Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

152. zk., 2019ko abuztuaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3867

AGINDUA, 2019ko uztailaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira, 2019ko eta 2020ko ekitaldietarako, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikorako jarduketetarako laguntzen deialdiaren oinarriak.

Efizientzia energetikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren bidez, 2009/125/EE eta 2010/30/EB zuzentarauak aldatu eta 2004/8/EE eta 2006/32/EE zuzentarauak indargabetu ziren; 2012/27/EB zuzentarauak baterako esparru bat ezartzen du Europar Batasunaren barnean efizientzia energetikoa sustatzeko neurrietarako, EBn efizientzia energetikorako helburu nagusia (2020rako, % 20 aurreztea) erdietsiko dela bermatzeko, eta 2020tik aurrera efizientzia energetikoaren alorrean hobekuntzak gauzatzeko bidea prestatze aldera.

Bertan arau batzuk ezartzen dira, energiaren merkatuko trabak ezabatzeko eta merkatuak dituen eta energia-hornikuntzaren eta -kontsumoaren efizientzia oztopatzen duten gabeziak gainditzeko neurriak, hain zuzen ere.

Haren 7. artikuluan honako hau ezartzen da: «Estatu kide bakoitzak efizientzia energetikorako betekizun-sistema bat ezarriko du. Sistema horrek zainduko du energia-banatzaileek eta/edo energia-salmentako txikizkako enpresek –4. apartatuaren arabera alderdi derrigortu gisa zehaztuta egonik estatu kide bakoitzaren lurraldean dihardutenek– energia-aurrezte metatua lortzeko helburua bete dezaten, azken erabiltzailearen mailan, 2020ko abenduaren 31 baino lehen. Helburu hori, gutxienez, urtero aurrezte berri bat lortzearen baliokidea izango da, 2014ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra, urteroko aurreztea hau izanik: energia-banatzaile edo energia-salmentako txikizkako enpresa guztiek azken bezeroei urtean egindako salmenten % 1,5 bolumenean, 2013ko urtarrilaren 1aren aurreko azken hiru urteetako batezbesteko gisa. Kalkulu horretatik kanpo utz daitezke, partzialki edo osorik, bolumenean, garraiorako baliatutako energiaren salmentak».

Zuzentarauak, batetik, ahalbidetu egiten die estatu kideei Efizientzia Energetikoko Funts Nazional bat sortzea, efizientzia energetikoko ekimen nazionalak babesteko, eta bestetik, derrigortu egiten ditu estatu kideak hiru urtean behin «Efizientzia Energetikoko Ekintza Plan Nazionalak (NEEAP)» egitera, gutxi gorabeherako energia-kontsumoa, efizientzia energetikorako planifikatutako neurriak, eta EBko herrialdeek lortzea esperotako hobekuntzak ezar ditzaten.

Arestian aipaturiko zuzentarauaren transposizioari dagokionez, Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legearen bitartez egin zen hori; lege hartan, besteak beste, Energia Efizientziako Betebeharren Sistema Nazionala eta Energia Efizientziaren Funts Nazionala sortu ziren.

Halaber, eta zuzentarau hori betez, Espainiako estatuak «2017-2020 aldirako Efizientzia Energetikorako Ekintza Plan Nazionala» onetsi eta apirilean Bruselara igorri zen.

Esparru horretan, apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretua argitaratu zen 2019ko apirilaren 13an; Dekretu horren bidez, industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikoa lortzeko jarduketetarako laguntzen programak arautzen dira, eta helburua honako hau da: «Industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikoaren hobekuntzaren bitartez karbono dioxidoaren emisioak eta azken energia-kontsumoa murrizteko jarduketak piztu eta sustatzeko laguntzen emakida erregulatzeko arau bereziak ezartzea; horien bitartez, Efizientzia energetikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauak –2009/125/EE eta 2010/30/EB zuzentarauak aldatu eta 2004/8/EE eta 2006/32/EE zuzentarauak indargabetzen dituenak– finkatutako azken energia-kontsumoa murrizteko helburuak lortzen lagunduko litzateke, oinarri hauetan ezarritako baldintzen arabera eta FEDER Espainiako Eskualde Anitzetarako 2014-2020 Programa Operatiboa eraentzeko arauei jarraikiz. Horren ondorioetarako, "azken energia-kontsumotzat" hartzen da industriari azkenean emandako energiaren guztizko kantitatea, barne hartu gabe energia-transformazioaren sektoreko hornikuntzak eta energia-industria.

Aipatu arauaren bidez, autonomia-erkidegoei laguntzak zuzenean esleitzea erabaki zen, dagokien lurralde-eremuan programa hori abiaraz zezaten, eta Euskal Autonomia Erkidegoari 15.321.804,01 euroko zuzkidura eman zitzaion; Espainiako estatuak –zehazki, Trantsizio Ekologikorako Ministerioari atxikitako Energia Efizientziaren Funts Nazionalak– eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) 2014-2020 aldian batera finantzatutako Espainiako Eskualde Anitzetarako Programa Operatibotik dator arestian aipaturiko zenbateko hori».

Eskualde Garapenerako Europako Funtsarekin (FEDER) finantzatuko dira oinarri hauetan araututako laguntzak, Espainiako Eskualde Anitzetarako 2014-2020 Programa Operatiboaren barnean, salbu eta jarduketak ezin badira aukeratu programa horren barnean.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak ezertan eragotzi gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskumena izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

2019rako eta 2020rako, Industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikoa lortzeko jarduketetarako laguntzen programak arautzen dituen apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuan babestutako laguntzetarako deialdiaren oinarriak onestea, Euskal Autonomia Erkidegoko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikoaren hobekuntzaren bitartez karbono dioxidoaren emisioak eta azken energia-kontsumoa murrizteko jarduketak piztu eta sustatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 30a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen helburua da Industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikoa lortzeko jarduketetarako laguntzen programak arautzen dituen apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuan ezarritako laguntzetarako deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikoaren hobekuntzaren bitartez karbono dioxidoaren emisioak eta azken energia-kontsumoa murrizteko jarduketak piztu eta sustatzeko.

Kudeaketa energetikorako sistema bat ezarri eta efizientzia energetikoa hobetzeko prozesuak beharrezkoak diren jarduketak bildu behar ditu, dela energia-kontsumoaren aldagaiak neurtzeko, dela analisi, erregulazio eta kontrolerako sistema informatikoen prozesurako eta ezarpenerako parametroak erregulatzeko eta kontrolatzeko elementuak instalatzeko, dela instalazioaren funtzionamendu ezin hobea lortzeko, azken energia-kontsumoak eta kostuak murrizteko, emisioak txikiagotzeko eta informazio bizkor eta zehatza emateko, jarduketa horiek guztiek instalazioaren kudeaketa energetikorako ezinbestekoak izanik.

2.– Laguntza horien helburua zera da, Efizientzia energetikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauak –2009/125/EE eta 2010/30/EB zuzentarauak aldatu eta 2004/8/EE eta 2006/32/EE zuzentarauak indargabetzen dituenak– finkatutako azken energia-kontsumoa murrizteko helburuak lortzen laguntzea, oinarri hauetan ezarritako baldintzen arabera eta FEDER Espainiako Eskualde Anitzetarako 2014-2020 Programa Operatiboa arautzen duten arauei jarraikiz.

3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzek jakinarazi beharretik salbuetsita dauden laguntzen tratamendu bera izango dute, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 EB Erregelamenduaren indarrez, zeinak merkatu erkidearekin bateragarri diren zenbait kategoria bereizten baititu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorra) (EBAO L187, 2014-06-26).

4.– Inbertsioak eta gastuak urterokoak edo hainbat urtetarako izango dira, aurkezten diren proiektuak burutzeko denboraren arabera.

2. oinarria.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira jarraian datozen definizioak:

a) Azken energia-kontsumoa: industriari azkenean emandako energiaren guztizko kantitatea, barne hartu gabe energia-transformazioaren sektoreko hornikuntzak eta energia-industriak.

b) Enpresa: jarduera ekonomiko bat garatzen duen erakundea, edozein dela ere haren forma juridikoa.

c) Krisian dagoen enpresa: Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. zenbakian jasotzen diren egoeraren batean gutxienez dagoen enpresa.

d) Enpresa txiki eta ertainak: mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean halako gisa definituta dagoena.

e) Enpresa handiak: enpresa txiki eta ertainen definiziotik kanpo geratzen direnak.

f) Enpresa energia-kontsumitzaile handiak: 500 tona petrolio baliokiderik (tep) gorako urteko azken energia-kontsumoa izanik Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (CNAE-2009) arabera B, C, D, E edota F taldekoak diren enpresak, hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen III. tituluari jarraikiz.

g) Itzulketa: jasotako laguntza itzultzea, pertsona edo erakunde onuradunak bere betebeharrak bete ez izanaren ondorioz.

3. oinarria.– Aukeratu daitezkeen jarduketak.

Hauek dira aukeratu daitezkeen jarduketak:

1.– 1. jarduketa: Teknologia hobetzea ekipo eta prozesu industrialetan.

a) Helburua: neurri horren helburua da industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan azken energia-kontsumoa murriztea, teknologia hobetuz ekipo eta prozesu industrialetan.

b) Deskribapena: jarduketa horren bidez ordezkapen inbertsioak sustatu nahi dira, ekipoak, instalazioak eta sistema osagarri energia-kontsumitzaileak efizientzia energetiko handiko teknologiak edota Eskuragarri dagoen Teknologiarik Onena baliatzen dituzten beste batzuekin ordezteko inbertsioak, hain zuzen ere; horren guztiaren helburua da CNAE-2009 sailkapeneko 4. oinarriaren 1. puntuan bildutako jarduera multzoetako instalazio industrialen azken energia-kontsumoa eta karbono dioxidoaren emisioak murriztea.

c) Efizientzia energetikorako betekizunak: dagokien indarreko legeria bete behar dute jarduketek, efizientzia energetikorako neurriak kalkulatzeko eta garatzeko. Araudi edo legeria aplikagarririk ez badago, aurrezte eta efizientzia energetikorako Teknologia Erabilgarri Onena (TEO) baliatuko da. Gehieneko ratio ekonomiko-energetikoa 14.379 euro (aukeratu daitekeen inbertsioa)/tep (urtebeteko azken energia-aurreztea) izango da. 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren V. eranskinean adierazitako kalkulu-metodologiari jarraikiz kalkulatuko da programa honen aplikazio bidez lorturiko energia-aurreztearen neurketa.

2.– 2. jarduketa: energia-kontsumitzaile handiak ez diren enpresetan kudeaketa energetikoa gauzatzeko sistema ziurtatuak ezartzea.

a) Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legeari jarraikiz enpresa energia-kontsumitzaile handitzat hartzen ez diren EAEko ETE eta enpresa handietan –industria-sektorekoetan– azken energia-kontsumoa murriztea da neurri honen helburua.

b) Deskribapena: jarduketa honen bitartez kudeaketa energetikorako sistemak ezartzeko inbertsioak sustatu nahi dira, hau lortze aldera: CNAE-2009 sailkapeneko 4. oinarriaren 1. puntuan bildutako jarduera multzoetako instalazio industrialen azken energia-kontsumoa eta karbono dioxidoaren emisioak murriztea, baldin eta instalazio industrial horiek ez badira hartzen enpresa energia-kontsumitzaile handitzat, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen III. tituluari jarraikiz. Kudeaketa energetikorako sistema bat ezarri eta efizientzia energetikoa hobetzeko prozesuak beharrezkoak diren jarduketak bildu behar ditu, dela energia-kontsumoaren aldagaiak neurtzeko, dela analisi, erregulazio eta kontrolerako sistema informatikoen prozesurako eta ezarpenerako parametroak erregulatzeko eta kontrolatzeko elementuak instalatzeko, dela instalazioaren funtzionamendu ezin hobea lortzeko, azken energia-kontsumoak eta kostuak murrizteko, emisioak txikiagotzeko eta informazio bizkor eta zehatza emateko, jarduketa horiek guztiek instalazioaren kudeaketa energetikorako ezinbestekoak izanik.

c) Efizientzia energetikorako betekizunak. Kudeaketa energetikorako ezarriko diren sistemek efizientzia energetikoan bete behar dituzten baldintzak hauek dira:

– Gehieneko ratio ekonomiko-energetikoa 14.501 euro (aukeratu daitekeen inbertsioa)/tep (urtebeteko azken energia-aurreztea) izango da.

– UNE-EN ISO 50001 Araua –kudeaketa energetikorako sistemei buruzkoa– edo hura ordezkatzen duena betetzea.

– Dagokien indarreko legeria bete behar dute jarduketek, efizientzia energetikorako neurriak kalkulatzeko eta garatzeko. Araudi edo legeria aplikagarririk ez badago, aurrezte eta efizientzia energetikorako Teknologia Erabilgarri Onena (TEO) baliatuko da.

– 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren V. eranskinean adierazitako kalkulu-metodologiari jarraikiz kalkulatuko da programa honen aplikazio bidez lorturiko energia-aurreztearen neurketa.

4. oinarria.– Onuradunak.

1.– Jarduketa mota bakoitzeko, 3. oinarrian bildutako irizpideen arabera, behean adierazitako enpresak izan daitezke programa honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak, baldin eta Espainian badute egoitza fiskala eta laguntzaren eraginpeko jarduketa Euskal Autonomia Erkidegoan badago:

a) Industria-sektoreko ETE edo enpresa handitzat hartzen diren enpresak, baldin eta honako hauetako baten barnekoa bada CNAE-2009 sailkapenaren arabera:

07 – Mineral metalikoen erauzketa.

08 – Beste erauzketa-industria batzuk.

09 – Erauzketa-industriari laguntzeko jarduerak.

10 – Elikagaien industria.

11 – Edarien fabrikazioa.

13 – Ehunen industria.

14 – Jantzigintza.

15 – Larrugintza eta oinetakogintza.

16 – Zuraren eta kortxoaren industria (altzariak izan ezik); saskigintza eta espartzugintza.

17 – Papergintza.

18 – Arte grafikoak eta grabatutako euskarrien erreprodukzioa.

19 – Kokeriak eta petrolio-finketa.

20 – Industria kimikoa.

21 – Farmazia-produktuen fabrikazioa.

22 – Kautxuzko produktuen eta plastikoen fabrikazioa.

23 – Beste mea-produktu ez-metalikoen fabrikazioa.

24 – Metalurgia; Burdinaren, altzairuaren eta ferroaleazioaren fabrikazioa.

25 – Produktu metalikoen fabrikazioa, makineriarena eta ekipoena izan ezik.

26 – Produktu informatikoen, elektronikoen eta optikoen fabrikazioa.

27 – Material eta tresneria elektrikoen fabrikazioa.

28 – Beste ezein lekutan sailkatu gabeko makineriaren eta ekipoen fabrikazioa.

29 – Ibilgailu motordunen, atoien eta erdi-atoien fabrikazioa.

30 – Garraiorako bestelako materiala fabrikatzea.

31 – Altzarigintza.

32 – Beste manufaktura-industria batzuk.

33 – Makineriaren eta ekipoen konponketa eta instalazioa.

35 – Energia elektrikoaren, gasaren, lurrunaren eta aire girotuaren hornikuntza.

36 – Uraren bilketa, arazketa eta banaketa.

37 – Hondakin-uren bilketa eta tratamendua.

38 – Hondakinak biltzea, tratatzea eta deuseztatzea; balorizazioa.

39 – Deskutsatzeko jarduerak eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk.

b) Zerbitzu energetikoen enpresak, mota horretako zerbitzuak ematen dituzten erakundeen definiziorik zabalena hartuta. Zerbitzu energetikoen hornitzaile gisa erregistratuta egon behar dute enpresek (www.idae.es webgunean eskuragarri), zerbitzu energetikoetarako kontratu baten arabera jarduteaz gain, a) letran bildutako enpresetako baten laguntzarekin eta, nolanahi ere, programa honetan aurreikusitako laguntzak proiektua gauzatuko den enpresan izan behar du eragina.

2.– Pertsona juridikoek espainiar lurraldean jardungo dute eta, nolanahi ere, nortasun juridiko propiorik gabeko entitate-elkarteak badira, idatziz eta berariaz adieraziko dira, eskabidean, entitate-elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntza-zenbatekoa. Dena den, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, zeinak nahikoa botere izango baitu, onuradun gisa, taldeari dagozkion egitekoak betetzeko, eta kide bat izendatu beharko dute funtsen hartzaile izateko, zeinak banatuko baitizkie funtsok taldeko gainerako kideei. Elkarteak ezin dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 44. artikuluak, 32.m) artikuluarekin batera, finkatzen duen preskripzio-epea igarotzen den arte.

5. oinarria.– Aukeratu daitezkeen inbertsioak eta kostuak.

1.– Aukeratu daitekeen inbertsiotzat hartuko da aurrezte eta efizientzia energetikoarekin zuzenean loturikoa edo, beste modu batean esanda, guztizko inbertsioaren barnean teknologia efizientea ezartzera bideratuta dagoena. Inbertsio hori banakaturiko aurrekontu baten bidez justifikatu beharko da (egin beharreko hornikuntzen eskaintzak, instalatu beharreko ekipoen erabateko deskribapenarekin).

Inbertsio erreferentetzat hartuko da proiektu erreferentearen kostua (ekoizpen-maila bereko proiektua, baina ingurumen-hobekuntzarik eta energia-aurrezterik gabe) edo, beste modu batean esanda, teknologia ez-efizientean edo indarreko legeriak eskatutako gutxieneko efizientzia duen teknologian egindako inbertsioa, behar bezala justifikatua.

2.– Inbertsio bakoitzerako diruz lagun daitekeen gutxieneko zenbatekoa 3.000 euro izango da, bai 1. tipologiakoentzat, bai 2. tipologiakoentzat.

3.– Aukeratu daitekeen kostutzat hartuko dira programa honetan helburu energetikoak lortzeko ezinbestean egin behar diren gastuak; honako kontzeptu hauek barne hartu ahalko dituzte, besteak beste:

a) Jarduketekin lotutako proiektu teknikoak sortzea, zuzendaritza fakultatiboko kostuak.

b) Obra zibila gauzatzeko kostuak, betiere obra zibilak ez badu gainditzen aukeratu daitekeen inbertsioaren % 20.

c) Hala badagokio, instalazioak muntatzeko kostuak.

d) Beharrezkoak diren ekipo, material eta instalazio osagarriak.

e) Garraio-kostuak.

f) Laguntza teknikoagatiko kostuak.

g) Beharrezkoak diren kostu guztiak, proiektua gauzatzearekin zuzenean lotuta daudela frogatzen badute, eta indarreko legeriari jarraikiz.

h) Instalazioak legezkotzeko eta proiektuaren fase guztietan behar diren lizentziak –dela profesionalen elkargoenak dela eraginpeko administrazioenak– lortzeko behar diren kostuak.

i) Jasandako BEZa, ezin dena berreskuratu edo konpentsatu.

4.– Hauek ezingo dira aukeratu:

a) Kostu propioak (langileak, funtzionamendua edo gastu orokorrak).

b) Jarduketa gauzatzeko helburua duen baina onuradunari laguntza eskatu baino lehen fakturatu zaion ezein kostu; eskabidea Agindu honen 8. oinarrian adierazitako aplikazio informatikoan erregistratu zen eguna hartuko da laguntza eskatu zen eguntzat.

Aurrekoa gorabehera, programaren barnean hartu ahalko dira jarduketa prestatzeko jarduketei dagozkien kostuak, baldin eta eskabidea aurkezteko beharrezkoak badira (besteak beste, proiektua, memoria teknikoak edo ziurtagiriak), eta nolanahi ere, jarduketa horiek deialdia indarrean hasitako eguna baino geroago gauzatu badira.

c) Egungo instalazio industrialen ekoizpen-ahalmena handiagotzearekin lotutako inbertsioak, ekoizpen industrialerako instalazio berrietan egindako inbertsioak, salbu eta beste instalazio batzuk ordezkatzen badituzte eta haien gaitasun industrial berbera izanik produktu berak ekoizteko badira; gaitasun industrial handiagoaren kasuan, ordezkatu den instalazioaren gaitasun industrialari dagokion zati proportzionala baino ezingo da aukeratu.

d) Kogenerazio-instalazioak ere ezingo dira aukeratu.

e) ETEak ez diren enpresen kasuan, 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren 8. artikuluaren bitartez ezarritako eginbeharraren –56/2016 Errege Dekretu bidez egin zen transposizioa– ondorioz egindako energia-auditoretza; betebehar horrek ezartzen du 2015eko abenduaren 5a baino lehen egin behar dela energia-auditoretza eta, hortik aurrera, egindako egunetik aurrera lau (4) urtean behin, gutxienez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen III. tituluari jarraikiz energia-kontsumitzaile handitzat hartutako enpresetan kudeaketa energetikorako sistemak ezartzeko kostuak.

5.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean –horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora– kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –zenbait hornitzailerenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta dirulaguntzaren aurretik ez den egin gastua.

Eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko merkeena ez denean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntzaren eskabidearekin batera.

6. oinarria.– Programaren indarraldia eta finantzaketa.

1.– Laguntza-programa honek izango ditu ondorioak EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean, eta indarrean egongo da 2020ko abenduaren 31ra arte, edo, bestela, aurrekontu erabilgarria agortu arte.

Behin deialdi honen indarraldia amaitzean, ez da eskabiderik onartuko.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, 15.321.804,01 euroko zenbatekoa bideratzen da; Espainiako estatuak –zehazki, Trantsizio Ekologikorako Ministerioari atxikitako Energia Efizientziaren Funts Nazionalak– eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) 2014-2020 aldian batera finantzatutako Espainiako Eskualde Anitzetarako Programa Operatibotik dator arestian aipaturiko zenbateko hori.

3.– Behin dagozkion zeharkako gastuak kendu direla, apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuaren II. eranskinaren B letran ezarrita dagoen bezala, laguntzen onuradunentzat bideratutako gehieneko zenbatekoa 15.000.000 eurokoa izango da:

2020ko ekitaldian laguntzarik emango bada, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da 2010erako auerrekontuetan, eta horretarako, aurrekontuetan dagokion aldaketa egitea proposatu beharko da.

4.– Aurrekontua agortutzat joko da azkeneko laguntza-eskabidea erregistratu eta oinarri honen 3. paragrafoan aurreikusitako aurrekontuaren guztizkora iristen denean.

Dirulaguntzak emateko ezarritako zenbatekoa agortuz gero, Industriako sailburuordeak egoera horren berri emango du ebazpen baten bidez, eta ebazpen horretan zenbatekoa noiz agortu den azaldu beharko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

7. oinarria.– Eskakizun orokorrak.

Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako eskakizunak bete behar dira. Izan ere, oinarri honek jasotzen ditu honako hauetan dauden betekizunak: Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan. Hauek dira horiek guztiak:

1.– Enpresa eskatzailearenak:

a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

b) Dirulaguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridikoa krisian dagen enpresa ez izatea, estatuek krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauetan ezarritako definizioaren arabera (2014/C 249/01).

c) Jakinaraztea gastu diruz lagungarri bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta ea eskuratu duten ala ez.

d) Jakinaraztea ea sartuta dauden ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan, eta zeintzuk diren zehaztea.

e) EAEko Administrazioak edo haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean egotea. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

f) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoari jarraikiz.

g) Konkurtso-deklaraziorik ez duela eskatu, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota ez dagoela, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez dagoela edo desgaitua ez dagoela Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

h) Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

i) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez izatea.

j) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan edo arlo hau arautzen duen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

k) Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea.

l) Elkarteen kasuan, horiek ez egotea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen Lege Organikoaren (martxoaren 22ko 1/2002) 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debeku-kausetan. Ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial sendorik esleitzen ez bada, haren arabera, kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

m) Berreskuratze agindu baten pean ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

2.– Aukeratu daitekeen jarduketarenak.

a) Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

b) Jarduketen bidez lortu egin behar da karbono dioxidoaren emisioak eta azken energia-kontsumoa murriztea, efizientzia energetikoa hobetuz, abiapuntu-egoerarekin alderatuta, eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzea, aurrezte energetikoa eta karbono dioxidoaren emisioen murrizketa justifikatuta.

c) Aurrezte eta efizientzia energetikoko jarduketek betetzea 3. oinarrian ezarritako eskakizunak, eta bertan bildutako mota batekoak edo gehiagokoak izatea.

d) Diruz laguntzekoak diren gastuak ez daitezela eskabidea egin baino lehenagokoak izan. Horretarako, «lanen hasieratzat» hartzen da inbertsioaren bidez finantzatutako eraikuntza-obrak hasitako eguna edota ekipoen eskaerarako lehen konpromiso finkoaren edota inbertsioa atzeraezin egiten duen beste konpromiso baten eguna; bi data horien artean, antzinakoena. Prestatzeko lanak, hala nola baimenak lortzea eta aldez aurreko bideragarritasun-azterlanak egitea, ez dira hartuko «lanen hasieratzat».

e) Jarduketek indarreko araudi aplikagarria bete beharko dute eta, horretaz gain, derrigorrezko administrazio-lizentziak eta -baimenak ere izan beharko dituzte, beharrezkoa izanez gero.

8. oinarria.– Programaren indarraldia, epea eta eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 2019ko irailaren 30ean hasiko da.

2.– Epe hori agindu honen 6. oinarrian bildutako funtsak erabat agortzen direnean amaituko da; bestela, 2020ko abenduaren 31ra heldu baina eskuragarri den aurrekontua agortzeko behar adina eskabide bideratu ez badira ere amaituko da epe hori.

Aurrekoa gorabehera, aurrekontu erabilgarria agortzen bada eta, betiere, programa indarrean dagoen bitartean, eskabideak aurkezten jarraitu ahal izango da. Eskabide horiek behin-behineko itxaron-zerrenda batean jarriko dira eta sarrera-hurrenkeraren arabera aztertuko dira, aurreko eskabideren bat ezetsi edo errebokatu, eta, ondorioz, dirua berriro erabilgarri badago ere, edo deialdirako diru gehiago jartzen bada ere.

3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoa aplikatuz, eskatzaile guztiek elektronikoki aurkeztuko dute euren eskabidea, kanal elektronikoaren bitartez.

4.– Eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira, eskatutako datuak bete eta gainerako izapideak eginda (euskaraz: https://www.euskadi.eus/informazioa/laguntzakefen201920 ; gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/informacion/ayudasefen201920). Eskabidearekin batera deialdian eskatutako dokumentazio guztia aurkeztu beharko da.

5.– Kanal elektronikoaren bitartez izapidetzeko zehaztapenak, baita eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako epigrafeak ere egoitza elektroniko horretan egongo dira eskura.

6.– Espedienteetarako irispidea, bai eta errekerimenduak, jakinarazpenak eta eskaeraren ondorengo gainerako izapide guztiak ere, honako helbide honen bitartez egiten dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta, euskeraz; https://www.euskadi.eus/micarpeta gaztelaniaz.

7.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.

8.– Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pertsona juridikoen kasuan, erakundearen eraketa-eskrituraren eta estatutuen edo dagozkion fundazio-dokumentuen kopia (behar bezala erregistratuta egon behar dute, hala badagokie, erregistro publikoetan), non jasota baitaude erakundearen jarduerak erregulatzeko arauak.

b) Enpresaren eskatzailearen edo eskatzaileen ordezkariaren ordezkaritza-ahalmenaren egiaztagiriaren kopia (behar bezala erregistratuta egon behar du, hala badagokio, erregistro publikoetan).

c) 4. oinarriaren 2. paragrafoan aipaturiko enpresa-elkarteen kasuan, lankidetza-dokumentua edo tresna analogoa, enpresa horien ordezkariak –behar bezala ahaldunduak– formalizatua, non zehazten baita enpresa horien guztien ordezkari bakarraren esanbidezko izendapena eta onarpena, jakinda ordezkari horrek aurkeztu behar duela eskabidea eta berak jasoko duela emandako laguntzaren guztizko zenbatekoa (haren ordezkapen-ahalmenen egiaztagiriaren kopiaren aurkezpena gorabehera); halaber, enpresa guztiek deialdi honetan ezarritako laguntza-programan parte hartzen dutela eta haren ondoriozko konpromiso eta obligazio guztiak euren gain hartzen dituztela ere jaso beharko da dokumentu edo tresna hartan, elkarteko enpresa bakoitzak hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko laguntzaren zenbatekoa xehatzeaz gain.

d) Eskatzailea zerbitzu energetikoen enpresa bat bada, jarduketa egiteko erabiliko diren industria-bulegoen jabe den enpresaren edo enpresen kontratuaren edo kontratuen kopiak ere erantsi behar dira; bertan, ziurtatuta geratu beharko du zerbitzu energetikoen enpresa gisa diharduela eskatzaileak, eta dagokion inbertsioa egiteko ardura duela eskatzaileak.

e) IDAEren webgunean eskuragarri egongo den ereduari eta formatuari jarraikiz egin beharreko jarduketen deskribapen-memoria, honako hauek jaso beharko dituena, gutxienez:

– Jarduketaren identifikazioa.

– Aurrezte eta efizientzia energetikorako proposatutako neurriaren deskribapen teknikoa.

– Datu energetikoak, ekonomikoak eta ekoizpenekoak.

– Jarduketaren aurrezte energetikoaren eta karbono dioxidoaren emisioen murrizketaren justifikazioa.

– Aukeratu daitekeen inbertsioaren eta jarduketaren aurrekontua, guztizkoa eta banakatua.

– Jarduketa gauzatzeko epea.

– Eskatutako laguntzaren eta haren zenbatekoaren kalkulua.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta 7. oinarrian –b) letratik m) letrara bitartean– ezarritako betekizunak betetzen dituela adierazteko. Gainera, e) letrako edukiari dagokionez, adieraziko du hori egiaztatzen duen dokumentazioa baduela eta Administrazioaren esku jarriko duela horrela eskatzen zaionean.

g) Eskatzailea ez badago derrigortuta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatera, esanbidez aipatzea salbuespen haren lege-funtsa eta haren betearazpena egunean edukitzearen erantzukizunpeko adierazpena.

h) Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatu izanaren agiria.

9.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak modu automatikoan egiaztatuko ditu NANa, IFK, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean edukitzearen ziurtagiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

10.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoarekin arabera, oinarri honen 8. paragrafoan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira.

Eskatzaileak zer Administraziotan eta noiz aurkeztu dituen adierazi beharko du. Ostean, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak jasoko ditu, modu elektronikoan, korporazio-sareen bitartez.

Eskatzaileak ez badu nahi oinarri honen dokumentazioa biltzea, berariaz agertu beharko da horren aurka, eta dokumentazioa aurkeztu beharko du.

11.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari jarraikiz.

12.– Eskabideak oinarri hauetan eskatutako eskakizunak betetzen ez baditu, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13.– Jarduketak gauzatu baino lehen, ordezkatu beharreko ekipo eta/edo instalazio nagusien argazki-erreportajea eta identifikazioa egin behar da, baita hasierako instalazioetako ezaugarrien plakak ere –16. oinarriaren 1. zenbakiaren g) letran ematen da horren berri–, gastua justifikatzeko izapiderako aplikazio informatikoan txertatu ahal izateko.

14.– Enpresa txiki eta ertainek (ETE) izaera hori egiaztatu beharko dute, agiri hauek aurkeztuta:

– Enpresa eskatzailearen eta elkartutako edo lotutako enpresen urteko kontuak, itxitako azken kontabilitate ekitaldikoak, dagokien erregistroan gordailutu izanaren justifikazioarekin.

– Erantzukizunpeko adierazpena, enpresaren ordezkariak emandakoa, enpresak eta elkartutako edo lotutako enpresek zenbat langile dituzten zehazten duena.

– Erantzukizunpeko adierazpena, enpresaren ordezkariak emandakoa, enpresa autonomoaren kalifikazioa adierazten duena edo elkartutako edo lotutako enpresak zehazten dituena, bakoitzari dagokion partaidetza-datuak barne.

– Dokumentazioan jasota dagoen egoera aldatu ez dela dioen adierazpena.

15.– Edonola ere, beharrezkoak diren bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari Erakunde Laguntzaileak, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko.

9. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun bakoitzak jasoko duen laguntzak ezingo du gainditu, aurkeztutako eskabideen multzoarengatik, 1.000.000 euroko guztizko zenbatekoa.

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, eskabide bakoitzerako, honako hiru hauetako txikiena izango da:

a) Proiekturako aukeratu daitekeen inbertsioaren % 30, eta agindu honen 3. oinarriko 1. eta 2. zenbakien c) letran bildutako jarduketa-tipologia bakoitzerako muga zehatzekin.

b) 651/2014 Erregelamenduko 38. artikuluan efizientzia energetikoa lortzeko jarduketetarako ezartzen den gehieneko zenbatekoa. Muga horretarako, helburu bererako jasotako beste edozein laguntza kontuan hartuko da. Diruz lagundu daitekeen kostuaren gainean aplikatuko diren ehunekoak hauek izango dira: % 30 enpresa handietarako, % 40 enpresa ertainetarako eta % 50 enpresa txikietarako.

c) Eskabide bakoitzerako, eta jarduketa-tipologiaren arabera, gehieneko laguntza-zenbatekoa 1.000.000 eurokoa izango da 1. tipologiarako («Teknologia hobetzea ekipo eta prozesu industrialetan») eta 30.000 eurokoa, berriz, 2. tipologiako jarduketetarako («Energia-kontsumitzaile handiak ez diren enpresetan kudeaketa energetikoa gauzatzeko sistemak ezartzea»).

10. oinarria.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak esleitzeko, ondoz ondoko konkurrentziaren prozedura erabiliko da; beraz, laguntzak esleitzeko, eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko unearen hurrenkerari erreparatuko zaio, eta, Agindu honetako 6. oinarrian aurreikusita dauden funtsak amaitzen diren arte edota Programa honen indarraldia amaitzen denera arte esleituko zaizkie laguntzak agindu honetan xedatutakoa betetzen duten eskatzaile guztiei.

2.– Dokumentazioarekin osatuta egonik izapidetzen ari diren baina funtsak agortu direlako erantzun ezin zaien eskabideak, eta betiere programaren indarraldia ez bada iraungi, ukatu egingo dira arrazoi horrengatik, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak emandako Ebazpen bidez; nolanahi ere, behin-behineko itxarote-zerrendan geratuko dira, edota emandako laguntzen minorazioen, uko-egiteen, itzulketen edo baliogabetzeen ondorioz funtsak noiz libratuko zain, edo aurrekontu-areagotzeren bat noiz gertatuko zain; hala bada, eskabideei eskabideak osatu direneko ordena zorrotzaren arabera erantzungo zaie.

11. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

Agindu honetan deituriko laguntzen kudeaketa Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak eta erakunde laguntzaileak koordinatu eta gauzatuko dute.

12. oinarria.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honi jarraikiz, erakunde laguntzailetzat aitortzen da EEE (Energiaren Euskal Erakundea); betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Horrez gain, arau honetan jasotako zehaztasunak beteko dira, lankidetza-hitzarmen egokia izenpetuz.

2.– EEE, Energiaren Euskal Erakundeak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Dirulaguntza emateko eskatutako baldintza edo eskakizunak betetzen direla egiaztatzea.

b) Eskatzaileek proposatutako inbertsio eta gastuak aztertu eta kalifikatzea, dirulaguntza eman edo ukatu erabaki baino lehen.

c) Dirulaguntza ordaintzeko justifikazio-agiriak aztertzea.

d) Dirulaguntza emateko erabakigarri izan den jarduera burutu dela eta helburua lortu dela egiaztatzea, analisi teknikoa egitea, eta eta inbertsioak eta gastuak ebaluatzea.

e) Egiaztatu diren inbertsio eta gastuen inguruko txosten teknikoa egitea.

f) Jarduketen multzo adierazgarri bat landan egiaztatzea.

g) Dirulaguntzak emateko erabakia hartzeko eskumena duen organoari dirulaguntza emateko, ukatzeko, ordaintzeko edo espedientea ixteko beharrezko den beste edozertarako proposamenak igortzea.

h) Eskatzaileek egiten dituzten kontsultei erantzuteko zerbitzua ematea.

3.– Agindu honetan arautzen diren laguntzak kudeatzen laguntzeko erakunde laguntzaileek ezinbestean bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 15. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko araudietan ezartzen zaizkien betebeharrak eta erantzukizunak.

13. oinarria.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko era eta errekurtsoak.

1.– Aurkeztutako eskabideak eta agiriak aztertu ondoren, erakunde laguntzaileak egiten duen proposamena ikusirik, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak emango du deialdiaren ebazpena, eskatutako laguntzak eman ala ez eman ebazteko.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

a) Aintzat hartutako eskabideei dagokienez:

– Onuradunaren izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

– Diruz lagundutako proiektuaren izena.

– Diruz lagundutako zenbatekoa, hauek adierazita: funtsen jatorria –zehazki, Energia Efizientziaren Funts Nazionala eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioa aipatu dira–; eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsarekiko (FEDER) finantzaketa, 2014-2020 aldikoa.

– Diruz lagun daitekeen inbertsioa.

– Proiektua gauzatzeko epea eta proiektua gauzatzeko epearen amaiera-data.

b) Aintzat hartu ez diren eskabideei dagokienez:

– Eskatzailearen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

– Laguntza ez emateko arrazoiak.

3.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaituta izan beharko da dirulaguntza eman ahal izateko. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezartzen bada, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, itzulketa ez bada borondatezko aldian egiten, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

4.– Ebazpena eskabide bakoitza eta horri dagokion dokumentazioa aurkeztu eta gehienez ere sei hileko epean eman eta jakinaraziko da. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak onetsi direla ulertu ahalko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Industriako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo edozein unetan administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

14. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte. Baldintza horiek baldintza hauek guztiak jasotzen dituzte: dirulaguntzei buruzko 2003ko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako baldintzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluko baldintzak eta laguntza ezberdinen baldintza espezifikoak; hauek dira horiek guztiak:

a) Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzekoak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den jarduera.

b) Dirulaguntza zein helburutarako eman zen, hartarako erabiltzea.

c) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

d) Bereizitako kontabilitate-sistema bat mantentzea laguntzaren xede diren jarduketekin lotutako transakzioetarako edo, gutxienez, kontabilitate-kodifikazio egoki bat edukitzea, transakzio horiek modu argian identifikatzeko modua ematen duena.

e) Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren dokumentu guztiak.

f) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri-kontuen Euskal Epaitegiari, IDAEri, Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiari, Estatuko Administrazioko Esku-hartzailetza Nagusiari, Estatuaren Kontuen Auzitegiari eta Europako Batzordeari igorri zaizkie egiaztapenerako eta/edo finantza-kontrolerako jarduketak, Europar Batasuneko funtsekin finantzatutako laguntzen kudeaketari aplikatzekoa zaion araudian ezarritakoari jarraikiz; horretarako, beharrezkoak den informazio guztia aurkeztu beharko da, jasotako laguntzen jomugaren fiskalizazio-eginkizunak gauzatuz, eta laguntzak eman ziren xedeak betez.

g) Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu dizkiotela administrazioren bati edo beste erakunde publiko edo pribaturen bati eta, hala badagokio, laguntza horiek eskuratu dituztela, hori gertatu eta hamabost eguneko epean, hargatik eragotzi gabe agindu honen 7. oinarriaren 1. zenbakiko c) letran xedatzen dena.

h) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari, idazki bidez.

i) Eragiketen zerrenda publiko baten barnean sartzea; 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 zenbakiko Erregelamenduaren (EB) 115. artikuluan aurreikusitako XII. eranskinean –«Aceptación y comunicación sobre el apoyo procedente de los Fondos» izenekoan– xedatutakoaren araberako bestelako baliabide batzuen bidez edota elektronikoki argitaratuko da zerrenda publiko hori.

j) Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko. Dokumentuen eskuragarritasuna 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 zenbakiko Erregelamenduaren (EB) 140. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izango da.

k) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

l) Oinarri hauetan ezarritako hedapen- eta publizitate-eginbeharrak betetzea, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 18.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz; laguntzaren onuradunari dagozkion informazio- eta komunikazio-eginbeharrak betetzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritakoari jarraikiz; 1303/2013 zenbakiko Erregelamenduan, Eskualde Garapenerako Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Landa Garapenerako Nekazaritzako Europako Funtsari eta Itsaso eta Arrantzako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak ezartzen dira, baita Eskualde Garapenerako Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari eta Itsaso eta Arrantzako Europako Funtsari buruzko xedapen orokorrak ere, eta Kontseiluaren 1083/2006 Erregelamendua (EE) indargabetzen da. Bereziki honako hauek:

– Laguntzen xede den jarduketa edozein hedabidetan aipatzeko, IDAEren webgunean (www.idae.es) eskuragarri egongo den «Manual de Imagen del Programa» izeneko eskuliburuan bildutako baldintzak bete beharko dira.

– Halaber, kartel bat instalatu eta mantendu beharko da, behin betiko, proiektuaren lekuan bertan, eta jendeak ezin hobeki ikusteko eta irakurtzeko moduan egon beharko du kartelak; gainera, proiektuaren izena ez ezik, programaren izena eta irudia ere argi eta garbi agertu beharko dira, Energia Efizientziaren Funts Nazionalak eta hala badagokio, Europar Batasunak emandako laguntza aipatzeaz gain, EBren logotipoa eta «Una manera de hacer Europa» (Europa egiteko modu bat) goiburua ere gehituta. Kartelaren diseinu grafikoak eta hedapen-euskarriek IDAEk ezarritako baldintzak bete beharko dituzte; IDAEren webguneko (www.idae.es) «Manual de Imagen del Programa» izeneko eskuliburuan egongo dira baldintza horiek eskuragarri.

– Eskualde Garapenerako Europako Funtsetik (FEDER) jasotako laguntzaren berri emango da publikoki, eragiketaren deskribapen labur bat egingo du Interneteko webgunean, halakorik badu, emandako laguntza-mailaren neurrikoa; haren helburuak eta emaitzak zehaztuko ditu bertan, eta Europar Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduko du.

15. oinarria.– Gauzatzeko gehieneko epeak.

Laguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko gehieneko epea 24 hilabetekoa izango da laguntza-emakidaren ebazpena jakinarazten denetik aurrera zenbatzen hasita, luzapena eman daitekeela alde batera utzi gabe, 18. oinarriaren 3. paragrafoan xedatutakoari jarraikiz; edozelan ere, luzatutako proiektuetarako gehieneko epea 30 hilabetekoa izanik, laguntza-emakidaren ebazpena jakinarazten denetik aurrera zenbatzen hasita.

16. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluari jarraikiz, dirulaguntza jaso duen inbertsio- edo gastu-proiektuaren gauzatzea eta onuradun izateko eskatutako betekizun eta baldintzak betetzen direla justifikatzeko, dokumentu hauek aurkeztu beharko zaizkio erakunde laguntzaileari:

a) Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariari jakinarazpen bat igortzea, jarduketak amaitzeko epea adierazita, baita horren ondorioz aurkeztutako dokumentazioa ere.

b) Jarduketen gauzatze teknikoaren justifikazio dokumentala, laguntza-emakidan ezarritako kondizioen betearazpena justifikatzeko memoria teknikoa aurkeztuta, eta egindako jarduketen eta lortutako emaitzen egokitasuna adierazita, IDAEren webgunean eskuragarri egongo den ereduari eta formatuari jarraikiz. Proiektua egin duen teknikari tituludun eskudunak sortu eta sinatu beharko du, edo jarduketa gauzatzeko prozesuaren zuzendaritzan eskumena duenak.

c) Emandako laguntzaren xede diren jarduketak behar bezala gauzatu direla egiaztatzeko kontrol-erakundeak egindako txostena, hark emandako aldeko ebazpenari –IDAEren webgunean eskuragarri egongo den ereduaren araberakoari– jarraikiz.

d) Egindako jarduketen gaineko eskaeren eta/edo kontratuen zerrenda ziurtatua eta kopia.

e) Zerrenda zenbakiduna eta egiaztatua, baita fakturen eta froga gisa balio bera duten gainerako agirien kopiak ere, merkataritzako trafiko juridikoan balio dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, faktura jaulkitzeko beharrik ez dagoen kasuetan, Fakturazio-betebeharrak arautzeko Erregelamendua onartzen duen azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz betiere, eta dagokien ordainketa-frogagiria; horien zerrenda zenbakiduna ere erantsi beharko da.

f) Justifikazio-kontua, auditoretza-txostenarekin, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 74. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

g) Jarduketak egin diren hasierako instalazioen argazki-erreportajea, ordezkatu beharreko instalazio eta/edo ekipo garrantzitsuenak identifikatuta, baita horien ezaugarrien plakak ere. Jakina, jarduketak gauzatu aurretik egin behar da erreportaje hori.

h) Laguntzaren xede diren azken instalazio eta ekipo nagusien argazki-erreportajea, ekipoak eta/edo instalazioak identifikatuta, baita horien ezaugarrien plakak ere, non jarduketaren publizitate-kartela adierazi behar baita. Laguntzen onuradunaren webgunearen informazioa eta esteka, non Eskualde Garapenerako Europako Funtsetik (FEDER) jasotako laguntza posiblearen berri eman beharko baituen onuradunak publikoki; halaber, eragiketaren deskribapen labur bat ere egin beharko du, emandako laguntzaren mailarekiko proportzioari eutsita, helburuak eta emaitzak bilduta, eta Europar Batasunaren laguntza finantzarioa nabarmenduta.

i) Jarduketen kontratazio-prozesuari buruzko justifikazio-dokumentazioa.

j) Lotutako transakzio guztietarako kontabilitate bereizi eta banandu bat dagoela justifikatzeko dokumentazioa (diru-sarrerak eta ordainketak, eta hala badagokio, baita laguntzen diru-sarrerak eta hornitzaileei egindako ordainketak ere, besteak beste).

k) Erantzukizunpeko adierazpena (euskaraz http://www.euskadi.eus/laguntzakefen201920 eta gaztelaniaz http://www.euskadi.eus/ayudasefen201920 guneetan), eta adierazpen horretan:

– egiaztatuko du Laguntzen Programa honen testuinguruan eskatutako jarduketa edo helburu bererako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk kobratu dituela edo ez dituela kobratu, beste dirulaguntza edo laguntza horiek edozein administrazio erakunde edo entitate publikorena izanik –nazionala nahiz nazioartekoa–;

– bermatuko du jarduketen kontratazio-prozesua, baita lotutako transakzio guztietarako bereizitako edo banandutako kontabilitate bat dagoela ere;

– bermatuko du aukera-berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako baldintzei buruzko arauak –nazionalak eta EBkoak–, mota horretako jarduketetarako aplikatzekoak, betetzen dituela;

– bermatuko du ingurumenaren eta garapen jasangarriaren alorreko arauak –nazionalak eta EBkoak– betetzen dituela eta iruzurraren aurkako neurri eraginkor eta egokiak aplikatzen dituela laguntzaren xede den proiektuaren kudeaketa-esparruan;

– zehaztuko du fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz;

– dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela adierazi behar du.

Aurrekoa alde batera utzita, ziurtatzeko eta justifikatzeko instrukzio osagarriak sortu ahalko dira baldin eta beharrezkotzat jotzen baditu, jarduketa konplexua delako edo laguntzaren zenbatekoa handia delako.

2.– Foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dauden, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak egiaztatuko du, automatikoki eta ofizioz. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 2. paragrafoaren 28. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Behar izanez gero, agiri gehiago ere eskatu ahal izango da. Eskabide hori arrazoitu egin beharko da.

4.– Laguntzen kudeaketa eta ordainketa egokia bermatzeko helburuarekin, hiru hilabetekoa izango da egindako gastuaren justifikazio-agiriak entregatzeko gehieneko epea, jarduketak gauzatzeko ezarritako epea bukatzen denetik hasita, edo, dagokion kasuan, luzapenetik hasita.

17. oinarria.– Ordainketa eta bermeak.

1.– Aurreko paragrafoetan aipatutako agiriak aurkeztu ondoren, proiektuaren azken ebaluazioa egingo du erakunde laguntzaileak, eta proiektuak berarekin soilik inbertsioa edo soilik gastua badakar, edo inbertsioa eta gastua elkarrekin, proiektua gauzatu dela adierazten duen azken ziurtagiria egingo dute.

2.– Laguntzen ordainketarako, zeina ordainketaldi bakar batean egingo baita, ezinbestean bete beharko dira hauek:

a) Inbertsioa edo gastua justifikatu beharko da, aurreko oinarrian aipatutako dokumentuak aurkeztuta.

b) Erakunde laguntzaileak administratiboki egiaztatu eta baliozkotu egin beharko du onuradunek aitortutako kostuaren % 100, landako jarduketak ezarritako ehunekoan egiaztatzeaz gain.

c) Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak landako ikuskapenak egin ahalko ditu, egindako jarduketen eta eragiketen multzo adierazgarri batean.

3.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, laguntza jasotzeko, lehenik hura amaitu beharko da. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezartzen bada, itzulketa ez bada borondatezko aldian egiten, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik. Hala dagokionean, dirulaguntza hauek onuradunei ordaintzeko, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izan beharko dira.

4.– Jarduketak ez badira egiten ezarritako gehieneko epeen barruan, ezta epeen luzapenean ere, edo jarduketak egin izana egiaztatzeko dokumentazioa ez bada aurkezten epearen barnean, onuradunek dirulaguntza hartzeko eskubidea galduko dute eta, hala badagokio, agindu honen 20. oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura jarriko da abian.

5.– Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, funtsen hartzaile izateko izendatu den kideari egingo zaio ordainketa, eta hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean.

18. oinarria.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea eta inbertsioa edo gastuak gauzatzeko epeak luzatzea.

1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari, eta horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea gorde behar izango dira. Horretarako, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

2.– Baldin eta egindako inbertsio edo gastuaren behin betiko benetako kostua onartutako dirulaguntza baino txikiagoa bada dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutakoa baino, eta beti ere laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.

3.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak, ebazpen bidez, proiektua gauzatzeko epea luzatu ahalko du baldin eta onuradunak idazki bidez eskatzen eta justifikatzen badu aldez aurretik; beranduenez ere, emandako laguntzaren xede den proiektuaren gauzatzeko azken eguna baino 30 egun lehenago egin behar da eskabide eta justifikazio hori, eta soil-soilik baldin eta aurretik ikusi ezin ziren eta horiek betetzea erabat galarazten duten zirkunstantziak badaude eta zirkunstantzia horiek behar bezala justifikatzen badira, betiere, laguntzen onuradunek eskatzen zitzaizkien gutxieneko neurri teknikoak eta plangintzakoak hartu badituzte. Proiektuak gauzatzeko gehieneko epea ez da inolaz ere izango agindu honen 15. oinarrian ezarritakoa baino handiagoa.

19. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntzaren eskatzaileak atzera egin ahalko du eskabidean, baina atzera-egite hori eskatutako laguntza emateko edo ukatzeko ebazpena baino lehen egin beharko da. Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du atzera egitea eta bukatutzat joko du horretarako prozedura.

2.– Onuradunak laguntzari uko egin ahal izango dio, laguntza onartu ondoren (agindu honen 15. oinarriko 3. zenbakian ezarritako betebeharrari jarraikiz, emandako laguntza onartzeko betebeharra dute onuradunek), baina nolanahi ere, inbertsioa amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du uko egitea eta bukatutzat joko du horretarako prozedura.

Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

20. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) 16. oinarrian aurreikusitako gastuaren justifikazioa aurkezteko eskakizuna ez betetzea.

d) Laguntza emateko xedea ez betetzea.

e) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren bat denean.

2.– Onuraduna aurreko atalean zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran badago, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak, 15 eguneko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, zati bat edo osorik, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko ditu onuradunak, zati bat edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren proportzioan, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta 2003ko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatuari jarraikiz. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio (gutxienez hamar urte), emandako dirulaguntzaren itzulketa pro rata temporis egingo da.

Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakari horiek, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

21. oinarria.– Bateragarritasunak.

Agindu honen aplikazioaren ondorioz emandako laguntzak bateragarriak izango dira edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nazional nahiz nazioartekok helburu bererako emandako beste laguntza batzuekin, baldin eta bi baldintza hauek betetzen badira:

1.– Modu metatuan ez gainditzea ekainaren 17ko 651/2014 (EB) zenbakiko Erregelamenduan ezarritako mugak.

2.– Beste administrazio batzuek jarduketa bererako emandako laguntzek ez izatea Europako Funtsen baterako finantzaketarik.

22. oinarria.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren izaera pertsonaleko datuak Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.


Azterketa dokumentala