Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

151. zk., 2019ko abuztuaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3851

AGINDUA, 2019ko uztailaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez laguntzak iragartzen baitira hezkuntza-premia bereziko ikasleak eskolatzen dituzten eta 2019-2020 ikasturterako Hezkuntza Laguntzako Espezialistak kontratatu behar dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako.

236/2015 Dekretuak Oinarrizko Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako curriculumak zehazten ditu, eta 237/2015 Dekretuak, aldiz, curriculum horiek Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen. Dekretu horiek adierazten dutenez, honako hau da eskola inklusiboa: haur eta gazte guztiek hezkuntzarako sarbidea dutela bermatzen duena, baina ez edozein hezkuntzatara, baizik eta kalitatezko hezkuntzara aukera berdintasunean, justua eta guztientzat ekitatiboa den horretara. Eskola inklusiboak ikasle guztiei eskaini behar dizkie aukerak eta laguntzak garapen akademikorako eta pertsonalerako, hezkuntzaren helburuak lortzeko. Pertsonei egokitutako testuinguru bat sortu behar da, desberdintasunei erantzuten diena eta talderik edo pertsonarik ahulenei babes eta laguntza zehatzak emango dizkiena.

Bestalde, ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuak (hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna antolatzen duena) 11. artikuluan ezartzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailak, gaur egun Hezkuntza Saila, garatuko dituela behar diren xedapen administratiboak baliabide espezifikoen hornidura zehazteko itunpeko ikastetxe pribatuetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei arreta eman diezaieten.

Horiek horrela, xedapen hauekin bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua, zeinaren bidez arautzen baitira EAEko herri-administrazioaren dirulaguntzak; eta, 2018ko Aurrekontu Orokorrak onetsi zituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak baimendutako kredituen arabera, nahikoa aurrekontu-zuzkidura badagoenez; eta bat etorriz aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta zuzkidura.

1.– Agindu honen xedea da itunpeko ikastetxe pribatuei laguntzak ematea, baldin eta hezkuntza-premia bereziak (aurrerantzean HPB) dituzten ikasleak eskolatzen badituzte eta Hezkuntza Laguntzako Espezialistak (aurrerantzean, HLE) kontratatu behar badituzte 2019-2020 ikasturterako. Agindu honetan araututako laguntzen finantzaziorako 14.382.521,90 euro bideratuko dira. Honela banatuko da zenbateko hori: 2019rako 5.077.030,23 euro, eta 2020rako 9.305.491,67 euro.

2.– Halere, artikulu honetan zehaztutako kopurua handitu ahal izango da, deialdia ebatzi baino lehen, Hezkuntza Saileko beste programa batzuk gauzatu ondoren lortzen diren agortu gabeko aurrekontu-baliabideen arabera, indarrean dagoen legedian xedatutako kreditu-loturaren araudiari nahiz aurrekontuak aldatzeko araudiari jarraikiz. Halako egoera bat suertatuz gero, Hezkuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da horren berri.

3.– Aurrekontu-funtsak agortuko balira, horiek eskatutako baldintza guztiak betetzen dituzten eskaera guztien artean banatuko dira, eskaera guztiei erantzuteko behar den guztizko zenbatekoa kontuan izanda bakoitzarentzat hasieran kalkulatutako kopuruen proportzio berdinean.

2. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetako laguntzen esleipen honetara aurkeztu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuak, baldin eta 2019-2020 ikasturtean HPBak dituzten ikasleak eskolatzen badituzte eta HLE kontratatu behar badute ikasle horien autonomia eta curriculumerako sarbidea sustatzeko.

3. artikulua.– Betekizunak eta haien egiaztapena.

1.– Prozeduran parte hartzeko, eskabidea behar bezala eta epean aurkeztu beharko dute ikastetxeek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, deialdi honen 6. artikuluan xedatuarekin bat eta urriaren 1eko 39/2015 Legeko (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 14. artikuluko 2. zenbakiarekin bat.

2.– Gainera, ezingo dute eskatu eta ezin izango dira erakunde onuradun izan honako egoeraren batean dauden erakundeak:

– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboren bat duten zentroak, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta daudenak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.

Hori dela eta, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute erakundeek, erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez daudela justifikatzeko; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko.

3.– Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko –eta, hala badagokio, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

4.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko laguntzak eskatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, hala ezarrita baitago Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, dirulaguntzei buruko erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

5.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako egoeraren batean.

– Bete dituela Hezkuntza Saileko hezkuntza-premia berezien aplikazioan eskatzen diren datuak.

4. artikulua.– HLE pertsonala: titulazioa eta funtzioak.

1.– Sare publikoan pertsonal hori kontratatzeko eskatzen den eran, 2019-2020 HLE berriek titulazio hauetako edozein edo baliokidea izan beharko dute:

– Goi-mailako teknikaria Gizarteratzean.

– Goi-mailako teknikaria Haur Hezkuntzan.

2.– Kontratatutako pertsonalak ez du epai irmo bidezko zigorrik izan behar sexu-askatasunaren eta ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik. Ondorio horietarako, ikastetxeak kontratatzen duen pertsonalari baimena eskatuko dio Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan aipatzen den ziurtagiria langilearen izenean lortzeko behar diren datu-baseak kontsultatzeko.

3.– HLE pertsonalak HPBak dituzten ikasleen autonomia eta curriculumerako sarbidearekin erlazionatutako eginkizunak egingo ditu, hezkuntza-izaerako (ez irakaskuntzakoa) gaitasun profesionalaren ekarpena eginez, eta erreferentziako Berritzeguneko HPB aholkularitzekin lankidetzan, horiek zehaztuko baitituzte HLE bakoitzak egin beharreko funtzio eta eginkizunei buruzko orientazio egokiak dagozkion ikasleekiko jarduketa-planaren esparruan. Agindu honen arabera laguntza jaso dezaketen HPBak curriculumerako sarbiderako eta ondorengoekin erlazionatutako gaitasun egokitzaileetarako dira:

a) Zainketa pertsonala.

b) Jokaera eta komunikazioa.

c) Trebetasun motorrak.

d) Autogidatzea.

e) Komunitatearen erabilera.

f) Osasuna eta segurtasuna.

4.– HLE pertsonalaren funtzioak (kontuan izanda oinarrizko asteko lanaldia edo ereduzko ordu-modulua asteko 26 orduren parekoa dela), eskola-aldian egingo direnak, honako hauek izango dira:

– Autonomia eta irisgarritasunarekin erlazionatutako jarduketa-planak egin, aplikatu eta horien jarraipena egitea irakasleekin edo tutorearekin, hala behar duten HPBdun ikasleentzat.

– Gaitasun egokitzaileen garapen-programak egiten, aplikatzen eta horien jarraipenean parte hartzea, hala behar duten HPBak dituzten ikasleentzat.

– Era aktiboan parte hartzea ikastetxeko gainerako pertsonalarekin HPBak dituzten ikasleen arreta eta zaintzan jolas-orduetan eta atsedenaldietan, gainerako ikasleekin erlazio egokia izan dezatela erraztuz.

– Laguntza eta aholkularitzarako profesionalekin (fisioterapeutak, irakasle espezializatuak, HPBen aholkularitzak, etab.) parte hartzea beren presentzia eskatzen duten HPBdun ikasleak dauden jarduketetan.

– Laguntza osagarriko profesionalekin (fisioterapeuta, irakasle espezializatuak, terapeuta okupazionala...) lankidetzan jardutea HPBak dituzten ikasleek curriculumera sartzeko behar dituzten altzariak, materialak eta laguntza teknikoak egokitu eta erabiltzen.

– Hala behar duten HPBdun ikasleei laguntzea eskola-jarduera garatu ahal izateko beharrezkoak diren lekualdatzeetan.

– Laguntzea edo istripuak prebenitzeko eta lehen laguntzako teknikak aplikatzea, ezarritako jarduketa-protokoloak eta -jarraibideak jarraituta.

– Bere eskumenekoak diren alderdiei buruzko txosten teknikoak egitea.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Laguntzen zenbatekoak inolako kasutan ez du gaindituko soldata osoa gehi Gizarte Segurantza (eta estrei eta oporrei dagokien proportzioa) kontratatutako HLE bakoitzeko, Gizarte Segurantza barne, oinarri gisa kostu garbi hau hartuta: 2019rako, 32.376,66 euro urteko, eta 2020rako, 32.376,66 euro urteko, astean 35 orduz lan eginez. Zifra horietan oinarrituta kalkulatzen da HLE batek egindako lan-ordu bakoitzeko kostu garbia, Gizarte Segurantza barne, urteko egiazko lanaldia kontuan hartuta, eta kostu hori 23,29 eurokoa izango litzateke.

2.– Laguntzen kopuruen kalkuluak 2019-2020 ikasturteari dagokion aldiaren arabera egingo dira, 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra arte, eta asteko dedikazio-modulu hauen arabera:

26 ordu asteko: 24.051,23 euro.

21 ordu asteko: 19.426,00 euro.

15,5 ordu asteko: 14.338,24 euro.

10,5 ordu asteko: 9.713,00 euro.

Asteko 20 orduko edo gehiagoko lanaldietarako, astean ordu bateko dedikazioa ezarri da 4.4 artikuluan jasotako funtzioetarako, eta asteko ordu erdikoa, berriz, asteko dedikazioa 20 ordutik beherakoa den kasuetarako.

3.– Salbuespenez, ikastetxe interesdunak hala eskatuta, aurreko puntuan ezarritako ordutegi-moduluez bestelako modulu bat eman ahal izango da, eranskinean dagokion atalean adierazita eta asteko dedikazio-modulu hauen arabera:

35 ordu/aste: 32.376,66 euro.

30 ordu/aste: 27.751,42 euro.

Horretarako, beharrezkoa izango da Berritzeguneen HPBetarako aholkularitzek egindako txostenekin abalatzea eta ikasleak honelakoak izatea: mugitzeko desgaitasunari lotutako hezkuntza-premia berezietako ikasleak, elikadurari lotutako eginkizunetarako laguntza behar dutenak, eta portaeraren nahaste larriari lotutako hezkuntza-premia berezietako ikasleak, autolesioak edo erasoak saihesteko ikuskatze handia eskatzen dutenak. Balorazio-batzordeak aztertuko ditu eskabide horiek.

4.– Hauek izango dira HLE pertsonalaren hornidura-beharrak ezartzeko irizpideak:

– Oro har, ikasgela arruntean, HLE batek HPBak dituzten bi ikasleri emango die arreta, laguntza orokortua behar dutenean; hiru ikasleri emango die arreta laguntza zabala behar badute; eta lau ikasleri emango die arreta laguntza mugatua behar dutenean.

– Oro har, ikasgela egonkorrean, hornidura normalizatua HLE batekoa izango da.

– Aldizkako laguntzek edo unean-unekoek ez dute justifikatuko HLE pertsonalaren horniduraren beharra.

Salbuespenez, ikastetxeek beren eskaeran aurreko puntuetan adierazitakoak baino pertsonal-behar handiagoak jarri ahal izango dituzte, eta era egokian justifikatu beharko dute egoera horien testuinguruen araberako azterlan batekin, Balorazio Batzordeak azter ditzan.

6. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu berarekin emandako beste edozein laguntzarekin. Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin da izan, ezein kasutan, bera bakarrik edo beste batzuekin batera, 2019-2020 ikasturtean, hezkuntza-laguntzako espezialisten kontratazioaren guztizko kostua baino handiagoa izan.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Eskabide-eredua euskadi.eus webguneko egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/eae/web01-tramite/eu

2.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta gainerako dokumentuak. Prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

Eskaeraren osteko izapide guztiak helbide honetan egingo dira:

https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

3.– Eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

– Inprimakia eskatutako moduluekin eta HLEren aparteko baliabidea behar duten eta HPBak dituzten ikasleen zerrenda eta, jarduketa-planaren proposamenaren arabera, zein gaitasun egokitzailetarako behar den. Inprimaki hau Hezkuntza Sailaren aplikazio informatikoan bete beharko da (https://www.hezkuntza.net/appcont/control_acceso/index_c.html).

– Lanpostu horiek betetzeko kontrata daitezkeen pertsonen zerrenda eta dituzten titulazioak.

4.– Behin eskabidea jaso eta gero, forma-akatsak edo ez-egiteak antzematen badira, interesatuari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo falta diren dokumentuak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, horrela egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, berariazko ebazpena eman eta gero.

8. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusten dirulaguntzak emateko prozedura.

9. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Deialdi honetako 5. artikuluko 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako salbuespenetan sartu nahi diren eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, honako hauek osatuko dutena:

– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Hezkuntza Berezirako Zerbitzuaren arduraduna: batzordeburu jardungo du.

– Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritza bakoitzeko Hezkuntza Bereziko teknikari bat.

– Berrikuntzako Zuzendaritzako Hezkuntza Bereziko Zerbitzuko teknikari bat, idazkaria izango da.

10. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebazpen-proposamena.

1.– Eskabideak Hezkuntza Bereziko lurraldeko teknikariek aztertuko dituzte. Horretarako, behar diren txostenak eskatuko dizkie Berritzeguneak laguntza-zerbitzuetako hezkuntza-premia berezien aholkularitzei ikastetxe bakoitzak aurkeztutako HLE pertsonalaren hornidura-eskaerari buruz; hor, kontuan izango dira ikastetxeak dituen gainerako baliabideak eta HPBak dituzten ikasleak HLEek laguntzeko beharraren balorazioa («Autonomia eta curriculumerako sarbidearen garapenerako laguntza behar den zehazteko protokoloa» aplikatzean lortzen diren emaitzen eta eskatzen den laguntzaren intentsitate-mailaren arabera –mugatua, zabala edo orokortua–).

2.– Azterketaren ondoren, zerbitzu nagusiei lurralde bakoitzeko proposamenak bidaliko zaizkie, Hezkuntza Berriztatzeko lurralde-arduradun bakoitzaren oniritziarekin.

3.– Zerbitzu zentralek berrikusiko dituzte lurraldeko proposamenak, eta balorazio-batzordeak, bere egitekoen eremuan, egindako ebaluazioa, eta, ez badago aurrekontu nahikoa, deialdi honen 1.3 artikulua aplikatzearen ondoriozko banaketa proportzionala egitea erabakiko du.

4.– Ondoren, ebazpen-proposamena egingo du, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko. Proposamen horrek, batetik, diru-laguntza emango zaien ikastetxeen zerrenda, aplikatu beharreko asteko orduen modulua eta emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa izango ditu. Bestetik, dirulaguntza ukatu zaien ikastetxeen zerrenda izango du, eta arrazoia adieraziko da.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebatziko du deialdi hau, sei hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita.

2.– Ebazpena modu elektronikoan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da denek jakin dezaten.

3.– Epe horretan ebazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi direla ulertu beharko da, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25 artikuluan.

4.– Ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena elektronikoki jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

12. artikulua.– Laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1.– Laguntza hiru epetan ordainduko da: lehenengoa 2019 ekitaldiaren kargura ordainduko da eta bigarrena eta hirugarrena, 2020 ekitaldiaren kargura.

2.– Lehen ordainketa zenbateko guztiaren % 35,30 izango da, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren, ez badago berariazko uko-egiterik ebazpena jakinarazi eta bost eguneko epean.

3.– Hurrengo bi ordainketetan gainerako zenbatekoaren % 64,70a erdi bana ordainduko da. Laguntzaren bigarren ordainketa egiteko, ikastetxeak dokumentazio hau aurkeztu behar du:

– HLE bakoitzarekin egindako lan-kontratua.

– Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan aipatzen den ziurtagiria lortzeko beharrezkoak diren datu-baseak kontsultatu direla egiaztatzen duen dokumentazioa, eta kontratatutako pertsonalak ez duela epai irmo bidezko zigorrik jaso sexu-askatasunaren aurkako eta ukigabetasunaren delituren batengatik.

Hirugarren eta azken ordainketa egiteko, 2019-2020 ikasturtea amaitutakoan eta 2020ko irailaren 30a baino lehen, dirulaguntzaren ikastetxe onuradunak jasotako laguntzari emandako erabilerari buruzko justifikazio-dokumentazioa aurkeztuko du, ikastetxeak kontratatutako HLE pertsonalaren nominen eta Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinen bidez, TC1 eta TC2rekin.

4.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, webgune honetan:

http://www.euskadi.net/nirekudeaketak

13. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):

– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu eta erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten badio ebazpena elektronikoki jaso eta bost eguneko epean.

– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabiltzea.

– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzen dioten informazioa ematea, instituzio horiek, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta, beren funtzioak betez informazio hori eskatzen dutenean.

– Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

– Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko eskatutako eta kontuan izandako baldintzetako baten bati eragiten dion edozein inguruabar aldatu dela, esaterako, HLEren baliabideen hartzaileak diren eta HPBak dituzten ikasleen lekualdatzea edo baja.

14. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak jarraipen- eta kontrol-sistemak ezarri ahal izango ditu, edo/eta behar beste datu eskatu ahal izango ditu onartutako jarduera bakoitzean aurreikusitako helburua eta emaitzak bermatzeko, alde batera utzi gabe Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak baliabide horien funtzionamenduaren inguruan duen kontrola.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik eginez gero, jakinarazi egin beharko da eta, ondorioz, gerta daiteke dirulaguntzak eman dituen ebazpena aldatzea, betiere onuraduna izateko dirulaguntza-arauan ezarritako gutxieneko baldintzak errespetatuta.

2.– Proiektuari egoztekoak diren justifikatutako gastuak ez badira emandako dirulaguntzaren zenbatekora iristen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak deskontatuta, laguntza hori murrizteko ebazpena emango da eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Dirulaguntzen erakunde onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat denean.

– Dirulaguntza erabiltzen ez denean eskatu eta eman zen helburu zehatzerako.

– Dirulaguntza eragin zuen jarduera burutzen ez denean.

– Justifikatzen ez denean dirulaguntza erabili dela eman zen helburu zehatzetarako.

– Oro har, betetzen ez badira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Nolanahi ere, hori ez da eragozpena izango bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratzeko. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

17. artikulua.– Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Hezkuntza Berezia» izeneko fitxategi batean sartuko dira, dirulaguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren ardura Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak du. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 legeak aplikatuko dira prozedurako gaietan agindu honetan aurreikusten ez den guztirako.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen duenez, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Bestela, auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Sailean, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 30a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala