Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2019ko abuztuaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
3805

124/2019 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, SPRI - Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundeari baimena ematen diona Parque Tecnológico - Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital gehikuntzan parte hartzeko, eta Parque Tecnológico - Teknologi Elkartegia SA sozietatearen estatutuak aldatzeko dena.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2019ko maiatzaren 22ko bileran erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea baimena eman ziezaiola, EAEko aurrekontuak onartzeko 5/2017 Legearen 5.c) apartatuari jarraikiz, agentzia horrek berak parte har zezan Parque Tecnológico – Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Guztira, 6.926.600 euro harpidetuko dira, eta hori % 69,27ko partaidetza izango da. Eragiketa horren ostean, % 67,55ekoa izango da SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren parte-hartzea.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuan, non eta ez diren doan eskuratzen, nahitaez adieraziko da sozietatearen xedea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Parque Tecnológico – Teknologi Elkartegia SA sozietatearen helburuak honako hauek dira: industria-ekimena eta inbertsioa piztea eta sustatzea, industria-pabiloien multzo bat eraikiz eta azpiegiturak instalatuz eta higiezinen ekipamendua hornituz. Pabiloien ustiapena kudeatuko du, errentamenduz, jabetza transferituz edo beste molde batzuez ere; adibidez, prekarioan emanez. Lokalak eta zerbitzuak sustatu eta merkaturatuko ditu, eta bertan finkatu nahi duten enpresak gonbidatu eta hautatuko ditu: enpresa horiek teknologia aurreratuko jarduerak egingo dituzte, batez ere produktuei, prozesuei eta zerbitzuei aplikatutako elektronikaren eta informatikaren (hardware eta software) alorretan. Horrelako instalazioetan behar diren zerbitzuen kudeaketa iraunkorra eta ustiapena beteko ditu: testu-prozesua, telexa, ordenagailuz marraztea, datu-baseekiko konexioa, ordenagailuaren alokairua, bulegoetako makineria, batzar-aretoak, eta telefono bidezko arreta pertsonalizatua.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 30ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari Parque Tecnológico – Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-gehikuntza harpidetzeko, 6.926.600 euroko guztizko zenbatekoarekin, hau da, gehikuntza horren % 69,27. Eragiketa horren ostean, % 67,55koa izango da SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren parte-hartzea.

2. artikulua.– Baimena ematen zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titularitatekoak diren akzioen ordezkariei kapital-gehikuntzaren ondorioz Parque Tecnológico – Teknologi Elkartegia SA sozietatearen estatutuen 2. artikuluaren aldaketa onartzeko, eta honela idatzita geratzen:

«Ehun eta hamazazpi milioi, zortziehun eta hirurogeita hamazazpi mila eta zortziehun euro (117.877.800) ezartzen da kapital soziala, milioi bat, ehun eta hirurogeita hamazortzi mila eta zazpiehun eta hirurogeita hamazortzi (1.178.778) akziotan zatituta; akzio bakoitzak ehun euro (100,00) balio nominala du, eta akzioak zenbakituta egongo dira, 1etik 1.178.778ra, biak barne, eta erabat harpidetuta eta ordainduta».

AZKEN XEDAPENA

Onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko uztailaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala