Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

151. zk., 2019ko abuztuaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3852

AGINDUA, 2019ko uztailaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, unibertsitate aurreko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterialak sortu eta editatu ahal izateko diruz laguntzeko deialdia egiten duena (EIMA deialdia).

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Heziberri 2020 plana onartu zuen. Heziberri 2020 planaren helburua hauxe da: Europako esparruan hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan 2020rako ezarritako berrikuntza- eta garapen-ildo estrategikoak bateratzea hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin.

Plan horretan sartuta dago Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa, hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak biltzen dituen proiektua. Marko horrek paradigma-aldaketa nabarmena ezarri zuen, konpetentzietan oinarritzen den hezkuntza delako. Horrek aldaketak sortu zituen hezkuntza-etapa guztietako ikuspegi pedagogikoan.

Haur Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculum berriak zehaztu zituen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, 237/2015, 236/2015 eta 127/2016 dekretuen bidez, hurrenez hurren.

Heziberri 2020 planaren markoan jasotako 5.3 atalean berariaz hitz egiten da ikasmaterialez; besteak beste, hezkuntza-eredu pedagogikoarekin bat etorri behar dutela esanez. Hortaz, ikasmaterialek dekretuek ezartzen dituzten curriculumak bete beharko dituzte.

Horren harira, unibertsitate aurreko irakasmailetako curriculumen arabera euskarazko ikasmaterialak laguntzeko helburua du EIMA dirulaguntza deialdiak.

Hiru modalitatek, azken urteetako 3 deialdien moldeari jarraitzen diotenek, osatzen dute EIMA deialdia. Honako hau da diruz lagunduko dena:

EIMA 1, euskarazko ikasmaterial inprimatuen edizio-kostuak.

EIMA 2.0, euskarazko ikasmaterial digitalak.

EIMA 4, euskarazko ikasmaterialak sortzeko laguntza.

Deialdi honen prozeduran aplikagarri izango dira dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta berorren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko xedapenak. Baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluarenak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarenak ere.

Agindu hau Hezkuntza sailaren 2019. urteko dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago (Agindua, 2019-03-20koa, Hezkuntzako sailburuarena, sailaren 2019. urteko dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duena).

Agindu honen barruan, bi atal bereizten dira: atal orokorra eta modalitateei dagokien atala. Azken horiek eranskin gisa jasoko dira.

Atal orokorrean, hiru modalitateetan komunak diren edukiak jasotzen dira. Eranskinetan, orain artean EIMA programaren bidez garatu diren EIMA 1, EIMA 2.0 eta EIMA 4 dirulaguntza deialdiek propio dituzten ezaugarriak biltzen dira. Modalitate bakoitzak bere aurrekontua eta prozedura izango ditu.

Hori guztia gogoan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:
ATAL OROKORRA
I. KAPITULUA
XEDEA

1. artikulua.– Unibertsitate aurreko irakasmailetan erabiltzekoak diren ikasmaterialak –euskarazkoak eta kalitatezkoak– sortu eta editatu ahal izateko beharrezkoak diren dirulaguntzak arautzea.

Hiru dira lagunduko diren modalitateak eta honakoa da diruz lagunduko dena:

EIMA 1, euskarazko ikasmaterial inprimatuen edizio-kostuak.

EIMA 2.0, euskarazko ikasmaterial digitalak.

EIMA 4, euskarazko ikasmaterialak sortzeko laguntza.

II. KAPITULUA
DIRU-BALIABIDEAK

2. artikulua.– Laguntza-deialdi honek 985.000 euroko aurrekontua du. Honako aurrekontu-partida hauek ditu modalitate bakoitzean:

EIMA 1: 500.000 euro, 300.000 euro 2019ko aurrekontuan eta 200.000 euroko konpromiso-kreditua 2020an.

EIMA 2.0: 360.000 euro, 72.000 euro 2019ko aurrekontuan eta 288.000 euroko konpromiso-kreditua 2020an.

EIMA 4: 125.000 euro, 25.000 euro 2019ko aurrekontuan eta 100.000 euroko konpromiso-kreditua 2020an.

Halere, modalitate batean aurreikusitako diru-kopuru osoa esleitzen ez bada, soberakina beste modalitate batera pasatu ahalko da.

3. artikulua.– 1.– Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu berarekin emandako beste laguntza batzuekin, baldin eta hortik ez bada gainfinantzaketarik sortzen. Gainfinantzaketa hori emanez gero, laguntza murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

2.– Deialdi honetara aurkezten diren pertsona fisikoek eta pertsona juridiko pribatuek ikasmateriala egiteko beste erakunde publiko edo pribatutatik laguntzarik eskatu badute, edota halakorik jaso badute, horren azalpena egin beharko dute, berariaz, dagokion atalean.

III. KAPITULUA
IKASMATERIALEN BALDINTZAK

4. artikulua.– Euskara hutsean sorturik eta prestaturik dauden ikasmaterialak laguntzen ditu deialdi honek.

Hala ere, eta salbuespen gisa, beren ezaugarrien arabera, euskaraz eta erdaraz dauden ikasmaterialak ere laguntza-deialdi honetara bildu ahal izango dira (A ereduan euskara irakasteko metodoak, hiztegi elebidun edo eleanitzak....).

EIMA 1 modalitateak itzulpenak eta egokitzapenak ere onartuko ditu.

5. artikulua.– Gaur egun indarrean dauden unibertsitate aurreko irakasmailetarako ikasmaterialak, oinarrizkoak zein osagarriak, hartuko ditu kontuan deialdi honek.

Haur Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasmaterialez gain, beste alor eta etapa hauetakoak bildu ahalko dira deialdira: Lanbide Esparruko Heziketa Ziklokoak, Helduen Hezkuntzarako ikasmaterialak, Aukerako Hezkuntza Jarduera lantzeko ikasmaterialak, Musika-irakaskuntzan erabiltzekoak eta Hezkuntza Berezirako ikasmaterialak. Ikasmaterial horiek etapa bakoitzean indarrean dagoen araudia bete beharko dute.

6. artikulua.– Honako laguntza-deialdi honetara biltzen diren Haur Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculumeko ikasmaterialek Heziberri 2020 planeko hezkuntza-eredu pedagogikora eta horren baitan onartutako dekretuetara egokitu beharko dute: abenduaren 22ko 236/2015 Dekretua, Oinarrizko Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena; abenduaren 22ko 237/2015 Dekretua, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena; eta irailaren 6ko 127/2016 Dekretua, Batxilergoko curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena.

Hortaz, material didaktikoek honako ezaugarri hauek izango dituzte hezkuntza-eredu pedagogikoarekin koherenteak izan daitezen:

a) Ikasleen irteera-profilean definitutako oinarrizko konpetentziak lortzearen alde egitea.

b) Ikasleei eta irakasleei irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuen plangintza, garapena eta ebaluazioa egiten laguntzeko mota guztietako materialak izango dira.

c) Zorroztasun zientifikoa eta hizkuntza egokitu egingo zaizkie ikasleen adinari eta 236/2015, 237/2015 eta 127/2016 dekretuetan araututako curriculumei. Lege-ordenamenduko printzipioak, balioak, askatasunak eta betebeharrak ere agertu eta sustatu behar dira, eta diseinu unibertsalaren eta irisgarritasunaren ezaugarriak bete.

d) Irisgarriak izan behar dute, bai desgaitasun fisiko, sentsorial edo intelektualen bat duten ikasleentzat, bai ikasteko beste zailtasun batzuk dituztenentzat.

e) Hizkuntza ez da modu sexistan erabiliko, eta irudietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotipatu gabekoa bermatuko da.

f) Aniztasun familiarra eta afektibo-sexuala agertuko da ikasmaterialetan, baita gainerako errealitate kulturalak, etnikoak... ere.

Ikasmaterialen ezaugarriekin zerikusia duten edukiak eta Heziberri 2020 planarekin lotutako dokumentu eta tresna baliagarriak Hezkuntza Sailaren honako helbide honetan aurki daitezke:

http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/r43-hezi2020/eu/

7. artikulua.– 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoak, bere 30. artikuluan finkatutakoa bete beharko dute ikasmaterialek.

8. artikulua.– 1.– Deialdi honen bidez diruz lagundutako ikasmaterialek indarrean dauden lege-eskakizunak bete behar dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei eta lege-gordailuari dagokienez. Proiektuaren lanketan erabiliko diren eta azken produktuaren zati izango diren irudi, soinu, testu edo beste edozein multimedia-objektu eskatzailearenak izango dira, edota egile- edo banaketa-eskubideei buruz indarrean dagoen araudia beteko dute.

2.– Arau horiek Hezkuntza Sailaz kanpoko erakundeen esparrukoak direla kontuan izanik, eskakizun horiek bete direla ziurtatu beharko du eskatzaileak eskabide-orrian, erantzukizunpeko adierazpenen atalean.

9. artikulua.– Hezkuntza Sailaren onespena izan beharko dute deialdi honen bidez diruz lagundutako ikasmaterialek.

1.– Onespena lortu ahal izateko, laguntza-eskatzaileak onespena eskatzeko agiriarekin batera, ikasmateriala bera ere aurkeztu beharko du editagarria den artxibo digital batean. Hurrengo loturan aurki daiteke informazio gehiago:

http://www.euskadi.eus/eima-euskal-ikasmaterialen-kalitatea/web01-a2heusk/eu/

Onespena eskatzeko agiria Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egongo da eskuragai:

https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2019/eima/y22-izapide/eu

Hezkuntza Sailaren onespena jasotzeko ikasmaterial guztiek hizkuntza-azterketa eta didaktika-azterketa gainditu beharko dute. Ikasmaterial digitalek azterketa teknikoa ere bai.

Onespena eskuratu duen ikasmaterialak esaldi hau eramango du onespena jaso duen datarekin batera: «Ikasmaterial honek Hezkuntza Sailaren onespena du».

Hezkuntza Sailak gainbegiratu egingo ditu Onespena eskuratu eta, hala ere, aldaketak egin behar dituzten materialak.

2.– Hauek dira azterketa bakoitzean jarraituko diren irizpideak:

a) Hizkuntza-azterketa:

Zuzentasunaren azterketa: Euskaltzaindiaren arauak betetzen diren aztertuko da eta erabiltzen den hizkuntza bere oinarrizko ezaugarrietan (joskera, hitzak...) egokia den.

Testuinguruarekiko egokitasun-azterketa: testuaren koherentzia eta elkarreraginezko testuingurua (materiala nork norekin, non eta zertarako erabiliko den) izango dira kontuan.

b) Didaktika-azterketa:

Ikasmateriala hezkuntza-eredu pedagogikoarekin bat datorren egiaztatuko da, Aginduaren 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

c) Azterketa teknikoan, besteak beste, kontuan izango dira:

Sistema eragile eta nabigatzaileak, irisgarritasun maila.

IV. KAPITULUA
LAGUNTZA-ESKATZAILEAK

10. artikulua.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11., 13. eta 14. artikuluetan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte deialdi honetako laguntzak eskuratu nahi dituztenek.

11. artikulua.– Beharrezko lege-nortasuna duten pertsona fisikoak edo pertsona juridiko pribatuak izan daitezke laguntza-jasotzaile.

Salbuespena EIMA 1 modalitatea da. Horretan pertsona juridiko pribatuak soilik izan daitezke laguntza-jasotzaile.

12. artikulua.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dute ikasmaterialik aurkeztu honako hauek: herri-aginteak, zuzenbide pribatuko herri-aginteak edota herri-aginteetan parte-hartze nagusia duten sozietate pribatuak.

13. artikulua.– Laguntza-eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

Betebeharren egiaztatzeaz deialdiaren kudeaketa-organoa arduratuko da, dirulaguntza eskatzen duten entitateei eta pertsona fisikoei baimena eskatu gabe. Aurreko hori egingo da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena ezarriz.

Eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera. Halaber, Zergarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren eta horien egiaztatzearen inguruan, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18., 19. eta 22. artikuluan ezarritakoa hartuko da kontuan.

Zergak Nafarroako Foru Erkidegoko Ogasunean eta Espainiar Estatutik kanpo ordaintzen dituzten entitateek eta pertsona fisikoek zergak egunean dituztela ziurtatzeko agiria aurkeztu beharko dute.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan zehaztutako betebeharrak gordetzea.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek izaera bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozedura hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntza eta laguntza eman eta ordaindu ahal izateko.

4.– Halaber, zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten pertsonek edo erakundeek, horren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu badute edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean badaude, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioa egiteagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute agindu honetan araututako dirulaguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.

5.– Europar Batasunak dirulaguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten zain ez egotea.

6.– Krisialdian dagoen enpresa ez izatea, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoarekin bat etorriz (2014-07-31ko AO, C249).

5. puntuak eta 6. puntuak ez diote eragiten EIMA 4 modalitateari.

V. KAPITULUA
ESKABIDEAK AURKEZTEKO MODUA ETA EPEA

14. artikulua.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok zuzen eta osorik bete beharko du eskabide-orria, eta horri gehitu behar zaizkion agiriak garaiz aurkeztu.

15. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasi eta 2019ko irailaren 16an amaituko da.

16 artikulua.– 1.– Eskabideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan aurkeztuko dira:

https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2019/eima/y22-izapide/eu

Prozedura elektronikoa honako legeriak araututa dago: Administrazio Elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioko zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Erabakiak (E-Administrazioarentzat –Platea– Plataforma teknologikoa onartu zuena). Horiekin batera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena era kontuan izango ditugu.

2.– Eskabide bat aurkeztuko da ikasmaterial bakoitzeko.

17. artikulua.– Eskabidearen ondoko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

18 artikulua.– Eskabidearekin eta deialdiarekin zerikusia duten gainerako izapideak egiteko jarraibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, eskabideak aurkezteko erabiliko den helbidean.

19. artikulua.– Laguntza-eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetatik nahi dutena erabil dezakete eskabidea eta honi erantsitako agiriak aurkezteko. Ondorioz, aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen duen moduan.

20. artikulua.– Eskabideak aurkezteak adierazten du, deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla.

21. artikulua.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei Buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, betetze aldera, honako betebeharrak egiaztatu beharko ditu eskatzaileak, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, eskabidean:

1.– Ikasmateriala berria dela eta euskaraz sortuko dela.

2.– Helburu berari zuzenduriko dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturi eskatu izana eta, dagokionean, haiengandik jasotakoa adieraztea txostenean.

3.– Ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako ezaugarri bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduraren eraginpean.

4.– Ez daukala dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor-edo administrazio-arloko zigorrik eta ez dagoela laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duten lege-debekuen eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekua barne.

5.– Laguntza-deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko jarritako baldintzak betetzen dituela.

6.– Entitateen kasuan, legalki eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dagokion erregistroan izena emanda dagoela.

7.– Aurkeztutako proiektua aurrera eramateko beharrezko egile-eskubideak edota egile-baimenak dituela.

8.– Europar Batasunak dirulaguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten zain ez dagoela.

9.– Enpresa ez dagoela krisian, betiere bat etorriz krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoarekin (2014-07-31ko AO, C249).

10.– Ebazpena hartzerakoan kontuan izandako ezaugarriren bat aldatuz gero, horren berri eman beharko dio deialdiaren kudeaketa-organoari.

11.– EIMA 4 modalitatean eskatzailea lantaldea denean, ordezkaria taldea osatzen duten pertsona fisiko guztiek izendatu dutela.

1. puntuak ez dio eragiten EIMA 1 modalitateari.

8. puntuak eta 9. puntuak ez diote eragiten EIMA 4 modalitateari.

22. artikulua.– Eskatzaileak eskabidearekin batera aurkeztu beharrreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari dagozkion agiriak.

1.1.– Eskatzaileak bere ziurtagiri digitala erabiltzen badu eskabidea egiteko, ez du agiririk aurkeztu beharko.

1.2.– Eskatzaileak bere ziurtagiri digitala erabiltzen ez badu eskabidea egiteko, dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu, betiere bere izaera juridikoaren arabera: eraketa-eskritura edo akta, estatutuak, ordezkari legalaren izendapena eta IFZren (Identifikazio Fiskaleko Zenbakia) kopia.

1.3.– Zergak Nafarroan edo Espainiar Estatutik kanpo ordaintzen dituzten eskatzaileen kasuan, zergen betebeharra betea dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

1.4.– Eskatzaileak eskabide bat baino gehiago aurkezten duenean, 1.2 eta 1.3 puntuetako agiriak bakarrak izan daitezke eskabide guztientzat. Halaber, 1.2 puntuan aipatutako agiriak, lehendik aurkeztuak badira edozein administraziotan, eskatzaileak ez ditu agiri horiek berriro aurkeztu behar izango, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 28. artikuluan agintzen duenari jarraituz. Aurkeztu ezean, eskatzaileak baimena eman beharko du eskabide-orrian, «Aurretik entregatutako dokumentazioa» atalean, eta dokumentu horiek noiz eta zein deialditarako (Saila, Zuzendaritza, programa) aurkeztu zituen argi adierazi, Administrazioak konprobazio-lanak egin ditzan.

2.– Ikasmaterialari dagozkion agiriak. Deialdiaren modalitate bakoitzari dagokion eranskinean azalduko dira.

23. artikulua.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eskabidean edo dokumentazioan zerbait gaizki dagoela edo zerbait falta dela ikusten badu, hamar eguneko epea emango dio dirulaguntza-eskatzaileari akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz xede horretarako emandako ebazpena eman ondoren.

24. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Agindu honetako prozeduretan erabiltzen diren eskabide eta dokumentazioetako datu pertsonalak Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak tratatuko ditu, bera baita datuen tratamenduaren arduraduna. Datu pertsonalen tratamendu horren helburua da deialdi honen kudeaketa eta ebazpena. Deialdiak duen interes publikoan eta bertan parte-hartzeko eginiko eskabideetan du oinarri aipatu helburuak.

Interesdunek datuak irispidean izateko eskubidea, datuak zuzentzekoa eta ezereztekoa, eta datuen eramangarritasun-eskubidea baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuen tratamendua mugatzeko eskubidea eta haren aurka egitekoa ere. Horretarako, idazki bat bidali behar dute halako helbidera Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, Donostia-San Sebastian kalea, 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz»

VI. KAPITULUA
DEIALDIAREN KUDEAKETA

25. artikulua.– 1.– Laguntza-deialdi honen kudeaketa Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio.

2.– Jarraipen-batzordea arduratuko da deialdi honetan dirulaguntza aginduta duten proiektuen jarraipena egiteaz azken ordainketa egin arte.

3.– Jarraipen-batzordearen partaideak honako hauek dira:

– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, Lucía Torrealday Berrueco, batzordeburu.

– Euskara Zerbitzuaren burua, Iñigo Barruso Lazkano.

– EIMAko teknikariak, Mikel Osoro Uriguen eta Rakel Olea Gonzalez, idazkari.

4.– Kudeaketan sortutako gertakariak Jarraipen-batzordeak bideratuko ditu.

VII. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN KALKULUA ETA MODALITATEEN EBAZPENAK

26. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko prozedurak deialdiaren modalitate bakoitzari dagokion eranskinean azalduko dira.

27. artikulua.– Dirulaguntza-deialdiaren ebazpenak emateko eta argitaratzeko prozedura honako hau izango da:

1.– Ebazpen-proposamenak kontuan izanda, Hezkuntzako sailburuordeak laguntza-deialdi honi dagozkion ebazpenak emango ditu.

2.– Ebazpen horiek, gutxienez, honako kontu hauek jasoko dituzte:

a) Diruz lagundutako ikasmaterialen zerrenda eta ikasmaterial horietako bakoitzari esleitutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundu ez diren ikasmaterialen zerrenda, ukatzearen arrazoia azalduta.

3.– Agindua EHAAn argitaratu eta, beranduenik, sei hilabeteko epean emango dira ebazpenak. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko dira (https://euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/erabakiak/), eta argitaratu eta biharamunetik hasita izango dute eragina.

Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkie. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikorrera eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

Era berean, ebazpenak EHAAn argitaratuko dira, esleitutako dirulaguntzen ezaguera orokorra bermatzeko.

4.– Ebazpenaren jakinarazpenik egiten ez bada 3. puntuan esandako epean, ezezko erantzuntzat hartuko da isiltasuna.

28. artikulua.– Ebazpen horien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote dirulaguntza-eskatzaileek Hezkuntzako sailburuari, ebazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

29. artikulua.– Dirulaguntzaren ebazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun naturaleko epea dute onuradunek esleitutako dirulaguntzari idatziz uko egiteko. Hala egingo ez balute, esleitutako dirulaguntza onartutzat joko da.

VIII. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN ORDAINKETAK ETA JUSTIFIKAZIOA

30. artikulua.– Dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira: lehenengo ordainketa ebazpenak jakinarazi eta onuradunak esleitutako dirulaguntza onartu duela egiaztatu ostean egingo da. Bigarrena, onuradunak modalitate bakoitzean ezarritako baldintzak bete direla justifikatu ondoren.

Dirulaguntzen ordainketak egiteko prozedurak eta justifikazioak deialdiaren modalitate bakoitzari dagokion atalean azalduko dira.

31. artikulua.– 1.– Agindu honetan finkatutako edozein eginkizun ez betetzeak edota laguntzak lortzeko ezarritako baldintzetan gezurretan ibiltzeak, jokabide horien ondorioz gerta daitezkeen erantzukizun penalak baztertu gabe, agindutako dirulaguntza galtzea ekarriko du; baita, hala legokiokeen kasuan, aurretik jasotako diru-kopurua atzera itzuli beharra ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak onartzen duen bezala, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak zehaztutako prozeduraren arabera dagozkion atzerapen-interesak gehituko dira.

Era berean, 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.12 artikuluan xedatutakoaren arabera, dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango da, beti ere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete egiten baldin badira.

2.– Dirulaguntzaren itzulketaren inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19.4 eta 37. artikuluetan jasotakoari jarraituko zaio.

IX. KAPITULUA
ONURADUNEN BETEBEHARRAK

32. artikulua.– Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko hirugarrenen erregistroan alta emanda egon behar du laguntza-jasotzaileak, laguntza jaso ahal izateko. Alta emateko edota aurretik erregistratutako kontu-zenbakia aldatzeko, lotura honetan dagoen agiria aurkeztu beharko du: https://www.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html

33. artikulua.– Onuradunak dirulaguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia emango die Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

34. artikulua.– Onuradunen betebeharren inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 lege orokorraren 14. artikuluan araututakoa izango da kontuan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko idazkien artean interpretazio-auzirik sortuz gero, euskarazkoa hartuko da auzia argitzeko erreferente.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Laguntza programa hau Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 26ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren barruan dago, zenbait diru laguntza mota barne-merkatuarekin bateragarriak jotzen dituena, Itunaren (EBAO 2014, L 187, 2014-06-26) 107. eta 108. artikuluen aplikazioaren ondorioz (Kategorien Araberako Salbuespen Araudi Orokorra edo 651/2014 Araudia).

EIMA 4 modalitateari ez dio eragiten xedapen honek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 30a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
EIMA 1 MODALITATEA

1.– Ikasmaterialen baldintzak.

1.1.– Unibertsitate aurreko irakasmailetan erabiltzekoak diren euskarazko ikasmaterial inprimatuak lagunduko dira; zehazki, ikasmaterial inprimatu horien edizio-kostuak.

1.2.– 5. puntuan zehaztuta daude lagun daitezkeen edizio-kostuak.

Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokoraren 31. artikuluan ezarritakoa hartuko da kontuan.

1.3.– Dirulaguntza deialdira aurkeztuko den ikasmaterialaren ezaugarriak zehaztu beharko ditu eskatzaileak.

Eskatzaileak, oinarrizko ikasmateriala ala ikasmaterial osagarria den adierazi beharko du. Era berean, zehaztu beharko du euskaraz sortutako ikasmateriala ala egokitutako edo itzulitako testua den. Azkenik, adierazi beharko du ilustrazio eta irudiak ikasmaterialerako berariaz sortuak diren ala beste nonbaitetik hartu diren.

1.4.– Epe zehatz batean argitaratutako ikasmaterialak aurkeztuko dira dirulaguntza deialdira, hain zuzen ere, 2018ko irailaren 8tik 2019ko irailaren 6ra bitartean argitaratutakoak.

Argitalpen-data moduan honako hau hartuko da: Lege Gordailuari dagokion Gordailu-aitorpenaren M-5 agiriko administrazio-eginbidean jarritako data.

1.5.– Lehen argitaraldientzat prestaturik dago, nagusiki, deialdi hau. Hala ere, bigarren edo hurrengo argitalpen birmoldatu edo osatuek ere jaso ahal izango dute dirulaguntza, beti ere berritutako zatia izango da baloratu eta diruz lagunduko dena.

1.6.– Ikasmaterial oro komertzializatu egin beharko da, herritarrei zuzenduriko banaketa-zirkuituen bidez, edozein herritarrek liburu-dendan eskuratzeko moduan egon dadin. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak baldintza horren betetzea dagokion dirulaguntza finkatu aurretik egiaztatu ahal izango du.

2.– Ikasmaterialaren dokumentazioa.

Atal Orokorreko 22. artikuluan zerrendatzen den dokumentazioaz gain, jarraian zehazten den dokumentazioa ere aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:

1.– Ikasmaterialaren Txostena. Dirulaguntza eske aurkezten den ikasmaterial bakoitzeko bat bete beharko da; bertan ikasmaterialaren datu tekniko eta ekonomikoak jasoko dira. Dokumentu hori Euskadi.eus atariko Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2019/eima/y22-izapide/eu

Txostenaren 5. atalean (Argitalpen kostuen justifikazioa) adierazitako gastu guztien faktura eta justifikazio-dokumentuak gehitu beharko dira.

Dirulaguntzaren zuriketari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa hartuko da kontuan.

2.– Lege Gordailuari dagokion M-5 inprimakia.

3.– Dirulaguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariak sinatutako idazki bat (ez dago eredurik), diruz laguntzea nahi den ikasmaterialaren tirada ziurtatzen duena. Entitate batek ikasmaterial bat baino gehiago aurkezten badu, idazki bakarrean ziurtatu ahal izango ditu horien tiradak.

Ikasmaterialaren Txostenean adierazitako tiradak bat etorri behar du entitate eskatzailearen legezko ordezkariak sinatutako idazkian adierazitako tiradarekin. Horren egiatasuna baieztatze aldera, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak behar beste egiaztapen-lan egingo du fakturen eta gainerako agirien bidez.

4.– Ikasmateriala Euskarazko Ikasmaterialen Katalogoan (EIMA katalogoa) katalogatzeko eskaera fitxa, behar bezala beteta.

Inprimaki hori Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan izango da eskuragai:

https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2019/eima/y22-izapide/eu

5.– Argitara emandako ikasmaterialaren bina ale. Ale horien aurkezpena ezinbestean aurrez aurre egingo da, ahal delarik Herritarrentzako zerbitzuan –Zuzenean– edo Hezkuntza Sailaren egoitzaren batean aurkeztuko da, nahiz tokian tokiko Ordezkaritzetan, nahiz Vitoria-Gasteizko egoitza nagusian, bertako Euskara Zerbitzuaren EIMA 1 programan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan zehazten duen edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izango da.

3.– Dirulaguntzen kalkulua eta ebazpena.

Dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko prozedura.

3.1.– Beharrezkoak diren datuak eskuratu eta gero, honako hau egingo da:

1.– Ikasmaterial horiek dagozkien txostenetan azaldutako datu tekniko eta ekonomikoekin agertzen duten adostasun-maila neurtuko da. Honako puntu hauek aztertuko dira: Hezkuntza Sailaren onespena, argitalpen-kostuak, ezaugarri teknikoak eta tirada.

2.– Agindu honetan jarritako baldintzak betetzen diren ala ez ikuskatuko da.

3.– Ikasmaterial bakoitzaren edizio-kostuen kalkulua eskatuko zaie argitalpen alorreko bi adituri. Aditu horiek aldez aurretik izendatuko ditu Hezkuntza sailburuordeak.

5. puntuan oinarrituta, bi adituek, nork bere aldetik, ikasmaterial bakoitzaren azterketa egingo du eta horietako bakoitzaren kostua kalkulatuko du. Horren ondoren, bi adituek ikasmaterial bakoitzari egindako balorazioak hartuko ditu EIMA 1eko teknikariak, eta bien arteko batez bestekoa egingo du.

Adituek edizio-kostuen txostena helaraziko diote ebazpen-proposamena egingo duen batzordeari, eta beharrezkoa bada, aholkulari gisa arituko dira batzordean.

3.2.– Aipatutako Ebazpen-batzordearen partaideak honako hauek dira:

– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, Lucía Torrealday Berrueco, batzordeko burua.

– Euskara Zerbitzuko burua, Iñigo Barruso Lazkano.

– EIMA 1eko teknikaria, Rakel Olea Gonzalez, batzordeko idazkaria.

3.3.– Adituek ikasmaterial bakoitzarentzat finkaturiko edizio-kostuak eta argitaletxeak eskabide-orrian zehaztutakoak alderatuko ditu ebazpen proposamena egingo duen batzordeak, eta txikiena hartuko du ikasmaterial bakoitzaren erreferentziazko argitalpen-kostutzat.

Ondoren, erreferentziazko argitalpen-kostuei kalitatearen eta beharraren irizpidea aplikatuko zaie, Hezkuntza Sailaren Laguntza-zerbitzuetako adituek aurrez balioetsitakoaren arabera.

Balioespen hori egiteko, adituek Aginduaren Atal Orokorreko 5. eta 6. artikuluetan zehaztutako alorren eta etapen curriculumen betetze-maila eta hezkuntza-komunitateak dituen beharrak izango dituzte kontuan.

Ikasmaterialak oso kalitate handikoak badira, edota ikasmaterial horien beharra handia bada, 1. mailako balioespena jasoko dute ikasmaterialek, eta erreferentziazko argitalpen kostuei % 6 gehitu zaie.

Kalitatezko ikasmaterialak badira, edota horien beharra badago, 2. mailako balioespena jasoko dute ikasmaterialek. Kasu hauetan, erreferentziazko argitalpen-kostuei % 3 gehituko zaie.

Azkenik, ikasmaterialen kalitatea balekoa bada, edo ikasmaterial horien behar berezirik ez badago, 3. mailako balioespena jasoko dute ikasmaterialek, eta erreferentziazko argitalpen kostuen kopuru bera mantenduko da.

3.4.– Zehaztutako emaitza horiekin, Ebazpen-batzordeak ikasmaterial bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa finkatuko du eta ebazpen-proposamena egingo du.

3.5.– Baldin eta esleitutako zenbatekoen batuketa Atal Orokorreko 2. artikuluan zehaztutako dirulaguntza partida baino handiagoa bada, proportzionalki banatuko da.

3.6.– Dirulaguntza ez da izango diruz lagundu daitezkeen gastuen % 80 baino gehiagokoa.

4.– Dirulaguntzaren ordainketak eta justifikazioa.

4.1.– Dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira.

– Lehenengo ordainketan dirulaguntzaren % 60 ordainduko da, ebazpena jakinarazi eta entitate onuradunak esleitutako dirulaguntza onartu duela egiaztatu ostean.

– Dirulaguntzaren gainerako % 40a, 4.2 puntuan ezarritako baldintzak bete ondoren bideratuko da, betiere 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera.

4.2.– Justifikazioa.

Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa 2020ko urtarrilaren 2tik 2020ko urriaren 15era aurkeztuko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

1.– Dirulaguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariak sinatutako idazki bat (ez dago eredurik) zeinak egiaztatzen duen diruz lagundutako ikasmaterialaren salmenta. Bertan, saldutako ale-kopurua zehaztu beharko da.

2018ko irailaren 8tik 2020ko irailaren 30era bitarteko salmentak hartuko dira kontuan eta, gutxienez, diruz lagundutako tiradaren % 30 saldu izana justifikatu beharko da.

Ikasmaterialaren ezaugarrien arabera, gutxieneko salmentaren ehunekoa egokitu daiteke.

2.– Agirian adierazitako salmenten faktura eta justifikazio-dokumentuak (ez dago eredurik).

4.3.– Gutxieneko salmentaren baldintza ez betetzeak kobratzeke dagoen kopurua jasotzeko eskubidearen galera ekarriko du; baita aurretik jasotako diru-kopurua itzuli beharra ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak onartzen duen bezala, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak zehaztutako prozeduraren arabera dagozkion atzerapen-interesak gehituko dira.

5.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

Lagundu daitezkeen gastuak bi motatakoak izango dira:

5.1.– Kostu finkoak.

1.– Originalak prestatzeko lanen kostuak.

• Nondik norakoa.

Edizio-produkzioari hasiera eman aurretik, testuak (jatorrian euskaraz idatziak edo euskarara itzuliak) gauzatu ostean argitaletxeak egindako lanaren ondorioz sortutako kostuak. Hortaz, testu/edukiaren sortze-kostuak eta itzultze-kostuak ez dira kontuan hartuko.

Honako kostu hauek lagunduko dira:

Jatorrizko testuaren eitea egokitzea, lanaren egiturak koherentzia izan dezan (azala, kapituluen eraketa, aurkibidea, izenburu-mailaketa, edukiak, eranskinak...); ortotipografia egokitzea (letra etzana eta lodia; aipuen eraketa zuzena, oharrak, bibliografia, kakotxen erabilera zuzena; eta akats ortografikoen zuzenketa (tarte bikoitzak, puntuazioa, letra larriak, etab...).

•Balorazioa.

Ikasmaterial bakoitzaren testu idatziaren zailtasun-mailaren arabera karaktereko prezio jakina jarriz egingo da, honako sailkapen honen arabera:

(Ikus .PDF)

2.– Edizio-diseinuaren kostuak.

• Nondik norakoa.

– Argitalpenaren definizio grafikoa (azalaren diseinua, diagramazioa, barruko orrialdeen maketazio-jarraibideak, orrialde bereziak...). Kostu horiek honako kasu hauetan baino ez dira kontuan hartuko: edizio-diseinu sortu berri edo molde berriko edizio-diseinua duten ikasmaterialen kasuan; hau da, beste zenbait argitalpenetan, euskarazko zein gaztelaniazkoetan, aurretiaz finkatutako diseinurik (sorta edo bilduma bati loturikoa) ez duten ikasmaterialak.

– Arte-zuzendaritza, bai edizio-diseinu sortu berri edo molde berriko edizio-diseinua duten ikasmaterialen kasuan, bai aurretiaz finkatutako diseinua duten ikasmaterialen kasuan.

• Balorazioa.

Honako balio-maila hauen arabera:

(Ikus .PDF)

Ondoriozko balorazioari ikasmaterialaren originaltasun-mailaren araberako honako ponderazio hau ezarriko zaio:

– Euskaraz sortutako testua: % 100.

– Egokitutako / Itzulitako testua: % 30.

3.– Edizio-produkzioaren kostuak.

• Nondik norakoa.

– Testuak konposatzea.

– Orrialdeak doitzea eta maketatzea.

– Taulak, grafikoak eta eskemak egitea.

– Beharrezkoa denean, irudiak digitalizatzea (ilustrazioak, argazkiak...). Eskatzaileak arrazoizko justifikaziorik ematen ez badu, landutako edota erositako argazkiak, ilustrazioak eta marrazkiak digitalizatutzat joko dira. Ondorioz, kontzeptu horri dagokion kostua ez da kalkulatuko.

– Beharrezkoa denean, irudien postprodukzio digitala eta tratamendua (ilustrazioak, argazkiak...). Eskatzaileak arrazoizko justifikaziorik ematen ez badu, irudien postprodukzio digitala eta tratamendua aurretiaz egindakotzat joko da. Ondorioz, kontzeptu horri dagokion kostua ez da kalkulatuko.

– Probak zuzentzea.

– Kolore-probak egitea.

– Azken artea eta inprimaketarako pdf-ak sortzea.

• Balorazioa.

Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusiak homologatutako salneurrien arabera.

5.2.– Kostu aldakorrak.

• Nondik norakoa.

– Paper-kontsumoa (azala eta barrua).

– Inprimaketa (azala eta barrua).

– Bukaera-lanak (plastifikatzea, berniza...).

– Koadernaketa.

– Manipulazioa.

– Enbalajea.

– CD, DVD eta bestelakoen bikoizketa.

• Balorazioa.

Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusiak homologatutako salneurrien arabera.

II. ERANSKINA
EIMA 2.0 MODALITATEA

1.– Diru-baliabideak.

1.1.– Laguntza-deialdi honek 360.000 euroko diru-kopurua du: 72.000 euro 2019ko aurrekontuan eta 288.000 euroko konpromiso-kreditua 2020an.

Deialdira aurkezten diren proiektuak bi multzotan banatuko dira: batetik, Creative Commons Aitortu-Ez Komertziala-Partekatu Berdin 3.0 Espainia (CC BY-NC-SA 3.0) edo Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 Espainia (CC BY-SA 3.0) lizentziapean egitekoak diren ikasmaterialak eta, bestetik, produkzio-etxeen jabetzakoak izango direnak. Aurrekontuaren % 40 (144.000 euro) produkzio-etxeen jabetzako materialgintzarako izango da eta % 60 (216.000 euro) Creative Commons lizentziapean egindako ikasmaterialetarako. Halere, multzo batean aurreikusitako diru-kopuru osoa esleitzen ez bada, soberakina beste multzora pasatuko da.

Ezin da ikasmaterial bera bi eratara aurkeztu.

1.2.– Dirulaguntza ez da izango diruz lagundu daitezkeen gastuen % 80 baino gehiagokoa, eta gehienez ere 30.000 euro emango da ikasmaterial bakoitzeko.

1.3.– Eskatzaile bakoitzeko 2 proiektu lagunduko dira diruz, gehienez.

1.4.– Deialdi honetako dirulaguntzak lehiaketa bidez erabakiko dira. Laguntzak esleitzeko prozedura 1/1997 Legegintza Dekretuan, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenaren 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa orokorra izango da, eta beraz, laguntzak ematea aurkeztutako proiektuen arabera egingo da, 6. puntuan xedatutako balorazio-irizpideak aplikatuz horien arteko lehentasunak ezartzeko. Laguntzak puntuazioaren goitik beherako ordenan emango dira, 1.1. puntuan aurreikusitako diru-dotazioa agortu arte eta haren 2. puntuko baldintza betearaziz.

6. puntuan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak dirulaguntzarik gabe geratuko dira.

Bi ikasmaterial edo gehiagoren artean berdinketa gertatzen bada, Edukiaren Egokitasunaren atalean lortutako puntuazioaren goitik beherako ordenan emango dira dirulaguntzak.

2.– Ikasmaterialen baldintzak.

2.1.– Euskara hutsean sorturik eta prestaturik dauden ikasmaterial digitaletara mugatzen da modalitate hau. Produkzio bat euskal jatorrikotzat hartua izateko, testuak euskaraz sortua eta prestatua egon behar du, eta lehen argitalpena euskaraz bakarrik egingo da.

Halaber, goiburuak, helbideak, grafikoak eta ingurugiroko erreferentziak ere euskaraz emango dira ikasmaterialetan zein bere metadatuetan.

2.2.– Ikasmaterial digital berrietarako prestaturik dago laguntza-deialdi hau. Egokitu edota berritutako ikasmaterialak ez dira, beraz, deialdi honen bidez diruz lagunduko; itzulpenak ere ez.

2.3.– Deialdi honen bidez diruz lagundutako ikasmaterial orok gida didaktikoa ekarri behar du. Honako hauek dira, gutxienez, gida didaktikoak izan behar dituen ezaugarriak:

1.– Helburuak (ikasleen irteera-profila): zer helburu lortu nahi diren ikasmaterial horrekin eta nori zuzendua dagoen, betiere curriculuma garatzeko indarrean dauden dekretuei edota ikasketa-planei erreferentzia eginez.

2.– Zein edukirekin duen harremana, edota zein eduki landu nahi dituen, curriculuma garatzeko dekretuetako edota ikasketa-planetako arlo eta ikasgaietako helburuak lortzeko.

3.– Planteamendu didaktikoaren antolaketa (unitate didaktikoak, arazo-egoerak, atazak, denboralizazioa, irakaskuntza-ikaskuntzako jarduerak: bilaketa- eta kudeaketa-jarduerak, egituratze-jarduerak, aplikazio-jarduerak...).

4.– Metodologia. Ikasmaterialaren erabileraren inguruko metodologia (noiz eta nola erabili).

5.– Baliabide osagarriak (gaian sakontzeko materialak, bibliografia, webguneak...).

6.– Lanaren egile(ar)en eta parte-hartzaile(ar)en zerrenda.

7.– Onespena jaso izanaren adierazpena eta data.

2.4.– Planteamendu didaktikoaren aldetik, produktoreek honako lehentasun-ezaugarriok izango dituzte kontuan ikasmateriala produzitzerakoan:

1.– Proiektuaren ildo nagusiak etaparako edo ikasmailarako aurreikusitako helburuen, edukien eta jardueren arabera antolatzea, betiere oinarrizko konpetentzien garapena kontuan harturik.

2.– Ikaskuntza aktiboa bultzatzea. Horrenbestez, ikasleek helburu jakin bat lortzeko zerbait sortu beharko dute. Hots, zeregin esanguratsua burutu beharko dute.

3.– Planteamendu interaktiboa bultzatzea eta, horrez gainera, ikasleen arteko lankidetza indartzea.

4.– Materialak proposamen didaktiko irekiak izatea: irakasleek moldatzeko modukoak izatea, haien programazio eta unitate didaktikoetan.

5.– Ebaluazioaren garrantzia agerikoa izatea eta, beraz, ikaslea ebaluatzeko moduak proposatzea; betiere konpetentzien garapena kontuan harturik (autoebaluazioa, koebaluazioa, askotariko estrategiak...).

6.– Motibatzailea eta atsegina izatea: ikasleen adina, testuingurua, interesak, etab. kontuan hartzea.

7.– Inklusibitatea eta ikasleen aniztasuna kontuan hartzea (gaitasun diferentea duten ikasleen beharretara egokitzeko aukerak ematea eta askotariko errealitateak kontuan izatea).

8.– Multimedia elementuen arteko barne-kohesio egokia izatea: integrazio- eta sinkronizazio- maila egokia izatea, mezu orokorra ondo ulertu eta bereganatu ahal izateko.

9.– Internet sareko doako zerbitzuen eta tresnen erabilera bultzatzea: edukiak eta baliabideak sarean partekatzeko proposamenak egitea; sareko parte hartzeko proiektuetan ekarpenak egitea; komunitate birtualetan eta sare sozialetan parte hartzea bideratzea.

10.– Eskubide irekiak (Creative Commons) dituzten elementuak erabiltzea.

2.5.– Ikasmaterialak weberako diseinatuak izango dira, hots HTML lengoaian eginak. Erabiliak izateko edozein web nabigatzaile nahikoa izango da, sistema eragilea edozein delarik ere, ohiko pluginak erabiliz, beste programarik eskatu gabe eta jabe-softwarea erabiltzera behartu gabe. Halaber, ikasmaterialak eskuko edo mahai gaineko ordenagailuetan erabiltzeko modukoak izango dira. Ukimenezko pantailak dituzten gailuetan (arbel digitalak, tabletak) erabiltzeko berariazko diseinua duten ikasmaterialak ere onartuko dira.

2.6.– Materialen web irisgarritasuna bermatze aldera, kontuan hartu beharko dira World Wide Web Consortium-ek (W3C) egindako Web Edukietarako Irisgarritasun Jarraibideak (WCAG 2.0), A bikoitza irisgarritasun mailari dagozkionak bederen.

3.– Proiektuaren dokumentazioa.

Atal Orokorreko 22. artikuluan zehazten direnak betetzeaz gain; EIMA 2.0n, dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da eskabide-orriarekin batera:

3.1.– Aurkeztu nahi den proiektu bakoitzeko «Proiektuaren txostena» deritzon inprimakia bete beharko da. Inprimaki hori egoitza elektronikoan egongo da eskuragai, eta proiektuaren gaineko alderdi didaktikoen, teknikoen eta ekonomikoen datuak emango dira hor. Proiektuaren gaineko txostena egiteko kontuan izan 6. puntuak jasotzen dituen balorazio-irizpideak.

3.2.– Ikasmaterialaren demoa ere aurkeztuko da URL helbide batean (Proiektuaren txostenean bertan zehaztu) eta, formatu itxian, fitxategi konprimatuan. Aurkezten den ikasmateriala amaituta badago, URL-a bidalita nahikoa izango da. Demorik gabe aurkezten diren proiektuak ez dira onartuko, eta euskaraz aurkezten ez diren demoak ere ez.

4.– Dirulaguntzaren kalkulua eta ebazpena.

4.1.– Deialdian aipaturiko baldintzak betetzen dituzten proiektuen adostasun-neurketa egin eta eskatzaileak eskabide-orrian zehaztutako datuen inguruan beharrezko zuzenketak egin ostean, proiektu horien balorazioa eskatuko zaio alorreko hainbat adituri.

Alorrean alorreko aditu horiek Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuko ditu.

Aditu horiek eginiko balorazioarekin, Ebazpen-batzordeak proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren proposamena finkatu eta arrazoituko du eta, honen ondoren, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Hezkuntzako sailburuordeari.

4.2.– Aipatutako Ebazpen-batzordearen partaideak honako hauek dira:

– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, Lucía Torrealday Berrueco, batzordeko burua.

– Euskara Zerbitzuko burua, Iñigo Barruso Lazkano.

– Sailaren Laguntza-zerbitzuetako IKT-arduraduna, Fco. Javier Perez Zabala.

– EIMA 2.0ko teknikaria, Mikel Osoro Uriguen, batzordeko idazkaria.

4.3.– EIMA 2.0 deialdi honetara aurkeztuko diren proiektuen balorazioa egiteko, 6. puntuan azaldutako irizpideak hartuko dira kontuan.

5.– Ikasmateriala aurkezteko prozedura eta dirulaguntzaren ordainketa.

5.1.– Dirulaguntza esleitu zaion eskatzaile orori agindutako laguntzaren lehen % 20 aurreratuko zaio, esleitutako dirulaguntza onartu duela egiaztatu ostean.

5.2.– 2020ko irailaren 5erako, beranduenik, ikasmaterialak bukatua egon behar du eta Hezkuntza Sailean onespen eske aurkeztua.

Dirulaguntzaren ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hilabeteko epean produktore bakoitzak lan-egutegia idatziz aurkeztu beharko du.

5.3.– Ikasmateriala modu elektronikoan aurkeztu behar da, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez:

http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.14.– Onespena. Aginduaren Atal Orokorreko 9. artikuluan zehazten dira Onespenaren gaineko xehetasunak. Dirulaguntzetara aurkezten den ikasmaterial orok Hezkuntza Sailaren Onespena izan behar du.

5.5.– Materialak onespen-azterketa gainditu eta gero, laguntza-eskatzaileak behin betiko bertsioa bideratu beharko du.

5.6.– Jabetza pribatuko ikasmaterialen kasuan, behin betiko bertsio hori interneten zintzilik jarri beharko du kasuan kasuko produktoreak onespena jaso eta gehienez hilabeteko epean. Creative Commons lizentziapeko ikasmaterialen kasuan, Hezkuntza Sailaren Euskal Ikasmaterialen gordailura (EIMA Katalogoa) bideratu beharko da ikasmateriala epe berean.

5.7.– Behin ikasmateriala dagokion tokian kokatuz, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira, bi kasuetan, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren (http://www.euskadi.eus/nirekarpeta) bidez:

1.– Arduradunaren zinpeko aitormena (ez dago eredurik), laguntza-deialdi honen bidez jasotako diru-kopuru osoa eskabide-orrian zehaztutako proiektua produzitzeko erabili dela ziurtatuz, edota, bestela, kopuru hura zuzenduz eta benetakoa adieraziz.

2.– Amaiera-memoria izeneko dokumentua (ez dago eredurik), garatu diren lanak zehaztuz.

3.– Egindako gastuen egiaztagiria, behar bezala xehatua, jatorrizko faktura edo kopia eta dagozkien ziurtagiriekin batera, bai eta egindako gastu bakoitzaren ordainketa-egiaztagiriekin ere.

Gastuen egiaztagiria izeneko inprimakia Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan izango da eskuragai:

https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2019/eima/y22-izapide/eu

Lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa hartuko da kontuan.

4.– Ikasmateriala gutxienez bost urtez interneten eskuragarri egongo dela ziurtatzen duen zinpeko aitormena (ez dago eredurik), eskatzaileak izenpetuta (jabetza pribatua duten ikasmaterialen kasuan).

5.– Interneteko helbidea eta beharrezko klabeak jasotzen dituen idazki ziurtatua (ez dago eredurik), jabetza pribatua duten ikasmaterialen kasuan.

6.– Ikasmateriala Euskarazko Ikasmaterialen Katalogoan (EIMA katalogoa) katalogatzeko eskaera fitxa, behar bezala beteta.

Inprimaki hori Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan izango da eskuragai:

https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2019/eima/y22-izapide/eu

7.– Zergak egunean dituela ziurtatzen duen agiria, zergak Nafarroako Foru Erkidegoko Ogasunean edo Espainiar Estatutik kanpo ordaintzen dituzten eskatzaileen kasuan.

Legeen aldaketaren ondorioz dokumentazio gehigarririk behar izanez gero, laguntza-deialdiaren ebazpenean zehaztuko da.

5.8.– Ikasmaterialak onespena lortu eta hilabeteko epean ikasmaterialaren behin betiko bertsioa eta deialdian eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, Hezkuntza Sailburuordetzak, interesatuari aurretik entzunez, ukatu egin ahal izango dio agindutako laguntza azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAAn) dioenaren arabera, eta agindutako dirulaguntzaren aurrerakina sarrera publiko moduan itzuli beharko du eskatzaileak.

5.9.– Materialak onespen-azterketa gaindituko ez balu, Euskara Zerbitzuak egin beharreko aldaketen proposamena egingo dio produktoreari.

Hamabost lan-eguneko epea izango du produktoreak azterketaren jakinarazpenaren irteera datatik Euskara Zerbitzuak proposatutako aldaketak gauzatzeko. Epe horretan ez baditu aldaketok gauzatzen eta onespenerako eskaera bideratzen, Hezkuntza Sailburuordetzak ukatu egingo dio agindutako laguntza azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAA) dioenaren arabera, eta agindutako dirulaguntzaren aurrerakina sarrera publiko moduan itzuli beharko du eskatzaileak.

Bigarren saioan onespen- azterketak gainditzen baditu eta ikasmaterial horrek Hezkuntza Sailaren onespena jasotzen badu, 5.5, 5.6 eta 5.7 puntuetan adierazitako eran jokatuko da; baina materialak bigarren aldiko onespen-azterketa gainditzen ez baldin badu, Hezkuntza Sailburuordetzak, interesatuari aurretik entzunez, ukatu egin ahal izango dio agindutako laguntza eta agindutako dirulaguntzaren aurrerakina sarrera publiko moduan itzuli beharko du eskatzaileak aurreko paragrafoan jasotako baldintza berberetan.

5.10.– Ikasmaterialak onespena jaso eta behin betiko bertsioa onartu ondoren, agindutako laguntzaren % 80 luzatuko zaio eskatzaileari. Betiere, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera.

5.11.– Dirulaguntza agindu ondoren, laguntza-jasotzaileak materiala 2020ko irailaren 5a baino beranduago entregatuko duela aurreikusten badu, idatzi bat aurkeztu beharko du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan, atzerapen horren arrazoiak azalduz eta ikasmateriala entregatzeko aurreikusitako epea zehaztuz. Zuzendaritza horrek, hartarako duen Jarraipen-batzordeaz, 5.2. puntuan esandakoari salbuespenik egiteko arrazoizko motiborik dagoen ala ez aztertuko du, eta dagokion erantzuna emango du. Hilabete pasa ondoren Hezkuntza Sailburuordetzaren erantzunik ez balego, luzapen-eskabideak baimena duela ulertuko da.

5.12.– Luzapen-eskabidea ikasmateriala aurkezteko epea amaitu ondoren aurkezten bada, ez da onartuko.

5.13.– Jarraipen-batzordearen gertakari-txosten teknikoa kontuan izanik, agindutako diru-kopurua ukatu edo murriztu egin ahal izango du Hezkuntzako sailburuordeak, laguntza-onuradunari entzunaldia eskaini ondoren, benetan produzitutako ikasmateriala eskabide-orrian jasotako ezaugarrietatik aldentzen den neurrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19.4 artikuluan jasotzen den bezala.

5.4.– Lana garaiz eta zuzen amaitzen ez duenak, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko dizkio jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak eta kobratzeko daukana jasotzeko eskubidea galdu egingo du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak arautzen duen bezala, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAAn) zehaztutako prozeduraren arabera dagozkion berandutze-interesak gehituko dira.

Modu berean jokatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotzen den baldintzaren bat betetzen ez bada.

6.– Proiektua baloratzeko irizpideak.

Deialdi honetara bildu eta baldintzak betetzen dituzten ikasmaterialak ordenatzeko orduan honako irizpide hauek aplikatuko dira:

– Proiektuaren egitura.

– Edukiaren egokitasuna.

– Demoa.

– Aurrekontua.

6.1.– Proiektuaren egitura deritzon atalean gehieneko puntuazioa 20koa izanik, gutxieneko puntuazioa 12koa izango da. Gutxieneko maila hori lortu ezean, proiektua deialditik kanpora geldituko da. Proiektuaren egitura honela aztertuko eta balioetsiko da:

1.– Proposamenaren plangintza (0-4 puntu): proposatutakoa aurrera eramateko plangintzaren egokitasun-maila neurtuko da: proiektuaren egitura eta lan-banaketa argi adierazita daude, deialdiaren baldintzak nola beteko diren ondo azalduta dago eta produktua probatzeko neurriak aurreikusten dira.

2.– Ekarpen teknologikoa (0-4 puntu): produktuaren izaera digitalaren balio erantsia neurtuko da: helburuekin eta edukiekin lotura koherentea du, berrikuntza teknikoak ditu, eta gailu eta egoera anitzetan erabiltzeko egokitzen da.

3.– Inklusibitatea (0-4 puntu): gaitasun diferentea duten ikasleen beharretara egokitzeko ematen dituen aukerak baloratuko dira: ikasmaterialen erabilerraztasuna, irisgarritasuna, malgutasuna eta nabigagarritasuna aztertuko dira, bai eta ikasleen aniztasuna eta askotariko errealitateak kontuan izatea ere.

4.– Elkarreragin-maila (0-4 puntu): erabiltzailearen parte-hartzea eragiteko estrategiak neurtuko dira: ariketa elkarreragileak daude, ikasleek elkarri eragiteko ariketak daude eta ebaluaziorako tresnak daude.

5.– Ikasmaterialaren alde grafikoa eta multimedia (0-4 puntu): informazioa nola dagoen antolatuta, pantailako elementuen artean oreka dagoen, eta sinbologia, tipografia eta ikonografia balioetsiko dira. Bideoen, soinuen, argazkien, marrazkien eta animazioen kalitatea eta egokitasuna balioetsiko dira.

6.2.– Edukiaren egokitasuna deritzon atalean gehieneko puntuazioa 30ekoa izanik, gutxieneko puntuazioa 18koa izango da. Gutxieneko maila hori lortu ezean, proiektua deialditik kanpora geldituko da. Edukiaren egokitasuna honela aztertu eta balioetsiko da:

6.2.1.– Proiektuaren bidez lortu nahi diren helburuei dagokienez (0-10 puntu):

1.– Indarrean dagoen curriculumarekiko lotura (0-2 puntu): indarrean dagoen curriculumean adierazitako helburuak (ikasleen irteera profila) kontuan hartu diren ala ez neurtuko da.

2.– Egokitasun-maila (0-2 puntu): proiektuan adierazitako helburuak proposatutako adin taldearentzat egokiak diren ala ez neurtuko da.

3.– Oinarrizko konpetentziekiko lotura (0-2 puntu): proiektuaren helburu didaktikoek zer nolako lotura duten ikasleek garatu behar dituzten oinarrizko konpetentziekin neurtuko da.

4.– Formulazioa eta argitasuna (0-2 puntu): helburuen adierazpenaren argitasuna eta zehaztasuna neurtuko dira.

5.– Curriculumaren euskal dimentsioa (0-2 puntu): euskal dimentsioa lantzen den ala ez eta zein neurritan neurtuko da.

6.2.2.– Proiektuan jorratzen diren edukien inguruan (0-8 puntu):

1.– Indarrean dagoen curriculumarekiko lotura (0-2 puntu): adierazitako edukiek curriculumeko edukiekin duten lotura neurtuko da.

2.– Gaiari buruzko informazioa (0-2 puntu): gaiari buruz jasotako informazioaren egokitasuna eta zuzentasuna neurtuko dira.

3.– Ikaslearen inguruarekiko hurbiltasuna (0-2 puntu): adierazitako edukiak ikaslearen ingurutik hurbil dauden eta, ikasleen adina eta ikasmaila kontuan hartuta, esanguratsuak diren neurtuko da.

4.– Hizkuntza-kalitatea eta egokitasuna (0-2 puntu). Ikasleen adina eta ikasmaila kontuan hartuta, erabili den hizkuntza zuzena eta egokia den neurtuko da.

6.2.3.– Planteamendu didaktikoari dagokionez (0-8 puntu):

1.– Konpetentzien garapena (0-2 puntu): oinarrizko konpetentziak garatzen laguntzeko planteamendu didaktikoaren egokitasuna balioetsiko da (arazo-egoerak, atazak, askotariko jarduerak: bilaketa- eta kudeaketa-jarduerak, aplikazio-jarduerak, egituratze-jarduerak...).

2.– Planteamendu interesgarria eta motibagarria (0-2 puntu): proiektuaren planteamenduak ikasleen artean sor dezakeen interesa eta motibazio-maila neurtuko dira.

3.– Estrategia metodologikoak (0-2 puntu): ikasleen autonomia, ikasleen sormena, ikerketa, lan kooperatiboak, prozesuaren lanketa eta ikasten ikasteko estrategien aplikazioa bultzatzen duen neurtuko da.

4.– Ebaluazioa (0-2 puntu): ebaluazio-irizpideak eta ikasleak ebaluatzeko moduak aztertuko dira (autoebaluazioa, koebaluazioa, askotariko estrategiak...).

6.2.4.– Gida didaktikoa (0-4 puntu): gida didaktikoaren garapen-maila eta egokitasuna neurtuko dira. Zuzen erabiltzeko aholkuak, eginiko proposamenak egokiak eta aberatsak diren, eta zenbatean, berariaz neurtuko da. Ebaluaziorako planteamendua ere kontuan hartuko da.

6.3.– Demoa (0-5 puntu). Demoa baloratzeko orduan, honako irizpide hauek zer neurritan aplikatu diren hartuko da kontuan:

– Edukien egitura landuta egotea eta argi azaltzea.

– Ikasmaterialaren ibilbidea pantailaz pantaila aurkeztea.

Demoaren balorazioan 2,5 puntu baino gutxiago ateratzen dituzten proiektuak deialditik kanpora geratuko dira.

6.4..– Aurrekontua (0-5). Aurrekontuaren eta proiektuaren arteko adostasun-maila neurtuko da.

1.– Aurrekontuaren balorazioan 2,5 puntu baino gutxiago ateratzen dituzten proiektuak deialditik kanpora geratuko dira.

2.– Proiektuen balorazioa egitean parentesi artean adierazitako zenbakiez baliatuko da Ebazpen-batzordea, baloraziorik positiboenak puntuazio altuena izango du eta baxuenak txarrena. Horrela, kopururik altuenetik baxuenera zerrendatuko dira aurkeztutako proiektuak.

3.– Balorazio-lan hori produktoreak aurkezturiko agirien gainean eta demoa kontuan hartuz egingo da. Hala ere, produktoreek beren proiektuak Ebazpen-batzordearen aurrean aurkeztuko dituzte Ebazpen-batzordeak hala eskatuz gero.

III. ERANSKINA
EIMA 4 MODALITATEA

1.– Ikasmaterialen baldintzak.

1.1.– Dirulaguntza-deialdi honek euskarazko ikasmaterialen sorkuntza hartuko du kontuan. Ez dira testu idatzi horien itzulpenak eta egokitzapenak aintzakotzat hartuko, ezta maketazio- eta ilustrazio-lanak ere.

1.2.– Honako deialdi hau, landu, argitaratu eta zabaldu ostean, 2020-2021 ikasturtetik aurrera erabilgarri egongo diren ikasmaterialei zuzenduta dago.

1.3.– Ikasmateriala amaitu eta Hezkuntza Sailaren onespena eskatzeko azken eguna 2020ko ekainaren 1a izango da.

1.4.– Behin onespena eskuratu ondoren, ikasmateriala Hezkuntza Sailean aurkezteko azken eguna 2020ko irailaren 16a izango da.

1.5.– Diruz lagunduko diren ikasmaterialak merkaturatu egin beharko dira.

2.– Laguntza-eskatzaileak.

2.1.– Pertsona juridiko pribatuak eta lan talde baten ordezkari diren pertsona fisikoak izan daitezke laguntza-eskatzaile.

2.2.– Pertsona juridiko pribatuek, gehienez, zortzi eskabide egin ahal izango dituzte, eta lantalde baten ordezkari diren pertsona fisikoek, gehienez hiru eskabide.

2.3.– Lantaldeek, pertsona fisikoak ordezkatzen dituztenek zein pertsona juridiko pribatuek sortutakoek, honako baldintzak bete beharko dituzte:

1.– Lantalde bakoitzak bi kide izango ditu gutxienez, eta gehienez hamar.

2.– Lantaldearen kideetako batek, gutxienez, jardunean dagoen irakaslea izan beharko du.

Euskal Autonomía Erkidegoan diharduten irakasleen jarduera, kudeaketa-organoak egiaztatuko du, eskatzaileak eskabidean berariazko baimena ematen badu.

Baimena eman ezean edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko Hezkuntza-administrazio bati lotutako irakasleen kasuan, administrazio-ziurtagiria aurkeztuko beharko dute aipatutako baldintza ziurtatzeko.

3.– Lantalde bakoitzeko kideek arduradun bat izendatuko dute, beren artetik, Hezkuntza Sailarekin izan beharreko harremanetan solaskide gisa aritzeko. Nolanahi ere, lantalde bateko kideak pertsona juridiko pribatu batentzat ari direnean, delako pertsona juridiko pribatu horretako ordezkari bat izan daiteke lantaldearen arduradun.

4.– Lantaldea osatzen duten pertsonetatik inork ere ezin izango du deialdi honetara aurkeztutako ikasmaterialaren garapenean aurreikusitako denbora eta langintzaren ehuneko % 70 baino gehiago bereganatu.

3.– Proiektuaren dokumentazioa.

Atal Orokorreko 22. artikuluan zerrendatzen den dokumentazioaz gain, dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:

1.– Proiektuaren Txostena. Dirulaguntza eske aurkezten den iproeiktu bakoitzeko txosten bat bete beharko da; bertan proiektuaren gaineko datuak emango dira.

Dokumentu hori Euskadi.eus atariko Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2019/eima/y22-izapide/eu

2.– Sortu nahi den ikasmaterialaren beraren eredu edo lagin bat, ahalik eta era zehatzenean aurkeztua.

3.– Eskatzailea pertsona fisiko batek ordezkatutako lantaldea denean, ikasmateriala argitaratzeko eta merkaturatzeko idatzizko konpromisoa (ez dago eredurik). Edizioaz eta komertzializazioaz arduratuko den entitatearen ordezkari legalak sinatu beharko du agiria.

Laguntza-eskatzailea argitaletxe edo produkzio-etxe bat denean merkaturatze-konpromisoa inplizitutzat joko da eta ez du agiririk aurkeztu beharko.

4.– Ikasmaterialen ebaluazioa.

4.1.– Aurkeztutako proiektuak eta ikasmaterial-ereduak behar bezala aztertzeko, eta 4.2 puntuan adierazitako irizpideekin zer neurritan datozen bat balioesteko, ebaluazio-talde bat izendatuko du Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak. Talde hori Hezkuntza Sailaren Laguntza-zerbitzuetako alorrean alorreko adituek osatuko dute.

4.2.– Ebaluazio-taldeak, deialdiaren baldintzak zuzen betetzen dituzten eskabide guztiak aintzakotzat hartuz, horien balioespenari ekingo dio, zeregin horretan honako irizpideok eta balio hauek kontuan izanik:

1.– Irizpide nagusien balioespena (gehienez ere 20 puntu):

– Proiektuaren zehaztasuna (0tik 5 puntura).

– Helburua garbi adieraztea (0tik 5 puntura).

– Norainoko sortze-lana den (0tik 5 puntura).

– Lantaldearen balioespena (0tik 5 puntura).

2.– Curriculumaren araberako balioespena (gehienez ere 40 puntu):

– Indarrean dagoen curriculum-diseinurako egokia (0tik 5 puntura).

– Oinarrizko Konpetentziak garatzeko planteamendua (0tik 5 puntura).

– Helburuak (0tik 5 puntura).

– Edukiak (0tik 5 puntura).

– Ebaluazio-irizpideak eta -estrategiak (0tik 5 puntura).

– Metodologia (estrategiak, ikasleen inguruarekiko hurbiltasuna, taldekatzeak, denbora, espazioak...) (0tik 5 puntura).

– Aniztasunari erantzuteko proposamenak (0tik 5 puntura).

– Curriculumaren euskal dimentsioa garatzeko planteamendua (0tik 5 puntura).

3.– Laginaren balioespena (gehienez ere 40 puntu):

– Azalpenaren zehaztasuna (informazio zehatza) (0tik 5 puntura).

– Oinarrizko Konpetentzien garapena (gogoeta eta metakognizioa bultzatzeko, autonomia sustatzeko, ikasten ikasteko, informazioa bilatzeko jarduerak...) (0tik 10 puntura).

– Metodologia (estrategiak, ikasleen inguruarekin lotura duten arazo-egoerak, taldekatzeak, denbora, espazioak, hizkuntzen trataera integratu eta integrala...) (0tik 10 puntura).

– Edukiak (0tik 5 puntura).

– Ebaluazio tresnak (0tik 5 puntura).

– Hizkuntza-kalitatea eta egokitasuna (0tik 5 puntura).

4.3.– Puntu horiek denak behar bezala egiaztatu ahal izateko, ebaluazio-taldeak aurrez aurreko azalpen-bilera egin ahal izango du lantaldeen arduradunekin.

4.4.– Proiektuen balioespena egiteko, Ebaluazio-taldeak berariazko ebaluazio-fitxa beteko du.

4.5.– Prozeduran aurrera egin ahal izateko, proiektuek, gutxienez, hirurogei (60) puntu lortu beharko dituzte. Hori dela eta, gutxieneko puntuazio hori lortzen ez duten egitasmoek, ez dute dirulaguntzen banaketa-prozesuan parte hartuko eta, ondorioz, ez dute inongo dirulaguntzarik jasoko.

5.– Dirulaguntzaren kalkulua eta ebazpena.

5.1.– Ebazpen-batzordea arduratuko da ebaluazio-taldeak balioetsitako proiektuei eman beharreko laguntza zehatza kalkulatzeaz, 5.4. puntuan adierazitako lehentasun eta irizpideen arabera.

5.2.– Ebazpen-batzordearen partaideak honako hauek dira:

– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, Lucía Torrealday Berrueco, batzordeburu.

– Euskara Zerbitzuaren burua, Iñigo Barruso Lazkano.

– EIMA 4ko teknikaria, Rakel Olea Gonzalez, idazkari.

5.3.– Batzorde horrek banan-banan neurtuko ditu Ebaluazio-taldeak balioetsitako proiektuak eta ikasmaterial-ereduak, baita finkatuko ere eman beharreko dirulaguntzen zenbatekoa, eta, ondoren, hezkuntza sailburuordeari deialdiaren ebazpen-proposamena aurkeztuko dio.

5.4.– Dirulaguntzaren zenbatekoa, berriz, era honetan finkatuko da:

1.– Oinarri moduan, proiektu bakoitzari dagokionez, Hezkuntza Sailak begiz jotako kostua (BJK) hartuko da. Kostu hori finkatzeko honako datu hauek hartuko dira kontuan:

a) Lantaldeak begiz jotako testu-orrialde estandarren kopurua. Kopuru hori zehazte aldera, pertsona fisikoz osatutako lantaldeak edo entitateak honako erreferentzia hauek izango ditu gogoan: Times New Roman 12-ko 2.342 karaktere, tarte zuriak barne; DIN A4 formatua eta 1,5eko lerro-artea.

b) Berrogeita hamar euro, testu-orrialde estandar bakoitzeko.

2.– Aurreko puntuan lortutako oinarriari ebaluazio-taldeak 4.2 puntuaren argitan emandako puntuak (EP) aplikatuko zaizkio. Puntuazioak 60tik 100era arteko oszilazioa izango du. Puntuazio horren eragin-indarra 0,5ekoa izango da.

3.– Gero, sortuko den ikasmaterialaren lehentasuna eta izaera hartuko dira kontuan. Horiek, hurrenez hurren 0,25eko eragin-indarra dutelarik, honako bi adierazgarri hauekin definituko dira:

a) Lehentasuna (A1):

– Indarrean dauden curriculum-dekretuetan zehaztutako ikasgai eta arlo berriak garatzeko ikasmaterialak, ikasmaila edozein delarik = 1.

– Batxilergoko, Helduen Hezkuntzako eta Heziketa Zikloetako ikasmaterialak = 0,8.

– DBHko ikasmaterialak = 0,6.

– LMHko eta HHko ikasmaterialak = 0,4.

b) Ikasmaterial mota (A2):

– Oinarrizko ikasmateriala = 1.

– Ikasmaterial osagarria = 0,5.

4.– Horren ondorioz, proiektu bakoitzari legokiokeen dirulaguntza honela kalkulatuko da:

DL = (BJK) x [(EP/100) x 0,5 + (A1 x 0,25 + A2 x 0,25)]

5.– Eskabidea pertsona fisikoz osatutako lantalde batek sinatutakoa denean, pertsona bakoitzari dagokion kopurua zehaztuko da. Pertsona bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa lantaldeak berak eskabidean zehaztutako ehunekoen arabera finkatuko da.

6.– Gehienez ere, hamazortzi mila (18.000) euro emango zaizkio ikasmaterial bakoitzari.

7.– Baldin eta esleitutako zenbatekoen guztizkoa partida baino handiagoa bada, proportzionalki banatuko da, aipatutako dirulaguntza.

6.– Ikasmateriala aurkezteko prozedura eta dirulaguntzaren ordainketa.

6.1.– Ebazpena jakinarazi eta onuradunek esleitutako dirulaguntza onartu egiten dutela egiaztatu ostean, dirulaguntzaren lehen zatiaren ordainketa egingo da, hau da % 20 ordainduko da.

Gainerako % 80a, berriz, ikasmateriala argitaratu eta 6.3 puntuan ezarritako baldintza guztiak bete direla konprobatu ondoren ordainduko da.

6.2.– Esleitutako dirulaguntzaren bigarren zatia jaso ahal izateko, onuradunek proiektua amaitu eta 2020ko ekainaren 1era arteko epea izango dute ikasmateriala Hezkuntza Sailaren onespen eskatzeko.

Onespenaren inguruko prozedura Atal Orokorreko 9 artikuluan dago zehaztuta.

6.3.– Onespena lortu ondoren, onuradunek ikasmateriala merkaturatu beharko dute eta 2020ko irailaren 16ra arteko epea izango dute Hezkuntza Sailean aurkezteko, dokumentu hauekin batera:

1.– Ikasmaterialari buruzko azalpenak eta argibideak emanez lantaldeko kide guztiek sinatutako memoria (ez dago eredurik).

2.– Gastuen egiaztagiria izeneko dokumentua, behar den bezala beteta.

Lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa hartuko da kontuan.

3.– Ikasmateriala Euskarazko Ikasmaterialen Katalogoan (EIMA katalogoa) katalogatzeko eskaera-fitxa, behar bezala beteta.

4.– Euskarri fisikorik ez duten ikasmaterial digitalen kasuan, ikasmateriala ikusteko beharrezko URLa eta pasahitzak jasotzen dituen agiria (ez dago eredurik).

Lau dokumentu horiek Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2. eta 3. dokumentuak Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan aurki daitezke:

https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2019/eima/y22-izapide/eu

5.– Euskarri fisikoan sortutako ikasmaterialaren kasuan (digitalak ala inprimatuak), materialaren bi ale aurkeztu beharko dira aurrez aurre; Herritarrentzako zerbitzuan -Zuzenean- edo Hezkuntza Sailaren egoitzaren batean aurkeztuko dira, nahiz tokian tokiko Ordezkaritzetan, nahiz Gasteizko egoitza nagusian, bertako Euskara Zerbitzuaren EIMA 4 programan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan zehazten duen edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izango dira.

6.4.– Ikasmateriala bera eta dagozkion agiriak jaso eta Agindu honetan finkaturiko baldintzak bete direla baieztatuko da ondoren. Diruz lagundutako proiektuak eta aurkeztutako ikasmaterialak bat etorri beharko dute, ezaugarriei, edukiei eta egileei dagokienez.

6.5.– Aurreko puntuko baldintzak bete direla egiaztatu ostean, esleitutako dirulaguntzaren bigarren zatia ordainduko da, % 80.

6.6.– Aginduan xedatutako baldintzak ez betetzeak kobratzeke dagoen kopurua jasotzeko eskubidearen galera ekarriko du; baita aurretik jasotako diru-kopurua itzuli beharra ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak onartzen duen bezala, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak zehaztutako prozeduraren arabera dagozkion atzerapen-interesak gehituko dira.

6.7.– Diruz lagundutako proiektuan aldaketaren bat egitea ezinbestekotzat jotzen bada edota 6.2 eta 6.3 puntuetan zehaztutako epeen luzapena eskatzea beharrezkotzat jotzen bada, aldaketa egin aurretik edo epea amaitu aurretik, laguntza-eskatzaileak idatziz eta modu arrazoituan jakinarazi beharko dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

Zuzendaritza horrek, hartarako duen Jarraipen-batzordearen bitartez, eskaera aztertu eta dagokion erantzuna emango du. Hilabeteko epean erantzunik ez balego, erantzuna baiezkotzat hartuko da.

6.8.– Ikasmaterialaren egileak irakasleak direnean, sorkuntzan parte hartu dutela egiaztatuko die Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, baldin eta interesatuek idatziz hala eskatzen badute eta sortutako ikasmaterialak onespena jasoa badu.

Sortutako ikasmaterial bakoitzeko, unean uneko ordu-balioztapena emango zaio lantaldean aritutako irakasle bakoitzari; betiere ordu horiek merezimendu gisa aitortuko dira.


Azterketa dokumentala