Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

152. zk., 2019ko abuztuaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3868

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 18koa, Ingurumenaren Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita ingurumen-txosten estrategikoa eta Vitoria-Gasteizen indarrean dagoen HAPOren «Ibaialde» 11. Sektorearen Plan Partzialaren 8. Aldaketa Puntualaren irismenari buruzko dokumentua, Gorbeia okindegia enpresaren kokagunea den lursailaren erabileren bateragarritasunari buruz.

AURREKARIAK

Vitoria-Gasteizko Udalak, 2018ko abenduaren 17an, eskabide bat aurkeztu zuen hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari, honako plan honi dagokionez: Vitoria-Gasteizen indarrean dagoen HAPOren «Ibaialde» 11. sektorearen Plan Partzialaren 8. Aldaketa Puntuala, Gorbeia okindegia enpresaren kokagunea den lursailaren erabileraren bateragarritasunari buruz. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukiarekin. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien hauei: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza eta Natura Ondare eta Klima Aldaketaren Zuzendaritza; Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritza eta Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritza; Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, «Eguzkizaleak» aisialdi-elkartea, Gaden Natura Defendatzeko eta Ikertzeko Talde Arabarra eta Arabako Ekologistak Martxan elkartea.

Era berean, Vitoria-Gasteizko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait txosten bidali dituzte Eusko Jaurlaritzako Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Natura Ondarearena, Arabako Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritzak eta IHOBEk (espedientean daude horien emaitzak).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuetan sartzen da Plana; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Aztertuta geratu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txostena egitea Vitoria-Gasteizen indarrean dagoen HAPOren «Ibaialde» 11. sektorearen Plan Partzialaren 8. Aldaketa Puntualarena, Gorbeia okindegia enpresaren kokagunea den lursailaren erabileren bateragarritasunari buruzkoa (aurrerantzean, PP aldaketa); Vitoria-Gasteizko Udalak sustatzen du, jarraian jasotzen diren terminoetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Egun, Panificadora Gorbea, S.L.U. enpresaren industria-jarduera kokatzen den lursailaren erabileren bateragarritasuna egokitu nahi zaie PP aldaketak Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren OR-13. Ordenantza Arautzailearen aurreikuspenei. Ordenantza horrek merkataritzako erabilera onartzen du, gehienez, 2.000 m2.

Gaur egun, 100 m2ko merkataritzako erabilera-muga du lursailak, indarrean dagoen Plan Partzialaren idazketaren arabera. Muga hori zuzendu nahi da Plan Partzialaren 8. aldaketarekin. Lursailean, merkataritzako erabilera onartzen da industria-erabilera hutsa ez dena, hau da, PPren idazketa zuzentzen da OR-13ren bateragarritasun-koadroa aplikatzean.

Horren ondorioz, lursailaren merkataritzako erabilera onartzen du aldaketak, egun industria-erabilera dena, aipatutako ordenantzak araututako gainerako lursailen baldintza berdinetan.

Eremuaren ezaugarri nagusiak:

«Ibaialde» 11. sektorearen 8. Aldaketa Puntualean aurreikusitako jarduketen garapen-eremua, ekoizpen-erabilerako lursailari dagokio: iparraldean, Elorriagako Atea kaleak mugatzen du; hegoaldean, Lubiana kaleak; ekialdean, eraikin gabeko lursail batek, eta, mendebaldean, Toni Morrison kaleak, gaur egun Panificadora Gorbea.

Ingurumen-dokumentu estrategikoak jasotzen duenaren arabera, akuiferoen urratze-gradu ertaina du lursailaren kokaguneak, eta, gainera, interes hidrogeologikoko eremuko zonan dago: alubioien eta alubio-kolubioen biltegiak eta iragazkortasun handia.

Halaber, aurkeztutako dokumentazioak adierazten du ez dagoela ingurumen-ondorio esanguratsurik, proposatutako aldaketaren ondorioz garatuko diren jarduketek sortuta; ezta gorabeherarik ere ez Salburuako Red Natura 2000 gunean; edonola ere, nabarmendu behar dugu lurzoruaren erabilera leundu dela, industria erabileratik tertziariora edo komertzialera.

Aldaketa honen xede-eremua zortasun aeronautikoek eragiten dute.

PP aldaketaren proposamenak gauzatzearekin lotutako ingurumen-ondorioak: lurzoruaren okupazioarekin lotutakoak dira inpaktu nagusienak Ingurumen Dokumentu Estrategikoan (IDE), baita eremua garatzeko behar diren obrak ere. Hala ere, dokumentuan baieztatzen da ez direla aurreikusten afekzio berririk indarrean dagoen Plan Partzialean gertatu ahal zirenen aldera.

Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak: kontuan hartu beharko dira ingurumena babesteko neurri guztiak, eremuan aplikatuko diren tresna guztiak ebaluatzeko prozeduren ondorioz (hirigintzakoak edo bestelakoak). Gainera, aurreko apartatuetan jaso bezala.

B) Planaren ezaugarriak aztertuta eta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat, kontuan hartuta egindako kontsulten emaitza, eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, xedatu egin da planak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako terminoen arabera, zehaztea, Vitoria-Gasteizen indarrean dagoen HAPOren «Ibaialde» 11. Sektorearen Plan Partzialaren 8. Aldaketa Puntuala, Gorbeia okindegia enpresaren kokagunea den lursailaren erabileren bateragarritasunari buruz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar; izan ere, ez da aurreikusten haren ezarpenak ingurumenean efektu esanguratsu berriak sortuko dituenik, daudenez gain.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Vitoria-Gasteizen indarrean dagoen HAPOren «Ibaialde» 11. Sektorearen Plan Partzialaren 8. Aldaketa Puntuala, Gorbeia okindegia enpresaren kokagunea den lursailaren erabileren bateragarritasunari buruz, onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro ere hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 18a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala