Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

184. zk., 2019ko irailaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4409

EBAZPENA, 2019ko abuztuaren 28koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Leioako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa eta ingurumen-txosten estrategikoaren irismen-dokumentua 36. Santi Mami sektorerako.

AURREKARIAK

2019ko otsailaren 25ean, Leioako Udalak eskabidea bete zuen 36. Santi Mami sektorean Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aldaketa puntual bat egiteari (aurrerantzean, aldaketa puntuala) dagokion ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerari atxiki zitzaizkion aldaketa puntualaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan eskatutakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki ikusten zituzten oharrak egiteko, ingurumen-organo horrek, ohar haiek oinarritzat hartuta, ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, IHOBEri, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Nekazaritza Zuzendaritza Nagusiari, Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Zuzendaritzari eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari, Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzkizaleak elkarteari.

Era berean, Leioako Udalari izapidea hasiko zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, IHOBEren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostena jaso da. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Zuzendaritzaren bi erantzun jaso dira: bata, Ingurumen Iraunkortasunerako Atalarena eta bestea, Eskaria Kudeatzeko Atalarena. Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritza Nagusiak, halaber, bi erantzun bidali ditu: bata, Landare Ekoizpenaren Atalarena eta bestea, Ehiza Fauna eta Arrantza Kudeatzeko Zerbitzuarena. Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza Nagusiaren erantzuna ere jaso da; espedientean dago horren emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, hauxe da ingurumen-ebaluazioaren xedea: ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, ingurumenaren babes-maila handia bermatuta, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Halaber, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko Lege Orokorraren (3/1998, otsailaren 27koa) 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek modu egokian bermatu beharko dute, besteak beste, helburu hau betetzen dela: hautabide egokienak hautatu ahal izateko, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginei buruzko analisia, betiere kontuan izanik jardueren ondoriozko eragin metatzaile eta sinergikoak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuetan sartzen da aldaketa puntuala; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Aztertuta geratu dira aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazioaren dokumentazio teknikoa eta espedienteko txostenak, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Leioako Udalak sustatutako «36. Santi Mami sektorearen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualari» buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Aldaketa puntualaren helburua da indarrean dagoen Leioako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko (aurrerantzean, HAPO) «36. Santi Mami sektorearen» antolamendu xehatuaren hirigintza-parametro batzuk aldatzea. Lurzoru urbanizagarriko eremu horrek 197.420 m2-ko azalera du eta Leioako udalerriaren hego-ekialdeko muturrean dago kokatuta, BI-637 errepidearen eskuinaldean, La Avanzada izenez ere ezagutzen dena. Zehazki, honako hauek dira planaren aldaketaren helburuak:

– Eremu horretan dagoen bizitegi-erabilera finkatzea (dentsitate txikiko 18 etxebizitza), indarreko HAPOk debekatutzat jotzen baitu erabilera hori sektore horretan. Horrenbestez, finkatutako hiri-lurzoruko etenkako eremu bat ezarriko litzateke sektorean eta auzokoek beren etxebizitzak mantendu ahal izango lituzkete.

– Gainerakoan, hirugarren sektorerako industria-lurzoru urbanizagarria ezartzea eta finkatzea, orain dauden erabilerak barne hartuko dituena (biltegiak, auto-kontzesionarioa, aparkalekuak, eraikuntza-materialak biltegiratzeko orubea...), eta aldi berean, indarreko HAPOren hirigintza-parametroak aldatzea, eremua osatzen duten hirugarren sektoreko hiru lurzatien gehieneko okupazioa areagotzeko. Indarrean dagoen HAPOk gehienez lurzatiaren azaleraren % 30 okupatu ahal dela ezartzen du. Planaren aldaketak azaleraren gehieneko okupazioa % 75era areagotuko du, modu horretan, hirugarren sektoreko lurzatiek aukera izan dezaten planta bakar batean guztiz garatzeko. Erabilera hauek onartzen dira: merkataritzakoa, bulegoak, biltegiak, ekipamenduak, komunikazioak eta azpiegiturak eta espazio libreak.

Aldaketa puntualak, halaber, bide-sistema definitzen du (orokorra eta tokikoa), bai eta erabilera publikoko espazio libreen sistema eta ekipamenduko sistema orokorra ere.

Eremuaren ezaugarri nagusiak.

Aldaketa puntualaren xedeko eremua lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatuta dago indarreko HAPOn. Leioako udal-barrutiaren hego-ekialdean 197.420 m2-ko azalera hartzen du eta udalerriko bizitegi-erabilerako hiri-lurzoruaren ondoan dago. Gaur egun, urbanizatutako gainazalak (etxebizitza isolatu batzuekin, pabiloiekin eta aparkalekuak, materialen biltegiak eta gasolindegi bat bezalako beste azalera batzuekin) eta artifizializatu gabeko gainazalak daude eremu horretan. Azken horietan hauxe aurki daiteke: belardiak (kasu batzuetan, altitude baxuko sega-belardi pobreak, interes komunitarioko 6510 habitata), kultiboak, sastrakak (txilardia, otadia, irasail atlantiarra, arantzaldia/ lahardia) ortu txikiak, Brachypodium pinnatum albitz-belardiak eta hostozabalen unada batzuk, fase gazte edo degradatuko harizti baso misto atlantikoekin eta tamaina handiko haritz ale batzuekin. Eremuaren urbanizazio-prozesuaren bilakaeraren erakusle dira lurzati eraikiak, nekazaritza-jarduera utzi ondoren basa bihurtu diren larreak (albitz-belardiak), sastrakak eta landaredia erruderal nitrofiloa. Hala, hiri-erabilerak eta Euskadiko isurialde atlantikoaren berezko nekazaritza-ustiapenak konbinatzen dituen paisaia periurbanoa eratu da.

Ingurumenaren ikuspuntutik, azpimarratzekoak dira belardi handiak (kasu batzuetan, altitude baxuko sega-belardi pobreak, interes komunitarioko 6510 habitata) eta zuhaitzen unadak, fase gazte edo degradatuko harizti azidofilo – baso misto atlantikoekin. Bestalde, ingurumen-dokumentu estrategikoak xedatzen duenez, gunea giza eremuekin lotutako fauna espezieen habitata da eta baliteke Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi) bezalako espezie mehatxatuak ere bertan bizitzea. Era berean, zapelatz arruntak (Buteo buteo) bertan habiak egin ohi dituela adierazten du agiri horrek.

Aldaketa puntualaren xedeko eremuan ez da babestutako espazio naturalik, ezta ibai-ibilgurik edo hezegunerik hautematen ere. Interes geologikoko tokirik eta babestutako flora espezierik ere ez dago eremu horretan, ezta kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere.

Gainera, akuiferoek oso kutsadura-arrisku txikia dutela irizten zaio.

Aldaketa puntualaren antolamendu-esparruaren lurzoruen inbentarioan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasaten dituzten edo jasan izan dituzten bi lurzati daude. Batean, gasolindegi bat dago (48054-00033 kodea) eta bestean, auto-kontzesionario bat (48054-00034 kodea). Aldaketa puntualak ez du esparru horietan esku hartzea aurreikusten.

Garapen urbanistikoak kokalekuan sortuko duen egoera akustikoari dagokionez, adierazi behar da, lehenengo eta behin, sektore guztia Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen errepideen zortasun akustikoko eremuaren barruan dagoela, hain zuzen, BI-637 errepidearena (La Avanzada). Leioako Udalak aurkeztutako inpaktu akustikoari buruzko txostenaren arabera, sektorearen gune akustiko motari (hirugarren sektoreko erabilerako lurzoruak nagusi diren lurralde-esparru edo -eremuak) aplikagarriak zaizkion kalitate akustikoko helburuak gainditu egiten dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko 213/2012 Dekretuan (urriaren 16koa) xedatu bezala. Beraz, gaur egun helburu akustikoak gainditzen dira dagoeneko eta etorkizunean ere, aldaketa puntualak aurreikusitako jarduerak garatu ondoren, gainditu egingo dira. Ordea, ez da aurreikusten zarata gehiegi areagotzea, eta etxebizitza batzuetan, egoerak hobera egingo luke. Aipatutako txostenean, sektoreak jasango duen inpaktu akustikoa murriztu dezaketen neurri zuzentzaile batzuk planteatzen dira. Hala eta guztiz ere, horiek aplikatuta, ez lirateke aldez aurretik adierazitako kalitate helburuak beteko. Inpaktu akustikoari buruzko txostenak neurri horiek ezartzea baztertzen du, neurriz kanpoko kostua dutelako, urbanizazioaren aurreikusitako kostuarekin alderatuta.

Aldaketa puntualaren proposamenak gauzatzearekin lotutako ingurumen-ondorioak.

Ondorio horiek baloratzeko, indarreko HAPOk aurreikusten duen egoera oinarri hartu behar da. Dagoeneko urbanizatuta eta pabilioiekin, aparkalekuekin eta beste gainazal artifizializatu batzuekin okupatutako esparru bat izan arren eta aldaketa puntualak HAPOn aurreikusitako kalifikazioa mantendu arren, lurzatien eraikigarritasuna handitzeak (gehieneko okupazioa % 75 izango da, indarreko HAPOk ezarritako % 30aren aldean) baliabide natural gehiago kontsumitzea eragingo du, bereziki, belardiei eta zuhaitzen arboladiei (harizti azidofiloak) dagokienez. Ildo horretatik, neurri prebentibo, babesle edo zuzentzaileak ez dira nahikoak proposatutako antolamenduak eragingo duen inpaktua leuntzeko.

Aldaketa puntuala garatzearen ondorioek zerikusia dute urbanizazio-obrekin eta pabilioi berriak eta hirugarren sektoreko eraikinak egiteko lanekin. Izan ere, aldaketak sektoreko lurzatien lurgaineko eraikigarritasuna nabarmen areagotzea ahalbidetzen du eta horrek, indarreko antolamenduarekin alderatuta, lurzoruaren artifizializazio handiagoa eta baliabide natural gehiago kontsumitzea ekarriko du. Baliabide naturalen artean belardiak, zuhaitz autoktonoen unadak, albitz-belardiak eta sastrakak daude.

Nabarmentzeko moduko beste inpaktu batzuek giza habitataren kalitatearen murrizketarekin zerikusia dute, obrak burutzen diren bitartean, eraikitzeko behar den makineriaren eta ibilgailuen joan-etorrien ondoriozko eragozpenak direla-eta (soinu gehiago, hautsa, bibrazioak, etab.), eta, leku horretan ezarriko diren jarduerek funtzionatzen duten bitartean, jende gehiago bertaratuko denez eremura, trafikoa areagotzearekin eta zaratarekin. Gogora dezagun gaur egun, dagoeneko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera, gune akustiko mota horretan (hirugarren sektoreko erabilerako lurzoruak nagusi diren lurralde-esparru edo -eremuak) aplikagarriak diren kalitate akustikoko helburuak gainditzen direla sektore horretan eta hainbat etxebizitzen bizitegi-erabilera finkatuko dela bertan, kalitate akustikoko helburuak ez gainditu arren.

Azkenik, azpimarratzekoak dira oraindik landazabal atlantikoko elementu naturalak kontserbatzen dituen eremuaren urbanizazioaren ondoriozko paisaia-inpaktuak.

Babesteko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak.

Ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri zuzentzaileen helburu nagusia eraikuntza-lanetan zehar sortutako inpaktua murriztea da, batez ere baliabide naturalei eta, oro har, ingurumenari dagokienez. Dena den, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak ingurumen-organoak egindako galderari erantzuteko bidalitako txostenak adierazten duenez, neurri horiek ez dira nahikoak baliabide naturalen eta are zehatzago, harizti azidofilo moduko zuhaizti autoktonoen galera konpentsatzeko. Horrenbestez, aurreko atalak kontuan hartuta, ondoriozta daiteke ingurumen-dokumentu estrategikoak proposatutako neurriak eskasak direla eta aldaketa puntuala garatu ondoren aurreikusten diren jarduerek eragin ditzaketen inpaktuekin bat ez datozela.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, aldaketa puntualak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zenbaterainoko eragina duen planak beste plan edo programa batzuetan. Aurreikuspenen arabera, aldaketa puntualak ez du eragin garrantzitsurik izango beste plan edo programa batzuekiko, ingurumenari dagokionez.

c) Plana egokia den ala ez, ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: Planak eremuaren antolamendu xehatua aldatzen du bideragarritasun tekniko, ekonomiko, urbanistiko eta komertziala hobetzeko asmoz, betiere sektorearen garapen urbanistikoa ahalbidetzea xede. Jasotako txostenak ikusita, ezin daiteke esan aurreikusitako jarduerek esparruko ingurumenari kalte handiagoa egiten diotela indarreko planteamendukoek baino, Leioako Udalak aurkeztutako agiriek adierazten duten bezala.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Aldez aurretik adierazi denez, ezin da bermatu aldaketa puntualak ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo ez duenik, hostozabal autoktonoen zuhaiztiak, belardiak eta kultibo atlantiarrak bezalako baliabide naturalen kontsumoak gora egingo baitu. Aldaketak, hain zuzen, lurzatien eraikigarritasuna nabarmen handitzea aurreikusten du (gehieneko okupazioa % 75 izango da, indarreko planak ezarritako % 30aren aldean), baliabide natural ugariak (belardiak eta kultiboak, zuhaizti naturalak...) dituen 197.420 m2-ko eremu zabalean.

e) Aurreko atala kontuan hartuta, planaren egokitasunaren inguruko zalantzak daude, EBko eta estatuko ingurumen-arloko legedia txertatzeari begira.

2.– Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

Eremuan urbanizatutako gainazalak (etxebizitza isolatu batzuk, pabiloiak eta aparkalekuak, materialen biltegiak eta gasolindegi bat) eta artifizializatu gabeko gainazalak daude, zeinetan nekazaritza-ustiapenak (belardiak eta kultibo atlantikoak), hostozabalen zuhaiztiak (harizti azidofiloa – hostozabalen baso mistoa), sastrakak eta bazkalekuak dauden. Hala, landazabal atlantikoaren elementu naturalak kontserbatzen dituen paisaia periurbanoa eratu da.

Testuinguru horretan, aldaketa puntuala garatzearen ondorioek zerikusia izango dute eremua urbanizatzeko eta eraikinak egiteko lanekin, lurzoru naturalen gainazalak artifizializatzea eta baliabide naturalen kontsumoa areagotzea eragingo baitute. Aipatutako inpaktua izango den gainazala ez da neurtu, baina hainbat hektarea izatea aurreikusten da, aldaketa puntualaren ezaugarriak eta horren xedeko eremuaren zabalera kontuan hartuta. Horiez gain, nabarmentzeko moduko beste inpaktu batzuk daude: lur-mugimenduak, eraikuntza-hondakinak sortzea, giza habitataren kalitatea murriztea makineriaren eta ibilgailuen joan-etorrien ondorioz (soinu gehiago, hautsa, bibrazioak...), eta abar.

Funtzionamendu faseari dagokionez, eremura jende gehiago bertaratuko da eta horrek eragozpenak eragin ditzake, bereziki, zarata-mailak handitzeari dagokionez. Izan ere, sektoreak zarata-foku garrantzitsu bat dauka dagoeneko, BI-637 edo La Avanzada errepidea, oso zaratatsua dena, trafiko handiaren ondorioz. Aurkeztutako txosten akustikoaren arabera, une honetan, ez dira betetzen urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak ezarritako kalitate-helburuak eta etorkizunean ere ez dira beteko, baina ez da ondorio horiek behar bezala leuntzeko neurri zuzentzailerik planteatu.

Dagoeneko urbanizatuta eta pabilioiekin, aparkalekuekin eta beste gainazal artifizializatu batzuekin okupatutako esparru bat izan arren eta aldaketa puntualak HAPOn aurreikusitako hirugarren sektoreko erabilera mantendu arren, lurzatien eraikigarritasuna handitzeak (gehieneko okupazioa % 75 izango da, indarreko planak ezarritako % 30aren aldean) baliabide natural gehiago kontsumitzea eragingo du, bereziki, belardiei eta zuhaitzen arboladiei (harizti azidofiloak) dagokienez. Ildo horretan, ez dirudi aplikatu daitezkeen neurri prebentibo, babesle edo zuzentzaileak nahikoak direnik proposatzen den antolamenduak eragingo duen inpaktua leuntzeko.

Beraz, ezin da bermatu aldaketa puntualak ingurumen-ondorio esanguratsuak izango ez dituenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan ezarritako baldintzetan.

3.– Lehenago adierazitakoa kontuan hartuta, ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurriak ez dira nahikoak, eta planteatutako jardueren inpaktuen azterketa zehatz batekin osatu behar dira; batez ere, baso naturalen, Europar Batasunaren intereseko habitaten eta giza habitataren gaineko eragina izan badezakete.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honen baldintzen arabera, 36. Santi Mami sektorearen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzaketelako.

Hirugarrena.– Aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoaren irismenari buruzko dokumentua garatzea, ingurumenerako soilik eta honako baldintza hauen arabera:

Kontuan izanik eremuaren ezaugarriak eta gauzatu nahi diren jarduketak, gai hauek jasoko dira:

A) Ingurumen-helburu estrategikoak, printzipioak eta jasangarritasun-irizpide aplikagarriak.

Ingurumen-azterketa estrategikoak berariaz justifikatu beharko du aldaketa puntualak nola ezartzen dituen araudietatik, estrategietatik eta oro har onartutako programetatik eratorritako ingurumen-helburuak; nagusiki, 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programaren helburu estrategikoak eta jarduketa-ildoak hartuko dira hura egiteko funtsezko oinarri gisa. Zehazki, kontuan hartu beharko da nola planaren aldaketak barne hartzen duen 1.13. jarduketa-ildoaren 9. jarduketa, zeinak honako hau ezartzen baitu: «lurralde-antolamendu adimentsu bat ezartzearen alde egitea, zeinak populazio-dentsitate handiagoak lehenetsiko baititu eta lurzoruaren erabileren konbinazioa eta lurzoruaren kontsumoaren optimizazioa bultzatuko baititu, betiere lurzoruaren berrerabilera eta lehengoratzea lehenetsita».

Horrez gain, EAEko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuan bildutako irizpideak jaso beharko ditu.

Zehazki, garapen jasangarriko printzipio hauek zuzenduko dute aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazioa:

a) Lurzorua zentzuz eta intentsitatez erabiltzea eta lehendik ere artifizializatuta dauden lurzoruen erabilera intentsiboa lehenestea, balio agrologiko handiko lurzorua eta lurzoru naturala urbanizatzetik babestuz.

b) Hiri-segregazioa, hiri-barreiadura eta mugikortasun behartua saihestea, merkataritzako zonaldera iristeko mugikortasun jasangarria bultzatzeko asmoz, garraio pribatua erabili ordez garraiobide jasangarrien erabilera sustatuz.

c) Lurzoruaren zigilatzea murriztea, lurzorua jasangarritasun handiagoz erabiliz eta ahal beste eginkizuni euts diezaion sustatuz.

d) Habitatak eta espezieak, ingurumen naturala eta konektibitate ekologikoa zaindu eta hobetzea.

e) Paisaiak eta kultura-ondarea kontserbatu eta hobetzea.

f) Baliabide naturalen kontsumo jasangarria sustatzea: ura, energia, lurzorua eta materialak.

g) Energia aurreztea, efizientzia eta energia berriztagarrien erabilera eta kogenerazioa sustatzea.

h) Aire garbia bermatzea, bai eta zarata eta argi-kutsadura handien pean bizi diren biztanleen kopurua murriztea ere.

i) Klima-aldaketaren aurreko kalteberatasuna gutxitzen laguntzea, kaltea arintzeko neurriak eta egokitzeko neurriak integratuz.

j) Arrisku naturalak gutxitzea.

Ingurumen-ebaluazio estrategikoak hau ere baloratu beharko du; proposatutako jarduerek nola integratzen dituzten ingurumen-helburu estrategikoak eta jasangarritasun-irizpideak, aipatu garapen jasangarriko printzipioetatik ondorioztatuak. Horretarako, helburuok betetzeko hartutako neurriak/irizpideak identifikatu beharko ditu.

B) Ingurumen-ebaluazioaren esparru geografikoa.

Aldaketa puntualaren esparru geografikoa Leioako «36. Santi Mami sektorea» delakoa da, Leioako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren lurzoru urbanizagarri sektorizatua (jarduera ekonomikoak). Eremu horrek 197.420 m2-ko azalera du eta Leioako hego-ekialdeko muturrean dago kokatuta, udalerriaren bizitegi-erabilerako hiri-lurzoruaren ondoan eta BI-637 errepidearen eskuinaldean, La Avanzada izenez ere ezagutzen dena.

Gaur egun, urbanizatutako gainazalak (etxebizitza isolatu batzuk, pabiloiak eta aparkalekuak, materialen biltegiak eta gasolindegi bat) eta artifizializatu gabeko gainazalak daude eremu horretan. Azken horietan hauxe aurki daiteke: belardiak (kasu batzuetan, altitude baxuko sega-belardi pobreak, interes komunitarioko 6510 habitata), kultiboak, sastrakak (txilardia, otadia, irasail atlantiarra, arantzaldia/ lahardia) ortu txikiak, Brachypodium pinnatum albitz-belardiak eta hostozabalen unada batzuk, fase gazte edo degradatuko harizti baso misto atlantikoekin eta tamaina handiko haritz ale batzuekin. Eremuaren urbanizazio-prozesuaren bilakaeraren erakusle dira lurzati eraikiak, nekazaritza-jarduera utzi ondoren basa bihurtu diren larreak (albitz-belardiak), sastrakak eta landaredia erruderal nitrofiloa. Hala, hiri-erabilerak eta Euskadiko isurialde atlantikoaren berezko nekazaritza-ustiapenak konbinatzen dituen paisaia periurbanoa eratu da.

C) Ingurumenaren aldetik garrantzitsuak diren eremuak. Eremu desegokiak jarduketak egiteko.

Natura-ingurunea babestu, zaindu eta hobetzeko, eta ekosistemen eta beren zerbitzuen galera eta erresilientziaren murrizketa mugatzeko, etorkizuneko jardueretarako lurzoruaren ordenamenduak ingurumenaren aldetik garrantzitsuak diren eremutzat jo behar ditu planaren eremuan lehendik dagoen kapital naturala eta ingurumen-arriskuak dituzten espazioak, erabakiak hartzeko prozesu osoan zehar. Gune horiek, gainera, desegokitzat joko dira ingurunea zuzenean eraldatzen duten jarduerak hartzen badituzte edo bertan garatutako jarduerek ez badute bermatzen elementu nabarmen horiei kalterik egingo ez dietela eta hauteman diren arriskuak larriagotuko ez dituztela.

Ingurumen-eremu garrantzitsuak:

– Aparteko natura-balioak dituzten eremuak: natura-ondarearen eta biodibertsitatearen gaineko oinarrizko legeria edo natura kontserbatzearen gaineko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorren edo nazioarteko hitzarmenen ondorio diren ingurumen-babeserako araubideren bat duten inguru guztiak eta lurralde- nahiz hirigintza-plangintzaren ondorio den araubideren bat duten natura-inguruneak.

Aldaketa puntualak zuzenean eragiten dion esparrua ez da Natura 2000 sareko naturagune babestua, ezta inbentarioan sartutako gune babestua edo natura interesekoa ere. Bertan ez da ibai-ibilgurik ez hezegunerik hautematen. Esparrua ez da, ezta ere, EAEko Korridore Ekologikoen Sareko egitura-elementua, eta ez du inbentariatutako edo katalogatutako paisaia-baliorik. Gainera, akuiferoek oso kutsadura-arrisku txikia dutela irizten zaio.

Hala ere, ingurumenaren ikuspuntutik, azpimarratzekoak dira belardi handiak, kasu batzuetan, Europar Batasunaren intereseko 6510 habitata osatzen dutenak: altitude baxuko sega-belardi pobreak. Nabarmentzekoak dira, halaber, zuhaitzen unadak, fase gazte edo degradatuko harizti azidofilo – baso misto atlantikoekin eta tamaina handiko haritz ale batzuekin. Bestalde, gunea giza eremuekin lotutako fauna espezieen habitata da eta baliteke Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi) bezalako espezie mehatxatuak ere bertan bizitzea. Era berean, zapelatz arruntak (Buteo buteo) bertan habiak egin ohi dituela adierazten du dokumentu estrategikoak. Ahal den heinean, saihestu egin behar da planaren proposamenek ingurunearen elementuei kalte egitea.

– Kultura-balio garrantzitsuak dituzten eremuak: ondare historiko-arkitektonikoaren zati direlako kalifikatuta edo inbentariatuta dauden eremuak edo ondasunak, eta ustezko arkeologia-eremuak.

Planaren eremuan ez dago babes bereziko ondasunik, maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen arabera, EAEko kultura ondareari buruzkoa.

– Bertan detektatzen diren egungo edo etorkizuneko ingurumen-arriskuengatik.

Kontuan hartu beharreko ingurumen-arriskuei dagokienez, honako hauek dira esanguratsuenak:

– Aldaketa puntualaren antolamendu-esparruaren lurzoruen inbentarioan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dauden edo egon diren bi lurzati daude. Batean, gasolindegi bat dago (48054-00033 kodea) eta bestean, auto-kontzesionario bat (48054-00034 kodea). Hala ere, aldaketa puntualak ez du esparru horietan esku hartzerik aurreikusten.

– Era berean, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera ezarritako kalitate akustikoko mugak kontuan hartu behar dira (EAEko hots-kutsadurari buruzkoa da dekretua). Sektore guztia Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen errepideen zortasun akustikoko eremuaren barruan dago, kasu honetan, BI-637 errepidearena (La Avanzada). Aurkeztu den informazioaren arabera, sektorearen gune akustiko motari (hirugarren sektoreko erabilerako lurzoruak nagusi diren lurralde-esparru edo -eremuak) aplikagarriak zaizkion kalitate akustikoko helburuak gainditu egiten dira. Helburu akustiko horiek gaur egun gainditu egiten dira eta etorkizunean ere gainditu egingo dira, aldaketa puntualak aurreikusitako jarduerak garatu ondoren. Inpaktu akustikoa nabarmen murriztu dezaketen neurri zuzentzaileak planteatu arren, ez dira aldez aurretik adierazitako kalitate helburuak betetzen. Inpaktu akustikoari buruzko txostenak neurri horiek ezartzea baztertzen du, neurriz kanpoko kostua dutelako, urbanizazioaren aurreikusitako kostuarekin alderatuta.

D) Egindako aurretiazko kontsulten erantzunen analisi laburra.

Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak uste du antolamendurako proposamena berrikusi egin behar dela eta antolamendu berri bat definitu behar dela, sektorearen landare-formazio autoktonoekiko eragina murrizten duena eta erdiko biribilgunea berriz planteatzen duena, gune horretan dagoen tamaina handiko haritzari kalterik ez egiteko. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren proposamenak ingurumen-inpakturik handiena eragingo duena dela uste du eta prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak, ari eta garbi, sortutako eragina murrizteko eskasak direla.

Horrez gain, adierazi egiten du, besteak beste, onartzen den antolamendua ikusita, ingurumen-egoera lehengoratzeko proiektu bat idatzi behar dela, espazio libreak harizti azidofiloaren seriearen espezieekin lehengoratzeko eta, aldi berean, proposatutako antolamenduaren ondorioz galduko diren formazioak konpentsatzeko.

Planaren aldaketak ez du kultura-ondarearen elementuen gaineko kalterik aurreikusten.

Basoko espezieen eta habitaten zatikatzeari aurre egiteko, tokiko konektibitate ekologikoko irizpideak integratu behar dira, eta koherentzia ekologikoa handitu.

Planaren aldaketaren esparruaren bi lurzatik kutsakorrak izan daitezkeen jarduerak izan dituzte. Horiek kaltetuz gero, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako kasuren bat ematen bada.

Bestalde, nabarmentzekoa da Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Zuzendaritza plana aldatzeko zirriborroan proposaturiko errepide bidezko irisgarritasun-soluzioaren kontra ageri dela, uste baitu beharrezkoa dela mugikortasun eta garraioari buruzko azterlan bat egitea, txostenean aurkezten dituen eskakizunei erantzuna emateko. Txostenak adierazten duenez, sail horrek ez du onespenik emango gai hori konpondu arte.

Azkenik, aipatutako Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Zuzendaritzaren Ingurumen Iraunkortasunerako Atalak hainbat gogoeta egin ditu planaren aldaketak aurreikusitako jardueren ondoriozko inpaktu akustikoaren inguruan.

E) Ingurumen-txosten estrategikoan kontuan hartu behar diren funtsezko alderdien definizioa eta irismena.

Ingurumen-txosten estrategikoak Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) IV. eranskinean ezarritako edukia bildu beharko du, eta hori urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren (planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena) II. eranskinean jasotzen denarekin osatu beharko da.

Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren atalek honako eskema metodologikoari erantzun behar diote:

1.– Edukia, helburuak eta egokiak diren beste plan eta programa batzuekin duten erlazioa.

2.– Ingurumenaren egungo egoera.

3.– Ingurumenean gerta daitezkeen efektu esanguratsuak.

4.– Prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak.

5.– Alternatibak aukeratzeko prozesua.

6.– Ingurumena zaintzeko programa.

7.– Laburpen ez-teknikoa.

Ebaluatzen den dokumentuaren ezaugarriak direla eta, uste da ingurumen-txosten estrategikoak (aurrerantzean, txostena) behean azaltzen diren alderdietan sakondu behar duela, adierazten den zabaltasun- eta zehaztasun-mailarekin:

1.– Edukia, helburuak eta beste plan eta programa batzuekiko erlazioak.

Txostenak aldaketa puntualaren helburu nagusien laburpen labur bat izango du, eta beste plan eta programa lotuekin dituzten erlazioei buruzko azterketa labur bat. Gainera, ingurumen-alderdiak aldaketa puntualaren prestaketan nola txertatzen diren azaldu beharko du. Aztertu beharko da nola laguntzen duen aldaketa puntualaren aplikazioak ingurumen-helburuak txertatzen.

Plana prestatzean, txostenak era espezifikoan justifikatu beharko du nola hartu diren kontuan ebazpen honetako A atalean jasotako ingurumena babesteko helburuak eta printzipio eta irizpide jasangarriak. Justifikazio hori bai arauetan bai planean bertan ezarritako adierazleen eta mugen erabileran oinarrituko da.

Ingurumen-txosten estrategikoak hierarkikoki goi-mailakoak diren lurralde- eta sektore-antolamenduko planekin bateragarria dela dioen azterketa bat aurkeztu beharko du. Zehazki, eta beste batzuen artean, honako plan hauek hartuko dira kontuan:

– Bilbao Metropolitarraren Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partziala.

– EAEko Jarduera Ekonomikoetarako Lurzorua Sortzeko eta Saltoki Handiak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

– Leioako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra.

Halaber, eremuari aplikatu beharreko gainerako planei dagokienez izan daitezkeen bigarren mailako ondorioak eta eragin metagarriak eta sinergikoak identifikatuko dira. Hemen identifikatutako ondorioak, halakorik izanez gero, aldaketa puntualaren inpaktuak identifikatu eta baloratzeko apartatuan ebaluatuko dira. Xedea da helburu komunak lortzea, eta horrez gain, aldaketa puntualaren jarduketarako alternatibak aztertzea, baldin eta beste planen helburu eta jarduketa-ildoekiko gainjartze, gatazka edo bateraezintasunak agertzen badira.

2.– Ingurumenaren egungo egoera.

Txostenak ingurumenaren egungo egoeraren alderdi garrantzitsuak deskribatu beharko ditu, eragin nabarmenak jasan ditzaketen guneen ingurumen-ezaugarriak zehaztuz eta aldaketa aplikatu ezean gune horiek izan dezaketen bilakaera azalduz, klima-aldaketa bera ere kontuan izanik.

Aldaketa puntualaren garapen-eremuaren ezaugarriak eta aurreikusitako jarduketak direla-eta, haren garapenak eragina izan dezakeen ingurumeneko elementu guztiak identifikatu beharko dira.

Era berean, egon daitekeen edozein ingurumen-arazo garrantzitsu eta eremuaren garapen urbanistikoari buruzko mugapenak identifikatu behar dira, baita ebazpen honetako C atalean jasotako edozein gunerekin erlazionatutako arazoak ere.

Horrez gain, lurraldearen ingurumen-unitate homogeneoak definituko dira, horien paisaia-ezaugarrien eta baliabide naturalen azterketa integratutik abiatuta.

Lehen aipatutako ingurumen-alderdiak era kartografikoan adierazi beharko dira, aldaketa puntual honen izaera espezifikoaren heineko eskalan.

Ingurumenaren gaur egungo egoeraren deskribapena ingurumen-adierazleen erabileran bermatu beharko da; horretarako, Ingurumen Esparru Programaren adierazleen oinarrizko panelean jasotakoak erabili ahal izango dira, baita lurraldeari eta ingurumenari buruzko Eustatenak ere, eta ebazpen honetako aurreko apartatuetan adierazitako ingurumen-helburuen bilakaerari buruzko informazio garrantzitsua eman dezaketen beste guztiak.

Kontuan izan beharko dira, gutxienez, proposamenarekin alderatuta egungo egoerari dagozkion adierazle hauek:

– Baso naturalen ehunekoa, azalera osotik.

– Belardien ehunekoa, azalera osotik.

– Lurzoru naturalaren ehunekoa, ez artifizializatua.

– Espazio libreetarako ehunekoa, azalera osotik.

– Atmosfera-, soinu- eta argi-kutsaduraren adierazleak.

Aipatutako adierazleei buruzko datuak izan beharko ditu txostenak, eta, halakorik ez badu, alderdi berak adierazten dituzten beste adierazle batzuei buruzkoak; kasu bakoitzean, datu zehatzak lortzeko egon litezkeen zailtasunak justifikatu beharko ditu. Era berean, proposatzen diren beste adierazle batzuei buruzko datuak jaso beharko ditu txostenak, ingurumen-zaintzako programa aplikatzeko erreferentziako ingurumen-egoera zehaztuta gera dadin.

3.– Ingurumenean gerta daitezkeen efektu esanguratsuak.

Apartatu honetan, ingurumenean eragin ditzakeen ondorio adierazgarriak aztertu beharko dira, honako alderdi hauek barnean hartuta: biodibertsitatea, biztanleria, giza-osasuna, fauna, flora, lurra, ura, airea, kultura-ondarea, ondare historikoa barne, klima-faktoreak, klima-aldaketan izan dezakeen eragina –bereziki, aldaketa puntualari lotutako karbono-aztarnaren ebaluazio egokia–, ondasun materialak, paisaia; faktore horien arteko interakzioa ere kontuan izan behar da, eragindako ekosistemek eskainitako ingurumen-zerbitzuak ere ebaluatuz. Eragin horiek barnean hartu behar dituzte zeharkako ondorioak, metaketak, sinergiak, epe labur, ertain eta luzerako eraginak, ondorio iraunkorrak eta aldi baterakoak, positiboak eta negatiboak.

Txostenak aldaketa puntuala aplikatzearen ondorioz sortzen diren ekintzen eta ingurumenean eragin kaltegarriak izan ditzaketenen deskribapen zehatza garatuko du, bai aldaketa puntualaren helburuekin zuzenean lotuta daudenak, bai hura garatzeko beharrezkoak diren jarduketa erantsiak, bereziki, zuhaitz-masa naturalen eta interes komunitarioko habitaten gaineko jarduketak.

Horrela identifikatutako ekintza bakoitzerako, espero daitezkeen ingurumen-ondorio gertagarriak deskribatuko dira, eta, hala behar denean, ingurumen-ondorio kaltegarri jakin bat gertagaitza dela justifikatu beharko da. Eta, identifikatutako inpaktu guztietatik berariaz nabarmendu beharko dira garrantzitsutzat hartutakoak.

Ingurumen-txosten estrategikoak bermatu beharko du bete egingo direla 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak (213/2013 Dekretua, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzkoa). Horretarako, aukeratzen den antolamendu-proposamenaren inpaktu akustikoari buruzko txosten bat aurkeztu beharko da. Txosten horrek guneko eragin akustiko globala aurreikusi ahal izateko zarata-mapak eta ebaluazio akustikoak izan beharko ditu, aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 2013/2012 Dekretuaren 37. artikuluan adierazitako edukiarekin bat eginda. Bestalde, azterketa bat egin beharko da kontuan hartutako aukera edo alternatibetan aurreikusitako zirkulazio hazkundeari buruz, baita zirkulazioaren hazkunde horrek airearen kalitatean eta zarata handitzean izango duen eraginari buruz ere.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei dagokienez, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluko egoeretako bat gertatzen bada, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da. Horregatik, inbentariatutako kokaleku batean edozein esku-hartze abian jarri aurretik, lurzoruaren kalitatearen azterketa bat egin beharko da, lurzoruaren kutsadurarekin lotutako arriskurik izango ez dela bermatzeko, ez langileentzat ez ezarritakoarekin bat partzelak izango duen erabilera berriko erabiltzaileentzat, eta hondakinak eta hondeatuko diren lurrak egoki kudeatu beharko dira, indarrean dagoen hondakinen arloko legedia betez.

Aldaketa puntualaren proposamenak kontuan hartuta, a priori esanguratsutzat jo daitezke ebazpen honetako C apartatuan zehaztutako ingurumen-balioetan izango diren eraginak, eta bereziki kontuan hartu beharko dira baso naturalen eta landareri naturala duten beste gainazal batzuen presentzia edo habitat horiei lotutako mehatxatutako fauna.

4.– Prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak.

Aurreko apartatuan identifikatu diren ondorio esanguratsu bakoitzarentzat, ondoriook prebenitzeko, zuzentzeko edo, hala badagokie, konpentsatzeko aurreikusitako neurriak deskribatuko dira, eta, behar izanez gero, klima-aldaketan izan dezaketen eragina arintzeko eta horretara egokitu ahal izateko. Ahal den heinean, zehaztuko da proposatutako neurri bakoitza zer garapen-tresnatan ezarriko den.

Horrez gain, ingurumen-txosten estrategikoak aurreikuspen hau ere identifikatu beharko du: ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera behartuta dauden proiektuena, Plana etorkizuneko baimenerako marko edo esparru dutenena alegia. Hala badagokio, proiektuak gauzatzean sortutako eraginak gutxitzeko gidalerroak ere ezarriko dira.

Prebentzio- eta zuzentze-neurrien artean, babesari buruzkoak aurreikusiko dira eta, egokia izanez gero, proposatutako antolamenduak eraldatutako lurrazala leheneratzekoak. Horrekin lotuta, kontuan hartuko dira bereziki Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak baso naturalei eta zuhaizti autoktonoei eragindako inpaktuak minimizatzeko azaldu dituen irizpideak. Gainera, proposamenak basoko espezieen eta habitaten zatikatzeari aurre egiteko, tokiko konektibitate ekologikoko irizpideak integratu behar ditu, eta koherentzia ekologikoa handitu.

Kalitate akustikoaren helburuetara iristeko behar diren neurriak ezarriko dira, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 40. artikuluan zehaztutakoaren arabera.

Azkenik, ingurumen-ebaluazioari buruzko Legeak (21/2013, abenduaren 9koa) eskatzen duenez, ingurumen-txosten estrategikoak barnean hartuko ditu hainbat neurri, planak klima-aldaketan izan dezakeen eragina arinduko dutenak eta hartara egokitzera bideratuko dutenak. Xede horrekin, IHOBEk egindako gida metodologiko hauek erabili ahal izango dira erreferentzia gisa: «Klima-aldaketara egokitzeko udal-programak egiteko gida. Udalsarea 21 lan-koadernoa» eta «Euskadiko Hirigintzaren Plangintzari buruzko Eskuliburua Klima-aldaketa arintzeko eta Klima-aldaketara egokitzeko (IHOBE)».

5.– Alternatibak aukeratzeko prozesua.

Hauek hartuko ditu barnean: alternatibak hautatzeko prozesuaren laburpen arrazoitu bat, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumen-arlokoa eta aldaketa puntualaren helburuekiko bat-etortzea eta proportzionaltasuna justifikatuko dituena, batez ere ebazpen honetako aurreko apartatuetan adierazitako ingurumen-helburuekikoak, batez ere, landare-formazioen babesarekin (zuhaiztiak, heskaiak, interes komunitarioko belardiak), paisaiaren babesarekin eta arriskuen prebentzioarekin zerikusia dutenak nabarmenduta, ebazpen honetako C apartatuan adierazitakoak barne.

Ingurumen-txosten estrategikoak barnean hartu behar du ezer ez egitearen alternatiba. Bada, aukera horretan, aldaketa puntualaren eremuak gaur egungo egoeran jarraituko luke, indarreko planak ezarritakoari jarraikiz (0. alternatiba). Arlo garrantzitsuen eboluzio gertagarriena aztertu beharko da, aldaketa puntuala ez aplikatzea gertatzen bada edo, hau da, gaur egungo egoeran, proposamenik garatu gabe.

Proposatutako soluzioa justifikatu beharko da, eta jarduketen dimentsioari eta hedadurari ez ezik, aipamena egin beharko die horietako bakoitzerako dauden soluzio tekniko guztiei ere.

Alternatibak baloratzeko prozesu horretan, arreta berezia izango dute ebazpen honetako C atalean deskribatutako ingurumen-baldintzatzaileek.

Azterketa horretan ebaluazioa egiteko modua deskribatuko da, bai eta aurkitutako zailtasunak ere; esate baterako, eskatutako informazioa biltzean beharbada aurkitzen diren gabezia teknikoak, edo ezagutza eta eskarmentu falta.

Atala bukatzeko, hautatutako aukera argudiatu egin beharko da, eta bermatu egin beharko da hautatutako aukera teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarria dela, eta ingurumenaren osagaiei ahalik eta afekzio txikiena eragiteko ahalegina egin beharko da.

6.– Ingurumena zaintzeko programa.

Txostenak ingurumena zaintzeko programa bat garatuko du. Programa horretan, aldaketa puntuala aplikatzeak ekarriko dituen ondorioak gainbegiratzeko aurreikusitako neurriak deskribatuko dira. Ingurumena zaintzeko programan adierazleak deskribatuko dira, eta, behar izanez gero, efektu esanguratsuenen erreferentziako balioak, bai positiboak bai negatiboak.

Ingurumena zaintzeko programak txostenean ebazpen honetako E ataleko 2. epigrafea betetzeko proposatzen diren adierazleak jaso beharko ditu. Era berean, kasuan-kasuan datuak zein periodikotasun eta metodologiaren bidez jasoko diren azaltzeko proposamen zehatz bat jaso beharko du.

7.– Laburpen ez-teknikoa.

Txostenak aurreko epigrafeen arabera emandako informazioaren laburpen ez-tekniko bat izango du: publikoak, oro har, ulertzeko moduko informazio laburra izango du, aztertutako alderdi guztiak landuta eta, era berean, informazio grafikoa bilduta, dokumentu autoaskia eta azterlanarekiko independentea izan dadin.

F) Oinarrizko organoak kontsultatu beharko dituen eragindako administrazio publikoak eta publiko interesduna identifikatzea.

Urriaren 16ko 211/2012 Dekretuak 12. artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 22. artikuluan xedatuaren ondorioetarako, ebazpen honetako kontsulten izapidea betetzeko erabilitako zerrenda hartuko da gai honen eraginpeko administrazio publikoen eta interesdunen zerrenda osatzeko, aipatu abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluaren arabera. Ingurumen-organoak honako hauei egin die kontsulta:

– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza.

– Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza.

– IHOBE, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritzako Zuzendaritza Nagusia.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegiturarako eta Lurralde Garapenerako Zuzendaritza Nagusia.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.

– Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkartea.

– Eguzki. Eguzkizaleak aisialdirako elkartea.

G) Jendaurreko informazioaren eta kontsulten modalitateak, iraupena eta epeak zehaztea.

Informazioa eskuratzeko eta parte-hartze publikoa izateko eskubidea bermatzeko, organo erabakitzaileak, edo, hala badagokio, sustatzaileak (aztergai dugun kasuan organo biak bat datoz), jendaurreko informazioaren izapidearen pean jarriko du Planaren hasierako bertsioa, ingurumen-txosten estrategikoarekin batera, 45 egunez gutxienez.

Era berean, eta aurreko izapidearekin batera, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsultatutako erakundeen iritzia jaso beharko du, gutxienez.

2013ko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluaren arabera, gehienez ere hamabost hilabetekoa izango da txostena, arauaren 21. eta 22. artikuluetan aurreikusitako kontsultak eta informazio publikoaren prozedura gauzatzeko epea, irismeneko dokumentu honen erakunde sustatzaileari jakinarazten zaion egunetik hasita.

H) Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. artikuluaren arabera, kualifikazio profesional eta goi-mailako hezkuntzari buruzko arauen arabera behar besteko gaitasun teknikoa duten pertsonek egin beharko dute txostena, eta Legearen eskakizunak betetzeko behar den kalitatea izango du. Ingurumen-txosten estrategikoaren egileak identifikatu behar dira, haien titulazioa eta, hala badagokio, lanbide arautua adierazita. Identifikazioak barnean hartuko ditu izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionalaren kodea edo helburu berberetarako balio duen beste dokumentu bat. Gainera, amaiera-data eta pertsona horien sinadura jasoko dira. Txostenaren edukien eta informazioaren fidagarritasunaren erantzule izango dira horiek, salbu eta Administrazioak berak frogagarri gisa emandako datuak.

Dokumentazioa aurkezteko, honako jarraibide hauek bete beharko dira:

1.– Ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentuek koherentzia egokia errespetatu beharko dute, haien artean nahiz aurretik aurkeztutakoekin, hartara erabakia hartu behar duten administrazio-organoen lana erraztuz eta ez eragotziz.

2.– Arreta berezia jarri beharko da kasu bakoitzean dokumentu teknikoen atalak haien artean erlazionatzea ahalbidetzen duten datuak adieraztean (esaterako, atal batean proiektuko ekintzak deskribatzen badira eta beste batean ekintza horiek eragindako ingurumen-inpaktuak, bi kasuetan ekintzak izen berarekin aipatu beharko dira).

3.– Beharrezkoa balitz, datuak zein iturritatik lortu diren adierazi behar da.

4.– Behar den apartatuetan, planaren, programaren edo proiektuaren dokumentazio grafikoa eta kartografikoa gehitu beharko da; gutxienez, planaren eta aurreikusitako jarduketen informazio kartografikoa aurkeztuko da. Planoak PDF formatuan aurkeztu beharko dira, eta geoerreferentziatuta egon beharko dute; hau da, PDFek eremuaren koordenatuak jaso beharko dituzte UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema ofizialean.

5.– Kode eta titulu batekin identifikatu behar dira plano guztiak. Halaber, honako hauek adierazi beharko dira: irudikatutako datuak zuzen interpretatzeko behar diren azalpenak eta sinboloak; eskala grafikoa eta zenbakizkoa, inprimatzeko formatua adierazita; sinadura, eta noiz egin den.

6.– Jatorrizko eskalatik murriztutako planoak aurkeztuz gero, jatorrian adierazitako eskala zuzendu beharko da planoan, zalantzarik sor ez dezaten horretan oinarrituz egindako neurketek.

7.– Analisi teknikoa behar bezala egin ahal izateko, pantailaratzeko PDF formatuko artxiboez gain, planoen kopia gehigarri bat entregatu beharko da, shape formatuan (UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema erabilita), eta ezingo da 10 Mb baino gehiagokoa izan. Shape fitxategia ZIP fitxategi batean entregatuko da konprimituta, dituzten 4 fitxategiek osatuta:.shp,.shx, dbf., prj.

Lau fitxategiak bilduko dituen «eremua.zip» shape konprimatuaren adibidea:

– eremua_adibidea.shp.

– eremua_adibidea.shx.

– eremua_adibidea.dbf.

– eremua_adibidea.prj.

8.– Testuetan aipatutako eranskin, irudi, plano edo argazki guztiak aurkeztu beharko dira dokumentazioarekin batera. Erreferentzia horiek kasuan kasuko elementua erraz aurkitzeko moduan egingo dira, argi eta garbi.

9.– Informazio jakin bat dokumentuetako apartaturen baten osatze edo zuzentze gisa aurkeztuz gero, eta aldi berean espedientean mantentzen bada zuzendu nahi den apartatua, informazio berriak adierazi beharko ditu jatorrizko dokumentuan osatzearen edo zuzentzearen ondorioz ezeztatutzat edo ordezkatutzat jo beharreko kapituluak, orrialdeak, epigrafeak, apartatuak, paragrafoak, esaldiak, koadroak, irudiak, planoak eta abar. Aurreko informazioren bat osatzen edo zuzentzen duen informazioak egoera horren berri eman beharko du hasieran. Eskaera bat zuzentzeko aipatutako jarraibideak betetzen ez badira, izapide gehigarri bat eskatu ahal izango da, kontraesanezko edo inkongruenteak izan daitezkeen alderdiak argitzeko, eta horrek atzerapena eragin dezake prozeduraren ebazpenean.

10.– Eskaera IKS-eem sistemaren bidez aurkeztu beharko da, aplika daitezkeen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean eskura daitezkeen fitxak eta inprimakiak erabilita; zehazki, helbide honetan:

http://www.euskadi.eus/informazioa/ingurumenari-buruzko-izapide-elektronikoen-gida/web01-a2inguru/eu/

11.– Dokumentu bat.pdf formatuan aurkezten denean, gehienez 30 MB izango ditu eta bilaketak egiteko aukera eman behar du. Luzera handiagoko dokumentuak zatitu egin behar dira sisteman txertatzeko.

12.– Aurkeztutako dokumentazio guztiaren aurkibide osoa txertatuko da, adierazitako ataletako bakoitza zein orrialdetan dagoen zehaztuta. Aurkibidea aurkeztean.pdf dokumentu baterako, adierazitako orrialde-zenbakia bat etorriko da orrialde hori aurkitzeko irakurketa programaren «Joan orrialde honetara» eremuan adierazi behar denarekin.

13.– Organo sustatzaileak datuak igortzean datu pertsonalak babesteari buruzko arautegia betetzen dela bermatu beharko du beti.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Leioako Udalari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abuztuaren 28a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala