber, taldearen gutxienekoa sei ikaslekoa izango da; batez bestekoa, aldiz, zortzikoa gutxienez.

4. artikulua.– Eskariak.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzetara biltzeko eskabideak I. eranskinean edo www.etxepare.eus web-orrian eskuragarri izango den eredua erabiliz egingo dira, eta EEIaren zuzendari nagusiari zuzendu eta igorriko zaizkio helbide honetan: Andre Zigarrogileak Plaza, 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dira.

2.– Eskabideak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean aurkeztuko dira.

3.– Eskariek jaso beharko dute ebazpen honen 1. artikuluan adierazitako epean emango diren talde/orduen proposamen zehatza. Kontuan izanik Euskal Etxe guztietan ikastaroak ez direla garai berean antolatzen, dirulaguntzak egoki banatu ahal izateko, eskariek bereizi beharko dituzte 2. artikuluan zehaztutako epe bakoitzerako aurreikusten dituzten talde/orduak, hau da, urri-abenduko eta urtarril-iraileko talde/orduak, hurrenez hurren.

Eskariak ondoren zehazten diren agiriekin batera aurkeztuko dira:

3.1.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, ondoko hau egiaztatuz: ez duela zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik, eta ez dagoela laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta, ezta sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz (III. eranskina).

3.2.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena administrazio publikoen edo erakunde pribatuen eskutik jaso ditzakeen laguntzei buruzko bateragarritasun-adierazpenak egiaztatuz (IV. eranskina).

3.3.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, dirulaguntzen itzulketagatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari diren prozeduretan parte ez direla adieraziz, eta horrelakoren batean parte hartu izan badute, prozedura horiek amaituta daudela, eta horrela egokitu denetan, ondoriozko obligazioak ordainduta daudela adieraziz (IV. eranskina).

4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunak eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administrazio batek egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea adminisrazioak egin ahal izango du, interesdunak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

5. artikulua.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galdu duela, aurretiazko ebazpen bidez.

6. artikulua.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzea.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Euskal Etxeetako euskaltegiei dagozkien dirulaguntzen modulua 11,50 eurokoa izango da, talde/orduko.

Ebazpen honen 2. artikuluan ezarritako kopuruak eskari guztien beharrei erantzuteko behar bestekoak ez balira, dirulaguntzak hainbanatuko dira onuradunen artean.

8. artikulua.– Dirulaguntzaren ebazpena.

1.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura konkurtso gabeko konkurrentzia izango da eta EEIko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko arloari dagokio emango den kopurua ateratzea, EEIko zuzendariak ebazpena eman dezan.

Esleipen-ebazpena eskaerak aurkezteko epea amaitu eta bi hilera emango da gehienez.

2.– Esleipen-ebazpena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Administrazio Publikoen Adminstrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.a) artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Ebazteko epea inolako jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaera ez onartutzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

9. artikulua.– Dirulaguntzaren kitapena.

Ikasturteko behin betiko datu errealen eta diruz lagundutako ekintzen gastuen ziurtagiriak jaso ondoren, dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu dela ikusten bada, aurreikusitako talde/orduena bereziki, edota ez dela zuritzen erabakitako diru-kopurua, dirulaguntzak emateko erabakia aldatuko da. Zentzu horretan, EEIren zuzendariak kitapen ebazpena emango du aitortutako laguntza-kopuruak doituz, proportzionaltasun printzipioaren baitan.

10. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:

1.– Dirulaguntzen ebazpena ematen den momentuan ordainduko da 2019ko urri-abendurako aurreikusitako talde/orduei dagokien kopurua.

2.– 2020ko martxotik aurrera, 2019ko urritik abendura bitartean emandako talde/orduen eta diruz lagundutako ekintzen gastuen ziurtagiriak jaso, aztertu eta nahikotzat eta egokitzat jo ondoren, 2020ko urtarril/irailerako erabakitako dirulaguntzaren % 60 ordainduko da.

3.– Ebazpenean erabakitako gainerako dirulaguntza, bakoitzari dagokiona eta, hala behar denetan, EEIren zuzendariak egingo duen kitapen-ebazpenaren araberakoa, onuradunak bere jardun osoa ondo zuritu ondoren ordainduko da.

11. artikulua.– Beste dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honen kontura ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gain-finantzaketa gertatzen ez bada.

2.– Gainfinantzaketa gertatuko balitz, murriztu egingo da dirulaguntza, dagokion neurrira doitu arte.

3.– Gainfinantzaketa hori itzulketa egiteko obligazio bera eskatzen duten beste laguntzekin batera gertatuko balitz, itzuli beharreko diru-kopurua, proportzionala izango da, jarduera burutzeko kostu osoaren eta esleitutako laguntzaren arabera.

12. artikulua.– Zuriketa.

1.– Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek dirulaguntzak zuritzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, horretarako II. eranskinean edo www.etxepare.eus web-orrian jasotzen den eredua erabiliz egingo dira eskuragarri izango den eredua erabiliz eta ondoko informazio hau bilduz:

a) Dagokion epealdian benetan emandako talde/orduen ziurtagiria.

b) Diruz lagundutako ekintzak sortutako gastuen ziurtagiria, gastuen izaeraren arabera sailkatuak: irakasleen pertsonal-gastuak, gastu didaktikoak, alokairuak, komunikazioak, argindarra, ura, garbiketa, zergak eta bestelakoak, hori guztia dirulaguntzen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera. Ziurtagiri horrek zehaztu beharko du gastu bakoitzetik zenbat dagokien euskara-ikastaroei, irakasleen pertsonal-gastuak eta gastu didaktikoak izan ezik, hauek euskara-ikastaroei inputatuko baitzaizkie erabat.

c) Dirulaguntza jasotzen den eguneko txanpon-trukeari buruzko ziurtagiria. Halakorik ezean, egun horretarako argitaratuko truke neurri-indize ofiziala hartuko da aintzat.

2.– EEIren dirulaguntza behar bezala zuritua dagoela ulertzeko, bi baldintza hauek bete beharko dira:

a) Dagokion epealdian benetan emandako eta ziurtatutako talde/orduek deialdiaren ebazpenean zehaztutako adinakoak izatea.

b) Ziurtatutako gastuen batuketak emandako dirulaguntza adinakoa izatea, gutxienez, betiere deialdi honen 11. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

3.– Onuradunek EEIren esku utzi beharko dituzte dirulaguntza zuritzeko ziurtatu dituzten gastu guztien agiriak, jatorrizko agiriak kontabilitate-agiritegian gordez, EEIk egin dezakeen edozein inspekziotarako. Agiri horiek onartzeko, argi eta garbi adierazi beharko dute gastua eragin duen kontzeptua, gastu hori burutzeko denbora-eremua, baita dokumentua eman duen erakundearen izena eta jaso duenarena ere.

4.– Zuritu beharreko kopuruak zenbatzeko, dirulaguntza jasotzen den eguneko txanpon-trukea hartuko da aintzat. Salbuespen gisa, halakorik lortzea ezinezkoa den kasuan, egun horretarako argitaratutako truke neurri-indize ofiziala hartuko da aintzat.

5.– Halaber, aplikagarria izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. eta 31. artikuluetan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

6.– Agiri horiek honako epe hauetan aurkeztu beharko dira:

a) 2019ko urritik abendura bitartekoak, 2020ko otsailaren 15a baino lehenago.

b) 2020ko urtarril-iraila bitartekoak, 2020ko urriaren 15a baino lehenago.

13. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Erabaki honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti izango dituzte betebeharreko hauek:

a) Dirulaguntza eman den helburu jakin hartarako erabiltzea.

b) Azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren arabera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskal Epaimahaiak deialdi honen bitartez esleitutako dirulaguntzak kontrolatzeko dituzten bere eginbeharrak betetzeko eska dezaketen informazio oro ematea.

c) EEIren esku uztea dirulaguntza zuritzeko ziurtatu dituzten gastu guztien agiriak; jatorrizko agiriak kontabilitate-agiritegian gorde beharko dituzte EEIk egin dezakeen edozein inspekziotarako.

d) Onuradunek publizitate egokia eman beharko diote aitortutako dirulaguntzaren izaera publikoari, dirulaguntzen inguruan indarrean dagoen legediak ezartzen duenaren arabera.

e) Halaber, aplikagarria da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 14. artikuluan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

14. artikulua.– Arau-hausteak eta ez-betetzeak.

1.– Ez betetzea ebazpen honetan edo goragoko maila bateko xedapen orokorretan ezarritako baldintzak.

2.– Ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea emandako dirulaguntza guztia edo zati bat.

3.– Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako laguntza ez itzultzea horretarako emandako epean.

4.– Halaber, aplikagarria izango da Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudiak izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

5.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatuko dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetan ezarritako laguntzak salbuetsita daude Europako Batzordeari haien berri emateko betebeharretik, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren (2014ko ekainaren 26ko EBAO, L 187/1) horretarako ezarritako betekizunak betetzen baituzte, zehazki kulturari laguntzeko eta ondarea kontserbatzeko laguntzei buruzko 53. artikuluan ezarritakoa. Erregelamendu horren bidez, laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin batergarriak direla aitortzen da, Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak betez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datuen babesari buruzko indarreango araudiari jarraituz, deialdi honetan parte hartzeko emandako datu pertsonalak «Euskara eta Euskal Kultura Zabaltzeko eta Hedatzeko Laguntzak eta Dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, eta deialdi honen xedeetarako erabiliko dira soilik. Honen arduraduna Etxepare Euskal Institutua izango da, eta, legezko betebeharrik izan ezean, ez zaizkio hirugarren bati lagako.

Interesdunak ondoko eskubide hauek izango ditu: datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta horien eramangarritasunerako eskubidea, datuen tratamendua mugatzeko eskubidea eta tratamenduei aurka egiteko zein tratamendu automatizatu batean soilik oinarrituta dagoen erabaki baten objektu ez izateko eskubidea. Interesdunak eskubide hauek egikaritu ditzake, dagokionean, eskabidea ondoko helbide honetara zuzenduz: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak Plaza, 1, 3. solairua, 2012 Donostia, edo Datuak babesteko Ordezkariari zuzenduz: dpd-dbo@euskadi.eus.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek EEIko Zuzendaritza Kontseiluareari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Donostia, 2019ko urriaren 3a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana