Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2019ko irailaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4196

EBAZPENA, 2019ko abuztuaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuari buruzko txostena eta irismenari buruzko dokumentua egiten baitira Bilboko Primitiva harrobiaren betelanari buruzko proiekturako.

AURREKARIAK

2018ko apirilaren 26an, Bilboko Udalak ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskatu zion ingurumen-organoari, Primitiva harrobiaren betelanari buruzko proiekturako, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluan aipatzen den ingurumen-dokumentua bidali zen, 2018ko martxoko datarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, 2018ko uztailaren 3an, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egin zien Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eta egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien, ingurumen-organo horrek ingurumen-txostena egin zezan ohar horiek oinarritzat hartuta. Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak dira); Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari eta Kulturako Zuzendaritza Nagusiari (biak Bizkaiko Foru Aldundikoak dira); Ihobeko Zuzendaritza Nagusiari, URA, Uraren Euskal Agentziari, eta aisialdiko Eguzkizaleak elkarteari eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari.

Era berean, Bilboko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, hauen txostenak jaso dira: Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzarena, Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzarena, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzarena (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak dira); Kultura Ondarearen Zerbitzuarena, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiarena (biak Bizkaiko Foru Aldundikoak dira) eta URArena. Espedientean daude horien emaitzak.

Espedientea osatzen zuen dokumentazioa berrikusi ondoren, 2018ko irailaren 21ean, ingurumen-organoak erabaki zuen ez zuela behar beste judizio-elementu ingurumen-dokumentua egiteko, eta dokumentazio osagarria igortzeko eskatu zion Bilboko Udalari.

Udalak 2019ko ekainaren 10ean, Udalak dokumentazio osagarria igorri zuen. Dokumentazio berria ikusita, 2019ko ekainaren 21ean, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak iritzia eskatu zien Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari. Bi erantzunak espedientean sartu dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumen-efektuen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie arau horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei. Kasu honetan, II. eranskineko 9c taldean sartzen den proiektua da; beraz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egitea dagokio.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatzen dena betez, ingurumen-organoak beharrezkoa dena ebatzi du Cementos Lemona SA enpresak Bilboko udal-mugartean sustatutako Bilboko Primitiva harrobiaren betelanari buruzko proiekturako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko, eraginpean dauden administrazio publikoak eta interesa duten pertsonak galdekatuz.

Txostenak jasotzeko xedatutako epea igaro ondoren, nahikoa judizio-elementu dituela iritzita, eta 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, III. eranskinean ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ingurumen-organoak osorik ebaluatu du proiektua, ingurumenaren gain ondorio adierazgarriak izateagatik ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera, aipatutako arauaren 47.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Bestalde, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaionean, arauaren 47.2.a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-organoak kontuan hartu beharko ditu 46. artikuluaren arabera egindako kontsulten emaitzak, eta ez da kontsulta gehiago egin beharko ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko dokumentua egiteko.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio (erakunde eskuduna da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998ko Lege Orokorraren arabera), Ingurumena eta Lurralde Politikarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 dekretuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea. Bertan, aztertuko da ea aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, eta, halaber, ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismen-dokumentua idatzi behar den.

Hauek ikusi dira: Euskadiko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Bilboko Primitiva harrobian betelan bat egiteko, Cementos Lemona SA enpresak sustatutako proiektuarentzat, jarraian agertzen diren baldintzak betez:

A) Proiektuaren xedea da Bilboko Arraiz mendiaren mendebaldeko hegalean dagoen Primitiva harrobiaren ustiapenak sortutako zuloa betetzea (harrobia leheneratzeko lanak 2011n amaitu ziren), lurzoru naturalak hondeatzetik datozen 355.000 m3 lur eta arroka erabilita. Harrobiko zuloa bete ondoren, hiru plataforma horizontal egingo dira 155, 160 eta 165 kotetan, 16.560 m2-ko azalera erabilgarriarekin, eta hondakinen balorazioarekin lotutako erabilera industriala izan ahalko dute, «Arraizeko (Bilbao) hondakinen balorizazio-azpiegiturak garatzeko Plan Bereziaren eremuko ur-hornikuntza proiektuan» jasotzen denaren arabera. Betelana egiteko epea 5 urtekoa izango dela aurreikusten da.

Betelana Zabalgarbik kudeatutako Bizkaiko hiri-hondakinen balorizazio energetikorako plantaren (erraustegia) eta Garbikerren hondakinen tratamendu mekaniko eta biologikorako instalazioen ondoan egingo da.

Betelana egiteko proiektuak, gutxi gorabehera, 2 hektareako azalera okupatzen du; horrez gain, kontuan hartu behar da sartzeko pistak okupatzen duen azalera, Zabalgarbiren instalazioen sarbidearen eta harrobi zaharreko plazaren artean.

Betelanaren eremua harrobiko plazaren lursailen gainean dago, eta arroka gaineko oinarria 130 kotan dago. Materialak jarri aurretik, buztin trinkotuko metro bateko geruza bat zabalduko da. Ondoren, materialak jarriko dira, metro bateko geruzatan.

Instalazioak:

Instalazioan elementu hauek daude, eta betelanean erabiliko dira:

– Arrain-hezur formako hondo-draina.

– Laginak hartzeko kutxatila, zeinak hondo-draineko urak bildu, eta betelanaren hasieran dagoen dekantazio-putzuraino doan ubidera bideratzen dituen.

– Lur gaineko drainatzea, betelanaren oinarri perimetralean dagoen kanal batera doazen elkarri lotutako ubideen bitartez.

– Gurpilak garbitzeko instalazioa.

– Drainatze-sarean jasotako urak eta gurpilak garbitzeko eremukoak dekantatzeko putzua.

– Sarbideen itxitura eta kontrola.

– Barneko bidea.

– Babes-pantailak (harrobiaren aurrealdetik eror daitezkeen arrokez babesteko).

Sarbideak.

Betelanerako sarbidea Zabalgarbiko erraustegirako eta Garbikerren plantarako sarbide bera izango da. Zabalgarbiko instalazioen sarreratik aurrera, 700 metroko luzera izango duen pista bat jarriko da, zeina harrobiaren aurrealdearen eta aipatutako enpresen industria-instalazioen artean joango den.

Materiala garraiatzen duten kamioientzat sarbide-kontrol bakarra jarriko da. Zenbatesten da 33 kamioi inguru sartuko direla egunean, 5 urteko jarduera-aldian.

Eremuaren ezaugarriak:

Betelana egingo den tokian, erauzketa-jarduerak egiten ziren, Primitiva burdina-meategia baitzen, eta, gero, kareharri-harrobi bat; horregatik, andeatutako eremu bat da. Gainera, proiektuan jasotako betelanaz gain, Zabalgarbi erraustegia eta Garbikerren hondakin-tratamendurako planta daude bertan.

Lursaila lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dago sartuta (48020-00847 kodea).

Betelana egingo den tokian, erauzketa-jarduerak egiten ziren; horregatik, ez dago intereseko landaredirik. Ingurunean, urkidiak, lizardiak, otadiak, iralekuak, txilardiak, albitzak eta beste komunitate guztiz artifizial batzuk daude.

Ingurumen-arriskuak:

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak direla-eta, igorritako dokumentazioak erakusten du inpaktu esanguratsuenak inguruneko bideetako kamioi-trafikoarekin lotuta egongo direla. Lehendik dauden bideak izaki, betelanaren funtzionamenduak ez du trafiko gorakadarik ekarriko egungoaren aldean.

Gainera, eraginpeko administrazio publikoei eta publiko interesdunari egindako galdeketan jasotako txostenak ikusita, litekeena da betelanaren eremuan egon daitezkeen abifaunan eta anfibio-espezieetan eragina izatea.

B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1.– Proiektuaren ezaugarriak: atal hau ebazpen honen A puntuan garatu da.

2.– Proiektuaren kokapena: proiektuaren xedea Bilboko Arraiz mendiaren mendebaldeko hegoan dagoen Primitiva harrobiko ustiapenak sortutako zuloa betetzea da.

Espedientean jasotako informazioaren arabera, kokagune hori Bizkaiko hegazti harkaiztarren populazioaren toki garrantzitsutzat jotzen da. Gaur egun, hegazti harkaiztarren hainbat espezie daude Primitiva meategiko hormetan: belatza, belatxinga, belea, belatz gorria eta hontz zuria.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Betelana egingo den lurraldea eta berori osatzen duten habiak ezinbestekotzat jotzen dira Bizkaiko belatz handiaren (Falco peregrinus) biziraupen eta hazkuntzarako, espedientean jasotako txostenen arabera; gainera, beste espezie harkaiztar batzuek ere habiak egiten dituzte bertan. Betelana egiteak inpaktu larria eragin dezake espezie horietan.

Betelana egingo den tokian, erauzketa-jarduerak egiten ziren; horregatik, ez dago intereseko landaredirik.

Partzela inbentariatuta dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo kutsa zezaketen jarduerak izan dituen lurzoru gisa, 48020-00847 kodearekin, industria-jarduerak egin direlako bertan.

Balizko inpaktuen artean, hauek nabarmendu behar dira: betelanerako materiala daramaten kamioien mugimenduak eragindakoa, hautsa, zarata eta tokiko faunari eta anfibioei eragozpenak sortzea; horien artean, espezie mehatxatuen habitatei egindako kaltea nabarmentzen da, hala habiak suntsitzeagatik nola etorkizunean eremu horretan habiarik ezingo delako egin.

Espedientean jasotako txostenak ikusita, ondoriozta daiteke proiektuak eragin nabarmena izan dezakeela espezie mehatxatuen habitatean, eta inpaktu garrantzitsuak izango dituela ingurumenean.

Bigarrena.– Honako ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa kontuan izanik, Bilboko Primitiva harrobiaren betelanak ohiko ingurumen-ebaluazio estrategiko bat egitea eskatzen duela xedatzea, berori gauzatzeak ingurumenaren gaineko efektu nabarmenak izan baititzake.

Hirugarrena.– Primitiva harrobia betetzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismen-dokumentua egitea, ingurumen-ondorioetarako soilik, baldintza hauetan:

IRISMEN-DOKUMENTUAREN EDUKIA

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketak bete egin beharko ditu, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legeak Orokorrak, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatzen dituztenak.

Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren apartatuek eskema metodologiko honi erantzun behar diote:

a) Proiektuaren deskribapen orokorra: kokapena, diseinua, tamaina eta beste ezaugarri batzuk. Lurzoruaren eta beste natura-baliabide batzuen erabilerari buruzko aurreikuspenak. Isuri, igorpen eta hondakin motak eta kopuruak eta ondoriozko materia- edo energia-emisioak balioestea.

b) Aztertutako aukera nagusien azalpena, zero aukera barnean hartuta (proiekturik ez egitea, alegia) eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusien justifikazioa, ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan hartuta.

c) Proiektuak, zuzenean nahiz zeharka, biztanleriaren, giza osasunaren, floraren, faunaren, biodibertsitatearen, geodibertsitatearen, lurzoruaren, zorupearen, airearen, uraren, faktore klimatikoen, klima-aldaketaren, paisaiaren eta ondasun materialen gain (ondare historiko-artistikoa eta arkeologikoa barne) izan ditzakeen eraginen ebaluazioa. Halaber, arreta jarriko zaio faktore guztien arteko elkarreraginari, proiektua gauzatu, ustiatu eta, hala badagokio, eraitsi edo bertan behera uzteko fase guztietan.

Proiektuak Natura 2000 Sareko eremuetan ondorioak eraginez gero, berariazko atal bat jasoko du gune horietan izango dituen eraginak ebaluatzeko, eremu horiek kontserbatzeari lotutako helburuak kontuan hartuta.

Proiektuak, epe luzera, lurrazaleko ur-masa batean aldaketa hidromorfologikoa edo lur azpiko ur-masa batean aldaketak eragin baditzake, egoera horiek berariaz aztertzeko atal bat gehitu beharko da.

d) Hala badagokio, berariazko atal bat gehituko da, c apartatuan jasotako ingurumen-eraginen faktoreei buruz, horien identifikazioa, deskribapena, azterketa eta kuantifikazioa jasotzeko, istripu larriak edo hondamendiak egoteko arriskua badago, istripu edo hondamendi horiek gertatzeko arriskuari buruz, eta gertatuz gero ingurumenean izango lituzketen ondorio kaltegarri nagusiei buruz; hala ez bada, atal hau aplikagarria ez dela justifikatuko duen txosten bat gehitu beharko da proiektuan.

e) Ingurumenean eragiten diren ondorio kaltegarriak prebenitu, zuzendu, eta, hala badagokio, konpentsatzeko aurreikusi diren neurriak.

f) Ingurumena zaintzeko programa.

g) Ingurumen-inpaktuari buruzko azterketaren laburpen ez teknikoa; ondorioak, erraz ulertzeko moduan. Beharrezkoa bada, azterketa egitean izandako zailtasun tekniko edo informatiboen berri emango da.

Proposatzen diren jardueren eta kaltetu daitekeen ingurumenaren ezaugarriak direla-eta, eta egindako kontsulten emaitzak ikusita, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko azterketak aipatutako atal horiek garatu beharko ditu, ondoren adierazitako zabaltasunarekin eta xehetasun-mailarekin:

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean eta ebazpen honetan ezartzen da zein diren ingurumen-inpaktuari buruzko azterketa gauzatzeko baldintzak.

Proiektuaren eta egintzen deskribapena:

Ingurumen-inpaktuaren azterketan, behar besteko xehetasun-mailaz deskribatuko da proiektua, eta denboran aurreikus daitezkeen premiak azalduko dira, lurzoruaren eta bestelako baliabide naturalen erabilerari dagokionez. Halaber, zenbatetsi beharko da nolako hondakin, isurketa eta materia- edo energia-emisioak egongo diren, eta zenbatekoak izango diren; zehazki, ingurumen-baldintzetan eragin garrantzitsuak izan ditzaketen ekintzak identifikatu beharko dira azterketa xehatu baten bitartez, hala gauzatze-fasea nola aurreikusitako etorkizuneko instalazioen funtzionamendu-fasea aintzat hartuz.

Ingurumen-eraginen bat izan dezaketen proiektuko ekintza guztiak identifikatu behar dira, neurri babesgarri eta zuzentzaile egokienak hartzen direla bermatzeko helburuarekin.

Jarduera horiek guztiak proiektua gauzatzeak ingurumenean izan ditzakeen eraginak kalkulatzeko xehetasun-maila nahikoarekin zehaztu beharko dira, prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak diseinatu ahal izateko, hartara hautemandako ingurumen-eraginak modu eraginkorrean murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla bermatuz.

Aurrekoa kontuan hartuta, eta ebaluatzen den proiektuaren ezaugarriak ikusita, besteak beste, honako alderdi hauek xehetasunez azaldu beharko dira:

– Proiektuaren eremuaren kokalekua eta mugaketa.

– Jardueraren definizioa. Guztizko azalera-beharrak. Jarduera-eremurako bideak eta sarbideak barne hartuko dira.

– Betelana egiteko behar diren materialen kuantifikazioa. Material horren jatorria eta ezaugarriak. Betelanerako materiala lortzeko eremuen identifikazioa. Betelanean onartuko diren material bakarrak indusketetako lurrak eta arrokak izango dira, eta ez da bestelako materialik onartuko, honako dekretu hauetan xedatutakoaren arabera: 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena; eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena arautzen duena. Hala badagokio, jarduketa horiek sorrarazten dituzten eraginak, eta eragin horiek minimizatzeko aurreikusten diren zuzenketa-neurriak eta kontrolak.

– Zehaztu beharko da lurzorua kutsa zezaketen jarduketak izan dituzten lursailetan izan dezakeen eragin-maila norainokoa den, eta azaldu beharko da haietako bakoitzean nolako esku-hartzea aurreikusten den.

– Aurreikustea zenbat trafiko sortuko den betelana egiteko (zenbat kamioi egunean) eta zein ibilbide hautatu diren; adieraztea zer eragozpen eragin dezaketen lanek gaur egungo trafikoan eta bestelakoetan.

– Hondakinik sortuz gero, azaltzea nolakoak eta zenbat izango diren, eta nola kudeatuko diren.

– Proiektua egiteko beharrezkoak diren instalazio osagarrien deskribapena. Instalazioen kokapena.

– Obren eta obra-planaren aurreikusitako iraupena, zehaztuta noiz gauzatuko diren aurreikusitako jarduerak.

– Ingurumenerako, osasunerako eta ondasun materialetarako arriskutsuak diren jarduketak egoteko aukera zehaztea.

Informazio grafikoa: proiektuaren ezaugarriei buruzko bestelako informazio grafikoa kaltetu gabe, ondorengo plano hauek aurkeztu beharko dira, geoerreferentziatuta:

– Plano topografikoa, 1:1.000 eskalan, zeinetan gaur egungo eta amaierako egoerak irudikatuko diren, barne hartuta sarbideak, bai eta instalazioen eta aldi baterako metaketen kokapena ere, halakorik aurreikusten bada. Amaierako egoeraren planoan argi eta garbi jaso beharko da proiektuaren gehieneko eraginpeko eremua.

Ordezko aukeren azterketa eta hartutako erabakiaren justifikazioa:

Ingurumen inpaktuaren azterketak barne hartu beharko du ingurumen-arloan aproposenak diren aukera teknikoki bideragarrien azterketa bat eta horien balorazio konparatiboa, zero alternatiba edo ez jarduteko aukera barne; proposatutako aukera argudiatu beharko da, jarduketen dimentsio eta hedadurari zein horietako bakoitzerako konponbide teknikoei erreferentzia eginda. Aukera onenaren hautaketa irizpide anitzeko azterketa orokor batean oinarritu beharko da, alderdi ekonomikoak ez ezik, gizarte- eta ingurumen-alorrak ere aintzat hartuta.

Hautabideen balorazio-prozesu horretan, aintzat hartuko dira hainbat alderdi, esaterako, baldintza geomorfologikoak, Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak dauden ala ez, arriskuan dauden flora- eta fauna-guneak, ur-puntuak eta ondare arkeologikoaren elementuak, bai eta paisaian izango duten eragina ere.

Azterketan, hainbat aukera tekniko eta diseinuzko proposatu behar dira, zeinak ingurumenaren osagai baliotsuenen gaineko kaltea murriztu beharko duten, batez ere proiektua gauzatuko den eremuko landaredia naturalari eta faunari dagokienez.

Atala bukatzeko, hautatutako aukera justifikatu beharko da, eta, nolanahi ere, bermatu beharko da hautatutako aukera teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarria dela, eta ingurumenaren ondare- eta ingurumen-osagaiei ahal bezain kalte txikiena eragiteko ahalegina egin beharko da.

Ingurumen-inbentarioa eta arloko elkarreragin ekologiko nagusiak deskribatzea:

Atal honetan eremua deskribatuko da, elementu baliotsuenak eta proiektuko ekintzek gehien eragin ditzaketenak nabarmenduta. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatzen duenarekin bat etorriz, jarduera egin aurretik lekuaren egoera eta ingurumen-baldintzak aztertuko dituen txostena ere izan behar du, baita oraingo ingurumen-egoera eta ebaluatzen den proiektutik eratorritako jarduketaren ondoriozko egoera konparatzeko azterketa bat ere.

Ingurumen-inbentarioa atalez atal ebaluatuko da. Balorazio horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da erreferentzia-esparru baten barnean (herri mailan, eskualdekoan eta abar).

Kasu guztietan, datuak eskuratzeko iturri dokumentalak adieraziko dira, material bibliografikoak izan, norberak prestatuak edo bestelakoak.

Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da, ingurumen-inpaktuaren azterketaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak ekidinez, eta proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eraginak ulertzeko behar dena kontuan hartuz.

Ezertan eragotzi gabe aurretik esandakoa, proiektuaren eraginpean dagoen eremuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen-inbentarioak honako alderdi hauek hartuko ditu barne:

– Azterketaren eremuaren deskribapen orokorra.

– Mugaketa fisikoa.

– Aldagai atmosferikoak. Prezipitazioen erregimena, ebapotranspirazioa, haize nagusiak, etab.

– Lurzoruaren erabilerak.

– Geologia eta geomorfologia.

– Esparru geologikoa. Unitate eta prozesu geomorfologikoak.

– Interes geologikoko lekuak.

– Hidrologia eta uraren erabilera.

– Sare hidrografikoa, proiektuaren eragin-esparruan. Proiektuaren eraginpean egon daitezkeen arroaren eta ur ibilguen deskribapena.

– Proiektuaren eraginpean egon daitezkeen ur-puntuak, iturburuak, hartuneak eta ustiapenak, horien ezaugarrien azalpena eta erabilera adieraziz eta kartografia xehatuan kokatuz.

– Proiektuaren eremuko ezaugarri hidrogeologikoak. Material litologikoen iragazkortasuna. Lurpeko uren urrakortasuna kutsaduraren aurrean. Urrakortasun handiko zonaldeen, birkarga-zonaldeen, hustutegien eta abarren identifikazioa, halakorik balego, eta zonalde horien eta proiektuaren arteko erlazioa.

– Eremuan dauden biozenosien eta ekosistemen deskribapena.

– Eraginak pairatuko dituzten landare- eta animalia-komunitateak, adieraziz horien egoera, kontserbazio-maila, egiturazko konplexutasuna, espezie bereizgarrien, adierazgarrien edo garrantzitsuen presentzia, etab. Arreta berezia jarrita, aipatutakoen artean, Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan aipatutako espezieei. Horri buruz, kontuan hartu behar da proiektuaren eraginpeko eremuan natura-intereseko zenbait hegazti-espezie hauteman direla (belatz handia, belea, belatxinga mokogorria), bai eta zenbait anfibio-espezie ere.

Ingurumen-inpaktuari buruzko azterketan, jarduera-eremuaren inguruneko fauna-espezieentzat interesekoak diren habitat nagusiak aztertu beharko dira, bai eta ingurunean intereseko espezierik badagoen ere.

– Espezie mehatxatuen habitata, habiak egiteko guneak, betelanetik habietara dagoen distantzia eta ugalketa-aldiak deskribatu beharko dira.

– Korridore ekologikoak. Habitaten konektibitatea/zatiketa.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan, proiektuak tokiko konektibitate ekologikoan duen eragina aztertu beharko da.

– Kutsatuta dauden lurzoruak.

Betelana egin nahi den lursaila lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dago (48020-00847 kodea). Ingurumen-inpaktuaren azterketan, adierazi beharko da ea proiektuaren eremuan badagoen irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan (lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa) jasotako beste lursailik.

– Ondare historikoa, artistikoa eta kulturala.

Ingurumen-inpaktuan, proiektuaren eremuan interes kulturaleko elementurik baden aztertu beharko da. Dauden inbentarioak kontuan hartu beharko dira: Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren edo beste erakunde batzuen (udalak, etab.) Kultura Ondarea.

Planoak:

Jarduketa-eremuaren ingurumen-inbentarioaren alderdi garrantzitsuenen irudi kartografiko geoerreferentziatuak lortu beharko dira, hala eskala orokorrean nola xehatuan, eta kasuan-kasuan erabili den eskala adierazi beharko dute.

Halaber, sintesi-kartografia bat prestatuko da ingurumen inbentarioko elementu nabarmenak bertan jasoz.

Kasu guztietan, datuak eskuratzeko iturri dokumentalak adieraziko dira, material bibliografikoak izan, norberak prestatuak edo bestelakoak.

Ingurumen-inbentarioa atalez atal ebaluatuko da. Balorazio horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da erreferentzia-esparru baten barnean (herri mailan, eskualdekoan eta abar).

Inpaktuen identifikazioa eta balioespena:

Ingurumen-inbentarioko elementuen eta eraginak sor ditzaketen proiektuko ekintzen arteko elkarreraginaren ondorio izango da eraginen identifikazioa, kuantifikazioa eta balorazioa.

Inpaktuen identifikazio eta balorazio hori ongi arrazoitu beharko da kasu bakoitzean, horretarako Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako terminologia erabiliko da. Kasu honetan, funtsean, honako hauek konparatuko dira: egungo egoera eta etorkizunekoa, neurri zuzentzaileak hartuta.

Ingurumen-eraginak ebaluatzeko erabilitako metodologiak eta balioeste-metodoak aipatuko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatuko dira, ahal den heinean, onarpen orokorreko arauak edo azterketa teknikoak erabiliz, eragin mota bakoitzaren arabera mugako balioak edo gida-balioak ezartzeko.

Bereziki, eta beste batzuk alde batera utzi gabe, proiektuaren eta eraginpeko ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta, ingurumen-inpaktuaren azterketak honako ingurumen-inpaktu hauek gutxienez ebaluatu beharko ditu:

– Aztertu behar da zer ondorio izan ditzakeen proiektuak natura-baliabideetan, bereziki intereseko fauna mehatxatuan eta horren habitatetan; halaber, aztertu behar da zer inpaktu izan dezakeen aurreko atalean aipatutako batasunaren intereseko habitatetan, eta jarduera-eremuan dauden beste intereseko baliabide batzuetan, tokiko landaredian eta mehatxupeko eta/edo intereseko floran.

– Aurreko puntuan aipatu den moduan, habitat horietan izan dezakeen inpaktua ebaluatzeko ez da soilik eraginpeko gainazala hartu behar kontuan; horrez gain, aintzat hartu beharko da nolako kontserbazio-egoeran dagoen, faunaren aterpe- eta habitat-funtzioa betetzen duen, etab. Aipatu behar da, espedientean dauden txostenen arabera, meategia toki garrantzitsua dela Bizkaiko hegazti harkaiztarren populazioarentzat.

– Intereseko espezieen habitatetan izan dezakeen inpaktua ebaluatzean, kontuan hartu beharko dira beste proiektuekin egon daitezkeen sinergiak, Bizkaiko Foru Aldundiaren 2019ko uztailaren 17ko txostenean deskribatzen denaren arabera.

– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostenean, konektibitate ekologikoan eta paisaien kalitatean dituen ondorioak aztertu beharko dira.

– Funtzionamendu hidrogeologikoan izan daitezkeen ondorioak aztertu behar dira, bereziki infiltratutako uren kalitatean eta kantitatean izandakoak.

– Edateko uren bilketan izan ditzakeen ondorioak aztertu behar dira.

– Kontuan hartuta proiektuaren esparruan fauna harkaiztarrak habia egiteko eremuak daudela, ingurumen-inpaktuari buruzko txostenean ebaluatu beharko da zer-nolako eraginak izan ditzakeen betelanak ingurumen-inbentarioaren atalean identifikatu diren eraginpeko fauna-populazioetan; hau da, berariazko azterketa egin beharko da fauna harkaiztarrean izandako inpaktuaren irismenari eta garrantziari buruz, eta kontuan hartuko da zein diren data arriskutsuenak aipatutako espezieentzat eta inguruan habiak egiteko eta babesteko beste eremurik badagoen ala ez. Ondorioak eta inpaktuak aztertzeko, diagnostikatzeko eta ebaluatzeko, beharrezkoak diren txosten eta azterketak bildu beharko dira; txostenotan, espezie horien habitata mantentzeko eta, hala badagokio, leheneratzeko beharrezkotzat jotzen diren prebentzio- eta zuzenketa-neurriak jaso beharko dira.

– Korridore Ekologikoen Sareko elementuetan izan ditzakeen ondorioak ebaluatzea, kontuan hartuta ingurunean dauden espezieen lekualdatzeetan izan dezakeen eragina, betelana gauzatzearekin lotutako disuasio-efektua, lotutako elementuen (harri-lubetak, adibidez) eta aldaketa geomorfologikoen hesi-efektua, leheneratutako eremuen funtzionaltasunaren azterketa, etab.

– Interes geologikoko eta/edo hidrogeologikoko lekuen galera edo narriadura ebaluatzea.

– Ondare historiko eta artistikoaren galera edo narriadura ebaluatzea.

– Proiektuak Natura 2000 Sareko eremuetan ondorioak eraginez gero, berariazko atal bat jasoko du proiektuak gune horietan izango dituen eraginak ebaluatzeko, eremu horiek kontserbatzeari lotutako helburuak kontuan hartuta.

– Proiektuak, epe luzera, gainazaleko ur-masa batean aldaketa hidromorfologikoa edo lur azpiko ur-masa batean aldaketak eragin baditzake, egoera horiek berariaz aztertzeko atal bat gehitu beharko da.

– Hala badagokio, berariazko atal bat gehituko da, c atalean jasotako ingurumen-eraginen faktoreei buruz, horien identifikazioa, deskribapena, azterketa eta kuantifikazioa jasotzeko, istripu larriak edo hondamendiak egoteko arriskua badago, istripu edo hondamendi horiek gertatzeko arriskuari buruz, eta gertatuz gero ingurumenean izango lituzketen ondorio kaltegarri nagusiei buruz; hala ez bada, proiektuan atal hau aplikagarria ez dela justifikatuko duen txosten bat gehitu beharko da.

Prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak proposatzea.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak, inguruneko elementu bakoitzerako, ingurumen-inpaktu kaltegarri nabarmenak murrizteko, desagerrarazteko edo konpentsatzeko proposatutako neurriak azaldu beharko ditu, proiektuaren hautabide bakoitzean. Espero diren inpaktuen ezaugarrien arabera proposatu eta dimentsionatuko dira neurri zuzentzaile horiek.

Inpaktuak ekiditeko eta zuzentzeko pentsatutako ekintza bakoitza xehetasunez identifikatu eta deskribatuko da, bai ekintzaren diseinu eta kokapenari dagokionez, baita kutsaduraren aurkako prozedurei, arazketari eta ingurumenaren-babes generikoari dagokionez. Deskribapenak xehetasun-maila nahikoa izan beharko du hautemandako ingurumen-inpaktuak modu eraginkorrean murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla bermatzeko, exekuzio-proiektuek izan ohi dituzten atalak barne hartuta: memoria, neurketen koadroa, obra-unitateen definizioa, aurreikusitako neurri bakoitzari dagokion aurrekontuko partida eta preskripzio teknikoen agiria, bai eta guzti hori hobe ulertzeko beharrezko kartografia ere. Neurri horiek obraren planean edo aurreikusitako lanetan integratuko dira, eta neurriak gauzatzeko egutegi koordinatu bat proposatuko da.

Neurrien proiektuak bereziki zaindu beharreko alderdiak honako gai hauekin loturikoak izango dira: Batasunaren intereseko habitatetan eta espezieengan eraginak prebenitzea eta zuzentzea, eremuaren funtzionaltasunari eustea.

Aurrekoaren ondorioz eta azterketaren ondorioz hartu beharreko bestelako neurriak kaltetu gabe, prebentzio-neurriak, neurri babesgarriak eta zuzentzaileak barne hartzen dituen proiektuak ondorengo neurriak aintzat hartu eta garatuko ditu, besteak beste:

– Fauna eta habitatak babesteko neurriak proposatzea. Neurri egokiak proposatu beharko dira espezieotan izandako inpaktua saihesteko edo murrizteko (betelana gauzatzeko faseko eragozpenak, habitataren galera, habia berriak ezin egin izatea, habiak suntsitzea, etab.).

Harri-lubetak faunarentzako tranpa ez bihurtzea lortu behar da; horretarako, neurri hauek hartu behar dira: ornodun txikiei irteteko aukera ematen dieten elementuak sartzea lubeten diseinuan (arrapala txikiak, ihes egiteko zuloak...), kanalen profilak trapezoidalak edo V formakoak izatea, angeluzuzenak beharrean, adibidez.

– Landaredia babesteko neurriak proposatzea, barne hartuta espezie inbaditzaileen (Cortaderia selloana, Amaranthus, Echinochloa) hedapena hautemateko eta saihesteko kontrol-neurriak, eta, ahal den heinean, espezieok eremutik ezabatzeko neurriak hartzea.

– Sistema hidrologikoa babesteko neurriak.

– Hauts-emisioak prebenitzeko eta zuzentzeko neurriak.

– Betelana egitean sortutako zaratari dagokionez, kutsadura akustikoa prebenitzeko neurri egokiak hartuko dira. Ingurumen inpaktuaren azterketak neurri horien deskribapen zehatza jaso beharko du.

– Positiboki baloratzen da sustatzaileak hormak egonkortzeko sareak eta buloiak erabiltzea baztertu izana. Ezinbestekoa da horma estaltzeko sarea eta buloia erabiltzeaz bestelako neurri osagarriak hartzea, hala betelanaren fasean nola etorkizunean tokian egin daitezkeen eraikuntza-proiektuetan. Ingurumen-inpaktuaren azterketan, neurri osagarri horiek zein izan daitezkeen jasoko da.

– Paisaia lehengoratzeko neurriak. Harri-lubetak egitean landare berriak landatzeko moduko irtenbidea hautatzea gomendatzen da. Higadura-fenomenoak gutxitzeko eta ezponden egonkortasuna hobetze aldera, aipatutako harri-lubetetan landare berriak landatzean espezie hauek erabiltzea gomendatzen da: elorri zuria (Crataegus monogyna), zuhandorra (Cornus sanguinea), binorria (Ligustrum vulgare), erramua (Laurus nobilis), gurbiltza (Arbutus unedo), etab.

– Jardunbide egokien sistema martxan jartzea: jardunbide egokien sistema bat martxan jarri beharko dute langileek, jarraian aipatutako helburuak ahal den neurrian bermatzeko asmoz:

– Proiektuaren okupazio-mugak gainbegiratzea, beharrezkoa balitz intereseko landaretza-, fauna- eta flora-guneak adierazteko seinaleak barne hartuta, obraren zuinketa egin bitartean.

– Isuriak direla-eta arroetan eta ur-ibilguetan eragindako ondorioen kontrola.

– Hondakin-isurketak ez egitea, eta olio-isurketekin edo lurra leku batetik bestera eramatean lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Proiektuan inplikatutako herrietako biztanleei eta inguruneko espezieei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

– Arrisku geoteknikoen kontrola.

Ingurumena zaintzeko programa:

Ingurumena zaintzeko programa bat prestatuko da. Programa horren helburu nagusia ingurumen-inpaktuaren azterketan ezarritako kalitate-helburuak, jarraibideak eta neurri zuzentzaileak beteko direla bermatuko duen sistema bat ezartzea izango da.

Programaren helburuak zehaztuko dira, eta, helburu bakoitzarentzat, jaso beharreko datuak, erabili beharreko metodologia, neurketa-puntuak (puntu horiek zehazki kokatzeko egoera-planoa eta krokisa barne) eta neurketen maiztasuna ere bai.

Era berean, dagokion aurrekontua gehitu beharko da, behar bezainbat banakatuta, proiektuaren garapenetik eratorritako eraginen jarraipen egokia egin ahal izateko.

Proiektuari buruz eta proiektuak inguruan duen eraginari buruz jasotako datuen ondorioz beharrezkoak diren kontrolez gain, programak jarraian adierazitako kontrol hauek izan beharko ditu:

– Betelanaren eraginpeko eremuaren kontrola.

– Mehatxupeko edo natura-intereseko fauna-espezieen gaineko eraginaren kontrola.

– Emisio atmosferikoen kontrola.

– Inguruneko uren kalitatearen kontrola.

– Sedimentazio-gailuen irteeran kokatutako uren kalitatearen kontrola.

– Kutsadura akustikoaren kontrola.

– Flora exotikoak okupatutako gainazalen bilakaeraren kontrola.

– Paisaien lehengoratzearen arrakastaren kontrola.

– Proiektua gauzatzeko aurreikusitako prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurrien eraginkortasuna egiaztatzeko beste kontrol batzuk.

Kalitate-helburuak, hala behar denean, legeetatik edo oro har onartutako azterketa teknikoetatik hartutako muga-balioen edo gida-balioen arabera ezarriko dira. Hala ere, proiektuaren eraginpeko eremuaren berezitasunek eta ezaugarri zehatzek hala eskatzen badute, balio are zorrotzagoak ezarri beharko dira, beharrezkoa den parametroetan.

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren laburpena:

Gaian indarrean dagoen araudiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketaren laburpena eta ondorioak idatzi beharko dira. Bertan argituko da, zehatz-mehatz eta publiko orokorrak ulertzeko moduan, nolakoa izango den programa eta nolako eragina izango duen ingurumenean. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, batez ere, jendeari informazioa emateko.

Hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren azterketa egitean hautemandako zailtasun tekniko edo informatiboak aipatu beharko dira.

DOKUMENTAZIOA AURKEZTEKO JARRAIBIDEAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.3 artikuluan jasotzen denaren arabera, zenbait egiaztapen burutu ondoren, organo substantiboak helaraziko dizkio ingurumen-organoari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko eskabidea, sustatzaileak aurretiaz egina duena, eta hari atxikitako dokumentuak.

Ingurumen-organoaren egitekoa, prozeduraren fase horretan, funtsean, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena egitean datza, aipatutako arauaren 41. artikuluan xedatzen denaren arabera.

Jarraibide hauek zehazten dira ingurumen-organoak eskabidea berrikustea erraztu ahal izateko eta, azken finean, ahalik eta bizkorren eta erosoen eman ahal izateko aurkeztu den eskabideari buruzko ebazpena.

Bestalde, jarraibideak lehenik organo substantibora bideratzen badira ere, garrantzitsua da proiektuaren sustatzaileak ere haien ezaguera edukitzea eta dagokion guztian betetzea:

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. artikuluaren arabera, kualifikazio profesionalei eta goi-mailako hezkuntzari buruzko arauen arabera behar besteko gaitasun teknikoa duten pertsonek egingo dute ingurumen-azterketa estrategikoa, zeinak Legearen eskakizunak betetzeko behar den kalitatea izango baitu. Ingurumen-azterketa estrategikoak eta haren eranskin guztiek (eragin akustikoari buruzko azterketak, adibidez) pertsona horiek identifikatu beharko dituzte, eta horien tituluak eta, hala badagokio, lanbide arautua adierazi beharko dituzte. Hauek jaso beharko dira identifikazio horren barruan: izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionalaren kodea edo helburu berberak dituen beste dokumentu bat (elkargoko zenbakia adieraziz gero, elkargo profesional zehatz baten erregistroarekin bat egin beharko du). Gainera, amaiera-data eta pertsona horien sinadura jasoko dira. Dokumentuaren edukien eta informazioaren fidagarritasunaren erantzule izango dira horiek, Administrazioak berak frogagarri gisa emandako datuak izan ezik. Atal monografikoak baditu, atal horien arduradunak identifikatu beharko dira.

1.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen estrategikoaren eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentuek koherentzia egokia errespetatu beharko dute, bai haien artean bai aurretik aurkeztutakoei dagokienez, halakorik bada, erabakia hartu behar duten administrazio-organoen lana errazteko eta ez eragozteko.

2.– Arreta berezia jarri beharko da kasu bakoitzean dokumentu teknikoen atalak haien artean erlazionatzea ahalbidetzen duten datuak adieraztean (esaterako, atal batean proiektuko ekintzak deskribatzen badira eta beste batean ekintza horiek eragindako ingurumen-inpaktuak, bi kasuetan ekintzak izen berarekin aipatu beharko dira). Prozedura industrialek, ekipamenduek eta instalazio lagungarriek izen berberak eduki beharko dituzte aurkezten den dokumentazio guztian eta, behar izanez gero, kodetu egin beharko dira.

3.– Beharrezkoa izanez gero, datuak zein iturritatik lortu diren adierazi beharko da.

4.– Dokumentazio grafikoa eta kartografikoa sartu beharko da, behar bezala geoerreferentziatua, behar duten ataletan. Planoak PDF formatuan aurkeztu beharko dira, eta geoerreferentziatuta egon beharko dute; hau da, PDFek eremuaren koordenatuak jaso beharko dituzte UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema ofizialean.

5.– Plano guztiak beren kodeekin eta edukia azaltzen duten izenburuekin identifikatu beharko dira. Halaber, honako hauek adierazi beharko dira: irudikatutako datuak zuzen interpretatzeko behar diren azalpenak eta sinboloak; eskala grafikoa eta numerikoa, inprimatzeko formatua adierazita; sinadura eta noiz egin den. Kodea eta izenburua sustatzaileak egoki deritzonak izango dira, baina geroago aipatuko dugun fitxategiaren izenarekin ez da nahasi behar hori.

Jatorrizko eskalatik murriztutako planoak aurkeztuz gero, zuzendu egin beharko da planoan jatorrian adierazitako eskala, aurkeztutako planoan oinarritutako neurketek ez dezaten akatsik izan.

6.– Testuetan zehar aipatutako eranskin, irudi, plano edo argazki guztiak aurkeztu beharko dira dokumentazioarekin batera. Aipamen hori dokumentuak erraz aurkitzeko moduan egingo da (kodea eta fitxategiaren izena, gutxienez).

7.– Analisi teknikoa behar bezala egin ahal izateko, pantailaratzeko PDF formatuko fitxategiez gain, planoen kopia gehigarri bat entregatu beharko da, shape formatuan (UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema erabilita), eta ezingo da 10 Mb baino gehiagokoa izan. Shape fitxategi horretan, honako lau fitxategi hauek txertatuko dira, ZIP bakar batean:.shp,.shx, dbf,.prj.

Lau fitxategiak bilduko dituen «eremua.zip» shape konprimituaren adibidea:

• eremua_adibidea.shp

• eremua_adibidea.shx

• eremua_adibidea.dbf

• eremua_adibidea.prj

8.– Eskaera IKS-eem sistemaren bidez aurkeztu beharko da, aplika daitezkeen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean eskura daitezkeen fitxak eta formularioak erabilita (ikusi estekak amaieran).

8.1.– Dokumentuak.pdf formatuko fitxategietan aurkeztu beharko dira, fitxategi bakoitza gehienera 30 MB-koa dela eta bilaketak egitea zilegitzen dutela. Tamaina handiagoko fitxategiak zatitu egin behar dira sisteman txertatu ahal izateko.

Logotipo, goiburu eta orri-oinetan kolorerik ez erabiltzea gomendatzen da; behar-beharrezkoa den kasuetan soilik erabiliko da –planoak, diagramak, eta abar–, alegia, koloreak informazio jakin bat ematen duenean.

8.2.– Oro har, fitxategiak «Dokumentu Administratiboak» deitutako atalean txertatu beharko dira IKS-eem sisteman. Nahitaezkoak ez diren dokumentuak direnean, edo fitxategi bat baino gehiago behar denean dokumentu bat aurkezteko, «Hautazko dokumentuak» deritzon fitxa erabili beharko da.

8.3.– IKS-eem sisteman txertatzen diren fitxategiak ondorengo tauletan azaltzen den kodifikazio-sistemaren arabera izendatu beharko dira (ez da nahasi behar hori sustatzaileak bere nahierara hauta ditzakeen kodeekin, esaterako, plano jakin bat izendatzeko darabilen kodearekin):

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

* Nahitaez aurkeztu behar diren dokumentuak eta atalak. IKS-eem sistemak eskatuko du nahitaez, gutxienez, fitxategi bat, amaiera-kodea 000 duena, txerta dadila.

** Dokumentu hauek sustatzaileak edo organo substantiboak egoki baderitzote soilik aurkeztuko dira.

*** «Ingurumen-inpaktuaren azterketa. Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa» atalaren kasuan, berariazko kapitulu bat txertatu beharko da proiektuak Natura 2000 Sarean dituen ondorioei buruz, baldin eta soilik Natura Ondarea eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45.4 artikuluan aurreikusten diren inguruabarrak ematen badira.

Fitxategien izenak, edukiaren eta 1. eta 2. tauletan azaldu denaren arabera dagokien kodea eraman behar du SOIL-SOILIK. Horregatik, zenbakiak eta gidoi ertainak edukiko ditu izenak, baina ez du onartuko aipatutako hizki eta karaktere horietaz kanpoko besterik.

Dokumentu edo atal batek 30 MB edo gutxiagoko tamaina duenean, fitxategi bakarrean aurkeztu beharko da, eta 000 izango dira haren izenaren azken hiru zenbakiak. Fitxategi hori IKS-eem sisteman txertatuko da «Dokumentu administratiboak» erlaitzean. Dokumentuak edo atalak hori baino tamaina handiagoa duenean, behar bezainbat fitxategitan zatituko da haietako ezeinek 30 MB-ko tamaina gainditu ez dezan. Kasu horretan, fitxategi horietako bakoitzak izen bat izango du, non azken hiru zenbakiak korrelatiboak izango baitira, 000 duenetik abiatuta. Fitxategi korrelatibo horiek, -001etik aurrerakoak, «Hautazko dokumentuak» erlaitzean txertatuko dira IKS-eem sisteman.

Beraz, adibidez, «Proiektuaren dokumentu teknikoa» atalari dagozkion bi fitxategi aurkezten badira, 206-000 eta 206-001 izena emango zaie; eta bi fitxategi aurkezten badira «Ingurumen-inpaktuaren azterketa. Sintesi-dokumentua» atalean, 207-07-000 eta 207-07-001 izena emango zaie. 206-000 eta 207-07-000 fitxategiak «Dokumentu administratiboak» erlaitzean txertatuko dira, eta 206-001 eta 207-07-001 fitxategiak aldiz «Hautazko dokumentuak» erlaitzean.

8.4.– 1. taulako dokumentu bat edo 2. taulako atal bat fitxategi bat baino gehiagotan zatituta aurkeztu behar izaten denean, 000 fitxategiaren lehen orrialdean edo lehenengoetako batean, dokumentu edo atal horretan jasota dagoen informazio aipagarriaren aurkibide osoa joan behar du. Aurkibideak dokumentuaren edo atalaren epigrafeak jasoko ditu (epigrafearen deskribapen-izenburuarekin), eta fitxategiaren izena eta epigrafe bakoitzaren hasierako orrialdearen zenbakia dagokion.pdf fitxategian.

Kontuan izan behar da IKS-eem sisteman txertatzen diren dokumentuak programa informatiko baten bidez erabiliko direla, eta ez direla inprimatzekoak; horregatik, aurkibidean agertzen den orrialde-zenbakiak bat etorri behar du haren irakurketa-programan orrialde horretara iristeko erabili behar den «Joan orrialdera» aginduan ipini behar denarekin.

8.5.– Ingurumen-inpaktuaren azterketako kartografia-plano guztiak, eta azterketan sortzen diren tamaina handiko gainerako plano, figura eta irudi guztiak, IKS-eem sisteman txertatu beharko dira «Ingurumen-inpaktuaren azterketa. Planoak eta irudiak pdf formatuan» atalean. Plano, figura eta irudiak fitxategi bat edo gehiagotan jaso beharko dira 2. taulan atal horretarako azaldu den eran kodifikatuta. Horrek esan nahi du plano, figura edo irudi horietan jasotzen den informazioari dagokion aipamena egin beharko zaiola ingurumen-inpaktuaren azterketan atal horri dagokion memorian.

8.6.– Dokumentu kartografikoak pdf eta shp formatuetan entregatu beharko dira. Berariaz proiektua gauzatzeko sortu diren shp geruzak dira behar diren bakarrak, eta ez dago jada GeoEuskadi sisteman integratuta dauden geruzak aurkeztu beharrik. Shp geruzak daramatzaten fitxategiak «Ingurumen-inpaktuaren azterketa. Planoak eta irudiak shp formatuan» atalean sartuko dira sisteman.

8.7.– Isilpeko datuei dagokienez, haiei buruzko fitxategiak IKS-eem sisteman «Isilpeko datuak» izena daraman atalean txertatuko dira, eta haien izena honako kodifikazio-era honetan egin beharko da (ikus 1. taula):

– Lehen hiru zenbakiek 056 izan behar dute.

– Ondorengo hiru zenbakiek dagokien dokumentu motarenak izan behar dute; esate baterako, proiektuaren dokumentu teknikoa bada, 206 izango da; aldiz, 207, ingurumen-inpaktuko azterketakoa bada.

– Ingurumen-inpaktuaren azterketaren osagaietakoa bada fitxategia, bi zenbaki gehigarri erantsi beharko zaizkio, 2. taulan dagokion atalaren arabera.

– Azken hiru zenbakiek dokumentu edo atal horretan bertan espedienteari atxikitako azken fitxategi ez-isilpekoarekin korrelatiboa den zenbakiarenak izan behar dute. Behar bezainbeste zenbaki korrelatibo erabiliko dira fitxategiek 30 MB baino gehiagokoak izanez gero.

– Fitxategi-izenaren osagai ezberdinen zenbakiek gidoi ertain batez bereizita joan behar dute.

Isilpeko fitxategi baten izenaren adibidea, honako inguruabar hauek dituela suposatuz:

– Ingurumen-inpaktuko babes-neurriei buruzko informazioa.

– «Ingurumen-inpaktuaren azterketa. Prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak» atalean sartutako azken fitxategiaren izena 207-05-003 da.

– Isilpekotasuna duten bi fitxategi gehigarri sartu nahi dira.

Adibide horretan, isilpeko bi fitxategi horien izena izango da, hurrenez hurren: 056-207-05-004 eta 056-207-05-005.

Ahalegina egin behar da isilpeko fitxategiak bere sortako azkenak izateko; hala, arestian azaldu dugun adibidean, ez litzateke fitxategi gehigarririk sartu beharko 207-05-006 izenarekin eta ondorengoekin «Ingurumen-inpaktuaren azterketa. Prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak» atalean. Isilpeko fitxategiak «Hautazko dokumentuak» fitxan txertatu behar dira.

Isilpeko informazioa behar adina identifikatuta eta bereizita egon behar da gainerako informaziotik. Beraz, 1. taulako «Isilpeko datuak» atalean ez dauden edo 056 zenbakiaz hasten ez diren fitxategietan ez datorren informazioa ezingo da isilpekotzat hartu.

8.8.– Informazio jakin bat aurkezten denean 1. taulako dokumenturen baten edo 2. taulako ataletako baten zuzenketa edo aldaketa moduan, IKS-eem sistemara ekarri beharko da informazio eraberritu hori jasotzen duen fitxategi osoa, eta horrek ordeztuko du aurretiaz izen berarekin dagoena. Aurreko informazioren bat osatzen edo zuzentzen duen informazioak egoera horren berri eman beharko du hasieran. Fitxategi berrian jasotzen den informazioaren eta eskabidean barnebilduta dauden gainerako dokumentu eta ataletan datorren informazioaren artean behar den koherentzia gorde beharko du sustatzaileak. Eskaera bat zuzentzeko aipatutako jarraibideak betetzen ez badira, izapide gehigarri bat eskatu ahal izango da, kontraesanezko edo inkongruenteak izan daitezkeen alderdiak argitzeko, eta horrek atzerapena eragin dezake prozeduraren ebazpenean.

9.– Organo sustatzaileak datuak igortzean datu pertsonalak babesteari buruzko arautegia betetzen dela bermatu beharko du beti.

Esteka interesgarriak:

– IKS-eem sistema:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-orokorra/eu/contenidos/informacion/ikseem/eu_ikseem/index.shtml

– Datu-fitxa:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eia/eu_def/adjuntos/EIAO-eus.pdf

– Dokumentuak aurkezteko gida:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eia/eu_def/adjuntos/Dokumentuak%20aurkezteko%20GIDA.pdf

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinarazi behar zaie bai Bilboko Udalari bai proiektuaren sustatzaileari, hau da, Cementos Lemona SA enpresari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abuztuaren 9a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala