Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

151. zk., 2019ko abuztuaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3847

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 23koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Berangoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa SUC-Kurtze eremurako.

EGITATEAK

Berangoko Udalak, 2019ko otsailaren 12an, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskaera bete zuen Berangoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala gauzatzeko SUC-Kurtze eremuan (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak definitu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa betetzeko, 2019ko apirilaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki ikusten zituzten oharrak egiteko, ohar horiek oinarritzat hartuta, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako organismo hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketaren Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendariordetza; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ekologistak Martxan Bizkaia elkartea eta Eguzkizaleak elkartea.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzaren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan txertatu da haien emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Suposizio hauen barruan dago Berangoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntuala, SUC-Kurtze eremuan.

Aztertuta geratu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren dokumentazio teknikoa eta espedienteko txostenak, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Berangoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, SUC-Kurtze eremuan, termino hauen arabera:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Kurtze gunean finkatutako hiri-lurzoruaren barruan, hiru lurzoru isolatu xehe-xehe antolatzea da planaren xedea; hain zuzen, jarduketa isolatua aurreikusten du Berangoko HAPOk eraikitzeko araubide gisa, baina ez du ezartzen antolamendu xehatuaren baldintzak.

Bizitegitarako eraikinak egitea da planaren aurreikuspena, hiru lursailetan banatuta. Zehazki, familia bakarreko etxebizitza bat eta, atxikitako 5 eta 7 etxebizitzako bi multzo eraikitzea aurreikusten da, beheko solairua gehi beste solairuko altuera edukiko dutena, eta etxebizitza kolektibo babestuko eraikin bat eta etxebizitza tasatua, beheko solairua gehi beste bi solairuko altuerarekin. Guztira, 43 aparkaleku aurreikusten dira sotoan. Ez da aurreikusten ibilgailuentzako edo oinezkoentzako biderik, salbu eraikin berrien aparkalekuetako sarbideak eta oinezkoen bideak. Gune libreen diseinua eta 27 zuhaitz landatzea ere aurreikusten du, etxebizitza berri bakoitzeko, baita zerbitzuen hargune-hodiak ere.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak.

Planak ez du aldatzen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egitura-antolamendua, eta hiru lurzoru libretan antolamendu xehatua garatzea du helburu bakartzat, Kurtzeko hiri-lurzoru finkatuaren eremuan. Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, etorkizunean baimentzeko proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak. Planak ez die eragingo bestelako plan edo programei.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Otxandategiko 6. EUaren ondoko hiru lursail dira planaren eremua; mendebaldean eta hegoaldean, Gorrondatxe bideak mugatzen ditu eta, gutxi gorabehera, 8.341,86 m2-ko azalera hartzen du.

Galea_Barrikako 0058-LIG 090 Paleorasa izeneko interes geologikoko eremuan dago sektorea, zeina Galea puntatik (Getxo) Barrikaraino doan 7,2 km eta 1 km-ko zabalera duen zerrenda bateko eremuan. Kontuan hartuta obren izaera eta ukitutako eremua, ez da espero gaineko eraginik, formazio hura ikusita.

Inguruetan, belardi eta labore atlantikoak eta landaredia erruderal-nitrofiloa dago. Halaber, eremuaren iparreko eta hegoaldeko sektoreetan lehentasunik gabeko EBren intereseko 6510 habitataren azalera txiki batzuk egon daitezke: altitude baxuko sega-belardi pobreak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis). Eremuan, ez dago ingurumeneko ezaugarri edo -arrisku aipagarririk (naturagune babestuak, korridore ekologikoak, ur-ibilguak, uholde-arriskua, lurzoru kutsatuak, etab.); baina, lurpeko urak kutsatzeko kalteberatasun handia du.

Obrak egiteak berak ekar ditzakeen ondorioak izango dira aurreikus daitezkeen efektuak (sasi-garbiketak, lur-mugimenduak, hondakinak sortzea, isurtze atmosferikoak eta akustikoak, etab.). Inpaktu akustikoari dagokionez, inpaktu akustikoaren azterketak ondorioztatzen du kalitate akustikoko helburuak beteko direla Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako bizitegi-erabilerako guneetarako.

Planean ezarritako antolamendu xehatuak ez du eragingo garapen berritara bideratutako azalera handitzea, ezta izan ditzakeen efektuak areagotzea ere. Beraz, ez da aurreikusten Planak ondorio esanguratsuak izan ditzakeenik ingurumenean, baldin eta jarduketak ingurumen-dokumentuan eta hurrengo apartatuan ezartzen diren neurri babesleei eta zuzentzaileei jarraikiz eta, besteak beste, honako arlo hauetan indarrean dagoen araudiari jarraikiz gauzatzen badira: segurtasuna eta osasuna, ingurumena, natura-ondarea, kultura-ondarea, paisaia, kutsadura akustikoa eta ura.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoaren arabera.

Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Kontuan hartuko dira eranskinean jasotako neurri babesle eta zuzentzaileak Planaren ondoriozko proiektuko obrak gauzatzeko; ingurumen dokumentu estrategikoan sartu dira horietako batzuk.

Bigarrena.– Ebazpen honetan aurreikusitako moduan eta bertan ezarritako baldintzekin bat, hauxe zehaztea: ez da aurreikusten kontrako eragin garrantzitsurik izatea ingurumenean Berangoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualak SUC-Kurtze eremuan eta, beraz, ez du egin behar ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Berangoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Berangoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntuala SUC-Kurtze eremuan onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 23a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

ERANSKINA

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta Eraispen-hondakinen Kudeaketa arautzen duen uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Inola ere ez dira erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, etab., landareztatze- eta lorategi-lanetan. Espezie horiek lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren Gidaliburuan» jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.


Azterketa dokumentala