Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2019ko abuztuaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3810

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 20koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako «AY.17 Bera-Bera» eremuko g.00.1 lurzatiko xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

EGITATEAK

2019ko martxoaren 8an, Donostiako Udalak «AY.17 Bera-Bera» eremuko g.00.1 lurzatiaren xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskaera egin zuen. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2018ko irailaren 3an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki ikusten zituen oharrak egiteko, ohar haiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Gipuzkoako Zuzendariordetzari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari, Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzkizaleak elkarteari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren, Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren –hiruak Eusko Jaurlaritzakoak– txostena jaso da (espedientean dago horren emaitza).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Donostiako «AY.17 Bera-Bera» eremuko g.00.1 lurzatiaren xehetasun-azterketa kasu horien artean dago.

Aztertuta geratu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerakoak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako «AY.17 Bera-Bera» eremuko g.00.1 lurzatiaren xehetasun-azterketari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea, baldintza hauen pean:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Indarrean dagoen HAPOak xehetasun-azterketaren eremu osoa hiri-lurzoru gisa sailkatzen du; g.00.1 lurzatia ekipamendu komunitario gisa kalifikatzen du; eta hotel-eraikin bat kokatzea baimentzen du (3.800 m2 (t)-koa), egungo kirol-ekipamenduaren (entrenamenduetarako hockey- eta errugbi-zelaia) erabileraren erabilera osagarri nagusi gisa.

Xehetasun-azterketak (aurrerantzean, planak) aipatu lurzatiko antolamendu xehatuaren zehaztapenak egokitzea du helburu, hotel bat eraiki ahal izateko. Horretarako, lerrokadurak eta sestrak seinalatuko dira, bolumenak antolatu, eta eraikinaren eta urbanizazioaren alderdi eta ezaugarri estetiko eta konpositiboak arautu. Halaber, doikuntza txikiak egingo dira antolamendu xehatuaren mugapenean, eremuko orografiara egokitzeko.

Hotel-eraikin bat eraikitzea aurreikusi da, «L» formako bolumen bakarrekoa, eta gehienez 10,5 metroko altuera izango duena. Aipatu eraikinak bi solairu izango ditu erreferentziako sestraren gainetik, eta beste bi azpitik. Sestrapeko solairuetatik bat, erdi-sotoa izango da, eremuko malda dela kausa. Lurrazaleko aparkaleku bat eraikiko da, aipatu eraikinaren osagarri. Multzoa egiteko, egungo entrenamendu-zelaiaren lurzatia ipar-ekialdera mugitu beharko da.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duenetz zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak.

Planak ez du aldatuko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotako egiturazko antolamendua, eta g.00.1 lurzatiaren antolamendu xehatua garatzea du helburu. Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko. Planak ez du eraginik izango beste plan edo programa batzuetan.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

«AY.17 Bera-Bera» eremuko g.00.1 lurzatia (19.500 m2 ditu) hiri-eremu batean dago, Aiete auzoan, eta Atlético San Sebastián klubaren instalazioak hartzen ditu. Lugaritz eta Berabera herri barruko bideek inguratzen dute eremua, eta sektorearen lurpetik doa Euskotrenbideak-en trenbidea. Errugbi-zelaiak hartzen du, gaur-gaurkoz, lurzatiaren erdigunea. Hegoaldean, leheneratzen ari den hostozabalen baso misto bat dago; iparraldean, errugbi-zelaia harantz mugituko da, zuhaixkak eta landaredia erruderal-nitrofiloa dago. Gainerakoan, eremuan ez dago ingurumen-balio edo -arrisku aipagarriko elementurik.

Egin nahi diren jarduketen eta eragindako eremuaren ezaugarriak ikusita, inpaktu aipagarrienak hotela eta aparkalekua eraikitzeko gutxienez 1.700 m2-ko zuhaitz-masa kentzeari lotuak izango direla uste da.

Inpaktu akustikoari dagokionez, zarata- eta bibrazio-foku nagusiak eremua inguratzen duten errepideak eta lurpeko trenbidea dira. Inpaktu akustikoaren azterlanaren arabera (2018ko apirilekoa), egunez, kalitate akustikoko helburuak gainditu egiten dira kanpoaldean, EAEko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan d) motako erabilera tertziarioa (aisialdi- eta ikuskizun-erabilerez bestelakoa) nagusi den guneentzat ezarritakoari jarraikiz. Halaber, ondorioztatzen du eraikinaren fatxadetan ez direla aipatu helburuak gaindituko, ezta bibrazioen gaineko kalitate-helburuak ere. Kanpoaldean kalitate akustikoko neurriak betetzera bideratutako neurri zuzentzaileetako bat izan daiteke Lugaritz eta Berabera herri-bideetan abiadura 30 km/h-ra mugatzea, konkorrak eta seinaleak jarrita.

Bestalde, obrak egiteak berak eraginak izango ditu (lur-mugimenduak, hondakinak sortzea, kutsadura atmosferikoa eta akustikoa, etab.).

Planean jasotako antolamendu xehatuak ez du ekarriko garapen berrietara azalera gehiago bideratzea, ezta balizko efektuak areagotzea ere. Horrenbestez, ez da uste planak eragin aipagarririk izango duenik ingurumenean, baldin eta jarduketak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatzen badira, esaterako, segurtasunaren eta osasunaren arloan, ingurumenean, natura- eta kultura-ondarean, kutsadura akustikoan eta uren arloan, eta ingurumen-txostenean eta jarraian datorren apartatuan zehazten diren babes- eta zuzenketa-neurriak beteta.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.

Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus eranskina, Planaren ondoriozko proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk jasota daude hor).

Zaratari dagokionez, kasuan kasuko kalitate akustikoaren helburuetara iristeko proposatutako neurri zuzentzaileak hartu beharko dira, hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 36. artikuluan zehaztutakoa alde batera utzi gabe.

Bigarrena.– Zehaztea, Ebazpen honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Donostiako «AY.17 Bera-Bera» lurzatiko g.00.1 sailari buruzko xehetasun-azterketak kontrako eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraziko zaio.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, AY.17 «Bera-Bera» eremuko g.00.1 lurzatiari buruzko xehetasun-azterketa onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 20a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

ERANSKINA

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Inola ere ez dira erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, etab., landareztatze- eta lorategi-lanetan. Espezie horiek lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida agirian jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.


Azterketa dokumentala