Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2019ko urriaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
4646

AGINDUA, 2019ko irailaren 27koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez 2019ko deialdia egin eta oinarri arautzaileak ezartzen baitira Gastrobikain kalitate gastronomikoa sustatzeko programaren minimis araubidean jasotako laguntzak emateko.

Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoa 2020 da Eusko Jaurlaritzak elikaduraren balio-katea oinarrizko ekoizpenetik elikagaien kontsumoraino garatzeko egindako apustu estrategikoa. Planaren buru da Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila eta helburu nagusietako bat da elikagaien ekoizpena areagotzea Euskadin, elikadurak euskal ekonomian duen garrantzia indartzearekin batera. Horretarako, beharrezkoa da arreta tokiko produktuetan jartzea, establezimendu-gama zabaltzea enpresa berritzaile gehiago sortuta, bikaintasun zientifiko-teknologikoa areagotzea eta giza kapitala garatzea.

Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetza Elikaduraren Balio Katea lantzen ari da, eta ondorioztatu du elikagaien sektoreak, zentzu zabalenean, elikagaien industria ez ezik beste sektore batzuk ere hartzen dituela barnean: lehen sektorea, banaketa, merkaturatzea eta gastronomia, marketinaz, ikerketaz eta hezkuntzaz gain.

Ezinbestean, plan estrategikoak proposatutako jarduketa-ildoetako bat da elikadurari eta gastronomiari lotutako negozioen sorrera laguntzea; apartatu horretan, zenbait neurri eta jarduketa-lerro jaso dira, eta haien artean, sustapen-neurriak daude, hala nola deialdi honetan bildutakoa. Hori dela eta, egoki iritzi zaio kalitate gastronomikoaren sustapenera bideratutako dirulaguntzak sortzeari, eta, horretarako bi programa desberdin eratuko dira.

Horietan lehena negozio gastronomiko berri bat sustatzeko asmoa duten gastronomiako tituludun berri diren gazteei zuzenduta dago. Bigarren programak bikaintasuna areagotzea du xede, eta jada aitortutako establezimendu gastronomikoetara bideratzen da.

Aurrekari hurbila dugu 2018ko ekitaldian egin zen antzeko deialdia. Orduko hura bezala, agindu hau laguntza-programa bat da, helburu duena kalitate gastronomikoa sustatzeko proiektuak bultzatzea eta haietarako pizgarri izatea. Deialdi honen bitartez, ekonomikoki lagundu nahi dira gastronomiaren eta elikaduraren sektorean estrategikotzat jotzen diren ekimen gastronomikoak: alde batetik, tituludun berrien negozio gastronomiko berriak; eta, bestetik, ospe handiko negozioen bikaintasuna sendotzea.

Laguntza hauek, itzuli beharrik gabeko dirulaguntza direnak, 500.000 euroko finantzaketa dute bi programetarako. Zenbateko hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik bakarrik etorriko da. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan jasotako xedapenen arabera, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eskumenekoak dira nekazaritzako, arrantzako eta elikagaigintzako industriei eta merkaturatzeari dagozkien jardun-arloak, besteak beste. Jardun-arlo horren funtzioak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari esleitzen zaizkio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren bitartez; Zuzendaritza horri dagokio, beste eskuduntza batzuen artean, nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-industrien lehiakortasunaren hobekuntzara zuzendutako jarduketak gauzatzea, bai eta elikagaigintzaren balio-katea oinarrizko ekoizpenetik gastronomiaraino sustatzea ere.

Agindu honen bidez iragarritako laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren 2019ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko martxoaren 9ko Aginduaren bidez onartu zen (Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren dirulaguntzen 2019ko plan estrategikoa onartzekoa), Eusko Jaurlaritzaren www.euskadi.eus webgunean argitaratuta dago, eta eskuragarri dago esteka honetan: http://www.euskadi.eus/noticia/2019/plan-estrategico-de-subvenciones-del-departamento-de-desarrollo-economico-e-infraestructuras-para-2019

Deialdia honetan, xedapen hauetan xedatutakoa hartu da aintzat: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (EAEko herri-administrazioaren dirulaguntzak arautzen dira titulu horretan).

Aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak (2019ko ekitaldirako luzatuak) onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. tituluan aurrekontua luzatzeko araubideari buruz ezarrita dagoenarekin bat etorriz, laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Kalitate gastronomikoa sustatzeko Gastrobikain programaren laguntzetarako 2019ko deialdia egitea, agindu honen I. eranskinean jasota dauden oinarri arautzaileekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 27a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta helburua.

1.– Eranskin honen xedea da kalitate gastronomikoa sustatzeko Gastrobikain laguntzen 2019ko deialdia arautuko duten oinarri arautzaileak ezartzea.

2.– Agindu honetan araututako laguntzen helburua da gastronomiaren eta elikaduraren sektorean estrategikotzat jotzen diren ekimen gastronomikoak diruz laguntzea: alde batetik, tituludun berrien negozio gastronomiko berriak; eta, bestetik, ospe handiko gastronomia-negozioen bikaintasuna sendotzea.

2. oinarria.– Araubide juridikoa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak, bertan xedatutakoak ez ezik, honako hauek ere zuzenduko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako oinarrizko manuek ere, eta hori garatzeko erregelamenduan xedatutakoak (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartu zen erregelamendu hori), eta, hala dagokionean, haien ordez emandako araudiak.

2.– Agindu honetan ezarritako laguntzek jakinarazpena egiteko betebeharretik salbuetsitako laguntzen tratamendua izango dute, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoari jarraituz. Hain zuzen ere, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzearen ingurukoa da erregelamendu hori.

3. oinarria.– Laguntza-lerroak.

1.– Laguntza-lerro hauek ezartzen dira, agindu honetako 1. oinarriko xedea lortzeko:

a) Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko programa. Helburua da negozio gastronomiko berriak sustatzea, baldin eta gastronomiako unibertsitate-graduetako edo sukaldaritza edo gastronomiako goi mailako zikloetako tituludun berriek abian jarritakoak badira eta kalitatea bereizgarri badute.

b) Bikaintasuna sendotzeko programa. Ibilbide eta kalitate aintzatetsia duten establezimendu gastronomikoak babestea da helburua, sektoreko kalitate-estandarretan eta ziurtagirietan hobetzeko helburuarekin, gastronomiako gidetan eta nazioartean ezagunak diren bikaintasun gastronomikoko rankinetan bereziki.

2.– Agindu honen ondoreetarako, hauek izango dira establezimendu gastronomikoak: merkataritza-establezimenduak, zeinen jarduera ekonomikoak zerikusia baitauka kontsumorako elikagai eta/edo edariak ekoitzi, zerbitzatu eta saltzearekin, pertsona natural edo juridiko bat buru.

3.– Programa bakoitzak dauzkan ezaugarri propioak direla eta, eskatzaile bakoitzak programetako batean bakarrik parte hartu ahal izango du.

4. oinarria.– Onuradunak.

1.– Hauek izan daitezke agindu honetan jasotzen diren laguntzen onuradunak:

– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako negozio berriaren zuzendaritza gastronomikoa bere gain hartu duten edo hartuko duten pertsona fisikoak.

– Sektore pribatuko pertsona juridikoak: kasu honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako negozioaren gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza bere gain hartuko duen pertsonak titulartasunaren % 20 baino gehiago duenean.

2.– 3. oinarriko 1. paragrafoaren a) apartatuan ezarritako laguntza-lerroan, pertsona fisikoak baino ezingo dira izan onuradun. 3. oinarriko 1. paragrafoaren b) apartatuan ezarritako laguntza-lerroan, berriz, onuradunak sektore pribatuko pertsona juridikoak zein pertsona fisikoak izan daitezke.

3.– Ezingo dute laguntzen onuradun izan irabazi-asmorik gabeko elkarte edo entitateek.

5. oinarria.– Laguntzen finantzazioa, zenbatekoa eta ezaugarriak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik etorriko dira soilik. Baliabide ekonomiko horiek, guztira, 500.000 euro dira; horietatik 300.000 euro 2019ko ekitaldiari dagozkio, eta 200.000 euro 2020ko ekitaldiari.

2.– Gehieneko zuzkidura orokor horretatik, 250.000 euro proiektu gastronomiko berriak sustatzeko erabiliko dira: 150.000 euro, 2019ko ekitaldiaren kontura, eta 100.000 euro, 2020koaren kontura; eta 250.000 euro bikaintasuna sendotzeko programan erabiliko dira: horietatik, 150.000 euro, 2019ari dagozkio, eta 100.000 euro, 2020ari. Programetako baten zuzkidura agortzen ez bada, sobera gelditu den kopurua beste programari gehituko zaio, programa horretan diruz lagun daitekeen programarik badago.

3.– Laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, kopuru hauekin:

– Negozio gastronomikoen proiektu berriak: diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 40 gehienez, proiektu bakoitzeko 50.000 euroko mugarekin.

– Bikaintasuna sendotzea: diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 40 gehienez, proiektu bakoitzeko 80.000 euroko mugarekin.

4.– Emango diren laguntzen zenbateko osoa ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Gehikuntza hori gertatuz gero, deialdiaren ebazpena eman baino lehen egin behar da, eta horren berri emango da Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, zeina EHAAn argitaratuko baita.

6. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Betekizun orokorrak:

1.– Oro har, onuradun izan ahal izateko, oinarri honetan ezarritako betekizunak bete beharko dira, eta, horien artean daude, besteak beste, Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko betekizunak, batetik, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretukoak. Hona hemen:

A) Eskatzaileen betekizunak:

1.– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

2.– Dirulaguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridiko pribatua ez egotea krisian den enpresatzat hartuta, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

3.– Eskabidean jakinaraztea gastu diruz lagungarri bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez. Baiezko kasuan, zehaztu behar dira zein diren zenbatekoa eta erakunde emailea.

4.– Eskabidean jakinaraztea minimis-laguntzarik jaso duten 2017, 2018 eta 2019ko ekitaldietan.

5.– Eskabidean jakinaraztea ea sartuta dauden ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan, eta zein diren zehaztea.

6.– Egunean egotea itzulketa-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez, EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak geroratuta edo zatituta badaude, edo zor horiek etetea erabaki bada itzulketa-ebazpena dela-eta. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

7.– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoari jarraikiz.

8.– Konkurtso-deklarazioa eskatuta ez izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

9.– Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

10.– Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez izatea.

11.– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea.

12.– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

13.– Berreskuratze agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

B) Proiektuen betekizunak:

1.– Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

2.– 2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean garatu beharko dira diruz lagundutako proiektuak, eta, betiere, 2019an hasitakoak izan behar dute.

3.– Proiektuak, zer udalerritan kokatzen den, hango jarduera-lizentzia emateko eskatzen den araudia betetzea.

2.– Betekizun espezifikoak:

A) Eskatzailearenak.

1.– Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko laguntza-lerroan: negozio berrian gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza beren gain hartuko duten pertsona fisikoek gastronomiako unibertsitate-graduko titulu bat edo sukaldaritzako edo gastronomiako goi mailako zikloetako titulu bat izan behar dute, eta, gehienez ere, 35 urte bete 2019. urtean.

2.– Bikaintasuna sendotzeko programaren laguntza-lerroan, baldintza hauek bete beharko ditu:

Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako establezimendu gastronomiko baten titularra izan edo hura zuzentzea, goi-mailako kalitatearekin eta ibilbidearekin, hala aitortuak nazioartean erabiltzen diren bikaintasun gastronomikorako gastronomia-gidetan eta rankinetan, esaterako: Michelin Gida-liburua, Fifty Best San Pellegrino zerrenda, Repsol Gida, Zagat Gida, OAD Zerrenda edo Euskal Gastronomia Akademiaren Gida.

Aurreko aintzatespenak ez dituzten eta azken bi urteetan ireki diren establezimenduen kasuan, halakoen titularrak diren edo haiek zuzentzen dituzten pertsona fisikoek Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo establezimendu gastronomiko baten titular izan behar izan dute edo hura zuzendu, goi-mailako kalitatearekin eta ibilbidearekin, hala aitortuak nazioartean erabiltzen diren bikaintasun gastronomikorako gastronomia-gidetan eta rankinetan, esaterako: Michelin Gida-liburua, Fifty Best San Pellegrino zerrenda, Repsol Gida, Zagat Gida, OAD Zerrenda edo Euskal Gastronomia Akademiaren Gida.

B) Proiektuaren betekizun espezifikoak.

1.– Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko laguntza-lerroan,betekizun hauek bete beharko dira:

a) 30.000 euroko aktibo finkoen gutxieneko inbertsioa izatea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen lokal bat izatea, gutxienez 5 urterako konpromiso-kontratu batekin, dirulaguntzaren xede den negozio gastronomikoa garatzeko. Proiektua ezingo da eskabidean proposatutakoa ez den beste lokal batean garatu. Kasu horretan dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko luke.

2.– Bikaintasuna sendotzeko programaren laguntza-lerroan, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Eskatzaileak, pertsona fisikoa baldin bada, proiektuan diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 20ko ekarpena bermatu beharko du, gutxienez, bere baliabideen bidez. Pertsona juridikoa bada, ordea, diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 20ko ekarpena bermatu beharko du, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen establezimendu gastronomikoaren gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza bere gain hartzen duenak.

b) Establezimenduaren titularrak edo haren gastronomia-zuzendaritza bere gain hartzen duenak gutxienez hiru urteko ibilbidea izan behar du, goi-mailako aitorpenarekin nazioartean erabiltzen diren bikaintasun gastronomikorako gastronomia-gidetan eta rankinetan, hala nola: Michelin Gida-liburua, Fifty Best San Pellegrino Zerrenda, Repsol Gida, Zagat Gida, OAD Zerrenda edo Euskal Gastronomia Akademiaren Gida.

c) Proiektuak helburutzat izatea jatetxearen kategoria hobetu edo areagotzea, aurreko lerrokadan aipatutako nazioarteko gastronomia-gida eta bikaintasun gastronomikoko zerrenda garrantzitsuenetan jada aitortua duen kategoriatik abiatuta.

d) 75.000 euroko gutxieneko inbertsioa izatea.

3.– Onuradun izateko betekizunak laguntza guztiz justifikatu arte mantendu beharko dituzte.

7. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, oinarri honen 9. paragrafoan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Eskatzaile guztiek elektronikoki aurkeztuko dute eskabidea, bide elektronikoaren bitartez, xedapen hauetan xedatutakoari jarraituz: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikulua eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua.

3.– Eskabidea aurkezteko, eredu normalizatua erabili beharko da, eskuragarri dagoena euskadi.eus egoitza elektronikoan: gaztelaniaz: http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/; euskaraz; http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/

4.– Eskabidea egin osteko izapideak, bide elektronikoz egingo dira, euskadi.eus egoitza elektronikoan: gaztelaniaz: http://www.euskadi.eus/micarpeta; euskaraz: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuragarri daude, halaber, eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak, datuak, justifikazioak eta gainerako dokumentuak nola izapidetu jakiteko xehetasunak: gaztelaniaz: http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/; euskaraz: http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/

6.– Eskabidea ordezkari bitartez egiten bada, ordezkaritza egiaztatu beharko da, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.

7.– Oinarri hauen eranskin gisa argitaratuta dago laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia.

8.– Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

A) Identifikazio-agiriak: Pertsona juridikoa izanez gero, ahalordetze-eskrituraren kopia autentikoa, eta entitatearen eratze-eskriturarena eta estatutuena, dagokien erregistroan zigilatuta.

B) Agindu honen II. eranskineko edukia jasotzen duen memoria bat.

C) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela eta aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla dioena, bai eta apartatu hauetan ezarritako betekizunak betetzen dituela ere: 6.1 oinarriko A apartatuan, 2.etik 13.era bitarteko azpiapartatuetan; 6.2 oinarriko A apartatuan, eta B apartatuko 1.b) eta 2.b) eta c) azpiapartatuetan.

Adieraziko du, halaber, baduela honako apartatu hauetan ezarritako betekizunak egiaztatzeko dokumentazioa eta Administrazioaren esku jarriko duela hala eskatzen diotenean: 6. oinarriko B apartatuko 3. azpiapartatuan; 6.2 oinarriko A apartatuan, 2.b) azpiapartatuan, eta B apartatuko 1.b) eta 2. b) eta c) azpiapartatuetan.

D) Proposatutako lokalean egingo diren lanen eta instalazioen aurreproiektua.

E) 14.2 oinarriko b) azpiapartatuan ezarritako mugak gaindituz gero, obretarako, instalazioetarako edo makineriarako hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, eskaintza ekonomikoen arteko konparazio bat eginda, edo proforma-fakturak aurkeztuta, memoriako kontzeptu bakoitzari dagozkionak.

F) Negozio gastronomiko berrien proiektuetan, paragrafo honetako A, B, C, D eta E apartatuetan jasotako dokumentazioaz gainera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1.– Proiektuaren buru izango den eta jatetxe berriaren gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza bere gain hartuko duen pertsonaren tituluaren kopia autentikoa, eta espediente akademikoarena, batez besteko kalifikazioa duela.

2.– Negozio berria egongo den lokalaren proposamena, dagokion alokairu- edo salerosketa-kontratuarekin batera, edo gutxienez 5 urterako alokairuaren konpromiso-agiriarekin edo erosteko aukerarekin batera.

G) Bikaintasuna sendotzeko proiektuetan, paragrafo honetako A, B, C, D eta E apartatuetan jasotako dokumentazioaz gainera, establezimendu gastronomikoko taldea Prestatzeko Plan bat aurkeztuko da, eta, hor txertatuko da establezimenduaren posizioa edo aintzatespena hobetzeko helburua.

9.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANa, IFK eta eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituelako ziurtagiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

10.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoarekin arabera, oinarri honen 9. paragrafoan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira.

Eskatzaileak zer Administraziotan eta noiz aurkeztu dituen adierazi beharko du. Ostean, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak jasoko ditu, modu elektronikoan, korporazio-sareen bitartez.

Eskatzaileak ez badu nahi Administrazioak oinarri honen 9. paragrafoko dokumentazioa eskuratzerik, espresuki adierazi beharko du horren aurka dagoela, eta dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

11.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

12.– Eskabideak oinarri honetan eskatutako dokumentazioa ez badauka, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluko 4. apartatuan xedatutakoa betez, interesdunak eskabidea modu presentzialean aurkezten badu, eskatuko zaio hori zuzentzeko eta eskabidea legez ezarritako bide elektronikotik aurkezteko. Errekerimendu hori betetzen ez badu, aurkezpen presentziak ez du izango ez baliorik ez eraginik. Aurkezpen elektronikoaren data izango da eskabidearen aurkezpen-data.

Ondorio horietarako, eskabidearen aurkezpen elektronikoa –zuzentzearen ondorioz eginikoa– oinarri honetan ezarritako epetik kanpo egiten bada, eskabide hori ez aurkeztutzat joko da.

13.– Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskaera izapidetzeko beharrezko ikusten dituen bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

8. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Diruz lagun daitezkeen gastuak inbertsiotzat hartuko dira, eta, hortaz, hala kontabilizatu beharko dira enpresaren urteko kontuetan. Aplikagarriak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 31. artikuluan ezarritako diruz lagundu daitezkeen gastuei buruzko zehaztapen guztiak.

1.– Negozio gastronomiko berrien programa:

– Ordainsari profesionalak, guztizko gastuaren % 8ko mugarekin.

– Proiektua gauzatuko den lokalaren lehen urteko errentamendua, proiektuaren guztizko kostuaren % 20ko gehieneko mugarekin.

– Makineria eta instalazioak.

– Ekipamendua, altzariak, erremintak.

– Abian jartzeko aholkularitza-plana, guztizko gastuaren % 10era arte.

2.– Bikaintasuna sendotzeko programa:

– Lokalak egokitzeko lanak.

– Ordainsari profesionalak, guztizko gastuaren % 8ko mugarekin.

– Makineria eta instalazioak.

– Ekipamendua, altzariak, erremintak.

– Bikaintasuna sustatzeko aholkularitza-plana, guztizko gastuaren % 10era arte.

9. oinarria.– Diruz lagunduko diren proiektuak aukeratzeko prozedura.

1.– Lehia-prozeduraren bidez erabakiko da dirulaguntza nori eman; horretarako, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, 11. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideak aplikatuz.

2.– Gutxienez 30 puntuko puntuazioa gainditzen duten proiektuen artean, proiektuen bi zerrenda egingo dira, dirulaguntzen programa bakoitzeko bana; zerrendak beherantz ordenatuko dira, proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera, lerro bakoitzaren funtsak erabat agortu arte.

3.– Puntuazioan berdinketa bat egonez gero, dagokion programaren lehen tokian ezarritako balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen proiektua lehenetsiko da. Orduan ere berdinketak jarraituz gero, bigarren tokian ezarritako irizpideko puntuazio handiena hartuko da kontutan, eta horrela hurrenez hurren.

10. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak izango du agindu honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hori.

3.– Proiektuak ebaluatu eta baloratzeko, eta balorazio-irizpide objektiboak aplikatzeko eta haiek haztatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Balorazio-batzordea Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzako hiru pertsonak osatuko dute. Horietako bat Enpresa Programaren arduraduna izango da, zeina batzordeko lehendakaria izango baita. Beste biak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari atxikitako zuzendaritzetako teknikarien artean aukeratuko dira, eta Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez izendatuko dira. Ebazpen horretan, idazkaria zein izango den adieraziko da, eta, betiere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikari kategoria daukan pertsona bat izango da.

Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko aditu diren pertsonei eskatu ahal izango die hala bileretan parte hartzeko nola aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

Balorazio-batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Zerbitzu zuzendariak emandako ebazpen baten bidez, batzordea ebaluazio-lana egiten hasi baino lehen.

4.– Eginkizun hauek ditu balorazio-batzordeak:

a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Era berean, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea. Ebaluazioaren barruan, proiektuak balioetsiko ditu, eta balioetsiko du, halaber, zenbateraino betetzen dituen bakoitzak agindu honek finkatzen dituen irizpide objektiboak.

c) Laguntza mota bakoitza baloratzeko eta kuantifikatzeko finkatzen diren irizpideetan oinarrituz, bi proiektu-zerrenda egitea, bana diruz lagunduko den programa bakoitzeko, beherako ordenan; horrez gain, hautaketaren eta onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoaren proposamena egitea.

5.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari. Proposamenak gutxienez agindu honen 12. oinarrian aipatzen den edukia jasoko du.

6.– Balorazio-batzordeak bere barne funtzionamendu-arau propioak ezarriko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatua aplikatuko da.

11. oinarria.– Balorazio-irizpideak.

1.– Proiektuak baloratzeko, proiektuen kalitaterako eta berrikuntzarako duten joera hartuko da aintzat, eta balorazio-irizpideak eta horiei dagozkien puntuazioak eta haztapenak erabiliko dira, jarraian zehazten den moduan:

A) Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko programa.

1) Proposamen gastronomikoaren kalitatea. Proiektua osatzen duten aspektuen kalitatea eta zehaztasuna baloratuko da, zeinek erakutsiko baitute aurkeztutako proiektua berariaz, ondo aztertuta eta arretaz prestatu dela (0-20 puntu).

2) Berrikuntza: berritasunak ekartzea egungo eskaintza gastronomikoari (0-20 puntu).

3) Agiri bidez konpromisoa erakustea tokiko ekonomia eta produktu ekologiko eta eskulangintzakoak sustatzeko (0-20 puntu).

4) Establezimenduaren gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza bere gain hartuko duen pertsonaren espediente akademikoa (0-15 puntu).

– Espedientearen batez besteko nota: 5,00-6,50 (5 puntu).

– Espedientearen batez besteko nota: 6,51-8,50 (10 puntu).

– Espedientearen batez besteko nota: 8,51-10,00 (15 puntu).

5) Komunikazio-estrategia eta sare sozialak (0-10 puntu).

6) Konpromisoa, arreta eskaintzeko dieta berezia egiteko premia duten pertsonei (zeliakoak eta abar) edo zenbait jakiri alergia dietenei (0-5 puntu).

7) Establezimenduaren proposamen estetikoa (0-5 puntu).

8) Lurralde-mailako (Araba, Bizkai eta Gipuzkoako) ostalaritza-elkarte bateko kide izatea (5 puntu).

B) Bikaintasuna sendotzeko programa.

1) Nazioartean ezagunak diren bikaintasun gastronomikoko sukaldaritza-giden eta rankinen aitorpen akreditatua (0-25 puntu).

2) Sukaldaritza-eskaintza eta ardoen karta (0-25 puntu).

3) Agiri bidez konpromisoa erakustea, tokiko ekonomia eta produktu ekologiko eta eskulangintzakoak sustatzeko (0-20 puntu).

4) Komunikazio-estrategia eta sare sozialak (0-10 puntu).

5) Konpromisoa, arreta eskaintzeko dieta berezia egiteko premia duten pertsonei (zeliakoak eta abar) edo zenbait jakiri alergia dietenei (0-5 puntu).

6) Koherentzia proposamen gastronomiko globalean, aurreko elementu guztiak bilduz (0-5 puntu).

7) Establezimenduaren proposamen estetikoa (0-5 puntu).

8) Lurralde-mailako (Araba, Bizkai eta Gipuzkoako) ostalaritza-elkarte bateko kide izatea (5 puntu).

2.– 30 puntu baino gutxiago lortuz gero, laguntza-eskabidea ez da onartuko.

3.– 30 puntu lortuz gero, honako dirulaguntza-ehuneko hauek aplikatuko zaizkie diruz lagunduko diren kostuei, betiere 5. oinarrian ezartzen diren mugen baitan:

a) 30 puntu edo gutxiago: ez da onartzen eskaera.

b) 31 puntutik 50 puntura: % 20ko dirulaguntza.

c) 51 puntutik 75era: % 30eko dirulaguntza.

d) 76 puntutik 100era: % 40ko dirulaguntza.

12. oinarria.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko era eta errekurtsoak.

1.– Aurkeztutako eskabideak eta agiriak aztertu ondoren, balorazio-batzordeak egiten duen proposamena ikusirik, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak emango du deialdiaren ebazpena, eskatutako laguntzak eman ala ez eman ebazteko; ebazpen bakarra emango du.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A) Onartutako eskaeretan:

1.– Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.

2.– Diruz lagundutako proiektuaren izena.

3.– Diruz lagundutako inbertsioa, lortutako puntuazioa eta laguntzaren ehunekoa.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako dirulaguntza, urteka banatuta.

5.– Proiektua gauzatzeko epea.

6.– Emandako laguntza minimis-laguntza dela, Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamendua berariaz aipatuta, bai eta Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratu dela adierazita ere.

B) Ukatutako eskaeretan:

1.– Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.

2.– Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaituta izan beharko da dirulaguntza eman ahal izateko. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko gaitasungabetzea badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko aldian, emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.

4.– Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. zenbakiko b) letran xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da. Dena dela, interesdun guztiei ebazpen osoa helaraziko zaie, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira.

Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzako titularrari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, edozein unetan administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta biharamunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

13. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan jasotako dirulaguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako betebeharrak bete behar dituzte; haien artean daude, besteak beste, xedapen hauetan ezarritakoak: Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako betebeharrak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluko betebeharrak:

1.– Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den proiektua; 2019an eman behar zaio hasiera inbertsioari edo gastuari.

2.– Dirulaguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.

4.– Dirulaguntzaren xede den inbertsioa mantentzea, hura egin eta hurrengo 5 urteetan gutxienez; denbora horretan ezingo dira dirulaguntzak besterendu, ezta diruz lagundutako helburuak ez direnetara bideratu ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 31.5 artikuluak ezartzen dituen salbuespenetan izan ezik.

5.– Gutxienez 5 urtez mantentzea dirulaguntza esleitzeko balorazio-irizpide gisa balio izan duten kalitatearen eta proposamen gastronomikoaren estandarrak. Aspektu hau gerora kontrolatuko da eta ausazko moduan egingo da urtean behin, diruz lagundutako inbertsioen % 4an gutxienez.

6.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea diruz lagundutako proiektua partzialki edo osorik gauzatu dela, eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia.

7.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

8.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea helburu berdina betetzeko beste administrazio baten edo erakunde publiko zein pribaturen baten beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortu izana.

9.– Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari.

10.– Nabarmen eta argiro jasotzea, diruz lagundutako gastuei eta jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuarekin bat etorriz.

11.– Kontabilitate-liburuak, diligentzia-erregistroak eta gainerako dokumentuak izatea, merkataritza-legeriak exijitutako baldintzetan, eta kontabilitate bereiziko sistema bat edo kontabilitateko kode egoki bat izatea, deialdi bakoitzean finantzatzen den inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako, araudiak xedatzen dituen kontrol-lanak egin ahal izateko.

12.– 5 urteko epean gordetzea jasotako funtsen erabilera justifikatzen duten dokumentuak –dokumentu elektronikoak barne–, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.

13.– Justifikatzea proiektua gauzatu izana 15. oinarrian aurreikusitako epeetan.

14.– Tratu-berdintasunaren arloko araudian eta ingurumenari buruzkoan xedatutakoa betetzea.

14. oinarria.– Dirulaguntzaren xede diren inbertsioen kontratazioa.

1.– Dirulaguntzen xedea inbertsioak gauzatzea denez, dirulaguntzen xede diren jarduera guztiak onuradunek kontratatuko dituzte.

2.– Diruz laguntzeko gastuak kontratatzerakoan, arau hauek beteko dira:

a) Kontratistek onuradunarekiko bakarrik dituzte betebeharrak, eta onuradunak dauka inbertsioak gauzatzeko erantzukizun osoa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren aurrean.

b) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak sektore publikoko kontratuei buruzko legedian ezartzen diren kopuruak gainditzen dituenean (40.000 euro obren kontratuak direnean, edo 15.000 euro hornikuntza- edo zerbitzu-kontratuak direnean, bi kasuetan BEZa kanpo), onuradunak hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, zerbitzu edo ondasun horren ezaugarri bereziengatik merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen duen behar besteko erakunderik ez dagoenean izan ezik.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena (justifikazioan aurkeztuko dituzte horiek), efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko dute proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez dutenean.

Ezingo da kontratua zatikatu haren zenbatekoa murriztu eta aurreko atalean zehaztutako baldintzak ez betetzeko.

c) Aurrez aipatutako mugak gainditzen ez dituzten diruz laguntzeko gastuen zenbatekoen gainerakoetan, onuradunak berdin-berdin kontratatu beharko du hirugarrenekin, efikazia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz, eta ez da onartuko merkatuko prezioen gainetik nabarmen gora dagoen inolako gasturik.

d) Onuradunak ondasunak, zerbitzuak edo hornidurak kontratatzen baditu berarekin lotuta dauden pertsona fisiko edo juridikoekin, honako baldintza hauek bete beharko ditu aurretik:

I.– Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egitea.

II.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aldez aurretiko baimena lortu izana.

Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen bidez baimendu edo ukatuko dira halako kontratazioak, bi hileko epean, baimen-eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik jaso ezean, eskaera onartu dela ulertuko da, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan. Prozeduraren ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako, hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera.

Pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko elkarteekin lotura dagoela joko da uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) Erregelamenduaren 68. artikuluan jasotako zirkunstantziaren bat betetzen bada.

15. oinarria.– Gauzatzeko gehieneko epeak.

1.– Deialdi honen babespean diruz lagundutako inbertsio-proiektuek 2019an hasitakoak izan behar dute, eta, gauzatu, urte horretako urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean gauzatuko dira.

2.– Agindu honen 18. oinarriaren 4. apartatuan xedatutakoari jarraituz, inbertsioa gauzatzeko luzapena eskatu ahal izango du onuradunak 12 hilabeteko gehienezko eperako. Horretarako, inbertsioa amaitzeko aurreikusitako data baino hamabost egun lehenago egin beharko du eskaera.

16. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Dirulaguntza jaso duen proiektua gauzatu dela eta onuradun izateko eskatutako betekizun eta baldintzak betetzen direla justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko zaizkio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari:

a) Egindako jardueren justifikazio-memoria bat, non jasoko baita proiektua gauzatzeari eta haren betetze-mailari buruzko informazioa, eta laguntza emateko betekizun eta baldintzen betetze-mailari buruzkoa.

b) Jatorrizko fakturak eta froga gisa balio bera duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balio dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, faktura jaulkitzeko beharrik ez dagoen kasuetan, Fakturazio-betebeharrak arautzeko Erregelamendua onartzen duen Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz betiere (azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretua), eta dagokien ordainketa-frogagiria. Kontuan hartuko beharko da, halaber, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 27. eta 28.4 artikuluetan ezarritakoa.

c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

d) Dirulaguntzak itzultzegatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.– Foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dauden, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egiaztatuko du, automatikoki. Hala ere, onuradunak berariaz uka dezake laguntza-eskaeran inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio, eta eskaera hori arrazoitu beharko du.

4.– Aurreko paragrafoetan zerrendatutako agiriak aurkeztu ondoren, proiektuaren azken ebaluazioa egingo dute Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek, eta gauzatutako gastuaren zenbateko osoa eta onuradunaren ekarpena egiaztatuko dute; bukatzeko, proiektua gauzatu izanari buruzko azken ziurtagiria egingo dute.

5.– Laguntzen kudeaketa eta ordainketa egokia bermatzeko helburuarekin, hiru hilabetekoa izango da egindako gastua justifikatzeko dokumentazioa entregatzeko gehienezko epea, inbertsioak gauzatzeko ezarritako epea bukatzen denetik hasita, edo, dagokion kasuan, luzapenetik hasita.

17. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Ordainketak honela gauzatuko dira:

A) Aurreko oinarrian aipatzen diren dokumentuen bidez inbertsioa edo gastua justifikatu ondoren, eta behin Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikariek inbertsioei buruzko ziurtagiria egin eta gero.

B) Urte anitzeko proiektuak badira, ordainketa partzial bat egin daiteke, proiektuak gauzatzeko erritmoaren araberakoa, interesdunak aurretik hala eskatzen badu, eta aintzat hartuta aurrekontuetan erabilgarri dagoen dirua.

2.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo zorduna bada, ebazpen batek hala adierazita, dirulaguntza bat itzuli behar izateagatik.

3.– Inbertsioak ez badira egiten gehieneko epeen barruan, ezta epeen luzapenean ere, edo inbertsioa edo gastua egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira aurkezten epe barruan, onuradunek dirulaguntza hartzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, agindu honen 20. oinarriko itzulketa-prozedura jarriko da abian.

18. oinarria.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea eta inbertsioa edo gastuak gauzatzeko epeak luzatzea.

1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea gorde behar izango dira. Horretarako, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berrira egokitzeko, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak arautzen duen itzulketa-prozedura hasiko du.

2.– Aurkeztu duen eta dirulaguntza eman zaion proiektuan egiten dituen aldaketak idatziz jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko ditu onuradunak, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aurrean.

Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan aldaketa funtsezkoak egiten badira, aldatu egingo da laguntza emateko ebazpena.

Aldaketa funtsezkotzat joko dira 11. oinarriko irizpideei jarraikiz balorazio-xede izan diren aspektuei buruzko aldaketak, eta, hortaz, eskabidea emateko erabakigarriak izan direnak; eta, gainera, hauek ere bai:

1.– Aldaketa esanguratsuak egitea edo proiektuan hasieran ezarritako helbururen bat ezabatzea.

2.– Hornitzaileak aldatzea, jatorri bereko edo kalitate bereko edo handiagokoen ordez aldatzen direnetan salbu.

3.– Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuz.

Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute biderik emango laguntza emateko ebazpena aldatzeko.

3.– Baldin eta egindako inbertsio edo gastuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta betiere laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.

4.– Onuradunak aldez aurretik eskatzen eta arrazoitzen badu –laguntza emateko ebazpenaren arabera emandako laguntzaren xede den proiektua bukatu behar den eguna baino 15 egun lehenago, beranduenez, aurkeztu beharko luke eskaera–, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatzeko epea luzatu ahal izango du, ebazpen baten bidez, non zehaztuko baita gehienez ere zenbat luza daitekeen, hasieran onartutako dirulaguntzari eutsita. Luzapen hori 12 hilabetekoa izango da gehienez.

19. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera helarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

2.– Onuradunak, gainera, uko egin ahal izango dio onartutako laguntzari, eta hala egin ahal izango du laguntza onartu ondoren, 13. artikuluko 3. oinarriko 3. apartatuan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzendu beharko dio uko egiteko eskaera, eta, hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

20. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) Laguntza emateko xedea ez betetzea.

e) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren bat denean.

2.– Onuraduna aurreko apartatuan zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran badago, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, 15 eguneko epean interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren proportzioan, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzulketa «pro rata temporis» egingo da.

Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaio gertakarien berri, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

21. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babespean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste edozein dirulaguntzarekin.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoak, Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publikoen edo erakunde pribatu edo publikoen laguntza edo dirulaguntzekin batera, ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua; gaindituz gero, soberakinari dagokion kopurua kendu beharko zaio agindu honen bidez emandako laguntzari.

3.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 zenbakiko Erregelamenduan (EE) ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, Erregelamendu hori Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari dagokio.

Europar Batasunak ezarritakoa oinarri hartuta, minimis erregelamenduaren arabera enpresa batek gehienez 200.000 euro jaso ditzake 2017, 2018 eta 2019ko zerga-ekitaldietan.

Muga hori gaindituz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio deialdi honi jarraikiz emandako laguntzari, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen bidez, erakunde onuradunari entzun ondoren.

22. oinarria.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren izaera pertsonaleko datuak Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

ERANSKINA

Laguntzaren eskabide-eredua eskuragarri dago webgune honetan: http://www.euskadi.eus/ayudas_appa

Eduki hau du:

Esparru generikoak:

– Identifikazio-agiri mota.

– Zenbakia.

– Izena (pertsona fisikoentzat bakarrik).

– Lehen abizena (pertsona fisikoentzat bakarrik).

– Bigarren abizena (pertsona fisikoentzat bakarrik).

– Sexua (pertsona fisikoentzat bakarrik).

– Entitatearen izena (pertsona juridikoentzat bakarrik).

– Telefono finkoa.

– Telefono mugikorra.

– Helbide elektronikoa.

– Lurralde historikoa.

– Jakinarazpen eta komunikazioetarako kanala.

– Abisuak jasotzeko helbide elektronikoa.

– Abisuak jasotzeko telefono mugikorreko zenbakia.

– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuetarako Hizkuntza.

Esparru osagarriak: erantzukizunpeko adierazpenak:

– Enpresa ez dago krisialdian, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

– Jakinaraztea ea diruz lagun daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dion administrazio publikoren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati, bai eta eskuratu duen ala ez.

– Jakinaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan sartuta dagoen ala ez.

– EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzulketa- edo zigor-prozeduretako kantitate zehatzak ordaintzeko betebeharrari dagokionez egunean dagoen ala ez. Betebehar horien ordainketak egunean dituela ulertuko da zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen epai irmorik ez izatea (zigor- edo administrazio-arloan), ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

– Konkurtso-deklarazioa eskatuta ez edukitzea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaituta ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.

– Administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiarazia ez izatea, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan edo arlo hau arautzen duen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

– Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Zerga-egoitza ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

– Berreskuratze agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

Eskabidea aurkezteak berekin dakar Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari baimen inplizitua ematea, automatikoki egiazta ditzan NANa, IFK, zerga-betebeharrak bete izana eta Gizarte-segurantzako ordainketak egin izana; apartatu bat egongo da, baimen hori berariaz ukatzeko aukera emango duena, eta, hala eginez gero, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria.

II. ERANSKINA

Memoriak eduki hauek hartu beharko ditu barnean:

1.– Sustatzaileen identifikazioa (enpresaren aurrekariak).

2.– Enpresaren egitura.

3.– Ekoizpen-prozesuaren eta landutako produktuen deskribapena.

4.– Inbertsioaren aurretik landutako produktuen merkatua.

5.– Proiektuaren kokalekua.

6.– Gauzatu beharreko ekintza zehatzen deskribapena (obra zibila, makineria,...).

7.– Ekoizpen-prozesu berrien eta, halakorik bada, lortu beharreko produktuen deskribapena.

8.– Gauzatzeko epea.

9.– Inbertsioarekin aurreikusten diren emaitzak (ekonomikoak, modernizazioa, enplegu-sorkuntza...).

10.– Azken bi urteetako balantzea eta emaitza-kontua.

11.– Inbertsioak egiteko aurreikusitako aurrekontua.


Azterketa dokumentala