Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2019ko urriaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4562

AGINDUA, 2019ko irailaren 16koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita 2019an jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak sortu eta garatzeko dirulaguntzak emateko araubidea (Mugiment deialdia).

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, agindu honen bidez, dirulaguntzen lerro bat ezartzen du jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak sortu eta garatzen laguntzeko.

Inaktibitate fisikoaren eta sedentarismoaren ondoriozko arazoen garrantzia sozialak eraginda egiten da deialdi hau, eta, arazo horiek konpontzeko, jarduera fisikoen egitekoa da gakoa.

Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen printzipio gidarietan xedatzen duenez, interes publikoko gizarte-jarduera da kirola, pertsonak bete-betean prestatzeko eta garatzeko, bizi-kalitatea hobetzeko eta norbanakoak eta gizartea ondo izateko lagungarria. Halaber, aitortzen du pertsona guztien funtsezko eskubidea dela kirolean askatasunez eta norbere borondatez jardutea. Horretarako, zehazten du botere publikoek, dagokien eskumenen esparruan, eskubide hori egoki erabiltzea bermatuko dutela kirol-jarduna gizarte-sektore guztietara zabaltzeko –babesgabeenetara, batez ere–, programa berezien onarpenean eta burutzapenean oinarritutako kirol-politika baten bidez.

Agindu hau, halaber, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Dirulaguntzen 2018-2020 urteetarako Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu du plan hori, eta aipatutako sailaren web-orrian argitaratuta dago.

Kontuan hartuta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen I. tituluaren IV. kapitulua, modu aktiboan hartuko da aintzat emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren xedea, dirulaguntza programa hau landu eta aplikatzean.

Hortaz, zehaztu behar da jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuek zer eskakizun eta irizpide bete behar dituzten dirulaguntzak jaso ahal izateko, bai eta aipatutako dirulaguntza horien eskabidea, izapideak eta emakidak erregulatzeko arauak ezarri ere.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honek ezartzen du 2019an jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak sortu eta garatzeko dirulaguntzak emateko araubidea.

Deialdi honen ondoreetarako, jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzua izenarekin ezagutuko dugu pertsona inaktiboei zuzendutako zerbitzua, zeinetara gerturatu baitaitezke jarduera fisikoa egiteko behar duten aholkua, gidaritza eta laguntza jasotzera, betiere, jarduera fisikoan aditua den pertsona baten eskutik, maiztasunez egiteko ohitura hartzeko xedez. Jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuetarako gidan eskuratu daiteke informazio zabalagoa: https://mugiment.eus/eu/ekimena/argitalpenak/jarduera-fisikoaren-arloko-orientazio-zerbitzuetarako-gida/

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Deialdi honetarako, ehun eta hirurogeita hamar mila (170.000) euro bideratuko dira guztira.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko toki erakundeek jaso ahal izango dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzak.

Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzarik lortu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten erakundeek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere. Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik lortu, zehapenak ezarritako epean zehar, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalen bat dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoaren arabera.

Era berean, ezin izango dute dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan azaldutako egoeretariko edozeinetan dauden pertsonek edo erakundeek.

Halaber, onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekikoei dagokienez, baita dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordaintzeari dagokionez ere.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

Agindu honetan araututako dirulaguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Erakundeek dirulaguntza bide elektronikotik izapidetu behar dute nahitaez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Erakunde interesdunek euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango dituzte eskabideari lotutako izapide guztiak, helbide hauetan:

www.euskadi.eus/servicios/1074002

www.euskadi.eus/zerbitzuak/1074002

Halaber, beste Administrazio Publiko batzuen erregistro elektronikoetan ere aurkeztu ahal izango dira, 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira:

http://www.euskadi.eus/micarpeta

http://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

Erakunde eskatzaileek eskabidea eta agiriak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

5. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztean, erakunde eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari automatikoki egiazta dezan, behar adina aldiz eta erakunde eskatzaileen baimenik gabe, laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Hala ere, eskatzaileek berariaz uka dezakete baimen hori, baina, kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek (I. eranskina):

Adierazi beharko da helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik.

Erakunde eskatzaileak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik, ez eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, hala xedatuta baitago Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean.

Erakunde eskatzailea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasota dauden egoeretako batean ere.

Egiazkoak direla eskabidean eta eskabidearekin batera doazen agirietan emandako datuak.

6. artikulua.– Jarduera esplikatzeko agiriak, eskabidearekin batera aurkeztu beharrekoak.

Eskabidearekin batera (1. eranskina) aurkeztu behar dira azalpen-memoria bat (2. eranskina), 11. artikuluan barne hartutako alderdiak biltzen dituena, eta diruz laguntzea eskatu den jardueraren aurrekontua (3. eranskina).

7. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

Laguntzen zenbatekoa zehazteko, lehiaketa-prozedura erabiliko da; horri jarraikiz, eskabideek, 11. artikuluan jasotako irizpideak aplikatuta, balorazio-fasean lortutako puntuazioarekiko proportzioan banatuko da agindu honen 2. artikuluan esleitutako zuzkidura ekonomikoa.

Jarduera bakoitzeko dirulaguntza hamabi mila (12.000) eurokoa izango da, gehienez.

8. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak.

9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren agirietatik batzuk falta balira edo horietan forma-akatsak baleude, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak baleude, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa konpontzeko edo falta diren agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela, betiere, dagokion ebazpena aldez aurretik emanda.

Erakunde eskatzaileren batek eskabidea presentzialki aurkeztu badu, zuzenketak aurkezpen elektronikoaren bidez egiteko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zen eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

10. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Balorazio-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Honako hauek osatuko dute batzordea: Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria (batzordeko presidentea izango da) eta Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak arlo horretan bertan izendatutako bi teknikari (horietako bat idazkaria izango da).

Era berean, balorazio-batzordearen bileretara bertaratu ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe, aztertu beharreko gaien inguruan jakintza espezifikoa duten pertsonak, bertaratuen gehiengoak onartuz gero.

Balorazio-batzordea eratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.

Balorazio-batzordearen behin betiko osaera EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

Balorazio-batzordeak egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatu ahalko dizkie eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak behar bezala aztertu ahal izateko beharrezkoa dela irizten badio; era berean, beharrezkotzat jotako txosten teknikoak ere eskatu ahal izango ditu.

Batzorde horrek ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari helaraziko dio.

11. artikulua.– Baloratzeko eta hautatzeko irizpideak.

Balorazio-batzordek aztertuko ditu jasotako eskabideetan aurkeztutako deskribapen-memoriak, eta zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu, baremo eta irizpide hauen arabera:

1.– Deskribapen-memoriak barne hartzen badu erabiltzaileen jarduera fisikoaren mailaren kuantifikazioa IPAQ edo baliokidearen erabileraren bidez: 0,5 puntu. Helduen (15-69 urte) jarduera fisikoaren maila aztertzeko galde-sorta da jarduera fisikoari buruzko nazioarteko inkesta (international physical activity questionnaire edo IPAQ). Horri buruzko informazio gehiago kontsulta daiteke jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuentzako gidan: https://mugiment.eus/eu/ekimena/argitalpenak/jarduera-fisikoaren-arloko-orientazio-zerbitzuetarako-gida/

2.– Deskribapen-memoriak barne hartzen badu nola kudeatuko den aniztasunerako arreta: ezberdintasun sozioekonomikoak dituztenak, bakarrik bizi direnak, mendetasun-egoeran daudenak, instituzionalizatuak, zaintzaileak eta/edo genero-ezberdintasunak: 0,5 puntu.

3.– Deskribapen-memoriak barne hartzen badu nola jakinaraziko den zerbitzua komunikabideen, sare sozialen eta/edo bestelakoen bidez: 0,5 puntu.

4.– Deskribapen-memoriak barne hartzen baditu zerbitzuaren jarraipen-adierazleak eta ebaluazio-irizpideak: 0,5 puntu.

5.– Deskribapen-memorian azaltzen bada herritarrentzako arreta zerbitzua kirol instalazio batetik kanpo toki bakar batean edo txandakako tokietan egiten dela: 1 puntu.

6.– Orientazio-zerbitzura bideratzen duen eragile-kopurua (ez pertsonak, baizik eta erakundeak: anbulatorioa, zerbitzu sozialak, eskola, berdintasun-zerbitzua...); memorian adierazi behar da eragileen zerrenda. 1-3 eragile: 1 puntu; 4 eragile edo gehiago: 2 puntu.

7.– Orientazio-zerbitzua eskaintzen duten pertsonen kontratuan zehaztutako asteko orduen kopurua, orientaziora bideratuak (kontratuan ezarritakoaren kopiaren bidez egiaztatua). 1-5 ordu: 1 puntu; 6-10 ordu: 2 puntu, 10-15 ordu: 3 puntu, 15-20 ordu: 4 puntu; 21 ordu edo gehiago: 5 puntu.

12. artikulua.– Bateragarritasuna.

Bateragarriak izango dira deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntzak, laguntzak, sarrerak eta bestelako baliabideak, baldin eta helburu bererako badira eta, betiere, gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Izan ere, halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

13. artikulua.– Ebazpena.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak eman eta jakinaraziko du balorazio-batzordek helarazitako proposamena aztertu ondoren, sei hileko epean, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duen egunetik aurrera. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Ebazpen-epea igarota, interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertuko da, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, agindu honetako 10. artikuluan adierazitakoa gertatuz gero, erabakia hartzeko epea etenda geratuko da tramite hark behar duen beste denboraz, jakinarazpen-egunaren eta erantzuteko epearen arabera.

Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan eta 39/2015 Legearen 43. artikuluan xedatutakoarekin bat, jakinarazpena egindakotzat joko da haren edukira iristen den unean. Jakinarazpenaren xede-egintza jaso dela adierazteko sinadura elektronikoa jaso eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kasuan-kasuan ezarritako epealdia.

Jakinarazpenaren xede-egintza erakunde interesdunaren edo, hala badagokio, haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura jartzen denetik (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) hamar eguneko epea igarota, erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo erakunde hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatzen bada.

Erakunde interesdunak telefono mugikor bat eta/edo helbide elektroniko bat eman ahal izango du jakinarazpenen oharrak bidaltzeko.

Jakinarazten den ebazpenaren aurka, edo inongo berariazko ebazpenik eman gabe igarotzean ebazteko epea, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Dena dela, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitakoaren araberako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aukera ere badute.

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntzen ordainketa aldi bakar batean egingo da, dirulaguntza 16. artikuluan eskatzen den bezala justifikatu ondoren.

Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan beharko dituzte.

Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon behar du erakunde onuradunak.

Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/edukiak/informazioa/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko, eta, bidezko denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dauzkaten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei. Dirulaguntza horiek emateko, eta, bidezkoa denean, ordaintzeko, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako dirulaguntzak itzultzea, baldin eta hala eskatzen duen ebazpena ematen bada itzulketa-prozeduraren bukaeran.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti bete beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebehar-erregimena; zehazki, honako hauek bete beharko dituzte edonola ere:

Diruz lagunduko den jarduera egitea.

Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakitera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean, onuradunek ez badiote idatziz eta espresuki uko egiten dirulaguntzari, onartu egin dutela ulertuko da.

Aurkeztu den aurrekontuan agertzen diren diruz lagundutako programei buruzko gastuak ordaintzeko erabili beharko da dirulaguntza, Eusko Jaurlaritzako Kultura, eta Hizkuntza Politikako sailburuordearen emate-ebazpenarekin bat etorriz.

Deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa eman behar zaie Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, haiek hala eskatuz gero beren funtzioen jardunean.

Jarduera beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuen bidez finantzatu dela jakinarazi behar zaio dirulaguntza ematen duen organoari. Adierazitakoaren berri izan bezain laster jakinarazi behar zaio, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gorde behar dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza gonbidatzea jardunaldia aurkezteko egingo diren ekitaldi publiko guztietara, eta jarduera gauzatzen den artean ikusteko moduko tokian adieraztea Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso duela jarduerak, non eta dirulaguntza ez den jarduera egin ostean ematen; hala bada, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortuko dituzten dokumentu guztietan adierazi beharko dute hori.

Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekitaldi guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

Jasotako funtsak itzultzea deialdi honen araudian aurreikusitako kasuetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea ekimenak gauzatzean.

16. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

Justifikazioak bide elektronikoz aurkeztuko dira 2020ko otsailaren 28a baino lehen, agindu honen 4. artikuluan ezarritako jarraibideei jarraituz eta kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30. artikuluan dirulaguntzen justifikazioak aurkezteko ezarritakoa.

Bide elektronikoak erabiliz aurkeztu beharreko justifikazio-dokumentazioa:

Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzeari buruzko txosten zehatza, egindako jarduerak eta lorturiko emaitzak adierazita.

Jatorrizko fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako jatorrizko dokumentuen bidez egiaztatuko dira gastuak. Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte, betiere.

Faktura eta egiaztagiri guztiak espediente elektronikoan kargatuko dira. Diruz lagundutako jardueraren zenbateko osoaren adinako diru-kopurua egiaztatuko da.

Egindako gastuen (jardueraren zenbateko osoaren besteko kopurua) zerrenda zehatza (V. eranskina).

Dirulaguntza emateko ebazpenean jarritako baldintzen arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz jasotzen duen dokumentazio guztiaren aleak (dokumentu grafikoak, fotografikoak edo ikus-entzunezkoak).

Ekitaldiaren aurrekontu likidatua, diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita. Bereziki jaso beharko dira helburu berarekin eskuratutako beste laguntzak, eskabideak aurkezteko unean haien eraginkortasunaren berri ez baldin bazegoen (IV. eranskina).

17. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, hertsiki beharrezko direnak eta 2019an egiten direnak. Gastu diruz lagungarriak eskuratzeko kostua ezin izango da inola ere merkatuko balioaren gainetikoa izan.

Egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

Gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarri izango: a) Banku-kontuetako interes zordunak. b) Interesak, errekarguak eta administrazio-zehapenak eta zehapen penalak. c) Prozedura judizialen gastuak.

Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak izango dira zergak, baldin eta erakunde onuradunak egiazki ordaintzen baditu. Gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarritzat joko: zeharkako zergak, baldin eta errekuperatu edo konpentsatu badaitezke, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

Zeharkako kostuak diruz lagundutako jarduerari egotziko dizkio erakunde onuradunak, arrazoiz dagokien partean, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauekin bat, eta, betiere, jarduera egiten den aldiari badagozkio kostu horiek.

Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat hartuko dira jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak prestatu, antolatu, kudeatu, ebaluatu eta hobetzearekin lotutakoak. Gastu horien artean sartzen dira, besteak beste, honako hauek: zerbitzuaren erabiltzaileen arreta, orientazio eta laguntzarako teknikarien kontratazioa, publizitaterako baliabideak, zerbitzua garatzeko beharrizan materialak, espazioen erabilera, teknikarien prestakuntza, erabiltzaileen atxikipena bultzatzera bideratutako pizgarriak, gizarte arlo desberdinetako eragileekiko koordinazioak dakartzan beharrizanak eta zerbitzuaren inguruan eskuragarri dauden baliabideen mapaketa edo bilketa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Araudiaren 68. artikuluan arautuarekin bat, diruz lagundutako jarduera partez egitea azpikontratatu ahal izango du erakunde onuradunak.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –dirulaguntzaren xedea bete bada, betiere– edo, hala badagokio, beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik bestelako dirulaguntza eta laguntza bateragarriren bat jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da dirulaguntzaren araudi erregulatzailean ezarritako baldintzetan eta dirulaguntzen arauak ezarritako onuradun izateko gutxieneko eskakizunak zaintzen badira. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-ebazpena emango du, non doituko baitira esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoak.

19. artikulua.– Ez betetzeak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan ezarritakoak dira ustezko ez-betetzeak; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluaren bidez onartu zen testu bategin hori. Horrelako ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta horiei dagozkien legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, xedapen hauen arabera, betiere: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikulua; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak, eta 698/1991 Dekretuaren 4. artikulua (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

XEDAPEN GEHIAGARRIA.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza.

Xedea: jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak sortu eta garatzera bideratutako dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: interes publikoko edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoei loturiko egitekoren bat gauzatzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).

Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zuk eskubidea duzu zure datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko, hala nola tratamendua mugatu zein aurkaratzeko. Ikus informazio osagarria.

Informazio osagarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo web-orri honetara: www.euskadi.eus/dbao/1074002

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 16a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana