Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2019ko urriaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4474

AGINDUA, 2019ko irailaren 10ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira elkarte eta kooperatibei zuzendutako laguntzak eta laguntza horien deialdia egiten, EAEko ikasleen mugikortasun aktiboa sustatzera bideratutako parte hartzeko proiektuak garatzeko 2019-2020 ikasturtean zehar.

Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, EAEko aginte publikoei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozioekonomikoan diharduten sektore guztietan, honako helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio kaltegarrien eragina deuseztatzea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Zehatzago, artikulu horren bigarren apartatuak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasun-arloko esparru instituzionala zaintzea EAEn, gomendioak emanez edo neurriak hartuz, sektore politiko guztietan osasuna aintzat har dezaten, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintza positiboen diseinua bultzatuz, ekintza sanitarioen osagarri, biztanleen osasun-maila etengabe hobetzeko.

Aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du osasun-arloko euskal administrazioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo guztiak, bakoitza dagokion sektoreko ikuspuntutik, elkar hartuta arituko direla osasun-hezkuntzaren eremuan sistematikoki gauza ditzaketen ekintzetan, funtsezkoak baitira pertsona bakoitzaren eta komunitatearen osasuna hobetzeko.

Agindu honen xedea da, beraz, osasuna sustatzea tokian tokiko jarduketetan eta osasun-arlokoak ez diren gainerako eremuetan. Ekimen hau zeharo loturik dago Europar Batasunak gomendaturiko «Osasuna politika guztietan» estrategiarekin, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Determinatzaile Sozialen gainean Batzordeak egindako txostenarekin ere. «Osasuna politika guztietan» estrategiaren oinarrian egiaztapen hau dago: osasunean eragiten duten faktoreak, funtsean, osasun-sektorearen eragin-eremutik kanpo daude.

Jarduera fisikoa sustatzeko Torontoko Gutunak dio, argi eta garbi, ohiko jarduera fisikoak mesede egiten diola osasunari, gaixotasunak prebenitzen dituela, gizarte-harremanak eta bizi-kalitatea hobetzen dituela, onura ekonomikoak ekartzen dituela eta ingurumenaren iraunkortasunari laguntzen diola.

2013-2020 Osasun Planaren helburuetako bat da herritarren artean jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa prebenitzea, EAEn jarduera fisikoaren sustapenerako Mugiment proiektuan zehaztutako jarraibideen eta estrategien arabera.

Osasuneko sailburuaren 2019ko martxoaren 5eko Aginduaren bidez onartu zen Osasun Sailaren 2019ko dirulaguntzen plan estrategikoa, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratu zen. Plan horretan, I. eranskineko 3.1.4 epigrafean, honako hau jasotzen da: «Elkarte eta kooperatibei zuzendutako laguntzak, ikasleen artean mugikortasun aktiboa sustatzera bideratutako ekintzak gara ditzaten».

Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 2ko 5/2017 Legean, 2019ko luzapenean, laguntza hauetarako aurrekontu-kreditua jasotzen da.

EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako guraso-elkarteen eta irakaskuntza-kooperatiben helburuetako bat da ikasleentzako heziketa-jarduera osagarriak abiaraztea; ildo horretan, jarduera fisikoa sustatzeko proiektuak gauzatzeko eta sedentarismoa murrizteko.

Ikasleak kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitu ahal izatea eta espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzea da eskola-bideei buruzko proiektuen xedea.

Ikastetxeetako jolastokiak eraldatzeko proiektuek ikasleen jolas-aukerak handitzen dituzte, eta mugimendua eta jarduera fisikoa bultzatzen eta berdintasunean eta aniztasunaren errespetuan oinarritutako kalitatezko harremanak eta esperientziak sustatzen.

Jarduera fisikoa familian egiteak, familia-harremanak sendotzeaz gain, ongizatearen estimulu positiboak dakartza, eta, horren eraginez, jarduera fisikoa egitea ondo sentitzearekin lotuko dute haurrek etorkizunean.

Eskola-giroan jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa murriztea tresna eraginkorra izan daiteke herritarrak txiki-txikitatik kontzientziatzeko jarduera fisikoak osasunari dakarkion onuraz. Osasun fisikoari dakarkion onuraz gain, eskola-adinean jarduera fisikoa egiteak memoria eta ikasleen errendimendu akademikoa hobetzen ditu, eta ongizate psikikoari eta pertsona arteko harremanei mesede egiten die.

Deialdi honen zein beraren ebazpen- eta izapidetze-jardueren esparru juridikoa bat dator honako xedapen hauek ezarritakoarekin: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, eta 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Deialdi honen laguntzek ez dute lehia faltsutzen edota faltsutzeko arriskurik eragiten. Hortaz, bateragarriak dira barne-merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan xedatuarekin bat etorriz.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren esparrua eta xedea.

1.– Agindu honen xedea da laguntza ekonomikoak iragartzea EAEko elkarte eta kooperatibek jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako parte hartzeko proiektuak garatzeko 2019-2020 ikasturtean zehar, ikasleen osasuna eta autonomia hobetzeko.

2.– Laguntza horien helburua da proiektu hauek finantzatzea 2019ko uztailaren 1etik 2020ko ekainaren 30era:

a) Parte hartzeko proiektuak garatzea eskola-bideak sortu eta dinamizatzeko, hiri-espazioek mugikortasun aktibo eta segururako eskaintzen dituzten aukerak baliatuz.

Eskola-bidetzat joko dira ibilbide zehatz eta finkoak, aurrez ezarriak eta markatuak, eskola-umeek erabil ditzaketenak ikastetxeetako joan-etorriak modu aktiboan (oinez, gurpil-oholez, bizikletaz eta abar), seguruan eta autonomoan egiteko, eta, hala, espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzeko.

b) Ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzera eta/edo, ikaskuntza, jolasa, mugimendua eta kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko gune inklusiboetan eraldatzera bideratutako parte hartzeko proiektuak garatzea, eskola-orduetan zein horietatik kanpo erabiltzeko, betiere oinarritzat harturik berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua (kultura, etnia, adina, sexua, aniztasun funtzionala, eta abar) eta ikasleei eta haien familien interesei eta beharrizanei egokituak.

Proiektu horiek beharko dute:

1) Ikastetxeko ikasle guztien jolas-aukerak, jarduera fisikoa eta elkarbizitza handitu.

2) Neskek jarduera fisikoa egitea berariaz sustatu, jarduera ezaren ratioa handiagoa baita kolektibo horretan.

3) Mugimendua eta jolas aktiboa sustatu ikasle helduenen edo bigarren hezkuntzako ikasleen artean, adin-tarte horretako sedentarismorako joera saiheste aldera.

c) Jarduera fisikoa familian egitea bultzatzera bideratutako jarduerak sustatu, hala nola mendi- edo bizikleta-irteerak, ibilaldiak irristailuetan edo familian egiteko jolas-jarduerak, besteak beste.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak:

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak izango dira ikasleen guraso-elkarteak, ikasle-elkarteak eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko Ikastetxeen Irakaskuntza Kooperatiben titularrak, zeinek honako betekizun hauek izango baitituzte:

a) Legez eratuta egotea eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribatuta.

b) Irabazi-asmorik gabeak izatea.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta edukitzea.

d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

e) Zehapen administratibo edo penala izateagatik dirulaguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten elkarteek ezin izango dute deialdian parte hartu epai edo ebazpen irmoak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako gaitasungabetzen dituen legezko debekuren bat duten entitateek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barnean direla.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatzen diren beste edozein eskakizun, erakundearen izaera juridikoaren arabera aplika daitezkeenak.

3. artikulua.– Dirulaguntzaren aurrekontu-zuzkidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.

1.– 1. artikuluan adierazitako jardueretarako guztizko aurrekontu-zuzkidura laurogeita hamalau mila eurokoa (94.000) izango da.

2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira 1. artikuluan ezarritako jarduerak gauzatzearen ondorio zuzenak diren gastu arruntak, betiere 2019ko uztailaren 1etik 2020ko ekainaren 30era bitartean sortu badira (bi egun horiek barne) eta justifikazio-aldia amaitu baino lehen ordaindu badira. Hauek sartzen dira diruz lagundu daitezkeen gastuen artean:

a) Proiektua dinamizatu, koordinatu eta egikaritzea.

b) Parte hartzeko prozesuak dinamizatzea prozesuko protagonisten artean (ikasleak, irakasleak, irakaslez besteko ikastetxeko langileak, familiak, eta abar) egungo egoerari, diseinuari eta proiektuaren garapenari buruzko gogoeta-faseetan.

c) Hasierako egoeraren analisia:

1) mugikortasuna ikastetxearen ingurunean eskola-bideen kasuan.

2) espazio fisikoa eta haren erabilera, baldin eta ikastetxeetako jolastokiak eraldatzen badira.

3) familien jarduera fisikoaren mailak eta sedentarismoa eta haien beharrizanak eta lehentasunak, jarduerak familian egitea sustatzen bada.

d) Espazioak egokitzea.

e) Behar den materiala eskuratzea.

f) Agindu honen xedearekin zerikusia duten eta ikasleen eta haien familien artean jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako hitzaldiak, tailerrak edo bestelako jarduerak antolatzea.

2.– Elkartearen edo kooperatibaren ekarpen propio eta diruz ez-lagungarritzat hartuko da langile boluntarioen lanaren balioespena; orduko 20 euroko gehieneko muga ezartzen da. Proiektuaren helburuak lortzeko, elkartearen edo kooperatibaren inguruan dabiltzan pertsonek musu-truk egindako lana da langile boluntarioen lanaren balioespena.

3.– Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Banku-kontuen interes zordunak; finantza-gastuak; inbertsio-gastuak; administrazio-lizentziak; errekarguak, eta administrazio- eta zigor-zehapenak, honako hauek barne direla: ordainketetan berandutzearen ondoriozko zehapenak; zerga, tributu eta tasak edo Gizarte Segurantzako kuotak ez ordaintzearen ondoriozkoak, eta prozedura judizialen eta gatazkak borondatez konpontzeko bestelako prozeduren gastuak.

b) Jarduera hauen ondoriozkoak:

1) Kirol-ekitaldiak, kulturalak edo aisialdikoak.

2) Une jakin bateko jarduerak egitea soilik xede duten jarduketak edo ez direnak sartzen osasuna sustatzeko proiektu batean (adibidez:....ren eguna,...ren astea,...ren jardunaldia).

3) Ikastetxeetako urteko programazioan barne hartutako ohiko jarduerak.

4.– Artikulu honetan zehaztu gabeko gaietarako, oinarrizko legedi gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 83. artikuluan xedatua aplikatuko da.

5. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak ematea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek –Espainiakoek, Europar Batasunekoek edo nazioartekoek– xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta, bakarka hartuta edo batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada (gainfinantzaketa). Halakorik gertatuz gero, dagokion gehieneko mugara arte (zeina jardueraren kostuak zehaztuko baitu) gutxituko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitezkeen gastuen ehuneko ehunera iritsi daiteke, eta aurkezturiko proiektu bakoitzeko 6.000 eurokoa izango da, gehienez ere.

Proiektu bakoitzari dagozkion kopuruak esleitu, eta ez bada zehaztutako aurrekontu osoa erabiltzera iristen, proiektu bakoitzaren gehieneko dirulaguntza handituko da, deialdi honen 3.1 artikuluan zehaztutako aurrekontu osoa esleitu arte.

7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentuak.

Proiektu bakoitzeko, eskabide telematikoa bete beharko da –eredua I. eranskinean zehazten da argibideetarako, eta eskuragarri dago 21.4 artikuluan adierazten den zuzeneko sarbidean–, eta, gainera, honako dokumentu hauek aurkeztu:

1.– Dirulaguntza zer jardueratarako eskatu den, hari buruzko memoria, agindu honetan II. eranskin modura agertzen den eredua erabiliz. Eranskin hori eskuragarri dago euskadi.net webguneko egoitza elektronikoan (agindu honen 21. artikulua, izapideak elektronikoki egiteari buruzkoa).

2.– Administrazio-erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria:

Ikasleen guraso elkarteen eta ikasleen elkarteen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Bazkunen Errolda Nagusian inskribatuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.

Irakaskuntza-kooperatiben kasuan, EAEko Kooperatiben Erregistroan irakaskuntzako kooperatiba bezala inskribatuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.

3.– Bilera-aktaren kopia soila, deialdi honetan parte hartzeko erabakia jasotzen duena.

4.– Proiektua beste toki-erakunderen edo erkidegoko beste agenteren batekin koordinatuta egiten bada, inplikaturiko agente guztiek izenpeturiko dokumentua, akordioa egiaztatzen duena.

5.– Finantzaketaren xede izango litzatekeen jarduera hobeki ezagutzeko beharrezko den dokumentu osagarri oro.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Eskabide bat aurkeztu behar da proiektu bakoitzeko, eta proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du elkarte edo kooperatiba bakoitzak.

3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, agindu honen 21. artikuluan adierazitako euskadi.eus egoitza elektronikoa erabiliz.

4.– I dentifikazio elektroniko aitortua duten erakundeen ordezkariek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, agindu honen 21.3 artikuluan xedatuari jarraituz, baldintza hauek betez gero:

a) Ordezkariak, baldin eta erakundeen ordezkarientzako ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu bada, ez du egiaztatzeko inolako izapiderik egin behar.

b) Pertsona fisikoentzako ziurtagiri baten bidez identifikatu bada, ordea, ordezkaritza egiaztatu beharra dauka ordezkarien erregistro elektronikoan, agindu honen 21.2 artikuluan adierazitakoari jarraituz.

5.– Elkarte edo kooperatiba eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta hari atxikitako dokumentazioa. Orobat, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Eskabidean oinarri hauetako eskakizunak betetzen ez badira, osorik ez badago edo akatsik badauka, eskatzaileari errekerimendua egingo zaio, eta hamar eguneko epea eman, gabezia zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, aurretik Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena emanda.

Eskabidea era presentzialean aurkezten bada, ezarritako bide elektronikoak erabili gabe, elektronikoki ere aurkeztuta zuzentzeko eskatuko zaio interesdunari. Horretarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

10. artikulua.– Datuak eta betekizunak egiaztatzea.

1.– Organo kudeatzaileak, dagokion administrazio publikoan, identitate-datuak kontsultatuko edo bilduko ditu, eta eskakizunak betetzen direla egiaztatuko. Kontsulta horiei berariaz uko egiten zaiela jaso daiteke eskabidean. Ez badu baimenik ematen, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez.

2.– Tratamendu horretatik salbuetsita daude 7. artikuluaren d) eta e) letretan adierazten diren dokumentuen bidez egiaztatzekoak diren betekizun eta baldintzak; dokumentu horiek eskabidearekin batera aurkeztu behar ditu erakundeak.

3.– Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen, beharrezko diren egiaztapenak egingo dira.

4.– Erantzukizunpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

Halaber, egoera horren berri ematen duen Administrazio Publikoaren ebazpenak zehaztu dezake erakunde interesdunak dirulaguntzaren zenbatekoa itzuli egin behar duela, hala badagokio, baita denbora-tarte jakin batean helburu bererako beste prozedura bat ezin duela abian jarri ere; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoarekin bat eginez.

11. artikulua.– Eskabideak balioztatzeko irizpideak.

1.– Dirulaguntzak irizpide hauetan oinarrituta esleituko dira, kasu bakoitzean zehaztuko den haztapenaren arabera:

a) Diseinuaren kalitate teknikoa. 35 puntu, gehienez.

1) Proposatutako jardueraren justifikazioa, zer egoeratan eragin asmo duen identifikatuta eta deskribatuta. 5 puntu, gehienez.

2) Xede zehatzak eta aginduaren helburuarekin lotutakoak. 10 puntu, gehienez.

3) Jarduera garatzeko faseen deskribapena. 10 puntu, gehienez.

4) Jarduera ebaluatzeko proposamena. 10 puntu, gehienez.

b) Beste erakunde edo talde batzuekin –ikastetxekoak nahiz udalerrikoak– koordinazioan aritzea; proiektuan jardungo dutela baieztatu behar da. 20 puntu, gehienez.

1) Irakasleak. 5 puntu, gehienez.

2) Ikasleak. 5 puntu, gehienez.

3) Udala. 5 puntu, gehienez.

4) Auzo-elkarteak edo bestelakoak. 5 puntu, gehienez.

c) Jardueraren helburu diren pertsonen kopurua, ikastetxeko ikasle guztien kopurua erreferentziatzat hartuta 10 puntu, gehienez.

1) % 0-50. 5 puntu.

2) % 50-100. 10 puntu.

d) Jarduera fisikoari eta sedentarismoa murrizteari loturiko zeharkako edukiak txertatzea ikastetxearen prestakuntza-programetan (jokabide osasungarriak, jasangarriak eta seguruak). 5 puntu, gehienez.

e) Desberdintasunetan arreta berezia jartzea (sozioekonomikoak, generoari eta jatorriari dagozkienak, funtzionalak edo bestelakoak). 20 puntu, gehienez.

1) Atzerriko naziotasuna duten ikasleak % 20 baino gehiago izatea: 5 puntu.

2) MEDEA indizea 4 edo 5 duen eremuan dagoen ikastetxea: 5 puntu.

3) Neskak jarduera fisikoan inplikatzea eta jarduera gehiago egitea ardatz duen proiektua: 5 puntu.

4) Aniztasun funtzionala edo bestelakoa duten ikasleak jarduera fisikoan inplikatzea eta jarduera gehiago egitea ardatz duen proiektua: 5 puntu.

f) Ikasleen parte-hartzea proiektuan. 10 puntu, gehienez.

1) Proiektua diseinatzeko fasean. 4 puntu.

2) Proiektua ezartzeko fasean. 4 puntu.

3) Proiektua ebaluatzeko fasean. 2 puntu.

2.– Dirulaguntza emateko ezinbestekoa izango da a) irizpideari dagokion atalean 15 puntu izatea gutxienez, eta guztira 50 puntu izatea gutxienez.

12. artikulua.– Eskabideak balioestea, eta dirulaguntzak emateko eta zenbatekoak finkatzeko prozedura.

1.– Balioespen-batzordeari dagozkio eskabideak balioesteko, dirulaguntzen banakako zenbatekoak zehazteko eta Osasuneko sailburuordeari horiek ematea proposatzeko egitekoak. Balioespen-batzorde horren jarduerek artikulu honen 3. apartatuan xedatua bete beharko dute.

2.– Balioespen-batzordeak kide hauek izango ditu: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Juanjo Aurrekoetxea Agirre), zeinak batzordeburu jardungo baitu, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan dituen zuzendariordeak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck, Elena Albisua Cortazar, Juan Carlos Fernández Crespo); horietako batek idazkari-lanak egingo ditu.

3.– Honako hau da eskabideak balioesteko eta zenbatekoak zehazteko prozedura:

a) Garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabide bakoitzari puntuazio bat esleituko zaio, 11.1 artikuluan ezarritako irizpideen eta haztapenen arabera.

b) 11.2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioak lortzen dituzten eskabideak handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera.

c) Banakako zenbatekoa zehazteko, ordena hori, 6. artikuluan aurreikusitako mugak eta eskatutako aurrekontu diruz lagungarriaren zenbatekoa hartuko dira kontuan, 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

4.– Zenbatekoak zehaztu ostean, balioespen-batzordeak Osasuneko sailburuordeari bidaliko dio dirulaguntzak emateko proposamena. Proposamen horretan, hauek zehaztu beharko dira banakako proposamen bakoitzari dagokionez:

a) Emateko proposamena: erakunde onuradunaren nortasuna, diruz lagundutako proiektua eta zenbatekoa.

b) Ez emateko proposamena: erakunde eskatzailearen nortasuna, proiektuaren izena eta dirulaguntza ez emateko arrazoia.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira haren ebazpenean. Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, Balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta.

2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zein diren elkarte edo kooperatiba onuradunak eta guztira zenbateko dirulaguntza emango zaion horietako bakoitzari. Eskabide ukatuen kasuan, ukatze horren zergatiak ere adierazi beharko dira.

3.– Prozedura ebatzi eta ebazpena elkarte edo kooperatiba interesdunei jakinarazteko epea gehienez ere sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, elkarte edo kooperatiba interesdunek dirulaguntza eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaie elkarte eta kooperatibei.

5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak elkarte edo kooperatibei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko erakundeek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.

14. artikulua.– Laguntza justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako jarduera benetan burutu dela justifikatzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatu izanaren deskribapen-memoria, euskadi.net egoitza elektronikoko III. eranskinean jasotakoa. Haurren egoeran duen eragina ezagutzeko, informazioa sexuaren arabera bereizita emango da memoria horretan, hala badagokio, betiere.

b) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, eta, baldin eta beste dirulaguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik eskuratu bada, hala adieraztea.

c) Faktura edo baliozko beste ordainketa-egiaztagiri batzuen kopia soilak, erakunde eskatzailearen ordezkariak sinatuak. Dokumentu horiek egiaztatu behar dute justifikatzeko aldia amaitu baino lehen benetan ordaindu dela eta haren xede den proiektua benetan gauzatu dela.

d) Proiektua egin dela argi eta garbi uzten duten dokumentu grafiko osagarriak.

e) Erakunde onuradunak boluntarioen lana balioztatzeko egindako ekarpen propioa justifikatu behar izanez gero, erakundearen legezko ordezkariak izenpetutako ziurtagiriaren kopia, honako hauek jasota: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NAN zk.); ordu-kopurua; kostua orduko; guztizko zenbatekoa, eta boluntarioaren sinadura.

2.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek dirulaguntza jaso duten jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Hauek izango dira behar bezala justifikatutako gastuak:

a) Erakunde onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak.

b) Banku-zordunketako ordainagirien bidez justifikatuak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).

c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatuak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).

d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, erakunde onuradunak idatzi bat egingo du, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.

e) Langile boluntarioak izanez gero, boluntarioen asegurua diruz laguntzeko moduko gastutzat har daiteke, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntza jaso duten eta boluntarioen laguntza izan duten jardueretan. Finantzatu beharreko boluntarioaren aseguruak bi poliza izan behar ditu nahitaez: bata, istripuena, eta bestea, erantzukizun zibilarena. Azken poliza horretan, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, eta aseguruaren urte osoko kuota ordainduko zaie polizako boluntario guztiei. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute, gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona-kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.

3.– Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira, eta 2019ko uztailaren 1etik 2020ko ekainaren 30era artean egin badira, betiere.

4.– Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2020ko uztailaren 17an amaituko da, eta egun hori izango da agiri horiek onartzeko azkena.

5.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, izapidetze elektronikoari buruzko 21. artikuluan azaltzen den moduan.

6.– Artikulu honetan zehaztu gabeko kontuetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatua aplikatuko da.

15. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetan akatsak daudela edo datuak falta direla, elkarte edo kooperatiba onuradunari hamar egun naturaleko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, akatsa zuzendu edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan. Ez badu garaiz eta behar bezala betetzen errekerimendu hori, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Honela ordainduko dira dirulaguntzak:

a) % 70: laguntza ematea erabaki ondoren, ebazpena onartu eta argitaratu, eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.a) artikuluan xedatutako epean.

b) Gainerako % 30a, 2020an, diruz lagundutako proiektua egin eta gero eta diruz lagundutako proiektua egin dela justifikatu eta gero eta proiektu horren guztizko gastua zein izan den, 14. artikuluan xedatuari jarraituz.

2.– Organo kudeatzaileak, ordainketa bakoitza egin aurretik, egiaztatuko du erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela, eta ez dela dirulaguntzen arloko zordun dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk alde batera utzi gabe, eta, batez ere, ezertan galarazi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluek xedatua, honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren elkarteek edo kooperatibek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Laguntza onartutzat joko da baldin eta elkarte eta kooperatiba onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten dirulaguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta hamabost eguneko epean.

2.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzea, eta jasotako laguntza guztia horretara bideratzea.

3.– Eskatu eta kontuan hartu den eskakizunen batean aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak ematean, horren berri ematea, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

4.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

5.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren aurrean justifikatu beharko dute dirulaguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela, bai eta jarduera egin dutela ere.

6.– Osasun Sailari lagunduko diote jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, jarraipena egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende jarriko dira: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

7.– Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzeko dokumentuak bost urtez gordetzea, bai eta dokumentu elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.

8.– Osasun Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute egiten diren dokumentu eta publizitate guztietan. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera txertatuko da: http://bit.ly/2m1P9u0

9.– Aurkeztutako dokumentazioaren informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea mugagabe ematea Osasun Sailari, dohainik eta era ez-esklusiboan, eta argitaratzeko moduko formatuan, Osasun Sailaren informazio-sisteman sartu eta erabiltzeko, eta bai zabaldu eta/edo argitaratzeko ere formatu bibliografiko, ikus-entzunezko, informatiko edota teknika erabiltzen uzten duen edozein bide baliatuz.

10.– Erakunde eskatzailearen eta haren jardueren publizitatea komunitatearen baliabide gisa egitea Euskadi Aktiboa plataformaren bitartez, http://bit.ly/2JWNHDp web orrian.

11.– Eusko Legebiltzarraren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Benetako Berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako printzipioak eta betebeharrak betetzea.

18. artikulua.– Dirulaguntzen baldintzak aldatzea.

Dirulaguntzak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, ebazpen horretan, esleitutako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira. Horiek emateko, honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:

a) Gastuen justifikazioa dirulaguntzarako aurkeztutako eta aintzat hartutako aurrekontua baino baxuagoa bada, % 50 edo gutxiagoko aldearekin, eta hasieratik aurreikusi diren helburu guztiak lortu baldin badira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da proportzio beraren arabera eta dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez.

b) Aurkeztutako aurrekontuarekiko % 50 baino gehiagoko aldea baldin badago, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da. eta. hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, dirulaguntzen arloan dagozkion berandutze-interesak gehituta.

Bi kasuetan, soberan jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira entitate onuradunak, 22. artikuluan xedatuaren arabera.

19. artikulua.– Dirulaguntza jaso duen jardueraren jarraipena.

Komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratu, ikuskatu eta egiaztatuko ditu Osasun Sailak, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.

20. artikulua.– Datuen babesa.

Jakinarazten da «Laguntzen onuradun diren erakundeak» deritzon tratamendurako erabiliko direla izaera pertsonaleko datuak, xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak. Sartutako datu pertsonalak agindu honen xede den laguntzen deialdia kudeatzeko bakarrik erabiliko dira; EAEko elkarte eta kooperatibentzako laguntza ekonomikoak iragartzea jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako parte hartzeko proiektuak gara ditzaten 2019-2020 ikasturtean, ikasleen osasuna eta autonomia hobetzeko. Osasun Publikoaren Zuzendaritza izango da tratamendu honen arduraduna, eta, haren aurrean edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Datuak babesteko ordezkariaren aurrean, datuen gaineko eskubide hauek erabili ahal izango dira: irispidea izatea, zuzentzea, ezereztea, eramangarritasuna, mugatzea, aurka egitea eta errebokatzea, baita aplikatzekoa den araudian aurreikusitako beste eskubide oro ere. Tratamendua nahitaezkoa da interes publikoa betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak gauzatzeko (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko azaroaren 11ko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretua).

Datuak ez zaizkie hirugarrenei lagako, salbu legezko betebeharra bada, eta ez dira hirugarren herrialdeetara transferituko. Web-orrialde honetan kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: (http://www.euskadi.eus/dbao/0088611).

21. artikulua.– Tramitazio elektronikoa.

1.– Elkarte edo kooperatiba interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Ordezkarien erregistro elektronikoari buruzko informazioa eskuragarri dago euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan: http://bit.ly/2QfGC1H

3.– Elkarte edo kooperatibak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honetan: http://bit.ly/2HxO8CA

4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eta agindu honetan agertzen diren eranskinak euskadi.eus-eko honako egoitza elektroniko honetan daude: http://bit.ly/2lYqK8V

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honen bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

22. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak eman dioten laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak –dirulaguntzei aplikatzen zaizkienak– itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Azken lege hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da.

3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli egin beharko da emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera– proiektuaren kostua gainditzen duenean. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dirulaguntzen arloan dagozkion berandutze-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.

4.– Era berean, itzulketa egin beharko da baldintzak aldatzen badira, era honetan: gastuen justifikazioa aurkeztutako aurrekontua baino baxuagoa bada, 18. artikuluan adierazten den bezala.

Artikulu horretako a) atalean aipatzen den kasuan, laguntzaren zenbatekoari dagokionez soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, laguntzaren aldaketa-ebazpenaren arabera. Deialdiko 11. artikuluan jasotzen diren eskabideak balioesteko irizpideei jarraituz bideratuko da azken hori.

b) atalean aipatzen den kasuan, itzulketa erabatekoa izango da, hau da, osorik itzuli beharko dira jasotako zenbatekoa edo zenbatekoak.

5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezko prozesuko izapideak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da, zeinetan arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen.

6.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Honako xedapen hauen mende egongo dira agindu honen bidez iragarritako deialdia eta hura garatzeko jarduketak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan xedatua aplikatuko zaie.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 10a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.

I. ERANSKINA
IKASLEEN MUGIKORTASUN AKTIBOA SUSTATZEKO LAGUNTZAK ESKATZEKO FORMULARIO-EREDUA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
IKASLEEN MUGIKORTASUN AKTIBOA SUSTATZEKO PROIEKTUAREN AZALPEN MEMORIA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
IKASLEEN MUGIKORTASUN AKTIBOA SUSTATZEKO PROIEKTUA GAUZATU DELA JUSTIFIKATZEKO MEMORIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana