Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

189. zk., 2019ko urriaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4526

EBAZPENA, 2019ko irailaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita honen ingurumen-txosten estrategikoa eta hirugarren aldaketa puntualaren irismen-dokumentua: Leioako udal-mugarteko 35B Larrakoetxe sektorea.

AURREKARIAK

2019ko apirilaren 12an, Leioako Udalak Leioako 35B Larrakoetxe sektorearen plan partzialaren 3. aldaketa puntualaren plan partzialaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko eskaera egin zion ingurumen-organoari, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Planaren eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapideak egin zituen, egoki iritzitako oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, behar izanez gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako helmena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan behar dituen ingurumen-azterketa estrategikoak. Zehazki, erakunde hauei egin zitzaien eskaera: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (Bizkaiko bulegoa), Ura Uraren Euskal Agentzia, Bizkaiko Ekologistak Martxan eta Eguzkizaleak aisialdi-elkartea.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Uraren Euskal Agentziaren erantzuna jaso da (espedientean daude horien emaitzak).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuetan sartzen da Plana; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, egiaztatzen da ingurumen-organoak, hots, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna berau, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) behar adina datu dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, eta ingurumen-txosten estrategiko hau eman du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-ondoreetarako.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Leioako 35B Larrakoetxe sektorearen plan partzialaren 3. aldaketa partzialaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren helburua da Leioako 35B Larrakoetxe sektorean antolamendu xehakatu berria ezartzea. Honetan datza:

– Aurreikusi den etxebizitza mota aldatzea (bi familiako isolatua) 7., 8., 9. eta 10. lurzatietan, etxebizitza kolektiboa bihurtzeko.

– Aurreko puntuan aipatu lurzatiak dauden 2. bidea zabaldu egingo da, hala nola laburtu eta lautu. Bide-amaieran biribilgune bat egingo da, norabide-aldaketa errazteko.

– Aipatu lurzatietan aurreikusi eraikigarritasunari eutsi zaio lurzati berri hauetan: 9.1 / 9.2 / 10.1 eta 10.2.

– Espazio librerako lagako diren lurzoru publikoak areagotuko dira, sektore horretan indarrean dagoen HAPOaren arabera. Azalera 13.215,76 m2-koa izatetik 19.867,02 m2-koa izatera igaroko da.

– Etxebizitza atxikien mota onartu da SZ-R3 eta SZ-R6 azpi-eremuetan. Horrenbestez, azkenean, hiru etxebizitza mota baimendu dira (isolatu, atxikia eta taldekatua) SZ-R11, SZ-R3 eta SZ-R6 azpi-eremuetan.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: Plana urbanizazio-proiektu baten esparrua da, baina, aurkeztutako agiriak ikusita, ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan: ingurumenaren ikuspuntutik, Planak ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Planak ingurumen-kontsiderazioak integratzeko duen egokitasuna, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: planak aurreikusitakoa baino lurzoru-okupazio txikiagoa sustatzen du, berdegune handiago bati bide emanez. Landabarri errekari loturiko espazio libreak sortu ahal izango dira, eta bidegorri bat, errekarekiko paraleloa.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsu batzuk: Planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea, ez eta haren ondorio posibleak nabarmen handitzea ere, besteak beste, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta uren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.

Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

e) Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2) Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Planaren xede den eremua bizileku-eremu batean dago; lurzoru horrek ez dauka ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoen espaziorik (Natura 2000 Sarea, esaterako), eta ez dauka natura-balioagatik esanguratsu den elementurik; ezta ondare historikoaren katalogoan bildutako kultura-elementu nabarmenik ere. Landabarri errekak zeharkatzen du eremua; amaierako zatiak bideratuta dago, eta planak ez dio zuzenean eragingo.

Ez da aurreikusten Planak ondorio adierazgarriak izango dituenik ingurumenaren gainean, betiere gauzatzen diren jardunak eta jarduerak indarreko araudia eta ingurumen-dokumentuan eta ondorengo apartatuan ezarriko diren neurri babesle eta zuzentzaileak kontuan hartuta egiten badira.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz. Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus eranskina, Planaren ondoriozko proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk jasota daude hor).

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren Gida» argitalpenean jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Zaratari dagokionez, aurkeztu den dokumentazioaren arabera, eguneko aldi jakin batean, fatxada-hartzaile jakin batzuetako zarata-mailak kalitate akustikoaren helburuen gainetik daude etorkizunean egin daitezkeen bizileku-lurzoruko garapenen kanpoko aldean. EAEko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 40. artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenketa-neurri ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak hartu beharko dira kanpoko aldeko helburuak betetzeko bederen. Kanpoaldea babestu ezin bada, isolamendurako azterlan espezifiko bat garatu beharko da eraikitze-proiektuan, eta, han, zehaztu nolako isolamendua behar den, bai EKTan (BR-HR) ezarritako isolamenduak betetzeko, bai barnealdeko kalitate akustikoaren helburuak uneoro betetzeko. Horrek ez du eragozten urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan xedatzen dena.

Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako terminoekin bat, ez dela aurreikusten Leioako 35B Larrakoetxe sektorearen plan partzialaren 3. aldaketa puntualak ingurumen-eragin esanguratsurik izango duenik. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.

Hirugarrena.– Leioako Udalari ebazpen honen edukia jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Leioako 35B Larrakoetxe sektorearen plan partzialaren 3. aldaketa puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 17a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

ERANSKINA

– Proiektua gauzatzeko orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea:

Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak. Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (dekretu horrek onartzen du Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Lurrak eta soberakinak kudeatzea:

Baimendutako soberakindegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legeetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurrak kontrolatzea:

Induskatutako lurzoruen kontrola: Leioako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.


Azterketa dokumentala