Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 2019ko irailaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
4240

AGINDUA, 2019ko irailaren 3koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, 2019ko ekitaldiko Euskal Turismo Sarien deialdia egin eta arautzen duena.

Euskal turismoaren ikuspegi estrategikoak, 2030era begira jarrita, Euskadi destino kalitatezko, lehiakor eta jasangarri bihurtzea aurreikusten du, bisitan datozkigun pertsonek baloratuko dutena eta euskal gizarteari oparotasuna ekarriko diona.

Horretarako, arlo estrategikoetan ekimen berritzaileak behar dira, enpresen nahiz destinoen lehiakortasuna sustatuko dutenak, eta oinarri izango dituztenak hazkunde jasangarriaren irizpideak ingurumenaren eta gizartearen ikuspegitik ez ezik, euskal turismo sektorearen lehiakortasunaren ikuspegitik ere.

Xede horrekin, Euskal Turismo Sarien Aginduak Euskadi Basque Country, bikaintasunaren, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren balioei lotutako herrialdeko turismo-marka gisa proiektatzen laguntzen duten jarduerak sustatu nahi ditu, baita turismo-sektorean jarduerak garatzen dituzten eragile publiko eta pribatuak saritu ere; eta, horretarako helburu hauek ezarriko dira:

1.– EAEn dagoen eskaintzaren gainean produktu lehiakor, berri eta kalitatezko bat sortzeagatik gailendu den esperientzia edo proposamen turistiko berritzailea saritu.

2.– Lurraldearen garapen arduratsu eta jasangarriaren aldeko ekimenak gauzatzeagatik nabarmendutako destinoa saritu.

3.– Beraien enpresa-ibilbide edo ibilbide profesionala dela-eta Euskadiren garapen turistikoari lagundu dioten edo laguntzen dioten pertsonak edo kolektiboak saritu.

Eskuduntzen ikuspuntutik, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legeak 5.1.e) artikuluaren bidez Euskadiko turismo-administrazioari esleitzen dio turismo-eskaintza sustatu eta bultzatzeko neurri egokiak hartzeko eskuduntza, beste administrazio eta organismo batzuekin koordinatuz, eta 5.2 artikuluan adierazten da Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen organoak gauzatuko duela eskumen hori.

EAEko Administrazioaren egungo egiturarekin bat etorriz, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 13.1.a) artikuluaren arabera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari dagozkio turismo-arloko eskuduntzak.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da hiru sari arautu eta haiek emateko deialdia egitea, EAEko politika turistikoan eta sektore turistikoko agenteen ibilbide profesionalean gidari diren berrikuntza- eta jasangarritasun-helburuak lortzeko orduan egindako ekarpena jendaurrean aitortzen duen aintzatespen berezia emate aldera.

2.– Horrenbestez, sari bat emango da honako kategoria hauetako bakoitzean:

a) Berrikuntza: 2018. urtean hasi zen eta EAEn dagoen eskaintzaren gainean produktu lehiakor, berri eta kalitatezko bat sortzeagatik gailendu den esperientzia edo proposamen turistiko berritzailea.

b) Turismo jasangarria: ekimen arduratsu eta jasangarriak, ikuspegi sozialetik (tokian tokiko biztanleen aldeko ekintzak, emakume eta gizonen berdintasunaren aldekoak eta lurralde-garapenaren aldekoak), ingurumen-ekimenak (ingurumenaren aldeko ekintzak, jarduerak garatzen diren eremuan eginak) eta ekimen ekonomikoak (enplegu-sorrera, laneko kontziliazio erantzukidea, prozesuak eta prozedurak), denak ere agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu aurreko hamabi hilabeteetan garatuak.

c) Ibilbide profesionala: esperientzia profesional luzea eta EAEren garapen turistikoen egindako ekarpena.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Hauek izan daitezke agindu honetan jasotako sarien onuradun:

1) Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak) edo zerbitzu turistikoak eskaintzen dituzten edo euskadiko sektore turistikoan eragina duten elkarte sektorialak.

Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak) dira 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak eta gehienez ere 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

Arestian adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan (EBAO, L 124, 2003ko maiatzaren 20koa) ezarritakoa hartuko da kontuan, edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapenek ezarritakoa.

2) Turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko jarduerak egiten dituzten pertsona juridiko publikoak, fundazioak eta irabazi asmorik gabeko elkarteak.

3) Euskadiko turismo-sektorean ibilbide profesional luzea duten pertsona fisikoak.

2.– Ezin izango dira onuradun izan horretarako ezgaitzen duen legezko debekua dutenak,, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.

4. artikulua.– Hautagaitzak.

1.– Hautagaitza, zehazki, saria lortzeko bere burua aurkezten duenak edo hirugarren batek formalizatu ahalko du, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak berak barne.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

3.– Hautagaitza formalizatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaria, behar bezala beteta.

b) Azalpen-memoria, aski eta modu arrazoituan jasotzen dituena hautagaiaren merezimenduak.

c) Promoziorako material grafikoa (mp4 formatuko bideoak edo/eta eskubiderik gabeko irudiak bereizmen handian), bai eta memorian identifikatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten bestelako agiriak ere.

Eskaria ez badago behar bezala beteta, edo ez badira eskariarekin batera aurkeztu aurreko artikuluan adierazitako agiriak, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak errekerimendua igorriko dio eskatzaileari, 10 eguneko epean zuzen dezan hutsunea edo aurkeztu nahitaezko agiriak. Halaber, berariaz jakinaraziko zaio hala egiten ez badu bere eskariari uko egin diola ulertuko dela.

4.– Hautagaitzek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikora joz. Horretarako, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1070802 helbidea erabili behar dute.

5.– Hautagaitza formalizatzean, guztiz eta berariaz onartzen dira Agindu honetan ezarritako baldintzak.

5. artikulua.– Epaimahaia.

1.– Aurkeztutako hautagaitzak baloratzeko epaimahai bat eratuko da, honako hauek osatua:

a) Turismo eta Merkataritzako sailburuordea; epaimahai-burua izango da.

b) Ondorengo batzordekideak:

– Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria.

– Basquetour Turismoko Euskal Agentziaren zuzendaria.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo burua.

– San Sebastián Turismo / Donostia Turismoa S.A. elkarteko burua.

– Arabako Merkataritza eta Industria Ganberako turismo-arloko burua.

– Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen ordezkaria.

c) Idazkaria: Turismo eta Ostalaritzako Zuzendaritzara atxikitako pertsona bat; ahotsa izango du, baina botorik ez.

2.– Epaimahaiaren jarduerak eta epaimahaikideen abstentziorako eta ezespenerako araubideak beren-beregi bete beharko dute urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena.

6. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Esleipen-proposamena egitean, epaimahaiak aintzat hartuko ditu kategoria bakoitzarekiko balorazio-irizpide espezifikoak.

1.– Berrikuntzaren kategorian: 2018. urtean hasi zen eta EAEn dagoen eskaintzaren gainean produktu lehiakor, berri eta kalitatezko bat sortzeagatik gailendu den esperientzia edo proposamen turistiko berritzailea.

Honako irizpide hauen arabera baloratuko dira hautagaitzak:

– Esperientzia edo proposamen turistikoaren orijinaltasuna, egun dagoen eskaintza turistikoarekin alderatuta.

– Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak (IKT) erabiltzea.

– Eskainitako zerbitzuen kalitatea sustatzeko burututako ekintzak, betiere erabiltzaileen gogobetetzea lortzeko helburuarekin.

– Euskal Turismoaren 2017-2020 Marketin Planarekin bat egiten duena. http://www.euskadi.eus/contenidos/tramita_plandep/planmarketingturismo20172020/eu_def/adjuntos/PMTV%202017-20%20%20WEB.pdf

2.– Turismo jasangarriaren kategorian: Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu aurreko hamabi hilabeteetan garatu den ekimen arduratsu eta iraunkorra, gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-alorretan kudeaketa iraunkorra burutzeagatik nabarmendutakoa.

Honako irizpide hauen arabera baloratuko dira hautagaitzak:

– Gizarte-alorrean. Tokiko biztanleen aldeko ekintzak, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzera bideratutako jarduerak, baliabide kultural eta arkitektonikoen kontserbazioa, haien balio tradizionalena eta lurraldearen garapen jasangarriarena.

– Ingurumen-alorrean. Ingurumenaren aldeko ekintzak jarduera garatzen den esparruan (gutxieneko ingurumen-inpaktua, kontsumo arduratsua, natura-baliabideak zaintzea).

– Ekonomia-alorrean. Tokiko enplegua zuzenean zein zeharka sortzearen aldeko ekintzak, lana eta familia bateragarri egitea erantzunkidetasunez, enpresa turistiko berriak garatzea, eta inguruko produktuak eta zerbitzuak kontsumitzea.

3.– Ibilbide profesionalaren kategorian: ibilbide profesional zabala duten pertsonak edo kolektiboak, Euskadiko garapen turistikoari ekarpena egin edo egiten diotenak.

Honako irizpide hauen arabera baloratuko dira hautagaitzak:

– Euskadi destino turistikoaren bikaintasunari eta kalitateari egindako ekarpena aitortzea.

– Ibilbidea ardura- eta profesionaltasun-eredu gisa aitortzea.

7. artikulua.– Sarien epaia eta ebazpena.

1.– Epaimahaiak saria emateko proposamen bat egingo du, non hartutako erabakia justifikatzeko arrazoiak jasoko baitira.

2.– Epaimahaiaren proposamena aztertu ondoren, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak ebazpena emango du hautagai-zerrenda aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean, eta EHAAn argitaratuko da sailburuaren agindu bidez.

3.– Sariak edo sarietako bat eman gabe gera daiteke epaiak hala adierazten badu, baldin eta epaimahaiak uste badu proposatu diren hautagaiek ez dituztela betetzen ezarritako baldintzak.

4.– Salbuespen gisa, eta epaimahai-buruak proposaturik, aipamen berezia egin ahalko zaio aurkeztu bai baina saririk lortu ez duen hautagai bati, epaimahaiaren ustez, oro har edo epaimahaiak baloratutako beste arrazoiren batengatik, euskal turismoaren sektoreari ekarpen garrantzitsua egiteagatik.

8. artikulua.– Aintzatespen publikoa.

Aintzatespen publikoaren ekitaldia Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak deitutako ekitaldi publiko batean egingo da.

9. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Euskal Turismo Sarien Agindua» izeneko tratamendu-jarduketan sartu eta tratatuko dira. Honako arau hauen arabera tratatuko dira datu horiek: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

1.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 3a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

SONIA PÉREZ EZQUERRA.


Azterketa dokumentala