Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

184. zk., 2019ko irailaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4411

AGINDUA, 2019ko irailaren 12koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez zehazten baita zer unitate itunduko diren Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hezkuntza berezi irekian, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuetan eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan, 2019-2020 ikasturtean.

Hezkuntzako sailburuaren 2019ko ekainaren 12ko Aginduaren bidez, dei egiten zaie itunpeko ikastetxe pribatuei zehaztu ditzaten zer unitate itundu behar diren Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berezi irekian, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuetan eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan, 2019-2020 ikasturtean.

Ikastetxeek aurkeztutako eskabideak aztertu eta irakaskuntza ezberdinetan proposamenak egin ostean, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Onartzea 2019-2020 ikasturtean zer unitate itunduko diren, irakaskuntza bakoitzean, honako hauek zehaztuta: zenbatekoa, unitate-kopurua, hizkuntza-eredua eta itun-araubidea (ikus agindu honen eranskina).

2. artikulua.– Hezkuntza-itunen Araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren 32. eta 33. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, itun osoak direnez, ikastetxeek ez dute diru-kopururik jasotzerik izango ikasleengandik, irakaskuntza dela-eta.

3. artikulua.– Eranskinean jasotzen diren zenbatekoak kalkulatzeko, oinarritzat hartu da otsailaren 14ko 3/2019 Legea, 2019ko ekitaldirako hezkuntza-arloko presako aurrekontu-neurriei buruzkoa.

2020. urteko lehenengo bi lauhilekoei dagokienez, 2020ko ekitaldiko Aurrekontuen Legeak ezartzen dituen ekonomia-moduluak aplikatzearen ondorioz egin beharreko doikuntzak egingo dira, garaia heltzen denean.

Agindu honetan agertzen diren diru-zenbatekoak gehienekoak dira, eta barnean hartzen dituzte irakasleen eta gainerako langileen gastuak.

Goragoko paragrafoan ezarritakoa hala bada ere, ordainketa eskuordetuaren sistemak eragiten dien mailetan, honako honen arabera ordainduko zaie antzinatasuna inoren kontura lan egiten duten langileei: ikastetxean irakasle bakoitzak duen antzinatasunaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete EAEko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 12a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala