Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

188. zk., 2019ko urriaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4496

EBAZPENA, 2019ko irailaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita EAEko Errepideen Hirugarren Plan Orokorraren (2017-2028) ingurumen-adierazpen estrategikoa.

AURREKARIAK

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2017ko uztailaren 11ko Ebazpenaren bidez, EAEko Errepideen Hirugarren Plan Orokorraren (2017-2028) (aurrerantzean, plana) ingurumen-azterlan estrategikoaren irismeneko dokumentua egin zen, bai Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean bai Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotakoari jarraikiz.

Kasuan kasuko aldizkari ofizialetan argitara eman ziren iragarkiekin, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak jendaurreko informazioan jarri zituen EAEko Errepideen Hirugarren Plan Orokorraren (2017-2028) aurrerapena eta ingurumen-azterketa estrategikoa 45 egunez bederen, egin beharreko alegazioak aurkeztu ahal izateko. Jendaurreko informazioaren izapidea bete ostean, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak ziurtatu du 30 alegazio-txosten jaso dituela.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak 2018ko urrian egin zien kontsulta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, baita organo sustatzailearen iritziz interesekoak ziren beste administrazio eta erakunde batzuei ere, eta 45 eguneko epea eman zien, egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak izapideotan aipatu gaiei erantzun die eta kontuan hartu ditu eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidetik eratorritako ingurumen-arloko gai zenbait ingurumen-azterketa estrategikoa egiteko garaian

2019ko uztailaren 3an, ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskaera egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, otsailaren 27ko 3/1998 Legean, abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta Programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren:

– Azken plan-proposamena: memoria, planoak eta beste agiri batzuk.

– Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa (2019ko martxokoa).

– Jendaurrean erakusteko aldiaren eta entzunaldiaren emaitza deskribatzeko hainbat dokumentu, baita jasotako txostenak eta alegazioak aintzat hartzeko moduari buruzko idazkia ere.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumen-efektuen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei, baldin eta lege-xedapen batek edo erregelamenduzko xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, betiere ingurumen-eraginaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola lurralde-antolamenduari.

Orobat, otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazio bat egin behar da; hau da, arauaren I. eranskineko a) letran jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, eta ebaluatu beharreko plan horien artean daude, besteak beste, EAEko Errepideen Hirugarren Plan Orokorra (2017-2028), ingurumen-inpaktuaren azterketa egin behar zaion proiektu bat baimentzeko marko bat ezartzen baitu Planak.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, organo substantibo gisa, bai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, ingurumen-organo gisa, beharrezko den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu ahal izateko, ingurumen-ikerketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita, kontsulta publikoen eta ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

EAEko Errepideen Hirugarren Plan Orokorraren (2017-2028) ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 9ko 77/2017 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala–. Adierazpen horretan, ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten da, eta Plana aplikatzeak dakartzan ingurumen-efektu nabarmenen aipamena jasotzen, azkenik onartuko den Planean sartu behar diren azken zehaztapenak sartuta, ingurumen-efektuetarako bakarrik.

Orain arte azaldutakoari jarraikiz, espedienteko txostena aztertu da, eta xedapen hauek guztiak ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzekoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustatu EAEko Errepideen Hirugarren Plan Orokorraren (2017-2028) ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, baldintza hauetan:

A) Planaren ezaugarriak eta helburuak.

Planaren xede nagusia hau da: 2017-2028 aldirako Planaren xede den sarean gutxienez egin beharreko aurreikuspenak, helburuak, lehentasunak eta hobekuntzak zehaztea, autonomia-erkidegoko errepide-sareak behar bezala koordinatuta daudela bermatzeko.

Planaren printzipio estrategikoak:

– Herritarrei datozen urteetako bizi-mailaren araberako errepide-sarea eskaintzea.

– Enpresa-ehunarentzat etengabe egokitzen ari den lurreko komunikazio-sarea jartzea, Euskadiko bide-konexioak mantentzeko eta ahal den neurrian hobetzeko.

– Lurraldea eta bertako udalerrien arteko komunikazioa orekatzea.

– Bide-sarearen hobekuntza eta ingurumenarekiko errespetua eta babesa bateragarri egitea.

– Errepideen erabiltzaileen bide-segurtasuna handitzea eta istripu-arriskua gutxitzea.

Funtsezko helburuak:

– Lurraldean, ibilbide desberdinak egin behar dituzten oinarrizko funtzioetarako errepide-sare egokia jartzea.

– Euskadiko eta Europar Batasuneko (EB) garraio-politikan errepide-sareak duen garrantzia kontuan hartzea: Euskadiko garraio-sistemaren ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-jasangarritasuna bere osoan indartzea.

– EAEko bide-sarea Europa Barnako Errepide Sarean (TEN) sar dadin laguntzea.

– Bide-sarearen egitura hobetzea, lurraldea ekialdetik mendebaldera eta iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duten lotura-korridore handien bidez.

– Kanpo-loturak (muga-konexioak) eta bertako nodo nagusiekiko (nodoak) loturak (portuak, aireportuak, logistika-plataformak) hobetzea.

– Lurraldea modu egokian egituratzea, antolamendu-ildo nagusiei jarraikiz.

– Zona bakoitzean, antzeko azpiegitura-hornidurak jartzea, betiere bakoitzaren alderdi bereizgarriak kontuan hartuta, besteak beste: orografia eta herriguneetako biztanleria-dentsitatea.

– Lurraldeko zona guztietan irisgarritasun-maila egokia jartzea; bereziki, egoera okerragoa den edo ekonomia-hedapen garrantzitsua duten zonetan.

– Bide-sarea zerbitzua ematen duen zona bakoitzeko baldintzen arabera egokitzea eta ingurumen- eta hirigintza-inpaktuak txikiagotzea.

– Jarduerak errepide-gaietan eskumena duten beste erakunde eta instituzio batzuekin koordinatzea eta horiei lehentasuna ematea, bai Euskadin, bai autonomia-erkidego mugakideetan.

– Inbertsio-programazio bat baimentzea, inbertsio horiei eraginkortasunik handiena ateratzea bermatuko duena.

– Lurralde-antolamenduan, hirigintzan, ingurumenean eta antzeko beste gai batzuetan eskumenak dituzten beste erakunde eta instituzioekin jarduerak koordinatzea.

Planak hainbat ingurumen-helburu ditu, ingurumen-babeseko askotariko araudietan eta tresnetan dutenak jatorria. Hauek dira horietako batzuk: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 8koa, EAEko Ingurugiroa babestekoa; 42/2007 Legea, abenduaren 13koa, Natura-ondarearen eta Biodibertsitatearena; Europar Batasunaren Ingurumeneko Zazpigarren Ekintza Programa; 2020rako EAEko Ingurumen Esparru Programa; 2002-2020 aldirako Garapen Jasangarrirako EAEko Ingurumen Estrategia; 2030erako Biodibertsitateko Eusko Jaurlaritzaren Estrategia; 2020rako Geodibertsitateko EAEko estrategia; 2050erako Klima-aldaketaren EAEko Estrategia, eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 2. artikuluan jasotako garapen jasangarriko printzipioak.

Hirurtekoka egingo dira jarduerak, 2028 urtearen denbora-horizontearekin. Hiru motakoak dira:

Obra nagusia:

– Azpiegitura berriak.

– Galtzadak bikoiztea.

– Dauden egituren ahalmena areagotzea.

– Sarbideak berrantolatzea eta kontrolatzea.

– Loturak eraikitzea eta berrantolatzea.

Egokitzea:

– Sarea egokitzea.

– Egungo sarearen bide-trazadura hobetzea eta plataforma handitzea.

– Sarbideak hobetzeko eta egokitzeko obrak.

– Bide geldoak eraikitzea.

– Sareko zeharbideak hobetzea.

Hiri-saihesbideak eraikitzea.

Errepideen Hirugarren Planaren sarea zertxobait luzeagoa da EAEko Errepideen Bigarren Planarena baino; izan ere, bigarren planak ez zituen kontuan hartu errepide jakin batzuk, esaterako, Bilboko Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarra, AP-8a eta AP-1a (Vitoria-Gasteiz-Irun autobidea, Eibartik).

Plan honetan jaso diren jarduketa batzuk EAEko Errepideen Bigarren Plan Orokorrean jada jasota zeuden; are gehiago, batzuen proiektuaren ingurumen-ebaluazioa eginda dago jada. Ingurumen-azterketa estrategikoaren arabera, hirugarren planean jasotako jarduera berriak hauek dira:

– N-622 Igorrerako loturetatik Etxabarri-Ibiñako loturetara, sarbideak berrantolatzea.

– N-622 Etxabarri-Ibiñako loturetatik A-3600era (Letonako lotura), sarbideak berrantolatzea.

– A-124 * Ibilbide-saihesbidearen hasiera/Ibilbide-saihesbidearen amaiera (Pagos de Leza).

– A1 A-1 eta A-2134 errepideen arteko erdi-lotura lotura oso bihurtzea.

– N-622 Igorreko lotura eta N-622 errepidearen erdiko tartea Etxebarri-Ibiñako loturara arte birmoldatzea.

– A-1/AP-1 AP-1 autobiaren Armiñongo loturatik abiatzen den adarraren eta A-1 Madril-Irun errepidearen arteko bat-egitea hobetzea.

– A-1/AP-1 A-1 Irun-Madril errepidearen eta AP-1 autobiderako Armiñongo sarbide-adarraren arteko bidebanatzea hobetzea.

– A-132 Azazetako zeharbidea, sarbide osagarria eskuineko aldean (Bolue-Unibertsitatea).

– Lamiako-Uribekosta ibaipekoa- Ballonti ardatza.

– BI-630 Bi-636-Malabrigo.

– N-636 Elorrio-Kanpazar.

– N-637 Kukularra-Enekuri (bide-korda kentzea).

– N-637 Gurutzetako lotura.

– N-637 Edukiera handitzea Errontegin.

– AP-8 AP-8rako sarbide berria / Eubako lotura.

– AP-8 Okangoko erdi-lotura.

– Boroa poligonoko lotura, 2020-2022.

– N-240 Usansolo-Bedia lotura.

– BI-630 Malabrigo-Traslaviña.

– BI-630 Traslaviña-Turtzioz.

– BI-630 la Escrita-Ambasaguas.

– N-634 El Casal-Las Carreras.

– N-634 El Gallo-Irubide.

– N-634 Etxebarrirako sarbideak.

– BI-633 Zubibarri-Iruzubieta.

– BI-636 Balmaseda.

– N-240 Elexondo-Barazar.

– N-636 Elorrio-Kanpazar (hirugarren erreia).

– N-634 Las Carrerasko saihesbidea.

– AP-8 Txenperenearen eta Irungo hegoaldeko errondaren arteko erdi-lotura.

– GI-20 Sarbide berriak (Illunbe, Marrutxipi, Zorroaga...)

– N-634 Sarbideak berrantolatzea Aginaga (Usurbil) eta Lasarte-Oria artean.

– GI-638 Bihurguneak zuzentzea eta hobetzea Deba eta Mutriku artean.

Aurreikusitako ondorioak:

Aipatu jardueretatik, hauek nabarmentzen dira ingurumen-eragina dela-eta:

– B25 jarduera, La Escrita-Ambasaguas: BI-630 errepidean, zati batzuek plataforma-gabetasunak dituzte, plataformaren eta errepidearen zabalera 7 eta 8 metro baino gutxiagokoa delako, baita erradio-gabetasunak ere, 50 metroko luzeran baino gehiagoan 130 metrotik beherako erradioa duten bideengatik. Bideak Armañongo KEBa eta Natura Parkea inguratzen ditu; horien muga errepide-ertza bera da. Ibilbidea iparrerantz aldatuz gero lehen 1.300 metrotan, Natura Sarean sartutako eremuak eta Natura Parkea zuzenean kalte ditzake. Habitatek nozituko dituzte eraginok, proposatzen den ibilbidearen arabera, elkarrengandik hurbil daudenez. Oso kontuz diseinatu behar dira ibilbideak eta sekzioak, ingurumenean txertatzea lehenetsita.

– B31 jarduera, Zubibarri-Iruzubieta: ezponda berriak egin beharko dira Artibai ibaiaren KBEan, baita ibai-gurutzaketak ere. Oraingo errepidea KBEarekiko paraleloa da, eta eremu horretako elementu gakoek arrisku handia dute eraginak nozitzeko. Oso kontuz diseinatu behar dira ibilbideak eta sekzioak, ingurumenean txertatzea lehenetsita.

Bistan denez, Errepideen Hirugarren Plan Orokorreko B25 eta B31 jarduera berriak naturagune babestuak (Natura 2000 Sarekoak) ukitzen dituzten eremuetan egin nahi dira: Armañon KBEa (ES2130001), Armañon Natura Parkea (ES213011) eta Artibai ibaia KBEa; gainera, planean jasotako gainerako jarduketen eraginak nozitu ditzakete naturaguneek, eta naturaguneok hala daude izendatuta, nazioarteko hitzarmenen eta akordioen arabera (naturagune babestuak, Ramsar hezeguneak, Euskal kostaldeko geoparkea, interes geologikoko lekuak eta Batasunaren intereseko habitatak). Halaber, kudeaketa-plan onartuak dituzten Batasunaren intereseko fauna-espezie batzuek eragina jasan dezakete euren habitatetan.

Era berean, jarduerak egin asmo dagoen gune batzuetan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten partzela inbentariatuak daude.

Kulturaren ikuspegitik, jarduketa-eremuan bada Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean jasotako elementurik. Errepide-zatietako batzuk elementu arkeologiko eta arkitektoniko batzuekiko paraleloak dira; hala, errepidea hobetzeko jarduerek horien kontserbazio-egoeran eragina izan dezakete.

Jarduketen eragin nagusiak egin beharreko proiektuen obra-fasekoak izango dira (azpiegiturak egokitzeagatik eta berriak eraikitzeagatik), eta funtzionamendu-fasekoak: hesi-efektua, uren gaineko eragina (lurrazalekoetan eta lurpekoetan), habitat naturalen eta beroietako espezieen gaineko eragina, lurzorua artifizialtzea, emisio atmosferikoak, paisaia-inpaktua, zaratak, kultura-ondareko elementuen gaineko eraginak, etab.

Errepide-zati batzuk dauden lurzorua Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Plan Sektorialean balio estrategiko handiko gisa katalogatuta dago.

Ingurumen-azterketa estrategikoan aztertu dira aipatu elementuon gaineko inpaktuak, oraingo ebaluazio-eskalan. Inpaktuok desagerrarazteko neurriak txertatu dira, eta, ezinezkoa denerako, minimizatzeko eta zuzentzeko neurriak. Alabaina, proiektuak zehazteko garaian, azkenean egingo diren jarduketen araberako neurriak finkatu ahalko dira.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2017ko uztailaren 11ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.

Ingurumen-organo honek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da EAEko Errepideen Hirugarren Plan Orokorraren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei. Edonola ere, ingurumen-organoarentzat interes berezikoa da planaren jarduera-ildoak lurraldearen batasuna xede izatea, fauna-igarobideak eraikiz eta egokituz. Hala, bat etorriko da EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen Berrikuspenaren proposamenekin.

C) EAEko Errepideen Bigarren Plan Orokorra izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

D) Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimendukoak, baita ebazpen honen arabera ere, hala nola egin beharreko proiektuei egindako edo egin beharko zaizkien ebaluazio-prozeduretan onartzen diren zehaztapenen arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere bai.

E) Ingurumen-jarraipenaren plana.

Ingurumen-azterketa estrategikoak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen du. Programa horren xedea da beharrezko zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla. Dena dela, interesgarria litzateke ingurumen-zaintzako programak adierazle hauek barne hartzea:

– Komunikazio- eta garraio-azpiegituretara bideratutako azalera-ehunekoa, udalerriaren azalera osotik.

– Lurzorua artifizialtzea: eraldatu behar den eremu berriaren azalera, azalera artifizialdu osotik.

– Habitat naturalek, erdi-naturalek eta naturalduek hartzen duten azaleraren ehunekoa.

– Kalitatean edo kontserbazio-egoeran hobera egin duten habitat naturalen azalera.

– Babes bereziko kategorian sartutako azalera.

– Kutsatuta egon daitezkeen eta erabilera berrietarako leheneratu diren lurzoruen azalera.

F) Planaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.

Planaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2017ko uztailaren 11n emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak. Besteak beste, natura-ingurunearen konektagarritasuna areagotu behar da, hala nola korridore ekologikoak, Naturagune Babestuen eta Natura 2000 Sarearen kontserbazioa eta Batasunaren intereseko habitatak errespetatzea bermatu, eta lehentasuna eman behar zaio kalteak prebenitzeari, konpentsatzeari beharrean. Gainera, paisaia-faktorea txertatu behar da egin nahi diren jarduketetan, eta ingurumen-balioen kontserbazioa, planean.

Horiek horrela, eta proiektuei egin beharko zaizkien ebaluazio-prozeduretan ebatz daitekeena gorabehera:

– Inola ere ez da gauzatuko Natura 2000 Sareko eremuen eta Naturagune Babestuen kontserbazio-helburuak betetzea arriskuan jar dezakeen proiekturik.

– Kontuan hartu beharko da espezie mehatxatuak kudeatzeko planetan faunari eta florari buruz xedatu dena.

– Kontuan hartu beharko da araudia, kasuan kasukoa, jabari publiko hidraulikoari, babes-eremuei eta uholdeguneei eragiten dieten planaren ondoriozko jarduketetan.

– Kontuan hartu beharko da 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldi-gune guztietan egon daitekeen eragina, ibilbideen eta proiektuen diseinua baldintzatu baitezake.

– Edonola ere, proposatzen diren jarduketak bateragarriak izan beharko dira uholde-arriskua kudeatzeko planetan jasotako zehaztapenekin.

– Kasuan kasuko neurriak hartu beharko dira, azpiegiturek eragindako zarata ahalik eta txikiena izateko.

– Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7 artikuluarekin bat, EAEko administrazio publikoak eta sektore publikoko erakundeek paisaia-integrazioko azterlana atxikiko diete beren eskumeneko obra-proiektuei edo jarduerei, paisaian eragin esanguratsua izan dezaketenean.

– Proiektua egikaritu ahal izateko materialak induskatu behar badira, indusketa-plan bat idatzi beharko da. Halaber, proiektua egikaritzean, obretako jardunbide egokien eskuliburua ezarri beharko da, eta honako hauek behar bezala egin beharko dira: lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa.

Halaber, EAEko Errepideen Hirugarren Plan Orokorra garatzeko proiektuak egiterakoan eragiten bazaio lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dagoen kokaleku bati, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako kasuren bat gertatzen bada.

Bigarrena.– EAEko Errepideen Hirugarren Plan Orokorra (2017-2028) onartzeko, bi urteko gehieneko epea ezartzen da, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 11.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala