Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

194. zk., 2019ko urriaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4674

AGINDUA, 2019ko urriaren 8koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan atzerriko hizkuntza indartzeko programentzako 2019-2020 ikasturteko dirulaguntzak.

Hezkuntza Saila ekimen multzo bat bultzatzen ari da derrigorrezko hezkuntzan eta derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzan, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleek atzerriko hizkuntzetan duten konpetentzia hobetu dezaten.

Lanbide Heziketari dagokionez, Hezkuntza Sailak Europako programa hauek finantzatzen parte hartzen du: Erasmus +, erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketako praktikak egiteko; programa horien bidez, ikasleei aukera ematen zaie praktiken bidezko prestakuntza jasotzeko Europar Batasuneko herrialdeetan. Horretaz gainera, heziketa-moduluak atzerriko hizkuntzetan egitea ere eskaintzen du.

Ekimen horien osagarri, Europa 2020 estrategiaren barruan, ikasleek atzerriko hizkuntzan duten konpetentzia indartu nahi da, atzerrian praktiken bidez prestatu ahal izateko. Hizkuntzak giltzarri dira ikasleen enplegagarritasuna eta mugigarritasuna hobetzeko, enpresek merkatu global batean jardutea eskatzen dutenez gero. Hizkuntzak jakiteak ez luke oztopo izan behar langileen joan-etorri askerako.

Horregatik, Europako Batzordeak hizkuntzak jakitearen garrantzia eta hizkuntzei arreta berezia eman beharra azpimarratzen du; izan ere, hizkuntzak mintzatzeko gaitasuna ezinbestekoa da lehiakorrak izateko.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen bidez, heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan atzerriko hizkuntza indartzeko programentzako 2019-2020 ikasturterako dirulaguntzen deialdia egiten da.

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– 100.000 euro baliatuko dira agindu hau garatzeko.

2.– Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa hau izango da: 40 euro sortu den talde baimendu bakoitzaren irakastorduko. Guztira emango den zenbatekoa Agindu honetan adierazitako aurrekontu-zuzkidura baino handiagoa bada, orduko zenbatekoa gutxitu beharko da; irakastordu kopurua eta talde baimenduak hartuko dira kontuan, dirulaguntzaren guztizkoa aurrekontu-zuzkidurara egokitzeko.

Deialdiaren xedeetarako, talde baimendua izango da Agindu honetan ezarri diren dirulaguntzak jasotzeko baldintzak edo betekizunak betetzen dituena.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira lanbide-heziketako heziketa-zikloak eskaintzeko baimen ofiziala duten EAEko itunpeko ikastetxe pribatu guztiak. Erakunde eskatzaileak beti bete beharko ditu honako hauetan xedatutako baldintzak: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean 13. artikulua eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia, laguntzon onuradun izateko indarrean dagoen araudia denez.

2.– Ikastetxe onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituztenak betetzeari dagokionez, eta dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrei dagokienez.

Hori horrela, 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, dirulaguntza-eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena emango dio dirulaguntza ematen duen organoari, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan xedatzen direnak egiazta ditzan. Hori bai, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena, baina, orduan, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatzen den egiaztagiria aurkeztu beharko du.

Edozein ordainketa egin baino lehen, ikastetxe onuradunek zerga-betebeharrak eta, Gizarte Segurantzari nahiz dirulaguntzak itzultzeko prozedurei loturikoak beteta dituztela egiaztatuko da.

3.– Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

4.– Ezingo dira deialdira aurkeztu laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzearekin zigortuta daudenak, edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren bat dutenak, ez eta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena betez.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta jarduerak.

1.– Diruz lagundu ahalko dira lanbide-heziketako heziketa-zikloen ikasleei ikastetxean bertan eta ikastorduez kanpo eskainitako atzerriko hizkuntzako ikastaroak. Ikastarook gutxienez 80 ordukoak izango dira, eta gehienez 100 ordukoak, astean gutxienez 4 eta gehienez 8 ordu bideratuta 2019-2020 ikasturtean.

2.– Ikastetxean bertan emango dira eskolak, eta ikastetxeko irakasleek beraiek. Irakasleek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren B2 mailaren baliokidea den hizkuntza-gaitasunaren agiria izan beharko dute gutxienez. Ikastetxeko zuzendaritza arduratuko da betekizun hori betetzen dela bermatzeaz.

3.– Aipatu ikastarotan, mintzamenaren komunikazio-konpetentzia landuko da, solasaldiak eta ahozko aurkezpenak eginez –banaka eta taldean–, eta eguneroko lanean multimedia-baliabideak sartuz. Heziketa-jarduera horiek hizkuntzaren erabilera sustatzera bideratutako eskolaz kanpoko jarduera ez-hezitzaileekin osa daitezke.

4.– Ikastaroen irakaskuntza-gastuak bakarrik lagundu ahalko dira diruz. Nominak aurkeztuta justifikatu beharko dira. Atzerriko hizkuntza indartzeko programa emango duen irakasleen soldata-kostua ez du estaliko hezkuntza-itunetatik eratorritako ordainketa eskuordetuak.

5. artikulua.– Programan parte hartu dezaketen ikasleak.

Erdi- edo goi-mailako edozein heziketa-ziklotako itunpeko ikastetxe pribatuetako ikasleek parte har dezakete atzerriko hizkuntza indartzeko programan.

6. artikulua.– Izena ematea, ikasleak hautatzeko metodoa eta eskoletara joatea.

1.– Atzerriko hizkuntzako ikastaroen matrikula borondatezkoa eta doakoa izango da, eta eskola guztietara joan beharko da.

2.– Ikastetxe batek jaso dituen eskaerak eskaini ditzakeen plazak baino gehiago badira, berdintasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioetan oinarrituko da hautaketa-metodoa. Erabiliko den hautaketa-metodoa eskaera-inprimakian adierazita egongo da.

7. artikulua.– Taldeak eratzea.

1.– Hizkuntza bakoitzeko taldean gutxienez 10 ikasle egongo dira, eta gehienez 20.

2.– Hizkuntza bakoitzean gehienez talde bat eratuko da mailako, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailak kontuan hartuta: A2, B1.1, B1.2 eta B2.

8. artikulua.– Hizkuntza-ikastaroen ebaluazioa.

Ikasturte-hasieran, ikasleei proba bat egingo zaie, matrikulatu diren mailaren arabera.

Eskolak amaituta, ikastetxeek gogobetetze-inkesta bat egingo diete ikasleei (B3 inprimakia, V. eranskina), mailako amaierako azterketaz gain. Emaitzak ikastaroen ebaluazio-fitxetan jasota geratuko dira. Horiek eta inkesten kopiak justifikazioarekin batera aurkeztuko dira.

9. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateraezinak dira xede bera duten erakunde publikoen edo pribatuen dirulaguntzekin.

10. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, dirulaguntzen arloan eskumena duen zuzendaritzak tratatuko ditu eskabideetako eta kapitulu honek aipatzen dituen prozeduretan aurkeztutako dokumentazioko datu pertsonalak, hura baita datuen tratamenduaren «arduraduna». Datu pertsonalen tratamendu horren xedea da deialdi hau kudeatzea eta ebaztea, datu horien interes publikoan eta horietan parte hartzeko eskabidean oinarritutako xedea.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko mugak ezartzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri behar dute Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

II. KAPITULUA
ESKAERAK ETA EMATEKO PROZEDURA

11. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Ikastetxeko legezko ordezkariari dagokio eskaera egitea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari zuzenduta.

3.– Eskaerak eta haiei gehitutako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeak aukeratutakoaren arabera. Era berean, eskaera egin duen ikastetxeak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen erabilera normalizatzeko Oinarrizko Legea).

12. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Erakunde eskatzaileek behar bezala beteta aurkeztuko dituzte eskaera-inprimakia (I. eranskina) eta A1 inprimakia (II. eranskina), proposatzen duten taldeko.

13. artikulua.– Aurkeztu den eskaerako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

14. artikulua.– Aurkezpen eta izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte, eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak (Administrazio Elektronikoari buruzkoak), eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duenak.

3.– Zentro interesdunek baliabide elektronikoak (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/) erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.

Deialdiaren fitxa https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/fp_hizkuntzak/y22-izapide/eu helbidean emango da argitara. Fitxa horretan, eskatzaileen eskura egongo dira prozesuan parte hartzea eskatzeko jarraibideak, inprimakiak eta erabilera-gidak, bai eta prozesuaren jarraipena ere.

15. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoa.

Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria izango da agindu honetan araututako dirulaguntzen organo kudeatzailea.

16. artikulua.– Emateko prozedura.

1.– Diruz lagunduko dira Agindu honetan zehazten diren betekizun guztiak betetzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuak.

2.– Dirulaguntzon guztizko zenbatekoa Agindu honen 2.1 artikuluan xedatutako aurrekontu-zuzkidura baino handiagoa bada, irakastordu bakoitzeko zenbatekoa proportzioan egokituko da, talde baimenduen irakastorduen guztizkoaren arabera, dirulaguntzen guztizkoa aurrekontu-zuzkidurara egokitu arte.

17. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Aurkeztu diren eskaerak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira. Hori ebazteko ardura izango du Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak.

2.– Ebazpen hori Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. Ebazpenek barnean hartuko dituzte alderdi hauek: emandako dirulaguntzen zerrenda, eta ukatuena, zenbatekoak adierazita lehen kasuan, eta ukatzeko arrazoiak bigarrenean. Prozeduratik kanpo utzi diren eskaeren zerrenda ere barnean hartuta egongo da.

3.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara mezuak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Ebazteko eta ebatzitakoa ikastetxe interesdun guztiei jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Adierazitako epea igarota, aipatutako jakinarazpena egin ez bada, interesdunek eskaera ezetsitzat jo ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5.– Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide Heziketako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

III. KAPITULUA
ORDAINKETA, ONURADUNEN BETEBEHARRAK ETA JARRAIPENA

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da: lehena, emandako laguntza osoaren % 80, laguntza onartu ondoren ordainduko da, 19.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Dirulaguntzaren zenbatekoaren gainerako % 20a hizkuntza-ikastaroak amaitu eta ikastetxeko zuzendaritzak behar bezala egin direla egiaztatu ondoren ordainduko, justifikazioa 20. artikuluan zehazten diren epe eta baldintzetan aurkezten bada.

19. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek honako betebehar hauek dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamabost egun naturaleko epean berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

2.– 2019-2020 ikasturterako Ikastetxeko Urteko Planean sartzea diruz lagundutako heziketa-jarduerak.

3.– Agindu honen 3., 4., 5. eta 6. artikuluetan xedatzen diren betekizunak betetzen direla ikuskatzea.

4.– Emandako dirulaguntza justifikatzea 20. artikuluan jasotakoaren arabera.

5.– Gastuen egiaztagirien jatorrizkoak gutxienez lau urtez gordetzea, egiaztapen- eta kontrol-funtzioak egin ahal izan ditzaten funtziook esleituta dituzten entitateek.

6.– Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.

7.– Ikastaro osoa egitea eskola-orduen % 80ra joan diren talde bakoitzeko gutxienez hamar ikaslerekin.

8.– Ikastaro osoa egitea dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartu den talde bakoitzeko irakastorduen kopuruarekin eta banaketarekin.

9.– Eskolara joatea kontrolatzea sinadura-orriekin (VI. eranskina). Ikasleak eskolara joan direla egiaztatuko dute, eta ikastetxean gordeko dira, egiaztapenik egin behar denerako.

10.– Ikasle bat eskolen % 20ra edo gehiagora joan ez bada, ikastetxeko zuzendariak, tutoreak hala proposatuta, Eusko Jaurlaritza jakinaren gainean jarriko du https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ helbidearen bidez.

11.– Dirulaguntzaren zenbatekoa aldatzea eskatzea 22. artikuluan zehazten diren kasuetan.

12.– Dirulaguntza itzultzea 23. artikuluan zehazten diren kasuetan.

13.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluko gainerako betebehar guztiak betetzea; zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea haiek eskatzen duten edozein informazio, dirulaguntzen xedea fiskalizatu ahal izan dezaten.

14.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainerako betekizunak betetzea, Agindu honen xedeko programen finantzaketaren izaera publikoari publikotasun egokia ematearena barne. Horrenbestez, ikastetxe onuradunak ikasleei eta familiei jakinaraziko die programa diruz laguntzen duela Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak.

20. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Ikastetxe onuradunek https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ helbidean 2020ko ekainaren 26a baino lehen aurkeztu beharko dituzte DLOren 30. artikuluan xedatzen diren dokumentu hauek:

a) Heziketa-jardueren balorazio-fitxak, sinatuta (B1 inprimakia, III. eranskina). Programan parte hartu duen talde bakoitzeko fitxa bat aurkeztuko da.

b) Ikasleek betetako gogobetetze-inkesten kopiak (B3 inprimakia, V. eranskina).

c) Memoria ekonomikoa (B2 inprimakia, IV. eranskina).

d) Ikastaroen irakasleen nominen kopiak. Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak «laginketa-teknikak» erabiliko ditu dirulaguntzaren aplikazio egokiaren ebidentzia nahikoa emango duten egiaztagiriak konprobatzeko. Horretarako, onuradunari eska diezaioke aurkeztu ez dituen egiaztagirien jatorrizkoak aurkezteko.

2.– Gastu onargarri gisa onartuko dira nominak, baldin eta artikulu honen aurreko apartatuan aipatu den egiaztapen-aldia baino lehenago ordaindu badira.

21. artikulua.– Jarraipena.

1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak jarraipena egingo die diruz lagundutako heziketa-jarduerei, Hezkuntzako Ikuskaritzaren bidez, haiek egiten direla bermatzeko.

2.– Baldin eta, ikasturtean zehar, gorabeheraren bat gertatzen bada diruz lagundutako heziketa-jardueren garapenean, kasuan kasuko Ikuskaritzako Buruzagitzak egoki irizten dion txostena bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, Agindu hau betearazteko neurriak har ditzan.

22. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 19.4 artikuluarekin eta 887/2006 Errege Dekretuak onartu Erregelamenduaren 64. artikuluarekin bat, eman den dirulaguntzaren zenbatekoa aldatuko da aldi berean beste ekarpen batzuk jaso badira, bai eta kasu hauetan ere:

a) Eskolara joatearen ehunekoa % 80tik beherakoa bada, baina % 40koa edo handiagoa (19.7 artikulua), dirulaguntzaren zenbatekoa hainbanatuko da, eskola joatearen ehunekora doituta.

b) Irakastorduak ez badira 19.8 artikuluan ezarritakoak adina, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da eman diren irakastorduen arabera, betiere 4.1 artikuluan ezarritako gutxieneko irakastorduak eman badira.

2.– Horretarako, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak aldaketa-ebazpena emango du; eman diren zenbatekoak gutxituko dira, eta erakunde onuradunak sobera jasotakoak itzuli beharko du, betiere gutxienez 65 irakastordu emanda.

Horretarako, kontrola egin beharko da sinadura-orriekin (VI. eranskina). Ikasleak eskolara joan direla egiaztatuko dute, eta ikastetxean gordeko dira, egiaztapenik egin behar denerako. Ikasle bat eskolen % 20ra edo gehiagora joan ez bada, ikastetxeko zuzendariak, tutoreak hala proposatuta, Eusko Jaurlaritza jakinaren gainean jarriko du https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ helbidearen bidez.

23. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da eta, hala egokituz gero, jasotako zenbatekoa gehi dagokion interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio hauetako bat gertatuz gero:

a) Jardueran ez badira betetzen eskola joatearen edo emandako irakastorduen gutxieneko ehunekoak, eman den dirulaguntzaren zenbatekoa aldatu ahalko da, 22. artikuluaren arabera. Horretarako, onuradunari entzunaldia eskaini ondoren, diruz lagundutako jarduketa bete gabetzat hartu, eta dirulaguntza itzultzeko betebeharra duela eta jasotzeke duena jasotzeko eskubidea galdu duela ebatziko da.

b) Agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza ez betetzea.

c) Ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako dirulaguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasota daude.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua jasotako itzulketa-kausaren bat egoteagatik.

e) Aldi berean erakunde publiko edo pribatuen beste edozein dirulaguntza jaso izana.

2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, honako xedapen hauei jarraituko zaie: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluari (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluari (698/1991 Dekretua, EAEko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeen eta horiek itzultzearen erregimen orokorra arautzen duena).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, deialdi honetako laguntzak ez dira emango, harik eta kreditu egokiak eta behar bestekoak egon arte Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Deialdi hau administrazio publikoen dirulaguntzak arautzen dituzten printzipioei jarraikiz ebatziko da –publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak–, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritako baldintzetan, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu baitzuen, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan zehaztutako oinarrizko araudiaren arabera, hala nola laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin bat etorriz eta baliabide ekonomiko erabilgarriak Agindu honen irizpideen arabera aplikatuta.

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 8a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-JARDUERAREN FITXA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-JARDUERA BALORATZEKO FITXA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
MEMORIA EKONOMIKOA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
IKASLEEN ASEBETETZE-INKESTA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
ASISTENTZIA-KONTROLAREN ORRIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala