Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

178. zk., 2019ko irailaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4259

76/2019 EBAZPENA, irailaren 11koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Bilboko Portu Agintaritzarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, hainbat azoketan parte hartuz Euskadiko logistikako plataformen sarea sustatzeko ekintzak egitekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Bilboko Portu Agintaritzarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Euskadiko logistikako plataformen sarea sustatzeko ekintzak egiteko hainbat azoketan parte hartuz. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 11.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 11KO 76/2019 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA BILBOKO PORTUKO AGINTARITZAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKADIKO PLATAFORMA LOGISTIKOEN SAREA SUSTATZEKO EKINTZAK EGITEKO HAINBAT AZOKATAN PARTE HARTUZ

Vitoria-Gasteizen, 2019ko uztailaren 29an.

BILDU DIRA

Alde batetik, María Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko sailburua, Lehendakariaren azaroaren 26ko 27/2016 Dekretuaren (2016ko azaroaren 28ko EHAAn argitaratu zenaren) bidez izendatua.

Eta bestetik, Ricardo Barkala Zumelzu jauna, Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren uztailaren 3ko 99/2018 Dekretuaren (2018ko uztailaren 6ko EHAAn eta 2018ko uztailaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zenaren) bidez izendatua.

PARTE HARTU DUTE:

María Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua den aldetik, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra ordezkatuz; izan ere, hitzarmen hau sinatzeko baimena eman zaio Gobernu Kontseiluaren 2019ko uztailaren 9ko erabaki bidez.

Ricardo Barkala Zumelzu jauna, Bilboko Portu Agintaritzako lehendakaria den aldetik eta Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 31.2.a) artikuluak emandako eskudantziak betez; izan ere, hitzarmen hau sinatzeko baimena eman dio Bilboko Portu Agintaritzako Administrazio Kontseiluak, 2019ko uztailaren 18an egindako bilkuran hartu duen erabaki bidez.

Parte-hartzaileek elkarri aitortzen diote ordezkaritza eta hitzarmen hau izenpetzeko behar besteko gaitasuna, betiere administrazioen arteko koordinazio, lankidetza eta begirune printzipioetan oinarrituz; hori dela eta, honakoa

ADIERAZTEN DUTE:

I.– Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren, alegia Euskal Herrirako Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluan xedatutakoarekin bat, Euskadiko Autonomia Erkidegoari dagokio, beste eskumen batzuen artean, Euskadiko trenbideei, lurreko garraioari, itsaso, ibai nahiz kable bidezko garraioari, portu, heliportu edo aireportuei eta Zerbitzu meteorologikoari buruzko eskumen esklusiboa, Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan garraioen esparruan Kontratazio-zentroen eta zama-lanetarako terminalen inguruan xedatutakoari kalterik egin gabe.

II.– Gorago azaldutako eremuetan Euskadiko Autonomia Erkidegoaren eskumena diren funtzioen eskudantzia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailari eman zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak sortzeko, kentzeko eta aldarazteko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 7. artikuluaren bidez; era berean, arautegi horren bidez, funtzioak ere zehaztu zaizkio, bai eta haren jarduketa eremuak ere.

III.– Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren jarduketa eremuen barnean berariaz jasotzen da haren eskumeneko arloekin zerikusia duten ekoizpen sektoreei laguntzako politika, bereziki Euskadiko politika industrialari eta enpresa lehiakortasunari, azpiegitura estrategikoen garapen eta sustapenari (trenbideak, errepide sarea, aireportuak eta portuak) eta garraiorako politika logistikoei dagokienez.

IV.– Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak estrategia zehatza prestatu du Euskadiko plataforma logistiko intermodalak sustatzeko eta garatzeko. Horren helburua honakoa da: eremu logistiko intermodalen sarea bultzatzea garraiobide desberdinak integratuz, trenbide konexioak sustatzea eta plataforma logistikoak garatzea portu eta aireportu azpiegitura handien baterako ekintzak bultzatuz, hori guztia intermodalitatearen (bereziki trenbidea, portuak eta zama aireportua) eta arku atlantikoaren barruan duen kokapen geografikoaren ikuspegitik.

Estrategia hori «Basque Country Logistics» jarduketan integratzen da; izan ere, haren misioa da plataforma logistiko multimodala eta multipolarra eratzea Iberiar Penintsulak Europar Batasunarekin dituen merkataritza fluxuak egituratzeko nodo handi gisa, betiere kontinenteen arteko trafikoak bereganatuz, bereziki Magrebekoak eta Amerikako kontinentekoak. Hori guztia epe ertainean euskal trenbide sare berria (euskal Y) abian jartzeak izango duen inpaktu positiboa kontuan hartuz.

«Basque Country Logistics» izendapenaren azpian multzokatzen dira Euskadin beharrezkoak diren plataforma logistiko, portu, aireportu eta bestelako nodo intermodalekin zerikusia duten alderdi guztiak. «Basque Country Logistics» barruan integratzen diren azpiegitura logistikoak honakoak dira: kokapen estrategikoagatik eta eskainitako zerbitzuengatik nazio eta nazioarteko kate logistikoen funtsezko begi bihur daitezkeenak, hain zuzen ere.

V.– Bestalde, Bilboko Portu Agintaritzak bere funtzio eta eskumenak betetzen ditu Bilboko Portuaren zerbitzu zonaren lurraldean. Portua kanpo merkataritzaren eta euskal ekonomiaren lehiakortasunaren funtsezko euskarria da; gainera, gaur egun, etengabeko garapenaren eta inbertsio ahaleginen ondorioz, Espainiako Estatutuko fatxada atlantikoko porturik handiena da eta, nagusiki, lehen mailako polo ekonomiko eta soziala Euskadin.

Euskadirentzako aurrerapena eta aberastasuna sortuz, protagonista izaten jarraitzeko dinamikaren barnean, Bilboko Portu Agintaritzak estrategikotzat jotzen du trafikoak lortzen edo egonkortzen laguntzen duten salgai plataforma logistikoak eta transferentzia nodo intermodalak sustatzea, merkantzien nazioarteko garraioaren kateko begiak diren heinean eta portuaren azpiegitura bikainen osagarri gisa.

VI.– Jarduera dinamizatzaile hori garatzeko, Bilboko Portu Agintaritzak urtero-urtero betetzen du erakundearen aurrekontuen kontura bere azpiegitura eta zerbitzuak merkaturatzeko zeregin eskerga, betiere autonomia, estatu eta nazioarte mailako hainbat azokatara eta garraio nahiz logistika forotara bertaratuz eta haietan parte hartuz.

VII.– Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak, Basque Country Logistics-i lotutako sustapen ekintzak garatuz, interesa du Bilboko Portu Agintaritzarekin lankidetzan jarduteko, betiere garraioaren eta logistikaren sektorearen lehiaketa, azoka eta ekitaldi zehatzetan duen esperientzia eta partaidetza baliatu nahian; izan ere, horietara sarri bertaratzen da lehen mailako sustapen elementuak diren heinean. Halaber, Bilboko Portu Agintaritzak ere Basque Country Logistics-i lotutako sustapen ekintzetan laguntzeko eta lankidetzan jarduteko interesa du.

VIII.– Erdietsi nahi diren xedeak lortu nahian, inplikatutako alderdi guztiek interes erkideak dituztenez gero, sinatzaileek hitzarmen hau izenpetzea erabaki dute, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren itzalpean, betiere ondoren azaltzen diren klausulei lotuz.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren bidez, eta Bilboko Portu Agintariak Euskadiko plataforma logistikoen sarearen sustapenean lankidetzan jarduteko hartu duten konpromisoaren baldintzak arautzea; horretarako, autonomia, estatu eta nazioarte mailako hainbat azokatan parte hartuko dute, euskal sistema logistikoa plataforma logistiko mutimodal eta multipolar gisa eta merkataritza fluxuak egituratzeko nodo gisa sutatu nahian.

Bigarrena.– Bilboko Portuaren Agintaritzaren konpromisoak.

1.– Autonomia, estatu eta nazioarte mailan urtero-urtero bertaratzen den garraioaren eta logistikaren lehiaketa, azoka eta ekitaldi zehatzetan azpiegiturak eta zerbitzuak merkaturatzeko betetzen diharduen zeregina garatu nahian, Bilboko Portu Agintaritzak konpromisoa hartzen du Euskadiko plataforma logistikoen sarea sustatzeko eta Basque Country Logistics-en integratutako gainerako azpiegitura logistikoak eta garraioarekin eta logistikarekin zerikusia duten gainerako sektoreak bultzatzeko.

2.– Behin hitzarmen honen Jarraipen Batzordeak aurreko idatz-zatian adierazitakoaren arabera zehaztu diren eta ekitaldi barruan jorratu nahi diren azoka eta ekitaldien proposamena zehaztu ondoren, Bilboko Portu Agintaritzak Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailari igorriko dio azoken behin betiko programa, horien datak, kokapenak eta aurrekontua adieraziz.

3.– Jarduketak gauzatu aurreko ekitaldiko martxoaren 31 baino lehen, Bilboko Portu Agintaritzak konpromisoa hartzen du Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailari egindako jardueren justifikazio dokumentala bidaltzeko, bai eta horiei buruzko txostena eta erdietsitako emaitzei buruzko ebaluazioa ere.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren konpromisoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren bidez, konpromisoa hartzen du hitzarmen honen Jarraipen Batzordeak urtero-urtero adostutako sustapen jarduerak finantzatzeko eta haien zinezko kostua ordaintzeko, betiere ezarritako gehieneko kopururaino. Konpromiso hau eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan behar beste kreditu egotea ekitaldi bakoitzerako.

2019rako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren bidez, konpromisotzat hartutako gehieneko kopurua laurogei mila eurokoa da (80.000,00). Zenbateko hori Euskal Autonomia Erkidegoko ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorren kontura gaitutako urteko aurrekontu partidaren kontura finantzatuko da, betiere Euskadiko aurrekontu araubidean indarrean dauden legezko xedapenen testu bategina onesten duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren fundazioei eta partzuergoei aplikatzeko aurrekontu araubidea arautzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintza Dekretuarekin bat etorriz.

2.– Bilboko Portu Agintaritzarekin lankidetzan jardungo da honako zereginetan:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko plataforma logistikoen sarea sustatzeko asmoz, etorkizunean interesgarriak izan daitezkeen autonomia, estatu eta nazioarteko mailako azokak eta ekitaldiak identifikatzeko zeregina.

b) Bilboko Portu Agintaritzak hitzarmenaren eremuan antolatutako komunikazio eta zabalkunde jarduerak.

Laugarrena.– Ordainketa.

Konprometitutako gehieneko kopurura iritsi arte, zenbatekoaren ordain agindua sei hilean behin emango da, behin Bilboko Portu Agintaritzak fakturen jatorrizko agiriak edo fotokopia erkatuak edo epe barruan egindako jardueren jasoagiriak aurkeztu ondoren. Lehenengo seihilekoaren ordain aginduan Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak epe horri dagokion fakturen edo agirien zenbatekoarne % 30 ordainduko du. Bigarren seihilekoan, baldin eta gehieneko kopurura iritsi ez bada, guztizko kopurua osatu arte geratzen den zenbatekoa ordainduko da.

Bosgarrena.– Jarduketen Jarraipen Batzordea.

1.– Jarraipen Batzorde bat osatuko da; batzordeak lau kide izango ditu, bi Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailarenak eta beste bi Bilboko Portu Agintaritzarenak. Kideok hitzarmen honen alderdi sinatzaileek izendatuko dituzte, honako zeregin hauek betetzeko:

a) Intereseko azoka eta ekitaldien urteko programaren proposamena eta haren aurrekontua onartzea.

b) Dirulaguntza honetan aurreikusitako jarduketak ondo betetzen direla egiaztatzeko jarraipena egitea, eta elkar informatzeko eta konpromisoak betetzeko modu eta irizpideak zehaztea.

c) Kasu bakoitzean beharrezkoak diren izapideak azkar egitea eragozten duten oztopoak kentzea.

d) Hitzarmen honen ondoriozko jarduerak betetzen direla bermatzeko neurriak jakinaraztea eta proposatzea.

e) Hitzarmena interpretatu eta gauzatzeko orduan sor daitezkeen arazoak ebazten saiatzea.

2.– Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, alderdietako edozeinek proposatzen duenean bilduko da batzordea, baldin eta lanak ondo gauzatzeko beharrezkoa bada. Erabakiak bertaratutakoen gehiengoaz hartuko dira; bilkuran alderdi bakoitzaren ordezkarien ehuneko berrogeita hamarrak egon beharko dute.

3.– Jarraipen Batzordeari begira hitzarmenean berariaz ezartzen ez denari dagokionez, kide anitzeko organoen araubideari aplikagarri izango zaio, betiere Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

Seigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta interpretazioa.

1.– Hitzarmenak izaera administratiboa du, eta hitzarmenei aplikagarri zaien ordenamendu juridikoak zuzenduko du interpretazioa eta garapena, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urtarrilaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Alderdiei dagokie, Jarraipen Batzordearen bidez, hitzarmen honen interpretazioan, efektuetan eta betetzean sor daitezkeen zalantzak ebaztea; gauzak horrela, administrazioarekiko auzi jurisdikzioa eskuduna izango da gai horien inguruan sor daitezkeen auzien berri izateko.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta iraungipena.

1.– Hitzarmenak indarrean iraungo du 2019ko abenduaren 31ra arte, eta eraginkorra izango da behin estatuko sektore publikoaren lankidetza organoen eta tresnen estatuko erregistro elektronikoan inskribatu eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

2.– Aurreko idatz-zatian aurreikusitako epea amaitu baino lehen, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahalko dute hitzarmena urtero-urtero luzatzea, gehienez ere lau urtean; indarrean jarraitzeko ezinbesteko baldintza izango da behar beste kreditu egotea.

3.– Hitzarmena azkenduko da bere helburu diren jarduketak betetzeagatik edo Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluko 2. idatz-zatian aurreikusitako suntsiarazpen arrazoietakoren bat gertatzeagatik:

a) Hitzarmenaren indarraldia amaitu ondoren indarraldi hori luzatzea ez erabakitzea.

b) Sinatzaile guztiak aho batez ados jartzea.

c) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea.

Kasu horretan, aldeetako edozeinek bere betebehar edo konpromisoak bete ez dituen aldeari errekerimendu bat jakinarazi ahalko dio, epe jakin baten barruan ez betetzat jo diren betebehar edo konpromisoak bete ditzan. Errekerimendu hori hitzarmenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta sinatu duten gainerako aldeei jakinaraziko zaie. Errekerimenduan azaldutako epea igarotakoan ez betetzen jarraitzen bada, errekerimendua igorri zuen aldeak alde sinatzaileei hitzarmena suntsitzeko arrazoia dagoela jakinaraziko die, eta hitzarmena suntsituta dagoela ulertuko da. Arrazoi horregatik hitzarmena suntsitzen bada, baliteke sortutako kalteak ordaindu behar izatea, hala aurreikusi bada.

d) Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judizial batengatik.

e) Aurrekoak ez diren beste arrazoi guztiak, hitzarmenean edo beste lege batzuetan aurreikusita badaude.

4.– Sinatzaileek aho batez aldatu ahal izango dute hitzarmena.

5.– Alderdietakoren batek ez baditu betetzen hartutako konpromisoak, besteak ahalmena izango du hitzarmena suntsiarazteko eskatzeko. Suntsituz gero, alderdiek zehaztuko dituzte gauzatzen ari diren jarduerak azkentzeko eta ordaintzeko baldintzak.

Ezarritakoarekin ados daudela adierazteko, agerliarrek hau sinatu dute, bikoiztuta, goian adierazitako tokian eta egunean.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea,

RICARDO BARKALA ZUMELZU.


Azterketa dokumentala